123. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Berraztertzeko errekurtsoa, honako honetan: deialdia, oposizio bidez betetzeko hiri kontserbazioko ofizial ikuskatzailearen 2 plaza

Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki hau hartu zuen 2026ko ekainaren 8an egindako bilkuran:

2026ko martxoaren 30ean, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi zuen Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko hiri kontserbazioko ofizial ikuskatzailearen 2 plaza –funtzionario araubidekoak eta C mailakoak– oposizio bidez betetzeko deialdia. Plazetako bat txanda irekian da, eta bestea igoera-txandan.

Deialdiaren 1.2 oinarriak xedatzen du igoera-txandan bete gabe gelditzen diren plazak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkiela. Eta, igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua txanda horretako plaza hutsen kopurua baino handiagoa bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditutako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako amaierako puntuazioaren arabera.

Deialdiaren 6.3.1 oinarriak oposizioko lehen proba arautu eta honako hau ezartzen du: bazterturik geldituko dira atal bakoitzean gehieneko puntuazioaren %50 gutxienez eskuratzen ez duten izangaiak; hala ere, bigarren proba eginen dute gaindituta puntuazio altuena lortu duten 30 izangaiek soilik.

2026ko maiatzaren 23an, Jesús María Ezcurra Ilarregui jaunak berraztertzeko errekurtsoa jarri du deialdiaren oinarrien kontra, ulertzen baitu 30 puntuaziorik altuenen artean egoteko eskakizunak, zeina 6.3.1 apartatuan ezarrita baitago, igoera-txandari aplikatu beharreko araubide juridikoa urratzen duela; bereziki, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretu Legegilearen 15. artikulua. Artikulu horrek ezartzen du hautapen-deialdi bakoitzean lehen plaza hutsa txanda irekikoa izanen dela eta bigarrena igoera-txandakoa; beraz, txanda murriztuan bete gabe gelditzen diren plazak, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Alde horretatik, azpimarratu behar da barne-igoera bide propio eta bereizia dela eta probak gainditzea eskatzen duela, baina ez, ordea, fase bakoitzean txanda irekiko izangai guztiekin lehiatzea, erreserbatutako plaza eskuraezina bihurtzeraino. Horiek horrela, 6.3.1 oinarriaren egungo idazketaren arabera bigarren proba soilik puntuazio altuena lortu duten 30 izangaiek egiten ahalko dute, batera eta txanden arteko bereizketarik gabe, eta horrek eragozten ahal du lehen proba gainditu duten igoera-txandako izangaiek hautapen-prozesuan jarraitzea, ez eskatutako gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, baizik eta puntuazio altuena lortu duten 30en artean ez egoteagatik. Eta kontua da, ondorio hori ez dela guztiz koherentea oinarrietan aurreikusitako txanden konfigurazio bereiziarekin, ez eta arau honekin ere: igoera-txandan bete gabe gelditzen diren plazak txanda irekikoei gehituko zaizkie soilik txanda horretako izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu ez badute. Azken finean, deialdia baldintza gehigarri bat eransten ari da, igoera-txandaren logikan aurreikusten ez dena: gainditzeaz gain, sailkapen orokor batean lehiatu behar izatea prozesuan jarraitu ahal izateko.

Dena den, errekurtsoa puntu honetan baiesteak ez du eragozten Udalak, bere burua antolatzeko eta hautapen-prozesuak egituratzeko duen ahala baliatuz, zentzuzko mugak ezarri ahal izatea bigarren proba eginen duten izangaien kopuruari, betiere muga horiek txanden arteko bereizketa errespetatzen badute eta igoera-txandari dagokion plaza-erreserba desnaturalizatzen ez badute.

Beraz, egokia da hein batean baiestea jarritako berraztertzeko errekurtsoa, 6.3.1 oinarria aldatze aldera, izangaien egungo muga orokorraren ordez txanden arabera bereizitako muga jartzeko. Horrela, bigarren proba eginen dute lehen proba gainditu eta puntuazio altuena lortu duten txanda irekiko 20 izangaiek eta igoera-txandako 20 izangaiek, bai eta txanda bakoitzeko azken postuan berdinduta dauden izangaiek ere.

Horiek horrela, honako hau ERABAKITZEN DA:

Lehenengoa.–Hein batean baiestea Ezcurra Ilarregui jaunak Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko hiri kontserbazioko ofizial ikuskatzailearen 2 plaza oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarrien kontra jarritako berraztertzeko errekurtsoa.

Bigarrena.–Deialdiaren oinarrietako 6.3.1 apartatuaren azken paragrafoa aldatzea. Paragrafoa horrela gelditu da: "Aurrekoa gorabehera, bigarren proba eginen dute soil-soilik lehen proba gainditu eta dagokien txandan puntuazio altuena lortu duten txanda irekiko 20 izangaiek eta igoera-txandako 20 izangaiek. Bi txandetako edozeinetan 20. postuan berdinketarik badago, postu horretan berdinduta dauden izangai guztiek eginen dute bigarren proba, dagokien txandan."

Hirugarrena.–Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, hogei egun naturalekoa, oinarri berriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Lehendik izena eman dutenek ez dute berriz izena eman beharko.

Laugarrena.–Erabaki hau errekurtsogileari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin agintzea.

Erabaki honen aurka honako errekurtso hauetako bat paratzen ahal da:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko administrazioarekiko auzien atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2026ko ekainaren 8an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.

Iragarkiaren kodea: L2608475