2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
URROTZ-HIRIA
Ordenantza, arautzen duena nola paratu instalazioak eguzki-energia teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez bildu eta aprobetxatzeko. Behin betiko onespena
Urrotz-Hiriko Udalak, 2026ko maiatzaren 26an egin ohiko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea ordenantza bat, arautzen duena nola paratu instalazioak Urrotz-Hirian eguzki-energia teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez bildu eta aprobetxatzeko.
Hasierako onespenaren erabakia argitaraturik 2026ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 8an, jendaurreko epean alegazio bat aurkeztu zen, zeina ezetsi baitzen 2026ko maiatzaren 26an egin osoko bilkuran.
Aldaketa hori behin betiko onetsi da eta Ordenantza osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Erabaki honen kontra errekurtso hauetariko bat aurkezten ahal da, hautara:
1. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.
2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien arloan dagokion epaitegiari zuzendua, salbu Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan ezartzen diren kasuetan; halakoetan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkeztuko baita.
Urrotz-Hirian, 2026ko ekainaren 11n.–Kudeaketa Batzordeko burua, Silvia Teilleri Vicondoa.
UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA NOLA PARATU INSTALAZIOAK URROTZ-HIRIAN EGUZKI-ENERGIA TEKNOLOGIA FOTOVOLTAIKOAREN ETA TERMIKOAREN BIDEZ BILDU ETA APROBETXATZEKO
I. kapitulua.–Xedea, esparrua eta definizioak
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez eguzki-energia jaso eta aprobetxatzeko instalazioak paratzeko Urrotz-Hiriko udal-mugartean.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Ordenantza honetako determinazioek eguzki-instalazioak (termikoak eta fotovoltaikoak) arautzen dituzte, hiri-lurzoruan (finkatuan eta finkatugabean), urbanizagarrian eta urbanizaezinean.
3. artikulua. Definizioak.
1. Ordenantza honetan, panelak edo plakak deituko zaie, informalki, eguzki-energia biltzeko elementuei. Bi panel mota sartuko dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera, energia termikoa edota energia elektrikoa.
2. Ordenantza honek berdin arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokaturik dauden lurzoruaren hirigintzako sailkapena.
II. kapitulua.–Hiri-lurzoruko instalazioak
4. artikulua. Hiri-lurzoruko instalazioak.
1. Inguruko eraikinen energia-premiak eta propioak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak bakarrik baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
2. Debeku da eguzki-plakak paratzea hirigune historikoko El Ferial plazara eta udaletxeko plazara ematen duten eraikinetako estalkien isurkietan. 1. eranskineko planoan dago araututa hori.
3. Baimenduko da eguzki-panelak paratzea eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:
a) Plakak estalki planokidearen isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat, edo zenbait.
b) Horiek guztiak gutxienez 0,6 metro bereiziko dira fatxadetako planoetatik, eta 0,6 metro mehelin, ertz eta gailurretatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira. Ezin izanen dira paratu hegalen eta hegala eratzen duten elementuen gainean.
c) Kalera ematen duten fatxadetan eta estalkiaren gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk paratu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak eta kanalizazioak. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean, dela barnealdeko fatxadan.
4. Eguzki-panelak paratzen ahalko dira eraikinetako estalki lauetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dira eta horien gehieneko garaieraren azpitik kokatuko dira. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk badaude (barandak, beirak, etab.), ezin izanen da paratu aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera bista horiek eragozteko neurriak proiektatzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu.
b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen garaiera eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.
5. Hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki-panelik paratu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan. Bakarrik eraikina osorik, fatxada barne, birgaitzen bada joko da eraikin berritzat, eta hurrengo puntuaren arabera arautuko da.
6. Hiri-lurzoruan antolamendu edo eraikuntza baliabide egokien bidez garaturiko obra berriko eraikinetan baimenduta egonen da eguzki-panelak paratzea fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan, baldin eta fatxadako planoan eta/edo fatxadaren eraikuntza elementuetan txertatzen badira (leihoak, barandak, karelak, etab.), dena delako altxaeraren azaleraren %30 baino gehiago hedatzen ez badira eta ukitzen dituzten indarreko araudia eta eraikingintza-ordenantza betetzen dituztela justifikatzen badute.
7. Eguzki-panelak paratzen ahalko dira lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
a) Instalazioa soilik baimenduko da baldin eraikin kontsumitzaileak lehendik badaude edo aldi berean obra-lizentzia ematen bada horietarako.
b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.
c) Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak –euskarriak eta beste elementu batzuk barne– ezin izanen dira 1,60 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.
d) Okupatutako gehieneko azalera %40koa izanen da, eta gehienez ere 40,0 m²-koa. Azterlan bat aurkeztuko da eraikin mugakideen gaineko balizko eraginei buruz, batez ere balizko islei dagokienez eta eraikin horien gaineko balizko ispilu efektuari dagokienez, eta, hala badagokio, azterlan horretan jasotakoa bete beharko dute.
5. artikulua. Instalazioak, zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.
1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
III. kapitulua.–Lurzoru urbanizaezineko instalazioak
6. artikulua. Lurzoru urbanizaezineko instalazioak.
1. Lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean (eguzki-parkeak) eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioak paratzea berariaz arautua dago indarreko araudi sektorial autonomikoan (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete behar ditu, halaber, indarreko hirigintza-plangintzan lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarririko erabilera baimenduak edo baimengarriak, eta jasotzen direnak 3. Lurralde Antolamenduko Plana - Eremu Zentrala izenekoan.
2. Eguzki-instalazio hauek baino ez dira baimenduko: zein udalerri edo udal-mugartetan kokatzen diren, udalerri edo udal-mugarte horien energia-beharrak partzialki edo guztiz estaltzera bideratutakoak.
3. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da paratzekoa den jarduera berriak lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen departamentuaren arauzko baimena lortzea, hala badagokio, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.
4. Lehendik badiren eraikinetan, eguzki-panelek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ezin izanen dira paratu ez fatxadetan, ez balkoietan ez begiratoki eta antzekoetan.
b) Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, eta ez dago mugarik azalerari nahiz orientazioari dagokionez.
c) Estalki inklinatuetan, estalkiaren planoetan bermaturik paratzen ahalko dira, eta panelen orientazioak aldatzen ahalko eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen 0,60 metroko garaiera inongo tokitan, isurialdeko planoarekiko zut neurtuta. Okupatutako azalera gutxienez 0,6 metro bereiziko da fatxadaren lineatik, teilatu-hegal, mehelin, ertz edo gailurretik kanpora. Estalkiaren azaleraren %80 okupatzen ahalko da gehienez, proiekzio horizontalean neurtuta.
d) Instalazioak planteatzeko eraikinek legezkoak izan beharko dute, edo haien garaian indarrean zen legediaren arabera paratuak. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak bildu beharko du, orobat, legeztatzea lehendik dauden erabilerak eta jarduketak eta eraikuntzak.
e) Aisialdiko baratze eta baratze tradizionaletan, Lurralde Antolamenduko Planak proposatzen duenaren arabera, gehieneko potentzia elektrikoa 1,1 kW-ekoa izanen da.
Instalazio horiek beharko dute lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen departamentuaren baimena, hala ezartzen duenean hirigintzako legeriak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikulua), galarazi gabe beste baimen edo txosten batzuk ere behar izatea, beste organo edo administrazio batzuen aldetik.
IV. kapitulua.–Beste xedapen orokor batzuk
7. artikulua. Instalazio bereziak.
Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak paratzeko aukera; betiere beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.
8. artikulua. Ondare historikoa babestea.
Arau subsidiarioen katalogoan sarturiko eraikinetan edo tokietan, edo babestutako beste elementu batzuetan instalazioak paratzeko eskaerak bidaliko dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, aurretiko txostena egiteko. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
9. artikulua. Izapidetzea.
Instalazio-eskaerak eginen dira aplikatzekoa zaion sektore eta/edo hirigintza araudiaren arabera.
Xedapen gehigarriak
Lehenbizikoa: Udalak hobari lerro bat onartzen ahalko du urtero, ordenantza honen aplikazioa sustatzeko.
Bigarrena: Baldin ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egiten badira eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, galarazi gabe ondoren ordenantza egokitzea, beharrezkoa den horretan. Aldaketaren bat egiten bada Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoan nola Nafarroako Foru Komunitatekoan–, ukitutako artikuluak eguneratuko dira, araudi horretara egokitu daitezen.
Azken xedapena
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
1. ERANSKINA.–PLANOA

Iragarkiaren kodea: L2608614