Iragarkia
121. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
184E/2026 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira, Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsaren (2021-2027) esparruan, akuikulturako enpresei inbertsio produktiboetarako laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN kodea: 911312.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduak honako funts hauei buruzko xedapen komunak ezartzen ditu: Eskualde Garapeneko Europako Funtsa, Europako Plus Gizarte Funtsa, Kohesio Funtsa, Bidezko Trantsiziorako Funtsa eta Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsa.
Gaur egun, Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsa (EAAAF) Europar Batasunaren itsasoko, arrantzako eta akuikulturako politiketarako funts berria da 2021-2027 aldirako, aurreko Europako Arrantza Funtsaren ordez. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduak arautzen du.
EAAAFaren 3. artikuluan Batasunaren lau lehentasun ezartzen dira arrantza, akuikultura eta horiekin lotutako beste jarduera batzuk modu jasangarrian garatzeko. Lehentasun horietan helburu espezifikoak daude.
Kontuan harturik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamendua, Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsa ezartzen duena, eta batez ere horren 8. artikulua, Batzordearen 2022ko azaroaren 29ko Betearazpen Erabakiaren bidez honako programa hau onetsi zen Espainian Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsaren laguntzak jasotzeko: Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsa: Espainiarako Programa.
Batasunaren 2. lehentasuna da akuikulturako jarduera jasangarriak sustatzea, bai eta arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea ere, Batasunaren elikadura-segurtasuna sendotzeko. Helburu espezifikoetako bat da akuikulturako jarduera jasangarriak sustatzea, batez ere akuikulturako produkzioaren lehiakortasuna hobetu eta, aldi berean, jarduera horiek epe ertainean jasangarriak izatea bermatzea.
Helburu espezifiko horren esparruan akuikulturako inbertsio produktiboak sustatuko dira, bai eta enpresak sortzea ere, helburu hauek lortzeko: akuikultura ekonomikoki bideragarria, lehiakorra eta erakargarria izatea; akuikulturako ustiategietan behar diren azpiegiturak hobetzea eta berriak eraikitzea; akuikulturako instalazioak eguraldi-ezbeharretatik, ingurunearen eta uraren aldakuntzetatik, ihesetatik eta harraparietatik babestea; akuikulturako enpresak sortzea.
Aurreko guztiagatik, bidezkoa da deialdi bat onestea, Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsaren (2021-2027) esparruan, akuikulturako enpresei inbertsio produktiboetarako laguntzak emateko.
Bigarren deialdi honetan aurreikusitako zenbatekoak 2027ko gastuen aurrekontuan gaitzen den "720004-72200-7700-412111: PO FEMPA 2021-2027. Inbertsioak akuikulturako ustiategietan" partidaren partida baliokidearen kargura ordainduko dira, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Europako akuikulturako enpresei inbertsio produktiboetarako laguntzak emateko deialdia, 2026koa, Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 1eko 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren esparruan.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso direnak.
3. Deialdi honetan sortuko diren gastuei aurre egiteko, baimena ematen da 2027ko ekitaldian 500.000 euroko gastua egiteko, 2027ko ekitaldian gaituko den 2026ko aurrekontuko "720004-72200-7700-412111: PO FEMPA 2021-2027. Inbertsioak akuikulturako ustiategietan" partidaren partida baliokidearen kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
Aurreikusitako gastuaren %70 EAAAFek finantzatuko du; funts horrek gehienez ere 716.981,13 euro emanen ditu horretarako. Lehenbiziko deialdian 369.326,31 euro betearazi zirenez guztira, 347.654,82 euroko zenbatekoa dago erabilgarri EAAAFaren kargura.
4. Dirulaguntza deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko ekainaren 5ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–DEIALDIA, AKUIKULTURAKO ENPRESEI INBERTSIO PRODUKTIBOETARAKO LAGUNTZAK EMATEKO, EUROPAKO ITSASOKO, ARRANTZAKO ETA AKUIKULTURAKO FUNTSAREN (2021-2027) ESPARRUAN. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea eta helburua.
1. Ebazpen honen xedea da oinarriak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean akuikultura sustatzeko laguntzak emateko prozedura arautzeko. Laguntza horiek Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsaren 2021-2027 programazio-aldirako Espainiarako Programa Operatiboan ezarrita daude, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluarekin bat etorriz.
2. Laguntza hauen helburua da inbertsio produktiboak egitea akuikulturan, akuikulturako produkzioaren lehiakortasuna hobetzeko eta, aldi berean, bermatzea jarduera horiek ingurumenerako jasangarriagoak izatea.
3. Akuikultura da uretako organismoak haztea edo laboratzea ingurunearen gaitasunaz gaindiko produkzioa lortzeko teknikak erabiliz. Organismoak akuikulturako instalazioaren titularraren jabetzakoak dira hazkuntzak edo laborantzak irauten duen aldi osoan.
2. oinarria.–Araubide juridikoa.
1. Ebazpen honetako dirulaguntzei hemen arautzen denaz gainera honako arau hauetan ezartzen dena ere aplikatuko zaie:
a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017/1371 (EB) Zuzentaraua, 2017ko uztailaren 5ekoa, Batasunaren finantza-interesei kalte egiten dien iruzurraren kontra zigor zuzenbidearen bidez borrokatzeari buruzkoa (PIF Zuzentaraua). Zuzentarau horretan zehazten da zer diren iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazka.
b) 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta hura garatzeko erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia.
c) 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
d) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamendua; horren bidez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsiziorako Funtsari eta Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsari buruzko xedapen komunak, eta funts horietarako eta Asilo, Migrazio eta Integrazio Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugen Kudeaketari eta Bisatuen Politikari Finantza Laguntza emateko Tresnarako finantza arauak ere.
e) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamendua, Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsa ezartzen duena eta 2017/1004 (EB) Erregelamendua aldatzen duena.
3. oinarria.–Definizioak.
Ebazpen honen ondorioetarako definizio hauek hartuko dira kontuan:
a) Mikroenpresak, enpresa txikiak eta enpresa ertainak (ETE): Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioaren arabera, 250 langile baino gutxiago dituzten enpresak, urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez bada edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez bada. ETEen kategorian:
–ETEak, mikroenpresak: 10 langile baino gutxiago dituzten enpresak, urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 2 milioi eurotik gorakoa ez bada.
–ETEak, enpresa txikiak: 50 langile baino gutxiago dituzten enpresak, urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 10 milioi eurotik gorakoa ez badute eta mikroenpresak ez badira.
–ETEak, enpresa ertainak: 250 langile baino gutxiago dituzten enpresak, urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez bada edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez bada eta ez badira ez mikroenpresak ez enpresa txikiak.
b) Krisian dauden enpresak:
–Erantzukizun mugatuko sozietatea izanez gero, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu bada metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago denean.
–Sozietateko bazkideetako batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea edukiz gero, kontabilitatean ageri diren beren funts propioen erdiak baino gehiago desagertu badira metatutako galeren ondorioz;
–Enpresa porrot edo kaudimengabezia prozedura batean dagoenean edo betetzen dituenean haren zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak porrot edo kaudimengabezia prozedura bat betetzeko, hartzekodunek eskatuta.
c) Akuikulturako produkzioa: Arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizteko jarduera, teknika eta ezagutzen multzoa; horiek guztiak elkarrekin lotuta daude modu dinamikoan.
d) Arrantzako eta akuikulturako produktuak: arrantzaren eta akuikulturaren bidez lantzen diren uretako organismoak.
e) Akuikulturako instalazioa: Akuikulturako instalazioak dira uretako animaliak edo landareak hazten edo laboratzen diren esparru fisikoa eta instalazioak, zuzenean zein zeharka ur-ingurunearekin lotuta daudenak. Arrain-haztegiak eta karramarro-haztegiak, eta arrainak eta krustazeoak hazteko gordelekuak edo estabulazio-instalazioak, eta arroetako erakundeek arrainen edo krustazeoen ustiapen ekonomikorako emakida-araubidean ematen dituzten bestelako ur-motak.
f) Akuikulturako instalazio baten titularra: Akuikulturako enpresa baten titularra da instalazioak arautegia betetzeko arduraren printzipioei jarraikiz produkziorako ustiatzen dituen pertsona fisikoa edo juridikoa, haien jabea izan zein ez izan.
g) Eragiketa: programaren esparruan hautatzen den proiektua, kontratua, ekintza edo proiektu-multzoa.
4. oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte akuikulturako ustiategien titularrak diren enpresek, baldin eta behar bezala eratuta badaude, nortasun juridikoa badaukate eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta badaude.
2. Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:
a) Bete gabeko berreskuratze-agindu baten mendean dauden enpresak, baldin eta aurretik Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu.
b) Krisian dauden enpresak; krisian dauden enpresak zein diren Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan zehazten da (erregelamendu horren bidez zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).
c) Pertsona fisikoak, ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak eta sozietate kolektiboak.
d) Ikerketa-erakundeak eta I+G+Bko zentro publikoak zein pribatuak, daukaten forma gorabehera.
e) Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezartzen diren ordaintzeko epealdiak betetzen ez dituzten entitateak. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da hornitzaileei ordaintzeko epealdiak betetzen direla egiaztatzeko.
f) Batzordearen 2022/2181 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 3. eta 5. artikuluetan ezartzen dena aplikatzen ahal zaien enpresak, urtebetez agintaritza eskudunak arau-hauste horietako bat egin duela edo erantzulea dela adierazten duenetik aurrera.
3. Gainera, enpresa onuradunek arrantzako politika erkidean EAAAFerako ezarritako onarpen-baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Arau-hauste astunik egin ez izana, Kontseiluaren 1005/2008 (EE) Erregelamenduaren 42. artikuluan edo 1224/2009 (EE) Erregelamenduaren 90. artikuluaren arabera edo Europako Parlamentuak eta Kontseiluak arrantzako politika erkidearen esparruan emandako legegintzako egintzen arabera.
b) Egin ez izana Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/99/CE Zuzentarauaren 3. eta 4. artikuluetan arautzen den ingurumen-arloko deliturik, baldin eta laguntza-eskaera EAAAFaren Erregelamenduaren 27. artikuluan arautzen denari jarraikiz aurkezten bada.
c) Egin ez izana iruzurrik Europako Itsasoko eta Arrantzako Funtsaren ez EAAAFaren esparruan, 2017/1371 (EB) Zuzentarauak 3. artikuluan ezartzen den iruzurraren definizioaren arabera.
5. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
1. Hemen arautzen diren laguntzetako baten onuradunak izateko, aurreko oinarrian aipatzen diren enpresek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea.
b) Egunean izatea zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak.
c) Zehapenik jaso ez izana administrazio-ebazpen irmo baten bitartez ez kondenarik epai judizial irmo baten bitartez indarreko legeriaren arabera diskriminatzaileak diren lan-jarduketak egiteagatik, honako kasu honetan izan ezik: zehapena edo zigorra bete dutela frogatzen badute eta, gainera, gizonen eta emakumeen arteko diskriminaziorik ez gertatzeko berdintasun-plana prestatu badute edo neurriak ezarri badituzte. Halakoetan, berdintasunaren arloko eskumena daukan organoak ontzat eman beharko ditu neurriak.
d) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena edo zigorra jaso ez izana sexua edo generoa dela-eta lan-jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik.
e) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia bete behar izanez gero, laguntza hauetako bat jasotzeko ezinbestekoa izanen da enpresak laneko arriskuen prebentziorako plan bat edukitzea, eta, gainera, zehapenik jaso ez izana administrazio-ebazpen edo epai judizial irmo baten bitartez laneko arriskuen prebentzioaren arloko falta astun edo oso astun bategatik dirulaguntza eskatu aurreko urtean.
2. Aurreko puntuan ezartzen diren baldintzak eta laugarren oinarriaren 2. zenbakian ezartzen direnak betetzen direla eta eskatzailea laguntza baten onuraduna izatea eragozten duten egoeretako batean (laugarren oinarriaren 3. zenbakian aipatzen dira) ez dagoela egiaztatzeko, berariazko erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztu beharko dira laguntza-eskaerarekin batera. Nolanahi ere, hurrengo atalean dirulaguntzak itzuli beharraz, zergen arloko betebeharrez eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrez ezartzen dena ere bete beharko da.
Laguntza-eskaera aurkezten duenak baimena emanen du instrukzio-organoak zuzenean lortzeko eskatzaileak zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak. Nolanahi ere, eskatzaileak baimena ukatzen ahalko du berariaz; hori eginez gero, berak aurkeztu beharko ditu ziurtagiri horiek.
6. oinarria.–Ekintza diruz lagungarriak.
1. Dirulaguntza jasotzeko hautatzen ahalko dira EAAAFaren programa operatiboarekin bat datozen inbertsio-proiektuak, eskaerak aurkezteko epea amaituta hasi badira, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, Nafarroako Foru Komunitateko ustiategietan egin behar badira eta 9. oinarrian ezartzen diren gutxieneko puntuazioak gainditzen badituzte. Ekintza diruz lagungarriak honakoak izanen dira:
a) Akuikulturako inbertsio produktiboak.
b) Akuikulturako produkzioa eta laboratzen diren espezieak dibertsifikatzeko inbertsioak.
c) Akuikulturako zentroak modernizatzeko inbertsioak (sektore honetan ari diren langileen lan-baldintzak eta segurtasuna hobetzeko inbertsioak barne).
d) Animalien osasunaren eta ongizatearen arloetako hobekuntzak egiteko inbertsioak (ustiategiak basa-animalietatik babesteko ekipoak erosteko inbertsioak barne).
e) Akuikulturako urmael edo putzuetako lokatza kendu eta haiek lehengoratzeko inbertsioak, edo halakoetan lokatza ez pilatzeko inbertsioak.
f) Jarduera osagarrien bidez akuikulturako enpresen sarrerak dibertsifikatzeko inbertsioak.
g) Jarduerak ingurumenean daukan eragin kaltegarria murrizteko inbertsioak.
h) Uraren erabilera eta kalitatea hobetzeko inbertsioak (batez ere ur, produktu kimiko, antibiotiko eta bestelako medikamentu gutxiago erabiltzeko).
i) Kanpora ateratzen den uraren kalitatea hobetzeko inbertsioak (akuikulturako sistema multitrofikoak garatzeko inbertsioak barne).
j) Zirkuitu itxiko birzirkulazio-sistemak bultzatzeko inbertsioak, ahalik ur gutxien erabiltzeko.
k) Produkzio-ziurtapena lortzeko ezarritako baldintzak eta estandarrak betetzeko inbertsioak, helburua akuikultura lehiakorragoa, jasangarriagoa eta hobea izatea dela.
2. Akuikulturaren sektoreko enpresek aurreko kontzeptu guztietarako edo batzuetarako eskatzen ahalko dute laguntza. Laguntza-eskaera aurkeztu aurretik programaren arabera materialki bukatu edo osorik gauzatu diren eragiketak ez dira onartuko dirulaguntzarako, haiekin lotutako ordainketa guztiak eginda egon zein ez egon.
3. Dirulaguntzarako onartzen diren gastuetan kostuak neurrikoak izateko printzipioa bete behar da; beraz, merkatuko prezioekin bat datozen gastuak baizik ez dira onartuko. Horretarako:
1. Obra edo zerbitzua egiteko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, enpresek hiru hornitzaileri eskatu beharko diete eskaintza aurkezteko, kasu hauetan izan ezik: batetik, dirulaguntzarako onartutako gastuen ezaugarri bereziak direla eta merkatuan ez badaude hura hornitzen edo ematen duten hiru entitate; bestetik, gastua dirulaguntza eskatu aurretik egin bada.
Eskaintza horietan honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Eskaintza aurkezten duten hornitzaileak lokabeak izan behar dira beren artean; hau da, eskaintza aurkezten duten enpresak ezin dira izan laguntza eskatzen duen enpresaren bazkideak ez partaideak, ezin dute loturarik eduki horrekin, ez eta beren artean ere, eta eskaintzen den ondasunarekin bat datorren jarduera ekonomikoa egin behar dute.
b) Eskaintzen elementuak guztiz alderagarriak izan behar dira.
c) Eskaintzaren deskribapena argia eta zehatza izan behar da, eta argi utzi behar du zer inbertsiok duten xede kostuak murriztea, hau da, zer inbertsio onartzen ahal diren dirulaguntzarako.
Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da espresuki, baldin eta proposamen ekonomiko onuragarriena hautatzen ez bada.
2. Merkatuan behar beste enpresa hornitzaile ez badago eta ondorioz gastu jakin baterako ezin badira aurkeztu hiru eskaintza, hori modu sinesgarrian frogatu beharko da. Bestela, gastua ez da onartuko dirulaguntzarako.
Enpresa hornitzailearen hautapena egiaztatu ondoren:
a) Balorazio batzorde batek aztertuko du proposatutako gastua. Batzorde horretan instrukzio-organoaren arduraduna eta bertako bi teknikari ariko dira; aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eginen dute edo, bestela, beste aurrekontu bat aurkeztuko dute.
b) Batzorde horren erabakia justifikatuko da, orobat, ondasunaren prezioak egiaztatuz entitate onuradunari dagokion jarduketa-merkatu logiko batean.
c) Aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko, onuradunak aurkeztutako aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa hartuko dira, eta bietan txikiena hartuko da aintzat.
4. Honako gastu hauetarako ez da laguntzarik emanen:
a) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta berreskuratzen ahal diren beste zerga batzuk. Inbertsio-proiektuaren gauzatze materialarekin lotuta ez dauden zergak, tasak eta gastuak.
b) Eraiki gabeko lursailak eta eraikitakoak erostea, zenbatekoa dirulaguntzarako onartutako eragiketa-gastuen %10etik gorakoa denean.
c) Zorren interesak.
d) Inbertsio-proiektuarekin lotuta ez dauden obrak: etxebizitzak, jangelak, apaintze-lanak, jolas-ekipoak eta antzekoak.
e) Proiektuko jarduerarekin lotuta ez dagoen urbanizazioa.
f) Sozietatea eratzeko gastuak edota lehenbiziko aldiz ezartzeko egiten direnak.
g) Enpresaren jabetzaren transferentziak.
h) Bigarren eskuko makinak eta ekipoak erostea.
i) Garraio-elementuak, finantzatzen diren eragiketekin erabat lotuta ez badaude.
j) Aurrekoak berritzeko egiten diren gastuak, kasu honetan izan ezik: erabiltzen den teknologia edo errendimendua dela-eta erosketa berria beste inbertsio bati badagokio. Halaber, narriatutako elementuak aldatzeko egiten diren obrek, mantentze-lanek eta konponketek eragiten dituzten gastuak ere ez dira diruz lagungarriak izanen.
k) Teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direla behar bezain bermatuta ez duten eragiketak.
l) Aurreko letretan aipatzen ez diren gainerako gastu eta eragiketa guztiak, baldin eta ez badituzte betetzen aplikatzekoa zaien foru araudia, Estatukoa eta Batasunekoa, eta batez ere honako kasu hauetan daudenak:
–Ingurumen-ebaluazioaren prozeduran dauden jarduketak, baldin eta ez badute gainditu ingurumen-prozedura aplikagarria edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak bete ez badituzte.
–Ingurumen-baimena behar duten jarduketak, baldin eta halakorik izan gabe egin badira edo bertan eraikuntza-faserako ezarritako baldintzak bete ez badituzte.
–Natura 2000 Sareko naturagune edo toki babestuei ageriko kalteak egiten dizkieten jarduketak.
–Beharrezkoa izan arren, isurketa-baimenik ez daukaten jarduketak.
m) Ebazpen honetako helburuak betetzen ez dituzten ekintzak eta 1. oinarrian adierazitako aplikazio-esparrutik kanpo eskatzen direnak.
n) Laguntza emateko oinarritzat hartutako inbertsio-proiektuarekin bat ez datozen lanak.
ñ) Nolanahi ere, foru araudian, Estatukoan eta Batasunekoan laguntzak hauek jasotzeko ezarritako irizpide eta baldintza guztiak betetzen dituzten proiektuak ez dira finantzatuko, baldin eta kalte egiten badiete arrantzako politika erkidearen edo EAAAFaren programa operatiboaren helburuei.
o) Batasunaren beste funts baten finantzabideak lortu dituzten jarduketak.
5. Dirulaguntzaren xede den inbertsio-planak bukatuta beharko du 2027ko abuztuaren 31 baino lehen. Ez da luzapenik emanen.
7. oinarria.–Laguntzak finantzatuko dituzten funtsak eta haien motak eta intentsitateak.
1. EAAAF 2021-2027 funtsak proiektuak finantzatzen lagunduko du, EAAAFaren programa operatibo nazionalaren esparruan, laguntza jasotzeko baldintzak betetzen badituzte eta funts erabilgarriak baldin badaude.
2. Laguntza inbertsiorako kapital-dirulaguntza izanen da, hain zuzen ere dirulaguntzarako onartzen den aurrekontuaren %50 adinakoa.
3. Nolanahi ere, enpresak egiaztatu beharko du laguntza honek finantzatzen ez duen inbertsio-ehunekoa estaltzen duen finantza-ekarpena daukala, gutxienez: bere baliabideak edo kanpoko finantzabideak. Kanpoko finantzabideetan ezin da egon laguntza publikorik (ez zuzenik, ez zeharkakorik).
8. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.
1. Laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Eskaeren arteko lehentasun-hurrenkera hurrengo oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera ezarriko da.
2. Laguntzak 9. oinarriko irizpideen arabera ezarriko den eskaeren arteko lehentasun-hurrenkerari jarraikiz emanen dira. Ebaluazio-fasean puntuaziorik altuena lortzen duen eskaeratik hasi eta hortik behera emanen zaie laguntza proiektuei, bakoitzari eskatutako zenbatekoaren arabera, deialdiko guztirako zenbatekoa agortu arte.
3. Zerrenda ordenatua eratuko da oinarri arautzaileetan onuraduna izateko ezartzen diren baldintzak bete arren deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik onartu ez diren eskaerekin. Bakoitzari deialdiko balorazio-irizpideen arabera eman zaion puntuazioa zehaztuko da.
4. Bi eskatzailek edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute eta ez badago denei laguntza emateko adina kreditu, proposamenean eskatzaile horien artean zenbatekoak nola hainbanatuko diren zehaztuko da.
9. oinarria.–Laguntzak emateko hautapen-irizpideak.
1. Ebazpen honetan ezartzen diren irizpideak eta baldintzak betetzen dituzten laguntza-eskaerei oinarri honetan azaltzen den baremoa aplikatuko zaie.
2. Hautapen-irizpideetan lau kategoria daude:
–Orokorrak.
–Horizontalak: ingurumenekoak eta sozialak.
–Espezifikoak: bideragarritasun teknikoa edota ekonomikoa.
–Espezifikoak: jarduera-mota.
3. Irizpide orokorrak: irizpide hauen helburua da ziurtatzea EAAAFaren laguntza jasotzeko hautatzen diren eragiketen xedea izan dadila Espainiarako ezarritako programan zehazten diren helburu espezifikoak lortzea.
Eragiketak baloratzeko irizpide orokorrak nahitaez aplikatuko dira; irizpide horien bidez zehaztuko da eragiketak EAAAFaren finantzabideak jasotzen ahal dituen edo ez. Irizpide orokorren arabera 4 puntu edo gutxiago lortzen dituzten eskaerak ez dira onartuko. Gainera, eragiketek ondoren xehatuko diren irizpide eta azpiirizpideetako bakoitzean ezartzen den gutxieneko puntuazioa lortu behar dute.
3.1. Estrategia bultzatzea, AMIA eta programako jarduera-mota: Atal honetako azpirizpide bakoitza banaka baloratuko da, eta gutxienez puntu bat lortu beharko da eragiketa dirulaguntzarako onargarria izan dadin.
3.1.1. Estrategiara egokitzea: 0-2 puntu.
Egiaztatuko da jarduketa Estrategian aurreikusita dagoen (programaren 1. atalean azaltzen diren lerroak kontuan hartuz) eta "garrantzi estrategikoko eragiketen zerrendan" dagoen (EAAAF programa, 3. eranskina). Baremoa honela aplikatuko da:
- 0 - Jarduketa ez dago aurreikusita programan.
- 1 - Jarduketa estrategian aurreikusita dago.
- 2 - Jarduketa "garrantzi estrategikoko eragiketen zerrendan" dago.
3.1.2. AMIAra egokitzea: 0-2 puntu.
Egiaztatuko da eragiketak AMIA bultzatzen duen edo bertan ezarritako zerbait jasotzen duen (programa izanen da erreferentziako dokumentua). Baremoa honela aplikatuko da:
- 0 - Ez da lagungarria AMIArako.
- 1 - Lagungarria da AMIArako.
- 2 - AMIA behar dela aipatzen du berariaz.
3.1.3. Jarduera-motara egokitzea: 0-2 puntu.
Egiaztatuko da jarduketa jarduera-motan aurreikusten den, kontuan hartuta programaren lerro nagusiak ez direla jarduera-mota horretan egiten ahal diren ekintza guzti-guztiak. Baremoa honela aplikatuko da:
- 0 - Ez da jardueran aurreikusten.
- 1 - Jardueran aurreikusten da.
- 2 - Berariaz aipatzen da.
3.2. Emaitza-adierazleetarako lagungarria izatea: 0 eta 2 puntu artean (II. eranskina).
Jarduera honek honako emaitza-adierazle hauetan da lagungarria: CR 01-Produkziorako gaitasun berria; CR 02-Akuikulturako produkzioa mantendu. Adierazle horiek 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezartzen dira. EAAAFaren esparruan finantzabideak jasotzen dituzten eragiketen puntuazioa ezin da "0" izan azpirizpide honetan. Honela baloratuko da:
- 0 - Ez da lagungarria adierazlerako.
- 0,5 - Eragiketa emaitza-adierazle bati dagokio.
- 1 - Eragiketa bi emaitza-adierazleei dagokie.
- Puntu bat gehiago emanen zaie helburu espezifikoaren beste emaitza-adierazle baterako lagungarri diren eragiketei, ebazpen honen II. eranskinari jarraikiz.
3.3. Lagungarria izatea beste plan eta programa batzuetarako: 0 eta 2 puntu artean.
Irizpide honen bitartez baloratzen da eragiketa Espainiako zein nazioarteko plan, programa, politika edo konpromisoren baterako lagungarria den. EAAAFaren esparruan finantzabideak jasotzen dituzten eragiketen puntuazioa ezin da "0" izan azpirizpide honetan. Honela baloratuko da:
- 0 - Ez du loturarik ezein plan ez programarekin.
- 1 - Lotura du plan edo programa batekin.
- 2 - Plan edo programa baterako baino gehiagorako da lagungarria.
4. Irizpide horizontalak: ingurumenekoak eta sozialak. 4 puntu gehienez.
4.1. Ingurumen-alderdiak: 0 eta 2 puntu artean.
Jarraian azalduko diren ingurumen-alderdietarako lagungarria den neurrian baloratuko da.
–Ingurumen-emaitza zenbakarriak eta iraungarriak.
–Klima-aldaketa arintzen laguntzea, esaterako berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea edo biltzea (%).
–Baliabideak efizientzia handiagoarekin erabiltzea, balorizazioa era ekonomia zirkularra sustatzen dituzten neurriak.
–Laguntza jasotzen duen sektoreak edo jarduerak eragiten dituen hondakinak, isurketak edo kutsagarrien emisioak murrizten dituzten eragiketak, edo hark ingurumenean daukan eragina edo aztarna beste era batera murrizten dutenak.
–Ingurumenari buruzko ezagutzaren transferentzia eta horren inguruko emaitzak eta datuak zabaltzea eta jakinaraztea.
Baremoa honela aplikatuko da:
- 0 - Ez da lagungarria.
- 1 - Ingurumen-alderdi baterako lagungarria da.
- 2 - Ingurumen-alderdi bat baino gehiagorako lagungarria da.
4.2. Alderdi sozialak: 0 eta 2 puntu artean.
Jarraian azalduko diren alderdi sozialetarako lagungarria den neurrian baloratuko da.
–Proiektuaren interes kolektiboa.
–Berdintasunaren arloko jarduketak edo neurri zehatzak egotea.
–Irisgarritasunaren arloko jarduketak edo neurri zehatzak egotea.
–Jardueraren garrantzia bere eraginpeko eskualdearen sustapenean.
–Proiektuaren inplikazioa eskualdeko beste jarduera batzuetan.
–Artisau-akuikultura.
Baremoa honela aplikatuko da:
- 0 - Ez da lagungarria.
- 1 - Alderdi sozial baterako lagungarria da.
- 2 - Alderdi sozial baterako baino gehiagorako lagungarria da.
5. Bideragarritasun ekonomikoko irizpideak. 0-2 puntu.
Laguntza publikoarekiko mendekotasunaren (LPM) arabera baloratuko da (eskatutako laguntza publikoaren eta inbertsioaren guztirako zenbatekoaren arteko erlazioa da). Horren bitartez jakiten ahal da eskatutako laguntza publikoa beharrezkoa den inbertsioari ekiteko. LPM = (Laguntza publikoa) / (Guztirako inbertsioa). Baremoa honela aplikatuko da:
- 0 - Mendekotasunik ez, LPM <0,5.
- 1 - Mendekotasun ertaina, 1 < LPM ≥ 0,5.
- 2 - Erabateko mendekotasuna, 1 < LPM ≥ 1.
6. Jarduera-motaren irizpide espezifikoak. 0-2 puntu.
Jarraian azalduko diren jardueraren irizpide espezifikoen arabera baloratuko da:
–Akuikultura tradizionaleko sistemetan egiten diren inbertsioak.
–Ur gutxiago kontsumitzeko inbertsioak.
–Efizientzia energetikoa hobetzeko inbertsioak edo energia-iturri berriztagarrietan egiten direnak.
Baremoa honela aplikatuko da:
- 0 - Ez da lagungarria.
- 1 - Irizpide espezifiko baterako lagungarria da.
- 2 - Irizpide espezifiko baterako baino gehiagorako lagungarria da.
7. Eragiketa baten guztirako puntuazioa kalkulatzeko, formula hau aplikatuko da: (Irizpide orokorren arabera lortutako puntuazioa / Irizpide orokorren arabera gehienez lortzen ahal den puntuazioa) x 30 + (Irizpide horizontalen arabera lortutako puntuazioa / Irizpide horizontalen arabera gehienez lortzen ahal den puntuazioa) x 20 + (Irizpide ekonomikoen arabera lortutako puntuazioa / Irizpide ekonomikoen arabera gehienez lortzen ahal den puntuazioa) x 20 + (Irizpide espezifikoen arabera lortutako puntuazioa / Irizpide espezifikoen arabera gehienez lortzen ahal den puntuazioa) x 30.
Hautapen-irizpide guztien araberako puntuazioa 100 puntu izan daiteke gehienez.
10. oinarria.–Bateragarritasuna.
Laguntzen zati bat EAAAFek finantzatuko du, eta haiekin batera Europako beste egitura eta inbertsio funts baten edo Batasunaren programa baten edo batzuen eta beste tresna batzuen finantzabideak ere jasotzen ahalko dira, baldintza hau betez gero: dena delako gastu-partidarako edo inbertsio-elementurako ez jasotzea Batasunaren beste funts edo tresna baten dirulaguntzarik, ez funts beraren dirulaguntzarik beste programa baten esparruan.
11. oinarria.–Laguntza-eskaerak eta aurkezteko modua.
1. Deialdi honetako eskaerak aurkezteko epealdia hilabetekoa izanen da laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2. Laguntza-eskaerak Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkeztuko dira deialdia onesten duen ebazpenean ezarritako epealdiaren barruan.
3. Enpresa bakoitzak eskaera bat bakarrik aurkezten ahalko du. Enpresa batek eskaera bat baino gehiago aurkezten badu instalazio bererako horretarako ezarritako epealdiaren barruan, azkena baino ez da izapidetuko.
4. Eskaeran zehaztu beharko da eskaerak aurkezteko epealdia ireki aurretik inbertsiorik egin den, organo kudeatzaileak aukera izan dezan egiaztatzeko inbertsioak ez direla amaitu.
5. Laguntza eskaerarekin batera IFZaren fotokopia eta eraketa eskriturak eta estatutuak (eskatzaile berriak direnean edo horiek eguneratu beharra dagoenean). Gainera, laguntzarako eskubidea sortzeko oinarri izanen den inbertsio-plana eta 5.2 oinarrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenak jasoko dira.
6. Inbertsio-planean, gutxienez ere, alderdi hauek sartuko dira:
a) Instalazioaren hasierako egoeraren azalpena; datu hauek eman behar dira, besteak beste:
–Ustiategiaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenaren ildoa.
–Titulartasuna eta, behar izanez gero, titularren zerrenda, bakoitzak sozietatearen kapitalean daukan partaidetza zehaztuta.
–Ustiategiari atxikitako eskulangileen zerrenda sailkatua eta kuantifikatua: familiakoak, soldatapekoak, finkoak, aldi baterakoak.
–Produkzio-elementuak, ugalketa-elementuak eta lortutako produkzioak.
–Ekoizpen jarduera bakoitzaren gastuak eta ustiategi osoaren gastu finkoak.
b) Instalazioaren bukaerako egoeraren azalpena, erreferentzia konparatiboa eginez abiapuntuko parametroei, eta azterlan ekonomikoa, adierazten duena azken emaitza hori lortzen ahal dela, zeinak bermatuko baititu ustiategiaren errendimendu orokorra hobetzea eta bideragarritasuna.
c) Egin asmo diren inbertsioen zerrenda eta azterketa, ikuspuntu teknikotik, ekonomikotik eta finantzariotik begiratuta, koherentzia izanik instalazioaren abiapuntuko eta bukaerako egoeren artean, inbertsioak egiteko beharra justifikatzeko.
d) Instalazioaren bideragarritasun ekonomikoa frogatzeaz gainera, inbertsio-planean egiaztatu beharko da instalazioa bideragarria dela eta inbertsioak lotuta daudela 9. oinarrian azaltzen diren hautapen-irizpideekin.
e) Inbertsio-planaren iraupena. Inbertsioen izaeraren eta gauzatzeko aurreikuspenaren araberakoa izanen da, inbertsio bakoitzerako.
7. Azterketa horrek bere baitan izan beharko ditu, halaber, inbertsio horiek diruz lagungarritzat jotzeko behar diren justifikazio teknikoak eta agiri egokiak, bat etorriz oinarri arautzaile hauetan ezarritako beharkizun eta baldintzekin.
a) Kostuen moderazioa aplikatzeko justifikazioa, oinarri arautzaile hauetako 6. oinarriko 3. puntuaren araberako inbertsioetarako.
b) Ingurumenean ondorio negatiboak izan ditzaketen inbertsio-eragiketen hautagarritasunaren ondorioetarako, eskaerari erantsi beharko zaizkio ingurumen-baimen bateratuaren gaineko ebazpena, ingurumen-ukipenei buruzko txostena, edo jarduerarako udal lizentzia, egoki dena jarduketa-motaren arabera, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen arabera, edo aplikatzekoa den beste araudi baten arabera.
12. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
1. Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.
2. Instrukzio organoak eskaerak jaso ondoren, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, eskaera 10 eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.
3. Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.
4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
5. Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate arduradunak argibideak eska ditzake aurkeztutako informazioari eta dokumentazioari buruz. Behar izanez gero, interesdunari eskatuko zaio argibideak gehienez 10 eguneko epean aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, dagoen informazioaren arabera instruituko dela espedientea.
6. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua hartuko da kontuan, bai eta aplikatzekoak diren mugak eta baremoak ere, oinarri arautzaile hauen arabera.
7. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunetan oinarriturik.
8. Eskaerei batzorde batek aplikatuko die baremoa 9. oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera. Batzordeburua Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko burua izanen da eta kideak honako hauek:
–Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Ataleko burua.
–Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Ataleko teknikari bat.
Batzorde hori bi zerbitzu hauetako teknikarien lanean oinarritzen ahalko da erabakiak hartzeko: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Abeltzaintza Zerbitzua eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua.
9. Batzordeak txostena eginen du eta bertan proiektu bakoitzaren puntuazioa zehaztuko du. Gainera, proiektuak lehentasun-hurrenkeran ezarriko ditu, puntu gehien dauzkanetik hasita.
10. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta dirulaguntzak emateko espedientean jaso beharko da onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
13. oinarria.–Ebazpena.
1. Ebazpen-proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateaz ebatziko du. Ebazpena arrazoitua izanen da. Ematen den ebazpenaren oinarriak azaldu beharko dira beti.
2. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta beren artean azaldu beharko dira aurrekontuko baliabideak mugatuta egoteagatik ezetsitakoak eta laguntza jasotzen ezarritako baldintzak ez betetzeagatik ezetsi direnak.
3. Laguntza eman ondoren aurrekontu-partidan kreditu erabilgarria sortzen bada, diru kopuru osagarri bat ematen ahalko zaie aurrekontu-eskasiagatik ezetsitako espedienteei, lehentasun-hurrenkerari jarraituz. Diru kopuru horiek emateko, aurretik onartutako gainerako eskaeren baldintza berberak bete beharko dira. Inbertsio-plana bukatzeko epea egokituko da luzapenetarako onar daitekeen azken egunaren arabera.
4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, baldintzak eta, orobat, onuradunak mantendu behar dituen konpromisoak.
5. Gainera, laguntza eman dela jakinaraztean, onuradunei adieraziko zaie neurriak honen dirulaguntza jaso duela: Europako Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Funtsa: Espainiarako programa.
6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.
7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko ezespenaren edo presuntziozkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren aurrean, eta horretarako hilabeteko epealdia egonen da ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, berariazko ebazpena izanez gero, edo administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzen denetik aurrera, ezespena presuntziozkoa izanez gero.
8. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluaren 3. apartatuaren arabera, organo kudeatzaileak bermatu behar du onuradunak jasotzea eragiketa bakoitzari aplikatzen zaizkion laguntza-baldintza guztiak azaltzen dituen agiria, barnean direla eman behar diren produktuei edo egin behar diren zerbitzuei buruzko baldintza espezifikoak, finantzaketa-plana, gauzatzeko epealdia eta, behar denean, eragiketaren kostuen zenbatekoa kalkulatzeko erabiliko den metodoa eta laguntza ordaintzeko baldintzak.
14. oinarria.–Gauzatzeko epea.
1. Lan eta jarduketa diruz lagungarriek bukatuta beharko dute 2027ko abuztuaren 31 baino lehen. Epe hori ez da luzatuko.
15. oinarria.–Inbertsio-plana aldatzea.
1. Arrazoi justifikatuengatik entitate onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketak egitea hasiera batean onetsitako inbertsio-planean, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Eskaera hori ondasun eta/edo konpromiso berriak eskuratu aurretik aurkeztuko da, eta, nolanahi ere, 2027ko martxoaren 31 baino lehen.
2. Proposatutako aldaketa behar bezainbat arrazoitu eta justifikatu beharko da. Nolanahi ere, honako baldintza eta muga hauek hartuko dira kontuan aldaketa onartzeko:
a) Ez da onartuko proiektuaren azken helburua aldatzen duen aldaketarik.
b) Ez da onartuko enpresa onuraduna aldatzea, honako kasu hauetan izan ezik: onuradun berria bat-egite edo xurgapen baten ondorioz sortua izatea, edo enpresaren izen-aldaketa baten ondorioz, edo sozietate-mota aldatzearen ondorioz; edo enpresa onuradun berriaren sozietate-kapitalean partaidetza badauka hasierako enpresa onuradunak. Nolanahi ere, onuradun berriek ebazpen honetako baldintzak bete beharko dituzte eta bere gain hartu beharko dituzte dirulaguntza emateak berekin dakartzan betebeharrak.
c) Ez da onartuko onetsitako inbertsioak lekuz aldatzea eragiten duen aldaketarik.
d) Ez da onartuko dirulaguntzarako onartutako kontzepturik ez elementurik aldatzea, baldin eta kontzeptu edo elementu berriak ez baditu betetzen ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak, batez ere proiektuaren azken helburuaz eta hiru eskaintza eskatzeaz ezartzen direnak.
3. Inbertsio-plana aldatzeko ebazpenak ezin du eragin dirulaguntzarako onartzen den inbertsioa edo laguntza hasieran onetsitakoa baino handiagoa izatea.
4. Onetsitako eragiketa baten aldaketak onetsitako aurrekontua murrizten badu, emandako laguntza hein berean murriztuko da.
16. oinarria.–Justifikazioa eta ordainketa-eskaera.
1. Laguntza jaso ahal izateko, onuradunak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du erregistro orokor elektronikoaren bidez. Horren eredua Nafarroako Gobernuaren webguneko tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da. Ordainketa-eskaera eta egiaztagiriak aurkezteko epea 2027ko otsailaren 1ean hasi eta 2027ko abuztuaren 31n bukatuko da.
2. Ordainketa eskaerarekin batera, onuradunak inbertsioen bukaeraren berri eman beharko du, baita justifikatu ere horiek nola bete diren eta ordainketak nola gauzatu diren laguntzaren xede ziren kontzeptuengatik; horretarako, aurkeztuko dira behar diren fakturak edo frogagiri baliokideak eta gastu eta inbertsio diruz lagungarri guztien ordainagiriak.
3. Onuradunak laguntza entitate hartzekodun bati lagatzea erabakitzen badu, ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharko du hori justifikatzen duen dokumentua.
17. oinarria.–Ordainketa-prozedura.
1. Dirulaguntzak ordainduko dira behin egiaztatuta dirulaguntza emateko oinarri izan zen jarduera egin dela eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako betebeharrak eta konpromisoak bete direla.
2. Deialdian ezarritako epean aurkeztu beharko dira ordainketa eskaera eta, harekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta nahitaezkoak diren gainerako agiriak. Dokumentazioa zuzendu behar izanez gero, horretarako epealdia ematen ahalko da, 10 egunekoa gehienez. Ez da onartuko inbertsioak bukatzeko epetik aurrerako data duten fakturarik edo ordainagiririk.
3. Oro har, dirulaguntzak esleitzea eragin zuen jarduera gauzatu dela egiaztatu ondotik ordainduko dira dirulaguntzok. Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio-plana bukatu dela frogatu eta aurkeztutako dokumentazioarekin bat dagoela egiaztatu arte. Ez da ordainduko laguntzarik horiek emateko ebazpenean (edo aldatzeko ebazpenean) ageri ez diren inbertsioetarako.
4. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.
5. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko dira instalazioetara, egiaztatzeko inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.
18. oinarria.–Entitate onuradunen konpromisoak eta betebeharrak.
Enpresa onuradunak ezarritako betebeharren mende daude eta konpromisoa hartzen dute haietan ezartzen diren baldintzak betetzeko; baldintza horiek guztien berri edukiko dute eta onartuko dituzte. Honako hauek dira:
a) Dirulaguntza jasotzen duen jarduera hura emateko ebazpenean eta haren oinarri arautzaileetan ezartzen den bezala egin behar dute. Gainera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eman behar diote programak gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gertaeren berri.
b) Dirulaguntza jasotzen duen inbertsioaren kokalekua, titulartasuna, jarduera eta izaera mantendu beharko dituzte laguntza ordaintzea onesten duen ebazpena eman ondoko bost urteetan. Aldi hori hiru urtekoa izanen da ETEek egindako inbertsioen kasuan.
c) Beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu bererako emandako beste dirulaguntza eta laguntza guztien berri eman beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta Europako Batzordearen esku jarri beharko dute haiek inbertsioa eta gastua egin direla egiaztatzeko behar duten dokumentazioa, eta hala mantendu beharko dute bost urtez laguntza ordaintzen denetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060/EE Erregelamenduaren 82. artikuluan ezartzen denari jarraikiz (horren bitartez zenbait funtsi buruzko xedapen erkideak ezartzen dira).
e) Eragiketarekin lotutako transakzioen kontabilitate-sistema berezia edo kontabilitate-kode egokia eduki beharko dute, egiaztatu ahal izateko gastua partzialki soilik esleitu dela finantzabideak jaso dituen eragiketari dagokionez eta beste kostu batzuen proportzioan eta muga batzuen barruan onartzen diren gastu batzuei dagokienez.
f) Auditoretza-aztarna egokia ezartzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoak bermatuko du programa operatiboko gastuekin eta auditoretzekin lotutako frogagiri guztiak Europako Batzordearen eta Europako Kontuen Auzitegiaren esku egotea gutxienez bi urtez programa operatiboa itxiz gero.
g) Europako Itsasoko eta Arrantzako Funtsak finantzatzen laguntzen duen eragiketei buruzko informazioari eta horien publikotasunari dagokienez, ebazpen honen 25. oinarrian xedatzen dena aplikatuko da.
h) Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako informazioa ematea.
Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, pertsona juridikoek aurkeztu beharko dute telematikoki dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, ereduaren araberakoa, 19. oinarrian jaso bezala.
i) Organo emailearen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten ahal duten beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
j) Eskatzailearen erantzukizuna da ingurumenean ondorio negatiboak izan ditzaketen inbertsioek deialdiaren 6.4 oinarriaren l) atalean aipatzen diren baimenak izatea. Laguntza emateak ez dakar berekin inola ere inbertsioek baimen hori izatea.
k) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean aurreikusten diren diru-itzulketak ekarriko ditu.
19. oinarria.–Onuradunen gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua aurkeztu beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia: Gardentasunari buruzko adierazpena (https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2007657).
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio-zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritzako eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
d) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, gardentasunari buruzko adierazpenaren estekaren bidez, eta eredu hauen araberako agiriak erantsita:
Aurreko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, I. eranskinean dagoen eredua erabiliko da; esteka honetan eskuratzen ahal da: Organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena (https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963).
Aurreko d) letran zehazten den informazioa emateko, II. eranskinean dagoen eredua erabiliko da; esteka honetan eskuratzen ahal da: Organoen ordainsariei buruzko adierazpena (https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713).
Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak. Era berean, foru lege horretan ezarrita dagoen arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da.
20. artikulua.–Emandako laguntza murriztea eta itzultzea.
1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan arautzen diren kasuetan laguntzaren zenbatekoa murriztuko da edo osorik edo zati bat itzuli beharko da eta laguntza ordaindu denetik sortutako berandutze-interesak ordaindu beharko dira.
2. Honako kasu hauetan emandako laguntza galduko da edo jasotako zenbateko osoa itzuli beharko da:
a) Dirulaguntza lortu izana horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.
b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uztea, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea ez hartzea.
c) Jarduera egin direla frogatu beharra betetzen ez denean edo behar bezala frogatzen ez denean.
d) Foru lege honen 15. artikuluko 2. apartatuan adierazitako zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra betetzen ez denean.
e) Administrazioaren egiaztapen eta kontrol lanen aurreko erresistentzia, oztopoa, aitzakia edo ezezkoa.
3. Ebazpen honetan eta aplikatzen diren gainerako xedapenetan ezartzen diren gainerako betebeharrak ez betetzeagatik laguntzaren zati bat itzuli beharra ezartzen ahalko da, proportzionaltasunaren printzipioa aintzat edukita, honako irizpide hauen arabera:
a) Zer ez den bete eta zergatik ez den bete, eta horrek dirulaguntzaren xedean daukan eragina.
b) Nahita edo nahi gabe egitea.
c) Berregilea izatea.
4. Baldin eta laguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein beste laguntza, dirulaguntza eta ekarpen batzuekin batera, entitate onuradunaren jardueraren kostua baino gehiago bada, laguntzaren zenbatekoa murriztuko da edo jardueraren kostuaren gaineko kopurua itzuli beharko da.
5. Laguntzaren berri eman beharra eta haren publikotasunaren inguruko betebeharra (25. oinarrian ezartzen dira) betetzen ez badira eta, gainera, Europar Batasunaren ikurra gaizki erabiltzen bada, neurri zuzentzailerik ezarri gabe, laguntzaren %3 galduko da.
6. 4. oinarriaren 3. zenbakiaren a) eta b) letretan aipatzen diren egoeretako bat gertatuz gero laguntza-eskaera aurkezten denetik azken ordainketa egin ondoko hiru urteetan (ETEen eragiketan iraunaldia) edo bost urteetan (ETEak ez beste guztien eragiketen iraunaldia), EAAAFren esparruan emandako laguntza itzuli beharko da, 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren 44. artikuluan ezartzen denarekin eta 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 103. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.
21. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzea: mailakatzeko irizpideak.
1. Dirulaguntzak ematean ezartzen diren baldintzen ez-betetzeen mailak ezartzeko irizpide hauek aplikatuko dira:
a) Dirulaguntza jasotzen duen inbertsioaren xedea laguntzaren azken ordainketaren kontabilitate datatik gutxienez bost urtez mantendu beharra betetzen ez bada, ez-betetzea gertatzen denetik bost urteko aldia amaitu arte emandako laguntza itzuli beharko da, "prorrata temporis", honako kasu honetan izan ezik: betebeharra ez betetzeko arrazoia bada produkzio-jarduerari utzi zaiola iruzurrik gabeko porrotaren ondorioz.
b) EAAAFaren Erregelamenduaren 11. artikuluaren 1. apartatuaren a), b) eta c) letretan eta artikulu beraren 3. apartatuan arautzen diren kasuetako bat eskaera aurkeztu ondoren eta azken ordainketa egin aurretik gertatuz gero, jasotako laguntza osoa itzuli beharko da. Hala ere, azken ordainketa egiten denetik bost urte iragan baino lehen gertatzen bada, itzulketa "prorrata temporis" eginen da.
2. Irizpide horiek aplikatuko dira pertsona edo entitate onuradunak azkenean jasoko duen zenbatekoa edo, bestela, itzuli behar duena zehazteko. Proportzionaltasunaren printzipioaren arabera aplikatu beharko dira.
22. oinarria.–Laguntza itzuli beharrik ez.
1. Jasotako laguntza ez da itzuli beharko onuradunak eskatutako baldintzetako bat ez betetzeko arrazoia honako hauetako bat izanez gero:
a) Onuraduna hiltzea.
b) Ezintasun iraunkor osoa, absolutua eta baliaezintasun handia.
c) Titulartasuna galtzea honako arrazoi hauetako batengatik (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ontzat eman beharko du):
1. Dirulaguntza jasotzen duten lanak egiten diren lur guztiak edo haietako asko desjabetzea, baldin eta desjabetzea aurreikusi ezin bazen konpromisoak sinatu zirenean.
2. Hondamendi natural batek edo ezbehar batek kalte larriak egitea dirulaguntza jasotzen duten lurretan.
Halakoetan, jaso beharreko laguntzaren zenbatekoa gertaera eragilea jazo arte jasotakoa izanen da.
2. Baldin eta onuradunak espediente osoa beste pertsona bati eskualdatzen badio, hura onuradunaren konpromisoetan subrogatzen ahalko da bete gabeko aldian, baina horretarako ezinbestekoa izanen da titular berriak laguntzen onuraduna izateko ezarritako baldintza guztiak betetzea. Kasu horretan ez da itzuli beharko jasotako laguntza.
23. oinarria–Ikuskapena eta kontrola.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak nahi dituen administrazio-kontrol eta ikuskapen guztiak egiten ahalko ditu honako hauek egiaztatzeko: aurkeztutako dokumentazioan adierazitako datuak egiazkoak diren, laguntza jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen diren, emandako dirulaguntza zuzen aplikatu den eta hiru urtez (ETEen eragiketan iraunaldia) edo bost urtez (ETEak ez beste guztien eragiketen iraunaldia) mantendu den azken ordainketa egin denetik.
2. Administrazio-kontrolak eginen dira, lekuan bertan eta "a posteriori", Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 Erregelamenduarekin bat etorriz.
3. Onuradunak ikuskapenak egiten lagundu beharko du: eskatzen zaizkion datuak eman beharko ditu eta ikuskatzaileei lurretarako eta instalazioetarako sarbidea eman beharko diete.
24. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezartzen den arau-hausteen eta zehapenen araubidea bete beharko dute.
25. oinarria.–Enpresa onuradunek laguntzei publikotasuna ematea.
1. Dirulaguntza jasotzen duten enpresek Europako funtsen laguntza jaso dutela adierazi beharko dute, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 50. artikuluan ezartzen denari jarraikiz:
a) Onuradunak web orria eta sare sozialak badauzka, eragiketaren deskribapen laburra txertatu beharko dute; bertan helburuak eta emaitzak zehaztu beharko dituzte eta Europar Batasunaren finantzabideak jaso dituztela azaldu beharko dute.
b) Eragiketako lanak herritarrei edo parte-hartzaileei azaltzeko prestatzen diren dokumentuetan eta materialetan Europar Batasunaren laguntza aipatzen den adierazpena txertatu beharko dute.
c) Inbertsio fisikoa egiten den edo erositako ekiporen bat jartzen den eragiketa baten guztirako kostua 100.000 eurotik gorakoa bada, haren gauzatze fisikoa hasten denean Europar Batasunaren ikurra daukan publizitateko plaka edo kartela paratu beharko da herritarrek erraz ikusteko moduko leku batean.
d) Aurreko c) letran sartzen ez diren eragiketetarako, herritarrek ongi ikusteko moduko toki batean jarri beharko dute eragiketari buruzko informazioa ematen duen kartela, A3 tamainakoa edo handiagoa, edo tamaina bereko pantaila elektronikoa, eta bertan EAAAFaren laguntza nabarmendu beharko da. Onuraduna pertsona fisikoa izanez gero, EAAAFaren laguntzaren berri eman beharko du, ahal duela, herritarrek erraz ikusteko moduko leku batean edo pantaila elektroniko baten bidez.
Onuradunak bere betebeharrak betetzen ez baditu eta, gainera, Europar Batasunaren ikurra gaizki erabiltzen bada, neurri zuzentzailerik ezarri gabe, EAAAFek eragiketarako emandako laguntzaren %3 kentzen ahalko da, gehienez.
2. Halaber, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz, onuradunak emandako dirulaguntza publikoari dagozkion finantzabideak onartzen baditu, horrekin batera honako hau ere onartuko du: artikulu horren arabera programei buruzko informazioa ematen den web orrian argitaratuko den hautatutako eragiketen zerrendan sartzea.
3. Nolanahi ere, laguntzen publikotasunerako, dirulaguntza emateko ebazpenei buruzko informazioa bidaliko da Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 20. artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.
26. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
II. ERANSKINA.–Emaitza-adierazleak
2. LEHENTASUNA.–Akuikulturako jarduera jasangarriak sustatzea, bai eta arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea ere, Batasunaren elikadura-segurtasuna sendotzeko.
2.1 helburu berariazkoa. Akuikulturako jarduera jasangarriak sustatzea, batez ere akuikulturako produkzioaren lehiakortasuna hobetzea eta, aldi berean, jarduera horiek epe ertainean jasangarriak izatea bermatzea.
ESKU-HARTZEAK | EMAITZA-ADIERAZLEA (CR) |
2.1.1.–Berrikuntza akuikulturan | CR 14 - Berrikuntza lortuta |
2.1.2.–Akuikulturako inbertsio produktiboak eta enpresak sortzea | CR 01 - Produkziorako gaitasun berria CR 02 - Akuikulturako produkzioa mantendu |
2.1.3.–Akuikulturaren neutraltasun klimatikoa lortzeko inbertsioak | CR 01 - Produkziorako gaitasun berria CR 02 - Akuikulturako produkzioa mantendu |
2.1.4.–Akuikulturak ingurumenaren egoera ona sustatzea eta ingurumen-zerbitzuak egitea | CR 08 - Onuradunak |
2.1.5.–Ingurumen-arloko kudeaketa eta auditoretza sistemetara eta akuikultura ekologikora aldatzea | CR 10 - Ingurumenaren egoera ona sustatzea, batez ere natura lehengoratzea eta artatzea, eta ekosistemak, biodibertsitatea eta animalien osasuna eta ongizatea babestea CR 17 - Entitateak baliabideen efizientzia hobetzen du produkzioan edota eraldaketan |
2.1.6.–Animalien osasun eta ongizaterako neurriak | CR 10 - Ingurumenaren egoera ona sustatzea, batez ere natura lehengoratzea eta artatzea, eta ekosistemak, biodibertsitatea eta animalien osasuna eta ongizatea babestea |
2.1.7.–Giza kapitala eta sarean lan egitea sustatzea | CR 08 - Onuradunak |
2.1.8.–Akuikulturako produkzio-eremuen potentziala areagotzea | CR 19 - Gobernantza-gaitasuna hobetzeko esku-hartzeak |
2.1.9.–Arrain-populazioen aseguruak eta kalteak ez jasateko neurriak | CR 08 - Onuradunak |
2.1.10.–Ikerkuntza eta ezagutza bultzatzea | CR 10 - Ingurumenaren egoera ona sustatzea, batez ere natura lehengoratzea eta artatzea, eta ekosistemak, biodibertsitatea eta animalien osasuna eta ongizatea babestea |
2.1.11.–Akuikulturaren gobernantza hobetzea | CR 13 - Interesdunen arteko lankidetza CR 16 - Sustapen eta informazioko jardueren onura jasotzen duten entitateak CR 19 - Gobernantza-gaitasuna hobetzeko esku-hartzeak |
2.1.12.–Akuikulturako ustiategientzako berariazko aholkularitza-zerbitzuak | CR 21 - Emandako datuak eta aholkuak |
Iragarkiaren kodea: F2608288
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
