118. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, Zuzenbideko lizentziadunen lanpostuan aritzeko bi zerrenda osatzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuetarako

Alkatetzaren ekainaren 1eko 2471/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta oinarriak onetsi ziren, Zuzenbideko lizentziadunen lanpostuan aritzeko bi zerrenda osatzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuetarako.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

Deialdia eginen da jarraikiz aplikatu beharreko araudiari eta honako oinarri hauetan ezartzen denari:

I.–Deialdiko plazaren izaera eta ezaugarriak

1.–Izaera: aldi baterako kontratatzeko langileak / prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2.–Izena: Zuzenbideko lizentziaduna (A maila/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: bete beharreko udal premien arabera.

4.–Bete beharreko eginkizunak:

aholkularitza juridikoari lotutako lanak egitea eta txostenak eta bestelako irizpenak ematea bere eskumenen esparruaren barnean.

Lan- eta enplegu-baldintzei dagokienez, oinarri hauetan ezartzen ez den orotan, eta udal honi dagokionez, men eginen zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruz indarrean den akordioari.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

II.–Tuterako Udalaren zerbitzuan, aldi baterako kontratazioaren bitartez, Zuzenbideko lizentziadunen lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzeko deialdia

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioaren bitartez Zuzenbideko lizentziadunen lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Zuzenbideko gradu edo lizentzia titulua edukitzea, edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

E) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko adierazpen bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen-prozesua gauzatuko da jarraikiz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauei. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, indarra duen gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak araututakoari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Tuterako Udalaren zerbitzuan, Zuzenbideko lizentziadunen lanpostuan prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda bat eratzeko deialdia.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Zuzenbideko lizentziadunen lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzea oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta beronen erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa.

B) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Zuzenbideko gradu edo lizentzia titulua edukitzea, edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horrek aldatzen du haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema), lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez egotea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.–Oinarri honen 2.1.C) apartatuan eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen diren izangaiek, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik, salbu eta behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan.

3.–Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, baita hautapen prozedurak iraun bitartean eta deialdiko lanpostuan aldi baterako jarduerak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen-prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen-prozesua gauzatuko da jarraikiz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauei. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, jarraikiz osoko bilkurak hartutako erabaki horri, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudiari.

IV.–Bi deialdietarako arauak

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es); "Trámites destacados-Empleo Público" atalean sartuta, deialdiari dagokion aipamenean. Aurkezteko epea 10 egun balidounekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.

1.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin. Eredu hori deialdiaren aipamenean egonen da, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.

1.3. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

1.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

1.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

2.–Izangaiak onartzea.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean. Izangai bazterturik egonez gero, 5 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski izanen deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

3.–Kalifikazio-epaimahaia.

3.1. Kalifikazio-epaimahaiko kideak hauek izanen dira:

Epaimahaiburua: Reyes Carmona Blasco, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Irune García García, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Íñigo Torrents Lizar, Tuterako Udaleko aholkulari juridikoa.

Ordezkoa: Berta Enrique Cornago, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko idazkari nagusia.

Epaimahaikidea: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Jesús Litago Zardoya, Murchanteko Udaleko idazkaria.

Epaimahaikidea: Mikel Ziordia Osta, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: José Miguel Catalán Ayuso, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Javier Monreal Arnal, Tuterako Udaleko Zuzenbideko lizentziaduna.

Ordezkoa: José Luis Zardoya Molinos, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko aholkulari juridikoa.

3.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute kalifikazio-epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio-epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, ezarriko ditu probak hasteko eguna, ordua eta tokia. Datu horiek, hain zuzen, argitaratuko dira onartuen behin betiko zerrendarekin batera. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen-sistema: oposizioa.

4.1. Oposizioa izanen da erabiliko den hautapen-prozesua Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Idatziz erantzun beharko zaie 50 galderari. Horiek izanen dira II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 60 minutu izanen dituzte.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira. Kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du izangaiek bigarren ariketa egiteko gehienez ere izanen duten denbora.

4.2. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

Lehen ariketa: 50 puntu gehienez.

Bigarren ariketa: 50 puntu gehienez.

4.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.4. Bi ariketetan erabiliko da plika sistema.

4.5. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du saio bakarrean egitea lehen eta bigarren ariketak. Hala izanez gero, bi ariketak batera eginen dira; lehenbizi, test motako zatia zuzenduko da, eta bigarrenik, test motako ariketa hori gainditu duten izangaien kasu praktikoen zatia. Ez da zuzenduko pliketako kasu praktikoen zatia, ez baldin bada test motako zatia gainditu.

4.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak zehaztuta, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean. Halaber, zehaztuko da non, noiz eta zein ordutan eginen den hurrengo ariketa, gutxienez 48 ordu lehenago.

4.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.9. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Ariketen kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak honako hauek emanen ditu argitara, bereizirik, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (sede.tudela.es) eta "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2. Zerrenda bakoitzean, puntu berdinketarik izanez gero gainditu duten izangaien artean, halakoak ebazteko, jarraituko zaio 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran Udalak hartu zuen erabakian araututako irizpideari (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa); hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioaren arabera eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoa eginez.

5.3. Ondotik, kalifikazio-epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen-prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Datu pertsonalak babestea.

Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu-deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, baldin zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, Erregistro Orokorrera jo beharko duzu (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (www.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan; horretarako, idazki bat bidali behar dute haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

7.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

5.–7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

6.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

7.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena.

8.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena.

9.–279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako toki entitateen erabakiak eta egintzak inpugnatzearen alorretan 6/1990 Foru Legea garatzen duena.

10.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

11.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

12.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki-entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

13.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

14.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

15.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena:

16.–5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

17.–2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

18.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.

Oharra: Gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari, baina egun horren ondoren onesten diren arau-aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Tuteran, 2026ko ekainaren 2an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L2608008