121. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

193E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita unibertsitateko eta goi mailako Lanbide Heziketako titulazioa duten pertsonei bekak emateko, 2026-2027 aldian Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egin ditzaten. DDBN kodea: 902043 908382.

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken deialdi hau, zeina unibertsitateko eta goi mailako Lanbide Heziketako (LH) titulazioa duten pertsonei zuzenduta baitago, Nafarroako Nazioarteko Planaren barruan kokatzen da. Izan ere, plan horren helburua da herritarrei laguntzea aprobetxa ditzaten ingurune global batean arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko dauden aukerak. Gainera, Nafarroako Foru Komunitatea nazioartekotzen laguntzeko funtsezko tresna da, eta zuzenean bat egiten du Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4).

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Beken deialdi bat onestea unibertsitateko eta goi mailako Lanbide Heziketako titulazioa duten pertsonek 2026-2027 aldian Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egin ditzaten.

2. Bekak emateko oinarri arautzaileak eta destinoko herrialdeei dagozkien beken diru-zenbatekoak onestea. Ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. 249.000 euroko gastua baimentzea, egungo gastu-aurrekontuko "Nazioarteko praktikak" izeneko 810003 81400 4809 146100 partidaren baliokidea izateko 2027ko aurrekontuan gaituko den partidaren kargura, betiere ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago.

Halaber, gehienez ere 100.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko beketan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da. Kopuru gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 26an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Beka hauen helburua da tituludunek prestakuntza praktikak egitea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan dauden nortasun juridikodun entitateetan (enpresak, ikerketa zentroak, GKEak, enbaxadak, kontsuletxeak, Espainiako Turismo Institutuaren bulegoak, Espainiak atzerrian dituen ekonomia eta merkataritza bulegoak eta merkataritza ganberak), diziplina anitzeko nazioarteko taldeetan beren lanbide eta lan gaitasunak hobetzeko asmoz, hezkuntza sistematik lan bizitzara errazago pasa daitezen eta, orobat, lagun dezaten Nafarroako enpresak nazioartera ateratzen.

2. oinarria.–Bekak entitate laguntzaileen bidez kudeatzea.

Jarraian adierazten diren entitate laguntzaileen bidez kudeatuko dira beka hauek; izan ere, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretarako Zuzendaritza Nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du haiekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitatearen Praktiken eta Enpleguaren Zerbitzua, unibertsitateko titulua duten pertsonentzako beken kasuan.

–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzua, goi mailako Lanbide Heziketako titulua duten pertsonentzako beken kasuan.

Entitate horiek interesdun guztiei emanen diete zerbitzua, kontuan izan gabe ikasketak non egin dituzten.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izaten ahal dira onuradunak:

a) 18 eta 30 urte bitarte izatea laguntza eskatzeko unean.

b) Nafarroan jaioa izatea edo Nafarroan erroldatuta egotea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino gutxienez urtebete lehenagotik, edo aurreko hamar urteetan bost urtez jarraian erroldatuta egon izana Nafarroan. Nafarroan jaio ez bada, betebehar hau egiaztatzeko, Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egina.

c) Graduko unibertsitate titulua edo goi mailako Lanbide Heziketako titulua izatea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean (2026ko irailaren 30ean).

d) Unibertsitateko edo goi mailako LHko titulazioa duten pertsonek praktikak atzerrian egiteko beste bekarik jaso ez izana.

e) Nafarroako Gobernuak aurreko deialdietan emandako nazioarteko praktiketarako beka bati uko egin ez izana, ezinbesteko arrazoiengatik izan ez bada.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten online prestakuntza planean aurrez izena eman izana, titulua non eskuratu den kontuan hartu gabe.

g) Europar Batasunetik kanpoko herrialde bateko nortasun juridikodun entitate batek bere egoitzan praktikak egiteko hautatu izana. Praktika horiek bitarteko propioen bidez lor daitezke, edo entitate laguntzaileen eskaintzen bidez.

h) Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik inolako lan harremanik eduki ez izana prestakuntza praktika eginen den enpresarekin edo entitatearekin.

i) Bekaren xede diren prestakuntza praktikak egitea eragotz dezakeen gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

j) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.

Beka eskatzeak berekin dakar baimena ematea bekak ematen dituen organoak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, eta kontsulta dezan eskatzailea desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak lortzeko, bai eta haren nortasun datuak, unibertsitateko eta unibertsitateaz kanpoko tituluak eta lan bizitza ere. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko du 6.1.f) oinarrian adierazitako dokumentazioa.

2. Onuradun izateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean agertzen den erantzukizunpeko adierazpena eta 6. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dira.

4. oinarria.–Beken baldintzak: zenbatekoa, iraupena eta lan harremanik eza.

1. Prestakuntza bekaren diru-zenbatekoa gastu hauek estaltzeko erabiliko da: egonaldia, bidaia, bisak eta istripuetarako, bidaiarako, osasun laguntzarako eta erantzukizun zibilerako nahitaezko aseguru bat. Beka bakoitzaren guztizko diru-zenbatekoa praktikak egiteko aukeratzen den destinoko herrialdearen araberakoa da, eta 2. eranskinean adierazita dago.

2. Bekaren xede diren prestakuntza praktikek sei hilabeteko iraupena izanen dute. Bekadunek hamaika egun balioduneko baimena izanen dute praktikaldiko sei hilabeteko, eta astean gehienez ere berrogei orduz arituko dira praktiketan.

3. Praktika hauek prestakuntzakoak direnez gero, horiek emateak eta egiteak ez du ekarriko lan loturarik onuradunen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo destinoko entitateen artean, ezta onuraduna gero haien plantilletan sartzeko inolako konpromisorik ere.

4. Onuradunei ematen zaien dirua ez da inola ere soldata edo lansaritzat hartuko, prestakuntzarako laguntza ekonomikotzat baizik.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2026ko irailaren 30ean bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak aurkeztu aurretik, 2. oinarriaren arabera dagokion entitate laguntzaileak berrikusi beharko ditu, deialdi honetan eskatutakoarekin bat datozela bermatzearren.

3. Pertsona bakoitzeko beka eskaera bakarra onartuko da.

4. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-a-personas-con-titulacion-universitaria-y-de-fp-de-grado-superior-para-realizar-practicas-en-paises-extracomunitarios-2026-2027(aurrerantzean, beken fitxa).

6. oinarria.–Bekak eskatzeko dokumentazioa.

1. Eskabide telematikoarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Nafarroan jaio ez bada, Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egina.

b) Ikasketa-espediente ofiziala, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan erakutsi behar duena.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten online prestakuntza planean aurrez izena eman duela frogatzen duen agiria.

d) Prestakuntza praktikak eginen diren Europar Batasunetik kanpoko herrialdeko entitateak onartu izanaren egiaztagiria.

e) Egin beharreko praktikei buruzko txostena: entitatea, kokalekua, hasteko eta bukatzeko egunak, egin beharreko zereginen deskripzio zehatza, laguntza poltsa (hala badagokio), tutorea eta gainerako alderdi garrantzitsuak.

f) Eskatzaileak baimenik ematen ez badu dirulaguntzak ematen dituen organoak lortzeko, ziurtagiri hauek aurkeztuko dira, 3.1.j) oinarrian ezarritakoaren arabera:

i. Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean izatearen ziurtagiriak.

ii. NANa edo baliokidea.

iii. Unibertsitateko tituluaren edo goi mailako Lanbide Heziketako tituluaren frogagiria.

iv. Lan bizitzari buruzko txostena, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ondoren datatua.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria.–Bekak emateko prozedura eta irizpideak.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira bi zerrenda prestatzeko (bat unibertsitateko tituludunentzat eta bestea LHko tituludunentzat), oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Beken diru-zenbatekoa kalkulatzeko, 4. oinarrian adierazitako diru-zenbatekoak emanen zaizkie baloraziorik handiena lortzen duten eskaerei, zerrenda bakoitzerako dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte: 220.000 euro unibertsitateko tituludunentzat eta 29.000 euro LHko tituludunentzat.

Zerrenda bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria baldin badago, beste zerrendako eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, lehentasun hurrenkeraren arabera.

2. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.

a) Ikasketa-espedientea (gehienez ere 30 puntu, lortutako batez besteko notarekiko proportzioan esleituak). Ondorio horietarako, eta 2026ko irailaren 30ean titulazio bat baino gehiago dituzten pertsonen kasuan, b) letraren arabera praktikei gehien egokitzen zaien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan.

b) Zer neurritan egokitzen zaizkion eginen diren praktikak eskatzailearen profil profesionalari (gehienez ere 60 puntu).

Baloratuko da destinoko entitatean egin beharreko lanak, 6.1.e) oinarrian adierazten den praktikei buruzko txostenean azaltzen direnak, bat etortzea eskatzailearen titulazioarekin. Gauzak horrela:

  • 0 puntu emanen dira praktika ez badator bat titulazioaren profil profesionalarekin (egin beharreko lanen %25 baino gutxiago).
  • 30 puntu, bat-etortzea nolabaitekoa bada (egin beharreko lanen %25 eta %75 artean).
  • Eta 60 puntu, bat-etortzea handia bada (egin beharreko lanen %75 baino gehiago).

c) 10 puntu emanen dira praktikak egiten badira Nafarroan jarduten duen enpresa batek Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean duen egoitzan.

3. Eskatzaileek lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, onuradun guztiak harturik ordezkaritza txikiena duen sexuko pertsonaren alde ebatziko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, beka lehenago eskatu duen pertsonaren alde.

8. oinarria.–Bekak ematea.

1. Bekak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek bekak lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia da bekak emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, beka jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Era berean, ebazpenean honako hauek jasoko dira:

a) Onuradunak, destinoko herrialdea eta zer entitatetan eginen diren praktikak.

b) Bekaren zuzkidura eta 10. oinarriaren arabera ordaindu beharreko diru-zenbatekoak.

3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago beka eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Beka eman ondoren onuradunen batek bekari uko egiten badio eta horregatik kreditu nahikoa liberatzen bada, kreditu hori aurrekontu faltagatik ezetsi diren eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz. Lehenik, ukoa gertatu den zerrenda bereko eskaerak hartuko dira kontuan, eta, ondoren, beste zerrendakoak.

Beka berri horiek emanen dira baldin eta onuradun berriak praktika 2027ko maiatzaren 14a baino lehen (egun hori barne) hasteko moduan badaude.

9. oinarria.–Beka aldatzea.

Honako egoera hauek bekaren zenbatekoa aldatzea eragin dezakete, betiere horretarako aurrekontua badago:

a) Harrera-entitateak praktika egiteko lekua aldatzea proposatzen badu, haren edukia aldatu gabe, eta onuradunaren adostasuna badu, bekaren diru-zenbatekoa destinoko leku berriari dagokion zenbatekora egokituko da.

b) Salbuespenezko egoeraren bat gertatuz gero (hala nola harrera-entitateak bere jarduera uztea, entitateak hitzemandakoa ez betetzea edo Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren iritziz praktika egitea eragozten duten beste arrazoi justifikatu batzuk gertatzea) eta onuradunak beste praktika bat lortzen badu, bekaren diru-zenbatekoa destino berriari dagokion zenbatekora egokituko da.

10. oinarria.–Beka ordaintzea eta justifikatzea.

1. Ematen diren bekak honela ordainduko dira:

a) Bekaren %30eko aurrerakina ordainduko da onuradunak 11. oinarriko a) eta b) letretako betebeharrak betetzen dituenean.

b) Gainerako zenbatekoa prestakuntza praktikek dirauten hilabeteen artean hainbanatuko da, eta, hala, hilabete bakoitzaren bukaeran dagokiona ordainduko da.

Ordaindu beharreko zenbatekoetatik PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren atxikipenak kenduko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

2. Praktikaldia (sei hilabete) bukatu eta gehienez ere 10 egun balioduneko epean, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte beken fitxaren bidez:

a) Praktikaren amaierako memoria, beken fitxan dagoen ereduaren arabera. Bertan, harrerako entitatean egin diren jardueren eta zereginen deskribapena jasoko da, bai eta praktikaldiaren balorazioa ere.

b) Atzerrian praktikak egiteko online prestakuntza plana burutu izanaren ziurtagiria.

c) Harrerako entitatearen ziurtagiria, frogatzen duena prestakuntza praktikak ongi bete direla, hasierako eta bukaerako datak adierazita.

d) Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, beken fitxan eskuratu daitekeena.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Beken onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beka eman zaiela jakinarazi ondoko hilabetean, beken fitxaren bitartez:

i. Beka onartzen dutela jakinaraztea.

ii. Gizarte Segurantzan alta emateko eskatzen den dokumentazioa aurkeztea (beken fitxan adierazten dena).

b) Beka eman zaiela jakinarazi ondoko hilabetean, banku-kontuaren zenbakia jakinaraztea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoan dagoen "Banku-kontuak jakinaraztea eta ordainketen kontsulta" tramitearen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

c) Praktikaldiaren hasiera eguna jakinaraztea haren berri izan bezain laster, eta berandu-beranduenez praktikaldia hasi baino zazpi egun natural lehenago, beken fitxaren bidez. Jakinarazpena egun horren ondotik egiten bada, hasiera eguntzat hartuko da jakinarazpenaren egunari zazpi egun natural gehituta ateratzen dena.

d) Destinoko herrialdera joan aurretik, istripuetarako, bidaietarako, osasun laguntzarako eta erantzukizun zibilerako aseguru bat sinatzea, eta bisa lortzea, beharrezkoa denean. Egiaztagiriak beken fitxaren bidez aurkeztu beharko dira, praktikak hasi aurretik.

e) 2027ko otsailaren 1etik apirilaren 30era bitarte (egun hori barne) hastea praktikak egiten, eta sei hilabetez aritzea prestakuntza praktiketan. 8.4 oinarrian adierazitako kasuan, 2027ko maiatzaren 14a baino lehen hasi beharko dute praktikak egiten.

f) Jabetza intelektual edo industrialari buruzko araudiarekin bat babestu beharreko edozein emaitza jakinaraztea praktikak egiten diren entitateari.

g) Prestakuntza beka zein entitatetan egiten den, hango ordutegia, arauak eta diziplina betetzea.

h) Atzerrian prestakuntza praktikak egiteko online modalitateko prestakuntza programa egitea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak zein Nafarroako Unibertsitateak eskaintzen dutena.

i) Behar bezala eta epe barruan aurkeztea 10.2 oinarrian adierazitako frogagiriak.

j) Beken fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia, praktikak bukatutakoan (frogagiriekin batera), eta 2. galdetegia, berriz, praktikak bukatu eta sei hilabete igarota.

k) Gastu berberak estaltzeko beste bekaren bat lortuz gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari, 12. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, beka behar bezala aprobetxatu ezik edo praktikaldia egiten den entitateak kontrako txostena emanez gero, emandako beka kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko bekaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, prestakuntza praktikak uzten badira Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak justifikatutzat jotzen dituen arrazoiengatik, betetzen ez den sei hilabeteko aldiari dagokion zenbatekoa galduko da.

12. oinarria.–Beken bateragarritasuna.

Deialdi honetako bekak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste beka batzuekin.

Dena dela, bateragarriak izanen dira harrera entitateek praktikak egiteagatik ematen ahal dituzten laguntzekin.

13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

Beken eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko agiri guztiak Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoko fitxaren bidez aurkeztuko dira, Interneten: www.nafarroa.es.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta beka hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horien bidalketaren berri emanen da eskatzaileak adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

14. oinarria.–Emandako beken publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoaren beken fitxan ere argitaratuko dira.

15. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako bekak emateko eta haien kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, beken fitxan adierazitako moduan.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

2. ERANSKINA.–BEKEN DIRU-ZENBATEKOA, EUROPAR BATASUNETIK KANPOKO DESTINOKO HERRIALDEAREN ARABERA

HERRIALDEA

BEKAREN DIRU-ZENBATEKOA

Angola

18.040 euro

Saudi Arabia

17.240 euro

Aljeria

11.680 euro

Argentina

13.320 euro

Australia

17.200 euro

Bolivia

10.560 euro

Brasil

11.320 euro

Kamerun

16.840 euro

Kanada

12.780 euro

Txile

11.480 euro

Txina

13.840 euro

Kolonbia

10.040 euro

Hego Korea

13.080 euro

Boli Kosta

13.400 euro

Costa Rica

13.126 euro

Kuba

14.520 euro

Ekuador

11.360 euro

ESTATU BATUAK (ekialdeko kosta)

17.980 euro

ESTATU BATUAK (New York)

20.600 euro

ESTATU BATUAK (mendebaldeko kosta)

19.520 euro

ESTATU BATUAK (erdialdea)

18.360 euro

Egipto

11.800 euro

El Salvador

13.400 euro

Arabiar Emirerri Batuak

17.480 euro

Etiopia

13.400 euro

Filipinak

11.560 euro

Ghana

15.120 euro

Guatemala

12.760 euro

India

11.100 euro

Indonesia

12.000 euro

Japonia

17.720 euro

Kazakhstan

11.160 euro

Kenya

14.720 euro

Malaysia

10.440 euro

Maroko

10.720 euro

Mexiko

12.560 euro

Nigeria

20.000 euro

Norvegia

15.320 euro

Zeelanda Berria

14.360 euro

Panama

13.720 euro

Paraguai

10.800 euro

Peru

10.400 euro

Qatar

18.480 euro

Erresuma Batua

17.360 euro

Dominikar Errepublika

11.880 euro

Senegal

10.920 euro

Serbia

8.880 euro

Singapur

17.360 euro

Hegoafrika

11.160 euro

Suitza

18.240 euro

Thailandia

10.280 euro

Taiwan

13.680 euro

Tunisia

10.400 euro

Turkia

9.780 euro

Uruguai

12.600 euro

Vietnam

10.920 euro

Zerrendan agertzen ez diren herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.

Iragarkiaren kodea: F2607881