1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
354/2026 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak 2026-2027 ikasturterako.
Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri ziren. 15.2 artikuluan ezartzen denari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak urtero ezarriko ditu eskola egutegia eta ordutegia prestatzeko behar diren arauak eta ikasturteak izanen duen gutxieneko egun kopurua, bai eta ikasturtearen iraupena ere ikastetxe publikoen kasuan.
Haur Eskolen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeei dagozkien egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesteari dagokionez.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 29an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak 2026-2027 ikasturterako
1.–Egutegia.
1.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako eskola egutegiak bat etorri beharko du ondoko klausulekin:
1. Oro har, 2026-2027 ikasturtea 2026ko abuztuaren 17an hasiko da, eta 2027ko abuztuaren 16an bukatuko.
2. Ikastetxeek berariazko egutegi proposamen bat aurkeztu beharko dute, honako baldintza hauek betetzen dituena:
a) Haur eskolak:
–Oro har, ikastetxeak erreferentziako aldi baten barruan egonen dira zabalik, eta inoiz ez ondoz ondoko 320 egun baino gehiago.
–Haurrentzako arreta zuzeneko egunak 204 izanen dira. Gainerako egunak –ikastetxeko lan jarduna arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera benetan lan egindako orduen urteko kopurua osatu artekoak– ikasturte hasierako edo bukaerako antolaketa lanak egiteko izanen dira, edo familia eta hezkuntza taldearekin bilerak egiteko, edo materialak prestatzeko eta/edo prestakuntzarako; ikastetxeko zuzendaritzak zehaztuko du ordu horiek nola banatuko diren.
–Zerbitzuetako langileen kasuan, ikastetxearen garbiketa orokorra eginen dute ikasturte hasieran, bai eta ikasturte amaieran ere.
b) Baimendutako ikastetxe pribatuetan, haurrentzako arreta zuzeneko egunak 175 izanen dira gutxienez.
c) Egutegia prestatzeko, kontuan hartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean jaiegun gisa adierazitako egunak, hain zuzen ere honako hauek 2026-2027 ikasturterako: 2026ko urriaren 12a, azaroaren 2a, abenduaren 3a, 8a eta 25a, eta 2027ko urtarrilaren 1a eta 6a eta martxoaren 19a, 25a, 26a eta 29a, eta udalak erabakitzen duen jaieguna, bertako zaindariari eskainia. Egun hori eskolarik gabeko egun batean egokitzen bada, ikastetxeak beste egun bat hautatzen ahalko du.
d) Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.
e) Beren proposamena ezarritako epean aurkezten ez duten entitate titularrei oinarrizko egutegi hau esleituko zaie ofizioz:
–Oro har, 320 eguneko erreferentziako aldia 2026ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2027ko uztailaren 19an bukatuko.
–Ikastetxea 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek, ikasturtearen hasieran eta bukaeran, eta garbiketa orokorreko lanetan zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrentzako zuzeneko arretarako izanen dira.
–Eguberrietako oporrak 2026ko abenduaren 28tik 2027ko urtarrilaren 5era arte izanen dira, biak barne.
–Aste Santuko oporrak 2027ko martxoaren 30ean hasiko dira, eta apirilaren 2an bukatuko, biak barne.
1.2. Horrez gain, Hezkuntza Departamentuaren mendekoak diren haur eskolen egutegiak bat etorri beharko du ikasturte hasiera eta amaierako ondoko zehaztapenekin:
–Iruña: ikasturteko lehen eta azken egunak 2026ko abuztuaren 17a eta 2027ko ekainaren 30a izanen dira, hurrenez hurren.
–Burlata: ikasturteko lehen eta azken egunak 2026ko irailaren 1a eta 2027ko uztailaren 14a izanen dira, hurrenez hurren.
–Corella: ikasturteko lehen eta azken egunak 2026ko abuztuaren 24a eta 2027ko uztailaren 13a izanen dira, hurrenez hurren.
2.–Ikastetxeetako ordutegi orokorra.
2.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako ordutegi orokorra ondoko baldintzen araberakoa izanen da:
a) Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera, biak barne.
b) Entitate titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko ordutegia, bai eta sartzeko eta irteteko ordutegia ere, une desberdinetan. Horretarako, kontuan hartuko dira hezkuntzako langileen ordutegiak antolatzeko eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu egonkorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa betetzea, eta, ahal den neurrian, familien premiak.
c) Eguneko lanaldia antolatzeko ardatz izanen dira haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoak.
d) Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ezin izanen da ikastetxera sartu, arrazoi justifikatuekin izan ezik.
e) Haurrak zein modalitatetan (eskolaldi osoa, murriztua, erdia) dauden matrikulatuta ikasturte guztian, haren araberako ordutegia beteko du ikastetxeak.
f) Ikasturte hasieran haurren harrera aldirako plangintza egin beharko da, non, besteak beste, honakoak hartuko baitira kontuan:
–Harrera errazteko jarduera berariazkoak diseinatzea;
–Haur bakoitzaren beharrak aintzat hartzea;
–Familien partaidetza eta laguntza;
–Ikastetxeko ordutegiak eta antolakuntza malgutzea.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi beharko du harrerako aldi horren plangintza, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko da. Familiek plangintzaren berri izan beharko dute ikasturtea hasi aurretik.
2.2. Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur eskolen ordutegia, gainera, baldintza hauen araberakoa izanen da:
a) Oro har, ikastetxeko ordutegia 07:30etik 16:00etara bitartekoa izanen da. Haurrak sartzeko ordutegia 07:30etik 09:30era bitartekoa izanen da, eta ateratzeko ordutegia 15:00etatik 16:00etara bitartekoa.
b) Haurrak gehienez 7 orduz egonen dira eskolaldi osoan. Eskolaldi horretan jantoki-zerbitzua sartuta dago.
c) Haurrak gehienez 4 orduz egonen dira eskolaldi erdian.
d) Ikasturte hasieran, familiek ikastetxeko zuzendaritzari jakinaraziko diote ikasturte osorako aukeratu duten egonaldia, hau da, 7 ordukoa ala 4 ordukoa. Informazio hori jaso ondoren, ikastetxeko zuzendaritzak ezarriko du ordu-tarte bakoitzean zenbat langile behar diren.
3.–Salbuespenak.
Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark aztertu eta onar edo ezets ditzan, dagokionaren arabera.
4.–Egutegia prestatzea.
Ikastetxearen entitate titularrak prestatuko ditu ikastetxearen egutegia eta ordutegia, irizpide pedagogikoei jarraikiz. Profesionalen lehentasunek nahiz interesek inolaz ere ezin izanen dute oztopatu azaldutako irizpideen aplikazioa.
5.–Tramitazioa.
5.1. Ikastetxeko zuzendaritzak tramitatuko ditu ikastetxearen egutegia eta ordutegia, bai eta harrera-aldiaren plangintza ere, Educa kudeaketa programaren bidez. Udal titulartasuneko ikastetxeek 2026ko ekainaren 17an aurkeztu beharko dute, beranduenez, haur eskolaren titularra den entitateak egutegi proposamena onetsi duela egiaztatzen duen ziurtagiria, zeinak eskolaldiaren modalitatea eta unitateen ordutegia adierazi beharko baititu.
5.2. Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak proposatutako egutegia eta ordutegia aztertuko ditu, eta, ondoren, onetsi edo ezetsiko ditu. Educa kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaie ikastetxeei Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena ere. Ikastetxeak entitate titularrari igorriko dio erantzun hori, egoki jotzen duen moduan.
5.3. Ikastetxeak ez badu jakinarazpenik jasotzen 2026ko ekainaren 26rako, egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira. Ikastetxeren batek proposamena igortzen ez badu ezarritako epearen barrenean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak oinarrizko egutegia esleituko dio.
5.4. Ikastetxe sortu berriek, ikasturtea 2026ko irailaren 1etik aurrera hasten badute, ikastetxearen egutegia eta ordutegia igorri beharko dizkiote Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, ikastetxea ireki baino bi hilabete lehenago, zerbitzu horrek zehazten duen moduan, zehaztuta beren unitateen eskolaldia. Horiek aztertu ondoren, onartu edo ukatu eginen ditu, eta ikastetxeari jakinaraziko dio hilabeteko epean, bidalketa-datatik zenbatzen hasita. Ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira ez badute jakinarazpenik jasotzen epe horretan.
5.5. Egutegia eta ordutegia, behin onetsirik, nahitaez bete beharrekoak izanen dira, eta ikastetxeko zuzendaritzak izanen du horiek aplikatzeko ardura. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio haiek aplikatzen direla ikuskatzea eta kontrolatzea.
5.6. Ikastetxeko egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki-taulan ikusgai jarri beharko dira, eta aldaezinak izanen dira, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen aldaketaren bat onesten, entitate titularrak eskatuta.
6.–Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskaintza Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan.
6.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxetan, 2026ko irailaren 1a eta 2027ko ekainaren 30a izanen dira, hurrenez hurren, ziklo horretako ikasturteko lehen eta azken egunak.
6.2. Haur Hezkuntzako lehen zikloan, eguberrietako eta Aste Santuko oporraldiak gainerako irakaskuntzetarako zehaztutako aldi berak izanen dira.
6.3. Ikastetxeak zaindariaren jaieguna eta herriko jaieguna ezarriko ditu, bai eta gehienez 5 egun ere, eskolak hasten direnetik bukatzen diren arte, jaiegun gisa zehaztu ez direnak. Egun horiek eskolarik gabeko laneguntzat hartuko dira.
6.4. Ikastetxeko zuzendaritzak erabakiko du haurrak sartu eta ateratzeko ordutegia.
a) Oro har, ordutegia 8:45etik 16:15era izanen da. Ordutegia zehaztu ondoren, ordutegi malgua ezarriko da, bai sartzeko bai ateratzeko. Ikastetxeko zuzendaritzak ezarriko du ordu-tarte bakoitzean hezkuntzako zenbat langile behar diren.
b) Haurrak gehienez 7 orduz egonen dira eskolaldi osoan. Eskolaldi horretan jantoki-zerbitzua sartuta dago.
c) Haurrak gehienez 4 orduz egonen dira eskolaldi erdian.
6.5. Haur Hezkuntzako lehen zikloko haurrentzako harrera-aldia berariaz diseinatuko eta planifikatuko da ziklo horretarako, eta honako hauek barne hartuko ditu:
–Harrera errazteko jarduera berariazkoak diseinatzea;
–Haur bakoitzaren beharrak aintzat hartzea;
–Familien partaidetza eta laguntza;
–Ikastetxeko ordutegiak eta antolakuntza malgutzea.
Iragarkiaren kodea: F2607917