116. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Aldaketa, honako honetan: Eraikuntza, instalazio eta lanen gaineko zerga arautzen duen 3. ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Behin Udaleko Osoko Bilkurak, legezko den quorumarekin, bi mila eta hogeita seiko martxoaren 30ean hasiera batez onetsirik, eta jendaurreko epea inolako erreklamaziorik gabe iragan eta gero, behin betiko onetsi da 8. artikulua aldatzea, eta, xedapen iragankor bat sartzea, Eraikuntza, instalazio eta lanen gaineko zergak arautzen dituen 3. ordenantza fiskaleko hobarien atzeraeragina jasotzeko, honako testu honekin bat:

8. artikulua. Hobariak.

1. Honako hobari hauek ezartzen dira zergaren kuotaren gainean:

a) %50eko hobaria babes ofizialeko alokairuko etxebizitzetarako soilik diren eraikinetako eraikuntza, instalazio edo lanetarako.

b) %25eko hobaria partzialki babes ofizialeko alokairuko etxebizitzetarako diren eraikinetako eraikuntza, instalazio edo lanetarako, alokairua guztizko kopuruaren erdia, gutxienez bada.

c) %50eko hobaria elkarteek edo kooperatibek sustatuta erabilera lagatzeko etxebizitzetarako edo ostatuetarako diren eraikinetako eraikuntza, instalazio edo lanetarako.

d) %90eko hobaria autokontsumorako eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak txertatzen dituzten eraikuntza, instalazio eta lanetarako.

Hobari hau energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemak xede dituen exekuzio materialaren kostuari dagokion parteari baino ez zaio aplikatuko, baldin eta haren instalazioa nahitaezkoa ez bada gaiari buruzko berariazko araudiarekin bat.

Hori dela medio, aurrekontuak bestelako obra batzuk hartzen baditu barne, xede espezifiko horri lotuta ez daudenak, behar bezala banakaturik aurkeztu beharko da obra bakoitzari dagokion zenbatekoa.

Hobaria aplikatuko da baldin eta beroa sortzeko instalazioek kolektoreak badituzte, administrazio eskudunak homologatutakoak.

e) %50eko hobaria udal-katalogoak osorik babestutako eraikinetan etxebizitza babesturako diren eraikinetako eraikuntza, instalazio edo lanetarako.

f) %30eko hobaria Lehentasunezko Birgaitze alorretan eta Esku-hartze Publikoko planen eremuetan sartutako eraikinetan etxebizitza babestura bideratutako eraikuntzen, instalazioen edo birgaitze lanendako.

2. Aurreko apartatuan ezarritako hobariak ezinen dira pilatu, eta bi hobari edo gehiago eskatuz gero, ehuneko handiena duena bakarrik aplikatuko da, betekizunak betez gero.

3. Hobari-eskaerak eta horien egiaztagiriak lizentzia-eskaerarekin edo obraren erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztu beharko dira.

Xedapen Iragankorra.

8.1 artikuluan jasotako hobariak indarrean jartzen diren egunean jada baimenduta dauden eraikuntza, instalazio edo lanen kasuan, hobari horiek atzeraeraginez aplikatu ahalko dira, baldin eta dagokion eraikuntza, instalazioa edo lana 2025eko otsailaren 21a baino geroago hasi bada eta subjektu pasibo onuradunak 2026. urtea amaitu baino lehen eskatzen badu.

Hori guztia argitara ematen da jende orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 2an.–Alkate udalburua, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2607982