123. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

340E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten baita 2026. urtean erizaintzako langileen zainketen berrikuntzaren arloko ikerketa-lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. DDBN kodea: 908469.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa onetsi zen, gaur egun indarrean segitzen duena. Programa horren 7.2.3 puntuan aurreikusita dago ikerketa areagotzeko prozedura bat abian jartzea baldintza hauek betetzen dituzten laguntza-unitate jakin batzuen ikerketa-lanari sostengua emateko: ongi zehaztutako ikerketa-proposamen bat izatea eta ibilbide profesional nabarmena frogatua duten profesionalak izatea. Horrez gain, 7.4.2 puntuan, zainketen arloko ikerketa bultzatzea jasotzen da ekintza-ildo gisa.

Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen berrikuntzaren arloko ikerketa-lana indartzeko –halakotzat harturik ebidentzian oinarritutako gomendio batzuk ezartzea eta ebaluatzea–, beharrezkotzat jotzen da hautatzen diren ikerlariei jarduera asistentzialaren zati bat kentzea. Horretarako, beharrezkoa den finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horrek betetzen ez duen jarduera asistentzialari erantzuteko aldi baterako kontratazioak egin daitezen.

Estatuan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildotik, aurreikusten da Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioen zati bat finantzatzea, hain zuzen, ikerketa-lana areagotzen duten langileen lanaldiaren %50 adinakoa.

Azaldutakoagatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluaren y) letrak ematen dizkidaten eskudantziak baliatuz, azaldutakoarekin bat etorriz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2026. urtean erizaintzako langileen zainketen berrikuntzaren arloko ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

2. Finantzaketa emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Guztira, 50.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua 2026ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Osasun langile publikoen ikerketa-lana areagotzeko bekak" izeneko 512002 51300 4809 465102 partidari egotziko zaio.

Era berean, partida horretan 2026an zehar aurrekontu-baliabide gehiago izanez gero, deialdi honetan aurreikusitako hasiera bateko gastuari gehitzen ahalko zaio, baina gastu horren zenbatekoa ezin izanen da izan emandakoa baino handiagoa.

4. Ebazpen hau igortzea Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuari, Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Ebaluazio Batzorde Teknikoko kideei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren atalari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Agintzea ebazpen hau eta dagokion eranskina argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta https://www.navarra.es/eu/hasiera atariko administrazio publikoaren eremurako katalogoen zerbitzuan, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 27an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako profesionalek zainketen berrikuntzaren arloan egiten duten ikerketa-lana areagotu dadila sustatzea 2026. urtean. Profesional horiek erizaintzako zainketetan zentratutako hobekuntza-plan bat duten unitate asistentzialetako kide izan beharko dira.

2. oinarria.–Prozedura antolatu eta bideratzeko organo eskudunak.

2.1. Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalari esleitzen zaizkio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako profesionalen zainketen berrikuntzaren arloan ikerketa-lana areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatzeko eta bideratzeko eginkizunak.

Instrukzio organoak Batzorde Teknikoaren balorazioari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, Ikerketa eta Berrikuntza Atal horretaz ari da.

2.2. Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

3. oinarria.–Finantzaketaren eskatzaileak.

3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organiko asistentzialetako, osasun mentaleko zentroetako edo oinarrizko osasun laguntzako zentroetako arduradunek eska dezakete beren profesionaletako baten ikerketa-lana areagotzea, betiere unitateek hurrengo atalean ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Unitate organiko asistentzialak izanen dira onuradunak, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Unitate organikoaren hobekuntza-plan bat aurkeztea, ongi zehazturik helburuak, ekintzak eta ebaluazio adierazleak. Hobekuntza-plana ebidentzia zientifikoan oinarritutako gomendioen ezarpenean eta ebaluazioan oinarrituko da, eta erizaintzako zainketetan zentratuko da.

–Ospitaleen eta osasun mentaleko sarearen esparruan, gutxienez %80ko puntuazio orokorra lortu izana ebaluatutako azken urteko kudeaketa-helburuak lortzeari dagokionez; eta oinarrizko osasun laguntzan, "Akreditatua" egoera lortu izana "Akreditazioa" deritzon atalean.

3.3. Ikerketa-lana areagotzeko hautagaiak, berriz, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Jarduera asistentziala izatea eta funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izatea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin unitate organiko eskatzailean, erizaintzako langile gisa, gutxienez lanaldiaren % 50eko dedikazioarekin, laguntza hau eskatzen denetik ikerketa-lana areagotzeko jarduera bukatu arte.

–Ez izatea ikerketa-lana areagotu zaion ikertzailea, ez deialdi honetan, ez eta aurten edo azken 3 urteetan Osasun Departamentuak egindako antzeko deialdi batean.

4. oinarria.–Gastu finantzagarriak.

4.1. Deialdi honen bidez, Osasun Departamentuak ikerketa-lana areagotuko zaion pertsonaren ordezko bat aldi baterako kontratatzeko kostua fnantzatuko du, gehienez ere 12 hilabeterako, ikerketa-lana areagotzen hasten den egunetik aurrera.

4.2. Deialdi honek, guztira, 50.000 euro finantzatuko ditu, 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuen aurrekontuko "Osasun langile publikoen ikerketa-lana areagotzeko bekak" izeneko 512002 51300 4809 465102 partidaren kargura.

4.3. 2026. urteko partida horretan aurrekontu-baliabide gehiago izanez gero, diru hori hasieran aurreikusitako gastuari gehitzen ahalko zaio, baina gehikuntza hori ez da izanen deialdi honetan aurreikusitako zenbatekoa baino handiagoa.

4.4. Unitate organiko asistentzialari finantzatzen ahal zaion diru-zuzkidura 25.000 eurokoa izanen da, Gizarte Segurantzako enpresa-kuota barne.

4.5. Puntu gehien lortzen duten unitate organiko asistentzialak finantzatuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

4.6. Ikerketa-lana areagotzen zaion langilea atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren ordezko langileen kontratazioa. Finantzaketa 12. oinarrian xedatutakoari jarraikiz kudeatuko da.

5. oinarria–Ordezkapen kontratuaren ezaugarriak.

5.1. Ordezkoaren lotura administrazio- edo lan-kontratazioaren bidez eginen da, ordezkatzen den pertsonaren funtzionario-, estatutu- edo lan-loturaren arabera, aplikatu beharreko legeriaren babesean, eta ordeztu beharreko langileen urteko lanaldiaren ehuneko 50eko liberazioaren baliokidea den aldi baterako, gehienez ere. Denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahalko da.

5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, lehenengo ordezkapen kontratua sinatzen denetik hasita. Ordezkoen kontratazioaren etenaldiak kasu hauetan bakarrik berreskuratzen ahalko dira: amatasun edo aitatasun bajetan edo familia zaintzeko bajetan.

6. oinarria.–Eskaerak.

6.1. Ikerketa-lana areagotzeko laguntzak deialdi honen kargura eskatzeko agiri normalizatuak eskuragarri daude Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/convocatoria-para-la-concesion-de-financiacion-para-la-intensificacion-de-la-actividad-investigadora-en-innovacion-en-cuidados-de-los-profesionales-de-enfermeria-en-los-centros-del-servicio-navarro-de-salud-osasunbidea-durante-el-ano-2026-

6.1. Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

–1. agiria. Unitate organiko asistentzialaren arduradunak sinatutako eskabidea, non jasoko baitira, alde batetik, ikerketa-lana areagotuko zaion pertsonaren izena, eta, bestetik, unitate asistentzial horri dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearen oniritzia.

–2. agiria. Eskaera aurkezten duen unitate organiko asistentzial eskatzaileak ikerketa-lana areagotuko dion hautagaia izatea onartzeko idazkia, areagotu nahi den jarduera eginen duen pertsonak sinatua.

–3. agiria. Ikerketa-lana areagotu behar zaion profesionala zer unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren hobekuntza-plana, egoeraren diagnostikoa, justifikazioa, helburuak, ekintza-plana eta emaitzen neurketa zehaztuta.

–4. agiria. Ikerketa-lana areagotuko zaion aldian langile onuradunak beteko duen jardueraren zehaztasunak eta kronograma.

–5. agiria. Ikerketa-lana areagotu behar zaion erizaintzako profesionalaren curriculum merezimenduak, Nafarroako Gobernuaren webguneko (www.nafarroa.eus) administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan eskuragarri dagoen formatuaren arabera.

Deialdian baloratu daitezkeen merezimenduak modu ordenatu, sistematiko eta osoan aurkeztuko dira, deialdiaren 10. oinarrian jasotako ebaluazio irizpideei jarraikiz. Merezimendu bakoitza justifikatzeko, dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da. Lehia bidezko deialdien bidez finantzatutako ikerketa-proiektuetan parte hartu izana erakunde finantzatzaileak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko da. Deialdiaren URLa adieraziko da, behar diren egiaztapenak egiteko. Ez dira kontuan hartuko behar bezala justifikatzen ez diren merezimenduak.

–6. agiria. Ikerketa-lana areagotuko zaion erizaintzako profesionalaren konpromiso idazkia, non hitzemanen baitu instrukzio organoari jakinaraziko diola baldin eta, ikerketa-lana areagotzeko onartzen zaion aldian zehar, unitate organiko asistentzialez aldatzen bada edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura galtzen duen.

Sinatuta aurkeztu behar diren dokumentu guztiek sinadura elektroniko digitala izan beharko dute.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/convocatoria-para-la-concesion-de-financiacion-para-la-intensificacion-de-la-actividad-investigadora-en-innovacion-en-cuidados-de-los-profesionales-de-enfermeria-en-los-centros-del-servicio-navarro-de-salud-osasunbidea-durante-el-ano-2026-

7.3. Eskaeran ez bada frogatzen betetzen direla aipatutako baldintzak, instrukzio organoak jakinarazpen administratibo baten bidez interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko den ebazpena eman ondoren.

7.4. Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

8. oinarria.–Balorazio batzorde teknikoa.

Honako hauek osatuko duten batzorde tekniko batek baloratuko ditu tramitera onartzen diren eskaerak:

Ana Mateo Cervera andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua, Nafarroako ordezkaria dena Ebidentzian oinarritutako osasun zainketetarako Espainiako Zentroaren Batzorde Zientifikoan, Carlos III Osasun Institutuan.

Ana Fernández Navascués andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko Kronikoen Estrategiaren eta Osasun arloko Beste Estrategia Batzuen Ataleko burua.

Carmen Beorlegui Arteta andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Argitalpen Zientifikoen Bulegoko burua.

Ana Chocarro Resano andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa Kudeatzeko Bulegoko burua.

Elena Antoñanzas Baztan andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria.

María Barrios Madiedo andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia Sanitario eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Ataleko burua.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

Batzorde teknikoak onartzen diren eskaeren balorazioa eginen du, deialdi honen 10. oinarrian jasotako ebaluazio irizpideen arabera, eta irizpen bat emanen du, non eskaerak lehenetsiko baitira lortutako emaitzen arabera.

10. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

10.1. Balorazioa honako irizpide eta baremo hauen arabera eginen da:

a) Ikerketa-lana areagotzeko laguntzak jasotzeko izangaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: gehienez 30 puntu.

a.1. 1 puntu, honako egoera hauetakoren bat egiaztatzen badu:

i. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna izatearen ziurtagiria, organo eskudunak emana.

ii. Amatasunagatiko, aitatasunagatiko, edoskitzeagatiko edo bere ardurapeko ahaideak zaintzeagatiko baimena, 2021eko urtarrilaren 1etik deialdiaren datara arte.

iii. Genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzen duen dokumentua, Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak emana.

a.2. Argitalpenen balorazioa. Baloratzea nahi diren argitalpenak erantsiko dira. 5 puntu emanen dira gehienez, honela banaturik:

i. Journal Citation Report-en (JCR) indexatutako aldizkari zientifikoetan egindako argitalpen bakoitzeko: lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 3 puntu. Gainerako egileak: 1,5 puntu.

ii. Beste datu-base batzuetan indexatutako aldizkari zientifikoetan egindako argitalpen bakoitzeko: lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 2 puntu. Gainerako egileak: 1 puntu.

iii. Liburuko kapitulu bakoitzeko: sinatzaile bakarra: puntu 1; sinatzaile bat baino gehiago badaude: 0,5 puntu.

iv. Arreta-protokolo bakoitzeko: sinatzaile bakarra: puntu 1; sinatzaile bat baino gehiago badaude: 0,5 puntu.

a.3. Espezialitateko edo jakintza arloko erreferentziazko elkarte zientifikoek antolatutako kongresu eta kalitate bileretan komunikazioak, hitzaldiak edo posterrak egiteagatik, betiere lanak onartzeko hautapen prozesua egin bada. 5 puntu gehienez, honela banaturik:

i. Lehenengo egile gisa:

–Nazioarteko kongresu bateko komunikazio bakoitzeko: 3 puntu.

–Nazio mailako kongresu bateko komunikazio bakoitzeko: 2 puntu.

–Eskualdeko kongresu bateko komunikazio bakoitzeko: 1 puntu.

–Nazioarteko kongresu bateko poster bakoitzeko: 2 puntu.

–Nazio mailako kongresu bateko poster bakoitzeko: 1 puntu.

–Eskualdeko kongresu bateko poster bakoitzeko: 0,5 puntu.

ii. Gainerako egileen parte-hartzea aipatutako puntuazioaren erdiarekin baloratuko da.

a.4. Ikerketa-proiektuetan parte hartzea. 5 puntu gehienez, honela banaturik:

i. Ikertzaile nagusi gisa parte hartzea:

–Nazioarteko proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1,5 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1 puntu.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 0,6 puntu.

ii. Lehia bidezko deialdietan finantzatutako proiektuetan parte hartzea: puntu 1 gehiago parte-hartze bakoitzeko.

iii. Laguntzaile gisa parte hartu izanez gero, aipatutako puntuazioaren erdia emanen da.

a.5. Beste merezimendu batzuk. 14 puntu gehienez, honela banaturik:

i. Bere ikerketa-lanarekin lotutako graduondoko prestakuntza (gehienez 8 puntu). Aurkeztutako titulu bakoitza honela puntuatuko da:

–Doktorego tesia: 4 puntu.

–Erizaintzako espezialitatea: 2 puntu.

–Unibertsitateko master ofiziala: 1 puntu.

–Berezko unibertsitate masterra edo unibertsitate aditua: 1 puntu.

ii. Irakasle gisa izandako parte-hartzea (gehienez 2 puntu):

–Lanbide sanitarioen Etengabeko Prestakuntza Batzordeak egiaztatutako etengabeko prestakuntzako prestakuntza-ekintza bakoitzeko: 1 puntu.

–Unibertsitateko irakasle izandako ikasturte bakoitzeko: 0,5 puntu.

–Praktiketako tutore laguntzaile izandako ikasturte bakoitzeko: 0,5 puntu.

iii. Asistentziaren kalitatearen arloko prestakuntza (2 puntu gehienez).

–Etengabeko prestakuntzako jarduera frogatuak: 0,5 puntu kreditu bakoitzeko.

iv. Esperientzia hobekuntza-planetan (gehienez 2 puntu):

–Hobekuntza-plan baten koordinatzaile gisa, 2 puntu.

–Hobekuntza-planen sustatzaile gisa: 1 puntu plan bakoitzeko.

Merezimendu guztiak ziurtagiri ofizialen bidez egiaztatu beharko dira.

b) Aurkeztutako hobekuntza-planaren balorazioa: gehienez 70 puntu.

b.1. Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa: hori baloratzeko, kontuan hartuko dira abiapuntuko egoera, arazoa sortzen ari diren kausarik probableenak eta arazoaren kuantifikazioa. 20 puntu gehienez, honela banaturik:

i. Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren testuinguruan aztertuta badago: 20 puntu.

ii. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan partzialki aztertuta badago (arlo edo zentro batean): 10 puntu.

iii. Arazoaren diagnostikoa egiten ez bada Osasunbidea-Nafarroako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren testuinguruan: 0 puntu.

b.2. Proposatutako ekintzak eta helburuak nola ezkontzen diren: baloratuko da hobekuntza-ekintzak aukeratu izana honako hauek ezagutzearen ondorio logiko gisa: arazoa nolakoa den, haren kausak, ezarritako helburuak eta ekintzen ebidentzia maila. 30 puntu gehienez, honela banaturik:

i. Proposatutako ekintza guztiak ebidentzian oinarrituak badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 30 puntu.

ii. Proposatutako ekintzen erdiak, gutxienez, ebidentzian oinarrituak badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 20 puntu.

iii. Ekintzak helburuekin lotuak badaude, baina aipatzen ez bada gomendioaren indarra proposatutako ezein ekintzatan: 0 puntu.

b.3. Ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarriak: haien balioa, sentsibilitatea eta espezifikotasuna baloratuko dira, bai eta proposatutako ekintzetan bilatzen den aldaketa neurtzeko ahalmena ere. 20 puntu gehienez, honela banaturik:

i. Proposatutako ekintza bakoitzerako ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri bat badago: 20 puntu.

ii. Ekintzen erdiak, gutxienez, ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri batekin lotuak badaude: 10 puntu.

iii. Ekintzetako bat ere lotua ez badago, edo ekintzen erdiak baino gutxiago baldin badira ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri batekin lotuak daudenak: 0 puntu.

10.2. Hautagaiaren curriculum-merezimenduak finantzatzeko, gutxienez 10 puntu lortu beharko dira, eta aurkeztutako hobekuntza-planak, gutxienez, 35 puntu lortu behar ditu.

10.3. Eskaera batek baino gehiagok puntu kopuru bera lortzen badute, lehentasuna emanen zaio Balorazio Batzorde Teknikoak hobekuntza-planaren balorazioan puntuazio handiena lortzen duen eskaeraren finantzaketari.

11. oinarria.–Ikerketa-lana areagotzea onartzea.

11.1. Batzordeak, 9. oinarri arautzailean ezarritako irizpideei jarraikiz, finantzaketa emateko behin-behineko proposamen bat onartu beharko du. Proposamen hori Nafarroako Atarian argitaratuko da (Administrazio Publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan).

11.2. Argitaratu ondoren, 10 egun balioduneko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

11.3. Behin batzordeak bere iritzi loteslea adierazita izangaiek aurkeztutako alegazioei buruz edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherei buruz, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko proposamena eginen du.

11.4. Osasuneko zuzendari nagusia da finantzaketa emateko organo eskuduna. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, instrukzio organoaren proposamen arrazoituaren arabera. Proposamen horretan zehaztuko da zein diren ikerketa-lana areagotuko zaien pertsonak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zein unitate organiko asistentzialetakoak diren zehaztuta. Epe hori iragaten bada ebazpenik berariaz jakinarazi gabe, ulertuko da eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.5. Ebazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen legerian aurreikusitako moduan jakinaraziko zaie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organikoei, ikerketa egiten den zentroko zuzendaritzari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Atalari, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da.

12. oinarria.–Finantzaketaren kudeaketa.

Esleitzen den diru-zenbatekoa 2026an ordainduko zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari (IFZa: Q3150004D), ikerketa-lana areagotuko zaion langile bakoitza ordeztuko duen pertsona kontratatzeak dakartzan gastuak ordain ditzan. Ikerketa-lana areagotuko zaion pertsonak zein zentrotan lan egiten duen, partida hauetan eginen da diru-sarrera:

–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa: 543000 52200 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Osasun Mentaleko Kudeatzailetza: 541004 52700 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza: 547001 52300 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Tuterako Kudeatzailetza: 545000 52400 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Lizarrako Kudeatzailetza: 546000 52500 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

Dirulaguntza ematen den unean ordainduko da.

Deialdia hutsik geratuz gero, finantzaketa 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastu-aurrekontuko partida honetara itzultzen ahalko da: "Osasun langile publikoen ikerketa-lana areagotzeko bekak" izeneko 512002 51300 4809 465102 partida.

13. oinarria.–Proiektua gainbegiratzea.

Proiektuak gauzatzean kalitatea bermatzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Ataleko buruak etengabe gainbegiratu eta tutorizatuko du hobekuntza-zikloen aurrerapena.

14. oinarria.–Ikerketa-lana areagotzeko jarduera gauzatzea.

14.1. Ikerketa-lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikerketa-lana areagotzen ari denak egin beharreko jarduerari buruz aurkezten den dokumentazioan aurreikusten den moduan.

14.2. Ikerketa-lana areagotzeko jarduera aurrera eramatean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro idatziz baimendu beharko du, aurretik, Ikerketa eta Berrikuntza Atalak.

14.3. Dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean ordezko langilerik kontratatzen ez bada, finantzaketa eten eginen da eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak itzuli beharko du ordaindu zaion finantzaketa.

14.4. Ordezko langilerik kontratatzen ez bada edo ondorioztatzen bada proiektua ez dela justifikatu, Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalak txosten arrazoitua egin ondoren, jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko du, deusetan galarazi gabe sor litezkeen erantzukizunak.

15. oinarria.–Ikerketa-lana areagotzeko jardueraren bukaera eta justifikazioa.

15.1. Ikerketa-lana areagotzeko jarduera bukatzen den egunetik hasi eta hilabeteko epean, hobekuntza asistentzialeko zikloen aurrerapenaren gainbegiratzea eta tutoretza jarraitua egiten duen arduradunak, unitate organiko asistentzialaren arduradunarekin batera, Ikerketa eta Berrikuntza Atalari azken memoria bat bidaliko dio, egindako ekintzen eta proposatutako adierazleen arabera lortutako emaitzen ebaluazioaren deskribapen xehatuarekin; gainera, berrikuntzaren eraginari buruzko atal bat jaso beharko du: jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gaineko eragina, osasunaren gaineko eragina edo ematen den osasun zerbitzuaren gaineko eragina. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da. Memoria hori unitate organiko asistentzialeko arduradunak sinatu beharko du.

15.2. Ikerketa-lana areagotzeko jarduera aurrera eramateko beharrezkoa bada, unitate organiko asistentzialaren arduradunak Ikerketa eta Berrikuntza Atalari eskatzen ahalko dio luza dezala gauzatzeko epea edo azken memoria aurkezteko epea, behar bezala arrazoituta, betiere gauzatzeko epea edo memoria aurkezteko epea bukatu aurretik, kasua zein den.

15.3. Epe horretan berean, orobat, unitate asistentzialak justifikatu beharko du ikerketa-lana areagotu zaion pertsona ordeztu dela, bai eta ordezkapenaren iraupena eta lanaldia ere, eta, horrez gainera, ordezkapen horrek sortutako kostua eta egindako ordainketak ere bai.

15.4. Justifikatzen ez bada proiektua gauzatu dela eta langileak ordeztu direla deialdian ezarritakoari jarraikiz, Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalak txosten arrazoitua eman ondoren, jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatuko du, deusetan galarazi gabe litezkeen erantzukizunak.

16. oinarria.–Konpromiso gehigarriak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa-lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen zabalkundean, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Produkzio horien berri emanen zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, ikerketa-lana areagotzearen espedientearen zenbakia zehaztuta eta sortzen diren argitalpenak erantsita, azken memoria noiz bidaltzen den kontuan izan gabe.

17. oinarria.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

Zilegi da aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.

18. oinarria.–Datuen babesa.

Eskabidean eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai; zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web helbide honetan:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa

Iragarkiaren kodea: F2608243