1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
115/2026 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak emana, xedatzen duena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bat, Mantle 8 Iberia SL sozietateari ematen diona 3608 zenbakiko "Aralar I" esplorazio baimena, Nafarroako eta Gipuzkoako probintziak ukitzen dituena.
Ikusita Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bat, Mantle 8 Iberia SL sozietateari ematen diona 3608 zenbakiko "Aralar I" esplorazio baimena, Nafarroako eta Gipuzkoako probintziak ukitzen dituena.
Meatzaritzako Araubidearen Erregelamendu Orokorra onesten duen abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 61. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Xedatzea aipatutako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, orok jakin dezan. Ebazpen hori eranskinean ageri da.
2026ko ekainaren 22an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiaren ordez (aintzat hartuta 7/2025 Foru Agindua, irailaren 3koa, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak emana, eta 2025eko 187. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 19koan), Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.
POLITIKA ENERGETIKOAREN ETA MEATZEEN ZUZENDARITZA NAGUSIAREN EBAZPENA, MANTLE 8 IBERIA SL SOZIETATEARI EMATEN DIONA 3608 ZENBAKIKO "ARALAR I" ESPLORAZIO BAIMENA, NAFARROAKO ETA GIPUZKOAKO PROBINTZIAK UKITZEN DITUENA
Espediente hau ikusita: "MANTLE 8 IBERIA SL" sozietateak eskatutako 3.608 zenbakiko "ARALAR I" esplorazio baimena, Nafarroa eta Gipuzkoako probintziak ukitzen dituena; eta honako hauek izanik
AURREKARIAK
2025eko uztailaren 9an, "MANTLE 8 IBERIA SL" sozietateak 3.608 zenbakiko "ARALAR I" esplorazio baimena eskatu zion Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Meatzaritzako 2.996 laukiko azalera du, eta Nafarroako eta Gipuzkoako probintziak ukitzen ditu. Baimenaren helburua da hidrogeno natiboa eta helioa esploratzeko azterketak eta miaketak egitea.
2025eko azaroaren 13an, Nafarroako Gobernuko zerbitzu horrek errekerimendu bat igorri zion MANTLE 8 IBERIA SL enpresari, esplorazio baimenaren eskaera zuzentzeko eta eguneratzeko. Errekerimendu horretan, enpresari eskatu zitzaion epea urtebetera doitzeko, eta egiaztatzeko esplorazioa hidrogenora eta heliora mugatzen zela eta teknikoki eta xehetasunez justifikatu behar zuela eskatutako azaleraren hedadura. Eskatu zitzaion, era berean, bere metodologiaren egoera argitzeko, aurrekontua zehazteko, ingurumenaren aldetik aplikatu beharreko araudia betetzeko eta dagozkion tasak ordaintzeko.
2025eko abenduaren 17an, "MANTLE 8 IBERIA SL" enpresak Nafarroako Gobernuaren errekerimenduari erantzun zion, eta dokumentazio osagarria eta zegozkion izapidetze-tasen ordainagiria aurkeztu zituen.
2026ko apirilaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak aldeko txostena eman zuen 3.608 zenbakiko "ARALAR I" esplorazio baimenaren eskaerari buruz.
2026ko apirilaren 29an, Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak aldeko txostena eman zuen 3.608 zenbakiko "ARALAR I" esplorazio baimenaren eskaerari buruz.
2026ko apirilaren 30ean, Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, 3.608 zenbakiko "ARALAR I" esplorazio baimenaren eskaera izapidetu ondoren, zuzendaritza honi helarazi zion espediente osoa, behin betiko ebazpena emateko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Meategiei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legearen 40. artikuluak eta Meatzaritzako Araubidearen Erregelamendu Orokorra onesten duen abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 59. artikuluak ezartzen dutenez, Industria eta Energia Ministerioak esplorazio baimenak ematen ahalko ditu.
Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 60.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta baimenaren eremu geografikoa bi autonomia-erkidegotara hedatzen denez, Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusi honi dagokio esplorazio baimena emateko eskumena.
Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 59.1 artikuluak xedatzen duenez, esplorazio baimen baten titularrak azterketak eta miaketak egiten ahalko ditu eremu jakin batzuetan, lurraren konfigurazioa nabarmenki aldatzen ez duten edozein motatako teknikak erabiliz. Hala, espediente honen esplorazio programaren barneko jarduerak, funtsean, honako hauek dira: kabinete-lanak, kartografia geologikoa, landa-datuak modu ez-inbaditzailean eskuratzea eta laborategian aztertzeko lagin puntualak hartzea, bai eta 2D/3D eredu geologikoak egitea ere. Ez da aurreikusten erauzketa-jarduerarik edo lurra edo lurpea nabarmenki aldatzea dakarren jarduketarik; izan ere, teknologia pasibo bat (geofonoak) erabiliko da, lurpearen irudiak lortzeko bidea ematen baitu.
Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 59.2 artikuluak dio esplorazio baimenak emanen direla ezertan galarazi gabe beste pertsona batzuek lur eta lauki berberen gainean eskuratutako eskubideak, baimen horiek emateak ez baitu esan nahi eskaera aurkezten den egunean lurrik libre eta erregistratzeko moduan dagoenik.
Abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 61.1 artikuluan xedatuta dagoenez, esplorazio baimena emanen da baldin eta, proiektatutako azterketen eta miaketen ezaugarriak direla-eta, beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen bada, eta, hala badagokio, egokitzat jotzen diren baldintza bereziak ezarriko dira. Hala, kontuan hartu behar da esplorazio baimen honetan inguruabar hori gertatzen dela, ez baita lehenago esploratu baliabide hori, hidrogeno natiboa, alegia, eta horrek justifikatzen du azterketa berriak egitea. Era berean, kontuan hartzen da ukitutako autonomia-erkidegoek baimena ematearen aldeko txostena egin dutela. Horrek bideragarritasun handiagoa ematen du, aintzat hartuta lur-azalera kasukoa bezain handia dela. Hala izan ez balitz, zalantzazkoa izanen litzateke esplorazio baimenaren figura erabiltzea, eta ez ikerketa baimenarena, uztailaren 21eko 22/1973 Legeak ere aurreikusten duena. Izan ere, kasuko azalera hain handia izanik, eta azken 50 urteetan erakunde ofizialek (hala nola IGMEk eta unibertsitateetako sailek) bildu duten geologia orokor eta erregionalaren ezagutza bildurik, sustatzaileari eskatuko litzaioke gainazaleko lanetara ez mugatzeko, eta agerian uzteko balizko baliabide geologiko hori badagoela, zundaketen, kalikaten, putzu txikien eta are lan geofisikoen bidez, zeinek lurraren konfigurazioa alda baitezakete nabarmenki.
Ez baitira aplikatzekoak abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitutako eremua babestu eta lehengoratzeari buruzkoa, bete baitira Meategiei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legearen 40., 41. eta 42. artikuluetan eta abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 59., 60. eta 61. artikuluetan aurreikusitako izapideak, eta Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-erkidegoen txostenak ikusita, zuzendaritza nagusi honek EBAZTEN DU «MANTLE 8 IBERIA SL» enpresari (IFKa: B21981287; helbidea: Príncipe de Vergara kalea 109, 2. solairua, 28002 Madril) honako esplorazio baimen hau ematea:
Izena: Aralar I.
Espediente zenbakia: 3.608.
Ikertu beharreko baliabideak: C) atala.
Iraupena: 1 urte.
Azalera: meatzaritzako 2.996 lauki.
Probintziak: Nafarroa eta Gipuzkoa.
Azalera: meatzaritzako bi mila bederatziehun eta laurogeita hamasei (2.996) lauki (krokisa erantsi da), honako koordenatu hauekin:
ERPINA | ETRS89 KOORDENATU GEOGRAFIKOAK | UTM 30 N ETRS89 KOORDENATUAK |
Longitudea (O) | Latitudea (N) | X | Y |
Pp-1 | 2° 06’ 00’’ | 43° 03’ 00’’ | 573298,22 | 4766760,23 |
2 | 1° 30’ 20’’ | 43° 03’ 00’’ | 621711,85 | 4767450,91 |
3 | 1° 30’ 20’’ | 42° 53’ 40’’ | 622019,05 | 4750176,39 |
4 | 2° 06’ 00’’ | 42° 53’ 40’’ | 573483,19 | 4749485,98 |

BALDINTZA BEREZIAK
Lehenengoa.–Lan guztiak eginen dira lurraren konfigurazioa nabarmenki aldatzen ez duten teknikak erabiliz, eta ezin izanen da ez biderik ez sarbiderik ireki esplorazio lanak egiteko.
Bigarrena.–Emakida honek ez du salbuesten gainerako txosten lotesle, baimen, lizentzia, baimen edo onespenetatik, baldin eta aginduzkoak badira proiektatutako jarduera behar bezala gauzatzeko, indarrean dagoen legeriarekin bat.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan xedatutakoarekin, eta haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Energiaren Estatu Idazkaritzaren titularrari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Hilabetekako epeak zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
Madrilen, 2026ko ekainaren 5ean.–Politika Energetikoaren eta Meatzeen zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.
Iragarkiaren kodea: F2608971