123. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MURCHANTE

Oposizio-lehiaketa, administrari-ofizialen bi plaza betetzeko

Alkateak maiatzaren 14an emandako 111/2026 Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi ziren, oposizio-lehiaketa bidez bete daitezen administrari-ofizialen bi plaza.

Alkatearen ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Murchanten, 2026ko maiatzaren 21ean.–Alkate udalburua, Macario Manuel Jarauta Simón.

OINARRIAK.–DEIALDIA, ADMINISTRARI-OFIZIALEN BI PLAZA BETETZEKO OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ, FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN JARDUTEKO

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialen bi plaza betetzea, oposizio-lehiaketa bidez, funtzionarioen araubidean jarduteko. Lau eta hamalau zenbakiak dituzte Murchanteko Udalaren plantilla organikoan, eta udal bulegoetan dute destinoa. Honela banatuko dira:

  • 1 plaza txanda irekian.
  • 1 plaza igoera-txandan.

Halaber, deialdi honen bidez, honako zerrenda hauek eratu nahi dira, hautapen-prozesuan plazarik lortzen ez duten izangaiekin, jarraikiz 9. oinarriari, aldi baterako lan kontratuak egiteko:

a) Probak gaindituta ere plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen proban puntuazioaren %20, gutxienez, lortu duten izangaien zerrenda.

1.2. Baldin hautaprobak gainditzeko gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik bete gabe gelditzen bada igoera txandako plaza hutsa, txanda irekikoari gehituko zaio.

Era berean, igoera txandan hutsik dauden plazak baino izangai gehiagok gainditzen badute, gainditurik ere txanda horretan plaza eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Gisa berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko plaza aurreko atalean adierazi bezala eskuratzeko, baldin ez badituzte betetzen txanda horretan parte hartzeko eskakizun berariazkoak, deialdiko 3.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean.

Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Murchanteko Udaleko funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta hartan alta emanen.

1.3. Plazek C mailako ordainsariak dituzte, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak, baita plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak egokiak izanen dira deialdiko plazen kategoria eta mailarako, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta beste batzuk baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek udal bulegoetan betetzen dituzten eginkizun guztiak.

–Kontabilitate publikoa, eta idazkaritzari eta kontu-hartzailetzari laguntzea, haien esku uzten dituzten betearazpen lanetan.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, betearazpen lanak barne.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bestelako eginkizunak, Murchanteko Udalak agintzen dizkionak.

–Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta gestioak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hauetako bat izatea gutxienez, edo lortzeko moduan egotea: Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Murchanteko Udalaren kontuan (3.3 oinarrian zehaztua) 12 euro sartzea, azterketa eskubideak izateko.

2.2. Igoera txandako izangaiek bete beharko dituzte, aurreko ataleko betekizunez gain, ondotik ematen diren baldintzak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baita agiriak aurkezteko epea bukatzen denetik ere (deialdiaren 3.1 atalean adierazia), harik eta plazaren jabetza hartu arte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

Ez da beharrezkoa izanen deialdian aurreikusitako titulazioa baldin langile finkoak badira eta frogatzen badute administrazio publikoek aitortutako zortzi urteko antzinatasuna.

2.3. Plaza eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Murchanteko Udaleko alkate-udalburuari zuzendu behar zaizkio, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira Murchanteko Udalaren erregistro elektroniko orokorrean (egoitza elektronikoan dago), hartarako baliatuz "Erregistro elektronikoa / Eskabide orokorra aurkeztea" izapidea (Registro Electrónico / Presentación Instancia General). Murchanteko Udala - Egoitza elektronikoa:

https://murchante.sedipualba.es/

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabideak aurkezteko, I. eranskineko eredua erabili beharko da. Eredu hori Murchanteko Udalaren egoitza elektronikoan deskarga daiteke (257155K espedientea: Gardentasun ataria), deialdiaren web-fitxatzat jotzen baita, argitalpen-ondorioetarako.

https://murchante.sedipualba.es/carpetaciudadana/expediente.aspx?id=257155&u=int

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.

b) 12 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan:

–Caixabank: ES 60 2100 5067 0121 00183322.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: administrari-ofizialaren azterketa.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko dokumentazioa ere, organo eskudunak emana.

3.7. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Murchanteko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara eman dadila Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun atarian.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda iragarki-taulan argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara eman dadila Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioa eta zein izanen den epaimahaiaren behin betiko osaera.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Macario Manuel Jarauta Simón, Murchante Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: María Luisa Jiménez Malo, Murchante Udaleko lehen alkateordea.

Epaimahaikidea: José Ángel Ipiña Paris, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Brenda Luna Sánchez, Cortesko Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Laura Lorente Mesa, Ribaforadako Udaleko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Rosa Ana Sáez Ramírez, Murchanteko Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Jesús Manuel Rosón Lete, Ribaforadako Udaleko kontu-hartzailea.

Epaimahaikide idazkaria: Jesús Litago Zardoya, Murchanteko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Cristina Montes Chivite, Cortesko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek–. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.

6.2. Oposizioa 2026ko irailetik aurrera hasiko da.

6.3. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

6.3.a) Nafarroako toki-erakunde batentzat administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu.

6.3.b) Gainerako administrazio publikoetan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko: 1 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

Oharrak:

–Honako hauek hartzen dira administrazio publikotzat: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten erakundeak, eta aurrekoei loturik edo haien mendean dauden erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).

–Hori frogatuko da egoki den administrazio publikoaren ziurtagiriaren bidez; hartan, berariaz agertu beharko da zerbitzu-ematearen iraupen osoa, zenbat egun izan diren zehaztuta. Zerbitzuak lanaldi partzialean ematen diren kasuetan, honako hauek ere adierazi beharko dira: a) eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko ordu kopurua, eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia; edo b) horiek ohiko lanaldiarekiko duten ehunekoa.

–Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, ez da kenduko dagokion zatia.

–Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren emandako zerbitzuak.

Aurreko apartatuen batura ez da izanen 10 puntu baino handiagoa.

6.3.c) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Murchanteko Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik. Behin-behineko kalifikazio horien aurka alegazioak aurkezten ahalko dituzte izangaiek, bost egun balioduneko epean, Murchanteko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektroniko orokorrean, erregistro elektronikoaren izapidera jo eta eskabide orokorra aurkeztuta. Murchanteko Udala - Egoitza elektronikoa.

6.4. Oposizioaldia: honako ariketa hauek izanen ditu:

6.4.1. Lehenbiziko proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati; galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira; kalifikazio-epaimahaiak adieraziko du nola, proba egin aurretik.

6.4.2. Bigarren proba: praktikoa. Kontabilitateko eta arlo juridikoko kasu teoriko-praktiko batzuk ebatziko dira, II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiarekin zerikusia dutenak. Kasu praktikoan kalkulagailua erabiltzen ahal da (telefono mugikorrik ez).

Bigarren proban gehienez 50 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 25 puntu erdietsi behar dira gutxienez.

Kalifikazio-epaimahaiak erabakitzen ahal du bi probak egun berean egitea.

6.4.3. Ariketak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.

6.4.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

6.4.5. Epaimahaiak, gutun-azal itxiak jendaurrean ireki ondotik, Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratuko ditu oposizioko ariketen behin-behineko emaitzak. Behin-behineko kalifikazio horien aurka alegazioak aurkezten ahalko dituzte izangaiek, bost egun balioduneko epean, Murchanteko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektroniko orokorrean, erregistro elektronikoaren izapidera jo eta eskabide orokorra aurkeztuta. Murchanteko Udala - Egoitza elektronikoa.

6.4.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun-agiri nazionala eraman beharko dute edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta Murchanteko Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian jarriko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuenak lortu dituzten bi izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun atarian argitaratuko da.

Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen-proposamena iragarki-taulan argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu Murchanteko Udalaren erregistro orokorrean, frogatzeko betetzen dituela deialdian ezarritako baldintzak; zehazki, honako agiri hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

c) Osasun ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.

Izangaiak desgaitasuna duela alegatu badu, gainera, agiri bat aurkeztu beharko du, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzeko.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

f) Izangaia langile finkoa bada Nafarroako beste administrazio publiko batean, deialdi hau egin duena ez beste batean, aurrekoaz gain ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, frogatzeko aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak: sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean (salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), ezin izanen da izendatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.

7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren eta proposatutako izangaiek 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Murchanteko Udaleko alkate udalburuak Murchanteko Udaleko funtzionario izendatuko ditu administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezaten.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean jabetuko dira plazaz izendatutako izangaiak, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik. Egun horretan jabetza hartu ezean (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko dituzte Murchanteko Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eratuko da, probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaiekin.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien beste zerrenda bat eratuko da, halaber, oposizioko lehen ariketan gutxienez puntuen %20 lortu dituzten izangai baztertuekin. Zerrenda horretan ez da gehituko lehiaketaldia, lehen ariketan lortutako puntuazio-ordenari jarraikiko zaio, eta zerrendan berdinketa gertatzen bada, zozketa bidez ebatziko da.

9.2. Probak gaindituta ere plazarik lortu ez dutenen zerrenda eta Murchanteko Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Murchanteko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, eta horren bidez onetsiko dira probak gaindituta ere plazarik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketan gutxienez puntuen %20 lortu dituztenena; hori guztia, une oro indarrean dauden kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek argitara emanen dira Murchanteko Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun atarian.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gaindituta ere plazarik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez dakar berekin interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak, horiek oinarri honetan ezartzen den gisan frogatu behar baitira.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Udalaren indarreko akordioa edo hitzarmena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek soilik aurkeztu beharko dute titulazioaren frogagiria, 2. oinarriko baldintza betetzen dutela frogatzekoa. Horretarako, kontratua formalizatzen denean, jatorrizko agiria aurkeztu beharko dute, edo behar bezala konpultsatutako kopiak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, galarazi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.

Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte.

9.3. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

9.4. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Hautaprobak gainditzen dituztenak sartuko dira kontrataziorako izangaien zerrendetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako betetzeko toki-erakundean hutsik gelditzen diren lanpostuak, edo izan daitezkeen beste behar batzuei erantzuteko.

Aldi baterako kontratatzeko prozesua arau hauen arabera kudeatuko da:

9.4.1. Izangaien zerrendak onesteko irizpide orokorrak.

9.4.1.1. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan, desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeari dagokionez. Aipatutako arauaren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Aldi baterako kontratazioa eginen duen erakunde eskatzaileari dagokio egiaztatzea kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

9.4.2. Dei egiteko sistema.

9.4.2.1. Deiak egiteko arau orokorrak.

Langileak kontratatzeko beharrak betetzeko, izangaiei banakako deiak eginen zaizkie, kasuan kasuko zerrendako izangaien hurrenkeraren arabera, eta kontuan hartuta lanpostuaren eskakizunak.

Deiak egiteko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

Kontratua eskaintzeko deiak izangaiek emandako zenbakietara eginen dira, zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Deiaren emaitza jasoko da, hauetako bat adierazita: "interesatzen zaio", "ez zaio interesatzen", "ez du erantzun".

Betiere, azkar eginen dira banakako deiak, kontratazio-premiak lehenbailehen bete daitezen. Bi egunean hiru dei eginen dira bederen, kontratua eskaintzen zaion izangaiak emandako telefonora.

Lehenbiziko deian ezin bada izangaiarekin harremanetan jarri, SMS bat eta/edo mezu elektroniko bat igorriko zaio, horren berri emateko.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, eta horrela jokatuko da harik eta eskaintzen den lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Sei hilabeteko epean ezinezkoa izan bada izangai batekin harremanetan jartzea, "ez deitzeko moduan" agertuko da zerrendan.

Kontratazioa presakoa bada (eta halakoa izanen da lanpostuan 24 orduko epean hasi behar denean) eta, aurreikuspenen arabera, kontratuaren iraupena 3 hilabetetik beherakoa bada, lanean berehala hastea onartzen duen lehenbiziko izangaiari eskainiko zaio, gorago ezarritakoa bete behar izan gabe.

9.4.2.2. Administrazio-araubideko kontratazioa.

Aldi baterako langileak administrazio-araubidean kontratatzeko, jarraituko zaio irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan ezarritako araubide juridikoari. Dekretu horrek ezartzen ditu arauak Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio-araubidean kontratatzeko. Dei egiteko, deialdi honetan jasotako sistema aplikatuko da, 68/2009 Foru Dekretuari aurka egiten ez dion orotan.

9.4.2.3. Araubide orokorraren salbuespenak.

a) Murchanteko Udalarekin aldi baterako lotua dagoenak indarreko kontratuari uko egiten ahal dio baldin kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen bazaio, betiere kontratatua dagoen eremu berekoa baldin bada, kasuan kasuko zerrendan badago eta kasu hau gertatzen bada:

–Kontratu labur bat badu indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio (kontratua laburtzat hartuko da baldin aurreikusitako iraupena gehienez 6 hilabetekoa bada, eta luzetzat hortik gorakoa bada).

b) Izangai bat jada lanpostu batean aritu bada ordezte kontratu batekin, eta baldin kontratua bukatzen denetik 20 egun iragan baino lehen sortzen bada lanpostu bera aldi baterako betetzeko premia, kontratua izangai berari eskainiko zaio, baldin eta baldintza hauek betetzen badira dei egiten zaion unean:

–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

–Aurreko kontratua bukatzeko arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

–Aurreko kontratua bukatzeko arrazoia ez izatea zerrendatik kanpo uzteko arrazoietako bat.

c) Izangai batek lanaldi partzialeko kontratua daukanean, premia bat sortzen bada eta izangaiak premia hori betetzen ahal badu, berari eskainiko zaio lanaldiaren %100 bete arte, baldin kontratazio berriaren ondorioz hartu behar dituen ordu guztiak bateragarriak badira ordura arte esleituta zeuzkanekin. Langile batek baino gehiagok baldin badute lanaldi partzialeko kontratua, dagokionari eskainiko zaio, zorrotz jarraituta aldi baterako kontrataziorako indarrean den zerrendako hurrenkerari.

9.4.2.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten badio, zerrendako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela; izan ere, kasu horretan, duen postuari eutsiko dio:

–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–6 urte baino gutxiagoko alaba edo semea zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kabuz baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Norberaren ezkontza suertatzea, edo pareko egoera bat, 6/2000 Legearen arabera (6/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzkoa), baldin eskainitako kontratuaren hasiera-eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Kasu horietan, izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak "deitzeko moduan" agertzea eskatzen duen arte, alegatutako inguruabarra desagertu delako. "Deitzeko moduan" dagoela adierazten duen unean, agiri bidez eta modu sinesgarrian frogatu beharko du kontratua eskaini zitzaion unean alegatu zuen egoera.

9.4.2.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu 9.4.2.4. atalean ezarritako kasuetan.

9.4.2.6. Zerrendetatik baztertzea.

Deia jaso duten izangaiak zerrendatik baztertuko dira, baldin honako egoeraren bat gertatzen bada:

a) Kontratua probaldian hutsaldu bazaio, zuzendaritzak txosten arrazoitua eman ondoren.

b) Lanpostua uzten badu, bidezko arrazoirik izan gabe eta zuzendaritzari jakinarazi gabe.

c) Kontratua azkentzen bada gerora sortutako arrazoiak direla kausa, kontratatutako langilea gauza ez izateagatik lanpostuko eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko, nabarmendu denean behar adinako errendimendurik ez duela lanpostuko eginkizunak eraginkor egiteko, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio, betiere interesdunari entzunaldia eman ondoan eta Langileen Batzordeak edo langileen ordezkariek txostena egin ondoan.

10.–Datuen babesa.

Murchanteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Tratamenduaren helburua da administrari-ofizialaren lanposturako oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea.

Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko).

Eman diren datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@murchante.com).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Murchanteko Udaleko alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoan dagoen gardentasun atarian.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izena: ....................................................................................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ................................................. (edo balio bereko beste agiriren bat), sorteguna: .............(e)ko ............................aren ......(e)(a)n, sorterria: ...................................................................... (.....................................................), nazionalitatea: ......................................................, egungo bizitokia: ................................................. (..............................................), kalea: ..................................................., posta kodea: ............................, telefonoa: ......................................................... eta helbide elektronikoa: ...............................................................................

ADIERAZTEN DUT:

Betetzen ditudala eskatutako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko emandako epea bukatzen den egunean, Murchanteko Udalean administrari-ofizialen bi plaza oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian, zeina argitaratu baitzen .......... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ...............(e)ko ..............................aren ..........(e)(a)n.

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

Txanda: txanda irekia edo igoera-txanda (ezabatu egoki ez dena).

–(Kasua bada) Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztu beharko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

–(Kasua bada) Aurkezten dudala desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabidearekin batera aurkezten dudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Horiek horrela, eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, beraz, onartua izatea Murchanteko Udaleko administrari-ofizialen bi plaza oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean betetzeko hautaprobetan.

Murchanten, 2026ko ............................................aren ........(e)an.

(Sinadura)

MURCHANTEKO UDALEKO ALKATEA.

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Murchanteko Udala. Helburua: administrari-ofizialen bi plaza betetzeko oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, deialdiko 10. oinarrian adierazitako informazio gehigarrian adierazitakoarekin bat.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura.

1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua: Biztanleria eta errolda.

2. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak. Administrazio-egintzak: baldintzak eta efikazia. Administrazio-prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa: abstentzioa eta errekusazioa. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua: udalerriak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola; bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal-zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan. II. kapitulua: 1. atala: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastu-aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.

8. gaia.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorra onesten duena.

9. gaia.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.

10. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

11. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

12. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena: I. tituluko V. kapitulua: jarduera sailkaturako udal lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea.

13. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

14. gaia.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoen hautaketa. Funtzionario-izaera hartu eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio-egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Langile lan-kontratudunak.

15. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Oharrak: gai-zerrenda dagokio deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen araudiari.

Iragarkiaren kodea: L2607498