1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
129E/2026 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzen baita Murietako herrigune tradizionaleko AO.1 esparru-eremua.
Murietako Udalak bere herrigune tradizionaleko AO.1 esparru-eremua lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratu dadin eskatu du, kontuan harturik Etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan jasotakoa.
Horretarako, Murietako Udalak hirigintza-plangintza egokia dauka, eraikinen antzinatasunari buruzko irizpidea betetzen dela justifikatu du eta birgaitze-laguntzak arautzen dituen ordenantza bat dauka onetsirik, hori guztia aipatutako 61/2013 Foru Dekretuan ezarrita dagoen moduan.
Nafarroako Gobernuak ere, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren bidez, herri eta eremu horietako etxebizitzak birgaitzea sustatzeko asmoa du, eta tresna egokitzat jotzen du lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea.
Hori horrela, eta Lizarraldeko Birgaitze Bulegoaren txostena ikusirik, aldekoa baita, betetzat jotzen dira irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 54. artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta, hortaz, bidezko da herrigune tradizionaleko AO.1 esparru-eremua lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea. Foru dekretu horrek Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Murietako herrigune tradizionaleko AO.1 esparru-eremua lehentasunez birgaitu beharreko area deklaratzea, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan ezarritako ondorioetarako.
2. Murietako Udalak bere aurrekontuetan zenbateko bat ezarri beharko du birgaitzeko laguntzetarako; zenbateko hori ez da izanen lehentasunez birgaitu beharreko arean –biztanleko eta urteko– aplikatzekoa den modulu haztatuaren %1 baino txikiagoa.
3. Foru agindu hau Murietako Udalari eta Etxebizitza Zerbitzuari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; bestetik, aditzera ematen da haren kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2026ko ekainaren 23an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2609129