121. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SANTAKARA

Ordenantza, dirulaguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Santakarako Udalak, 2026ko martxoaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Santakarako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki horren iragarkia argitaratu zen 2026ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 31n.

Jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi da ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz, ondotik ematen da behin betiko onetsitako testua.

Santakaran, 2026ko ekainaren 2an.–Alkatea, Miguel Ibiricu Varona.

SANTAKARAKO UDALAREN DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA OROKORRA

ZIOEN AZALPENA

Dirulaguntzak sustapen teknika bat dira, bai eta Administrazioa partikularrekin elkarlanean aritzeko tresna bat ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatze aldera, bestak beste, esparru hauetan: gizarte ekintza, gizakion eta herrien arteko lankidetza eta elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, ingurumena, merkataritza, interes publikotzat jotako hainbat jarduera pribaturen sustapena, aisia eta astialdia edo, halaber, herritarren parte-hartzea, hori zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren eskakizuna den aldetik.

Santakarako Udalaren eta haren erakunde autonomoen eremuan jarduera hori egin ahal izateko, esparru juridiko egoki bat onetsi beharra dago, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari egokituko zaiona, bat etorririk sustapena eta dirulaguntzen kontzesioa, diruz lagundutako jarduera betiere oinarritu behar duten printzipioetara: publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza, eraginkortasuna eta eragimena.

Ordenantza honek udal araudi bat ezartzen du Santakarako Udalak eta haren erakunde autonomoek dirulaguntzak emateko erakunde publiko nahiz pribatuei eta irabazi asmorik gabeko partikularrei, gisa horretara egin ditzaten zerbitzuak eta jarduerak, toki administrazioaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Santakarako Udalak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten dirulaguntzen araubide juridikoa ezartzea.

Dirulaguntzei buruz berariazko ordenantza duten gaietan ematen diren dirulaguntzak ordenantza propio horren arabera arautuko dira, ordenantza honen aginduei egokiturik, haien ordezko izanen baita.

2. artikulua. Dirulaguntzaren kontzeptua.

1. Hona zer jotzen den dirulaguntzatzat, ordenantza honen ondorioetarako: Santakarako Udalak edo haren erakunde autonomoek pertsona publiko zein pribatuen alde eginiko diru-xedapen oro, ondoko baldintzak betez gero:

a) Ez onuradunen ez hirugarrenen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da dirua.

b) Dirua emateko baldintza izatea honako hauetako bat: xede jakin bat betetzea, proiektu bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokabide berezi bat hartzea (jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo egoera bat gertatzea; eta onuradunak bete beharko ditu ezarritako betebeharrak.

c) Finantzatzen den proiektuak, ekintzak, jokabideak edo egoerak xedetzat izatea sustatzea onura publikoko, interes sozialeko edo interes orokorreko jarduera bat, edo helburu publiko bat.

2. Ordenantza honen aplikazio esparrutik baztertuta daude:

a) Santakarako Udalaren edo haren erakunde autonomoen eta beste administrazio publikoen arteko diru-ekarpenak, oro har haien eskumenen esparruko jarduna finantzatzekoak badira.

b) Udaleko talde politikoei edo udalkideei ematea udal aurrekontuan aurreikusiak dauden diru-ekarpenak.

c) Publizitatez deitzen diren sari ofizialak eta onuradunek aldez aurretik eskatu gabe ematen direnak.

3. artikulua. Aplikazio esparru orokorra:

1. Dirulaguntza jaso dezakete gizarte, hezkuntza, kultura, gazteria, kirol, merkataritza, ingurumen edo bestelako alor batean Udalaren eskumenen osagarri edo ordezko diren jarduera edo zerbitzuek (8. artikuluan aipatzen dira).

2. Jardueren lurralde esparrua Santakarako udalerria izanen da. Salbuespen gisa, dirulaguntzaren xede den jarduera Santakarako udal-mugarteaz gaindikoa bada, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du, zuzenean edo zeharka izan ere, halako moduz non baldintza horrek aski justifikaturik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bitartez, dirulaguntza eman baino lehen. Baldintza horretatik salbuetsiak daude garapen bidean dauden herriendako laguntza programaren aurrekontuan aurreikusitako %0,7ari lotutako garapen proiektuetarako dirulaguntzak.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honen xede diren dirulaguntzak:

a) Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

b) Eraginkortasuna, betetzeko administrazio emaileak finkatutako helburuak.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitzean eta erabiltzean.

2. Dirulaguntzak ezartzea proposatzen duten organoek aldez aurretik adierazi beharko dute, dirulaguntzen plan estrategiko batean, zein xede eta onura publiko edo sozialeko eraginak lortu nahi diren, zenbat denbora behar den horiek lortzeko, zenbateko izan daitezkeen kostuak eta zein finantzabide erabiliko diren, betiere, aurrekontu egonkortasunaren helburuaren mende jarriko dute dirulaguntza.

3. Lortu nahi diren xedeek merkatuari eragiten badiote, argi eta garbi identifikaturiko akatsak zuzentzera bideratu behar dira, eta haien ondorioek ahalik eta distortsiorik txikiena ekarri behar dute.

5. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntzaren onuraduntzat joko da dirulaguntzaren xede den jarduera egin behar duen pertsona, edo dirulaguntza ematea bidezko egin zuen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta haren kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Oinarri arautzaileetan espresuki aurreikusten delarik, onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publiko edo pribatuak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo bereizitako ondare, nortasun juridikorik izan gabe ere, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte edo dirulaguntza jasotzeko behar den egoeran badaude. Kasu horietan, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskaeran, bai laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin, harik eta 38/2003 Legearen 39. artikuluan ezarritako itzulketaren preskripzio epea bukatu arte.

6. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunak betebehar hauek ditu:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den helburua betetzea, edo proiektua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.

b) Emandako dirulaguntza ez erabiltzea beraren xede diren gastuak finantzatzeko baizik.

c) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, eta gauzatu eta bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua.

d) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, jarduketa horien ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Dirulaguntza jasotzeko ebazpen-proposamena ematen denean, zergen gaineko betebeharrak eguneratuak izatea Nafarroako Foru Ogasunarekin, Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, ofizioz eginen baitute egiaztapena, baita Gizarte Segurantzarekin ere.

g) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak erabili ahal daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzak arautzeko oinarrietan eskatzen diren kontabilitateko egoera-orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea, eta horiek guztiak zaintzea.

h) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

i) Zabalkunderako eskatzen zaizkion neurriak hartzea.

j) Eskuratutako diruak itzultzea, bidezko delarik.

2. Berariazko oinarri arautzaileetan betebehar hauen salbuespenak jasotzen ahalko dira, beren izaera dela eta.

3. Artikulu honen 1.f) ataleko betebeharretatik kanpo daude larrialdi sozialen kasuak eta banakako gizarte laguntzak.

7. artikulua. Entitate laguntzaileak.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarrietan ezartzen ahalko da funts publikoak erakunde laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkiela pertsona onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Udalaren eta erakunde laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira erakundeak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.

II. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAK JASOKO DITUZTEN JARDUERAK

8. artikulua. Dirulaguntzak jasoko dituzten jarduerak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.a) artikuluak ezarritakoa bete beharrez, ondotik azaltzen diren objektu, alor, helburu, proiektu, jarduera edo jokabideak izaten ahalko dira dirulaguntzen xede, kontuan hartuta, betiere, horiek dagozkien deialdietan berariaz garatzen ahalko direla, edo zehatzago zedarritu. Hona hemen:

8.1. Arlo sozialean:

a) Jantokietan jateko laguntzak ematea.

b) Laguntza ematea, infraetxeetan, etxebizitza desegokietan edo erantzun soziala behar duten beste zenbait egoeratan bizi diren familiei alokairua ordaintzen laguntzeko.

c) Prebentzio eta sustapen proiektuak aurrera eramatea aisiaren eta astialdiaren alorrean (ludoteka, musika eskola, kirola, Gazteriaren Etxea...).

d) Gizarte ekintzako proiektuak garatzea, hala nola gutxiengo etnikoei, etorkinei, pobrezian bizi direnei eta abarri arreta emateko programak.

e) Familiei sostengua ematea, familiako kideren bat tratamendu terapeutikoan badute errehabilitazio zentroetan, eta egonaldiaren kostuari aurre egiteko baliabiderik ez.

f) Lankidetza proiektuak egitea garapen bidean dauden herrialdeekin.

g) Garapenerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza jarduketak eta proiektuak egitea.

h) Larrialdi humanitarioko eta hondamendi egoeretako jarduketak egitea.

i) Laguntza ekonomikoak ematea larrialdi sozialeko egoeran dauden familiei, horrela erantzuteko bizirauteko oinarrizko beharrei.

j) Prestakuntzarako laguntza ekonomikoak, gizarteratzeko eta laneratzeko programan parte hartzen dutenendako.

k) Eta, oro har, beste edozein jarduera, baldin eta bideratuta badago prebentziora, esku hartzera, asistentziara, errehabilitaziora, gizarteratzera edo gizarte ongizatearen sustapenera, familiendako, haurrendako, nerabeendako, adinekoendako, emakumeendako, desgaitasuna dutenendako, migratzaileendako, etniendako eta gizartetik baztertzeko arriskuan dauden beste talde batzuendako. Halaber, beste edozein jarduera, baldin eta bideratuta badago sustatzera elkarteen mugimendua eta gizarte boluntariotza, eta gabezia egoera larriei eta larrialdi sozialei erantzutera.

l) Santakara herrian jaiotze-tasa sustatzeko laguntzak.

8.2. Herritarren parte-hartzearen arloan:

a) Herritarren parte-hartzearen arloan gizarte dinamizazioa eta parte-hartzea bultzatzen dituzten proiektuak.

b) Kontsulta kontseiluen eta partaidetza foroen sustapena, oro har.

c) Obrak eta erreformak egin, oztopo arkitektonikoak kendu eta lokalak zein altzariak erosi eta teknologia berriak ezartzeko inbertsioak, herritarren parte-hartzearen arloan jarduerak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarte, entitate edo herritar taldeendako.

8.3. Hezkuntza, kirol eta gazteria arloan:

a) Laguntzak ematea federazio-liga ofizialetan parte hartzen duten kirol taldeei.

b) Laguntzak ematea kirol amateurrarendako (kirol taldeak, klubak eta abar).

c) Laguntzak ematea irabazi asmorik gabeko herritar-elkarteei, baldin antolatzen badituzte kirol jarduerak, ikuskizunak nahiz ekitaldiak.

d) Gazteendako jarduerak egitea, irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatuak.

e) Laguntza ematea, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako guraso-elkarteek antolatzen dituzten berezko jardueretarako.

f) Ikastetxeek Haur eta Lehen Hezkuntzan egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduera osagarriak.

g) Lehen Hezkuntzako ikastetxeetarako laguntzak, irakaskuntzako material suntsigarria erosteko.

h) Animazio soziokulturaleko jarduerak, gazteendako programak, lehiaketak, erakusketak, gazte kultura eta sorkuntzarekin zerikusia duten bestelako jarduerak, argibideak eta aholkuak emateko programak, aisia eta astialdiko programak, prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak, aldizkariak eta argitalpenak, eta gazteen parte-hartzea nahiz asoziazionismoa bultzatzen dituzten jarduerak oro.

i) Antolatzea kirol-ekitaldiak, kirol-jarduerak eta ikuskizunak, edo kirola sustatzekoak, eta lankidetzan aritzea kirol entitateekin.

j) Ikasleen prestakuntzara bideratutako jarduerak eta hezkuntza sektorera bideratutako gainerako jarduerak.

8.4. Merkataritza eta turismo arloan:

a) Eguberrietako argiak paratzea.

b) Santakaran turismoa sustatzeko jarduerak, bai eta hura ezagutzera ematekoak ere, hala foro nazionaletan nola nazioartekoetan.

c) Hiri espazioa sustatzea, merkataritza edo turismoa helburu.

d) Santakara herriko enpresa-ehuna indartzea.

e) Santakarako merkataritzarekin eta merkatari elkarteekin zerikusia duten prestakuntzako jarduerak nahiz programak eta jarduerak.

8.5. Kultura eta jai arloan:

a) Kultur elkarteek programatu eta egiten dituzten kultur jarduerak gauzatzea eta programatzea.

b) Musika emanaldiak.

c) Santakarako kultur lehiakortasuna sustatzea.

d) Kultur adierazpenak oro sustatu eta hedatzea.

e) Kolektibo profesionalen kultura jarduna sustatzea.

f) Sorkuntza eta arte plastikoak, eszenikoak eta musikalak sustatzea.

g) Eta, oro har, arteekin, zientziekin eta letrekin zerikusia duen edozein kultur jarduera sustatzea, baita hirikoak berekoak diren jarduera soziokulturalak eta herriko festak ere.

h) Hitzarmena sinatzea La Torre elkartearekin.

8.6. Ingurumen eta osasun arloan:

a) Osasun arloko prebentzio, babes eta sustapenerako jarduerak, zuzentzen zaizkienak bizilagun guztiei nahiz zenbait kolektibori bereziki, hala nola gazteei, zaharrei, emakumeei, haurrei eta abarrei. Populazio-taldeen osasuna sustatzeko hezkuntza eta prebentzio helburuak dituzten proiektuak edo programak, eta arlo horretako argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak, jardunaldiak, mintegiak eta abar.

b) Hiri- eta natura-ingurumena babesteko jarduerak, eta babes hori bereziki lortzeko egiten diren jarduerak oro sustatzea, besteak beste, prestakuntzakoak, argibideak ematekoak, herritarrek parte hartzekoak eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioaren gainekoak.

8.7. Hirigintzaren arloan:

a) Etxebizitzak eta fatxadak zaharberritzea, kasuan kasuko ordenantzak ezarritakoarekin bat.

8.8. Beste batzuk:

Udalaren jardunaren osagarri den eta artikulu honetan deskribatu ez den beste edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.

Ordenantza honen ondorioetarako, ez dira numerus clausus moduan hartuko artikulu honetan diruz lagungarritzat ageri diren xedeak, alorrak, helburuak, proiektuak, jarduerak edo jokabideak; aitzitik, dagokien deialdian zabaldu eta zehazten ahalko dira edo, orobat, ezartzen ahalko dira dirulaguntza lerro berriak, dirulaguntzei buruzko plan estrategikoaren bidez.

III. KAPITULUA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

9. artikulua. Dirulaguntzen kontzesioa arautzen duten oinarriak.

1. Dirulaguntzak emateko, edozein izanik ere horretarako erabiltzen den bitartekoa, jarraitu behar zaie horretarako onetsitako oinarri arautzaileei, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileetan honako alderdi hauek zehaztuko dira, gutxienez:

a) Dirulaguntzaren xedearen definizioa. Azalduko da zer onura publikoko edo sozialeko helburutarako izanen den dirulaguntza.

b) Onuradunek dirulaguntza eskuratzeko bete behar dituzten baldintzak.

c) Laguntzak emateko prozedura.

d) Dirulaguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien haztapena.

e) Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak. Hala behar denean, onuradunen artean hainbanatzeko aukera.

f) Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

g) Deialdian ezartzen bada, balorazio batzordearen osaketa; hura dirulaguntzaren kudeaketari loturiko hiru lagunek osatuko dute gutxienez.

h) Ematen diren dirulaguntzei eta haien onuradunei emanen zaien araubidea eta publizitate maila.

i) Halakorik behar denean, dirulaguntzaren justifikazio egokia bermatzeko behar diren kontabilitateko liburu eta erregistro espezifikoak zehaztea.

j) Onuradunak edo entitate laguntzaileak zein epetan eta nola frogatu behar duen dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako diruak beren xederako erabili direla, hala egindako gastuari nola diruen ordainketari dagokionez.

k) Halakorik behar bada, zer berme-neurri eratu behar diren dirulaguntza ematen duen organoaren alde, nola eratzen diren eta zein den horiek bertan behera uzteko prozedura.

l) Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epeak, eta onuradunei eskatzen ahal zaizkien bermeen mota eta zenbatekoa, halakorik eskatzen baldin bazaie, emandako dirulaguntzaren ordainketa aurreratuak egitea aurreikusten denean.

m) Baldin aldatzen badira dirulaguntza onartzeko kontuan hartu diren baldintzak, ebazpena aldatzen ahalko da.

n) Jarduera azpikontratatzeko aukera.

o) Onuradunen betebeharrak, dirulaguntzaren xede den jardueraren finantzaketari buruzko publizitatea dela eta.

p) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, etorrita ere edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik.

q) Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez-betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak azkenean hartuko duen zenbatekoa zehazteko edo, hala denean, itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko, eta proportzionaltasun irizpideari lotuko zaizkio.

r) Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka paratzen ahal diren administrazio errekurtsoak.

3. Oinarri arautzaileak onesteko proposamena bideratzen duen espedienteak txosten juridikoa eduki beharko du, oinarriak zuzenbidearen araberakoak direla adierazten duena, eta kontu-hartzailetzak fiskalizatuko du aurretiaz, eginkizun horri buruzko araudian ezartzen den moduan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira dirulaguntzei buruzko arauak eta, halakorik izanez gero, dirulaguntzen deialdiak eta haien oinarri arautzaileak, zuzenean emateko ezarritakoak izan ezik.

5. Berariazko oinarri arautzaileak onesteko eskumena Alkatetzak izanen du, nahiz eta eskuordetzeak egiten ahalko dituen.

10. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Udalak eta haren erakunde autonomoek jendaurrean jarriko dituzte emandako dirulaguntzak, eta ondoko datuak zehaztuko: deialdia, dirulaguntza zein programari eta aurrekontukredituri egozten zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren xedea.

Publizitatea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren eta Udalaren webguneko gardentasunaren atariaren bidez eginen da.

Kasu hauetan ez da jendaurrean jarri beharko dirulaguntzen kontzesioa:

a) Banakako ebaluazio araubideari jarraikiz emanak.

b) Dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearen errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei edo norberaren irudiari, hala xedatzen baita ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko legerian.

2. Onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

11. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Diruz lagundutako jarduera zati batean edo portzentaje batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da dirulaguntzen araudian. Justifikatu beharko da finantzaketa horren zenbatekoa eta jatorria, bai eta diruz lagundutako jardueran nola aplikatu den ere.

2. Araudi erregulatzailean zehaztuko da bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea, hau da, ea bateragarria den xede bererako eskuratzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik, deusetan ukatu gabe hurrengo apartatuan xedatzen dena.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

4. Baldin aldaketarik gertatzen bada dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan, eta, betiere, beste ekarpen batzuk lortzen badira, deialdi, hitzarmen edo ebazpenean baimendutako kasuetatik kanpo, horrek eragiten ahal du dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

5. Araudi erregulatzaileak horretarako bidea ematen badu, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Udalaren kasuan kasuko alorrak balorazioa egin eta gero.

6. Defizit erreala edo gastu errealak eskabidea egitean aurreikusiak baino gutxiago direnean, kontuan harturik, betiere, horien arabera zehaztu zela hasiera batez dirulaguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu beharreko kopurua.

IV. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURAK

12. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Santakarako Udalak banakako ebaluazio araubidea baimentzen duenean. Ordenantza hau den bezainbatean, norgehiagokako lehiatzat hartuko da dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskabideak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskabideei dirulaguntza adjudikatzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe. Halakoetan, dirulaguntza emateko proposamena dirulaguntza ematen duen organoari eginen zaio, instrukzioa egiten duen organoaren bitartez.

Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, proposatzen ahalko da dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea dirulaguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa.

2. Banakako ebaluazioaren araubidea, berriz, bestelakoa da: hartan, deialdiaren araudiak edo oinarriek irizpideak ezartzen dituzte eskabideak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

3. Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

a) Udalaren aurrekontuetan aurreikuspen izenduna eta aurrekontuko zuzkidura dutenak.

b) Lege mailako arau batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik ematen diren dirulaguntzak, edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen direnak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

13. artikulua. Norgehiagokako araubideari jarraikiz dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Hasiera:

a) Dirulaguntzak emateko prozedura hasi baino lehen, organo eskudunak dirulaguntzari buruzko araua edo dirulaguntzaren deialdia ezarri behar du, bai eta oinarri arautzaileak ere, ez baldin badaude lehendik ezarrita.

b) Dirulaguntzak emateko prozedura administrazioak hasiko du, ofizioz.

c) Interesdunak eskabidea aurkeztu beharko du, arauan edo deialdian ezarritako ereduaren eta sistema normalizatuaren arabera egina. Eskaerarekin batera, dirulaguntza ezartzen duen arauan edo dirulaguntzaren deialdian eskatutako agiriak eta informazioak aurkeztuko dira.

Eskabideak aurreko atalean finkatutako betekizunak betetzen ez baditu, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskabideari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Instrukzioa:

a) Oinarri arautzaileetan izendatutako organoak eginen du dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.

b) Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskabideak, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik.

c) Dirulaguntzen oinarri arautzaileek horixe aurreikusten dutenean, batzorde bat eratzen ahalko da eskaerak ebaluatzeko, eta horren funtzionamenduak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean organo kolegiatuentzat ezarritako araubideari jarraituko dio. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen du.

d) Dirulaguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena erantsiko zaio. Bertan agertu beharko da onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

3. Ebazpena:

a) Ebazpen proposamena ikusirik, organo eskudunak dirulaguntzak emateko ebazpena emanen du.

b) Ebazpena arrazoitua izanen da. Ematen den ebazpenaren oinarriak azaldu beharko dira beti.

c) Gutxienez ere, dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta gainerako eskaerak ezetsi direla adieraziko da, hala denean; horien artean, aurrekontu-baliabideen muga dela-eta ezetsitako eskaerak ere aipatu behar dira.

4. Jakinarazpena:

Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie administrazio prozedura erkideari buruzko legerian adierazitako moduan. Ebazpena jakinarazteko, dirulaguntzari buruzko arauan nahiz haren deialdian adierazitako komunikazio bidea erabiltzen ahalko da.

5. Ustezko ezespena:

Dirulaguntzari buruzko arauan edo deialdian prozedura ebazteko ezarritako epea iraganik, berariazko ebazpenik ez badago, eskabidea ezetsitzat joko da. Ebazpena emateko eperik ezarri ezean, eskabidea ezetsitzat joko da eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteren buruan.

6. Errekurtsoak:

Dirulaguntzaren arauak edo deialdiak ezarriko du ezespen espresaren nahiz ustezkoaren kontra ezartzen ahal den errekurtsoa.

14. artikulua. Banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz dirulaguntzak emateko prozedura:

Banakako ebaluazioaren araubideari aplikatuko zaizkio ordenantza honetako norgehiagokako prozeduraren arau orokorrak, salbu eta "norgehiagoka" prozeduraren ezaugarri berezi diren alderdietan edo eskakizunetan, aplikagarriak ez badira dirulaguntza mota honen izaera bereziagatik.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskabideak, deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpideak, bideak eta balorazio lehentasunak aintzat harturik.

15. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean emateko prozedura:

1. Ematen diren dirulaguntzak bideratzeko administrazio egintzek haien oinarri arautzaileak ezarriko dituzte, ordenantza honetako aurreikuspen guztiei jarraikiz, lehia printzipioari dagozkionak izan ezik.

2. Dirulaguntzak baztertzen badu beste interesdunek eskuratzeko aukera, dirulaguntzaren onura, interes soziala edo xede publikoaren lorpena arrazoitu beharko dira, eta lehia printzipioa zergatik ezin den aplikatu azaldu beharko da.

3. Dirulaguntzak hitzarmenen bidez gauzatzen direnean, dirulaguntza emateko eskumena duen organoak onetsiko du hitzarmena.

V. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZEN KUDEAKETA ETA JUSTIFIKAZIOA

16. artikulua. Dirulaguntzen deialdia eta kontzesioa.

1. Dirulaguntzen deialdiek berekin ekarriko dute gasturako baimena, udal aurrekontua betearazteko oinarrietan adierazten diren baldintzetan. Deialdiaren testuan aditzera eman beharko da zenbateko gastua egiteko baimena eman den, eta, dirulaguntza urteka banatu behar bada, urteko zenbateko guztiak jarriko dira.

2. Ordenantza honetan jasotzen diren prozeduretarik edozein erabiliz dirulaguntzak emateak dagokion gastu konpromisoa ekarriko du.

3. Ezin izanen da deialdian zehaztu den zenbatekoa baino dirulaguntza handiagorik eman, ez eta urte bakoitzeko aurrekontuari gehienez egozten ahal zaion zenbatekoaren muga gainditu ere. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Ondoko aurrekontu ekitaldiaren aitzineko deialdietan, ekitaldi horretan kreditua egotea izanen da gastua baimentzeko baldintza; horrek ez du gainditu behar aitzineko ekitaldian horretarako izendatu den zenbatekoa.

17. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, dirulaguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta dirulaguntzei buruzko kasuan kasuko oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten eta ordaintzen badira. Gastu diruz lagungarriaren eskuratze-kostuak ez du inoiz izan behar merkatu-balioa baino handiagoa.

18. artikulua. Dirulaguntza publikoen justifikazioa.

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, hura kudeatzen duen organoaren aitzinean aurkeztuko da justifikazioa, deialdiaren oinarrietan zehazten diren agiriekin batean.

2. Gastua frogatzeko kontu-ematea derrigorrez egin behar du onuradunak edo entitate laguntzaileak. Kontu horretan sartu behar dira, aitortzailearen erantzukizunaren pean, gastuaren frogagiriak edo dirulaguntza publikoaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duen beste edozein agiri. Dirulaguntza publikoei buruzko kasuan kasuko oinarrietan zehaztuko dira gastua frogatzeko kontuaren forma eta hura aurkezteko epea.

Betiere, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Idazkia, udal erregistroan sartua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Hartan agertuko dira onuradunaren izena eta sozietate-izena, haren NANa edo IFZa, eta bankuko kontu zenbakia, transferentzia egiteko.

b) Onuradunaren zinpeko adierazpena, frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak eta agiriak diruz lagundutako jardueran aplikatu direla dioena.

c) Egindako jarduerari eta gastuei buruzko memoria zehatza, emaitzak adierazita.

3. Gastuak frogatuko dira fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duten agirien bidez, edo administrazio eragina izanik froga-balio bera duten agirien bidez, oinarrietan ezarrita dagoen moduan. Gastuak faktura elektronikoen bidez ere froga daitezke, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren betekizunak. Dokumentuak jatorrizkoak edo organo kudeatzaileak baliozkotutako fotokopiak izanen dira, eta dirulaguntzaren xede den aldian dataturik egonen dira.

Larrialdi sozialen eta banakako gizarte laguntzen kasuan, Gizarte Ongizatearen Alorrak egindako txostenaz edo memoriaz ordezten ahalko dira.

4. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts berekiak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko,frogatu beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten aplikazioa.

5. Ordenantza honen 6. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako entitateetako kideek justifikazioaren arloko baldintzak bete beharko dituzte onuradunaren izenean eta haren kontura egindako jarduerei dagokienez, aurreko apartatuetan zehaztu bezala. Dirulaguntza eskatu duen onuradunak aurkeztu behar duen justifikazioaren atal izanen da dokumentazio hori.

6. Dirulaguntza eman bada hartzailearen egoera jakin batengatik, egoera bera baizik ez da frogatu behar, zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, betiere dirulaguntza eman aurretik. Nolanahi ere, horrez gain, kontrolak ezartzen ahalko dira hori hala dela egiaztatzeko.

19. artikulua. Justifikatzeko epea.

1. Oinarri arautzaileetan, deialdietan edo lankidetza hitzarmenetan adieraziko da dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epea.

Eperik adierazten ez badute, jarduera egiteko epea bukatu eta hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 31 izanen da gehienez ere.

2. Dirulaguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, osorik edo partez, eta dirua itzuli beharko da, osorik edo partez, betiere kontuan harturik ez-betetzearen maila eta gainerako inguruabarrak.

20. artikulua. Ordainketa.

1. Oro har, dirulaguntzak zer jarduera egiteko edo zer jokabide hartzeko ziren, horiek egin eta hartu direla egiaztatu ondoan ordainduko dira dirulaguntzak.

2. Egiaztapena eta ondoriozko ordainketa, dena batera egin liteke jarduera bukatutakoan, edo zatika, justifikazio partzialen ondoren, oinarri arautzaileetan agertzen diren baldintzak eta betekizunak betez.

3. Dagokion organo kudeatzaileak txostena erantsiko dio ordainketa-proposamenari edo, hala badagokio, gastuaren justifikazioari, dirulaguntzaren zati bat aurretik ordaindu bada; txosten horren bidez egiaztatuko da dirulaguntza ematean ezarri ziren helburuak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak bete direla.

4. Dirulaguntzaren ordainketa aurreratu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da oinarri arautzaileetan hori jasota egotea, eta oinarri horietan zehaztutako mugak, baldintzak eta, behar denean, bermeak egonen dira; gainera, betiere frogatu beharko da dirulaguntzaren helburuak betetzeko diruak jaso beharra dagoela.

21. artikulua. Zorrak konpentsatzea.

Dirulaguntzaren onuradunak zorrik badu Santakarako Udalarekin eta haren erakunde autonomoekin, zor horiek kitatuz pagatu lekioke dirulaguntza.

22. artikulua. Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola:

1. Organo kudeatzaileek komenigarriak iruditzen zaizkien egiaztapenak egiten ahalko dituzte eta onuradunei eskatu baldintzak ezarritako epeetan betetzeko. Ondorio hauetarako, organo horiek behar diren erregistroak eginen dituzte halako dirulaguntzen jarraipen egokirako, jarduketa hauek barne:

a) Dirulaguntzen onuradunek dirulaguntzak emateko betekizun, baldintza eta betebeharrak betetzen ote dituzten eta jasotako diru publikoak beren xederako behar bezala erabiltzen ote dituzten begiratzea.

b) Beharrezkoa izatera, dirulaguntzak onuradunen kontabilitatean edo erregistro liburuetan behar bezala jasotzen ote diren begiratzea.

c) Oinarri arautzaileetan ezartzen diren gainerako jarduketa guztiak.

2. Baldin eta, jarraipen eta kontrol eginkizunen ondorioz, jasotako dirulaguntzaren lorpen, helburu edo justifikazio okerren zantzuak antzematen badira, organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen diren kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, eginkizun haiei dagozkien dokumentuen desagerpena, deuseztapena edo aldaketa eragozteko. Hartzen diren neurriek inola ere ez diote kalterik eraginen onuradunari eta, edonola ere, lortu nahi den helbururako neurrikoak izanen dira.

3. Dirulaguntzen kontrol finantzarioa Udaleko Kontu-hartzailetzak egiten ahalko du, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 44. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

VI. KAPITULUA.–DIRULAGUNTZAK ITZULI BEHARRA ETA ZEHAPENAK

23. artikulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.

Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.

24. artikulua. Dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren erregelamenduan xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Arau osagarriak. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan jarraituko zaio honako arau hauetan ezarritakoari: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua.

Bigarrena.–Indarrean jartzea. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki-erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L2607977