123. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Deialdia, dirulaguntzak emateko kultura entitateei, 2026an arte eta kultura arloko jarduerak egin ditzaten. Laburpena

DDBN kodea: 911503.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan xedatuarekin. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/911503).

Burlatako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzari jarraikiz (2021eko 185. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 9an), kultura entitateei dirulaguntzak emateko deialdia iragartzen da, 2026ko ekitaldirako.

1.–Xedea.

Deialdiaren xedea da diruz laguntzea Burlatan egiten diren hainbat kultura jarduera, lotura dutenak dantzarekin, musikarekin, antzerkiarekin, arte plastikoekin, festekin eta ospakizun tradizionalekin, bai eta antzeko beste jarduera batzuk ere, kultura edo arte izaera dutenak.

Honako hauek deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:

–Aperitiboak, bazkariak eta antzeko jarduerak, salbuetsita oso herrikoiak izanik herritar guztientzat direnak, betiere aldez aurretik Burlatako Udalak baimentzen baditu.

–Kanpaldiak, ikastaroak, egonaldiak eta bidaiak.

–Kultura jardueren sariak, trofeoak eta gauzen bidezko ordainketak.

–Burlatako Udalak lankidetza-hitzarmenen bidez finantzatutako jarduerak, bai Kultura eta Jaien Alorraren bidez, bai beste udal-alor batzuen bidez.

Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kredituak baimentzen dira, 33400-4820001 partidan esleituta daudenak (dirulaguntzak emateko ohiko deialdia); deialdia eginen da baldin eta aurrekontuan horretarako kontsignaziorik badago.

2.–Baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkartea izatea.

b) Elkarteak legez eratuta egon behar du, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino urtebete lehenagotik.

c) Egoitza soziala eta fiskala Burlatan izatea.

d) Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman entitateei, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean badaude.

e) Burlatako Udaleko elkarteen erregistroan inskribatuta egotea eta datuak eguneratuta edukitzea.

f) Tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izatea.

3.–Aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Deialdiaren oinarriak ikusgai egonen dira Udalaren web orrian (https://www.burlada.es/eu/) eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, eta haren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

3.2. Deialdira aurkezten ahalko dira 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean egindako jarduerak. Eskabideak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 6an amaituko da, 14:00etan.

3.3. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira, Burlatako Udalaren egoitza elektronikoan. Orobat, aurkezten ahalko dira Udaleko Erregistro Orokor Elektronikoan edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskabideak telematika bidez ere aurkezten ahalko dira posta bulegoetan, ORVE delakoa baliatuz (Erregistro Birtual Elektronikoa), helmugako kode digital honetara igorriz: L01310608.

3.4. Epe hori luzaezina izanen da. Epe arruntetik kanpora aurkezten diren eskabideei ezezkoa emanen zaie besterik gabe.

Burlatan, 2026ko ekainaren 9an.–Alkatea, Berta Arizkun González.

Iragarkiaren kodea: L2608438