2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARANARATXE
Erabilera anitzeko eraikina erabiltzeko erregelamendua. Behin betiko onespena
Aranaratxeko Udalak, 2026ko martxoaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen erabilera anitzeko eraikina erabiltzeko erregelamendua.
Hasierako onespenaren erabakia 2026ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 31n, eta, jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, erregelamendu hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Aranaratxen, 2026ko ekainaren 1ean.–Alkatea, David Azparren Lana.
ARANARATXEKO ERABILERA ANITZEKO UDAL ERAIKINA ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA
1. artikulua. Xedea.
Erregelamendu honen xedea da arautzea Aranaratxeko erabilera anitzeko udal eraikinaren erabilera, sarbidea eta funtzionamendua; eraikin hori da udalerriko bizilagunek kirol-, kultura- eta jolas-jarduerak egiteko.
2. artikulua. Sarbidea eta giltzak.
1. Giltza bana emanen zaio familia edo bizikidetza-unitate bakoitzari, eta, giltza entregatu baino lehen, eraikina ongi erabiltzeko konpromisoaren agiri bat sinatu beharko da.
2. Giltza izateak ez dakar eraikina erabiltzeko esklusibotasunik, ezta lehentasunik ere, beste erabiltzaile batzuekiko. Eraikina erabilera komunitariokoa da.
3. Debeku da giltzaren kopiak egitea edo giltzak lagatzea baimenik ez dutenei edo udalerritik kanpokoei.
3. artikulua. Adingabeak.
1. 18 urtetik beherakoak heldu batekin egon beharko dira beti.
2. Gurasoen edo legezko tutoreen erantzukizuna izanen da adingabeek zer-nola erabiltzen duten eraikina.
4. artikulua. Eremuak eta erabilera baimenduak.
Bizilagunek erabiltzeko eremu eta elementu hauek gaituko dira, besteak beste:
–Kirol-eremua, hauek dituena:
- Saskibaloi-saskia.
- Pilotan aritzeko frontisa.
- Futbol-atea.
- Rokodromo txikiaren eremua.
- Korrika egiteko zinta, bizikleta estatikoa eta bestelako gimnastika-elementuak.
–Kultura-eremua:
- Bizilagunentzako irakurketa- eta liburutegi-espazioa.
- Liburuak libreki trukatu eta mailegatzeko sistema.
5. artikulua. Bainugelaren erabilera.
1. Bainugelara sartzeko, giltza eskatu beharko zaio arduradunari; bestela, ezartzen den sistemari jarraitu beharko zaio.
2. Bainugela, erabili ondotik, garbi utzi beharko da.
6. artikulua. Bizikidetza- eta mantentze-arauak.
1. Erabiltzaile bakoitza izanen da eraikina eta materialak ongi erabiltzearen erantzule.
2. Debeku dira:
–Zaborra edo janari-hondarrak uztea.
–Kirol- edo kultura-materiala hondatzea edo beharrik gabe mugitzea.
–Jarduera gogaikarriak, zaratatsuak edo arriskutsuak egitea.
3. Eraikinetik ateratzean, hauek egin beharko dira:
–Argi guztiak itzali.
–Leihoak eta ateak itxi.
–Dena garbi eta txukun gelditzen dela egiaztatu.
7. artikulua. Energia eta elektrizitate-kontsumoa.
1. Gaur egun, elektrizitate-hornidura libreki erabiltzen ahal da. Arduraz erabili behar da, eta, erabili ondotik, argiak eta gailuak itzali behar dira beti.
2. Behin eta berriz arduragabekeriaz erabiltzen direla antzemanez gero, neurri murriztaileak hartzen ahalko dira, edo kontrol-mekanismoak instalatu.
8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Erregelamendu hau betetzen ez bada, ondorio hauek izaten ahalko dira:
–Hitzezko edo idatzizko kargu-hartzeak.
–Giltza kentzea, behin-behinean edo behin betiko.
–Erreklamazioa, eragindako kalteengatik.
2. Udaleko organo eskudunak hartuko ditu zehapen-neurriak, ukitutako pertsonari entzun ondotik.
9. artikulua. Indarrean jartzea.
Erregelamendu hau indarrean jarriko da bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.
Iragarkiaren kodea: L2607964