Iragarkia
12. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
809E/2025 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, udal poligono eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia onesten duena, haietan jarduera ekonomikoak garatzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren kodea: 873079.
Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Foru Komunitateko lurraldearen garapen orekatua, eta, horretarako, jarduera ekonomikoak garatzeko tokiak behar dira udalerrietan.
Toki entitateek eskatzen dituzten laguntzak jarduera ekonomikoen poligonoak sustatzeko edo beren hiri azpiegiturak hobetzeko izan ohi dira, bai eta higiezinak egokitzeko ere, bulego, lokal edo lantegi txiki gisa erabiltzeko, eta, hala, proiektu ekintzaileak gauzatzeko espazioak eduki ahal izateko.
Nafarroako Gobernuak 2025eko azaroaren 5ean hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzea, udal poligonoak eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen deialdi bat onesteko 2026rako, jarduera ekonomikoak garatzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Udal poligono eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia onestea, haietan jarduera ekonomikoak garatzeko.
2. Dirulaguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.
3. 2.000.000 euroko gastua baimentzea 2025eko gastu-aurrekontuko "Jarduera ekonomikoetako udal poligonoetarako laguntzak" izeneko 810001-81100-7609-458100 partidaren baliokide diren partida hauen kargura, betiere kreditu nahikoa badago:
‒1.200.000 euro 2026ko aurrekontuko partidaren kargura.
‒800.000 euro 2027ko aurrekontuko partidaren kargura.
Diru kopuru hori nahikoa ez bada aurkezten diren eskaera guztiei erantzuteko, zenbateko horri gehienez ere 300.000 euro gehitzen ahalko zaizkio 2026an, eta 300.000 euro 2027an, betiere aurrekontu-baliabiderik badago eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Baimendutako gastua handitzeko, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikulua bete beharko da, urte anitzeko gastu-konpromisoa 600.000 eurotik gorakoa bada.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko azaroaren 28an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da industria edo zerbitzu poligono berriak sustatzea, udal eraikinak egokitzea bulegoak edo lantegiak jartzeko, gero alokatzeko, eta orobat, poligonoetan azpiegiturak jartzea edo lehendik dauden azpiegituretan konponketa bereziak egitea.
Laguntzen onura publikoa funtsean da Nafarroako lurralde garapena orekatua izan dadin laguntzea, industria edo zerbitzu enpresak hartzeko aukera emanen duten espazio eta azpiegiturak eraikiz, lan eskaintza Foru Komunitate osora zabaldu dadin.
2. oinarria.–Onuradunak.
Onuradun izaten ahalko dira 3. oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarriak aurrera eramaten dituzten toki entitateak.
3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Dirulaguntzaren xede izanen dira ondoko jarduketa hauek, gutxienez 15.000 euroko aurrekontua (BEZik gabe) dutenak:
1. Industria edo zerbitzu poligono berriak sustatzea, honako baldintza hauek beteta:
a) Poligonoaren eraikuntzak ukitutako lursailak eskatzailearen jabetzakoak izanen dira.
Eskatzaileak sustapenean parte hartzen badu konpentsazio batzorde baten bidez, edo birpartzelazio proiektu bat onesten bada, non zehazten den eskatzailea ehuneko jakin baten jabe dela, egitate hori justifikatuko da, eta toki entitateari dagokion ehuneko hori izanen da diruz lagungarria.
Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lursailen kasuan, ez da beharrezkoa izanen haien jabetza izatea, baina dagozkion ukipen baimenak beharko dira, titularrek sinatuak.
b) Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den unean, jarduketaren xedeko lursailek honako kalifikazioa izan behar dute indarra duen udal planeamenduan: industriarako, zerbitzuetarako edo jarduera ekonomikorako hiri-lurzorua.
c) Onuradunak konpromisoa hartuko du jarduketaren ondoriozko lurzatiak saltzeko, gutxienez, merkatuko prezioan.
d) Poligono berriek 11. oinarrian jasotzen diren gizarte baldintzak bete beharko dituzte, desgaitasuna duten pertsonei eta genero berdintasunari dagokienez.
2. Udal eraikinak egokitzea, haietan jartzeko bulegoak, lantegiak, habia-nabeak edo antzeko espazioak, ondoren bigarren edo hirugarren sektoreko enpresei edo profesionalei alokatzeko, baldintza hauek betez gero:
a) Esku-hartzearen xede den eraikinak eskatzailearen jabetzakoa izan beharko du. Jabea ez bada, obrak sustatzen dituen toki entitateak haren baimena izan beharko du.
b) Alokatu beharreko espazioak jarduera ekonomikoetarako erabiliko dira, ostalaritza eta turismo jardueretarako izan ezik, salbu eta udalerrian industria jarduerak egiteko azpiegiturarik ez badago.
c) Gaitzen diren espazioek 11. oinarrian jasotzen diren gizarte betebeharrak bete beharko dituzte, desgaitasuna duten pertsonei dagokienez.
3. Poligonoak azpiegiturez hornitzea, halakorik ez dutelako, urriak direlako edo egindakoak zaharkituak daudelako, bai eta lehendik dauden azpiegiturak mantentzeko eta konpontzeko ezohiko obrak egitea ere, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Eskatzaileak ukitutako poligonoaren jabe izan beharko du, urbanizazioa sustatu zuelako edo bere garaian jaso zuelako. Jabea ez bada, obrak sustatzen dituen toki entitateak haren baimena izan beharko du.
b) Poligonotik kanpoko azpiegiturak eraikitzeak ukitutako lursailen kasuan, sustatzaileak ukipen baimenak beharko ditu, haien titularrek sinatuak.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Aipatu jarduketak gauzatzeko, gastu hauek dira diruz lagungarriak:
a) Obrak egiteko proiektuen prestaketa eta obra horien zuzendaritza fakultatiboa, beharrezkoak badira.
b) Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko obrak.
c) Poligono berri bat sustatzeko lursailak eta, zein den kasua, behar diren zortasun eskubideak erostea. Kontzeptu horregatik diruz laguntzen ahal den aurrekontua lursailen balio katastralen batura izanen da. Eraikinak erostea ez da diruz lagungarria izanen.
d) BEZa diruz laguntzen ahalko da, baldin eta ondoren jasanarazi ezin bada lurzatien salmentan edo udal eraikineko lokalen alokairuan.
2. Gastu diruz lagungarrien fakturek eta ordainagiriek 10. oinarrian adierazitako epeen barneko data izan beharko dute.
5. oinarria.–Obrak gauzatzeko epea.
Jarduketa diruz lagungarriei dagozkien obrek hasita egon behar dute 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarteko epean.
10. oinarrian ezarritakoaren arabera, inguruabar hori obren zuinketa eta hasiera aktaren bidez egiaztatuko da (Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 167. artikulua). Profesional fakultatibo batek sinatutako proiekturik behar ez duten obretan, udal idazkaritzaren ziurtagiria aurkeztuko da.
6. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.
1. Laguntzen zenbatekoa, gehienez ere 400.000 eurokoa, honako hau izanen da, jarduketa motaren arabera:
a) Poligono berriak sustatzea (3.1 oinarria): Inbertsio diruz lagungarriari lurzatien salmentengatik aurreikusitako diru-sarrerak kenduta (abal bidez edo salerosketa-kontratu bidez egiaztatuak) ateratzen den emaitzaren %30.
b) Udal eraikinak egokitzea (3.2 oinarria): gastu diruz lagungarrien %30. Etorkizuneko alokairuen errentak ez dira kontuan hartuko ondorio horietarako.
c) Poligono bat azpiegiturez hornitzea edo lehendik dauden azpiegituren ezohiko konponketa (3.3 oinarria): gastu diruz lagungarrien %50; edo %60, saneamendu sare banatzailea eraikitzen bada.
2. Laguntzaren portzentajea %5 handitzen ahalko da eskatzaileek diruz lagundu beharreko jarduketaren inpaktu azterketa bat aurkezten badute, genero ikuspegitik; horren balorazioa egiteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko langileen aholkularitza baliatuko da.
Azterketa hori laguntzen fitxan dagoen galdetegiko galderei erantzutean datza (gehienez ere 5 orri).
Galdetegiaren helburua da emakumeen lan egoeraren gaineko ikuspegi bat izatea, eta aurreikuspenak ezagutzea emakumeen talentua atxikitzeari eta emakumeen enplegua sustatzeari buruz, batez ere industriaren sektorean.
3. Jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 4.c) artikuluan xedatuarekin bat, eskatzaileek %95eko hobaria eskuratzen ahalko dute ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren kuotan, zeinaren bidez poligonoak sortzeko lursailen eskualdaketak zergapetzen baitira, eta orobat, toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkieten hobariak.
4. Deialdirako baimendutako gastua diruz lagundu beharreko jarduketekin agortzen ez bada, soberakina onuradun guztien artean hainbanatuko da (emandako laguntza guztien gainean soberakinak egiten duen portzentajea jarduera bakoitzari dagokion laguntza portzentajeari gehituko zaio).
Nolanahi ere, dirulaguntzaren gehieneko portzentajeak honako hauek izanen dira, oinarri honen 1. atalean adierazi direnekin alderatuta: %45, a) eta b) letretarako, eta %75, c) letrarako, salbu eta saneamendu sare banatzailea bada; kasu horretan, %90 izanen da.
7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta bukatuko da hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak duen Atariaren, tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
3. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin):
a) Eskaeraren inprimakia, barne hartzen dituena ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluan eskatutako erantzukizunpeko adierazpena.
b) Toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:
–Jarduketak ukitutako lursail eta eraikinen jabetza; edo, hala badagokio, jabetza duen entitateak sustatzaileari emandako baimena. Soilik zortasunen ukipena duten lurren kasuan, jabetzaren afekziorako baimenak dituela frogatzeko ziurtagiriak.
–Lursailaren hirigintza kalifikazioa, eta hura egin nahi diren obrekin bat etortzea. Helburu horretarako onetsita dagoen hirigintza planik bada, horren aipamena eginen da ziurtagirian.
c) Jarduketa azaltzeko memoria, gehienez 20 orrialdekoa, ondoko hauek jasoko dituena:
–Egin beharreko obren deskribapena, eta kasua bada, jarduketaren ondorioz sortzen diren lurzatien edo lokalen eta haien azaleren zerrenda.
–Jarduketa definitzen duten planoak (ukitutako lursailen edo eraikinen kokapena, jarduketaren ondorioz sortutako lurzatiak edo lokalak, ukitutako azpiegiturak, etab.).
–Jarduketaren aurrekontua, 4. oinarrian emandako gastu diruz lagungarri guztiak barne hartuko dituena; gutxienez 15.000 eurokoa izan beharko du (BEZik gabe).
–Jarduketa gauzatzeko behar diren ekintzen egutegia (kontratazioa, obrak egitea, etab.).
Proiektu tekniko bat aurkezteak ez du salbuesten memoria hau aurkeztetik.
d) Azterketa ekonomikoa, inbertsioari ekiteko finantzabideak, finantza kostua, hala badagokio, eta lurzatiak saltzeagatik edo lokalak alokatzeagatik aurreikusitako diru-sarrerak zehaztuta.
e) Poligono berri bat sustatzen den kasuan (3.1 oinarria), lurzatiak erosteko eskaerarik badago, gordailututako fidantzen edo salerosketa-kontratuen kopia aurkeztu beharko da.
f) Azpiegituren horniduren edo ezohiko konponketen kasuan (3.3. oinarria), aurreko agiriez gainera, udal idazkaritzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, non azalduko baita ea gastua jasanaraziko den ala ez jarduketa horren onuradun izanen diren enpresen artean, ekarpen berezi baten bidez edo beste edozein tresnaren bidez.
g) Jarduketaren inpaktuari buruzko azterketa, genero ikuspegitik egindakoa, 6.2 oinarrian aipatzen dena, %5eko laguntza gehigarria lortu nahi bada.
h) Beste agiri batzuk, aukera emanen dutenak eskaera 8.3 oinarriko balorazio irizpideen arabera ebaluatzeko eta, hala, horien ondoriozko puntuazioa lortzeko.
4. Eskaerak ez badakar berekin oinarri hauetan ezarritako dokumentazioa, laguntzen organo kudeatzaileak eskatzaileari errekerimendua eginen dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Balorazio handiena lortzen duten jarduketei 6. oinarrian ezarritako laguntza portzentajeak aplikatuz aterako da eman beharreko dirulaguntza, aurrekontu-ekitaldi hauetan deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte:
2026ko gastu-aurrekontua | 1.200.000 euro |
2027ko gastu-aurrekontua | 800.000 euro |
2. Eskaeren lehentasuna ezarri ondoren, laguntza aurrekontu baten edo bestearen kargura emanen da, laguntza eskatzean aurkezten den memorian aurreikusitako amaiera dataren arabera (7.3.c oinarria).
Dirulaguntza bi aurrekontuen kontura ematen ahalko da; halakoetan, dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da zer justifikatu behar den eta noiz.
2026an aurrekonturik ez egoteagatik ezetsirik geratzen diren eskaerak 2027ko aurrekontuaren kargura diruz laguntzen ahalko dira, lehentasun hurrenkerari jarraituz.
3. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 31 puntu lortzen ahalko dira:
a) Poligono berrien sustapenaren kasuan (gehienez 5 puntu):
Egun dauden jarduerak lekuz aldatu beharra justifikatzen denean, kokagune desegokian daudelako edo jarduera handitu behar delako, eta orobat, jarduera berriak instalatzeko eskaerak: 0,1 puntu fidantza gordailututa edo banku-abala edukita eskatu edo saldu den lurzati azaleraren portzentaje-puntu bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.
b) Udal eraikinen egokitzapenen kasuan (gehienez 5 puntu):
–Habia-nabeak lortzeko: 5 puntu.
–Bulegoak edo lokalak lortzeko: 3 puntu.
–Egokitze-lan txikiak lehendik dauden nabe edo lokaletan: 1 puntu.
c) Poligono baterako azpiegituren hornidura edo dauden azpiegituretan ezohiko konponketa egiteko (gehienez 10 puntu):
–Saneamendu sare banatzailea: 10 puntu.
–Ur beltzen edo euri-uren saneamendu sarea: 9 puntu.
–Bide-segurtasuneko baldintzak konpontzea: 8 puntu.
–Ur horniduraren sarea: 7 puntu.
–Energia edo telekomunikazio sareak: 6 puntu.
–Zolatzea: 5 puntu.
–Aparkalekuak: 4 puntu.
–Herriko argiak: 3 puntu.
–Bide-seinaleak: 2 puntu.
–Berdeguneak edo hiri altzariak: 1 puntu.
Obrek ukitzen badituzte aurreko kontzeptuetako bat baino gehiago, puntuaziorik altuena emanen da.
d) Sustatutako espazioen hirigintza kalifikazioa industriakoa bada: 5 puntu.
e) Proiektua hiri zerbitzuen edo eremuen beharrera egokitzeagatik, hau da, proiektuaren dimentsioak bat etortzea benetako eskaerekin eta kostuak minimizatzearekin (5 puntu, gehienez ere):
–Obraren dimentsioa beharretara egokitzea: 2,5 puntu.
–Proposamenaren ekonomia: 2,5 puntu.
f) Udal mugartean ez egotea alokatzeko industria lurzatien edo lokalen titulartasun publikoko eskaintza alternatiborik (gehienez 8 puntu):
–Eskaintza publikorik ez izatea: 8 puntu.
–Eskaintza publikoa eskaera baino txikiagoa izatea: 4 puntu.
g) Toki entitateak gastuaren zati bat jasanarazten dienean 3.3 oinarriaren jarduketaz baliatuko diren enpresei: 1 puntu jasanarazitako gastuaren %10 bakoitzeko; gehienez 3 puntu.
h) Udalerriko biztanleriaren arabera, aintzat harturik Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 19/2025 Foru Agindua (2025eko 80. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 24koa), zeinak eman baitzituen Nafarroako kontzejuen biztanleriaren zifra ofizialak 2024ko urtarrilaren 1eko erreferentziarekin (gehienez 8 puntu):
–1.000 biztanletik beherako udalerriak, Iruñearekin muga egiten dutenak izan ezik: 8 puntu.
–1.001 eta 5.000 biztanle arteko udalerriak, Iruñearekin muga egiten dutenak izan ezik: 6 puntu.
–5.001 eta 10.000 biztanle arteko udalerriak, Iruñearekin muga egiten dutenak izan ezik. 2 puntu.
–10.000 biztanletik gorako udalerriak eta Iruñearekin muga egiten duten udalerriak: 0 puntu.
Honako hauek dira Iruñearekin muga egiten duten udalerriak: Antsoain, Aranguren, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Oltza zendea, Zizur, Ezkabarte, Galar, Uharte, Orkoien, Eguesibar, Atarrabia eta Zizur Nagusia.
4. Berdinketa gertatuz gero, 3.c) irizpidean lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da.
9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Dirulaguntzak eman aurretik, txostena eskatuko zaio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, jakiteko ea toki entitateek ahalmen ekonomiko aski duten dirulaguntzaren xedeko jarduketaren ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko.
Txostenak ezezkoa ematen badio eskaerari edo txosten hori ezin bada hilabeteko epean egin, toki entitateak ez duelako aurkeztu 2025eko aurrekontuen likidazio espedientea, dirulaguntza ukatu eginen da.
2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Industria Lurzoruaren eta Azpiegituren Atalak, ebaluatuko ditu eskaerak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz, eta organo eskudunari helaraziko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
3. Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretarako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Laguntzak emateko ebazpenean zehaztuko da zein gastu aurrekonturen kargura ematen diren, 10.2 oinarrian xedatutakoaren ondorioetarako.
Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Diru-esleipen horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko.
10. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.
1. Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, honako frogagiri hauek aurkeztuta, telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:
a) Obrak 2025eko urriaren 1a eta 2026ko irailaren 30a bitartean hasi direla egiaztatzen duen agiria: Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 167. artikuluko obren zuinketaren eta hasieraren akta, edo, profesional fakultatibo batek sinatutako proiekturik behar ez duten obren kasuan, udal idazkaritzaren ziurtagiria.
b) Gastu diruz lagungarri guztien fakturak eta ordainagiriak, zeinak epe hauetako batean eginak egon beharko baitira:
–Laguntza 2026ko gastu-aurrekontuaren kargura eman bada, 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko azaroaren 10era bitarte.
–Laguntza 2027ko gastu-aurrekontuaren kargura eman bada, 2025eko urtarrilaren 1etik 2027ko urriaren 15era bitarte.
c) Onuradunaren web-orrian laguntzari emandako publizitatearen justifikazioa, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari jarraikiz.
d) Ziurtagiria, kontratu guztiak Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz adjudikatu direla frogatzeko.
2. Justifikazio agiriak aurkezteko epea bata edo bestea izanen da kontuan hartuta dirulaguntza zer gastu aurrekonturen kargura ematen den. Aurrekontu hori dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da:
–2026ko azaroaren 10era arte (egun hori barne), laguntza 2026ko gastu-aurrekontuaren kargura eman bada.
–2027ko urriaren 15era arte (egun hori barne), laguntza 2027ko gastu-aurrekontuaren kargura eman bada.
–Dirulaguntza bi aurrekontu horien kontura ematen bada, 2026ko laguntza kobratzeko, 2026ko azaroaren 10erako aurkeztu behar da 1. atalean eskatutako dokumentazio guztia; fakturak eta ordainagiriak b) letrako lehen aldiari dagozkionak bakarrik izanen dira. 2027ko laguntza kobratzeko, berriz, nahikoa izanen da b) letrako bigarren aldiko gastuak eta ordainketak justifikatzea 2027ko urriaren 15erako.
Adierazitako epean eta moduan justifikatzen ez diren gastuak ez dira diruz lagunduko.
3. Aipatu frogagiriak azterturik, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa ebazteko proposamena helaraziko dio Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretarako zuzendari nagusiari, eta bertan jasoko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
4. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diruz lagundutako jarduketa egitea eta aurreko oinarrian ezarritako moduan justifikatzea.
b) Honako betebehar hauek betetzea, desgaitasuna duten pertsonei eta genero-berdintasunari dagokienez, poligono berrien kasuan (3.1 oinarriko jarduketa):
–Gurpil-aulkian dabiltzanen edo mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna bermatuko da egokitutako espazioetan.
–Argiztapenak aski izan behar du ibilbide seguruak lortzeko, eremu ilunak edo ikuspen txarrekoak saihestuta.
Udal eraikinetan egokitutako lokalen kasuan (3.2 oinarriko jarduketa), ahal den guztietan, gurpil-aulkian dabiltzanen edo mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna bermatuko da.
c) Ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako baliatzea; gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunen kasuan.
d) Dirulaguntzaren xedeko jarduketak jaso duen finantzaketaren izaera publikoaren berri ematea onuradunaren web-orrian, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko, hurrengo oinarrian ezarritako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.
Betiere, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen guztizko zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunek egindako jarduketaren kostua.
13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta entitate interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, zeina Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean baitago.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
14. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntza-ematea, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Industria Lurzoruen eta Azpiegituren Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2516023
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
