1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
34/2026 FORU DEKRETUA, ekainaren 10ekoa, Fermín Sola Barrena jaunari Nafarroako Foruzaingoko Zerbitzu Goraipagarrien Plaka ematen diona, hilondoan.
Fermín Sola Barrena jauna, Nafarroako Foruzaingoko Esku hartzeko Dibisioko komisario burua, zerbitzuko jardunean hil zen 2026ko ekainaren 3an.
Ibilbide profesional luzea izan zuen; Esku hartzeko Dibisioko komisario burua zen eta aurretik aritua zen zenbait postutan eta kargutan. Polizia leiala, eskuzabala eta langilea zen. Gorputz eta arimaz aritu zen lanean, profesionaltasun handiz, eta Nafarroako Foruzaingoko kide izateaz harro agertu zen beti.
Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 70. artikuluak arautzen ditu esker onak, ohoreak eta sariak emateko aurreikusitako kasuak. Bestetik, abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 89. artikuluan ezartzen da zenbait baldintza betetzen dituzten Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak saritzen ahalko direla; baldintza horiek, halaber, katalogo batean zehazten dira 2009-38 Lan Prozedura Normalizatuan (Ohoreak eta Sariak).
Katalogo horretan ezartzen da Zerbitzu Goraipagarriaren Plaka ematen ahal dela, norbanakoaren izenean, langile bat zerbitzuan hiltzen denean.
Langileen Erregelamendu horretan arautzen dira sariak, kategoria baxuenetik altuenera: esker on pribatuak, jendaurreko esker onak, zerbitzu goraipagarrien domina eta zerbitzu goraipagarrien plaka.
Langileen Erregelamenduaren 92. artikuluak ezartzen ditu eskersariak ematen dituzten organo eskudunak, eta, horren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio Zerbitzu Goraipagarrien Plaka nori eman erabakitzea, kontseilari eskudunak proposaturik.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduaren 92. artikuluari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 12.3 artikuluan ezarritako eskumenak erabiliz, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2026ko ekainaren 10ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. Fermín Sola Barrena jaunari Nafarroako Foruzaingoko Zerbitzu Goraipagarrien Plaka ematea, hilondoan.
2. Foru dekretu honen berri ematea haren senideei.
3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Barne Zuzendaritza Nagusira eta Foruzaingoko Burutzara igortzea.
Iruñean, 2026ko ekainaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.
Iragarkiaren kodea: F2608497