118. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MILAGRO

Udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa. Behin betiko onespena

Milagroko Udalak, 2026ko martxoaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea udal ordenantza bat, helburu duena gizalegezko jokaerak sustatzea eta espazio publikoak babestea Milagron.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta 2026ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 21ean, eta Udalaren iragarki-taulan. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu, eta, ondorioz, ordenantza behin betiko onetsita gelditu da.

Osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Milagron, 2026ko ekainaren 5ean.–Alkatea, José Ignacio Pardo Blanco.

UDAL ORDENANTZA, MILAGRON GIZALEGEZKO JOKAERAK SUSTATZEARI ETA ESPAZIO PUBLIKOAK BABESTEARI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Milagro osatzen dute kale, eraikin, parke eta plazek, herritarrek goza ditzaten.

Hiria hobetzen da elementu fisikoak modernizatuz eta gehituz, gerora sortutako gizarte-beharrak asetzeko, eta gizalegezko portaera-jarraibideak hobetuz, herritarrek bizikidetza hobetu ahal izan dezaten eta, azken batean, hiri hobea eraiki dezaten bertan bizi edo hura bisitatzen dutenentzat.

Gizalegearen aurkako portaerek, nahiz eta gutxiengoa izan, ez diete kalte egiten edo baliorik kentzen soilik guztion ondareko ondasun eta espazioei. Aitzitik, bizikidetzaren aurkako eraso dira, elkartasunik eza eta errespetu falta dira, herritar gehien-gehienentzat, hots, beren eskubideak eta betebeharrak gizalegez betetzen dituzten herritarrentzat.

Beste alde batetik, gizalegearen aurkako jokaerek behartzen dute diru kopuru handiak erabiltzera, garbitzeko, mantentze-lanetarako eta konponketetarako, edo ondasunak berrezartzeko, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean.

Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri du Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarritako doktrina. Hala, 139. artikuluan, udalerriei ahalmena ematen die antolatzeko tokiko intereseko bizikidetza-harremanak, eta, orobat, antolatzeko nola erabili haien zerbitzuak, hornidurak, azpiegiturak, instalazioak eta espazio publikoak.

Beraz, lege xedapen horrek ahalbidetzen du Udalak arlo hori zabalago arautzeko. Horiek horrela, bada, ordenantza hau izanen da aipatutako alderdiak jorratzen dituen araua.

Orobat, 57/2003 Legeak mugak ezarri dizkio udal araudiari. Hortaz, ahalmen hori eraginkorra da "sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean" (139. artikulua). Era berean, errespetatu beharko da lege mailako antolamendua, eta ordenantzak ezin du sartu lege formal batean ezarritakoan, ez eta hura urratu ere. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahal du Konstituzioan jasotako pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketarik.

Gainera, legeak udalei ahalmena ematen die arautzeko toki intereseko bizikidetza harremanak, eta, horrela, bidea irekitzen da arlo horri osotasunean heltzeko –hau da, ikuspegi orokorrez–.

Ordenantza honen bidez bultzatu nahi dira balioak eta gizalegezko jokaerak, udal helburu gisa, eta prebentziorako baliabide gisa, herritarren bizikidetza hausten duten jarreren aurrean. Horretarako, hainbat neurri bildu dira, hezkuntza nahiz dibulgazio arlokoak edo bestelakoak, susta daitezen edozein gizarte demokratikotan bizikidetzari oinarri ematen dioten balioak.

Bigarrenik, testu arauemaile honen beste helburu bat da babestea bai ondasun publikoak bai bide publikoan ikusgai diren esparruak, baldin eta horiek, titulartasun pribatukoak izanik ere, apaindura publikoari eragiten badiote.. Lehen kasua da administrazio guztiek duten betebeharraren ondorio logikoa: hots, administrazio guztien betebeharra da babestea herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak, zergen bidez ordaintzen dituztenek, hain zuzen ere, aukera izan dezaten ondasun horiek erabiltzeko. Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahi da, bizilagun guztien eskubidea baita hiria behar bezalako apaindura eta osasungarritasun egoeran izatea. Era berean, gizalegerik gabeko portaeren gaitzespena arautu da, herritarren arteko bizikidetza egokia bultzatzeko asmoz. Helburu horiek betetzeko, ezarri beharra dago arau-hausteen eta zehapenen araubidea. Gizalegezko kontzientzia sustatzearekin batera, Udalak zehapena ezarri behar die kontzientzia hori bultzatzen duten balioak urratzen dituztenei, zalantzarik gabe.

Hirugarrenik, ordenantzak bultzatzen du arau-hausleen erantzukizun eta errehabilitazio printzipioa: hala, diru zehapenaren ordez, arau-hausleek batzuetan egin beharko dituzte komunitatearen onurarako zereginak eta lanak, urratu baitituzte komunitatearen bizikidetzako printzipioak. Errehabilitazio neurria den aldetik, erabiltzen da bereziki behar denean gizalegezko balioez jabetzea, arau-haustea ekarri duen jokaera dela-eta. Alde horretatik, arau-hausleei ohartarazi nahi zaie bai egindako arau-hausteaz, bai egindako kalteaz, gizalegezko balioak sendotzeko baliabide izan dadin. Bestalde, neurri hori zuzenean lotuta dago prebentzio lanarekin.

Xedapenaren testuak bost titulu ditu. Lehenak ordenantzaren xedeari heltzen dio, eta haren aplikazio eremua mugatzen du. II. tituluak, berriz, ezartzen du zer esparru orokorri lotuko zaizkion Udalak gizalegea sustatzeko egin behar dituen jarduerak. III. tituluak biltzen du gizalegezko portaeraren gaineko arau multzoa, eta bost kapitulutan elkartzen, haien izaeraren arabera: xedapen orokorrak, kalteak ondasunei, publizitatea, herritarraren jarduketak, betebehar bereziak eta apaindura publikoa. Ordenantzaren IV. titulua zehapen araubideari buruzkoa da: arau-hausteak sailkatzen ditu, eta bidezko zehapenak ezartzen. V. tituluan, azkenik, arau-hausleen errehabilitazioa jorratzen da. Artikulu horiei xedapen indargabetzaile bat erantsi zaie: indargabetzen ditu gaur egun arlo batzuk arautzen dituzten arauak; ordenantza honek arautzen ditu arlo horiek orain, gizalegezko kontzientzia sustatzeko irizpide orokorraren azpian.

Arau hau antolamendu juridikoan txertatzea zuzenean loturik dago bere xedearekin: hau da, gizarteko bizikidetza-harremanak egoki antolatzearekin.

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

–Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak sustatzea, prebenituz herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduketak.

Ordenantza honetan araututako gizalegezko jokabideek herritar bakoitzaren askatasuna ahalbidetu behar dute, besteekiko errespetuaren funtsezko mugarekin. Gizalegearen aurkako portaerek, gutxiengoa izan arren, kalte egiten diete guztion ondare diren ondasun eta espazio publikoei. Bizikidetzaren aurkako eraso dira, eta errespetu falta dira herritar gehien-gehienentzat, hots, ordenantza honekin onesten diren arauen indarraldiaren aurretik ere errespetuzko portaera zuten herritarrentzat.

–Erasoetatik, kalteetatik eta legez kontrako erabileretatik babestea ondasun eta espazio publikoak eta udalerriko hirigintza- eta arkitektura-ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak dagozkie udal titulartasuna duten zerbitzuko edo erabilera publikoko ondasunei, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, aparkalekuak, iturriak, urmaelak eta ontziralekuak, udal-eraikinak: museoak eta kultur zentroak, ikastetxeak, haien patioak eta kirol-pistak, hilerria, igerilekuak, kirolguneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, markesinak, oztopo-zutoinak, apaingarriak, semaforo-instalazioak: zutabeak eta paldoak, erregistro-armairuak, bide-seinaleak eta horien zutoinak, eremu urdineko tiketak saltzeko makinak, zuhaitzak, landareak edo loreak eta horiek dituzten elementuak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, kioskoak eta udal-ibilgailuak, eta izaera bereko edo antzeko gainerako ondasunak.

Apaintasun publikoa babesteko neurriak hartzen ditu barnean, begiratuz beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatu batzuen ondasunak eta instalazioak, Milagroko hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo zerbitzu publiko baten ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak –finkoak edo aldi baterakoak–, trafiko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, lore-askak, salmenta-makina automatikoak eta gisa bereko edo antzeko gainerako ondasunak.

–Gizalegezko balioen aurkako jarduketak zuzentzea, zehatzeko ahalaren bidez.

Espazio publiko guztien kontserbazio egokia lortze aldera, bizilagun guztien eskubidea baita hiri bat behar bezalako apaindura- eta osasungarritasun-baldintzetan gozatzea, ezarri behar da arau-hausteen eta zehapenen araubidea. Hori dena, betiere gogoan harturik Udalaren betebeharra dela zehatzea gizalegezko balioei eraso egiten dietenak, eta, aldi berean, Udalaren betebeharra dela balio horiek sustatzea eta bultzatzea biztanleen artean.

Ordenantzak babesten du ondasunen erabilera egokia, eta eragozten du haiei kalte egitea, horretarako baliatuz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak emandako gaikuntza (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bategina).

–Sustatzea bizikidetza-arauak hausten dituztenen errehabilitazioa. Ordenantzak sustatu nahi du arau-hausleen erantzukizun- eta errehabilitazio-printzipioa, halako moduz non, inguruabar berezietan eta diruzko zehapenaren ordez, komunitatearentzako lanak eginen diren, hain zuzen, zer komunitateren elkarbizitza-printzipioak urratu dituzten, harexen mesedetan.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan ezartzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ez eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek arautzen ditu herritarren jarduketak eta omisioak gizalegezko balioen arloan; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduketei.

3. Ordenantza hau Milagroko udal-mugarte osoan aplikatuko da.

II. TITULUA.–Gizalegea sustatzea

3. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Milagroko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia da eskubide pertsonalak izatea, eta eskubide horien errespetuak berekin dakar betebeharrak egotea eta pertsona bakoitzak horiek bete behar izatea.

Era berean, eta berariaz, Milagroko Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko, zuzen erabil ditzaten hiriko espazio komunak eta zaindu dezaten hiri-ingurunea.

4. artikulua. Hezkuntza jarduketak.

Udalak bultzatuko du transmititzea eta sendotzea gizalegezko balioak eta jokaerak, bere eskumeneko hezkuntza eta prestakuntza arloko jarduketetan.

5. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak eginen ditu beste administrazio edo erakunde publiko batzuekin eta/edo entitate pribatuekin, baldin bultzatzen badituzte kontzientziazio zibikoa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jardueren egokitzapena ezarritako xedeetarako.

Hitzarmen horien bidez, sustatuko dira herritarren ekimenak, bultzatu ditzaten arlo hauetako gizalegezko jarduerak, espazio publikoetan: kultura, kirola, osasuna, ingurumena, ekologia eta aisialdia.

Halaber, sustatuko da espazio publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea (paperontziak, lore-askak).

6. artikulua. Komunikazio publikoa.

Udalak gizalegezko balioak eta jokaerak zabalduko ditu, horretarako erabiliz herritar guztiei edo biztanle talde zehatz batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainak.

III. TITULUA.–Herritarren portaera

I. KAPITULUA.–Xedapen orokorrak

7. artikulua. Bizikidetza printzipioak.

1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili berezkoa duten helburuaren arabera, betiere begiratuta gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei errespetua galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Herritarrek eskubidea dute hiriko bide eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira, batetik, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenak eta, bestetik, gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharra.

3. Gauez ezin da zaratarik egin, baldin gainditzen baditu legez ezarritako soinu-mugak (22:00etatik 08:00etara astelehenetik ostiralera bitartean, eta 22:00etatik 9:30era larunbat, igande eta jaiegunetan). Orobat, ez da zilegi gaueko iskanbiletan parte hartzea, edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka ateratzea.

II. KAPITULUA.–Ondasunak hondatzea

8. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea, bai eta pintura orban edo zipriztinak ere, ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan.

2. Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geratuko da horma-irudi artistikoak egitea, Udalaren baimena izanda, orubeetako hesietan, obretako itxituretan, mehelinetan edo antzekoetan eta/edo horretarako prestatutako lekuetan.

Udalak aukerakoa du baimena ematea; hura ematen denean, erantsiko da zer baldintza eta betebehar bete beharko dituen baimendutako jarduketak.

3. Agintaritza-agenteek ahalmena izanen dute kautelaz kentzeko edo atzemateko erabilitako materialak edo tresnak, baldin jarduketak egiten badira Udalaren nahitaezko baimenik gabe.

4. Eraikin publiko batean edo hiri-altzarien elementu batean pintadak egin badira, edo paperak edo eranskailuak jarri badira, edo kristalak marratu edo hautsi badira, bertan kartelak itsatsi badira (itsasgarriarekin edo ez, baina itsasteko zintarekin jarri zen gainazala hondatzen bada), edo gertatzen bada haren egoerari kalte eragiten dion beste edozein ekintza, Udalak enpresa iragarleari edo erakunde edo pertsona erantzuleari egozten ahalko dio bidezko kalte-ordainen kostua, bai eta garbitzearena, berrezartzearena, egokitzearena edo lehengoratzearena ere. Horrez gain, bidezko den zehapena ezarriko dio.

10. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko, debeku dira honako hauek:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Zuhaitzetara igotzea edo eskalatzea, edozein dela ere haien lodiera.

c) Haietan edozein elementu itsastea edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

d) Haien inguruan denetariko zaborrak eta hondakinak botatzea.

e) Bizikletak edo bestelako ibilgailuak haietara lotzea.

11. artikulua. Kaleak, plazak, parkeak eta lorategiak.

1. Herritarren betebeharra da hiriko kaleak, parkeak eta lorategiak errespetatzea.

2. Ongi zaindu eta mantendu daitezen landare-espezieak eta zuhaitzak, kaleetan, plazetan, parkeetan, lorategietan, lore-asketan eta bide edo espazio publikoetan, debeku dira honako ekintza hauek:

a) Loreak edo landareak ebastea, errotik ateratzea edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako tokietan izan ezik.

c) Zuhaitzak moztea, inaustea edo haustea.

d) Zuhaitz-azaletan grabatzea edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei lotzea eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean isurtzea edozein motatako produktu toxikoak.

f) Berdeguneetan botatzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste edozein produktu, baldin haiei kalte egiten ahal badiete edo eraso egiten ahal badiete haien estetikari eta gustu onari.

g) Gorotzak uztea soropilean eta lorategietan.

h) Sua egitea parke eta lorategietan.

3. Debeku da kasurik ez egitea dauden seinaleen jarraibideei, edo ez obeditzea eremu batzuetara sartzeko murrizketei, aldi baterakoei nahiz behin betikoei. Debeku da parkeetako haur-jolasak erabiltzea, baldin gehieneko adina gainditzen bada (karteletan ezarriko da gehieneko adina).

12. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da erabiltzea bide edo espazio publikoetako paperontziak edo edukiontziak, halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen den edo erabilera oztopatzen den. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

Bereziki debekatuta dago hartzea birziklatzeko utzitako kartoiak edo paperak (behar bezala tolestuta eta pilatuta daudenak), edukiontzietatik edo haien ondotik.

2. Paperontzietara bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, eta, birziklagarriak izanez gero, erabiliko dira bilketa sailkaturako bide publikoan paraturik dauden edukiontziak.

3. Debeku da paperontzietan etxeko zaborra uztea, edo hondakin txikiak ez diren hondakinak, materialak, tresnak edo objektu arriskutsuak.

13. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da manipulatzea, baimenik gabe, urmaeletako, iturrietako edo horien eroanbide eta osagarrien instalazioak. Bereziki, debeku da barnean sartzea edo bertan gauzak garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta haietara botatzea substantziak edo gauzak.

III. KAPITULUA.–Kartelak, pankartak eta antzekoak

14. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarri eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea soilik jar daiteke horretarako bereziki prestatutako lekuetan. Horretarako, helburu hori duten euskarriak jarriko ditu Udalak, behar adinako tokietan eta kopuruan. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute bide publikoan ezarri publizitatea duen inolako instalaziorik, ez finkorik ez mugigarririk, baimena izan ezean.

2. Beraz, udal baimenik izan gabe, debeku da zeinahi iragarki mota paratzea eraikin publiko edo pribatuen fatxadetan, portxeetan, markesinetan, hiri-altzarietan, barandetan, kale-argietan, paperontzietan, edukiontzietan, zuhaitzetan, hormetan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta, oro har, berariaz prestatutako tokietatik kanpo. Era berean, debeku da aipatu lekuetan paratzea, udal baimenik gabe, eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola oro.

15. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.

1. Udalak espresuki baimentzen ahalko du kartelak eta banderolak paratzea bide publikoan, honako kasu hauetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol ekitaldi garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hiriarentzako interesgarriak diren kontzertu, ekitaldi edo erakusketak egiteko lagungarriak direnean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako tokietan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, adierazitakoen artean sartzen ez diren zenbait kasutan, berariaz baimentzen ahalko da bide publikoan kartelak eta banderolak paratzea.

2. Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak honako zehaztapen hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

a) Kartelen edo banderolen edukia eta neurriak.

b) Kokatu nahi diren toki zehatzen zerrenda.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

e) Banderolak kale-argiei edo bestelako hiri-altzariei lotzeko modua islatzen duen krokisa, ziurtatuz euskarriak ez duela kalterik eraginen pinturan edo galvanizatuan.

f) Harremanetarako pertsona eta mugikorraren zenbakia, errekerimendua egiteko, sor daitekeen edozein gorabeherarengatik.

3. Kartelak edo banderolak kale-argietan edo argi-puntuetan jartzeko, horren berri eman behar da gutxienez 24 ordu lehenago, instalazioa behar bezala berrikus eta kontrola dezaten udaleko zerbitzu teknikoek edo argien mantentze-lanetako enpresak.

4. Kartel eta banderolak lotu beharko zaizkie baimendu diren zehaztapenei.

5. Kartelek eta banderolek baimenaren baldintzak bete beharko dituzte, eta epea bukatu bezain laster kenduko ditu baimenaren eskatzaileak.

6. Agintaritza-agenteek pertsonalki ohartaraziko diote arau-hausleari, materiala ken dezan eta material hori jartzearen ondoriozko kalteak konpon ditzan; gainera, bidezkoak diren zehapenak ezartzen ahalko dira arau-hausteagatik.

7. Ohartarazpenean esandakoa betetzen ez bada, Udalak kenarazi ditzake propagandako edo publizitateko elementuak, subsidiarioki eta kostua egotziz pertsona edo enpresa behartuari; gainera, bidezkoak diren zehapenak ezartzen ahalko dira.

16. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan barreiatzea eta botatzea denetariko liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak.

Udal zerbitzuek garbituko dute eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa, eta erantzuleei egotziko zaie aparteko zerbitzuen kostua; gainera, bidezkoak diren zehapenak ezartzen ahalko dira.

2. Etxeetan publizitatea banatuko da halako moduz non ez den zikinkeriarik sortuko bide eta espazio publikoetan. Publizitatea utzi beharko da postontzi partikularren barnean eta/edo auzokideek edo eraikinaren jabeen erkidegoak horretarako ezarritako guneetan.

3. Udalaren baimena beharko da, aldez aurretik, mahaiak jartzeko, propaganda banatzeko, informazioa emateko edo sinadurak biltzeko.

IV. KAPITULUA.–Herritarren portaera

1. ATALA.–Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

17. artikulua. Bide edo espazio publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Arauketak oinarri hartzen ditu pertsonen zirkulazio askatasuna, oinezkoen babesa eta espazio publikoak beren izaera eta xedearen arabera erabiltzeko eskubidea.

2. Espazio publikoak erabiltzeko eskubideak bete behar du gainerako pertsonak errespetatzeko printzipio orokorra, eta, bereziki, haien segurtasuna eta lasaitasuna errespetatzekoa; gainera, ez da arriskurik sortu behar ondasun, zerbitzu edo instalazio publiko nahiz pribatuetan.

3. Debeku da edozein eratako jardueratan edo jostaketatan aritzea, baldin eta, kontuan hartuta kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak, kalte egiten bazaie pertsonei edo ondasun publiko nahiz pribatuei, edo herritarrei eragiten bazaizkie eragozpen nabariak, edo arriskuan jartzen badute pertsonen osotasun fisikoa, eta gainerakoen eskubideak urratzen badituzte jendea dabilen leku publikoetan.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean, edo aipatutako jarduerak egiteko berariaz prestatutako lekuetan, edo horrexetarako diren lekuetan, ezarritako baldintzetan.

4. Espazio publikoetan, pistetan eta udal instalazioetan edo haurren jostetarako eremuetan (hots, eragozpenak sortzen dituzten jarduerak edo herritarren atsedena oztopatzen duten jarduerak egiten ahal diren lekuetan), jarduera horiek debekatuta egonen dira 22:00etatik 08:00ak bitarte, baimen edo adierazpen espresurik izan ezean.

18. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.

Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

2. ATALA.–Jarduera berariazkoak

19. artikulua. Sua eta jaiak.

1. Ezin da sua piztu edo mantendu bide publikoetan (barbakoak edo parrillak), esparru pribatuetan (barneko patioak / etxebizitzetako lorategiak), baldin eta horiek eragozpenak sortzen badizkiete hirugarrenei. Debeku da, halaber, metxak piztuta eramatea eta pirotekniako artikulu oro botatzea edo erabiltzea bide publikoan edo erabilera publikoko espazioetan: petardoak, suziriak, trakak, bengalak edo gisako beste batzuk.

2. Jaiegunetan edo ekitaldi zehatzetan, Udalak baimen orokor bat ematen ahalko du. Baimen horretan zehaztuko da zer baldintza bete behar dituzten suek, barbakoek edo parrillek edo baimentzen diren jarduketek, betiere kontuan hartuta tradizioa edo unean uneko inguruabarrak. Baimen horretan, honako hauek arautuko dira: zer baldintzatan egin behar diren, orientazioa, ordutegiak, eragozpenik ez sortzeko kokapena, egunak eta abar. Baldintza horiek orokorrak izanen dira, edo berariazkoak eskatzaile bakoitzarentzat.

Debekatutzat eta baimenik gabekotzat joko da mota horretako edozein jarduera, baldin egiten bada baimenik gabe edo, hala badagokio, eskakizun orokorrak bete gabe.

20. artikulua. Zaratak.

1. Herritar guztiek errespetatu behar dituzte bizilagunen lasaitasuna eta atsedena. Halaber, saihestuko dituzte ohiko bizikidetza eragozten duten zaratak, jarraikiz azaroaren 17ko 37/2003 Legeari (Zaratari buruzko Legea) eta 1367/2007 Errege Dekretuari. Orobat, jarraikiko zaie gizalegezko jokabideak sustatzeko ordenantza honen zehaztapenei:

a) Debeku da erabiltzea petardoak, suziriak edo bengalak eta edozein gai pirotekniko, Udalaren baimenik gabe, baldin zarata sortzen badute edo suteak eragiten ahal badituzte.

b) Debeku da saihestu daitekeen edozein zarata egitea etxebizitzetan, aisialdiko lokaletan edo etxabeetan, baldin eta bizilagunei eragozten badie edo haien atsedena larriki oztopatzen badu, eta gainditzen baditu legez ezarritako mugak.

c) Motorrek, ihes-hodiek, pneumatikoek eta klaxonek modu desegokian sortutako zaratak, edo zakar edo irregularki gidatzearen ondoriozkoak, bai eta ibilgailuetan musika-ekipoak bolumen handiz erabiltzea ere, edo beste zarata batzuk egitea, baldin larriki oztopatzen ahal badute bide publikoaren gainerako erabiltzaileen lasaitasuna edo bizilagunen atsedena.

d) Ezin izanen da erabili edo paratu bozgorailurik bide publikoan edo bide publikoari begira, baimena lortu ezean.

e) Animaliak uztea patioetan, terrazetan, etxabeetan, merkataritzako lokaletan, garajeetan, balkoietan edo beste eremu ireki edo itxi batzuetan, baldin eta haien soinu, garrasi edo kantuek bizilagunen atsedena larriki oztopatzen badute.

f) Oro har, ez dira baimenduko, batez ere gauez, bizilagunei eragozten dieten jarduerak: kantatzea, instrumentuak jotzea, espazio publikoetan musika-ekipoekin egotea musika emititzen... Ulertuko da eragozpenak sortzen dituztela baldin agintaritza-agenteek entzuteko modukoak badira.

Era berean, ez da onartuko gaueko jokorik edo jostaketarik, baldin bizilagunei zaratarik edo eragozpenik eragiten badie, hala nola pilota edo futbol jokoak, berekin ekartzen badute fatxadak edo hiri-altzariak kolpatzea eta/edo jokoaren ondorioz oihuak eta garrasiak egitea.

21. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek ez dute eginen kea, usaina edo hautsa sortzen duen jarduerarik espazio publikoetan edo baimendu gabeko espazio pribatuetan, baldin haietatik espazio publikoei eragiten bazaie, halako jarduerek lasaitasuna galarazten badute edo osasungarritasuna edo apaindura publikoaren kontrakoak badira, indarrean dagoen legedian ezarritako mugak edozein direla ere.

Aurreko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauzatu daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Betiere, lan horiek egin behar dira kalerantz ahalik eta gehien aireztatuz, eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez iristeko, hala nola eskailera, eskailera-buru eta patio txikietara.

2. Ibilgailuak ezin izanen dira aparkatuak egon bost minutu baino gehiagoan motorrak piztuta, baldin badaude bizitegi-eraikinetatik 10 metro baino gutxiagora.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak bideratu beharko dira 2,5 metroko altueratik gora, baldin jendea distantzia hori baino hurbilago badago; hori guztia, Udalaren baimenik izan ezean.

22. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak, zikintzen ahal badituzte erabilera publikoko bide eta espazioak, barnean direla orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak, parkeak, kaleak, plazak eta ibaien ibilguak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatutako bide edo espazioetan automobilak garbitzea, konpontzea edo olioztatzea (ezinbesteko kasua izan ezean); botatzea zigarro-muturrak, bilgarriak, txikle erabiliak eta bildu gabeak eta hondakin solidoak edo likidoak; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak uztea edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan; eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietan botatzera.

Paperontzietan bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, birziklagarriak izan ezean. Azken kasu horretan, erabili beharko dira bide publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak. Espresuki debeku da etxeko zaborra paperontzietan uztea.

Debeka da zakarrontzietan edo edukiontzietan tresna edo objektu arriskutsuak uztea, bai eta zigarro-muturrak edo piztutako beste edozein objektu ere (hala nola errauts beroak edo berpiztu daitezkeenak, edo txingarrak, likido beroak...). Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta estupefazienteak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatzen eta zabaltzen ahal dituzten osasun-materialak eta, orobat, edozein droga toxiko, estupefaziente eta edozein produktu kimiko, pirotekniko edo gisakoak.

Paperontzietara ezin bota diren hiri hondakinak sartu beharko dira horretarako jarritako edukiontzietan, jarraikiz Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen ordenantzan ezarritakoari.

Tamaina handiko hondakin solidoak ezabatzeko, aldez aurretik abisatu beharko da, eta berretsi beharko da hondakin horiek uzteko tokia eta ordua, gero Mankomunitateko zerbitzuek horiek kentzeko; bestela, zuzenean Milagroko puntu finkora eraman beharko dira.

Debeku da tamaina handiko hondakin solidoak botatzea Mankomunitatearekin deskribatutako izapideak bete gabe, eta, orobat, uztea garbiguneen inguruan, landabideetan edo herri-lurretan edo eremu pribatuetan. Hondakinak utzi beharko dira Mankomunitateak ezarritako ordutegian.

3. Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea, eta era berean, debeku da hondakinak edukiontzien inguruan uztea.

5. Debeku da arropa eta oinetakoak ateratzea Mankomunitateak ongintzako erakundeekin batera arropa eta oinetakoak biltzeko prestatutako edukiontzietatik. Era berean, debeku da hartzea Mankomunitateko edukiontzietan utzitako paperak, kartoiak, plastikoa eta gai organikoak. Edukiontzietan utzi ondoren, Mankomunitatearen jabetzakoak dira, birziklatzeko.

6. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, baldin soberako ura eror badaiteke nolabait kaltetu daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean edo kalteak edo eragozpenak eragiten ahal badizkie bide publikoari edo haren erabiltzaileei.

7. Debeku da espazio publikora astintzea erratzak, eskoboiak, alfonbrak, arropak edo denetariko oihalak, balkoietatik, leihoetatik edo terrazetatik. Betiere, eragiketa horiek eginen dira kalterik edo eragozpenik eragin gabe bide publikoari edo haren erabiltzaileei.

8. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon. Debeku da etxebizitzetatik bide publikora hondakinak edo objektuak botatzea.

23. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da kaka, pixa edo tu egitea bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan.

24. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da haiek abandonatzea.

2. Bide publikoan edozein espezietako animaliak daramatzatenek poltsak eraman beharko dituzte gorozki solidoetarako, bai eta gernua diluitzeko behar adina ur daukan ontzi bat ere.

3. Arauketa honen ondorioetarako, honako hauek izanen dira aplikagarriak:

a) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei dagokienez, 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak Izan daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzkoa.

b) Lagun egiteko gainerako animalien kasuan, 19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa.

c) Bestelako kasuetan, 7/2023 Legea, martxoaren 28koa, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babestekoa.

4. 42.7 eta 43.39 artikuluetan tipifikatutako jokaerak ordenantza honen arabera zehatuko dira.

25. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratu 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritza-agenteek kanpadenden, ibilgailuen edo bestelako materialen erabiltzaile eta jabeei eskatuko diete bertan behera uzteko kanpaldia, baldin bide publikoa bidegabeki okupatzen badute, horrek ezertan galarazi gabe egoki den salaketa jartzea. Ezezkoa emanez gero, edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritza-agenteek behar diren baliabideak erabil ditzakete haiek berehala kentzeko. Halakoetan, arau-hausleek eta, solidarioki, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izanen da bide publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean. Baimenak berekin ekarriko du betetzea dagokion zerbitzuak proposatutako higiene eta elikadura neurriak.

3. Ezin da arroparik gabe egon erabilera publikoko espazio eta bideetan –salbu eta administrazioak horretarako prestatzen dituen tokietan, halakorik prestatuz gero–, horrek eragozten duenean herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta betebeharrak bakean gauza ditzaten. Betiere, oro har, inork ezin du gutxietsi, bide edo espazio publikoetan duen portaerarekin, gainerako pertsonen eskubidea edo ekiteko askatasuna, ez eta sinesmenak edo orokorrean onarturik dauden bizikidetza arauak laidoztatu ere; debeku da sexu-organoak erakustea, bai eta ordenantza honetan edo aplika daitekeen beste araudi batean debekaturiko jokaera edo jarduerak gauzatzea ere.

3. ATALA.–Betebehar bereziak

26. artikulua. Kirol eta kultura eremuak.

Debeku da gizalegearen aurkako jarrerak izatea Udalaren kirol eta kultura espazioetan, eta, bereziki, adingabeak protagonista diren ekitaldietan.

Berariaz debeku dira irainak, mehatxuak, erasoak edo ohiko bizikidetzaren aurkako beste edozein eraso, bai ikusleen artean, bai ekitaldiaren parte-hartzaileen artean.

Era berean, berariaz debeku da Udalaren instalazioetara eta eskola edo kirol instalazioetara sartzea, irekitzeko ordutegitik kanpo.

27. artikulua. Merkataritza jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak, edariak eta janariak saltzeko establezimenduak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, bide publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du establezimenduaren titularrak, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta gainerako betebeharrak, nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen direnak.

2. Kioskoen titularrek eta beste establezimendu batzuen titularrek, baldin badute terrazarik, beladorerik edo bide publikoko beste instalazioren bat, garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten tokia eta ingurua, bai eta instalazioak berak ere.

Kioskoen, bazarren eta salmenta automatikoko ("vending") establezimenduen titularrek, gainera, paperontzi bat jarri eta eduki beharko dute hurbil, beren kargura. Paperontzi horrek behar den edukiera izan beharko du, hots, jardueraren ezaugarriekin bat datorrena, eta behar bestetan hustu beharko da.

Espazio eta ingurune horiek etengabe garbitu beharko dira eta, betiere, establezimendua ixten denean.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiengatik, debeku da tresnak edo produktuak biltegiratzea edo pilatzea espazio publiko nahiz pribatuetan.

Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, baldin bide publikoan jarri bada baimenik gabe, edo okupatzen badu baimendutakoa baino leku handiagoa. Halakoetan, instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua; gainera, bidezkoa den zehapena ezartzen ahalko da.

28. artikulua. Kalez kaleko salmenta.

1. Espazio publikoan debeku da kalez kale saltzea edozein janari edo edari eta bestelako produktuak, berariazko baimenik izan ezean. Betiere, lizentzia edo baimena eduki beharko da behar bezala ikusteko moduan.

Era berean, debeku da espazio publikoan baimenik gabeko saltzaile ibiltariei laguntzea; esaterako, haiek salgaiz hornitzea edo agintaritza-agenteak dauden begiratzea eta horretaz abisatzea.

2. Debeku da erostea edo eskuratzea espazio publikoan baimendu gabeko kalez kaleko salmentatik datozen janariak, edariak eta bestelako produktuak.

3. Kultura, jai, jolas edo kirol izaerako edo beste nolanahiko ekitaldi publikoen antolatzaileek zainduko dute ekitaldi horiek egiten diren bitartean ez dadin gertatu aurreko apartatuetan deskribatutako jokaerarik. Ekitaldi horietako edozein dela-eta, jokaera horiek gauzatzen badira, antolatzaileek berehala jakinaraziko diete agintaritza-agenteei.

4. Agintaritza-agenteek kautelaz kenduko eta atzemanen dituzte debekuen xede diren salgaiak edo elementuak eta erabilitako materialak edo bitartekoak. Janariak edo ondasun suntsikorrak badira, suntsitu eginen dira, edo egoki den erabilera emanen zaie.

29. artikulua. Lurrak, obra-hondakinak edo bestelako materialak garraiatzea.

1. Ibilgailuen jabeek eta gidariek, baldin garraiatzen badituzte lurrak, ikatza, obra-hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsez betetako materialak, kartoiak, paperak edo beste material batzuk zeinak, isuriz gero, bide publikoa zikinduko baitute (eta, beraz, hirugarrenei kalteak eragiten ahal baitizkiete), hertsiki bete beharko dute Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean xedatutakoa, eta karga ez erortzeko moduan egokituko dute, horretarako behar diren neurriak hartuz.

2. Ibilgailuaren jabea eta gidaria izanen dira erantzule, baldin betetzen ez bada aurreko apartatuan xedatutakoa, eta beharturik egonen dira garbitzera isuritako materiala eta ukitutako bide publikoa; gainera, bidezkoak diren zehapenak ezartzen ahalko dira .

3. Erregai fosileko berokuntza duten bizilagun-erkidegoek ongi mantendu beharko dute erregai-depositua kamioiaren mahukarekin lotzen duen ahoa, erregaia isur ez dadin.

4. Baldin bide segurtasunean arriskuak sortzeko aukera badago, istripua edo iraulketa gertatuz gero, edo karga bide publikora isuriz edo eroriz gero, gidariek ahalik eta lasterren jakinarazi beharko diote Udaltzaingoari, eta azken horrek Udaleko garbiketa-zerbitzuari jakinaraziko dio.

5. Lurrak eta obra-hondakinak bildu, garraiatu eta isurtzeari dagokionez, beteko da Hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzan xedatutakoa.

30. artikulua. Obrak bide publikoan.

1. Obra batek (esaterako, eraikuntzak egitea, zaharberritzea, berritzea edo eraistea) bide publikoa ukitzen duenean (arrazoia edozein dela ere), finkaren jabeak eta, subsidiarioki, obrak egiten dituenak, kontrolatu beharko du ez dela zikinkeriarik sortzen, segurtasun eta prebentzio elementuak paratuz, materialik zabaldu eta isuri ez dadin lanek ukitutako eremutik kanpo (adibidez, eraispen-gaiak, lurrak eta obretatik sobera gelditzen diren beste material batzuk). Orobat, kontrolatu beharko du estolderiako hustubideak ez daitezen buxatu.

2. Beharrezkoa izanez gero, obran erabiltzen diren garraiorako ibilgailuek bide publikoa zikintzen badute, ibilgailu horien gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko dute.

3. Bereziki, garbi eduki beharko dira beti bide publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta abarren lanen inguruak, inolako hondakinik ez egoteko moduan, ez galtzadan eta, batez ere, ez espaloian, arriskurik ez sortzeko bide publikoaren erabiltzaileei.

4. Obrak bide publikoan egiten direnean, hartu beharko dira 1. puntuan aipatutako segurtasun neurriak (adibidez, seinaleak, hesiak, babeserako elementuak, eta materialak eta eraispen-hondarrak kargatzeko eta deskargatzeko tutuak), bide publikoa ez zikintzeko eta pertsona edo gauzei kalterik ez egiteko.

5. Eraikinak eraisteko eta hondakinak ateratzeko lanetan, erabili beharko da behar adinako presioa duen ura, lan horiek sortzen duten hautsari aurre egiteko.

31. artikulua. Ibilgailuen garbiketa.

1. Hamabosgarren artikuluan zehazten diren lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek, eta hondeaketa lanetan, eraikuntzak egitekoetan eta antzekoetan erabiltzen diren ibilgailuek, gurpilak garbitu beharko dituzte, obretatik edo lan eremutik ateratzerakoan, lokatzik eror ez dadin bide publikoan.

2. Neurri hori, halaber, eraikuntzak eraisteko obretan hartuko da, hautsa sortzea saihesteko behar diren neurriekin batera.

32. artikulua. Diru-bilketak.

Ezin izanen da diru-bilketarako eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna eragozten badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea oztopatzen badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen dira larderiaz edo herritarren zirkulazio askea trabatuz egiten diren diru-bilketak, besteak beste.

33. artikulua. Establezimendu publikoak.

Establezimendu publikoen edo elkarte-establezimenduen jabeek edo titularrek, beste xedapen batzuk betetzeaz gain, ahalegina egin behar dute bezeroek eta/edo erabiltzaileek ez ditzaten egin gizalegearen aurkako ekintzak edo ekintza gogaikarriak, lokalen sarreran eta irteeran eta terrazan (terrazari emandako gehieneko espazioan).

Jokaera horiek eragotzi ezin direnean, poliziari deitu beharko diote, mantendu daitezen ordena eta herritarren bizikidetza, eta laguntza emanen diete, une oro, esku hartzen duten agenteei.

34. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Espazio publikoetan egiten diren kultura, jaialdi, jolas, eta kirol ekitaldi publikoen antolatzaileek edo beste edozein motatako ekitaldienek (bide edo eraikin publikoetan egiten diren ezkontzak edo ospakizun pribatuak) izanen dute horietan sortzen den zikinkeriaren ardura, eta Udalari aditzera eman beharko diote zein diren egin asmo den ekitaldiaren ibilbidea, ordutegia eta tokia.

2. Udalak fidantza bat eska diezaieke, eta fidantza hori izanen da ekitaldi hori egitearen ondoriozko garbiketa lanetarako aurreikusten den zenbatekoaren adinakoa. Okupatutako espazio publikoa eta inguruak behar bezain garbi geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Ekitaldi publiko baten ondorioz, kalterik eragiten bada bide publikoan edo bertako altzarietan, antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira horren erantzule, eta berrezarpen-gastuak ordaindu beharko dituzte; gainera, bidezkoak diren zehapenak ezartzen ahalko dira.

35. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, eskean ibiltzea da limosna eskatzea erabilera publikoko bide edo espazioetan, bai eta bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Debeku da diru edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez nahiz egitez. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak eskaintzea diru truke.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, helduko zaio adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediari.

Agintaritza-agenteek eragotziko dute eskaletza debekatua, alde batera utzita larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen den ala ez, eta eskaleari nahitaez emanen diote Arguedasko, Valtierrako, Alesbesko, Milagroko eta Cadreitako oinarrizko gizarte zerbitzuen berri, beharrezko laguntza eta sorospena eskatu ahal izan dezan.

36. artikulua. Ibilgailuak garbitu eta konpontzea.

1. Debeku da bide publikoak zikintzen ahal dituen lan oro egitea, batik bat ibilgailuak garbitzea, olioa aldatzea, garbitu ondoko ura isurtzea eta hiri hondakin edo hondar solidoak hautatu edo manipulatzea.

2. Debeku da ibilgailuak konpontzea edo muntaketak egitea bide publikoan, edo bide publikoa erabiltzea materialak edo zernahi produktu gordetzeko.

37. artikulua. Arropa zabaltzea.

Balkoietan, terrazetan edo teilatu lauetan ezin da arropa zabaldu kaletik ikusteko moduan, salbu eta fisikoki bestelakorik egin ezin duten etxebizitzetan. Halakoetan, edonola ere, kaletik gutxien ikusten den aldean zabalduko dute, bizilagunei eragozpenik sortu gabe.

Era berean, ezin da materialik, tresnarik edo altzaririk utzi balkoi edo galerietan, ez eta bide publikoan ere (espaloian, galtzadan edo hiri-altzari publikoetan), baldin horrek kalte egiten badio eraikinaren estetikari, edo arriskuan jartzen baditu eraikineko gainerako bizilagunak.

Etxebizitzako maizterra izanen da debeku horiek ez betetzearen erantzule.

38. artikulua. Alkoholdun edarien kontsumoa.

1. Debeku da edari alkoholdunak kontsumitzea bide edo espazio publikoetan, baldin berekin badakar ordena publikoa asaldatzea, edo jende-pilaketak sortzea, eta horren ondorioz oztopatzen edo eragozten bada bide edo espazioen ohiko erabilera edo helburua, edo pilaketa horiek aldatzen badituzte inguruneko ingurumen, garbiketa, estetika edo zarata baldintzak, eta, hala, oztopatzen badute bizilagunen atsedena.

2. Milagroko Udalak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, berariazko baimenaren bidez, ekitaldi edo jai tradizionalak direla eta, Milagroko hiriko leku jakin batzuetarako edo nahitaezko udal lizentzia edo baimena duten ostalaritza jardueretarako.

IV. TITULUA.–Zehapen araubidea

39. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehapenak ezartzeko, bete beharko da legez eta erregelamenduz arlo horretan ezarrita dagoen prozedura, zehatzeko ahala gauzatzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki egitateak izan daitezkeela, ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari emanen dio horren berri, eta geldirik utziko du zehapen administratiboko prozedura –hasita baldin badago–, harik eta agintaritza judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Esanbidezko ebazpena jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez.

4. Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan.

5. Falta oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunetan, bi urteren buruan, eta falta arinetan, urtebetean.

6. Ordenantza honen xedeko gaietan bideratzen diren zehapen prozeduretan, agintaritza-agenteek beren eginkizunak betetzean eginiko salaketak, atestatu edo aktak oinarri nahikoa izanen dira bidezkoa den ebazpena emateko, baldin haiek ikusi badituzte egitateak. Betiere, salatuek egitate horiek ukatu badituzte, aurretik berretsi egin beharko dira. Dena den, ez dira hala izanen, kontrako frogarik bada, eta, gainera, agenteek eskura dauden froga-elementu guztiak ekarri beharko dituzte espedientera.

7. Konkurtso-arauak:

7.1. Lege honen edo beste baten bi manuri edo gehiagori jarraikiz kalifikatzen ahal diren egintzak zehatzeko orduan, arau hauek beteko dira:

a) Manu berezia orokorraren aurretik aplikatuko da.

b) Manu zabalenak edo konplexuenak bere barnean hartuko du hartan biltzen diren arau-hausteak zehatzen dituen manua.

c) Aurreko irizpideak aplikatu ezin direnean, manu larrienak bazter utziko ditu zehapen txikiagoa ezartzen dutenak.

7.2. Baldin eta egitate batek bi arau-hauste edo gehiago biltzen baditu, edo horietako bat bitarteko beharrezkoa bada bestea egiteko, zehatuko da zehapenik handiena aplikatzen duen arau-hausteari dagokion jokaera.

7.3. Egite edo ez-egite bat aintzat hartu behar baldin bada zehapena graduatzeko irizpide gisa edo arau-haustea kalifikatzeko inguruabar gisa, ezin izanen da arau-hauste independente gisa zehatu.

40. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.

41. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Ordenantza honetan arau-hauste oso astuntzat joko dira honako jokaera hauek:

1. 43.1 artikuluan jasotakoak, zuhaitz, landare edo zuhaixkarentzat ondorio iraunkorrak edo itzulezinak izan dituztenean –hala nola marka sakonak, adar baten edo enborraren zati baten haustura edo mozketa– edo haien heriotza ekarri dutenean.

2. Zuhaitzak, zuhaixkak edo landare handiak ostu edo erauztea bide publikoetan edo erabilera publikoko espazioetan.

3. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazioan dauden zuhaitzak inaustea, horretarako baimenik izan gabe.

4. Paperontzietan uztea produktu kimikoak edo piroteknikoak, zigarro-muturrak edo piztuta dagoen beste edozein objektu, errauts beroak edo berpizteko modukoak, txingarrak, likido beroak, nahita piztutako sutetzat hartzen direnak edo erru astuna eragiten dutenak.

5. Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haiei kalte egitea, baldin eta horrela eragozten edo zailtzen bada seinalea ikustea edo ulertzea.

6. Nahita edo erru astunarekin erretzea obra-hondakinak, zaborrak edo zerbitzu publikoko elementuak.

7. Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

8. Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea, edo funtzionamendu hori larriki eta nabarmen oztopatzea.

9. Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.

10. Oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta larriki galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.

11. Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak, edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez baldin badira herritarren segurtasuna asaldatzeak eragindakoak.

12. Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

Horri dagokionez, eta 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, inguruabar astungarritzat hartuko dira pertsonen osotasunean eta arrisku-egoeraren areagotzean duten eragin-maila, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, intentzionalitatea eta berrerortzea, horrek galarazi gabe herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko oinarrizko legerian ezarritako gainerakoak.

Arau-hauste gisa izapidetuko dira larrialdi faltsuen berri emanez, datu engainagarriak jakinaraziz edo beste edozein modutan zerbitzuaren funtzionamendu eraginkorra eragozten duten larrialdietako telefonora egindako deiak, jarraikiz uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 60.e) artikuluari (Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko Foru Legea) edo hura ordezten duen arauan jasotakoari.

13. Nahita itzaltzea argiteria publikoaren edozein sistema.

14. Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.

15. Urtebetean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

42. artikulua. Arau-hauste astunak.

Ordenantza honetan arau-hauste astuntzat joko dira honako jokaera hauek:

1. 43.1 artikuluan jasotakoak, zuhaitzarentzat, landarearentzat edo zuhaixkarentzat ondorio iraunkorrak baina itzulgarriak izan dituztenean, hala nola azaleko markak, adar edo enbor tolestuak edo tratamendu egokiarekin konpon daitekeen beste edozein ondorio.

2. Loreak edo landare txikiak ostu, erauzi edo kaltetzea bide publikoetan edo erabilera publikoko espazioetan.

3. Soropilari kalte egitea espazio publiko edo erabilera publikoko espazio batean.

4. Erabilera publikoko berdeguneetara botatzea edo haietan uztea zaborrak, hondakinak, zakarrak, harriak, legarra edo horiek kaltetu edo haien estetika eta gustu onari kalte egin diezaiokeen beste edozein produktu edo material.

5. Bide publikora edo erabilera publikoko espazioetara botatzea haietan ibiltzea zailtzen duten edo osasungaiztasun-arriskuak sortzen dituzten materialak.

6. Zaborrak edo hondakinak botatzea estolderia-sarera, ibaira, ibaiertzetara edo ibai-korronteetara.

7. Berehala ez jasotzea etxeko animalia batek bide publikoan edo erabilera publikoko espazioan utzitako gorozkiak.

8. Sua piztea edo janariak prestatzea gune publikoetan edo erabilera publikokoetan, Udalaren berariazko baimenik gabe.

9. Espazio publikoetan edo erabilera publikokoetan kokatutako paperontziak edo edukiontziak manipulatzea, kalteak eragiteko, estetika hondatzeko edo erabilera oztopatzeko.

10. Garraioan, isurtzea lurrak, ikatza, obra-hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsez betetako materialak, kartoiak, paperak edo gisako beste edozein gai, eta bide publikoa zikintzea.

11. Bizilagun-erkidego batek ez izatea egoera onean berokuntza-sistemako erregai-deposituaren eta hornitzailearen kamioiaren mahukaren arteko konexio-ahoa, erregai-isuriak saihesteko.

12. Ibilgailuaren gidariak, istripurik, iraulketarik edo bestelako gorabeherarik izanez gero, ez jakinaraztea ahalik eta lasterren Udaltzaingoari bide publikoan karga erori edo isuri dela.

13. Obrak bide publikoan egiten dituenak eraispen-gaiak , lurrak eta obrako soberako beste material batzuk zabaltzea eta isurtzea obren eraginpeko eremutik kanpo, eta isurketa horien ondorioz estolderia-sareko hustubideak buxatzea.

14. Ibilgailuen gurpilak garbitzeko sistemarik ez instalatzea bide publikoan zikinkeria sortzen duen obra bat egiten ari denak.

15. Behar adinako presioarekin ez bustitzea eraisteko edo hondakinak kentzeko lanetan, hautsaren emisioari aurre egiteko.

16. Obretatik edo lantokitik irtetean, ez garbitzea hondeaketa-lanetan, eraikinen eraikuntzan edo gisakoetan erabiltzen diren ibilgailuen gurpilak, bide publikoan lokatzik ez erortzeko.

17. Obretatik edo lantokitik irtetean, ez garbitzea eraiste-lanetan erabiltzen diren ibilgailuen gurpilak, bide publikoan hautsik ez sortzeko.

18. Egitea bide publikoak zikintzen ahal dituen lan oro, batik bat ibilgailuak garbitzea, olioa aldatzea, garbitu ondoko ura isurtzea eta hiri hondakin edo hondar solidoak hautatu edo manipulatzea.

19. Ibilgailuak konpontzea edo muntaketak egitea bide publikoan, edo bide publikoa erabiltzea materialak edo zernahi produktu gordetzeko.

20. Iturrietan, urmaeletan edo haien eroanbide eta osagarrietan:

a) Instalazioak edo elementuak baimenik gabe manipulatzea.

b) Isurtzea funtzionamenduan, garbiketan edo apainduran eragina duten substantziak edo objektuak.

21. Iragarkien, eranskailuen, kartelen, paskinen, pankarten edo banderolen kasuan, bai eta pertsona fisiko edo juridiko bat iragarle gisa identifika daitekeen liburuxken, eskuorrien, flyerren edo edozein motatako propagandaren edo publizitatearen kasuan ere, 46. artikuluaren 3. paragrafoa aplikatuko da, identifikatzeko eta erantzukizuna hartzeko betebeharrari dagokionez. Kasu horietan, ordenantza honen arau-hauste astuntzat hartuko dira:

a) Iragarkiak, eranskailuak, kartelak, paskinak, pankartak edo banderolak jartzea Milagroko Udalak horretarako bereziki prestatutako paneletatik eta lekuetatik kanpo.

b) Liburuxkak, eskuorriak, flyerrak edo edozein motatako propaganda edo publizitatea zabaltzea edo botatzea espazio publikoetan edo erabilera publikokoetan.

c) Iragarleak ez betetzea beren betebeharra, eragozteko pertsonek a) eta b) letretan aipatutako elementuak jar edo bana ditzaten, berariazko baimenik izan ezean.

d) Iragarleak elementu horiek jartzeko edo banatzeko baimena duen pertsona egiazki identifikatzeko betebeharra ez betetzea, 46.3.c) artikuluan ezarritako epean hala eskatzen zaionean.

22. Leku publikoetan edo erabilera publikokoetan pintada, grafismo edo mural mota oro egitea, barne direla leku horietara ematen duten partikularren fatxadak.

23. 43.9 artikuluan jasotako jokaerak, baina akustikoki asetako eremu batean gauzatutakoak.

24. Jaurtitzea petardoak, suziriak edo bengalak eta edozein gai pirotekniko, Udalaren baimenik gabe, baldin zarata sortzen badute edo suteak eragiten ahal badituzte.

Arau-hauste hau kontuan hartzeko, nahikoa izanen da puntu hauetako bat erabilera publikoko lurzoruan edo haren bertikalean (lurgaina) egotea: jaurtiketa-puntua, leherketa-puntua, hondarren talka-puntua.

25. Beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, utzi edo abandonatzea erabilera publikoko edozein espaziotan.

26. Ateratzea paperontzietan edo edukiontzietan utzitako edozein objektu. Hartzea Mankomunitatearen edukiontzietan utzitako paperak, kartoiak eta plastikoa eta gai organikoak hartzea, edo arropa edo oinetakoak ateratzea Mankomunitateak ongintzako erakundeekin lankidetzan jarritako edukiontzietatik.

27. Paperontzietan uztea arriskutsuak diren materialak, tresnak edo objektuak, hala nola material sanitarioa, estupefazienteak produktu kimiko edo piroteknikoak, zigarro-muturrak edo piztuta dagoen beste edozein objektu, errauts beroak edo berpizteko modukoak, txingarrak, likido beroak, nahita piztutako sutetzat hartzen direnak edo erru astuna eragiten dutenak.

28. Tamaina handiko hondakin solidoak botatzea Mankomunitatearekin deskribatutako izapideak bete gabe, eta, orobat, uztea garbiguneen inguruan, landabideetan edo herri-lurretan edo eremu pribatuetan.

29. Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek normal zirkulatzea, haientzat prestatutako tokietan.

30. Espazio publikoan edozein motatako janariak eta/edo edariak kalez kale saltzea, berariazko baimenik gabe, leku ikusgarrian.

31. Bide publikoan janaria prestatzea Milagroko Udalaren berariazko baimenik gabe.

32. Espazio publikoan baimenik gabeko saltzaile ibiltariei laguntzea; esaterako, haiek salgaiz hornitzea edo agintaritza-agenteak dauden begiratzea eta horretaz abisatzea.

33. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazio batean kaka egitea, horretarako prestatutako lekuetatik kanpo.

34. Baimenik gabe sartzea Udalaren-instalazioetara, irekitzeko ordutegitik kanpo.

35. Herritarren bizikidetza larriki eragoztea, halako moduz non galarazten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo denetariko jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.

36. Zerbitzu edo espazio bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen larriki eragoztea.

37. Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.

38. Larriki eragoztea osasungarritasun edo apaintasun publikoa.

39. Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

43. artikulua. Arau-hauste arinak.

Ordenantza honetan arau-hauste arintzat joko dira honako jokaera hauek:

1. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazio batean kokatutako zuhaitz, zuhaixka edo landareei tratu txarrak ematea, honako jokaera hauetako bat edo batzuk barne hartuta, betiere zuhaitzean, zuhaixkan edo landarean ondorio iraunkorrik izan ez badute:

a) Astintzea, jotzea, bultzatzea edo zapaltzea.

b) Ez dagokien edozein substantzia edo elementu grabatu, margotu, finkatu, lotu, eutsi edo haietan bermatzea, (edozein motatako ibilgailuak barne), Udalaren berariazko baimenik gabe; esaterako, puntapaxak sartzea, haiei lotzea eskailerak, haietan bermatzea tresnak, aldamio euskarriak, kartelak paratzea, obrako materialak pilatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edo ondoan edozein motatako produktuak isurtzea.

c) Igotzea, eskalatzea edo goraino igotzea.

2. Parkeetan eta haurrentzako jolas-eremuetan, kasurik ez egitea dauden seinaleen jarraibideei, ez betetzea sarbide-murrizketak, aldi baterakoak edo behin betikoak, eta haur-jolasak erabiltzea horretarako jarritako karteletan ezarritako gehieneko adina gainditzen duten pertsonek.

3. Hartzea birziklatzeko utzitako kartoiak edo paperak (behar bezala tolestuta eta pilatuta daudenak), edukiontzietatik edo haien ondotik.

4. Paperontzietatik kanpo uztea bolumen txikiko hondakin solidoak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, oskolak, txikleak, paperak, poltsak edo bilgarriak.

5. Materialak uztea bide publikoan jarritako gaikako bilketarako edukiontzietatik kanpo.

6. Paperontzietan uztea etxeko zaborra edo tamaina txikikoak ez diren hondakinak.

7. Norbera guztiz edo partzialki sartzea, edozein objektu garbitzea, arrantza egitea edo animaliak askatzea iturrietan, urmaeletan edo horien eroanbide eta osagarrietan, ur-zurrustan edo ur-masan.

8. Propaganda edo informazioa banatzea edo sinadurak biltzea bide publikoan edo erabilera publikoko espazio batean, Udalaren baimenik gabe.

9. Jardueren edo jokoen garapenari dagokionez, ordenantza honen arau-hauste arintzat hartuko dira:

a) Bide publikoan edo erabilera publikoko lekuetan egindakoak, baldin eta:

i) Ondasun publiko edo pribatuei kalteak eragin badiezazkiekete, hala nola pilotarekin jolastea fatxadak edo hiri-altzariak joz.

ii) Herritarrei eragozpenak sor badiezazkiekete edo haien atsedena oztopatu, baita horretarako prestatutako espazio publikoetan, pistetan, udal instalazioetan edo haurren jolaserako instalazioetan ere.

iii) Arriskuan jar badezakete besteen osotasun fisikoa.

b) Etxebizitzetan, aisialdiko lokaletan edo etxabeetan egiten direnak, baldin eta bizilagunei eragozpenak sortzen badizkiete edo haien atsedena oztopatzen badute.

c) Motorrak, ihesak, pneumatikoek edo klaxonak sortutako zarata, behar ez bezala erabiltzeagatik edo modu oldarkor edo irregularraren zirkulatzeagatik.

d) Ibilgailu baten musika-ekipamendutik datorren soinua, eragozten badu bidearen gainerako erabiltzaileen arreta edo bizilagunen lasaitasuna eta atsedena.

Kalteak eragiteko aukera, pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jartzekoa edo gidatzeko moduaren oldarkortasuna edo irregulartasuna agintaritza-agenteek atzemanen dituzte, eta berariaz jaso beharko dira behar den aktan.

Agintaritza-agente batek honako baldintza hauetako bat edo gehiago egiaztatu ondoren, ulertuko da eragozpenak sortu direla edo bizilagunen atsedena oztopatu dela, eta egoera horiek berariaz jaso beharko dira behar den aktan:

–Jarduera 22:00etatik 08:00etara egiten ari da, proba gehiagoren beharrik gabe.

–Jardueran kantatu, instrumentuak jo, musika jarri edo ozenegi oihukatu da, agente salatzailearen iritziaren arabera, 39.6 artikuluari jarraikiz aplikatuta.

Jendaurreko ikuskizunen edo jolas-jardueren kasuan, honako hauek aplikatuko dira:

–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

–Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretua. Horren bidez, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi zen eta enpresa eta lokalen erregistroak arautu ziren.

–Jarduera egitea baimentzen duen erabakia edo ebazpena.

10. Elkargune publikoko establezimenduen edo elkarteen establezimenduen jabeek edo titularrek polizia-zerbitzuei ez abisatzea bezeroek edo erabiltzaileek lokalen sarreran edo irteeran eginiko gizalegearen aurkako ekintzez edo ekintza gogaikarriez.

11. Soinu-anplifikazioko sistemak erabiltzea bide publikoan edo bide publikora zuzenduta, Milagroko Udalaren berariazko baimenik gabe.

12. Sua piztu edo mantentzea esparru pribatuetan (barneko patioak, etxebizitzetako lorategiak), baldin eta horiek eragozpenak sortzen badizkiete hirugarrenei.

13. Metxak piztuta eramatea bide publikoan edo erabilera publikoko espazioetan.

14. Errekuntzako motorra duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo antzekoak instalatzea edo jartzea eraikinen fatxadetatik 10 metro baino gutxiagora, edo keak 2,5 metro baino gutxiagoko altueran bideratzea, publikoa distantzia horretatik behera sartzen bada, Udalaren berariazko baimenik gabe.

15. Ibilgailu bat motorra martxan daukala uztea bizitegi-eraikinetatik 10 metrora baino gutxiagora, 5 minutuz edo gehiagoz.

16. Landareak baimenik gabe ureztatzea, baldin soberako ura erortzen bada nolabait kaltetu daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean edo kalteak edo eragozpenak eragiten badizkie bide publikoari edo haren erabiltzaileei.

17. Bide edo espazio publikoetan edari alkoholdunak kontsumitzea, honako inguruabar hauetako bat edo gehiago gertatzen bada:

a) Beirazko ontziak erabiltzea.

b) Ordena publikoa nolabait asaldatzea.

c) Jende-pilaketak sortzea bide edo espazioen erabilera normala zaildu edo galarazteko moduan.

d) Inguruko garbitasun- edo estetika-baldintzak aldatzea.

18. Balkoi edo galerietan materialak, tresnak edo altzariak uztea, baldin horrek kalte egiten badio eraikinaren estetikari edo arriskuan jartzen baditu eraikineko gainerako bizilagunak.

19. Gauzak edo zerbitzuak diru truke eskaintzea larderiaz edo modu gogaikarrian.

20. Diru-bilketak egitea larderiaz edo herritarren zirkulazio askea trabatuz.

21. Diru edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez nahiz egitez.

22. Arropa zabaltzea balkoietan, terrazetan edo teilatu-lauetan, bizilagunei eragozpenak eraginez.

23. Espazio publikora astintzea erratzak, eskoboiak, alfonbrak, arropak edo denetariko oihalak, balkoietatik, leihoetatik edo terrazetatik.

24. Biluztea edo genitalak erakustea bide publikoetan edo Administrazioak horretarako prestatu ez dituen erabilera publikoko espazioetan.

25. Irain, mehatxu edo eraso egitea kirol-ekitaldi bateko ikusle edo parte-hartzaileen artean.

26. Edozein produktu kalez kale saltzea, bide publikoan edo erabilera publikoko espazioetan, berariazko baimenik gabe.

27. Negozio baten titularrak tresnak edo produktuak espazio publiko edo pribatuan biltegiratzea edo pilatzea.

28. Keak, usainak edo hautsak harrotzen dituzten jarduerak egitea bide publikoan edo erabilera publikoko espazioan.

29. Egitea baimendu gabeko jarduera edo eragiketa bat, zikin ditzakeena bide publikoak eta erabilera publikoko espazioak, orubeak, itxi gabeko finkak, parkeak, kaleak eta plazak.

Adibide gisa, baina horietara mugatu gabe, honako jokaera hauek sartuko dira apartatu honetan: automobilak garbitzea, konpontzea edo olioztatzea (ezinbesteko kasua izan ezean); botatzea zigarro-muturrak, bilgarriak, txikle erabiliak eta bildu gabeak eta hondakin solidoak edo likidoak; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak uztea edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan.

30. Kanpatzea, kanpadendak edo horretarako prestatutako ibilgailuak paratzea:

a) Uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuan (kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen dituena) debekatutako edo aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, arau horren 1.3 artikuluan jasotakoak izan ezik.

b) Uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuan (kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen dituena) jasotako lur publiko edo pribatuetan, Udalaren berariazko baimenik izan gabe.

31. Hondakin mota oro botatzea ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edo etxebizitzatik bide publikora edo erabilera publikoko espazio batera .

32. Titularrak ez betetzea bere jarduerak bide publikoan ukitutako zatia garbi uzteko betebeharra, merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak, edariak eta janariak saltzeko establezimenduak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean.

33. Kioskoen, bazarren eta salmenta automatikoko ("vending") establezimenduen titularrek paperontzi bat ez jartzea eta edukitzea hurbil, jardueraren ezaugarrien arabera behar den edukiera duena eta behar bestetan husten dutena.

34. Pixa edo tu egitea bide publikoan eta erabilera publikoko espazio batean. salbu komun iraunkorretan edo behin-behinekoetan.

35. Herritarren bizikidetza arinki eragoztea, halako moduz non galarazten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.

36. Bide publikoan edo erabilera publikoko espazioan baimenik gabe edozein elementu jartzea, aurreko artikuluetan edo paragrafoetan jasota ez dagoena.

37. Baimenik gabe sartzea ikastetxeetako patioetara irekitzeko ordutegitik kanpo.

38. Edozein espezietako animaliak bide publikoan paseatzea gorozki solidoetarako derrigorrezko poltsarik gabe edo gernua diluitzeko behar adina ur daukan ontzirik gabe.

39. Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.

44. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste arinek 200 eurotik 750 eurora bitarteko zehapena izanen dute; astunek, 751 eurotik 1.500 eurora bitartekoa, eta oso astunek, berriz, 1.501 eurotik 3.000 eurora bitartekoa.

2. 47. artikuluan xedatutakoarekin bat, arau-hausteak egiteagatik ezarritako isunen gehieneko, erdiko eta gutxieneko mailei dagozkien tarteak honako hauek izanen dira:

a) Arau-hauste oso astunen kasuan, gutxieneko mailak 1.501 eurotik 2.000 eurora bitarteko isuna hartuko du; erdiko mailak, 2.001 eurotik 2.500 eurora bitartekoa, eta gehieneko mailak, 2.501 eurotik 3.000 eurora bitartekoa.

b) Arau-hauste astunen kasuan, gutxieneko mailak 751 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna hartuko du; erdiko mailak, 1.001 eurotik 1.250 eurora bitartekoa, eta gehieneko mailak, 1.251 eurotik 1.500 eurora bitartekoa.

c) Arau-hauste arinen kasuan, gutxieneko mailak 200 eurotik 350 eurora bitarteko isuna hartuko du; erdiko mailak, 351 eurotik 550 eurora bitartekoa, eta gehieneko mailak, 551 eurotik 750 eurora bitartekoa.

45. artikulua. Kalteak konpontzea.

Betiere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, aldatu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzule direnek ordainduko dituzte beti.

Lehengoratzeko eta kalteak ordaintzeko eskaera Udalak izapidetuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera, eta kontuan hartuta hondatutako ondasuna nolakoa den.

Udalak egin beharrekoak eginen ditu betebeharpekoaren kontura, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, jarraikiko zaio antolamendu juridikoan ezarritakoari.

46. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan erantzule solidario izanen dira antolatzaile edo sustatzaile dena eta baimena eskatzen duena.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta, modu subsidiarioan, animalien jabeak izanen dira erantzule, animaliek gauzei edo pertsonei sortutako kalte edo eraginengatik, eta zikinkeriarengatik.

3. Arau-hausteak dagozkienean kanpoko publizitateari, iragarkiei, eranskailuei, kartelei, paskinei, pankartei edo banderolei, liburuxkei, eskuorriei, flyerrei edo, oro har, edozein motatako propaganda edo publizitateari:

a) Publizitatea zer pertsona natural edo juridikoren interesean egiten den, huraxe hartuko da iragarletzat, aplikatuz Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 8. artikulua. Eta publizitate-agentziatzat, publizitatea iragarle baten kontura sortzen, prestatzen, programatzen edo exekutatzen profesionalki eta modu antolatuan aritzen den pertsona natural edo juridikoa.

b) Iragarlearen betebeharra da eragoztea aipatutako publizitatea, iragarkiak eta abar berariazko baimenik gabe jarri edo bana daitezen.

Iragarleak Milagroko Udalari aditzera eman diezaioke, jarri edo banatu aurretik, nor diren elementu horiek jartzeko edo banatzeko berariazko baimena duten pertsonak. Kasu horretan, iragarlea aurreko betebeharretatik salbuetsirik gelditzen da, eta egitateen egileak bereganatzen ditu.

c) Iragarlea behartuta dago elementu horiek jartzeko edo banatzeko baimena duen pertsona egiazki identifikatzera, behar den moduan hala eskatzen zaionean. Errekerimendu horri erantzuteko epea izanen da hamar egun baliodunekoa, jasotzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

d) Iragarlea eta, hala badagokio, publizitate-agentzia izanen dira b) eta c) apartatuetan jasotako betebeharrak ez betetzeari lotutako arau-hausteen erantzule solidario.

4. Etxebizitzei edo lokalei lotutako arau-hausteetan, horiek erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira erantzule, eta, subsidiarioki, jabeak.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzule izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboak prebenitzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo lege-arrazoiren bat izanez gero hari ez egozteko, erantzule izanen dira gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak.

7. Arau-haustea dakarten jarduketak zenbait pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

47. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

1. Proportzionaltasun-printzipioa beteko da zehapenak ezartzean lege honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik, hurrengo paragrafoetan xedatutakoaren arabera.

2. Arau-hausteetarako aurreikusitako mugen barruan, isunak hedadura bereko hiru tartetan banatuko dira, gutxieneko, erdiko eta gehieneko mailei dagozkienak, 44. artikuluaren 2. paragrafoan ezarri bezala.

Arau-hauste bat eginez gero, dagokion isuna gutxieneko mailakoa izanen da.

Arau-haustea erdiko mailako isunarekin zehatuko da, gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen dela egiaztatzen denean:

a) Berrerortzea, bi urtean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago eginez, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Egitateak indarkeriaz, mehatxuz edo larderiaz gauzatzea.

c) Egitateak aurpegia estaltzen duen edozein jantzi edo objektu erabiliz gauzatzea, identifikazioa galaraziz edo zailduz.

d) Arau-haustea egitean adingabeak, desgaitasuna duten pertsonak edo zaurgarritasun-egoeran daudenak erabiltzea.

Maila bakoitzean, isuna indibidualizatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Zer-nolako garrantzia izan duen herritarrentzat edo osasun publikoarentzat sortutako arriskuak.

b) Zer-nolako zenbatekoa edo eragina izan duen egindako kalteak.

c) Zer-nolako aldaketa sortu den zerbitzu publikoen funtzionamenduan edo herritarrei ondasunak eta zerbitzuak hornitzean.

d) Erruduntasun maila.

e) Irabazi ekonomikorik eskuratu den ala ez arau-haustearen ondorioz.

f) Arau-hauslearen ahalmen ekonomikoa.

Arau-hausteak gehieneko mailako isunarekin zehatuko dira, bakar-bakarrik, egitateak larritasun berezikoak direnean eta hala justifikatzen denean, gertatutako inguruabarren kopurua eta garrantzia eta apartatu honetan aurreikusitako irizpideak kontuan hartuta.

V. TITULUA.–Errehabilitazioa

48. artikulua. Itundutako bukaera.

1. Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitatearen onurarako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari, ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

2. Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide gisa eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baizik ez da aplikatuko:

a) Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.

b) Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, arau-hauste astun edo oso astunetan berrerori denean edo haiek errepikatu direnan.

c) Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusirik, modu arrazoituan hala erabakitzen denean.

3. Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen eskainiko dio Udalari. Ahal dela, gizartearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko jokaerak sortzekoak edo antzeko ekintzen ondoriozko kalteak konpontzekoak. Udaltzaingoak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.

4. Espedientatuak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta Udalak egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio arau-hausleari.

5. Udalak prozedura bukatzeko, ebazpen ekitaldian zehaztuko du espedientatuak egin beharreko zerbitzua, bai eta isunaren zenbatekoa ere, baldin zerbitzu horrekin zehapen osoa ordezten ez bada.

6. Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, bermatzeko zerbitzua betetzen dela behar den denboran eta moduan.

7. Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura bukatutzat joko da, 39/15 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

8. Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, erregelamendu honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L2608199