12. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

1/2026 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 14koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zenbait departamentuk aditzera eman dute beren plantilla organikoak aldatu behar direla, benetan dituzten beharretara moldatzeko.

Plantilla organikoan zehazten diren kontuak direnez, ukitutako departamentuek proposatutako zenbait aldaketa jaso dira, burutza batzuk eskuratzeko betebeharrei buruzkoak eta plaza batzuetarako eskatu behar den ingelesezko eta euskarazko jakite mailari buruzkoak. Aldaketa eta eguneraketa horiek ez dute kostu ekonomikorik.

Hezkuntza Departamentuak proposatu du plantilla organikoko bi plazari –biak Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialari atxikiak– euskara eskakizuna esleitzea, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoarekin.

Hezkuntzako kontseilariaren urriaren 15eko 100/2024 Foru Aginduaren bidez, departamentu horretako 2023-2027 Hizkuntza Plana onetsi zen.

Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren uztailaren 29ko 195/2022 Foru Aginduaren bidez, publizitatea ematen zaio plazen hizkuntza-eskakizuna aldatzeak (euskaraz nahitaez jakin beharra eskatzeagatik) ukitzen ahal dituen langileei dagokienez jarraitu beharreko prozedurari, betiere euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoak txostena eman du Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko bi plazari euskaraz jakin beharraren eskakizuna esleitzeari buruz eta plaza horietarako behar den euskara mailari buruz.

Orobat, Hezkuntza Departamentuak jakinarazi du zer irizpide aplikatu diren hizkuntza-eskakizuna ezarrita duten plazak aukeratzeko, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren uztailaren 29ko 195/2022 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz.

Plaza elebidun horiek zehazteko, negoziazioa egon da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen negoziazio mahaian, 103/2017 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

Hori horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko urtarrilaren hamalauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Burutza batzuk eskuratzeko betebeharrak aldatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa honela aldatzen da:

Bat.–Aldatzen da urtarrilaren 16ko 2/2019 Foru Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa, atal, bulego eta unitate parekatu batzuetako burutzetarako betebeharrak ezartzeko.

LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTUA

Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia

Hirigintzaren arloko Lankidetza Bulegoko burutza.

Plaza zenbakia: 10511.

Betebehar espezifikoak:

Maila: A.

Titulazioa: Zuzenbideko unibertsitate-gradua edo lizentzia.

Bi.–Aldatzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa, behean azaltzen den burutzari esleitzearren mailari, lanpostu eta/edo titulazioari eta hizkuntzei dagozkien betebeharrak, baita gainerako berariazko betebeharrak ere, burutza hori merezimendu-lehiaketako deialdiaren bitartez bete nahi duten izangaiek bete behar dituztenak.

LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUA

Ingurumen Zuzendaritza Nagusia

Ingurumen Hezkuntzaren Bulegoko burua.

Plaza zenbakia: 10649.

Betebehar espezifikoak:

Lanpostua: Basozain, basozain nagusi edo basozain nagusiaren alboko lanpostu baterako izendatua izatea.

2. artikulua. Honako departamentu hauetako plaza batzuei esleituriko hizkuntzen jakite-maila aldatzea:

1.–Euskarazko C1 jakite-maila esleitzen zaie plantilla organikoan 31158 eta 32307 zenbakiekin identifikatuta dauden administrari plazei, zeinak Hezkuntza Departamentuko Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialari atxikita baitaude.

2.–Ingelesezko C1 jakite-maila esleitzen zaio plantilla organikoan 2294 zenbakiarekin identifikatuta dagoen administrari plazari, zeina Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiari atxikita baitago.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra.–Kontratazioaren arloan eskumena duten organoei baimena ematen zaie sortutako plazak aldi baterako kontratazio bidez betetzeko, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatu eta betearazteko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.

Iragarkiaren kodea: F2600490