123. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1186/2026 EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 26koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Plana (2026-2028 aldikoa) onesten duena".

Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 26an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Plana (2026-2028 aldikoa) onetsi da.

ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNERAKO III. PLANA (2026-2028 ALDIKOA) ONESTEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, jakintza eta kultura sortzea eta transmititzea eta gizartearen aurrerabidean laguntzea helburu duen goi mailako irakaskuntzako erakundea den aldetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea du helburuetako bat, eremu eta arlo guztietan, instituzioaren lerro estrategikoetan jasotzen den bezala.

2007an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana prestatu zuen, eta Berdintasunerako Zuzendaritza Batzordea eta Batzorde Iraunkorra sortu eta arautu zituen, Planaren kudeaketaz eta jarraipenaz arduratzeko. Ondoren, 2009an, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duen 2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, NUPek Berdintasunerako Unitatea sortu zuen bere antolaketa-egituran, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak zeharka bultzatzeko gune espezializatu bat.

2019-2023 legegintzaldian, Nafarroako Unibertsitate Publikoko zuzendaritza-taldeak Emakumeen eta Gizonen arteko II. Berdintasun Plana diseinatu zuen 2022-2027 aldirako. Plana Gobernu Kontseiluak onetsi zuen 2021eko azaroaren 24ko bileran eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2021eko abenduaren 27an, Unibertsitateko komunitateko zenbait eragile eta talderen arteko parte-hartze prozesuaren ondoren. II. Berdintasun Planak berdintasunerako politiken arloan lan egiteko oinarriak ezarri zituen 2022-2027 aldirako, eta lau ekintza-eremutan egituratu zituen: irakaskuntza, ikerketa, unibertsitate proiekzioa eta gobernantza instituzionala, eta Unibertsitateko komunitateko kideentzako arreta. Guztira 86 ekintza planifikatu ziren eremu horien inguruan.

Ekintzen garapena eta jarraipena bermatzeko, II. Planaren bidez bi batzorde eratu ziren. Alde batetik, 371/2022 Ebazpenaren bidez araututako NUPeko Berdintasunerako Zuzendaritza Batzordea eratu zen, zeina Planari buruzko aholkularitza emateaz arduratzen baita eta Unibertsitateko taldeen ordezkariek, berdintasun arloko adituek eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko ordezkariek osatzen baitute. Bestetik, 372/2022 Ebazpenaren bidez izendatutako NUPeko Berdintasunerako Batzorde Betearazlea sortu zen, zeina teknikoa eta operatiboa baita eta Plana betearazteko ardura duten errektoreordetzetako eta zerbitzuetako arduradunek osatzen baitute.

2022ko abenduaren 23ko 31/2022 Legeak, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarria aldatu zuen, eta ezarri zuen administrazio publikoek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan bat onetsi beharko dutela legegintzaldi bakoitzaren hasieran.

Arauan aldaketa hori egin zenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Mahai Orokorrari deia egin zion beste negoziazio prozesu bat abiatzeko, eta, horren ondorioz, beste neurri sorta bat onetsi zen 2025eko abenduaren 22an. Neurri horiek 2026-2028 aldirako izanen zirela adostu zen. Esparru berri horrek 36 ekintza txertatu zituen 2022-2027 aldirako II. Berdintasun Planean, eta aurretik zeuden 6 ekintzaren irismena hedatu zuen. Ebaluazio- eta eguneraketa-prozesu horren ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Plana (2026-2028 aldikoa) egin da, aldi horretan berdintasunerako politika instituzionala gidatze aldera.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Plana onestean, berdintasun arloan Estatuan eta Foru Komunitatean indarrean dagoen araudiak ezarritakoa betetzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoak, zehazki, arau hauek betetzen ditu: Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 2007ko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina, 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia; eta 2019ko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Bere kideek aurretik eztabaidatu eta gero, berdintasun gaietan eskumena duen errektoreordeak proposaturik, hau da Gobernu Kontseiluak, 2026ko maiatzaren 26an egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA

Lehenbizikoa.–Onestea "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Plana (2026-2028 aldikoa)", erabaki honen I. eranskinean ezartzen den moduan.

Bigarrena.–Agintzea "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Plana (2026-2028 aldikoa)" Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Hirugarrena.–Erabaki hau aditzera ematea berdintasun gaietan eskumena duen errektoreordeari, Gizarte Ekintzaren eta Berdintasunaren Arloko zuzendariari, Berdintasunerako Unitateari eta Plana betearazteko ardura duten organo eta zerbitzuei.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 26an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Plana 2026-2028 (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2608205