118. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

288/2026 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez arautzen baita apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 10. artikuluaren ondoriozko kontratazio zerrendetako irakasleek zerrenda orokorrean sartzeko baldintzak frogatzeko prozedura.

Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

Foru agindu horren 10. artikuluak honako hau ahalbidetzen du: "Salbuespen gisa, ezinbesteko arrazoiengatik beharrezkoa denean, eta betiere aurreko artikuluetan azaldutakoaren arabera kontrataziorik egitea ezinezkoa gertatzen bada, Hezkuntza Departamentuak kontratazio bereziak egiten ahalko ditu bete nahi den lanpostuaren ezaugarrietara moldatzeko egokienak hartzen diren pertsonekin".

Azaroaren 10eko 70/2025 Foru Aginduak 10. artikulu hori aldatu du; hots, arautu du aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak eratzea kontratazio bereziak egiteko bakarrik, eta ezarri du, 4. apartatuan, zerrenda horietan egonik eskatutako baldintzak geroago frogatzen dituztenak dagokien zerrenda orokorrean sartuko direla, zehazten den prozeduraren arabera.

Beraz, beharrezkoa da prozedura arautzea, 10. artikuluaren ondoriozko zerrendetan dauden eta kontraturen baten esleipendun izan diren langileek froga ditzaten dagokien kidego, espezialitate, hizkuntza eta, kasua bada, profilean kontratatzeko eskatzen diren titulazio-baldintzak, bai eta kontrataziorako izangaien zerrenda orokorrean sar daitezen ere.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren zuzendari nagusiaren martxoaren 13ko 2/2026 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Xedea.

Ebazpen honen xedea da prozedura bat onestea, apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 10. artikuluaren ondoriozko zerrendetan dauden eta kontraturen baten esleipendun izan diren langileek froga dezaten betetzen dituztela irakasleei aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda orokorrean sartzeko eskatzen zaizkien titulazio-baldintzak, kidego, espezialitate, hizkuntza eta, kasua bada, profilaren arabera dagokien zerrendan sartzeko behar direnak.

2. Aplikazio eremua.

1.–Ebazpen hau aplikatuko zaie Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 10. artikuluaren ondoriozko indarreko kontratazio-zerrendetan daudenei, baldin kontraturen baten esleipendun izan badira.

2.–Orobat aplikatuko zaie aipatu artikuluaren babespean kontratatuak izanik dagokien kidego, espezialitate, hizkuntza eta, kasua bada, profileko berariazko zerrendetan geroago sartu direnei, eta, horretarako, zerrendetan sartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatu dutenei.

Kasu horietan, interesdunek ez dute zertan baldintzak frogatzeko eskaerarik aurkeztu; izan ere, ofizioz sartuko dira zerrenda orokorrean, kasuan kasuko berariazko zerrenda onesten den unean, bat etorriz 5. apartatuan xedatutakoarekin.

3. Eskaera.

37/2020 Foru Aginduaren 10. artikuluaren ondoriozko indarreko kontratazio-zerrendetan dauden eta kontraturen baten esleipendun izan direnek, baldin eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda orokorrean sartu nahi badute, eskaera bat aurkeztu beharko dute, eta, horrekin batera, kasuan kasuko kidego, espezialitate, hizkuntza eta, kasua bada, profilerako eskatutako titulazio-baldintzak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa, bat etorriz apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinarekin.

Interesdunek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) beti argitaratuta egonen den fitxaren bidez, eta, eskaeraz gain, eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute.

4. Prozeduraren tramitazioa.

Hezkuntza Departamentuko Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuak aztertuko ditu aurkeztutako eskaerak, eta egiaztatuko du aurkeztutako dokumentazioak betetzen dituen apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarritako titulazio-baldintzak.

Aurkeztutako dokumentazioa ez bada aski eskatutako baldintzak betetzen diren frogatzeko, ukitutakoari hamar eguneko epea emanen zaio falta zaizkion agiriak aurkezteko, bat etorriz aplikatzekoa den araudiarekin.

Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuak gehienez ere hamabost eguneko epea izanen du, interesdunek dokumentazio osoa aurkezten dutenetik aurrera, izangaiak dagokien kidego, espezialitate, hizkuntza eta, kasua bada, profileko zerrenda orokorrean sartzeko.

5. Kontratazioetarako zerrenda orokorren ondorioak eta ordena.

1.–Titulazio-baldintzak frogatzeak ekarriko du interesduna dagokion zerrenda orokorrean sartzea, jarraian ezartzen diren ondorioekin eta ordenaren arabera.

2.–Eskatutako titulazio-baldintzak frogatzen dituzten izangaiak puntuaziorik gabe sartuko dira kidego, espezialitate, hizkuntza eta, kasua bada, profilaren arabera dagokien zerrenda orokor indardunean, azken pertsonaren atzetik.

3.–Zerrenda orokorrean, zerrendan daudenak ordenatuko dira aintzat hartuta noiz frogatu zituzten (zein egun, ordu, minutu eta segundotan) zerrendan sartzeko eskatutako baldintza guztiak, eta, berdinketarik egonez gero, jarraituko zaio apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 10. artikuluaren ondoriozko zerrendetan zuten lehentasun ordenari.

4.–Interesdunek, ez badituzte frogatzen apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskinean eskatutako titulazio-baldintzak, 10. artikuluaren babesean eratutako zerrendetan jarraituko dute.

6. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratzea.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko ekainaren 11n.–Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria, Esther Rubín León.

Iragarkiaren kodea: F2608607