Iragarkia
155. ALDIZKARIA - 2026ko abuztuaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
730E/2026 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "2026ko Hondakinen Funtseko urteko dirulaguntza, etxeko hondakinen fluxurako" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN kodea: 920878.
Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.
2026ko Hondakinen Funtsak 6.894.350 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 209.073 euroko diru-sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 7.103.423 eurokoa da. Diru-sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.
2026ko Hondakinen Funtsa banatzeko, 2025eko azaroaren 28an nahitaezko kontsulta egin zitzaien Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat.
49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak egin ondoren, urtarrilaren 28an, 2026ko Hondakinen Funtsaren banaketari buruzko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 15E/2026 Foru Agindua onetsi zen, zeinean ezartzen baita udal hondakinen fluxurako 3.540.466 euro bideratuko direla. Zenbateko hori banatuko da 2026ko ekitaldian eta hurrengoetan jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen arloko prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin lotuta.
Zehazki, deialdi honetarako erabili dira 1.000.000 euro, datozenak 2026ko Funtsaren banaketan izendatutako kopurutik (2026ko ekitaldian eta hurrengoetan jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen arloko prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin lotuta), eta beste 200.000 euro, datozenak aurreko beste ekitaldi batzuetarako Hondakinen Funtsaren soberakinetatik.
Bestalde, Gobernuak oniritzia eman du, 2026ko ekainaren 10ean hartutako erabakiaren bidez, honako inbertsio hauek gauzatzeko, zenbateko hauekin bat (inbertsioak lotuta daude etxeko hondakinen arloko prebentzioarekin, gaikako bilketarekin eta kudeaketarekin):
AURREKONTUKO PARTIDA | 2026. URTEA | 2027. urtea | ZENBATEKOA |
740001-74100-4609-456205: Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak | 0,00 | 1.200.000,00 | 1.200.000,00 |
Deialdi honen ondoriozko obligazioei aurre egiteko, proposatzen da 1.200.000,00 euroko gastua baimentzea, 2027ko Gastuen Aurrekontuan gaituko den partida baten kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. Partida hori 2026ko Gastuen Aurrekontuko "740001-74100-4609-456205 Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak" partidaren baliokidea izanen da.
Halaber, gehienez ere 1.000.000 euroko kopuru gehigarria finkatzea proposatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen duenaren arabera arautuko baita. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. "2026ko Hondakinen Funtseko urteko dirulaguntza, etxeko hondakinen fluxurako" izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko ondoko kredituak baimentzen dira, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa bada; betiere, aldaketak egiten ahal dira, jasotako eskaeren arabera:
AURREKONTUKO PARTIDA | 2026. URTEA | 2027. urtea | ZENBATEKOA |
740001-74100-4609-456205: Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak (1) | 0,00 | 1.200.000,00 | 1.200.000,00 |
(1) edo 2027ko gastu aurrekontuetan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta kreditu nahikoa eta egokia badago 2027an. | |||
Halaber, gehienez ere 1.000.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen duenaren arabera arautuko baita. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
6. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko uztailaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Oinarri hauen xedea da toki entitateentzako dirulaguntza bat arautzea, 2026an emanen zaiena etxeko hondakinen bilketa, garraio edo kudeaketarako eskumena esleitua izan eta, udal hondakinen fluxuari dagokionez, Hondakinen Funtsa eratzeko ekarpena egin duten toki entitateei, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Dirulaguntza honen helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 1.200.000 eurokoa da, guztira, eta hurrengo atalean zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.
Kreditu horri beste 1.000.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez, deialdi honetako baldintzak betetzen dituzten baina, lortutako puntuazioagatik, hasieran aurreikusitako 1.200.000 euroko kopurutik kanpo gelditzen diren eskabideei erantzuteko. Gehieneko kreditu gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen duenaren arabera arautuko da eta 2. oinarriko lerroen artean banatuko da, hasieran banatutako zenbatekoaren hein berean.
2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.
1. Dirulaguntzaren xede izanen dira gastu arrunten ekintzak (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar) edo kapital-inbertsioak, baldin eta lotuta badaude etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin.
2. Aurkezten diren proiektuek, onartuak izateko, bat etorri behar dute Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluan adierazitako gaiekin.
3. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:
3.1. 1. jarduketa lerroa: 240.000 euroko zuzkidura du, etxeko eta merkataritzako hondakinen prebentzio eta plangintza buruzko jarduketetarako. Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:
1. Elikagai-hondakinak murriztea, elikagaiak alferrik galtzea saihesteko eta kontsumo arduratsua sustatzeko neurriak ezarriz, hala nola iraungitako elikagaien kopurua gutxitzeko akordioak egitea saltegiekin, soberako elikagaiak aprobetxatzeko jarraibideak ezartzea kontsumitzaileentzat, jatetxeentzat eta jantokia duten jarduerentzat, edo egoera onean dauden soberakinak aprobetxatzeko bideak sortzea gizarte-ekimenen bidez (herri jantokiak, elikagaien bankuak, etab.).
2. Lagun egite, prestakuntza, informazio eta sentsibilizazioko jarduketak, hondakinen prebentzioari buruz. Besteak beste, barne hartzen ahal ditu pixoihal berrerabilgarrien eta kopa menstrualen arloko jarduketak eta horien sustapena.
3. Ostalaritza, sukaldaritza eta banaketa sektoreekin ekintzak egitea, era honetako neurriak hartzeko: ontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzea, ingurumen irizpideak eta hondakinen prebentzioari buruzkoak txertatzea material eta zerbitzuen kontratazioan, edo ontziratutako produktuen kontsumoa murrizteko neurriak. Horien artean sartzen dira ur pitxerrak, edalontzi berrerabilgarriak, janari hondarrak edo ontzirik gabeko erosketak gordetzeko tuperrak, etab. Era berean, diruz lagungarriak dira Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretua betetze aldera mankomunitateek eskuratzen dituzten elementuak, tresneria edo azpiegiturak, balio badute ur-taberna, baxera berrerabilgarria eta antzeko zerbitzuak eskaini ahal izateko.
4. Gauzak berrerabiltzen ikasteko lantegiak, produktuak norberaren kontura konpontzeko eta trukatzeko lantegiak eta abar (langile gastua eta material finantzagarria).
5. Etxeko eta merkataritzako hondakinen prebentzioari buruzko azterlanak eta lan teknikoak.
Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:
–Prebentzio jarduketak egiteko behar diren materialak eta bestelako gastuak, ezarritako prebentzio jarduketekin loturiko informazioa zabaltzeko kanpainak barne.
–Ekintzekin zuzenean loturiko ekipoak eta instalazioen egokitzapena.
Jarduketa lerro honetan ez dira sartzen gastu hauek:
–Hondakinak bereizteko, biltzeko eta tratatzeko ekipo eta elementuak.
–Eraikuntza obrak.
3.2. 2. jarduketa lerroa: 960.000 euroko zuzkidura du, udalak kudeatu beharreko etxeko eta merkataritzako hondakinak gaika biltzeko sistemak, trazabilitatea eta kudeaketa hobetzeko jarduketetarako. Diruz lagungarriak izanen dira hondakin horien gaikako bilketa bai kopuruaren bai kalitatearen aldetik hobetzeko helburua duten jarduketak, bereziki hondakinen zati organikoari lotuak. Honako hauek har ditzakete barnean proiektuek:
1. Bilketa zatien karakterizazioak, Nafarroan etxeko hondakinen errefusa tratatzeko eskumena duten entitateek eginak. Proiektuetan honako hauek sartzen ahal dira:
i.–Etxeko hondakinen gainean eginen diren karakterizazioen plangintza.
Laginketa-plana egiteko metodologia egokia eta egiaztatua erabili beharko da; adibidez, REMECOM gidan jasotako metodologiak. Laginketa-plan horrek estatistikoki justifikatuta egon beharko du. Zehazki, onuradunak aldez aurreko plangintza badu, eskaeran aurkezten ahalko da, baina, hala ez bada, plangintza bat egin beharko du. Bi kasuetan, plangintza aztertuko da, eta kontrako komunikaziorik ezean, baliozkotzat joko da.
ii.–Karakterizazioak gauzatzean, gaikako eta nahastutako bilketako zati hauek sartzen ahalko dira:
–Gaika bildutako zati organikoa.
–Ontzi arinak.
–Papera eta kartoia.
–Errefusa.
iii.–Ontzi arinek eta ontzietako paper eta kartoiek duten hezetasunaren/zikinkeriaren zehaztapena. Zehaztapenak bilketa zati bakoitzerako eta errefuserako eta gaika bildutako zati organikorako (GBZO) egiten ahalko dira. Ez da beharrezkoa izanen zehaztapen horiek karakterizazio guztietan egitea.
iv.–Karakterizazioen emaitzen txostenak eta osaerari buruzko azterlanak. Horietan guztietan emaitzen interpretazio estatistikoa sartu beharko da, ontzien hezetasunaren/zikinkeriaren ondoriozko zuzenketak barne.
Karakterizazioetan VI. eranskineko epigrafeak sartzen ahalko dira.
2. Etxeko eta merkataritzako hondakinei buruzko azterlanak eta lan teknikoak, kudeaketa-programak edo -planak, edo hondakinekin lotutako beste batzuk, hala nola KYAT kanpainak (ezagutza bidezko sorkuntza) edo beste batzuk. Ez da emanen dirulaguntzarik obren eta azpiegituren inguruko proiektuetarako.
3. Etxeko eta merkataritzako hondakinak gaika bildu eta kudeatzeari buruzko lagun egite, prestakuntza, informazio eta sentsibilizazioko jarduketak.
3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.
1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.
2. Gastu diruz lagungarriren bat 30.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo) bada obrak gauzatzeko kostuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa ekipo-ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza zerbitzuak ematen dizuten enpresen kasuetan, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza erantsiz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez VII. eranskinean ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa").
Ez dira hiru eskaintzak erantsi beharko, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
3. Laguntzaren intentsitatea gastu diruz lagungarriaren zenbatekoaren %90 izanen da kapital-inbertsioen kasuan, eta %100 gastu arrunten kasuan. Horretarako, baldintza hauek bete beharko dira:
3.1. Hasieran, onuradun bakoitzari gehienez 200.000 euro esleituko zaizkio. Kreditu nahikorik ez bada hasierako esleipen horri erantzuteko, proiektuak jarduketa lerroetan taldekatu (2. oinarria) eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira (8. oinarria). Jarduketa lerro bakoitzean erabilgarri dagoen kreditua (2. oinarria) lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, kreditu erabilgarria agortu arte.
3.2. Kreditu erabilgarririk gelditzen bada eta aurreko ataleko muga aplikatu zaion onuradunik bada, honela banatuko da soberazko kreditu hori:
1. Lerro bereko proiektuen artean, laguntzaren gehieneko intentsitatea aplikatuta ateratzen den zenbatekora iritsi arte, eta kreditu erabilgarria agortu arte.
2. Oraindik ere soberazko krediturik gelditzen bada, beste lerrokoen artean banatuko da.
4. Ez dira izanen diruz lagungarriak:
a) 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.
b) Hondakin sortzailearen erantzukizun zabalduaren (SEZ) bidez zuzkidura duten jarduketak.
c) Ingurumen kalitatea hobetzen ez duten produktu edo zerbitzuen aldizkako aldaketa arruntak.
d) BEZa eta zeharkako beste zerga batzuk, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira.
e) Finantza-gastuak.
f) Zehaztu gabeko gastuak edo dirulaguntzaren xedea ez dutenak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere. Esate baterako, elementuen garraioan soilik oinarritzen diren ekintzak.
g) Lurrak erosteko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak, proiektuaren ingurumen helburuak garatzeko behar-beharrezkoak ez direnean.
h) Azpiegituren alokairua.
i) Hondakin organikoak biltzeko pertzak eta/edo poltsak erostea, ez badaude lotuta zati organikoaren gaikako bilketa ezartzeko eta/edo tokian bertan konposta egiteko proiektu batekin.
j) Erabilera bakarreko elementuak (poltsak, baxera, etab.), gai organikoen gaikako bilketarako erabilera bakarreko poltsa konpostagarriak izan ezik.
k) Beharrezkoak ez diren sariak.
l) Hondakinak kudeatzeko ekintza arruntek eragindako gastu guztiak –hala nola hondakinak biltzeko tasak edo baimendutako kudeatzaileei arrazoi beragatik egindako ordainketak– edo kasuan kasuko jarduera ekonomikoa garatzeko aplikatu beharreko araudia betez egindako beste edozein gastu.
m) Obra zuzendaritzak, jarraipen eta koordinazio txostenak eta antzekoak, baita obra bukaerako ziurtagiria edo antzekoak ere.
n) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.
o) Langileen gastuak, diruz lagundutako proiektuan izan duten dedikazioa behar bezala egiaztatu ezean, ahaldun nahiko baten ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horretan honako hauek adierazi beharko dira, justifikatu nahi den langile bakoitzeko: haren eginkizunak, horien hasiera eta amaiera, proiektuari eskainitako orduen kopurua, eta orduko kostua.
p) Dietak, mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.
q) Ez da diruz lagunduko inbertsio gastuen %15 baino gehiago, deialdiko gastu diruz lagungarri osoaren gainean kalkulatuta.
5. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, entitate onuradunak garatuko duen proiektuaren kostua baino handiagoa.
4. oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, baldin eta etxeko hondakinak bildu, garraiatu edo kudeatzeko eskumena badute eta hondakinak Nafarroako tratamendu instalazio batera eramaten badituzte. Eta eskumen hori toki entitate batzuen elkarte bati eskuordetuta badago, azken hori da funtsen onuraduna izaten ahalko dena.
Halaber, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak ere jasotzen ahal ditu laguntza hauek.
Era berean, lehen paragrafoan aipatutako entitateek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192.2. artikuluaren babesean sortzen dituztenak ere onuradun izanen dira.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla. Nolanahi ere, Administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko.
Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.
5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta beharrezkoa den dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.
Dirulaguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez. Eskaeren tramitazioa errazteko, eskatzaile posibleen eskura jarri da fitxa bat Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoan: https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/subvencion-del-fondo-de-residuos-2026-flujo-de-domestico-anual-1.
Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorrean sartzeko esteka bat egonen da, eta, identifikatzeko, beharrezkoa izanen da webgunea edo haren pareko bitartekoa kautotzeko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak izatea, edo zigilu elektroniko bat izatea, sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatu batean oinarritutakoa.
2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):
a) Eskaera-orria, proiektuaren izenburua adierazita (II. eranskina).
b) Memoria, proiektuaren irismena eta azalpen zehatza adierazten dituena eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituena, jarduketa lerroen eta horien zenbatekoen arabera taldekatuak, 2. oinarriarekin bat.
c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.
d) Jarduketen plangintza, jarduketak lerroaren arabera taldekatuta eta identifikatuta, eta proiektuarekin lortu asmo diren helburuak betetzeko aurreikusitako bukaera data adierazita.
e) Eman beharreko dirulaguntzaren aurrerakina eskatuz gero (12. oinarria), aurrerakinaren eskaera, zer ehuneko eskatzen den adierazita (III. eranskina).
f) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten zabalkunde neurriak.
g) 8. oinarrian definitutako gobernantza-adierazleak modu objektiboan egiaztatu ahal izateko (Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen bilketa-adierazlea; Bilketa-adierazlea, honako honena: toki entitateek beren eskumeneko hondakinak modu esklusiboan biltzea industrialdeetan), entitate eskatzaileak honako agiri hauek, gutxienez, aurkeztu beharko ditu, jarraian eta modu egiaztagarri batean:
–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen bilketa-adierazlea:
a.–Bilketa-gune eta -operatiboen deskribapena (garbiguneak / etxetresna elektriko txikiak, atez ateko bilketa), bai eta entregatzeko bideena ere.
–Industrialdeetako hondakinak:
a.–Entitateak artatzen dituen industrialdeen zerrenda, zer bilketa-sistema ezarrita dagoen zehaztuta (atez atekoa, ibilbide bereizia, kaleko edukiontziak...).
Proiektuaren onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, ez da aplikatuko 5.2.g atal hau.
6. oinarria.–Instrukzio-organoa.
1. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari dagokio prozeduraren instrukzioa, eta hark aztertuko ditu eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa.
2. Eskaerak ez badu betetzen oinarri arautzaile hauetan eskatzen den baldintzaren bat, edo dokumentazioa aztertzean beharrezko ikusten bada emandako informazioa argitzea, eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak emateko eskatuko zaio. Hamar (10) egun balioduneko epe luzaezina izanen du horretarako, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Ez badu hori egiten, eskaeran atzera egin duela ulertuko da eta, beste tramiterik gabe, artxibatu eginen da, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.
3. Eskaerak aztertu eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten eta behar den dokumentazioa duten administrazio espedienteak baloratuko dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badituzte edo behar den dokumentazioa ez badute, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.
7. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
1. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio.
2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.
3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.
5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da entitate onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
Eskaerak norgehiagokako araubidearen arabera baloratuko dira, honako irizpideei hauei jarraikiz:
a) Proiektuaren memoriaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak); gehienez ere 10 puntu, honela banatuta:
1. Proiektuaren kalitatea memoriaren xehetasun tekniko eta deskriptiboaren arabera baloratuko da (helburuak, adierazleak, aurreikusitako emaitzak): gehienez ere 4 puntu.
2. Proiektuaren koherentzia baloratzeko, kontuan hartuko dira ekonomia- eta ingurumen-bideragarritasuna, irismena eta jarraipena, eta helburuen plangintza, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritako helburuen ildotik: gehienez ere 3 puntu.
3. Proiektuaren argitasuna baloratzeko, kontuan hartuko da espero diren ingurumen onurak lortzeko proiektatutako jarduketen gaineko ezagutza, azalpena eta justifikazioa: gehienez ere 3 puntu.
b) 1. jarduketa lerroaren barnean (2. oinarrian jasoa dago) egiten diren jardueren arabera:
Lehen jarduera: 15 puntu;
Bigarren jarduera: 10 puntu;
Hirugarren jarduera: 5 puntu;
Laugarren jarduera eta hurrengoak: 0 puntu.
c) Etxeko hondakinen jardun-adierazleak (100 puntura arte):
Deialdi honen ondorioetarako, adierazle objektibo hauek aplikatuko dira (VI. eranskinaren arabera kalkulatuta):
c.1) Prebentzioaren eta hondakinen sorrera murriztearen adierazlea (0-20 puntu).
(2019-2024 aldiko aldakuntza, per capita)
MURRIZKETA (%) | PUNTUAK |
< 0 | 0 |
≥ 0 eta < 4 | 5 |
≥ 4 eta < 6 | 10 |
≥ 6 eta < 8 | 15 |
≥ 8 | 20 |
c.2) Gaika bildu ez den zatiaren murrizketaren adierazlea (0-20 puntu).
(2019-2024 aldiko aldakuntza, per capita)
MURRIZKETA (%) | PUNTUAK |
< 0 | 0 |
≥ 0 eta < 10 | 5 |
≥ 10 eta < 20 | 10 |
≥ 20 eta < 30 | 15 |
≥ 30 | 20 |
c.3) Gaika bildutako zati organikoaren (GBZO) berreskuratze mailaren adierazlea (0-20 puntu).
BERRESKURATUA (%) (kop. garbia vs dauden GBZOak) | PUNTUAK |
< 10 | 0 |
≥ 10 eta < 35 | 1 |
≥ 35 eta < 50 | 5 |
≥ 50 eta < 55 | 10 |
≥ 55 eta < 60 | 15 |
≥ 60 | 20 |
c.4) GBZOaren kalitatearen adierazlea (0-20 puntu).
KALITATEA (%) | PUNTUAK |
< 75 | 0 |
≥ 75 eta < 85 | 5 |
≥ 85 eta < 88 | 10 |
≥ 88 eta < 90 | 15 |
≥ 90 | 20 |
c.5) Gaika bildutako guztizkoaren adierazlea (0-20 puntu).
Gaika bildutako guztizkoaren % / aztertzen den urtean sortutako hondakinak, guztira
GAIKA BILDU. GUZT. (%) | PUNTUAK |
< 30 | 0 |
≥ 30 eta < 37 | 5 |
≥ 37 eta < 45 | 10 |
≥ 45 eta < 50 | 15 |
≥ 50 | 20 |
d) Gobernantza-adierazleak eta eskumenen betetze-maila (20 puntura arte):
Deialdi honen ondorioetarako, adierazle objektibo hauek aplikatuko dira (VI. eranskinaren arabera ebaluatuta):
d.1) Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen bilketa-adierazlea, bermatutako trazabilitatearekin (0-10 puntu).
- Atez ateko bilketa eta/edo garbiguneetan biltzea: 10 puntu.
- Biltzeko beste bide batzuk: 0 puntu.
d.2) Bilketa-adierazlea, honako honena: toki entitateek beren eskumeneko hondakinak modu esklusiboan biltzea industrialdeetan (0-10 puntu).
- Industrialdeen %100ean egitea atez atezko bilketa: 10 puntu.
- Industrialdeen %100etik behera egitea atez ateko bilketa: 0 puntu.
Proiektuaren onuraduna Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoa bada, c) eta d) atalak baloratzeko, kide guztien puntuazioen batezbesteko haztatua kalkulatuko da.
Berdinketarik izanez gero, proiektu motaren arabera ebatziko dira, lehentasuna emanez helburu hauek dituztenei: prebentzioa eta gaika bildutako zati organikoa berreskuratzea. Eta, halere berdinketak jarraitzen badu, zer ordenatan aurkeztu diren hartuko da kontuan.
9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Gutxienez ere, dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta gainerako eskaerak ezetsi direla adieraziko da, hala denean; horien artean, aurrekontu-baliabideen muga dela-eta ezetsitako eskaerak ere aipatu behar dira. Hala ere, azken horiei dagokien puntuazioa adieraziko da, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera.
Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
2. Entitate onuradunen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, edo deklaratzen bada entitate onuradunen batek dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela, dirulaguntza ematen ahalko zaie, horretarako eginen den ebazpen baten bidez, aurkeztutako eskaerak aurrekontu-kreditu faltagatik ezetsi zaizkien entitateei, betiere aurrekontuan diru nahikoa badago eta denbora nahikoa gelditzen bada diruz lagundu beharreko proiektuak gauzatzeko eta dagozkien ordainketak justifikatzeko. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.
3. Entitate onuradunek aldaketak sartzen ahalko dituzte proiektuen baldintza teknikoetan, arrazoi objektiboetan oinarrituta, betiere eskaeraren xedea aldatzen ez badute emandako laguntzaren barnean. Aldaketa horiek 11. oinarrian ezartzen den bezala justifikatu beharko dira.
10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.
Finantzatzen diren proiektuak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2026ko abenduaren 31n bukatuko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.
11. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.
Dirulaguntza jasotzen duten jarduketak bukatu ondoren, eta 2027ko apirilaren 30a baino lehen, entitate onuradunek honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Memoria, egindako jarduerak frogatzen dituzten agiriak biltzen dituena; gainera, egindako jarduerak azaldu beharko dira, eta lortutako emaitzak baloratu, dirulaguntza jaso duten jardueren bidez lortu nahi ziren helburuekin alderatuta.
Eskaeran adierazitako zabalkunde neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarria). Neurri horien ordez, eskaeran proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.
b) Proiektuaren azken aurrekontua. Bertan, diruz lagundutako ekintza bakoitzerako, datu hauek bilduko dira:
–Hornitzailearen izena.
–Fakturen zenbakiak.
–Zenbatekoa.
–Ordainketaren data.
c) Aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen fakturak eta transferentzia.
Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa oinarri honetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.
d) Onuradunak balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzeko eskatzen badu, honako hauek aurkeztu beharko ditu:
–Nafarroako Foru Ogasunaren ziurtagiria, zehazten duena eskatzen diren gastuen BEZa ezin dela berreskuratu ez konpentsatu.
–Ahaldun nahiko batek sinatutako ziurtagiria, honako hauek zehazten dituena:
- Fakturak (faktura zenbakia, hornitzailea, zerga oinarria eta BEZa).
- Faktura horiek Nafarroako Ogasunak ziurtatutako jardueretan egin diren ala ez.
- Zer ehunekok ez duen balio erantsiaren gaineko zergaren kuoten kenkarirako eskubiderik.
e) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskinaren araberakoa.
f) Proiektuen baldintza teknikoetan aldaketak sartu dituzten onuradunek (9. oinarriaren 3. atalean ezarritakoaren arabera) aurkeztutako justifikazio agirietan islatu beharko dituzte aldaketok.
g) Baldin eta entitate onuradunek hornitzailearen aukeraketa frogatu behar badute 3.2 oinarrian ezarritakoaren arabera, VII. eranskina ("Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa") bete eta aurkeztu beharko dute.
Ez bada ezarri bezala betetzen dirulaguntza justifikatzeko betebeharra, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.
12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Ordainketa aurreratua.
1.1. Entitate onuradunek eskatzen eta frogatzen badute funts likidoz hornitu beharra dutela diruz lagundutako jardueraren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko zaie dirulaguntzaren %70 gehienez, laguntzak emateko ebazpenarekin batera.
Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza eskaerarekin batera:
1. III. eranskina, behar bezala betea eta ahaldun nahiko batek sinatua.
2. Eskuragarri dagoen azken ekitaldiko kontabilitate-dokumentazioa, Ogasunak ziurtatua. Bestela, adieraz daiteke Nafarroako Gobernuko zein departamentuk duen kontabilitate-dokumentazio hori, eta bidali zitzaioneko argibideak eman.
1.2. Baldin eta entitate onuradunek adierazten badute dirulaguntzaren ordainketa aurreratzea, likidezia beste proiektu batzuetan konprometituta edukitzeagatik, proiektu horiek zein diren zehaztu beharko dute III. eranskineko adierazpenean.
1.3. Entitate onuradunek aurkeztutako agiriak aztertu eta gero zehaztuko da dirulaguntzaren zer zenbateko aurreratuko den.
1.4. Aurrerakinaren justifikazioa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztuko da.
2. Ordainketa, jarduera justifikatu ondoren.
Entitate onuradunak aurrerakinik eskatzen ez badu, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertu ondoren ordainduko da dirulaguntza.
Zerbitzu horrek ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko du Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, eta, horrekin batera, txosten bat, entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.
13. oinarria.–Ez-betetzeak eta itzulketak.
1. Ondotik aipatzen direnak gertatuz gero, ordaindutako zenbatekoak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, edo esleitutako zenbatekoa osorik nahiz zati batean kobratzeko eskubidea galduko da, betiere dagokion espedientea tramitatu ondoren eta interesdunei entzutea emanda 10 egun balioduneko epean:
1.1. Ez betetzea dirulaguntza emateko erabakigarriak izan diren baldintzak, edo baldintza horiei buruzko informazioa faltsutzea edo ezkutatzea.
1.2. Emandako dirua jarduketa finantzagarrietarako ez beste xede baterako erabiltzea.
1.3. Ez justifikatzea edo nahikoa ez justifikatzea dirulaguntzaren xedea, justifikazio hori betebeharra baita.
1.4. Emandako zenbatekoak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako beste dirulaguntza batzuei gehituta, inbertsioaren guztizko kostua gainditzea. Halakoetan, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da eta, hala badagokio, jarduketaren kostuaren gainetik lortutakoa (jasotako aurrerakina) itzultzeko eskatuko da.
1.5. Inbertsioak berandu justifikatzea, 11. oinarrian ezarritako eguna eta gero.
2. Ez badira betetzen dirulaguntza emateko erabakigarriak izan diren baldintzak, edo haiei buruzko informazioa faltsutu edo ezkutatzen bada, eta, halaber, jarduketa guztiz gauzatzen ez bada edo justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada, oso-osorik galduko da kobratzeko eskubidea eta, hala badagokio, jasotako aurrerakina osorik itzuli beharko da.
3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
Osorik betetzetik gertu dagoela ulertuko da gauzatutako jarduketaren zatia behar bezala justifikatu denean eta aurreikusitako erabilera publikorako erabiltzeko moduan dagoenean. Horri buruzko ziurtagiria egin beharko du ahaldun nahikoak.
4. Entitate onuradunek ez badute betetzen aurreko ataletan ezarritako betebeharren bat edo, halaber, 14. oinarrian ezarritako betebeharren bat, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5. Itzulketa eskatzeko ebazpena onuradunari jakinaraziko zaio, sarrera egiteko tokia, modua eta epea adieraziz, eta ohartaraziko zaio ezen, itzulketa epean egin ezean, premiamendu bidezko bilketarako prozedura aplikatuko dela, Nafarroako Ogasun Publikoa arautzen duen legerian aurreikusitakoarekin bat, foru lege honen kontra ez doan guztian.
14. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
1.1. Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.
1.2. Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa egitea. Zabalkunde neurriak betetzeko, onuradunek Hondakinen Funtsaren logotipoa jarri beharko dute finantzatuko diren material guztietan. Azpimarratu behar da betebehar hori eskaera-orrian adierazi dituzten beste zabalkunde neurrien osagarria dela (5. oinarria).
Logoa helbide honetan dago eskuragarri: https://planderesiduosdenavarra.navarra.es/es/fondo-de-residuos1.
1.3. Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga beren gain hartzea.
1.4. Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.
1.5. Ekipo ondasunak edo ondasun higiezinak diruz laguntzen badira, ondasun horiek onuradunaren ondarean egon beharko dute, dirulaguntzaren xedeari atxikita, gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribagarriak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunetarako, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera (4. eta 5. apartatuak).
1.6. Dirulaguntzaren ondoriozko harremanak iraun artean, helburu sozialak lortzeko neurri hauetakoren bat ezartzea: desgaitasuna duten edo gizarte-bazterketan dauden edo hura jasateko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea; emakumeen eta gizonen berdintasuna; laneko eta familiako bizitza eta norberarena bateragarri egitea; lan eta soldata baldintzak hobetzea; profesional gazteen parte-hartzea eta profesionalen erakunde edo sozietate txikien parte-hartzea; enplegu-zentro bereziekin eta laneratze enpresekin azpikontratatzea; irizpide etikoak eta gizarte erantzukizunari lotuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagokionez; prestazioa eman behar duten langileen prestakuntza, osasun babesa eta parte-hartzea; edo antzeko beste batzuk.
1.7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako gainerako betebehar orokorrak betetzea.
2. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik, diru kopuru horiek askatzen badira, beste entitate onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira; alegia, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa osorik jaso ezin izan dutenei.
15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalak nahiz nazioartekoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.
Horrelakoetan, proiektu bera egiteko emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu diruz lagundutako proiektuaren kostua.
16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.
Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntza deialdi honi buruzko informazio guztia emanen dio Dirulaguntzen Datu Base nazionalari (aurrerantzean, DDBN), martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Errege dekretu horren bidez, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautu ziren.
ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
II. eranskina.–Dirulaguntza eskaera.
III. eranskina.–Aurrerakinaren eskaera.
IV. eranskina.–Adierazleen kalkulua.
V. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarriaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzeari buruzkoa.
VI. eranskina.–Karakterizazioaren fitxa.
VII. eranskina.–Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa.
Eranskin horiek deialdiaren fitxan eskuratzen ahal dira, hemen:
Iragarkiaren kodea: F2610544
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
