128. ALDIZKARIA - 2026ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko maiatzaren 27an hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2026. urteko plana.

2022ko udan gertatutako baso-suteak aztertu eta gero, Espainiako Gobernuak abuztuaren 1eko 15/2022 Errege Lege-dekretua onetsi zuen, zeinaren bidez baso-suteen arloan presako neurriak hartu baitziren. Gero, irailaren 20ko 17/2022 Errege Lege-dekretuaren azken xedapenetako lehenaren bidez errege lege-dekretu hori aldatu zen.

Arau horrek Mendiei buruzko azaroaren 21eko 43/2003 Legea aldatu zuen, lehenbailehen aplikatzeko neurri batzuk ezartzeko asmoz, ahalik eta lasterren aurre egiteko larrialdi klimatikoko egungo egoerari.

Errege lege-dekretu horrek Mendiei buruzko Legean sartzen dituen aldaketek baso-suteei aurre egiteko aintzat hartu behar diren hiru eremuei eragiten diete: prebentzioari, itzalketari eta ukitutako baso-lurrak mantentzeko eta berroneratzeko lanei. Hala, esparru horren barrenean, ezartzen du autonomia-erkidegoek, baso-suteen arrisku orokorraren aurrean, urtero egin eta onetsi behar dituztela baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko planak.

Plan horietan, aurrera eraman beharreko jarduketa guztiak jasoko dira, eta kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren lurralde osoa hartuko da kontuan.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko azaroaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA 2022) onetsi zuen.

Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2023. urteko plana onetsi zen.

Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 12an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2024. urteko plana onetsi zen.

Nafarroako Gobernuak 2025eko maiatzaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2025. urteko plana onetsi zen.

Planean jasota daude Mendiei buruzko azaroaren 21ko 43/2003 Legearen 48. artikuluan eskatzen diren edukiak, eta eranskin gisa ageri dira honako hauek: Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA 2022); Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2026. urteko plana; lurzoru urbanizaezinean sua erabiltzea arautzen duen araudia, baso-suteak prebenitze aldera; orobat, administrazio honen eskumenekoak diren baimenak, aipatutako artikuluaren d) letrako 6. puntuan adierazitakoari jarraikiz, eta INFONA Plana aktibatzen den egoeretako baimenak.

Baimenak 2023ko planean finkatu ziren, Foru Komunitateko Administrazioko departamentu guztiei kontsulta egin ondoren. 2024an doikuntza txiki batzuk egin ziren, sektoreko zenbait eragilek egindako ekarpenen ondorioz. Eta 2025ean, 2024. urteko planeko baimen berak mantendu ziren.

2026an, aldaketa batzuk egin dira plana abuztuaren 26ko 716/2025 Errege Dekretuan ezarritako egiturara eta edukietara egokitzeko (errege dekretu horren bidez, baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko planen jarraibide eta irizpide komunak onetsi ziren).

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2026. urteko plana, erabaki honen eranskin gisa atxiki dena.

2. Erabaki honetan xedatutakoa aplikatuko da galarazi gabe babes zibilaren arloko eskumena duen organoak Nafarroako babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloko araudia aplikatuta hartzen dituen gainerako esku-hartze eta/edo oneratze neurri guztiak.

3. Aurreko puntuan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez, 2026. urteko planaren 4. eranskinean jasoak dauden 4., 5. eta 6. taldeei buruzko baimenak aldatzen ahalko dira edo, are, bertan behera uzten ahalko dira, baldin eta baldintza meteorologikoek edo interes orokorreko beste inguruabar batzuek hala eskatzen badute.

4. Ingurumeneko zuzendari nagusiak, basoen arloko administrazioa den aldetik, 2026. urteko planaren 4. eranskinean jasoak dauden 1., 2. eta 3. taldeei buruzko baimenak (nekazaritza eta basogintza arloko lanbide jarduerari buruzkoak) aldatzen ahalko ditu edo, are, bertan behera uzten ahalko ditu, baldin eta baldintza meteorologikoek edo interes orokorreko beste inguruabar batzuek hala eskatzen badute.

5. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako idazkaritza tekniko nagusietara, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Gobernu Irekiaren Atarirako esteka gehitzea, han argitaratuko baita Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2026. urteko plana.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2026. urteko plana (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2607732