128. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

DEIERRI

Oposizio lehiaketa murriztua, bete dadin animatzaile soziokulturalaren plaza bat

Alkatetzaren 2026ko ekainaren 19ko ebazpen baten bidez, onetsi zen deialdi bat, bete dadin, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, animatzaile soziokulturalaren plaza bat (C maila).

Hautapen-prozesua honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua; aplikatu beharreko gainerako arauak; eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, animatzaile soziokulturalaren plaza bat (C maila), funtzionarioen araubidean, Deierriko Udalaren zerbitzura.

1.2. Aipatu den plaza hutsa betetzeko, txanda librea izanen da.

1.3. Eskaintzen den plaza izanen da indarrean dagoen lan publikoaren eskaintzan dagoena, izendapenaren unean.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Titulu hauetako bat izatea: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, titulu horietako bat lortzeko moduan egotea, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Baldin eskatutako tituluaren baliokide bat bada, erantsi beharko da agiri bat, erakunde eskudunak emana, baliokidetasuna frogatzen duena.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko da agiri bat, frogatzen duena baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, betiere eskuratu badute lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko xedapenen babesean.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.1.2. Adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere. Hori dena, bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin, zeinaren bidez aldatzen baita Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema.

Betekizun hori betetzen dela frogatu beharko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez. Erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez.

2.1.3. Beharrezkoa izanen da B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaz jabetu arte.

2.3. Izangaiek baldintza horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkeztu beharko dira, soil-soilik, Deierriko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.yerri.es/).

Eskabideak izan behar dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere deusetan galarazi gabe jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatu edo autentifikatuak aurkeztu behar izatea kontratatuak izateko deitzen zaienean, indarreko legediak ezarri moduan:

3.2.1. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Deialdi honen 2.1.1. oinarriko c) apartatuan eskatutako tituluen kopia.

c) B gidabaimenaren edo baliokidearen kopia.

d) 6.3.1 apartatua (merezimenduen ziurtagiriak, egoki bada).

e) 6.3.2 apartatua (prestakuntza, egoki bada).

a, b eta c letretan zehaztutako dokumentuak aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Hala, izangaiak parte hartzeko eskabideari erantsi beharko dio agiri bat, organo eskudunak emana, frogatzen dituena desgaitasuna eta desgaitasun maila. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan.

Aski izanen da 3.2 apartatuko dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaiak onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta argitaratuko da Deierriko Udalaren egoitzen iragarki-taulan, baita erakunde horren egoitza elektronikoan ere: https://sedeelectronica.yerri.es/.

Egun horretatik aurrera eta ondoko 10 egun baliodunetan, baztertutako izangaiek erreklamazioak egin ditzakete, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, erakundearen egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.yerri.es/), deialdiaren aipamenean, eskabidearen bitartez.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Alkatetzak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzeko, adierazita deialdi honetako hautaprobak egiteko eguna eta tokia.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Ana Marta Mendaza Acedo, Deierriko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Lidia San Martín Fernández, Deierriko Udaleko zinegotzia.

Lehen epaimahaikidea: Fernando Garayalde García, Deierriko Udaleko zinegotzia.

–Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Nuria Esparza Barrena, Deierriko Udaleko zinegotzia.

Bigarren epaimahaikidea: María Presentación Hita Maeztu, Allo aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko animatzaile soziokulturala.

–Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Carmen Elvira Martínez, Allo aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.

Hirugarren epaimahaikidea: Ana Cadarso García, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko animatzaile soziokulturala eta gizarte-hezitzailea.

–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Eva Sanz Mangado, Allo aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Epaimahaikide idazkaria: Javier Araujo Herreros, Deierriko Udaleko idazkaria.

–Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Maider Ariz Monreal, Villatuertako Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, baldin bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren gorabehera guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituei deitzen ahalko die probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.–Oposizioa nola eginen den.

Plika sistemaren bidez eginen da hautaketa, plaza betetzeko eta zerrenda eratzeko, eta honako proba hau eginen da:

Hautapen prozesua bi probaren bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztertzaileak izanen dira. Proba horien puntuazioa 70 puntukoa izanen da gehienez.

6.1. Proba teorikoa: 50 puntu gehienez.

Idatziz erantzun beharko zaio test motako galde-sorta bati; 50 galdera izanen ditu, eta erreserbako bost galdera gehiago gehituko zaizkio. Lau erantzun emanen dira aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Lanpostuaren eginkizunei buruzkoa izanen da proba, eta loturik egonen da deialdi honen II. eranskineko gaiak ezagutzearekin. Gai guztiak eskatuko dira jarraikiz deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duen legeriari.

Parte honetan, gehienez ere, 50 puntu erdiesten ahalko dira. Erantzun oker bakoitzarengatik kenduko da zuzen erantzundako galdera baten balioaren herena. Proba gaindituko dute gutxienez 25 puntuko kalifikazioa lortzen dutenek. 25 puntu lortzen ez dutenei, ez zaizkie merezimenduak baloratuko, eta baztertuta geldituko dira.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik erabili, ezta kalkulagailurik edo bestelako material elektronikorik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.

6.2. Proba teoriko-praktikoa: 20 puntu gehienez.

Ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, epaimahaiak ezarriko duen gehieneko denboran. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri direnak izanen dira.

Probaren balorazioa 20 puntukoa izanen da gehienez, eta kanpoan geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (10 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta izangaiek hartara agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

Epaimahaiak, probak hasi baino lehen, haien gehieneko iraupena finkatuko du.

6.3. Lehiaketa nola eginen den.

Merezimendu-lehiaketa: esperientzia eta prestakuntza, lanpostuari egokitua. Soilik baloratuko dira gainditu duten pertsonen merezimenduak.

Lehiaketaldiko gehieneko balorazioa 30 puntu izanen da, honela banatuta:

6.3.1. Laneko eskarmentuari lotutako merezimenduak: 20 puntu gehienez.

a) Animatzaile soziokultural gisa izandako lanbide-esperientzia, lanaldi osoan, edozein udaletan: 3 puntu urte bakoitzeko.

b) Animatzaile soziokultural gisa izandako lanbide-esperientzia, lanaldi osoan, edozein administrazio publikotan: 2 puntu urte bakoitzeko.

c) Animatzaile soziokultural gisa izandako lanbide-esperientzia, lanaldi osoan, gizarte-ekimeneko erakundeetan: 0,5 puntu urte bakoitzeko.

Atal honen batura ez da izanen 20 puntu baino handiagoa.

Eginiko zerbitzuak frogatzeko, ziurtagiriak baizik ez dira erabiliko. Horietan, zehatz adierazi beharko da kontratazioaren iraupena eta lanaldiaren ehunekoa. Eginiko zerbitzuak onartuko dira horien kontratazio araubidea edozein izanik ere, aldi baterakoa nahiz finkoa. Erakunde kontratatzaileek eman beharko dituzte ziurtagiri horiek.

Balorazioan, ez dira kontuan hartuko arestian aipatutako datuak argi eta garbi jasotzen ez dituzten agiriak.

Baldin frogatutako esperientzia-denborak ez baditu urte osoak egiten, edo lana ez bada lanaldi osoan egin, kontuan hartuko da proportzioan dagokiona.

6.3.2. Prestakuntza: 7,9 puntu gehienez.

a) Bigarren zikloko edo goragoko unibertsitate titulu ofizialak izatea (lizentzia, gradua edo masterra), lanbide-arloarekin lotutakoak: 3 puntu.

b) Unibertsitate titulu ofizialak izatea, lanbide-arloarekin lotutakoak: 2 puntu.

c) Goi Mailako Lanbide Heziketako beste titulu ofizial batzuk, edo horien baliokideak, lanbide-arloarekin lotutakoak: puntu bat.

d) Prestakuntza-ikastaroak: 1,9 puntu gehienez.

Erakunde edo ikastetxe publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartzea: Zero koma hamar (0,10) puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (hamar –10– eskola-ordu), eta gehienez ere bat koma bederatzi (1,9) puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (1) balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko (1) iraupena agertzen duten ziurtagiriei hamabi (12) kredituko balorazioa emanen zaie.

Eskaerarekin batera, aurkeztu behar dira deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen jatorrizko agiriak edo fotokopiak, behar bezala konpultsatuak. Agiri horiekin batera nahitaez aurkeztu beharko da eransten diren agirien aurkibidea.

Ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

6.3.3. Euskara.

Euskara, 2,1 puntu gehienez, honako honen arabera:

Bat etorriz 97/2024 Foru Dekretuarekin, euskararen balorazioa %7koa izanen da, merezimenduen baremoaren gainerakoari esleitutako puntuazioari dagokionez (foru dekretu horrek arautzen du nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).

a) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko A1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 0,42 puntu.

b) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko A2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 0,84 puntu.

c) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko B1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 1,26 puntu.

d) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko B2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 1,68 puntu.

e) Europako Erreferentzia Esparruak finkatutako euskarazko C1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 2,10 puntu.

Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak goragoko maila duena baizik ez du baloratuko.

Ezar daitezen hizkuntzen jakite maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 210/2010 Ebazpena.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.

7.1. Kalifikazio-epaimahaiak izangaien zerrenda argitaratuko du, haien kalifikazioekin batera, Deierriko Udalaren iragarki-taulan eta erakundearen egoitza elektronikoan: https://sedeelectronica.yerri.es/. Proba teorikoaren emaitzak argitaratuta, 5 egun balioduneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko.

7.2. Behin proben kalifikazioa bukatuta eta alegazioak ebatzita, halakorik aurkeztu bada, oposizioa gainditu dutenen zerrenda emanen du argitara epaimahaiak, Deierriko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (https://sedeelectronica.yerri.es/), guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran. Halaber, Alkatetzari igorriko dio zerrenda, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

7.3. Berdinketarik gertatuz gero, proba teorikoan puntu gehien lortu duen izangaiaren alde joko da; berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da egindako zerbitzuei buruzko apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa izanez gero, joko da prestakuntzaren apartatuan puntuazio handiena lortu duenaren alde. Hori eginagatik ere, berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde eginen da.

7.4. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, eta abiatuko da zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik.

8.–Baldintzak frogatzea.

Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du, hautaprobak gainditu eta plaza eskuratu duten izangaiek aurkez ditzaten honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak (zenbat plaza huts eskaini diren, beste hainbeste izangaik eskura ditzakete plazak):

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Aurkeztu beharko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa (erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez); izan ere, lanpostuak berekin dakar adingabeekin ohiko harremana izatea.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Dokumentazioa aurkeztutakoan, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaia izendatzeko edo kontratatzeko proposamena: puntuazio handiena lortu duen izangaia proposatuko da.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapen edo kontratazio proposamen hori.

9.2. Proposatutako izangaia ez bada toki-erakundearen zerbitzuko langile finkoa, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 10 egun balioduneko epean, behin izendapen proposamena argitaraturik Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta atarian, deialdiaren web fitxan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.

b) Osasun ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuan aritzea.

c) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Epe horren barrenean, eta salbu aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, baldin eta lanposturako baldintzak betetzen baditu, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, Deierriko Udalak eskatu eginen dio proposatzen den izangaiari, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.

10.–Izendapena, plaza hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Toki-erakundeko funtzionario izendatuko da, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta plaza hutsa adjudikatuko zaio.

10.2. Izendapenak eta plazaz jabetzeak berekin ekarriko du nomina eta plantillako funtzionario bihurtzea izendatuak, eta izanen dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du plazaz, salbu aski justifikaturik dauden kasuetan.

Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, plazaz jabetzen ez badira, galduko dituzte Deierriko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Kasu horretan, deialdiaren 9.4 deialdian ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Baldin funtzionario bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, ematen bazaio borondatezko eszedentzia, jabetza hartzearen egunetik beretik, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Ondotik azaltzen de aldi baterako kontratazioetarako zerrenda prestatuko da, hautapen-prozesua gainditu baina plazarik lortu ez duten izangaiekin (hori dena, bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan, zeinaren bidez onesten baita aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak, eta oinarri honetan ezarritako prozeduran):

Zerrendako izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

Berdinketak ebazteko, halakorik badago, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak, hain zuzen, 7.3 eta 7.4 oinarrietan ezarritakoak (gainditutako proben puntuazioari eta zozketa egiteari buruzkoak).

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, toki-erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da (ezaugarrien taulan zehaztua) proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri guztia ere.

13.–Datu pertsonalak babestea.

Izangaiei honako honen berri ematen zaie, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Deierriko Udalaren ardura da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamendua.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona hemen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, Deierriko Udalera joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez (dpd@yerri.com).

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

14.–Errekurtsoak.

39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Deierriko Udaleko Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Deialdi honen oinarrien aurka edo aplikatzeko egintzen aurka, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izen-deiturak: ...............................................................................................................................; adinez nagusia; NANa: ................................; jaioteguna: ...................(e)ko ......................................aren .................(a); jaioterria: ...................................................(.................................................................); helbidea (herria): .........................................., kalea: ..............................................................................., zenbakia: ........., posta-kodea: .........................; telefonoa: .........................................; helbide elektronikoa: .......................................................................................

Zure aurrera azaldu, eta adierazten dut:

Ez dut karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisikorik.

Ez dut indarrean diren xedapenetan ezarritako ezgaitasunetarik batere.

Ez naiz kendua izan, diziplinazko espediente bidez, inongo administrazio publikoren zerbitzutik, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badut deialdian eskatzen den titulazioa.

Betetzen ditut, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak, eta aurkeztu ditut deialdian eskatutako agiriak.

Erantsi ditut merezimenduak frogatzeko agiriak. (Markatu, bidezkoa bada).

Desgaitasuna dut eta, beraz, eskatzen ditut azaltzen diren egokitzapenak, adierazten diren arrazoiengatik. (Markatu, bidezkoa bada. Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana. (Markatu, bidezkoa bada).

Horiek horrela, ESKATZEN DUT:

Onartua izatea honako honetan: deialdia, izangaien zerrenda bat egiteko, hautaproben bidez, bete dadin animatzaile soziokulturalaren lanpostu bat, Deierriko Udalaren zerbitzura.

DATA ETA SINADURA

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua. II. titulua. I. kapitulua: udalerria. III. titulua: I. kapitulua: Osoko Bilkuraren funtzionamendua. IV. titulua. Hirugarren atala: informazio batzordeak.

2. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea.

3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena toki-araubidearen oinarriak. II. titulua.

4. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Toki Administrazioari buruzkoa.

5. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

6. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.

7. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren Aurrean Osorik Babestekoa. I., II. eta III. tituluak.

8. gaia.–1/2002 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Elkartzeko Eskubidea arautzen duena. 1497/2003 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Elkarteen Erregistro Nazionalari buruzko eta hark gainerako elkarte erregistroekin dituen harremanei buruzko erregelamendua.

9. gaia.–45/2015 Legea, urriaren 14koa, Boluntariotzari buruzkoa.

10. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (salbu II. tituluko XI. kapitulua eta V. eta VI. tituluak).

11. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. Berdintasunerako politika publikoak. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

12. gaia.–Deierriko Udaleko Berdintasunerako Plana.

13. gaia.–Deierriri buruzko ezagutza.

14. gaia.–Andiako Gazteriaren Diagnostikoa eta Plana.

15. gaia.–"Animación Socio Cultural" J. María Quintana, Narcea editoriala, eta "Metodología y práctica de la Animación Socio Cultural", Ander Egg (egile nagusia).

16. gaia.–Esku-hartze komunitarioa. "Esku-hartze komunitarioan parte hartzeari buruzko gidaliburua" / "Guía de participación Comunitaria", Nafarroako Gobernua.

Aritzalan, 2026ko ekainaren 22an.–Alkatea, Ana Marta Mendaza Acedo.

Iragarkiaren kodea: L2608936