12. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko abenduaren 30ean hartua, zeinaren bidez adierazten baita presakoa dela, nahitaezko desjabetzeko, "Funesko herrigunea babesteko, ezkerreko ibaiertzean perimetro-lubeta egiteko proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

Funesko Udalak, 2025eko irailaren 4an egindako ohiko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea "Funesko herrigunea babesteko, ezkerreko ibaiertzean perimetro-lubeta egiteko proiektua", zeinetan jasotzen baita ukitutako ondasunen eta eskubideen hasierako zerrenda. Proiektu horren helburua da lursailean lubeta batzuk egitea, hirigunea uholdeetatik babesteko, batez ere. Hasierako onespen hori 2025eko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 18an.

Jendaurrean jartzeko epea iraganik, Funesko Udalak, 2025eko azaroaren 21ean egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta onura publikoa eta okupatu beharra deklaratu zituen. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa zela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Behin betiko onespen hori 2025eko 243. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 5ekoan.

Funesko Udalak, 2025eko azaroaren 24an, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan egindako eskabide baten bidez, eskatu zuen adierazteko presakoa dela, nahitaezko desjabetzeko, "Funesko herrigunea babesteko, ezkerreko ibaiertzean perimetro-lubeta egiteko proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa. Aurkeztutako dokumentazioan presako izaera justifikatzen duen txosten bat dago, 2025eko azaroaren 12koa.

2025eko azaroaren 27an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren errekerimendua jakinarazi zitzaion Funesko Udalari, eskatzeko 10 eguneko epean aurkez zezala kreditu-atxikipenaren ziurtagiria edo aurrekontu-kontsignazioarena, hala eskatzen baitu Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak.

2025eko abenduaren 1ean, Funesko Udalak ziurtagiri bat bidali zuen, toki entitate horretako idazkaritzak emandakoa, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan eginiko instantzia bidez. Ziurtagiri horretan jasotzen denez, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko behar den aurrekontu-kontsignazioa dago. Espedientean sartuta dago.

Funesko Udalak emandako txostenaren arabera, presakoa da "Funesko herrigunea babesteko, ezkerreko ibaiertzean perimetro-lubeta egiteko proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubidearen okupazioa, zeren Funesko herrigunea babestu behar baita azken urteetan behin eta berriz gertatzen diren uholdeetatik. Izan ere, gero eta sarriagoak dira, eta urak gero eta altuera eta abiadura handiagoa hartzen du, eta, hala izanik, kalte larriagoak eragiten dituzte gertakari horiek azpiegitura publiko zein pribatuetan. Era berean, jarduketa horiek deialdi hau ere badute oinarri: "Toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, hiriguneetan uholde-arriskuaren aurrean babesteko eta egokitzeko eta ingurumenean integratzeko jarduketak garatu ditzaten", Ebro Resilience Estrategiaren barruan eta Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Hori guztia dela eta, Funesko Udalak behar den dokumentazioa aurkeztu du, hain zuzen, zehaztuta dagoena Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56. artikuluan, helburua baita presakotzat jotzea "Funesko herrigunea babesteko, ezkerreko ibaiertzean perimetro-lubeta egiteko proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Adieraztea presakoa dela, nahitaezko desjabetzeko, "Funesko herrigunea babesteko, ezkerreko ibaiertzean perimetro-lubeta egiteko proiektua" gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Funesko Udalari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2517286