2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
EGUESIBAR
Oposizio-lehiaketa, lorezaintzako ofizialaren bi plaza betetzeko, barne-igoera murriztuan
Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko maiatzaren 21eko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zuen. Hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea lorezaintzako ofizialaren bi plaza, C mailakoak, barne-igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozedurari.
1.2. Plantilla organikoa onestean, zeina hasiera batez onetsi baitzen 2025eko apirilaren 15eko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez eta behin betikoa bilakatu baitzen, lorezaintzako ofizialaren lanpostu bat sortu zen (plantillan 9.12 zenbakia duena) –lehendik zegoenaz gain (plantilla organikoan 9.11 zenbakia duena)– D mailako lorezaintzako peoiaren lanpostutik abiatuta. Bete behar dira, hala, lorezaintzako ofizialaren bi lanpostu, C mailakoak, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozedurari. Maila horretan sartzeko arrazoia da goragoko mailari dagozkion zereginak bete beharra.
Bi plazak lan publikoaren eskaintzan sarturik daude, bete daitezen (Tokiko Gobernu Batzarraren 2025eko urriaren 18ko erabakia).
1.3. Hautaprobak gainditu ondoren lorezaintzako ofizial izendatzen direnak, Lorezaintzako Departamentuari atxikiak, C mailan edo taldean sailkatuko dira, eta jasoko dituzte maila horretako ordainsariak.
1.4. Mailaz igoko dira prozesua gainditu eta deialdiko plazen kopuruan sartzen diren izangaiak.
1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izan funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eutsiko dio eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari.
1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Eguesibarko Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D mailakoa.
b) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
c) Frogatzea Nafarroako administrazio publikoetan bost urteko zerbitzuak benetan egin izana.
d) Edukitzea Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokideren bat.
Titulazio hori izateko baldintzaren ordez, aski izanen da frogatzea zortzi urte eman izana benetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuan.
Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da betetzen direla baldintza horiek.
3.–Eskabideak eta tasak.
3.1. Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek bide telematikoz aurkeztu beharko dute eskabidea, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, honako izapide honetan:
https://sedeelectronica.valledeegues.es/catalogoservicios.aspx?area=577&ambito=1
Parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dira epaimahaiak baloratu beharreko merezimendu guztiak, deialdi honen oinarrien arabera.
3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.3. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 6,00 euro ordaindu beharko dira izena emateko izapidearen bidez. Tasa ez bada ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barrenean, izangaia baztertu eginen da.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Izangai bazterturik ez bada, zerrenda hori zuzenean onesten ahalko da behin betiko zerrenda gisa.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, bost gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitara emanen da izangai onartuen behin betiko zerrendarekin batera.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake, bere eskumeneko jarduketa guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Deialdiaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi, eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zer ordutan hasiko den oposizio-lehiaketa. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, eta lehiaketaldian oposizioaldia gainditu dutenen merezimenduak baizik ez dira baloratuko.
6.3. Oposizioaldia.
6.3.1. Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz erantzun beharko zaie 50 galderari, gehienez. Galderok izanen dira I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Hala, galderaren balioaren heren bat kenduko da, baldin erantzuteko aukerak hiru badira, eta, aldiz, balio horren laurden bat kenduko da, baldin erantzuteko aukerak lau badira. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.
6.3.2. Epaimahaiak ariketa teoriko-praktikoaren emaitza argitaratuko du iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian, eta bost egun balioduneko epea irekiko da alegazioak egiteko. Hura bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (halakorik aurkeztu bada), behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
6.3.3. Oposizioan 70 puntu lor daitezke gehienez, eta 35 puntu beharko dira ariketa gainditzeko.
6.3.4. Oposizioko ariketa baztertzailea izanen da. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 35 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.3.5. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
6.4. Lehiaketaldia.
6.4.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, jarraian azaltzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.4.2. Merezimenduen baremoa:
a) Nafarroako administrazio publikoetan, lorezaintzako peoiaren, lorezaintzako ofizialaren edo gisako lanpostuetan zerbitzuak emateagatik: urte bakoitzeko 2 puntu (gehienez 15 puntu).
Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
b) Prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik, baldin eta deialdiaren xedeko lanpostuaren eginkizunekin lotuta badaude eta erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu badituzte: 0,10 puntu 10 prestakuntza-orduko (gehienez 10 puntu).
–Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, ordu-zatiak hainbanatu eginen dira.
–Orduen kopurua jasotzen ez duten ziurtagiriei 0,05 puntuko balorazioa emanen zaie.
–Ikasturte akademiko bateko iraupena jasotzen duten ziurtagiriei, orduak zehaztu gabe, 120 orduren balorazioa emanen zaie.
–Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak sartuko dira.
–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
6.4.3. Lehiaketaldiko puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez.
6.4.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du merezimenduen behin-behineko balorazioa, iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian, eta bost egun balioduneko epea irekiko da alegazioak egiteko. Hura bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (halakorik aurkeztu bada), behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
7.–Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Prozesuaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera, Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
7.2. Epaimahaiak izendapen proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, egoki diren izangaien alde, hau da, prozedura gainditu eta deialdiko plaza kopuruan sartzen diren izangaien alde. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautapen-prozesua bukatutakoan, Alkatetzak, izendapen proposamenarekin bat, ebazpen bidez izendatuko ditu prozedura gainditu eta deialdiko plaza kopuruan sartzen diren izangaiak, eta zehaztuko du horiek izanen duten maila berria. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izendatzen diren izangaiek jabetza hartu beharko dute edo lan-kontratuaren eranskina formalizatu beharko dute izendapen-agirian ezarritako egunean. Norbait plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Sarrigurenen, 2026ko ekainaren 8an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.
I. ERANSKINA.–Gai-zerrenda
01. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
02. gaia.–13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako Oihan-ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoa.
03. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
04. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa lorezaintzako mantentze-lanetan.
05. gaia.– Norbera babesteko ekipamendu (NBE) motak lorezaintzan, eta horien erabilera.
06. gaia.–Lorezaintza-lanak. Urteko lanen plangintza orokorra.
07. gaia.–Zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak landatzea.
08. gaia.–Zuhaitzen, zuhaixken eta heskaien mantentze-lanak.
09. gaia.–Ureztatze sistemak: motak, ezaugarriak eta mantentze-lanak. Automatizazioa.
10. gaia.–Izurrite eta gaitz nagusiak lorezaintzan. Borroka integratua. Tratamendu biologikoak.
11. gaia.–Erremintak: motak, ezagutza, erabilera. Segurtasun-baldintzak. Makinak: mantentze-lanak, egokitzea lan motaren arabera.
12. gaia.–Zuhaitzak inaustea. Beharra. Teknikak. Zuhaitzaren anatomia eta fisiologia eta horiek inausketarekin duten lotura. Erremintak eta makineria.
Iragarkiaren kodea: L2608260