Iragarkia
128. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 2a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LESAKA
Oposizio-lehiaketa, sukaldarien hiru plaza betetzeko Andra Mari egoitzan
Alkatetzaren 2026ko ekainaren 1eko 423/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi dira, oposizio-lehiaketa bidez bete daitezen sukaldarien hiru plaza, lan-araubide finkoan.
Deialdia gauzatzeko, aplikatu beharreko araudian eta oinarri hauetan ezarritakoa beteko da.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Lesakako Andra Mari egoitza erakunde autonomoko sukaldarien hiru plaza, lanaldi osokoak, lan-kontratudun finkoaren araubidean.
1.2. Izendapenak Andra Mari egoitzako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, plazaren jabetza hartzen duenetik aurrera, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta, kasua bada, hartan alta emanen zaio.
1.3. Erakunde autonomoaren hitzarmenean lanpostuari dagozkion ordainsariak izanen ditu lanpostuak. Lanpostuaren lan baldintzak enpresaren hitzarmen kolektiboan daude araututa.
1.4. Erakunde autonomoak ezarriko ditu lanpostu horren lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.
1.5. Oinarri hauetan ezarri ez den orotan, honako arau hauei jarraituko zaie: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; eta aplikatu beharreko gainerako arauak.
1.6. Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da. Bitarte horretan, entitate kontratatzaileak kontratu harremana suntsiarazi edo hutsaltzen ahalko du, egoitzari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.
1.7. Lan hori egiteko, erabiltzaileen datu pertsonalak eskuratzen ahalko ditu, osasunari buruzkoak barne, eta baimena izanen du fitxategiak dauden tokietara sartzeko. Une oro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei, irudiei eta egindako lanetan jasotzen duen informazio orori buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia egoera eta abar). Daukan informazioa lanpostuaren eginkizun eta beharretarako soilik erabiliko du, eta ez du erabiltzen ahalko lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarren batzuei jakinarazten ahalko ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra iraunkorra da.
Hautatutako izangaiak nahitaez bermatu beharko du konfidentzialtasuna bere lankidetzarengatik edo lanarengatik ezagututako datuetarako, datu horiek egoki tratatu beharko ditu, eta sekretu profesionalaren betebeharren mende geldituko da, bai eta honako hauetan jasotako betebeharren mende ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu pertsonalak babesteari buruzkoa eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) eta hura garatzeko araudian –edo horiek ordezten edo aldatzen dituen beste edozein arautan–.
2. oinarria.–Eginkizunak.
Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta sukaldariaren lanpostuko zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunetan arituko da. Kontratatzen den langilea zentroko zuzendariaren mendean arituko da zuzenean eta eginkizun nagusia izanen du eguneroko jardueretan erabiltzaileak zaindu eta laguntzea, beren kabuz egin ezin dutenean, eta haien laguntza pertsonala eta haien ingurunearena xede duten lan guztiak egitea.
Besteak beste, eginkizun hauek bete beharko ditu:
–Ezarritako menuak prestatzea.
–Sukaldea eta baxerak garbitzea, jantoki zerbitzua ematea eta jantokia prestatzea.
–Erosketak eta dokumentazioa kudeatzea (albaranak, fakturak...).
–Arriskuen Analisia eta Kontrol Puntu Kritikoak (AAKPK) delakoari lotutako lan eta erregistro guztiak; egoiliarrendako sukaldaritza-lantegiak eta abar.
–Sukaldari kategoriari eta lanpostuari dagozkion berezko lanak.
–Oro har, lehenago zehaztu ez diren arren, agintzen zaizkion lan guztiak eginen ditu, baldin eta haren lanbidearen jardunekoak eta haren prestakuntza teknikokoak badira.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, parte-hartzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu kide batekoa, edo langileen zirkulazio askearen aplikazio-eremukoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
d) Euskaraz jakitea. Horretarako, ahozko B2 eta idatzizko B1 tituluak aurkeztu behar dira, edo, bestela, eskatutako ezagutzaren proba espezifikoa egin behar da, 11 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
g) B motako gidabaimena edukitzea.
3.2. Espainiako nazionalitatea ez dutenek, parte hartu nahi badute, zinpeko aitorpen edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ezen inongo diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez diela galarazten beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
3.3. Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.
4. oinarria.–Eskabideak.
4.1. Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bide erabiliz (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), kontuan izanik ezen, epe hori egun baliogabean bukatzen bada, hurrengo egun balioduna izanen dela eskabideak aurkezteko azken eguna.
Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Lesakako Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Lesakako Udalaren egoitza elektronikoan dago: Egoitza elektronikoa-LESAKA (https://sedeelectronica.lesaka.eus/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=639).
4.2. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).
4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia.
b) Deialdi honen 3. oinarriko c) atalean eskatutako tituluen kopia.
c) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztien kopiak.
d) Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa: 15,00 euro.
Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan: ES88 3008 0054 1507 1153 2911.
Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek: izen-deiturak eta kontzeptua, hots, zer hautapen-prozesutan parte hartu nahi den.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.
b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana, eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilabetero.
Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:
–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu-bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan agertuko da zein egunetan inskribatu zen lan-eskatzaile gisa, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide-sustapen, -prestakuntza edo -birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik hilean. Horretarako, deialdiaren fitxan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskabidean berean horretarako dagoen tokian idatzi.
Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taul(et)an zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.
Azterketa-eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Azterketa-eskubideen tasa ordaindu arren, ezinbestekoa izanen da aurkezteko izapidea behar den epean eta moduan egitea.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil nahiz administratiboak eskatuko dira.
4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.5. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, baldin ariketa egiteko egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, agiri bat aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua), organo eskudunak emana.
5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lesakako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onetsiko duena izangai onartuen eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan, web-orrian, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Lesakako Udaleko erregistro orokorrean.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioak ebatzirik, Lesakako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zer ordutan hasiko den.
Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia: eraketa eta jarduketak.
6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Ladis Satrustegui Alzugaray, Lesakako Udaleko alkatea.
Epaimahaiburuaren ordezkoa: hark eskuordetzen duena.
–Lehen epaimahaikidea: Misael Narros Martín, egoitzen kudeaketako teknikaria.
Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.
–Bigarren epaimahaikidea: Laura Apezteguia Alzugaray, Lesakako Andra Mari egoitzako zuzendaria.
Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.
–Hirugarren epaimahaikidea: Begoña Aracues Macicior, Lesakako Andra Mari egoitzako ordezkari sindikala.
Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.
–Epaimahaikide idazkaria: María José Larráyoz Ariztegui, Lesakako Udaleko idazkaria.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: hark eskuordetzen duena.
6.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko eginen diote, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin indarreko araudian abstenitzeko ezartzen diren egoeretako batean badaude, eta izangaiek haiek errekusatzen ahalko dituzte arrazoi horietako bat gertatuz gero.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren eta elkarrizketaren nondik norakoak.
Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gutxienez bi hilabete iragan ondoren hasiko da oposizio-lehiaketa. Lehenik lehiaketaldia izanen da, eta, ondoren, oposizioaldia, oinarri hauen arabera. Elkarrizketa azken fasea izanen da.
8. oinarria.–Lehiaketaldia.
8.1. Lehiaketaldian, kalifikazio-epaimahaiak baloratuko ditu lehiakideek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean alegatutako eta frogatutako merezimenduak, merezimenduen baremo honekin bat:
–Lanbide Heziketa.
- Sukaldaritza eta Gastronomiako gradua. 10 puntu.
–Laneko eskarmentua. (Sukaldaria). 20 puntu, gehienez.
- Eskarmentura, sukaldari gisa, kolektibitateetan, oro har (eskolak, haurtzaindegiak, ikastetxeak...).
- Eskarmentua egoitza geriatrikoetako edo antzeko laguntza zentroetako sukaldari gisa, izan horiek titulartasun publikokoak edo pribatukoak, behar bezalako kontratu harremanarekin.
- Mendekotasuna dutenei laguntzeko egoitzetan eta kolektibitateetan, oro har, (eskolak, haurtzaindegiak, ikastetxeak...) lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,20 puntu, lanaldi partzialak haztatuta.
8.2. Lehiaketaldiaren balorazioa gehienez 30 puntukoa izanen da.
8.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
8.4. Lanean zer administraziotan edo enpresatan aritu diren, administrazio edo enpresa horien ziurtagirien bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, eta agiri horietan datu hauek agertu beharko dira nahitaez:
–Bete den lanpostua eta zer administraziotan aritu den.
–Zerbitzu-ematearen iraupena, hasierako egunetik bukaerako egunera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.
–Lanaldiaren ehunekoa.
Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaera arte, egindako lanaldiaren ehunekoaren arabera. Puntu honetako puntuazioa emanen da, gehienez ere, eguneko lanaldi oso bat kontuan hartuta.
Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak proportzionalki baloratuko dira.
8.5. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte bost egun balioduneko epean, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.
9. oinarria.–Oposizioaldia.
9.1. Alkateak ebazpen baten bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Ebazpena argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
Gainerako proben iragarkiak argitara emanen dira soilik Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta aurreko probak egin diren tokian.
9.2. Oposizioko ariketak, horretarako aukera ematen badute, gutun-azal itxien sistema erabiliz eginen dira eta gehienez 60 puntu lortzen ahalko dira. Ariketa teoriko-praktiko bat egin beharko da. 60 galderako test bati erantzun beharko zaio idatziz; zenbait aukera emanen dira erantzuteko, baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiaren II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.
Proba honetan, epaimahaiak 60 puntu emanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 30 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.
Galdera guztiek balio bera izanen dute. Oker erantzuteagatik ez da penalizaziorik izanen.
10. oinarria.–Elkarrizketaren fasea.
Epaimahaiak elkarrizketa eginen die oposizioaldia gainditu duten izangaiei. Ariketa honetan, gehienez, 10 puntu lortzen ahalko dira guztira. Ez da baztertzailea izanen.
11. oinarria.–Deialdiaren nondik norakoak.
Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun balioduneko epean, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.
Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean daramatela nortasun-agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira probara agertzen ez direnak edo nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak.
Desgaitasun frogatua dutenendako (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.
Hizkuntza-maila zehazteko proba.
Euskararen ezagutza egiaztatzen duen B2-B1 mailako titulua edo baliokidea ez dutenek aukera izanen dute ezagutza hori egiaztatzeko. Horretarako, eskatutako hizkuntza-maila zehazten duen proba gainditu beharko dute.
Maila-proba hori egin nahi duten izangaiek eskabide-orrian adierazi beharko dute.
Euskarabideak eginen du hautapen-prozesua, eta bi ariketa izanen ditu.
Lehenengoa idatzizko ariketa izanen da, eta irakurriaren ulermena eta idazteko trebetasunak baloratuko dira (gramatika, hiztegia, diskurtso-egokitasuna, antolaketa eta koherentzia, etab.).
Bigarrenean, ahozko ariketa bat eginen da, hizkuntzaren ahozko ezagutzaren ulermena eta irismena baloratzeko (gramatika-errepertorioa, etorria, interakzioa, ahoskera eta intonazioa, diskurtso-kohesioa, etab.).
Bi ariketak gainditzen dituzten izangaiek bakarrik frogatuko dute euskararen ezagutza, eta hautaketa-prozesuan parte hartzen ahalko dute.
12. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.
12.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera, Lesakako Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Lesakako Udaleko alkateari igorriko dio, eta, horrekin batera, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena.
Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta udaletxeko iragarki-taulan jarriko.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian, oposizioaldian eta elkarrizketan erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, ariketen batuketan puntuazio handiena lortzen dutenen alde ebatziko da; berdinketak jarraitzen badu, oposizioko proba teoriko-praktikoan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraitzen badu, lehiaketako puntuazioarekin ebatziko da. Azkenik, berdinketak jarraitzen badu, zozketa publikoa eginen da.
Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, Lesakako Andra Mari egoitzan maila horretako ordezkapenak egin behar direnerako erabiliko da, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiaren xedearekin bat.
Poltsakoei deitzeko, kontuan izanen da III. eranskinean ezarritako araudia.
12.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamar egun naturaleko epean, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu proposatutako izangaiak Lesakako Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Euskaraz jakitearen frogagiria.
d) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun-ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik, administrari-ofizialaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.
e) Zinpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
f) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
g) Lesakako Udaleko Andra Mari goitza erakunde autonomoak eskatzen duen gainerako dokumentazioa.
12.3. Behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu aipatutako epean agiri horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.
12.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 12.1 apartatuak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaia izendatuz beteko da hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
13. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
13.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 10.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Lesakako Udaleko alkate udalburuak izendatuko du Andra Mari egoitza erakunde autonomoko lan-kontratudun finko, sukaldari lanpostuan aritzeko.
13.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
13.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Lesakako Andra Mari egoitzako langile lan-kontratudun finko izateko. Kasu horretan, deialdiko 12.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
14. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna:
Identitatea: Lesakako Udala.
Posta helbidea: Herriko Plaza 1, 31770, Lesaka.
Telefonoa: 948 637005.
Posta elektronikokoa: udala@lesaka.eus.
Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea botere publikoen jardunean.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.
Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan; horretarako, idazki bat bidali behar dute haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
15. oinarria.–Errekurtsoak.
15.1. Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
15.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Lesakan, 2026ko ekainaren 10ean.–Alkatea, Ladis Satrústegui Alzugaray.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. Higieneari, garbiketari eta desinfekzioari buruzko arauak.
2. Nutrizioa.
3. Laneko arriskuen prebentzioa.
4. Egoiliarraren elikadura.
5. Dietetika.
6. Eskaerak kudeaetzea: albaranak eta fakturak.
7. Elikagaien segurtasunaren kudeaketari buruzko prebentzio-sistema. Arriskuen Analisia eta Kontrol Puntu Kritikoak.
Oharra: gai guztiak eskatuko dira ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera.
III. ERANSKINA.–LESAKAKO ANDRA MARI EGOITZAKO SUKALDARIAREN LANPOSTUAREN LAN-POLTSA KUDEATZEKO ARAUAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
Ebazpen honen xedea da arauak ezartzea izangaien zerrendak kudeatzeko, Lesakako Andra Mari Egoitza erakunde autonomoko sukaldari lanpostua aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko.
2. artikulua. Zerrenda eratzea.
1. Hautapen-prozesuko probak gainditu dituzten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, puntuazioaren arabera.
2. Izangaien zerrendako lehentasuna ezarriko da kontuan izanda nork lortu duen puntuaziorik handiena lehiaketaren zati osoan, oposizioaren zati osoan eta elkarrizketan.
3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.
4. Zerrendak indarrean dauden bitartean, lanpostu bererako beste zerrendaren bat osatzen bada hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikien onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.
5. Egoitzak hala behar badu efikazia- eta efizientzia-arrazoiak direla-eta, lanaldi partzialeko kontratuak egiteko aukera izan daiteke.
Esan beharra dago, sukaldariaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaiei deitzeko, kontuan hartuko dela Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin bateragarria dela frogatzen badute.
3. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.
1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du. Egoitzak hautapen prozesuan parte hartzeko eskaera-orritik eskuratuko ditu datu horiek. Dena den, interesdunak berariaz eskatzen ahalko du datu horiek aldatzeko eta/edo eguneratzeko.
2. Izangaiei deitzeko orduan, aurretik ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.
3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.
Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.
4. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.
5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.
Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.
6. Hasiera batean hilabetekoak edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete behar izan gabe.
7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eskainiko, lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan izan ezik, horietan ahaleginak eginen baitira udal berean bete beharreko beste premia batzuekin osatzeko lanaldia, betiere kontratu beraren barruan posible bada eta interesdunaren adostasuna badago.
8. Kasu bakoitzean ezarritako epean jakinarazi beharko du izangaiak kontratua onartzen duela, eta epe hori ez da 24 ordu baino gehiagokoa izanen, deia jasotzen denetik hasita, Andra Mari egoitzak hala erabakitzen badu. Erantzuten ez badu, interesdunak kontratuari uko egiten diola ulertuko da.
4. artikulua. Deietarako lehentasun apartekoa.
1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 6 hilabeteko epearen barruan, udal berean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion momentuan baldintza hauek betetzen badira:
–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.
–Aurreko kontratua bukatzeko arrazoia ez izatea hari uko egin izana.
5. artikulua. Presako deiak.
Behar bezala frogatutako presako kasuetan, kontratazioa, behin baimendu ondoren, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaio, 3.3 artikuluan ezarritakoa bete behar izan gabe.
6. artikulua. Deia egitea amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.
1. Amatasunaren, aitatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei plaza hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
3. Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.
4. Horrelakoetan, amatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.
7. artikulua. Kontratazio eskaintzari uko egitea.
1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:
a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Lanaldi partzialeko kontratu bati uko egitea, parte hartzeko eskabidean aukera hori hautatu ez bazuen. Lanaldi partzialeko kontratu bat onartuz gero, 3.8 artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.
c) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatzen duten arte uko egiteko arrazoia bukatu dela.
d) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.
e) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.
f) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
g) Behar bezala aitortutako desgaitasuna izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.
2. Aurreko atalean jasotako kasuetan, g) letrakoetan izan ezik, izangaiek jakinarazi beharko dute zerbitzu emateko moduan daudela. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), e) eta f) letretako kasuetan, gertaera eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.
3. Izangaiek, baldin eta artikulu honetako 1. atalean adierazitako egoeretako batean badaude, g) letrakoan izan ezik, hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, egoera hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Justifikatuz gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
8. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.
Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
c) Probaldia ez gainditzea.
d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta ukoaren zergatia baldin bada izangaia sartu dela Lesakako Andra Mari egoitza erakunde autonomoan lan-kontratudun gisa, maila bereko edo apalagoko beste lanpostu batean aritzeko, edo arau honen 3.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
f) Lan-kontratudun finko gisa sartzea Lesakako Andra Mari egoitza erakunde autonomoan, lanpostu berean edo maila handiagoko beste batean.
g) Lanpostutik alde egitea.
h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.
Iragarkiaren kodea: L2608675
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
