Iragarkia
128. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 2a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Udaltzaingoko inspektorearen 2 plaza betetzeko deialdia
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2026ko ekainaren 15ko Erabakiaren bidez onetsi zuen deialdia, honako oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da Iruñeko Udaltzaingoko 2 inspektore plaza betetzea, funtzionario araubidekoak, B mailakoak eta Iruñeko Udaltzaingoari atxikiak. Hutsik daude plaza horiek (1-214700-13 eta 1-224700-1 plaza-zenbakiak), brigadako inspektore burua eta txandako inspektore burua hurrenez hurren.
2. oinarria.–Araudi aplikagarria.
Prozedura deialdi honetako oinarrien eta honako arau hauen xedapenen arabera gauzatuko da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua.
3. oinarria.–Iruñeko Udaltzaingoko inspektore-lanpostuan sartzeko prozedurak.
3.1. Hutsik dauden 2 plazak barne-igoeran, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez beteko dira, eta bi txandatan banatuko dira:
- 1 plaza, Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko kideendako barne-igoerako txandan (barne-igoerako txanda).
- 1 plaza, Nafarroako Polizia guztiendako igoera-txanda irekian (igoera-txanda irekia).
3.2. Igoera-txanda irekian betetzen ez diren plaza guztiak barne-igoerako txandakoei gehituko zaizkie.
Txanda horretako izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako betetzen ez diren barne-igoerako txandako plazak hutsik geratuko dira, eta ez zaizkie igoera-txanda irekikoei gehituko.
Barne-igoerako txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua plaza hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditu direnek aukera izanen dute igoera-txanda irekiko plazetarako lehiatzeko, betiere txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako guztizko puntuazioari jarraikiz.
4. oinarria.–Izangaiek bete beharreko betekizunak.
4.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte kategoriaz igotzeko lehiaketan onartuak izateko:
4.1.1. Barne-igoerako txandako izangaiak:
a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, plaza jabetzan hartu zen dataz geroztik, inspektoreordearen lanpostuan.
b) Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea, Iruñeko Udaltzaingoko zein lanpostutatik igo nahi den eta horretan.
c) Unibertsitateko gradu-titulua edo diploma, Ingeniaritza Teknikoko, Arkitektura Teknikoko edo horien baliokidea den titulua edukitzea, edo lizentziatura, ingeniaritza edo arkitektura baten lehenengo hiru ikasturteak osorik amaiturik edukitzea edo ikasketa horiei dagokien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek, gutxienez, 180 kreditu baditu.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute. Baldintza hori ez zaie aplikatuko araututako lanbideen esparruan eta Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean beren lanbide-kualifikazioa aitortzea lortu duten izangaiei.
d) Bigarren jarduerako administrazio-egoeran deklaratutako langileek ezin izanen dute parte hartu prozedura honetan, salbu eta eskainitako plazak bigarren jarduerakoak izan badaitezke.
4.1.2. Igoera-txanda irekiko izangaiak:
a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, plaza jabetzan hartu zen dataz geroztik, inspektoreordearen lanpostuan.
b) Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea, zein lanpostutatik igo nahi den eta horretan.
c) Unibertsitateko gradu-titulua edo diploma, Ingeniaritza Teknikoko, Arkitektura Teknikoko edo horien baliokidea den titulua edukitzea, edo lizentziatura, ingeniaritza edo arkitektura baten lehenengo hiru ikasturteak osorik amaiturik edukitzea edo ikasketa horiei dagokien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek, gutxienez, 180 kreditu baditu.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute. Baldintza hori ez zaie aplikatuko araututako lanbideen esparruan eta Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean beren lanbide-kualifikazioa aitortzea lortu duten izangaiei.
d) Bigarren jarduerako administrazio-egoeran deklaratutako langileek ezin izanen dute parte hartu prozedura honetan, salbu eta eskainitako plazak bigarren jarduerakoak izan badaitezke.
4.1.3. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte mantendu beharko dira.
Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.
5. oinarria.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak 20 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.
5.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu helbidean, honako nabigazio bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamenean.
5.3. Tasak.
Oposizioan parte hartzea eskatzen dutenek 22,85 euroko tasa ordaindu beharko dute azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik.
Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzeko unean, telematikoki ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
Azterketa-eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
5.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
5.4.1. Eskabideak online aurkezteko unean, barne-igoerako txandako izangaiek (Iruñeko Udaltzaingoko kideek), eskabideaz gain, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
–4.1.1.c oinarrian eskatutako titulu akademikoaren originala edo fotokopia konpultsatua edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, edo, bestela, eskabidea aurkezteko epea amaitu baino lehenago hura lortzeko egoeran egotearen gaineko ziurtagiria.
–Deialdi honen II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko agiriak, eta horien zerrenda dataren arabera ordenatua, baremoan agertzen den puntuazio-eskemarekin bat. Baldin eta izangaiak aurkezten dituen merezimenduak Administrazio honen eskutan badaude, hala adierazi beharko da, eta berariaz azaldu zer prozeduratan dauden.
–Udalak ofizioz erantsiko du espedientean interesdunak Iruñeko Udaltzaingoko inspektoreordearen lanpostuan gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela -plazaz jabetu zen egunaz geroztik- egiaztatzen duen agiria, eta interesdunaren administrazio-egoeraren eta eman dituen eta aitortu zaizkion zerbitzuen berri ere emanen du.
5.4.2. Eskaera online aurkezteko unean, igoera-txanda irekiko izangaiek (Nafarroako beste Polizia Kidego batzuetako kideek), eskabideaz gain, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Ziurtagiria, organo eskudunak emana, honako hauek egiaztatzen dituena: interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasun egiaztatua duela Nafarroako Polizia Kidego bateko agente lehenaren lanpostuan, plazaz jabetu zen egunetik zenbatzen hasita; interesdunak zer lanpostutatik igo nahi duen eta hartan zer administrazio-egoeratan dagoen (zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian); identifikazio profesionalaren zenbakia eta Nafarroako Poliziako zein Kidegotakoa den edo zein den haren atxikipeneko toki-entitatea.
–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak (ESEN) emandako egiaztagiria, non ziurtatuko baita interesdunak Nafarroako Polizia Kidegoen inspektoreordearen ikastaroa gainditu duela.
–Deialdi honen II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko agiriak, eta horien zerrenda dataren arabera ordenatua, baremoan agertzen den puntuazio-eskemarekin bat. Baldin eta izangaiak aurkezten dituen merezimenduak Administrazio honen eskutan badaude, hala adierazi beharko da, eta berariaz azaldu zer prozeduratan dauden.
–4.1.2.c oinarrian eskatutako titulu akademikoaren originala edo fotokopia konpultsatua edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, edo, bestela, eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehenago hura lortzeko egoeran egotearen gaineko ziurtagiria.
5.4.3. Merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkezteko unean aski izanen da kopia arruntak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du izangaia kanporatua izatea eta horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
6. oinarria.–Izangaiak onestea.
6.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta www.pamplona.es/eu Udalaren webgunean argitara dadila aginduko.
Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Giza Baliabideetako zuzendariak oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.
6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Internet bidez www.pamplona.es/eu helbidean, deialdi honi dagokion aipamenean.
6.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta www.pamplona.es/eu Udalaren webgunean argitara dadila aginduko.
6.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.6. Igoera-txandetan parte hartzen dutenei dagokienez, aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan honako datu hauek agertuko dira bakarrik: identifikazio profesionalaren zenbakia, izangaia Nafarroako Poliziako zein Kidegotakoa edo zein toki entitatekoa den eta zer igoera-txandatan aurkezten den.
7. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
7.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: José Francisco Ataun Roldan jauna, Iruñeko Udaltzaingoko komisario nagusia.
Ordezkoa: Luis Manuel Iribarren Aguerri jauna, Iruñeko Udaltzaingoko komisarioa.
–Epaimahaikidea: Ruben Echavarri Jimenez jauna, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.
Ordezkoa: Sergio Iglesias Iglesias jauna, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.
–Epaimahaikidea: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.
Ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.
–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
–Epaimahaikide-idazkaria: Víctor Sarasa Astrain jauna, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.
Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoko legelari bat.
7.2. Epaimahaia Epaimahaiburuak deituta eratu beharko da, hautaprobak hasi baino lehenago.
a) Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.
b) Kide anitzeko organoaren eraketa eta jarduketak baliodunak izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
c) Behin kalifikazio-epaimahaia osatuta, lehendakaria edo idazkaria aldi baterako gaixorik edo kanpoan baldin badaude, eta abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoiei eta prozedurari dagokienez, hala badagokio, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoetarako ezartzen duenari jarraitu beharko zaio.
d) Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
e) Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute kalifikazio-epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
f) Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
7.3. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.
8. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren garapena.
8.1. Oposizio-lehiaketa hiru fasetan eginen da. Lehenengo fasea lehiaketa izanen da; bigarrena, ezagutza teoriko-praktikoen proba eta proba psikoteknikoak, eta, azkena, gaitzeko ikastaroa, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.
a) Lehiaketako merezimenduak: gehienez, 82,50 puntu.
b) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko ezagutzen proba teoriko-praktikoa: ehun eta berrogeita hamar (150) puntu bitarte.
c) Proba psikoteknikoak: hirurogeita hamar (70) puntu bitarte.
d) Gaitzeko ikastaroa: Berrehun (200) puntu bitarte.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizio-lehiaketaren parte diren probak egiteko tokia, eguna eta ordua. Gainerako probak egiteko iragarkiak Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitara emanen dira gutxienez 48 ordu lehenago.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Bazterturik geldituko dira horietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.
8.2. Lehiaketa-aldia.
8.2.1. Lehiaketa-aldiaren arauak.
Lehiaketa-aldi honetan izangaiek alegatutako merezimenduen balorazioa eginen da –izangaiek behar bezala egiaztatu behar dituzte–, eta gehienez ere 82,50 puntu jasoko dira:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez ere.
b) Polizia-funtzioari lotutako prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 25 puntu gehienez ere.
c) Hizkuntzak jakitea: euskara, frantsesa, ingelesa edo alemana: 20 puntu gehienez ere.
d) Sariak: 2,50 puntu bitarte.
Aurreko apartatuetarako alegatu eta justifikatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dira lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta apartatu bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gainean.
Aldi hau amaitu aurretik, epaimahaiak aldi honetako behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik aitzina, izangaiek eskubidez komeni zaiena alegatu dezaten.
Epaimahaiak lehiaketa-aldian behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzita, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsi eta Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu.
8.3. Ezagutza teoriko-praktikoen proba eta proba psikoteknikoen fasea.
8.3.1. Honako proba hauek osatuko dute proba teoriko-praktikoa:
8.3.1.1. Proba objektiboan, test eran, I. eranskinean jasotako gaitegian oinarritutako galderei erantzutea, Iruñeko Udaltzaingoaren inspektore lanari buruzko eduki eta funtzioei buruz.
8.3.1.2. Proba teoriko-praktikoaren arauak.
a) Proba teoriko-praktikoaren gehieneko puntuazioa 150 puntukoa izanen da, eta 75 galderako bi galdetegi erantzun beharko dira idatziz, I. eranskinean jasotako gaitegiari buruzkoak.
b) Galdetegi bakoitza I. eranskineko parte bati buruzkoa izanen da, eta galderak test erakoak izanen dira. Galdera bakoitzak hiru erantzun posible izanen ditu, eta horietako bakarra izanen da baliozkoa: 1 puntu emanen zaizkie erantzun zuzenei, eta 0,35 puntu kenduko da oker erantzundako bakoitzagatik.
c) Probaren gehieneko iraupena epaimahaiak adieraziko du, hasi aurretik.
d) Proba honek izaera baztertzailea edukiko du, eta bazterturik geldituko dira galdetegi bakoitzean gutxienez ere 37,5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
e) Proba horretako galdetegi bakoitzak erreserbako bost galdera gehigarri izanen ditu, azterketako galderaren bat baliogabetu behar izanez gero akatsen bat edukitzeagatik. Hala ere, epaimahaiak ez-baliozkotzat jotzen dituen galdera gehiago badaude, galdera horiek baliogabetu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzean.
f) Proba egitean ez da onartuko inolako testurik kontsultatzea, ezta kalkulagailurik edo beste material bat edo gailu elektronikorik erabiltzea ere, bolaluma salbu, tinta urdin edo beltzekoa, eta punta lodikoa.
g) Izangaia berehala kanporatzeko arrazoi izanen da proba egin bitartean azterketa osoa edo zati bat kopiatzea; bai eta gailu elektronikoak, bitarteko telematikoak, komunikazio-sistemak edo erantzunak lortzeko, helarazteko edo emateko erabiltzen ahal den baimendu gabeko edozein tresna erabiltzea, edukitzea edo manipulatzea ere.
h) Halaber, izangaia azterketatik kanporatzea erabaki ahalko da baldin eta iruzurra, izangaien arteko elkarlana edo epaimahaiak ezarritako arauak urratu direla adierazten duen arrazoizko zantzurik bada.
8.3.2. Proba psikoteknikoak.
8.3.2.1. Gaitasun psikoteknikoen probetan izangaiek proba batzuk egin beharko dituzte lanpostuaren lanbide-profilaren beharkizunetara noraino egokitzen diren neurtze aldera. Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuaren Psikologia Aplikatuko Sailak eginen ditu probak, eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Gaitasun psikoteknikoaren proba ez da baztertzailea izanen, eta 0 eta 70 puntu bitarte lortzen ahalko dira.
8.3.2.2. Probaren garapena:
a) Lanbide-profila zehaztea: NAPIko Psikologia Aplikatuko Sailak eta deialdiaren kalifikazio-epaimahaiak proposatuko dute, edo hark izendatzen dituen langileek, lanpostuaren behar eta eskakizunen jakitun badira. Azterketa horretatik abiatuta zehaztuko dira ebaluatu beharreko faktore edo gaitasunak eta funtzioak egoki garatzeko beharrezkoak diren eskakizunak. Lanbide-profilaren proposamena epaimahaiari aurkeztuko zaio probak hasi aurretik onets dezan.
b) Kalifikazio-epaimahaia arduratuko da, proben aurretik, garrantzitsutzat jotzen dituen kontuak bitarteko egokien bidez argitaratzeaz. Xede horretarako NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek helaraziko dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak.
c) Probak bi parte izanen ditu:
–Lehenengoan, ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Nortasunari buruzko galdetegi orokorrak izaten ahal dira, edo lan-gaitasunei buruzkoak edo trebetasunei buruzkoak.
–Bigarrena banakako elkarrizketa edo talde-lan bat izanen da, lehen zatiko galdera-sortekin alderatzeko.
8.4. 8.3 oinarrian aurreikusitako proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, epaimahaiak udal-webgunean (www.pamplona.es/eu) argitara emanen ditu behin-behineko guztizko kalifikazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten.
8.5. Behin oposizio-lehiaketaren elementu guztien kalifikazioa amaituta (merezimenduak, proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak), epaimahaiak Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioak adierazita.
Berdinketarik izanez gero, administrazio publikoetako zerbitzuetan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da, eta, berdinketak jarraituz gero, adinez zaharrena den izangaiaren alde eginen da.
8.6. NSLErako plazak.–Eskuragarri dauden plaza guztiak zehaztu ondoren, epaimahaiak NSLEan (Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskola) sartzeko igoera-ikastaroan onartutako izangaien zerrenda prestatuko du, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran. Epaimahaiak zerrenda horren berri emanen dio NSLEari.
9. oinarria.–Prestakuntza ikastaroa.
Gaitzeko ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta Eskolak ezartzen duen iraupena izanen du.
Gaitzeko ikastarorako onarturiko izangaien zerrendan adieraziko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den ikastaroa.
9.1. Zerbitzu berezietako egoera adieraztea.
Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko inspektore lanpostura sartzeko ikastaroa –Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandakoa– egiteko xedez, hautaketa-prozedura gainditu eta bete beharreko plaza-kopuruan lekua duten izangaiek Nafarroako zein administrazio publikoren mende dauden eta horri ‘’zerbitzu berezietako’’ egoera eskatuko diote, Nafarroako Polizia Kidegoetako 23/2018 Foru Legearen 50.4. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Gaitzeko ikastaroa egin bitartean, izangaia Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari (NSLE) atxikiko zaio.
‘’Zerbitzu berezietako’’ egoeraren aitorpenak ez du batere aldaketarik ekarriko izangaiaren gizarte-aurreikuspeneko araubidean, eta egoera horretan dagoenean jatorrizko plazan zuen araubide berarekin jarraituko du eta jatorrizko plazan aitortuak zituen ordainsariak osorik jasoko ditu Iruñeko Udaletik.
Izangaiek nor bere Administrazioaren egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko paragrafoan adierazitakoa egiaztatzeko, eta bertan zehaztuko da kontzeptu horiek direla-eta zenbat jaso zuten gaitzeko ikastaroa hasi aurreko hilabetean.
Zerbitzu berezietako egoera amaitutakoan, automatikoki utziko zaio aurreko apartatuak aipatzen duen ordainsari-araubidea jasotzeari, eta ez da inola ere eskuratutako eskubiderik eratuko, ez eskubide pasiborik edo deialdian jasotako plazatik eratorritako inolako eskubiderik sortuko.
9.2. Gainditu beharrekoa.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren (NSLE) gaitzeko ikastaroa gainditu beharrekoa izanen da; izan ere, izangaiak ikastaroko arlo guztiak gainditu beharko ditu, eta gehienez ere 200 puntu lortzen ahalko ditu. Honako arau hauek zedarrituko dute ikastaroa: Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretua.
Prestakuntza-ikastaroan, izangaiak kalifikatuko dira lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak zentzu horretan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarendako, zeinak deialdi honetan ezarritako 200 puntuko balorazio-puntuazioaren arabera kalkulatuko baititu.
Oposiziotik bazterturik geldituko dira Prestakuntza-ikastaroa gainditu ez duten izangaiak. Gainditzeko arlo bakoitza gainditu beharko dute, eta gutxienez 100 puntu lortu beharko dituzte.
9.3. Gainditu dutenen zerrenda.
Gaitzeko ikastaroa amaituta, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako (ESEN) zuzendariak gaitzeko ikastaroan izangaiek lortutako kalifikazioak helaraziko dizkio kalifikazio-epaimahaiari.
9.4. Behin ikastaroa amaituta, langilea automatikoki itzuliko da ‘’zerbitzu berezietako’’ izendapena jaso arte betetzen ari zen plazara, zerbitzu aktiboan.
10. oinarria.–Azken kalifikazioa.
Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa zein den jakiteko, hautaketa-prozesu osoko puntuazio guztiak batuko dira; hau da, proba teoriko-praktikoaren eta proba psikoteknikoen fasean, lehiaketa fasean eta, azkenik, gaitzeko ikastaroan lortutakoak.
Gaitzeko ikastaroa amaituta, epaimahaiak argitara emanen du Udalaren webgunean gainditu duten izangaien zerrenda lortutako puntuazio osoaren hurrenkeran, eta izendapen-proposamena aurkeztuko du puntuaziorik handiena lortu dituzten izangaien alde, deialdian eskainitako plaza kopuruaren arabera.
11. oinarria.–Plaza hutsak esleitzea.
11.1. Giza Baliabideetako zuzendariak edo hark eskuordetzen duen pertsonak eginen du plaza hutsak esleitzeko ekitaldia, Udaltzaingoaren Burutzak dagokion egokitasun-txostena eman ondoren.
11.2. Plaza hutsak Udaltzaingoak une horretan dituen gaitasunen eta beharren arabera esleituko dira.
12. oinarria.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
12.1. Eskatzen zaizkien agiriak aurkeztu ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaltzaingoko inspektore izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duten izangaiak, osotara lorturiko puntuazioaren hurrenkerarekin bat, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
12.2. Izendatutako izangaiek izendapenean zehazten den egunean hartu beharko dute karguaren jabetza. Karguaz jabetzen ez direnek, behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, kategoriaz igotzeko eskubidea galduko dute.
12.3. Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiei Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako ekintzaren babespean, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den Eskubide Pasiboen araubidean afiliatuta badaude; kasu horretan, izendapena egin aurretik, bertan jarraitzea aukeratzen ahalko dute edo Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatzea.
13. oinarria.–Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak www.pamplona.es/eu Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.
14. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko administrazioarekiko auzien atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Iruñean, 2026ko ekainaren 15ean.–Tokiko Gobernu Batzarreko jarduneko idazkaria, Joxe Abaurrea San Juan.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
I. zatia.
1. 1978ko Espainiako Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala. VIII. titulua: Estatuaren lurralde antolamendua: Lehen kapitulua, Printzipio Orokorrak eta Tokiko Administrazioaren bigarren kapitulua. IX. titulua: Konstituzio Auzitegia.
2. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: II. liburua, delituak eta horiei dagozkien zigorrak: I. titulua: giza hilketa eta giza hilketaren formak; III. titulua: lesioak; VI. titulua: askatasunaren aurkako delituak; VII. titulua: torturak eta osotasun moralaren aurkako beste delituak; VII. bis titulua: gizakien salerosketa; VIII. titulua: sexu-askatasunaren aurkako delituak; IX. titulua: sorospen-eginbeharra ez betetzea; X. titulua: bizitza pribatuaren, norberaren irudirako eskubidearen eta egoitzaren bortxaezintasunaren aurkako delituak; XI. titulua: ohorearen aurkako delituak. XIII. titulua: ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak, I., II., III., IV., V., VI., IX. eta X. kapituluak; XVII. titulua: segurtasun kolektiboaren aurkako delituak, III. eta IV. kapituluak. XVIII. titulua: faltsutasunak, I., II., III. eta IV. kapituluak. XIX. titulua: herri administrazioaren aurkako delituak, I., II., III. eta IV. kapituluak. XX. titulua: justizia administrazioaren aurkako delituak, I., II., III., IV., V., VI. eta VIII. kapituluak. XXII. titulua: ordena publikoaren aurkako delituak, II., III., V. eta VI. kapituluak.
3. 1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena: I. liburua, xedapen orokorrak: IV. titulua, nori dagokion delitu eta falten ondoriozko ekintzak egikaritzea. II. liburua: sumarioa, I., III., IV., V., VI. eta VIII. tituluak. IV. liburua: prozedura bereziak, II. eta III. tituluak. VI. liburua: delitu arinen epaiketaren prozedura.
4. 6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, Habeas Corpus prozedura arautzen duena.
5. 1985/7 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: X. titulua, biztanle-kopuru handiko udalerrien antolakuntzako araubidea.
6. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Atariko titulua. I. titulua: I. eta III. kapituluak. III. titulua.
7. 8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.
8. 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua, apirilaren 18koa, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onesten duena. I., II. eta V. tituluak.
9. 5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena. Atariko titulua. I. eta II. tituluak. III. titulua. VIII. titulua.
10. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
11. 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integraleko Neurriak arautzen dituena.
12. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
13. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: Atariko titulua. I. eta II. tituluak. III. titulua.
14. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: I., II., III. eta VI. tituluak.
15. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. I. titulua: I., III., IV., V. eta VI. kapituluak. II. titulua.
II. zatia.
1. Komunikazioa eraginkortasunerako, kohesiorako eta ongizate emozionalerako. Lidergoa eta komunikazioa. Komunikazio-trebetasunak eta -teknikak.
2. Erakundeetako plangintza. Plangintza estrategikoa. Plangintza taktikoa. Plangintza operatiboa. Kontingentzia-plangintza.
3. Prozesuen, helburuen eta kalitatearen araberako kudeaketari buruzko kontzeptu orokorrak.
4. 4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.
5. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babestekoa.
6. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: I., II., III., IV. eta V. tituluak.
7. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoak datu pertsonalen tratamenduari dagokionez babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa -95/46/EE Direktiba (Datuak babesteko erregelamendu orokorra) indargabetzen duena-: I., II. eta III. kapituluak.
8. 7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzkoa.
9. 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
10. Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua (2017ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 3koan, argitaratua) eta Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren aldaketa (2018ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 23koan, argitaratua).
11. Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa (2017-2019) -2017ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 8koan, argitaratua- eta 10. artikuluaren aldaketa.
12. Burutzaren Agindua, deialdi hau argitara eman den unean indarrean dagoena, Iruñeko Udaltzaingoaren lan-egutegia ezartzeari buruzkoa.
13. Instrukzioa, deialdi hau argitara eman den unean indarrean dagoena, Iruñeko Udaltzaingoaren egutegiko lizentziak eta baimenak ezartzeari buruzkoa.
14. Udaltzaingoaren erabilgarritasun poltsa, deialdi hau argitara eman den unean indarrean dagoena.
15. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.
16. 11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duena.
Oharra: Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALIOESTEKO BAREMOA
A) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez, 35 puntu.
1.–Nafarroako Polizia Kidegoetan lanpostu finkoan emandako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko:
LANPOSTUA | PUNTUAK |
Inspektoreordea | 1,50 |
Agente lehena | 1,25 |
Polizia / Agentea | 1,00 |
2.–Nafarroako Polizia Kidegoetan, deialdiaren xede den lanpostuan, behin-behinean emandako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko: 1,65 puntu.
3.–Lanpostu finkoan, administrazio publiko baten menpeko beste Segurtasun Kidego eta Indarren batean, emandako zerbitzuak.
LANPOSTUA | PUNTUAK |
Inspektoreordearen baliokidea | 1,50 |
Agente lehenaren baliokidea | 1,25 |
Polizia / Agentearen baliokidea | 1,00 |
4.–Edozein administrazio publikotan Polizia Kidego batekoak ez diren lanpostuetan emandako zerbitzuak: 0,25 puntu, urteko.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.
2. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, dagokion zatia kenduko da.
3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo datan emandako zerbitzuak.
4. Funtzionarioek zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan edo zuzendaritzan emandako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan emandako zerbitzu gisara baloratuko dira.
B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza: 25 puntu, gehienez.
Apartatu honetan, prestakuntzan, irakaskuntzan eta ikerkuntzan alegatutako merezimenduak baino ez dira baloratuko, baldin eta zortzi (8) urteko antzinatasuna gainditzen ez badute, deialdia noiz argitaratu eta data hori erreferentziatzat hartuta.
1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,01 puntu emandako ikastordu bakoitzeko, gehienez ere 10 puntura bitarte.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei guztira 10 orduko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei guztira 100 orduko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.
5. Ikasturte bakoitzeko gehienez ere 1 puntu eskuratzen ahalko da.
2.–Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo sariren bat jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: Hiru (3) puntu, gehienez ere, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).
–Hitzaldiak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan. 0,40 puntu hitzaldi edo komunikazio bakoitzeko.
–Beka edo sariren bat jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea. Era aktibo eta egiaztatuan parte hartzea baliabide kriminologikoak, sozialak, informatikoak eta instrumentalak garatzeko (ez ezartzeko) ikerketa-lanetan, poliziaren arloan aplikatzeko xedez. Gehienez ere, 1 puntu lan bakoitzeko.
3.–Sektore publikoan prestakuntza-ekintzak antolatzea edo halakoetan irakasle jardutea: Bi (2) puntu, gehienez ere, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoa, ekintza horien iraupenaren arabera.
- 0,20 puntu emandako 10 orduko, honela banatuta:
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, emandako orduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Emandako orduen kopurua jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.
3. Ikasturte bakoitzeko gehienez ere 1 puntu eskuratzen ahalko da.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-ekintzetan irakasle aritu izana, eta halako prestakuntza-ekintzatzat joko dira espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.
4.–Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu direnez bestekoak: Sei puntu (6), gehienez ere.
–Doktore-gradua, unibertsitate-gradua, lizentzia, Arkitektura eta Ingeniaritza: 2 puntu.
–Diplomatura, Arkitektura Teknikoa, Ingeniaritza Teknikoa: 1,50 puntu.
–Unibertsitateko master ofiziala: 1 puntu.
–Goi-mailako (LH II) prestakuntza: 0,50 puntu.
–Berezko titulua, unibertsitateko aditu titulua edo unibertsitateko espezialista titulua: 0,25 puntu.
Ez dira baloratuko aurreko tituluetako irakasgai solteak.
5.–Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratzekoak. Besteak beste, sektore pribatuan egindako lanak, prestakuntza-bekak edo -egonaldiak eta parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: Lau (4) puntu, gehienez ere.
Oharrak, B) apartatu osorako:
Apartatu honetan, deialdi honen xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baloratuko dira, ez besterik. Ez dira baloratuko, inolaz ere, inspektoreordearen lanpostua eskuratzeko beharrezkoak diren prestakuntza-ikastaroak.
C) Hizkuntzak ezagutzea: ingelesa, frantsesa, alemana edo euskara (20 puntu, gehienez ere).
1.–Ingelesa, frantsesa, alemana edo euskara (5 puntu, gehienez ere, bakoitzeko).
–C2 MAILA: 5 puntu.
–C1 MAILA: 4 puntu.
–B2 MAILA: 3 puntu.
–B1 MAILA: 2 puntu.
–A2 MAILA: 1 puntu.
–A1 MAILA: 0,5 puntu.
Tituluak eta egiaztagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 ebazpenean jasota daude, zeinak ezartzen baititu euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Maila gorenari dagokion puntuazioa emanen da. Ez dira inolaz ere batuko hizkuntza bereko bi maila edo gehiagoko puntuazioak.
D) Sariak: gehienez ere 2,50 puntu.
Barne Ministerioak, Polizia Autonomikoek eta Udaltzaingoek edo Tokiko Poliziek emandako sariak baino ez dira baloratuko.
1.–Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.
2.–Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.
3.–Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.
4.–Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.
Iragarkiaren kodea: L2608798
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
