121. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

631/2026 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez epea irekitzen baita interesa duten pertsonek eskaera aurkez dezaten gaikuntza eman dakien, 2027. urtean, hortzetako osasun laguntza emateko Nafarroan, Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren barruan.

Abenduaren 28ko 249/2011 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Haurren Hortzak Zaintzeko Programa arautu zen.

Osasuneko kontseilariaren azaroaren 5eko 324E/2020 Foru Aginduaren bidez, Nafarroan, Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren esparruan, aho-hortzetako osasun laguntzaren zerbitzuak emanen dituzten profesionalak gaitzeko prozedura ezarri zen.

Ikusirik programa horren koordinatzaileak eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak 2026ko maiatzaren 28an egindako txostena, non proposatzen baita epe bat irekitzea aho-hortzetako osasun laguntza abenduaren 28ko 249/2011 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eman nahi duten pertsona fisiko edo juridikoek horretarako gaikuntza lortzeko eskaera aurkez dezaten, betiere Osasuneko kontseilariaren azaroaren 5eko 324E/2020 Foru Aginduan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Horrenbestez, bat etorriz Osasuneko kontseilariaren azaroaren 5eko 324E/2020 Foru Aginduaren 3.2 artikuluan ezarritakoarekin, agindu horren bidez ezarri baitzen Nafarroan, Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren esparruan, hortzetako osasun laguntzaren zerbitzuak emanen dituzten profesionalak gaitzeko prozedura,

EBAZTEN DUT:

1. 45 egun naturaleko epea irekitzea Osasuneko kontseilariaren azaroaren 5eko 324E/2020 Foru Aginduaren 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskaera aurkez dezaten gaikuntza eman dakien, 2027. urtean, Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren esparruan aho-hortzetako osasun laguntza emateko. Eskaera egiteko, goian aipatutako foru aginduaren I. eranskineko eskabide-eredua erabiliko da. Eskabidearekin batera, eranskin horrexetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2. Jada gaituta dauden eta 2027an gaikuntza horri eutsi nahi dioten pertsona fisiko edo juridikoek, adierazitako 45 egun naturaleko epean, gaikuntzarako baldintzak betetzen jarraitzen dutela adierazten duen adierazpen bat aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, gertatu diren aldaketak jakinarazi beharko dituzte. Hori guztia Osasuneko kontseilariaren azaroaren 5eko 324E/2020 Foru Aginduaren II. eranskinaren arabera.

3. Eskabidea (I. eranskina) edo II. eranskina modu digitalean sinatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez edo horretarako ezartzen den sistema telematikoaren bidez aurkeztuko da. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aho-hortzetako Osasunaren Atalera zuzenduko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen hau Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzura, Aho-hortzetako Osasunaren Atalera eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Haurren Hortzetako Osasun Laguntzaren Programaren koordinatzaileari igortzea, eta adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluarekin.

Iruñean, 2026ko ekainaren 2an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan Antonio Guajardo Remacha.

Iragarkiaren kodea: F2608023