128. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BAZTAN

Oposizio-lehiaketa, bete daitezen familia-langileen lau plaza barne-igoera murriztuan

Baztango Udaleko alkate Fernando Anbustegi Goñik, 2026ko ekainaren 16ko 349. Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, bete daitezen familia-langileen lau plaza, D mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez eta barne-igoera murriztuan.

Baztanen, 2026ko ekainaren 16an.–Alkatea, Fernando Anbustegi Goñi.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

Deialdi honen xedea da betetzea familia-langileen lau plaza, D mailakoak, barne-igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozedurari.

1.1. Udalaren 2026ko plantilla organikoa hasiera batez onetsi zen Osoko Bilkuraren 2026ko martxoaren 26ko ebazpen baten bidez, eta behin betiko onespena argitaratu zen 2026ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 8an. Bertan ezartzen da barne-igoera murriztuaren bidez D mailan sartuko direla, familia-langile gisa, plantilla organikoan 9.11, 9.12, 9.13 eta 9.14 zenbakiak dituzten plazak, eta jasoko dituztela dagozkien ordainsari osagarriak. Horretarako, bada, hautaproben deialdia eginen da, bat etorriz 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluarekin.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoan aipatu lanpostuetan aritzeko izendatzen diren izangaiak D mailan/taldean sartuko dira, eta plantilla organikoan 9.11, 9.12, 9.13 eta 9.14 zenbakiak dituzten plazetarako ezarritako ordainsari osagarriak jasoko dituzte, gaur egungoen ordez.

1.3. Mailaz igoko dira prozedura gainditu eta deialdiko plaza-kopuruan sartzen diren izangaiak.

1.4. Mailaz igo direnek jatorrizko zerbitzuari edo arloari atxikirik segituko dute; deialdiko maila eta kategoriari, eta eskatutako ikasketei egokitutako eginkizun eta lanetan ariko dira eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten zituztenak ere beteko dituzte.

1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izan funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eutsiko dio eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Baztango Udaleko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, E mailan edo taldean egotea, eta ahozko C1 / EGA / HEOko 5. maila eta idatzizko B2 / HEOko 4. maila izatea.

b) Baztango Udalean funtzionario edo lan-kontratudun finko izendatua izatea ahozko C1 / EGA / HEOko 5. mailako eta idatzizko B2 / HEOko 4. mailako hizkuntza-eskakizuna duen familia-langileen plaza bat betetzeko.

c) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada administrazio honetako beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea Nafarroako administrazio publikoetan.

e) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskola-graduatua edo DBHko graduatua edukitzea, edo haien baliokidea den beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina (azkeneko hori frogagiri bidez justifikatuko da). Titulazioaren baldintzaren ordez, kasu honetan aukeran egonen da administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua dutela frogatzeko, bat etorriz 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.2 artikuluan ezarritakoarekin.

3.–Eskabideak.

3.1. Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Baztango Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dute eskabidea (deialdi honen II. eranskinaren araberakoa), edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Horretarako, hogei egun naturaleko epea izanen da, kasuan kasuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira merezimendu guztiak, epaimahaiak deialdi honen arabera baloratu behar dituenak.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, zerrenda hori zuzenean onesten ahalko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Fernando Anbustegi Goñi, Baztango Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Mariano Iribarren Irigoyen, Baztango Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Arantza Mariezkurrena Perotxena, Baztango Udaleko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Maite Herrera Bertiz, Baztango Udaleko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: Itsaso Morato Perurena, Baztango Udaleko gizarte-hezitzailea.

–Ordezkoa: Laura Andresena Zubigarai, Baztango Udaleko gizarte-langilea.

–Epaimahaikidea: Miren Josune Iturzaeta Barnó, Baztango Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria; batzordeak berak izendatua.

–Ordezkoa: Ana Larruy Alaña, Baztango Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria; batzordeak berak izendatua

–Epaimahaikide idazkaria: Iulen Xabier Urbiola Loyarte, Baztango Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi, eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zer ordutan hasiko den oposizio-lehiaketa. Deialdia argitaratzen denetik oposizioaren azterketa egin arte gutxienez bi hilabete igaro beharko dira.

6.3. Oposizioaldia.

6.3.1. Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz erantzun beharko zaie 35 galderari. Horiek izanen dira I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bakarra izanen da zuzena. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.

Erantzun zuzen bakoitzeko 2 puntu emanen dira.

6.3.2. Epaimahaiak iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian emanen du argitara lehen ariketaren emaitza, eta hiru egun naturaleko epe bat irekiko da alegazioak egiteko.

Hura bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (halakorik aurkeztu bada), behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

6.3.3. Oposizioaldiko ariketari gehienez ere 70 puntu emanen zaizkio.

6.3.4. Oposizioko ariketa baztertzailea izanen da. Bazterturik geldituko dira ariketan gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.3.5. Hautaketa-prozedura bukatuta, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak, ariketa egin den tokian bertan eta Baztango Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

6.3.6. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea aldean daramatela. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.4. Lehiaketaldia.

6.4.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, jarraian azaltzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.4.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako administrazio publikoetan, familia-langileen lanpostuan egindako urte bakoitzeko 2 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

6.4.3. Lanpostuarekin lotutako prestakuntza: gehienez ere 10 puntu.

6.4.4. Lehiaketaldiko puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez.

6.4.5. Lehiaketaldia bukaturik, izangai bakoitzaren puntuazioa jendaurrean paratuko da, Baztango Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera, Baztango Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7.2. Epaimahaiak izendapen proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, egoki diren izangaiaren alde, hau da, prozedura gainditu eta deialdiko plaza-kopuruan sartzen diren izangaien alde. Ebazpen hori argitaratuko da Baztango Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautaketa-prozedura bukatutakoan, alkateak, izendapen proposamenarekin bat, ebazpen bidez izendatuko ditu prozedura gainditu eta deialdiko plaza-kopuruan sartzen diren izangaiak, eta horiek izanen duten maila berria zehaztuko du. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuek plazaz jabetu beharko dute, edo lan-kontratuaren eranskina formalizatu, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean. Norbait plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua, Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa.

3. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzea.

4. gaia.–Baztango ordenantza, koto eta paramentu berriak. I. titulua.

5. gaia.–Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntzaren xede diren egoerak.

6. gaia.–Familia-langileak etxeko laguntza zerbitzuan. Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Etika profesionala, gizarte zerbitzu oinarrizkoen esparruan.

7. gaia.–Hirugarren adina. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

8. gaia.–Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa. Lehen laguntza. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen egokitzapena.

9. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: I. tituluaren I. kapitulua, Jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua.

10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. tituluaren I. kapitulua, Jarduteko printzipio orokorrak.

11. gaia.–Desgaitasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

12. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak.

II. ERANSKINA.–ESKABIDEA, DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO FAMILIA-LANGILEEN LAU PLAZA, D MAILAKOAK, BARNE-IGOERA MURRIZTUAN (NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN 15.6 ARTIKULUAN EZARRITAKOARI JARRAIKIZ)

NANa/AIZa:

Jaioteguna:

Nazionalitatea:

Egungo helbidea:

PK:

Herria:

Telefono mugikorra:

Helbide elektronikoa:

AZALTZEN DUT:

–Betetzen ditudala deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza guzti-guztiak.

–Eskabide honi eransten dizkiodala deialdiaren oinarrietan eskatzen diren agiriak:

Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen kopia.

Eskola-graduatuaren, DBHko graduatuaren edo haien baliokidea den beste baten kopia.

–Euskaraz dakidala frogatzeko (X batez adierazi bidezko dena):

Eskabide honekin batera, aurkezten dudala euskaraz ahozko C1 / EGA / HEOko 5. maila eta idatzizko B2 / HEOko 4. maila dudala frogatzen duen dokumentazioaren kopia.

Euskararen ezagutza frogatzeko proba egitea eskatzen dudala.

ESKATZEN DUT:

–Onartua izatea D mailako familia-langileen lau plaza lehiaketa-oposizio bidez eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozeduraren bidez betetzeko deialdian. ....................... zenbakia duen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen deialdia, .....................(e)ko ...............................aren ....................(e)(a)n.

2026ko .....................................................aren ..........................(e)(a)n

Sinadura:

MEREZIMENDUA

LANPOSTUA

LAN EGINDAKO EGUNAK

Nafarroako administrazio publikoetan emandako zerbitzuak

PRESTAKUNTZA

Eskabidearekin batera, eskatzaileak alegatutako merezimenduak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Epaimahaiak, egoki baderitzo, eskatzaileari eskatzen ahalko dio alegatutako merezimenduei buruzko dokumentazio argigarria aurkezteko. Kasu horietan, bost egun baliodun emanen dira.

Iragarkiaren kodea: L2608717