116. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Etxebizitza Zerbitzu Publikoari atxikitako udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeagatiko prezio publikoak erregulatzen dituen 17. Araua. Behin betiko onespena

Behin Udaleko Osoko Bilkurak, legezko den quorumarekin, bi mila eta hogeita seiko martxoaren 30ean hasiera batez onetsirik, eta jendaurreko epea inolako erreklamaziorik gabe iragan eta gero, behin betiko onetsi da 17. Araua, Etxebizitza Zerbitzu Publikoari atxikitako udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeagatiko prezio publikoak erregulatzen dituen honako testu hau:

OINARRIA

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraikiz eta haren 28. artikuluan jasotako baimenaren babesean.

KONTZEPTUA

2. artikulua. Arau honetan ezartzen diren prezio publikoak Etxebizitza Zerbitzu Publikoari atxiki eta Iruñeko Udalaren Etxebizitza Bulegoak kudeatzen dituen udal-etxebizitzak erabiltzeagatik galdatzen dira.

3. artikulua. Udal-etxebizitza hauek erabiltzeko araudia gizarte-inklusioa sustatzeko AUKERA - udal-etxebizitzak arautzen dituen Ordenantzan ezarritakoa izanen da.

NORK ORDAINDU BEHARKO DUEN

4. artikulua. Arau honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzera behartuta daude udal-etxebizitzaren eskatzaileak, baldin eta etxebizitza horien erabilera-esleipena erdietsi eta erabiltzen hasten badira, giltzak eman ondoren.

TARIFAK

5. artikulua. Aplikatu beharreko prezio publikoak Arau honen tarifen eranskinean jasotakoak izanen dira, eta betekizun hauen arabera zehaztuko dira:

–Udal-etxebizitza bat eskatzen duten familien gehieneko diru-sarrerak ERREGOSNA (Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna) baino 1,7 txikiagoak izan behar dute.

–Diru-sarrerak Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietarako PFEZaren diru-sarreren taularen arabera Familia Unitateko kideen artean haztatuko dira. Taula urtero berrikusi eta eguneratuko da, une oro Nafarroako Gobernuak bere web atarian erreferentziatzat duenarekin parekatzeko. Taula hori honako esteka honetan argitaratu da: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/familiaren-diru-sarrera-haztatuak-eta-horien-baliokidetasuna-kalkulatzea-saran.

–Etxebizitza eskatzen dutenen zein horien ezkontideen edo izatezko bikotekideen diru-sarrerak zenbatuko dira, nahiz eta etxebizitzaren eskatzaile gisa ez agertu, baita kargura dituztenenak ere.

–Kontuan hartuko dira PFEZren aitorpeneko zerga-oinarriaren (507 laukia) atal orokorrean adierazitako diru-sarrerak, baita jaso dituzten errenta salbuetsi (529 laukia) guztiak ere. Aipatzen diren diru-sarrera konputagarriak Nafarroako Gobernuaren alokairu sozialeko etxebizitzetarako aurreikusitakoekin parekagarriak izanen dira une oro.

–Errenta aitorpena aurkeztu behar ez den kasuetan, Foru Ogasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zeinetan adieraziko baita ezen ez daudela aitorpen hori egitera derrigortuta eta eskura dituzten datu fiskalak atxiki. Halakorik izan ezean, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du, familiak izandako diru-sarrerei buruzkoa, eta horren egiaztagiriak.

KUDEAKETA-ARAUAK

6. artikulua. Udal-etxebizitzak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak hilero eskatuko dira. Prezio publikoen sortzapena hilabete bakoitzeko azken egunean eginen da eta hilabete natural bakoitzeko ordainduko da, sortzapena noiz sortu eta hurrengo hilabetean.

Baldin eta udal-etxebizitza erabiltzeko eskubidearen hasiera edo bukaerak ez badu hil naturalarekin bat egiten, eskatuko den prezioa egoera horri egokituko zaio, egun naturaletan hainbanatua, etxebizitza erabiltzen den lehen eguna eta azkena barne.

TARIFEN ERANSKINA

I. EPIGRAFEA.–LARRIALDIKO ATERPE-PREMIA EKONOMIKOKO EDO EGONKORTZEKO ATERPE-PREMIA PARTEKATUKO ETXEBIZITZEN ERABILERA

–Etxebizitza erabili eta horniduren gastuek sortutako hileko prezioa familiaren diru-sarreren %25en baliokidea izanen da.

II. EPIGRAFEA.–PARTEKATU GABEKO EGONKORTZE-ETXEBIZITZEN EDO TARTEKO EGOERAKO ETXEBIZITZEN ERABILERA

Hileko prezioa kalkulatzeko atxikitako taulako adierazleak ezarriko dira.

Unitate familiarreko kideen arabera haztatutako diru-sarrera familiarrak, hainbat ERREGOSNA aldiz.

Nafarroako Gobernuaren alokairuen araudiko BOE baten indarreko prezioaren gainean (euro x m²) ordaindu beharreko ehunekoa, Iruñerako.

–ERREGOSNA halako 1 arte

%25

–ERREGOSNA halako 1etik 1,4 arte

%50

–ERREGOSNA halako 1,4tik 1,7 arte

%75

–ERREGOSNA halako 1,7tik gora

%100

Genero-indarkeriaren biktima direnei esleitutako erabilera.

–Hileko prezioa lehen urtean: Nafarroako Gobernuaren alokairuko Babes Ofizialeko Etxebizitza baten (euro x m²) indarreko prezioaren %10, Iruñerako.

–Hileko prezioa bigarren urtean: Nafarroako Gobernuaren alokairuko Babes Ofizialeko Etxebizitza baten (euro x m²) indarreko prezioaren %25, Iruñerako.

–Hileko prezioa hirugarren urtetik aitzina: epigrafe honetako taularen arabera kalkulatuko da.

III. EPIGRAFEA.–BESTE ETXEBIZITZA MOTA BATZUEN ERABILERA

–Nafarroako Gobernuaren alokairuko Babes Ofizialeko Etxebizitza baten (euro x m²) Iruñerako indarreko prezioa izanen da, salbu hitzarmen bidez ordaina edo bestelako baldintzak ezartzen badira.

Hori guztia argitara ematen da jende orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko ekainaren 2an.–Alkate udalburua, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2607981