121. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

150/2026 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, "Jokabide-laguntza positiboa/indibidualizatua" (JLPI) izeneko irakasleen berariazko eskakizuna sortzen duena.

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 13ko 36/2022 Foru Aginduaren bidez, irakasleek frogatu ditzaketen berariazko eskakizunak zehaztu eta haiek egiaztatzeko prozedura ezarri zen, eta haren azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari eta, hark eskuordetuta, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari, foru agindu horretan araututako profilak sortu, ezabatu edo aldatzeko.

Ikusi da Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariaren txostena, non proposatzen baita "Jokabide-laguntza positiboa/indibidualizatua" (JLPI) eskakizuna sortzea, arreta emateko hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleei, taldekatze indibidualizatua eta/edo aparteko neurriak eta jokabide-laguntza positiboko banakako planak behar dituztenean. Helburua da maila desberdinean esku hartzeko eredu tekniko bat bultzatzea, ikasle horiei arreta egokiagoa emateko, ikasle eta irakasleentzako prebentzio-neurriak errazteko eta arrisku pertsonaleko eta laneko arriskuko egoerak murrizteko.

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 13ko 36/2022 Foru Aginduaren bidez, irakasleek frogatu ditzaketen berariazko eskakizunak zehaztu eta haiek egiaztatzeko prozedura ezarri zen, eta haren azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari eta, hark eskuordetuta, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari, foru agindu horretan araututako profilak sortu, ezabatu edo aldatzeko.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 13ko 36/2022 Foru Aginduaren azken xedapenetako lehenengoak emandako eskudantziak erabiliz (foru agindu horren bidez, irakasleek frogatu ditzaketen berariazko eskakizunak zehaztu eta haiek egiaztatzeko prozedura ezarri da),

EBAZTEN DUT:

1. "Jokabide-laguntza positiboa/indibidualizatua" (JLPI) izeneko irakasleen berariazko eskakizuna sortzea.

2. "Jokabide-laguntza positiboa/indibidualizatua" (JLPI) izeneko eskakizuna egiaztatzeko baldintzak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusira, Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Hautatze Prozeduren Atalera, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura eta haren mendeko Langileen Kontrataziorako Atalera, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura eta Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzura (den-denak Hezkuntza Departamentuko unitateak dira).

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iruñean, 2026ko ekainaren 16an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.

ERANSKINA.–"Jokabide-laguntza positiboa/indibidualizatua" (JLPI) eskakizuna egiaztatzeko baldintzak.

PROFILA

EGIAZTAPENA LORTZEKO BALDINTZAK

Jokabide-laguntza positiboa/indibidualizatua

JLPI

Inguruabar hauetakoren bat egiaztatzea:

–Prestakuntza masterrak, lotura dutenak jokabidea erregulatzeko arazoen prebentzioarekin eta esku-hartzearekin eta/edo jokabide-laguntza positiboarekin.

–4 kreditu egiaztatzea jokabidea erregulatzeko arazoen prebentzioarekin eta esku-hartzearekin eta/edo jokabide-laguntza positiboarekin lotutako modulu edo irakasgaietan.

–40 prestakuntza-ordu egiaztatzea jokabide-laguntza positiboko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen jokabide desarautu larrietan esku hartzeari buruzko ikastaroetan.

–Ikastetxeko zuzendaritzak emandako ziurtagiria, egiaztatzen duena jokabide-laguntza positiboko neurriak hartu eta/edo plan indibidualak egin direla ikasleekin hezkuntza bereziko ikastetxe bateko esku-hartze batean, ikasturte batez, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak jarraipena eginda, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 15eko 39/2023 Ebazpenaren esparruan.

Iragarkiaren kodea: F2608747