Iragarkia
123. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
394/2026 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna arautzeko 2026-2027 ikasturtean.
Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuaren bidez (haren bidez egokitu zen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua) ezarri ziren Nafarroan hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko curriculumak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoak.
Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2026-2027 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketak eta jardunak 2026-2027 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2026ko ekainaren 8an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–IRUÑEKO ETA TUTERAKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALEN ANTOLAKETA ETA JARDUNA 2026-2027 IKASTURTEAN ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK
Indizea
I.–Ikastetxeko urteko programazio orokorra.
II.–Irakasleak.
III.–Irakaslana koordinatzeko organoak.
IV.–Ikasleak.
V.–Antolaketari dagozkion alderdiak.
I.–IKASTETXEKO URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA
Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako zuzendaritza-taldeek urteko programazio orokorra prestatuko dute, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lanerako planak aintzat hartuta. Programazio horrek bermatuko du hezkuntza-jarduera guztiak modu koordinatuan betetzen direla, eskumenak behar bezala baliatzen direla eta eskola-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.
A) Alderdi orokorrak.
1.–Xedapen orokorrak.
Urteko Programazio Orokorra (UPO) ikastetxearen plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Haren bidez, ikasturtean zehar garatuko diren hezkuntza proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua zehaztea errazten da.
Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
Eskola kudeaketako EDUCA sisteman egonen da eskura orientazio gida bat, UPOa prestatzeko, haren segimendua egiteko eta ebaluatzeko (adibideak jasotzen ditu).
2.–Informazioa biltzeko iturriak.
Urteko programazio orokorra egiteko (UPOa), honako iturri hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
a) Aurreko ikasturtearen bukaerako memorian proposatutako hobekuntza arloak, zeinek kasu guztietan barne hartuko baitituzte hobekuntza proposamenak, jasota daudenak barne eta kanpoko proben emaitza akademikoen memorietan.
b) Urte anitzeko hobekuntza plana, ikastetxearen autoebaluazio prozesuaren ondoriozkoa.
c) Dagoen zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
d) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak igorritako alderdiak eta gomendioak, aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondoriozkoak.
e) Hezkuntza Departamentuak ematen dituen ikasturte hasierako jarraibideak.
f) Ikastetxeak ezarritako beste programa batzuk.
g) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
h) Ikastetxearen Plan Digitala.
3.–Edukia: atalak eta garapena.
Urteko Programazio Orokorrean honako alderdi hauek formalizatu beharko dira, indarreko araudiarekin bat:
a) Sarrera.
b) Ikastetxearen Urteko Plana.
c) Departamentuen eta beste talde batzuen planak.
d) Urteko Inklusio Plana.
e) Tutoretza Ekintzaren urteko plana.
f) Urteko Bizikidetza Plana.
g) Programazio didaktikoak.
h) Ikastetxearen beste plan batzuk.
i) Ikastetxearen Prestakuntza Plana.
j) Ikastetxearen Plan Digitala.
k) Proiektu eta programa instituzionalak.
l) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programazioa.
m) Urteko Programazio Orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
n) Eranskinak.
Ikastetxearen urteko plana bideratuta egonen da lehentasunezkotzat jotzen diren alderdiak hobetzera, eta urteko programazio orokorraren funtsezko elementua izanen da, gainerako jarduketa planak orientatu eta zehaztuko dituena.
Departamentuek helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute, eta, horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak ez ezik, ikastetxeko beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Horrez gainera, ikastetxean ikasturtean ezarri gogo diren beste jarduketa plan espezifiko batzuk jasoko dira, bai eta ezarri behar diren beste proiektu eta programa propio batzuk ere.
Planen egitura operatiboari dagokionez, haien gauzatzea eta segimendua errazteko modukoa izanen da, eta honako hauek zehaztuko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Ikastetxearen plan digitala kanpoan aurkezteko esportatu behar den dokumentua denez, EDUCAn horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.
4.–Prestaketa.
UPOaren prestaketa koordinatzearen erantzukizuna zuzendaritza-taldeak izanen du, baina lan hori beste pertsona edo batzorde batzuen esku utz dezake.
Dokumentuaren eskema bat emanen da, parte hartu behar duten taldeak eta pertsonak finkatuko dira, talde bakoitzaren eginkizunak zehaztuko dira, tresna eta baliabideak jarriko dira eta epeak finkatuko dira.
Kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak azterturik, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta egindako oharrak eta ekarpenak, UPOaren atalak idatziko dira.
UPOa EDUCA aplikazioarekin eginen da; horretarako, ikastetxearen plan digitalaren eta hobekuntza planaren antzeko txantiloia eta jardunbidea izanen ditu. Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzeko eta mantentzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek Kadinet programa erabiltzen ahalko dute UPOa prestatzeko.
5.–Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa. Memoria.
Behin onetsirik, UPOa EDUCA aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Ikastetxean ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.
Salbuespen gisa, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, urteko programazio orokorra ikasturtean zehar aldatzen ahalko da. Berriz onetsi beharko da, 4. atalean (Prestaketa) ezarritakoarekin bat, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizka eginen dute, EDUCA aplikazioaren bidez –edo, hala badagokio, Kadinet programaren bidez–, UPOa osatzen duten planen, proiektuen eta programen garapen mailaren jarraipena.
Hori baino lehen, bete beharreko prozedura finkatuko da (nola), informazioa biltzeko irizpideak zehaztuko dira (zer), arduradunak izendatuko dira (nork) eta epeak finkatuko dira (noiz).
Aztertu eta baloratuko da zenbateraino garatu diren proposatutako ekintzak, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza konplitu den eta proposatutako helburuak lortu diren.
Ikasturtea amaitzean, ikastetxeko eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta zuzendaritza-taldeak UPOaren betetze mailari buruzko amaierako ebaluazioa eginen dute. Horretarako, arduradun bakoitzak dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak aztertuko ditu.
Atal bakoitzaren ebaluazio prozesuan, datu esanguratsuak jasoko dira bateko eta besteko iturrietatik (datuak, iritziak, ohartarazpenak eta abar), eta gero, datu horiek aztertu eta interpretatuko dira ezarritako irizpideei jarraikiz.
Amaierako hausnarketa eta balorazioa ez da kuantitatiboa soilik izanen, emaitza horien arrazoiak baloratuko baitira.
EDUCA aplikazioan bertan –edo, hala badagokio, Kadinet programaren bidez–, ikasturte bukaerako memorian bilduko dira UPOaren jarraipen eta ebaluazio prozesuan lortutako ondoriorik eta proposamenik garrantzitsuenak.
Dokumentuak bi dimentsio izanen ditu. Lehenik, ebaluazioaren dimentsioa, ikastetxeko urteko plangintzaren garapenari buruzko balantzea erakutsiko duena. Honako alderdi hauek nabarmenduko dira: proposatutako ekintzak zenbateraino bete diren, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza egokia izan den, aldizkako jarraipena egin den eta helburuak zenbateraino bete diren (adierazleen eta jomugen arabera). Bigarrenik, dimentsio proiektiboa izanen du, etorkizunean esku hartzeko ildoak eskainiko baititu, zentzuzko hobekuntza proposamenak zehaztuta.
Azkenik, memoriaren eranskin gisa, txosten bat gehituko da, ikasleen ikasketa emaitzen analisi zehatza biltzen duena, eta, horrekin batera, gogoeta eginen da emaitza horiek eragin dituzten zergatiei buruz, eta, hala badagokio, curriculum-elementuen, materialen, antolaketa-elementuen eta baliabide pertsonalen funtzionamenduan atzeman diren gabezia eta disfuntzioei buruz.
Behin onetsita, ikasturte bukaerako memoria ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzailearen eskura jarriko da, EDUCAren bidez, ekainaren 30a baino lehen.
6.–Gainbegiratzea.
Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak UPOa eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datorrela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7.–UPOaren eranskinak.
Eranskin gisa sartuko dira irakaskuntza programazioen adostasun agiriak.
UPOarekin batera, irakaskuntza programazioen adostasun agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Hortaz, programazio horiek gordetzeko ardura ikastetxeei dagokie. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak programazioa berariaz eskatzen ahalko du, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen direlako, kalifikazioen erreklamazio kasuetan, analisi estatistikoak egiteko edo beste arrazoi batzuengatik.
EDUCAn egonen dira eskura, UPOan, eranskin gisa, irakaskuntza programazioen adostasun ereduak.
B) Urteko Programazio Orokorraren gaineko azalpenak.
1.–Ikastetxeko ordutegi orokorra eta ordutegia planifikatzeko irizpideak.
1.1. Ikastetxeko ordutegi orokorra.
Ikastetxeko ordutegi orokorrak, zuzendaritza-taldeak egin behar duenak, bide emanen du Urteko Programazio Orokorrean aurreikusitako jarduerak, bai irakaskuntzaren arlokoak bai osagarriak, aurrera eramateko.
Ikastetxeak goizeko eta arratsaldeko ordutegian egonen dira zabalik eskola-komunitatearentzat. Eskola-oporraldietan, behar diren bitartekoak jarriko dira ikastetxeak goizez zabalik egon daitezen.
Horrez gain, ikastetxeko ordutegi orokorrean eskola-egunetako orduen banaketa jasoko da, eskola-egutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz egina:
a) Irakaskuntza arautua. Eskola-ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, biak barne, goizeko eta arratsaldeko txandetan.
Oro har, ikastaro presentzialak emanen dira, zehazki, astean bi ordu eta 15 minutuko bi saio, hau da, 4,5 ordu astean talde bakoitzarentzat. Horrez gain, hizkuntza eskolek ezarriko dute zenbat ostiral izan beharko diren eskola-egun, talde bakoitzak guztira 130 eskola-ordu izan ditzan.
b) Ikastaro erdipresentzialetarako, urrutiko ikastaroetarako eta curriculuma malgutzeko ikastaroetarako baimena ematen ahalko da, baina, edonola ere, talde horietako ratioa eta irakasleen ordutegiko eskola-orduen zenbaketa talde presentzialetakoen berdinak izanen dira. Eskaerek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren oniritzia eduki behar dute.
Ikastaro horien eskola-karga presentziala eta jarduera ez-presentzialak eta tutoretzak (presentzialak edo online) antolatzeko, kontuan hartuko da departamentuen planifikazioa, eta hura kasuan kasuko mailen programazioan jaso, eta irakasleen ordutegi pertsonalean islatuko da.
c) Hizkuntza eskola ofizialek baimena eskatu beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari hizkuntzaren jarduera baten edo batzuen inguruko ikastaro monografikoak emateko, baita irakasleentzako eguneratze eta hobetze ikastaroak, beste profesional batzuei begirako ikastaroak edo berariazko gaiak ardatz hartzen dituztenak emateko ere. Ikastaro horiek ez dute ziurtapen ofizialik. Ikastaro horiek bukatzean, bertaratze ziurtagiri bat emanen da, non ordu kopurua adieraziko baita, baldin eta ikaslea eskolen %80ra joan bada, baina ez du ondorio akademikorik izanen.
1.2. Planifikatzeko irizpideak.
Ikasketaburuak ikasleen eta irakasleen ordutegiak prestatuko ditu, urteko programazio orokorrean ezarritako irizpideak errespetatuz betiere.
Ikastetxeak ekitatez planifikatuko ditu txandak eta ordutegiak hizkuntza guztietarako, eta bermatuko du, ahal delarik, maila guztietan goizeko eta arratsaldeko txandak egotea.
2.–Aniztasunari erantzutea. Antolaketari dagozkion alderdiak.
Ikastetxearen lan partekatua da aniztasunari erantzutea. Neurri metodologikoak, antolakuntzakoak eta prestakuntzakoak aplikatuz, ikasleen premiei emanen zaie erantzuna.
Hizkuntza eskola ofizialetan, derrigorrezkoen ondoko irakaskuntzak izanik, bi arreta mota bereiz daitezke: ikasgelan ematen dena eta azterketetan ematen dena.
Ikastetxeak behar den arreta emanen du ikasgelan, metodologiari eta baliabide teknikoei dagokienez (entzungailuak, mahai lagungarriak, toki handiagoa, etab.). Behin ohiko baliabide horiek inklusiboki antolatu ondoren, beharrezkoa izan daiteke ikastetxearen esku ez dauden beste neurri batzuk aurreikusiak izatea, esate baterako, ikasgelan espezialistak izatea (zeinu hizkuntzako interprete bat, adibidez). Kasu horietan, baimendu daiteke pertsona hori ohiko ikasgelan egotea, ikuspegi inklusiboz, eta, hala, helburu batzuk sendotzeaz gain, ahalbidetuko da ikasleak ikaskuntza prozesuan parte hartzea. Salbuespenez behar hori justifikatzen denean, zehaztuko da zenbat denborarako aurreikusten den esku-hartze hori. Ikasle eskatzaileak ekarriko du kanpoko espezialista hori, eta hark ez dio trabarik ekarriko ikasgelako ikasleen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuari.
Azterketen kudeaketan arreta emateari dagokionez, inklusiorako antolakuntza neurriak aplikatuko dituzte eskolek, eta ikasleei baliabide tekniko puntualak jarriko dizkiete azterketak egiteko.
Nolanahi ere, ebaluazioari eta ziurtapenari dagokienez, ebaluaziorako araudi oinarrizkoak ezartzen duenari jarraituko diote hizkuntza eskola ofizialek.
Matrikula-orrian lauki bat ezarriko da premia bereziak dituzten ikasleak detektatzeko. Ikastetxeko Zuzendaritzak, Hezkuntza Departamentuaren aholkuekin, NHEBZaren bitartez, ikasleek bitartekoak eta baliabideak egokitzeko neurriak eskatu ahal izateko bideak ezarriko ditu, behar den justifikazio ofiziala aurkeztu ondoren.
3.–Departamentuen programazioak eta jarduera-planak.
Departamentu bakoitzak 2026-2027 ikasturterako jarduketa-plana prestatuko du irailean, barnean direla departamentuko edo mailako bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak, hala nola kurtso eta maila guztietako ebaluazio probak prestatzea, ziurtapen proben pilotajea eta berrikuspena bereziki, kontuan harturik Hezkuntza Departamentuak horretarako ezarritakoa, eta hizkuntza bakoitzeko probak prestatzeko batzordearekin elkarlanean.
Ziurtapen proba horien pilotajerako, gure proba bateratuek izanen dute lehentasuna. Era berean, departamentuek Nafarroatik kanpoko eskoletako proben pilotajea erraztu eta lagunduko dute, ahal den neurrian.
Departamentuetako programazioa prestatzeko arduradun nagusiak departamentuetako buruak izanen dira. Programazioan honako alderdi hauek jasoko dira: helburuak, edukiak, denbora banaketa, alderdi metodologikoak eta ebaluazio eta kalifikaziorako irizpideak.
Departamentu bakoitzaren programazioaren ale bat ikastetxeko zuzendaritzari emanen zaio, ezartzen den epearen barnean, ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sar dezan. Programazioek zuzendaritzaren "ontzat emana" jaso beharko dute.
Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata kide anitzeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura. Gainera, ale bana emanen zaio departamentuko kide bakoitzari.
4.–Nahitaezko prestakuntza.
Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeak ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoen ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak aintzat hartuko ditu, baita ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanaren ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak eta irakasleentzako laguntza zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak ere.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle-talde jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.
Ikasturte bakoitzean 25 ordukoa izanen da nahitaezko prestakuntza instituzionala, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da, baldin beharrezkoa bada, ikastetxeak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrei erantzuteko. Kasu horretan, borondatezkoak izanen dira nahitaezko prestakuntza instituzional horretako 25 orduez gaindiko ekintzak.
Ikastetxe bakoitzak Irakasleentzako Laguntza Zentro (ILZ) bat du esleituta eta erreferentziazko aholkulari bat du, ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plana egiten laguntzeko. Ikastetxeek prestakuntzaren arduraduna izendatuko dute, Irakasleentzako Laguntza Zentroko (ILZ) aholkulariarekin harremanetan egon dadin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Ikasturte beraren barnean, ikastetxez aldatzen diren irakasleek ikastetxe berriko zuzendariari aurkeztu beharko diote eginiko prestakuntza instituzionalari dagokion ziurtagiria. Prestakuntza instituzionaleko ekintzaren bat hasi eta amaitu gabe izanez gero, ez da dagokion ziurtagiria jasoko. Hala, irakasleak, egin dituen prestakuntza orduen kopurua egiaztatu ondoren (jatorrizko ikastetxeko zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez), prestakuntza orduak osatzen ahalko ditu jatorrizko ikastetxean hasitako prestakuntzarekin jarraituz edo, bestela, destinoko ikastetxeko prestakuntza ekintzak eginez.
Ezartzeko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko zenbat ordu egin behar dituzten kontratu partziala duten irakasleek, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 25 orduei aplikatuko zaie kontratuaren ehunekoa.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, prestakuntza hori borondatez egiteko aukera izanen dute. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudiak jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 20 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bete beharko dira bi urte horiei dagozkien nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 50 orduak. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren edo ikastetxeen proiektu estrategikoei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza bete beharko da.
Irakasle bakoitzak nahitaezko prestakuntzako 10 orduko murriztapena erabiltzen ahalko du ikasturtean zehar dituen beharrizan profesionalen arabera.
Irakasleek ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean akreditatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
25 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek segitzen ahalko dute prestakuntzarako eskubideaz baliatzen, nahi izanez gero.
Hezkuntza Departamentuak irakasle sartu berrien eskura jarriko du 15 orduko prestakuntza, zeinetan irakaskuntzan aritzeko oinarrizko tresna digitalak landuko baitira. Zuzendaritza-taldeak prestakuntza instituzional gisa ezartzen ahalko du hori irakasle sartu berriendako.
5–Jarduera osagarriak.
Zuzendaritza-taldeak, departamentuen eta Eskola Kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko du.
II.–IRAKASLEAK
1.–Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera (irakasleen lanaldia eta ordutegia), irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioendako finkatzen den lanaldi bera izanen dute, bete behar dituzten eginkizunen ezaugarrietara egokitua.
Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori banatuko da eskola-orduetan, astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan eta hilabetean zenbatu beharreko orduetan.
Gainerako orduak, ikastetxean bete beharrekoak ez direnak, erabiliko dira prestakuntzan, irakaslanak prestatzen eta batzorde, koordinazio, ikastetxeko proiektu, epaimahai edo antzekoetan parte hartzeko, azken horietan aritzeko izendatuz gero.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunero ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egiteko baimena ematen ahalko zaie irakasleei, salbu eta lanaldi zatituan programatutako jarduerak. Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.
2.–Orduen banaketa.
Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean asteko eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak jasoko dira, 25 osotara, nahitaez ikastetxean egon beharrekoak. Horietatik, 5 ordu gutxienez ostiraletan izanen dira. Asteko beste 5 orduak, hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.
2.1. Eskola-ordutegia.
Irakasleen eskola-ordutegia araudian ezarritakoa izanen da. Horretan sartuko dira, batetik, zuzeneko irakaskuntza-orduak, eta, bestetik, eskola-ordu gisa zenbatzen direnak.
Ekitatean eta hezkuntza kalitatean aurrera egiteko itunak jasotzen du astean 18 orduko eskola-ordutegia izanen dutela, lanaldi osoan arituz gero, Bigarren Hezkuntzako irakasleek, araubide bereziko irakaskuntzetakoek eta Lanbide Heziketakoek. Asteko zenbaketako ordu osagarrien barnean, ordu bat ikastetxea koordinatu eta plangintza instituzionaleko dokumentuak eratzeko bilduko da; eta beste ordu bat, berriz, irakasle-taldeek edo departamentu didaktikoek proposatutako ataza, plan eta proiektuetarako, baldin eta astean denbora gehiago sartzea ez badakar horrek berekin.
Nolanahi ere, irakasleen eskola-orduen kopuruak bermatu beharko du kurtso arautuetako eta espezializazio kurtsoetako talde bakoitzak zuzeneko 130 eskola-ordu izatea.
Honako hauek hartuko dira eskola-ordutzat:
a) Zuzendaritza-taldea.
Matrikula presentzialen kopurua ikusirik, zuzendaritza-taldeek ordutegi hauek izanen dituzte:
–Iruñeko HEO: astean 63 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 13,5 ordu, ikasketaburuak 13,5 ordu, idazkariak 13,5 ordu, zuzendariordeak 13,5 ordu eta ikasketaburu albokoak 9 ordu.
–Tuterako HEO: astean 36 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 9 ordu, ikasketaburuak 9 ordu, idazkariak 9 ordu eta zuzendariordeak 9 ordu.
b) Departamentuetako buruak eta koordinatzaileak.
Kargu horietan aritzen diren pertsonek talde bati dagozkion 4,5 eskola-ordu erabiltzen ahalko dituzte astean eginkizun horietarako.
c) Ziurtapen probak prestatzea: 4,5 ordu alemanez, frantsesez eta ingelesez egindako maila bakoitzeko. Italierarako, 9 ordu esleituko dira guztira.
d) IKTen koordinazioa: 4,5 ordu.
e) Kalitate Programaren arduraduna: 4,5 ordu.
2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartzen ahalko dira:
a) Astean ordu 1 departamentuaren bileretarako.
b) Astean ordu 1 ikasleei arreta emateko.
c) 2 ordu, gehienez, ziurtapen, ebaluazio eta entsegu probak prestatzeko eta pilotajea egiteko.
d) Ordu 1 Eskola Kontseiluko kideentzat.
e) Ikastetxean egoteko orduak.
f) Ordu 1 koordinazio didaktikorako.
2.3. Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Astean egin beharreko 30 orduak betetzeko kontuan hartzen diren asteko 5 orduak, hilabetean zenbatzeko orduak direnak, irakasle guztiek nahitaez egin beharreko lan hauetarako erabiliko dira:
a) Klaustroak.
b) Araubide libreko azterketak aplikatu eta zuzentzea.
c) Ikastetxean ezarritako beste edozein proba prestatzea, aplikatzea eta zuzentzea.
d) Proben emaitzak aztertzea.
e) Departamentuei dagozkien kasuan kasuko lanak, programazio didaktikoetan sartuta daudenak.
f) Plangintza instituzionaleko tresnak prestatzearekin edo berrikustearekin lotutako zereginak, baita prestakuntza instituzionaleko jarduerekin lotutakoak ere.
g) Prestakuntzako 25 ordu.
3.–Ordutegiak prestatzea eta onestea.
Ordutegiak prestatzeko, ikasketaburuak departamentuetako buruei jakinaraziko die zenbat talde, txanda eta ordutegi dauden maila bakoitzean, eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak. Departamentuburuak ordu-tarte orekatutan banatuko ditu taldeak, ikasketaburuaren jarraibideen arabera.
Irakasle bakoitzaren eskola-ordutegia asteko egun guztietan banatuko da, salbu eskolarik gabeko ostiraletan.
Ikasturtearen hasieran, departamentuek bilera berezi bat eginen dute ordu-tarteak kideen artean banatzeko, jarraibide hauetan jasotako irizpideak errespetatuz betiere.
3.1. Txanden eta taldeen banaketa.
Eskola goizez eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.
Ezinezkoa bada ordutegia betetzea aukeratzen den txandan, beste txandan bete beharko da.
Txandak hautatu ondoren, erabakiko da ordu-tarteak nola banatu.
Ordu-tarteak banatzerakoan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honela aukeratuko dira taldeak:
–Departamentuko kide bakoitzak talde bat hautatuko du, ekitaldian agertzen diren departamentuko irakasle guztiekin hautatze-txanda oso bat egin arte.
–Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, eskola-ordutegi indibidual guztiak osatu arte edo talde guztiak esleitu arte.
Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.
Ordu-tarteak banatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; akta horren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio berehala.
3.2. Hautatzeko ordena.
Ordena honi jarraikiz eginen da hautaketa:
1) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.
2) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa ez dutenak.
3) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.
4) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.
5) Hizkuntza eskola ofizialetako irakasleak, praktikaldian daudenak.
6) Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.
7) Funtzionarioak eta lan kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.
8) Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.
Arestiko 1), 2), 3), 4) eta 6) ataletan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentzietako denbora kontuan hartu gabe), eta antzinatasuna berdina baldin bada, atal bakoitzaren lehentasun hurrenkera ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:
–Nork duen antzinatasun handiena ikastetxean.
–Nor sartu zen lehenago kidegoan (urtea).
–Nork lortu zuen puntuaziorik handiena kidegoan sartzeko hautapen prozesuetan.
Aurreko 5) atalean, prozesua gainditu zuten oposiziogileen zerrendak onesteko ebazpenetan agertzen den hurrenkerak ezarriko du taldeak hautatzeko lehentasun hurrenkera.
Aurreko 7) eta 8) ataletan, Giza Baliabideen Zerbitzuko kasuan kasuko zerrendetan duten tokiak ezarriko du taldeak hautatzeko lehentasun hurrenkera.
3.3. Zaintzak.
Ikasketaburuak ezarri eta gainbegiratuko ditu ikastetxeko zaintzak, kontuan hartuta eskola-ordu guztietan egon behar dela zaintzako irakasleren bat ikastetxean.
Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarriak, zaintza lana ohiz kanpoko kasu eta egoera bereziak bideratzeko izanen da.
Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Beren zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
b) Irakasleen puntualtasunaren eta asistentziaren berri ematea.
Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak zilegi izanen du irakasle batzuei eskatzea zaintza-ordu horiek betetzeko.
3.4. Irakasleen ordutegi pertsonala.
Irakasleek beren asteko ordutegian jaso beharko dituzte ikastetxean nahitaez bete beharreko 25 orduak, eranskin honen 2. puntuan adierazitako jarraibideekin bat.
Halaber, ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko 5 ordu, gutxienez, eskolarik gabeko ostiraletako goizetan.
Zuzendaritza-taldeko kide diren irakasleen orduak halako moduz banatuko dira non ziurtatuko baita txanda bakoitzean gutxienez ere kide bat izanen dela.
Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.
3.5. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.
Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du haren gaineko edozein erreklamazio.
Ongi ikusteko moduko toki batean paratuko da irakasle guztien ordutegiari eta lantokiari buruzko informazioa: eskola-orduak, zaintza-orduak, departamentuko bilerak eta abar.
3.6. Irakasleen absentziak.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera joaten ez denean, ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolean Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoeran dauden eta MUFACEri atxikita dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Hurrengo berrespen agiriak hamabostean behin edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak zer erabakitzen duen. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.
Jatorrizko agiriak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez bidal daitezke Hezkuntza Departamentura, aurrez aurre aurkeztu Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialeko edozein bulegotan, edo posta arrunta erabili.
Era berean, nahitaezkoa da ikastetxeko zuzendaritza-taldeari kopia bat bidaltzea edo aurkeztea ahalik eta lasterren, jakin dezan zehatz-mehatz bajak zenbat iraunen duen, bajaren bilakaera edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan.
Alta-agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, ikastetxeko zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Era berean, ukitutako irakasleei idatziz emanen zaie horren berri.
Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.
Parteak bidaltzean izandako edozein gorabehera jakinarazteko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Gaixotasuna edo istripua dela-eta aldi baterako ezintasuna duten Gizarte Segurantzako langileek ikastetxeko zuzendaritza-taldeari komunikatu behar diote zer iraupen duen baja-agiriak, lanera joaten ez diren lehen egunetik. Baja berresteko agiriak medikuak erabaki bezain maiz jakinarazi beharko dira. Halaber, baja amaitutzat emateko eta langilea bere lanpostura itzultzeko, ezinbestekoa da alta medikoaren partea jakinaraztea lantokiari egun berean. Hala, zuzendaritza-taldeak zehatz-mehatz jakinen du noiz egon den langilea kanpoan, bajaren eboluzio eta/edo amaiera, eta beharraren ordezkapena kudeatzen ahalko du.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEri nahiz Gizarte Segurantzari atxikitako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak jakinarazteaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa bost eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen egoeretan, ordezkoa ez bada egokitu zaion lanpostuan hasten, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, ikastetxeko zuzendaritzak ez-agertzearen txosten bat bidaliko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, lanpostua berriz eskain dadin. Ordezkapen kontratuaren Gizarte Segurantzako afiliazioaren alta tramitatu bada, Gizarte Aseguruen Atalak eskatuta, zuzendaritza-taldeak hutsegiteari buruzko txosten bat egin beharko du, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta baliogabetzeko. Ondoren, seccion.seguros.sociales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko du.
Ikastetxeetan EDUCA aplikazioko kudeaketa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimen bat emateko, EDUCA kudeaketa sisteman ikus daitezke irakasle bakoitzak hartutako orduak (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi). Irakasle ibiltariei eta ikasturte berean ikastetxe batean baino gehiagotan kontratua duten irakasleei dagokienez, pantaila horretan ikusiko dira ikastetxe bakoitzean eta kontratu bakoitzeko hartutako orduak, ikasturte bakoitzeko.
III.–IRAKASLANA KOORDINATZEKO ORGANOAK
1.–Departamentuak.
Departamentuak lantaldeak dira eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuburuari dagozkio, eta hori ez badago, ikasketaburuari.
Hizkuntza eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza arautu bakoitzeko.
Ikastetxeko irakasle guztiak, zein hizkuntzatan ematen duten ordu gehien, hizkuntza horri dagokion departamentuari atxikirik egonen dira, eta departamentu horretan antolatzen diren bileretara joan beharko dute.
Departamentuen eginkizunak hauexek izanen dira:
a) Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa prestatzea, jarraibide hauetan zehaztutakoaren arabera.
b) I. ataleko (Urteko Programazio Orokorra) B) 4 puntuan aipatzen den jarduketa-plana prestatzea, baita departamentuaren jardueren egutegia ere.
c) Ebaluazioko proba idatziak prestatzea.
d) Ikasturte bukaerako memoria prestatzea, emaitzen balorazioa barne, talde eta kurtsoen araberako kalifikazioen estatistikak eta errendimendu akademikoaren azterketa erabiliz horretarako; era berean, ikasleen ebaluazioan erabilitako irizpideen, prozeduren eta jardueren balorazioa, ikasle libreentzako probak barne.
e) Horrez gain, programazioan jasotako alderdi guztien garapenaren balorazioaren ondorioz proposatzen diren hobekuntzak jasoko dira.
Departamentuko buruak ikasturte bukaerako memoriaren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, zuzendaritzak ezartzen duen epean eta, betiere, ekainaren 30a baino lehen.
f) Beste eginkizun batzuk.
Departamentuen zeregina da, halaber, hezkuntza arloko ikerketa eta kideen trebakuntza zientifiko eta didaktikoa bultzatzea.
Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean batez beste ordu 1 gordeko da, gutxienez, departamentuko kide guztiek bilera egin dezaten. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen ari den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztiak ere.
Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, jarduketa-plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko, gero ikasturte bukaerako memorian sartzeko.
Egindako bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuburuak erredaktatuko du, eta departamentuan artxibatuko da.
Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.
2.–Departamentuko burutza.
Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen kidegoko irakasle batek beteko du.
Katedradunik ez badago, departamentuko burua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.
Hautagai horiek (baldin badaude) aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.
Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.
Departamentuko buruak talde bati dagozkion eskola-orduak izanen ditu, eta zuzendaritzako beste edozein kargurekin bateraezina izanen da.
Departamentuburuak eginkizun hauek ditu:
a) Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.
b) Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Aktak kasuan kasuko departamentuan bilduko dira nahitaez.
c) Programazioa eta ikasturte bukaerako memoria prestatzeko lana koordinatzea, eta programazioa betetzen den begiratzea edukiei eta eskatzen diren gutxieneko mailei dagokienez.
d) Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.
e) Azterketak kudeatzeko zereginen banaketa koordinatzea.
f) Ikasleen ebaluazioari buruzko erreklamazioak egiteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.
g) Material inbentariagarriaren zerrenda eguneratzea.
h) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak gordetzea.
i) Departamentuan atzematen den edozein akatsen berri ematea zuzendariari eta ikasketaburuari.
j) Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, bilerak prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.
k) Estandarizaziorako garrantzitsuak diren laginak biltzea, hala badagokio, eta saioak antolatu eta gidatzea, beste eskoletako departamentuekin elkarlanean.
3.–Departamentuaren koordinazioa.
25 talde baino gehiago dituzten departamentuetako buruek beren departamentuko kide bat proposatu dezakete koordinatzaile lanak egin ditzan, baldin eta erabaki horrek plantilla handitzea ez badakar. Koordinatzailea izendatua izan ondoren, kargu horri ezin izanen zaio uko egin.
Irakaskuntza arautuko ikastaroetan 60 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, beste koordinatzaile bat izendatzen ahalko da.
Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Ingeles Departamentuak koordinazio osagarria izanen du, Lizarrako Luzapenaz arduratzeko.
Departamentuetako koordinatzaileek departamentuburuak esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, departamentuko kideen proposamenak kontuan hartuta.
Departamentuko koordinazio lanagatik ikastalde bakoitzeko esleitzen diren eskola-orduak kontatuko dira, eta lan hori zuzendaritzako beste ezein kargurekin bateraezina izanen da.
4.–IKTen koordinazioa.
Eskolek informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako (IKT) koordinatzaile bat izendatu dezakete klaustroko kideen artean, ikasturte baterako, lan horretarako gai den langileren bat baldin badago.
Koordinazio lan horretan aritzen denak ohiko talde baterako adina denbora izanen du zeregin horretarako.
Koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ikastetxeko zuzendaritzak eskuordeturik, teknologia berrien arlorako mintzakidea izatea Hezkuntza Departamentuarekin.
b) Zuzendaritza-taldeari eta departamentuei aholku ematea baliabide eta material informatikoen erabilerari eta erosketari buruz.
c) Ikastetxeko zuzendaritzari proposatzea baliabide informatikoei erabilera didaktiko berriak emateko irizpideak.
d) Baliabide informatikoen egoera egokia zaintzea, instalazio eta ekipamendu informatikoak gainbegiratzea eta programen erabilgarritasuna bermatzea.
e) Teknologia berriei buruzko informazioa zabaltzea eta horren gainean dagoen dokumentazioa erabiltzeko bidea erraztea.
f) Ikastetxeko zuzendaritzari laguntzea baliabide informatikoen inbentarioa eguneratzen eta esparru orokorretarako esleitutako aurrekontua kudeatzen.
5.–Luzapenaren koordinatzailea.
Luzapenaren koordinatzailearen helburua da unitate horretan irakasleren bat duten departamentuen jarduera akademikoa ahalik eta hobekien garatzen dela bermatzea. Bere lana aurrera eramateko erreferentzia nagusia ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta urteko programazio orokorrean ezarritakoa izanen da; izan ere, agiri horietan argi eta garbi zehazten dira hizkuntza eskola ofizialaren arau eta helburuak. Ikasketaburuarekin koordinaturik jardun beharko du, hura baita agiri horietan ezarritakoa betetzearen arduradunetako bat.
Lizarrako Luzapenaren koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Eskolarik gabeko ostiraletan eta deitzen zaion guztietan, zuzendaritza-taldeko kideekin biltzera joatea.
b) Programazioak betetzen direla begiratzea.
c) Zuzendariari irakasleen hutsegiteen eta horien zergatien berri ematea.
d) Atzerapenak eta ordutegiaren inguruko gorabeherak apuntatzea eta zuzendariari horren berri ematea, ikasturte hasierako jarraibideak betez.
e) Zuzendaritza-taldeak igortzen dion informazioa ikasleei eta irakasleei garaiz jakinaraztea.
f) Tierra Estella BHIko zuzendaritzarekin koordinatzea ikasgelen ekipamenduaren eta mantentze-lanen kudeaketa, baita eskola-egutegia eta azterketen egutegia ere.
IV.–IKASLEAK
1.–Onartzeko prozedura.
Hizkuntza eskola ofizialek ezarriko dituzte onarpen prozedurako eta hura ebazteko arauak.
Hizkuntza eskola ofizialek ikasturteko eskaintza akademikoaren publizitatea eginen dute, eta onarpen prozedura nolakoa den azalduko dute.
Eskabide bat, pertsonala eta besterenezina, beteko da, hizkuntza eta eskola bakoitzeko.
A1 ez den beste maila batera sartzeko, prozedura hauetako bat erabiliko da:
a) EEEBren arabera A2, B1, B2 edo C1 gisa aitortutako ziurtagiriak izatea, edo ziurtagiri horien baliokideak, hizkuntza eskola ofizialek onartuak.
b) Mailaz igotzea: hizkuntzaren jarduera guztiak gainditzea, horietako bakoitzean puntuazioaren %50 gutxienez lortuta, azterketetarako indarreko zehaztapenen arabera.
c) Sailkatze/mailakatze proba egitea.
Mailakatzeko proba horien emaitzak ez du ondorio akademikorik eta ikasturte horrexetarako bakarrik balioko du. Ikasleek ez badute gainditzen esleitu zitzaien maila, behin baino ezin izanen dute errepikatu.
1.1. Ikaspostuen erreserba Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasleentzat.
Ikaspostu kopuru bat gordeko da ekaineko deialdian "gai" kalifikazioarekin ikasketak bukatzen dituzten ikasleendako, dela Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen eta NUHEOren arteko lankidetza programakoendako, dela That's English programakoendako. Zehazki, honenbeste ikaspostu gordeko dira 2026-2027 ikasturtean:
–Ingelesa:
B2.1 tarteko maila, Iruñeko HEO: 30 ikaspostu.
B2.1 tarteko maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.
C1 maila, Iruñeko HEO: 10 ikaspostu.
C1 maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.
–Euskara:
B2.1 tarteko maila, Iruñeko HEO: 16 ikaspostu.
B2.1 tarteko maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.
C1 maila, Iruñeko HEO: 25 ikaspostu.
C1 maila, Tuterako HEO: 10 ikaspostu.
1.2. Ikaspostuen erreserba Nafarroako Gobernuaren menpe jardunean ari diren irakasle eta hezitzaileentzat.
Ikaspostu kopuru bat erreserbatuko da, ikastaro arruntetan, maila hauetako jarduneko hezitzaile eta irakasleentzat: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta unibertsitateko irakasleak.
2026-2027 ikasturtean, baliabide gehiagorik gabe, irakasle berriendako erreserbatu den ikaspostu kopurua hau da:
INGELESA | B2.1 | B2.2 | C1 |
Iruñeko HEO | 25 | 25 | 50 |
Tuterako HEO | 12 | 13 | 25 |
FRANTSESA+ALEMANA | B2.1 | B2.2 | C1 |
Iruñeko HEO | 12 | 13 | 25 |
Tuterako HEO | 6 | 6 | 12 |
Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du irakaslea jardunean dagoen ikastetxe publiko edo itundu batean. Unibertsitateko irakasleek beren ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute matrikula egitean.
Ondorio administratiboetarako, ikasle horiek ikastetxeko ikasle ofizialtzat hartuko dira.
2.–Matrikulazioa.
Hizkuntza eskola ofizialek ikaspostuak eta epeak gordeko dituzte ikasle ofizialak izan diren eta ofizialak izaten segitu nahi duten ikasleentzat, hau da, mailaz igo edo kurtsoa errepikatzen dutenentzat.
Halaber, epe bat ezarriko dute ikasle berrien matrikularako, eta epe berezi bat Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasketak bukatu dituzten ikasleendako eta irakasleendako, zeinak atal honen 1.1 eta 1.2 puntuetan aipatzen baitira, hurrenez hurren.
Matrikula prozesu horiek bukatuta, gelditzen diren ikaspostuak jende guztiari eskainiko zaizkio martxoaren 31ra arte. (azaroaren 30era arte, lehenengo lauhilekoko ikastaro trinkoen kasuan).
Ikasle bat beste hizkuntza eskola ofizial batean matrikulaturik badago edo egon bada, espedientea lekualdatzea eskatu beharko du jatorrizko eskolan, destinokoan matrikula egin ahal izateko, behin ikaspostua baieztatuta.
Hizkuntza berean ezin dira aldi berean eduki irakaskuntza arautuko bi matrikula. Hala ere, ziurtapen ikastaroetako ikasleak, ziurtagiririk gabe igotzen badira mailaz, era librean matrikulatzen ahal dira aurreko kurtsoko ziurtapen proba egiteko, ikasle ofizialaren izaera galdu gabe.
3.–Matrikulari uko egitea.
Edozein ikaslek eska diezaioke, martxoaren 31ra arte, bere espediente akademikoan agertzen den hizkuntza eskola ofizialeko zuzendaritzari kasuan kasuko matrikulari uko egitea.
Ukoa tramitatu ondoren, matrikulari egindako ukoa ikaslearen espediente akademikoan jasota geratuko da eginbide baten bidez, eta ulertuko da ikasturte hori ez dela zenbatuko maila errepikatzearen ondorioetarako.
Irakaskuntza hauek dituzten ikasmailetako bakoitzean behin baizik ez zaio uko egiten ahalko matrikulari.
Orobat, dokumentu bidez justifikatzen ahal bada, hutsegite justifikatuei dagokienez bertaratzeari buruzko araudiak ezartzen dituen irizpideak betez, ukoak bide ematen du ikaspostu bat erreserbatzeko hurrengo ikasturtean; hala, zer matrikulari egin zaion uko, horren mailan eta hizkuntzan matrikulatzen ahalko da ikaslea, ekainean gainditu duten ikasleendako irekitzen den epe berean.
Edozein kasutan, matrikula deuseztatzeak ez du berekin ekarriko ordaindutako tasak itzultzea baldin eta eskaera egiten bada eskolak hasita daudela.
4.–Matrikularen lekualdaketa.
Ikasturtea bukatu gabe beste eskola batera aldatzen den ikasleak jatorrizko eskolak emandako egiaztagiri akademiko bat aurkeztu beharko du, eta jatorrizko eskolak ikaslearen espediente akademikoa bidaliko dio destinoko eskolari, azken honek eskatuta. Matrikula behin betikotzat joko da destinoko eskolak espediente akademikoa eta lekualdatzearen komunikazioa jasotzen dituen unetik aurrera.
5.–Ikasle ofizialen bertaratzea.
Ikasle ofizialen eskubide eta betebeharra da eskoletara joatea, eta ezin da inola ere ezarri borondatezko bertaratzea duen sistemarik.
Ikasleei gutxienez %70eko bertaratzea eskatuko zaie hizkuntza horretan ikaspostua erreserbaturik edukitzeko eskubidea izateko. Bestela, eskubide hori galduko da.
Horretarako, irakasle guztiek egunero kontrolatuko dute ikasleak eskoletara joaten diren ala ez, hizkuntza eskola ofizialeko zuzendaritzak ezarritako protokoloei jarraituz.
Hezkuntza Departamentuak protokolo horren berri izanen du, kontrolaren emaitza zein den jakiteko.
Ikasleek beren hutsegiteak kontsultatzen ahalko dituzte hilero Erabiltzaileen gunean. Ikastetxeko zuzendaritzak, azaroan eta ikasturtearen bukaeran, argitara emanen du onartutako hutsegiteen kopurua gainditu duten ikasleen zerrenda bat.
Zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, ikasleek osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dituzte, behar bezala justifikatuak, balora ditzaten. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, honako hauek ere onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo erakundeetan aritzeko bekak edo kontratuak eta unibertsitateko eta Lanbide Heziketako heziketa zikloetako lan praktikaldiak), laneko oporrak, ezkontzagatiko lan baimena, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.
Eskolak hasten direnetik azaroaren 15era bitarteko epean justifikatu gabeko absentziak 14 ordu edo gehiago badira ikastaro arruntetan (eta kopuru proportzionala beste ordutegietarako), ikasle ofizialaren izaera galduko da, baina ez azterketa egiteko eskubidea. Zuzendaritza-taldeak ikasturte hasierako absentziak kudeatuko ditu, eta kasuan kasuko ziurtagiriak eskatuko ditu, hala badagokio ikaspostu hutsak matrikula berriei esleitzeko.
6.–Ikasle libreen inskripzioa.
Maila bakoitzaren ziurtagiriak lortzeko, ikasle libreek inskripzioa egin beharko dute, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen modu, baldintza eta egunetan.
7.–Ebaluazioa.
Ebaluazioari esker ikasleek zenbat aurreratzen duten neur daiteke, eta, orobat, proposaturiko helburuak lortzeko eta zuzentzeko neurriak hartu. Hori horrela, eta horren garrantzia kontuan hartuta, departamentu didaktikoetako irakasleek hasierako ebaluazio bat eginen dute ikasturtea hastean, beharrezkoa den informazioa jasotzeko, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua ikasleen ezaugarri eta ezagutzetara egokitzeko. Gainera, ebaluazio etengabea eta diagnostikoa eginen da ikasleen ikaskuntzari buruzko informazioa biltzeko behaketa sistematikoaren bidez, lanak baloratuz eta proba espezifikoen bidez.
Irakasleek proposatzen ahalko diete ezagutza eta gaitasun desberdinak dituzten ikasleei, hasierako ebaluazioaren bidez, beste maila batera pasatzeko, ikaspostu hutsik baldin badago. Hasierako ebaluazio horrek ez du eraginik izanen espediente akademikoan.
Horretarako, kontuan hartuko da programazio didaktikoek hizkuntza jarduera bakoitzaren edukiak, helburuak eta ebaluazio irizpideak biltzen dituztela abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak ezartzen duen curriculumeko ikasmaila bakoitzerako.
Ebaluazio agiri ofizialak espediente akademikoa eta kalifikazio aktak dira, abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarri bezala.
8.–Kalifikazioa.
Goragoko ikasmaila batera igotzeko edozein ikasmailatatik, ebazpen honen 7. artikuluan zehazten diren agiri ofizialetan jaso beharko da hizkuntza jardueren kalifikazio osoa, "Ikasmailaz igotzen da" eta zenbakizko nota edo "Ez-gai" adieraziz.
Horretaz gain, A1 oinarrizko mailaren, A2 oinarrizko mailaren, B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren ziurtagiriak lortzeko, kasuan kasuko proba egitean indarra duten zehaztapenak betez, hizkuntza jardueren kalifikazio osoa agiri ofizialetan jaso beharko da "Gai" eta zenbakizko nota, "Ez-gai" eta "Aurkeztu gabea" adieraziz.
9.–Mailaz igotzea eta irautea.
Deialdien muga: Oinarrizko maila, B1 tarteko maila, B2 tarteko maila, C1 maila aurreratua eta C2 maila aurreratua gainditzeko, ikasleek deialdi kopuru jakin bat izanen dute, alegia, maila bakoitzerako dauden ikasmailen bikoitza.
MAILA | IKASMAILA | DEIALDIEN MUGA |
Oinarrizkoa | A1 | |
A2 | 4 | |
B1 tarteko maila | B1 | 2 |
B2 tarteko maila | B2.1 | |
B2.2 | 4 | |
C1 maila aurreratua | C1 | 2 |
C2 maila aurreratua | C2.1 | |
C2.2 | 4 |
Ikasle bat zuzenean maila bateko bigarren ikasmailan sartzen bada, eskubidea izanen du lehendabiziko ikasmaila urte batean gainditu dutenek bezainbeste aldiz egiteko ikasketa horiek.
Maila epe horietan gainditu ezean, hizkuntza horretako ikasle ofizialaren izaera galduko da, eta ikasle berri gisa inskribatzeko prozesuari ekin beharko zaio.
10.–Ziurtapen probei buruzko zehaztapen orokorrak.
Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen maila bakoitzaren ziurtapen proba bateratuetako azterketen zehaztapenak Hezkuntza Departamentuak helburu horrekin argitaratzen dituenak izanen dira.
Hezkuntza Departamentuak argitara emanen ditu maila bakoitzaren azterketen izangaientzako zehaztapenak, baita proben ereduak ere, Hezkuntzaren Atariaren bidez:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/idiomas-plurilinguismo/escuelas-oficiales
Izangaientzako zehaztapenez gain, Hezkuntza Departamentuak beste batzuk ere ezarriko ditu proben prestaketa eta aplikazioa zehazteko xedearekin.
11.–Araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzetako mailen ziurtapena.
Mailen ziurtapena egiteko, berariazko proba bat gainditu beharko da, haren bidez bermatuko baita lortu direla maila horretarako ezarrita dauden helburuak, hots, abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak ezarritako curriculumean eta indarreko zehaztapenetan finkatutakoak.
Modalitate ofizialean, A1 oinarrizko mailaren eta A2 oinarrizko mailaren ziurtagiriak etengabeko ebaluazioaren bidez ere lortzen ahalko dira. Aintzat hartu behar dira: abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren 4. artikulua; 88/2007 Foru Agindua, uztailaren 4koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuaren bidez araututako araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko eta erdiko mailak antolatzen dituena; eta 68/2018 Foru Dekretua, abuztuaren 29koa, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatu zena) jaso ziren araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko mailaren, tarteko mailaren eta maila aurreratuaren curriculumak ezartzen dituena.
Gainera, oinarrizko maila horretako ikasle ofizial batek ez baditu hizkuntza jarduera guztiak gainditzen ikasturtean egindako etengabeko ebaluazioaren bidez, deialdi berezian aurkezten ahalko da gainditu ez dituen hizkuntza jardueren berariazko azken probara.
B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren kasuan, proba bakarra izanen da maila ziurtatzeko, eta gutxienez urteko deialdi batean aplikatuko da hizkuntza eskola ofizialetan. Horretarako, hizkuntza bakoitzeko proba aldi berean aplikatuko da deialdi bakarrean, salbu ahozko adierazpenaren proba, horretarako egutegi bat prestatuko baita.
Antolaketa dela eta, behin Hezkuntza Departamentuak kalkulatuta zer behar dauden, egun desberdinak zehazten ahalko dira testu idatzien produkzioko eta koprodukzioko hizkuntza jarduerak eta idatzizko bitartekaritzakoak egiteko, zeinak ebazpen bidez urtero ezartzen den ziurtapen proben egutegian sartuko baitira.
Hizkuntzaren jarduera guztietan kalifikazio orokor positiboa izateak eskubidea emanen du dagokion ziurtagiria eskuratzeko. B1 tarteko mailaren, B2 tarteko mailaren, C1 maila aurreratuaren eta C2 maila aurreratuaren kasuan, ikasle batek lortzen ez badu gaitasun orokorreko ziurtagiria, gainditutako jardueren ziurtagiria eska dezake, probak egin eta 30 eguneko epean.
Hezkuntza Departamentuak eratu eta koordinatuko ditu prestaketa, balorazio eta pilotaje batzordeak, ziurtapen probak prestatzen dituztenak indarrean dauden zehaztapenekin bat.
Hezkuntza Departamentuak behar diren prozedurak zehaztuko ditu probak aplikatu eta kalifikatu eta gero emaitzen ebaluazio bat egin ahal izateko, eta, horrela, ondorengo proben antolamenduan eta prestakuntzan behar diren hobekuntzak eta zuzenketak egin ahal izateko.
12.–Informazioa jasotzeko bidea eta erreklamazioak.
Ebaluazio prozesua ahalik eta gardenena izan dadin, ikasleek eskubidea izanen dute helburuak, edukiak, ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak, ebaluazio prozedurak, eskatzen diren gutxienekoak eta abar ezagutzeko.
Argibideak eskatzeko edo erreklamazioak egiteko prozedura izanen da 49/2013 Foru Aginduaren VI. kapituluan araututakoa.
Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko. Ikastetxeek zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute beren plangintza instituzionaleko agirietan.
V.–ANTOLAKETAKO ZENBAIT ALDERDI
1.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.
Ikastetxeetan, eskola informazioa EDUCA aplikazioaren bidez kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratzen dira, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial, laguntzen dutenak aplikazioaren moduluetara ohitzen. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. EDUCA aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren ikonoan (@) klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza-taldeei eta administrazio arloko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, jasoko du sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa, eta sustatuko du ikastetxean erabiltzea, eta erabilera hori koordinatuko.
Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek EDUCA ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.
EDUCA arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak "Educa koordinatzailea" lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.
Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta web-orria), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Ikastetxeen ardura da eguneratuta edukitzea ikastetxeko langileen –irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen direnen–, ikasleen eta familien datu pertsonalak. Nahiz eta aplikazioak aukera ematen duen Cl@ve sistemaren bidez sartzeko (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Era berean, ikastetxe bakoitzaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, baldin ikasleek eta beren familiakoek informazio hori eskuratzeko gorabeherak badituzte, lehenbizi ikastetxea arduratuko da, eta arazo horiek ezin baditu autonomoki konpondu, harremanetan jarriko da EDUCA euskarriarekin.
Oso komenigarria da ikastetxeetako langileak EDUCAk gaituta dituen funtzionalitate guztien erabilerarekin ohitzea, besteak beste: ikasleen jarraipena, ebaluazio-saioaren kudeaketa (informazio-fluxua) eta informazio esanguratsua.
EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza-komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, helbide elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es helbide elektronikoak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Posta kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Googleko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.
2.–Kontabilitate-sistema: Ecoeduca.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, ematen dituztenek maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak (Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa), ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak egin behar dira irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).
3.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntza Departamentuak zenbait hitzarmen sinatu ditu hainbat unibertsitaterekin unibertsitateko praktikak egin ahal izateko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.
Unibertsitateko ikasle batek curriculumeko praktikak egin ahal izateko, indarrean egon behar da Hezkuntza Departamentuaren eta dagokion unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat jotzen da.
–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza-ordu gisa kontabilizatuko da. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat.
Praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza zentro gisa aitortutako ikastetxeko zuzendariak tutore lanetan aritu diren irakasleen datuak jakinaraztea Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/estudios-universitarios), ekainaren 1a baino lehen.
Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.
4.–Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakasleei edo irakasle ez diren langileei eraso egiten zaienean, ikastetxeetako zuzendariek ofizioz aktibatuko dute kanpoko erasoen protokoloa, eta ofizioz jakinaraziko dute gorabehera, lan-istripua edo erasoa.
https://ebp.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion
Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo bat dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.
Kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
5.–Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
Programaren jarduketetan parte-hartzea sustatzearren, kalitate arduradunak, ikastetxearen aukerak aintzat hartuta, astearte goizetako eskola-ordutegia erabiltzen ahalko du jarduketa horietarako.
5.1. Ikastetxeen konpromisoak eta erantzukizunak.
Zuzendariak ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistema (KKS) etengabe garatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartuko du, eta ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa egitearen arduraduna izanen da.
Oro har, programan parte hartzen duten ikastetxeek ikastetxean behin betiko destinoa duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak izendatuko dituzte kalitatearen arduradun, eta programan parte hartzeagatik plantilla funtzionaleko ordu-zuzkidura esleituko zaie. Kalitate arduraduna EDUCAn erregistratuko da.
Kalitate arduraduna KKSa ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak antolatuta eta eskuragarri mantenduko ditu.
Salbuespen gisa, ikastetxe osatugabeetan, ikastetxeko zuzendariak bere gain har ditzake kalitatearen arduradunaren eginkizunak.
5.2. Aholkularitza eta baliabideak.
Programaren informazio eta baliabide eguneratuak Kadineten web-orrian argitaratuko dira, https://kadinet.educacion.navarra.es/eu/.
Baliabide horiek eskura izanen dituzte programan parte hartzen duten ikastetxeetako langileek.
Programan sartutako ikastetxeen aholkularitza teknikorako, ikastetxeko zuzendariak baimena emanen die ikastetxearen KKSaren aholkularitza eta ebaluazioa egiten dutenei ikastetxearen KKSaren dokumentazioa eskuratzeko.
5.3. Eskaerak.
Ikastetxeek, programan sartu, geratu edo hori utzi nahi badute, eta, hala badagokio, KKSaren kanpo ebaluazioa jaso nahi badute, 71/2020 Foru Aginduan onetsitako kasuan kasuko eranskinak erabili beharko dituzte eskaera egiteko.
Eskaerak Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari bidaliko zaizkio, sofceduca@navarra.es helbide elektronikora, 2027ko martxoaren 31 baino lehen.
6.–Irakasle erretiratuak borondatez aritzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan.
Ikastetxeen autonomia baliatuta, irakasle erretiratuak borondatez aritzen ahalko dira bertan, bat eginez Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 12ko 113/2024 Foru Aginduan ezarritako baldintzekin (113/2024 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko irakasle erretiratuen borondatezko lankidetza arautzen duena unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen jardueretan eta Esperientziaren Sarean).
Iragarkiaren kodea: F2608489
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
