116. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Merezimendu-lehiaketa, bete daitezen Udaleko hainbat lanpostu

Giza Baliabideetako zuzendariak deialdia onetsi zuen 2026ko ekainarenx 4an, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Honako lanpostu hauek merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko deialdia iragartzen da:

1. taula.

LANPOSTUA

KODEA PLAZA PLANTILLA ORGANIKOA

MAILA

ESKATUTAKO TITULAZIOA

BESTELAKO
BALDINTZAK

EKONOMIA, FINANTZA ETA AURREKONTU KUDEAKETAKO ARDURADUNA

1-100950-1

A

Unibertsitate-gradua Ekonomian, Zientzia Politikoetan eta Administrazio Zientzietan, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, Aktuariotza eta Finantza Zientzietan, Marketinean edo Merkatuen Ikerketan, Finantzetan, Kontabilitatean edo Enpresa Ekonomian, edo baliokidetzat jotako titulazioa.

ARKITEKTO KUDEATZAILEA (URBANIZAZIOAK)

1-105900-1

A

Unibertsitate-gradua Arkitekturan, edo baliokidetzat jotako titulazioa. Lanbidean jarduteko gaitzen duen unibertsitate-master ofiziala.

ALBAITARI KUDEATZAILEA

1-106200-1

A

Unibertsitate-gradua Albaitaritzan, edo baliokidetzat jotako titulazioa.

B GIDABAIMENA

KATASTROKO ARDURADUNA

1-202000-1

B

Unibertsitate-gradua Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, Zuzenbidean, Ekonomian, Arkitekturan, Arkitektura Teknikoan, Ingeniaritza Agronomikoan, Ingeniaritza Zibilean edo Geomatika eta Topografiako Ingeniaritzan, edo baliokidetzat jotako titulazioa.

ERRENTA ETA GAINBALIOKO ARDURADUNA

1-202300-1

B

Unibertsitate-gradua Zuzenbidean, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, Administrazioan, Ekonomian, Aktuariotza eta Finantza Zientzietan, edo baliokidetzat jotako titulazioa.

APAREJADOREA/HIRIA BIRGAITZEKO BULEGOKO ARDURADUNA

1-203600-1

B

Unibertsitate-gradua Eraikuntzan, Arkitektura Teknikoan edo Eraikuntzaren Ingeniaritzan, edo arkitekto teknikoaren lanbide arautuan jarduteko gaitzen duen beste edozein unibertsitate-titulazio ofizial.

AKTA ETA JAKINARAZPENETAKO ZERBITZUBURUA

1-306800-1

C

Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidea.

HIRI ALTZARIETAKO ZERBITZUBURUA

1-207700-1

B

Unibertsitateko Gradu-titulua, Ingeniaritza Teknikoko titulua, Arkitektura Teknikoko titulua edo horien baliokidetzat jotzen den titulua.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Merezimendu-lehiaketa hau honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 3. atala; 97/2024 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, arautzen duena nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko; Tokiko Gobernu Batzarraren 2005eko azaroaren 22ko eta 2025eko otsailaren 24ko erabakiak, Iruñeko Udalean merezimenduen baremoak ezartzen dituztenak; deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

3.–Lanpostuen ezaugarriak.

Lanpostuaren titularraren eginkizunak hura sortu edo arautzeko xedapenetan kasu bakoitzean finkatzen direnak izanen dira, edo aldi bakoitzean organo eskudunek finkatzen dituztenak.

Deialdi honetako plazak eskuratzen dituzten funtzionarioek 1. taulan dauden lanpostuei dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, betiere Udalaren Plantilla Organikoarekin eta indarrean diren gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat.

4.–Merezimendu-lehiaketa bidez lortzen den lanpostua betetzeko baldintzak.

Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako lanpostuan aritzeko epea gehienez ere sei urte natural bitartekoa izanen da. Epe hori bukaturik eta izendapen espresik behar izan gabe, izendatuak bitarteko moduan segituko du lanpostu horretan, harik eta beste merezimendu-lehiaketaren bidez betetzen den arte, deusetan ukatu gabe Alorreko titularrak duen ahalmena haren kargugabetzea eta, hala izanez gero, beste funtzionario bat bitarteko moduan izendatzea proposatzeko.

Lanpostu baten titulartasuna merezimendu-lehiaketaren bidez lortzen duenak ez du aurkezterik izanen beste burutza bat betetzeko inolako merezimendu-lehiaketatara, hiru urte naturaleko epearen amaierara arte.

Muga horixe aplikatuko da, halaber, pertsona horrek burutzari uko egiten badio zein epetarako izendatua izan eta hura bete baino lehen.

Merezimendu-lehiaketaren bidez lortutako lanpostu baten titularrak honako kasu hauetan utziko dio lanpostu horretan aritzeari, inolako erreserba eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduz:

a) Sei urte naturaleko epea bukatzen bada.

b) Lanpostua desagertzen bada, dagokion Alorreko egitura organikoa aldatzearen ondorioz.

c) Norberak espresuki uko egiten badio karguari.

d) Gerora sortutako zioak suertatzen badira, dela lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen ezagatik, lanpostuari dagozkion eginkizunak modu eraginkorrean betetzea eragozten duen errendimendu eskasean islatuta, dela lanpostuaren eginkizunak aldatzeagatik, betiere aurrez interesdunarekin entzunaldia izan eta Langileen Batzordeak txostena egin eta gero.

e) Titularra zerbitzu berezien egoerara edo eszedentziara igarotzen bada, hura borondatezkoa, nahitaezkoa edo berezia izan.

f) Diziplina-espediente baten barnean, hutsegite larri edo oso larriaren ondorioz, zehapena ezartzen bazaio, edo prozesu penal batean inhabilitaziora zigortzen bazaio.

g) Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen artetik izendapen libreko kargu baterako izendatzen badute.

h) Zerbitzu eginkizunetan aritzeko izendatzen badute, dela Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, dela beste edozein administrazio publikotan.

5.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Indarra duten legezko xedapenen arabera, merezimendu-lehiaketa honen xedeko lanpostua eskuratu ahal izateko, hautagaiek betebehar hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapena egiten den unean:

a) Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako funtzionarioak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) Eskatutako mailan sailkatua egotea, eskatutako titulazioa edukitzea eta, hala badagokio, 1. taulan zehaztutako beste baldintza batzuk betetzea.

6.–Eskabideak epea eta aurkezteko tokia.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, behin deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Deialdi honen testu osoa Iruñeko Udalaren webgunean ere egonen da eskuragarri: www.pamplona.es/eu. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.

6.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", eskuratu nahi den lanpostuaren merezimendu-lehiaketari dagokion aipamena.

6.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek 5. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte, salbu eta dokumentazio hori Udalaren eskuetan badago. Hala bada, horren berri eman beharko da eskabidean. Aurrekoa gorabehera, Giza Baliabideetako zerbitzuak agiriok eskatzen ahalko dizkie lehiaketan parte hartzen dutenei ezin baditu bere kabuz bildu.

Desgaitasuna aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

6.4. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

6.5. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

7.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Iruñeko Udalaren www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko da.

Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko, eskaerak aurkezteko 6.2. oinarrian aipatutako izapide elektroniko beraren bidez.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta udal-webgunean argitara dadila aginduko.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Giza Baliabideetako zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Baztertutako izangairik ez balego, behin betiko zerrenda onetsiko da zuzenean, eta Iruñeko Udaleko udal-webgunean argitaratuko da.

Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik deialdietan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioaren eskuetan dagoena aztertzean ondorioztatzen bada ez dutela betetzen eskatutako baldintzaren bat, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik bereganatutako eskubide guztiak galduko dituzte.

8.–Kalifikazio-epaimahaia.

8.1. 1. taulan zehaztutako lanpostu bakoitzaren kalifikazio-epaimahaia Giza Baliabideetako zuzendariak emandako ebazpenaren bidez izendatuko da, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi aurretik. Kalifikazio-epaimahaia hiru kide titularrek osatuko dute eta horien ordezkoen kopuru bera izendatuko da.

8.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote administrazio-prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat gertatzen bada, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, epaimahaikideek parte ez hartzeko edota haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean emanen da horren berri izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

8.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

9.–Baloratu beharrekoak.

9.1. Honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Lehiaketaren xede den lanpostuari buruzko memoria-lana: 25 puntu bitarte.

b) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu bitarte.

c) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu bitarte.

d) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu bitarte.

e) Puntuazio gehigarria, hizkuntzak ezagutzeagatik: 6 puntu gehienez ere.

10.–Baloratzeko prozedura.

10.1. Lanpostuari buruzko memoria-lana: Deialdiaren xede diren lanpostuak bete nahi dituzten izangaiek memoria-lan bat aurkeztu beharko dute –lehiaketako izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan zehaztutako epean–, eta bertan honako alderdi hauek aztertuko dituzte: lanpostuaren zereginak eta hori betetzeko betekizunak, baldintzak eta bitartekoak zein dagokion lanpostuaren erantzukizun-alorreko antolamendu teknikoa.

Izangaiek memoria-lana ahoz aurkeztu eta defendatu beharko dute Epaimahaiaren aurrean. Epaimahaiak egoki joz gero, agerraldian izangaiek aurkeztutako merezimenduak ere har daitezke hizpide, bai eta lehiaketak xede duen lanpostuaren ezaugarrietara izangaiaren egokitze-maila ere.

Memoria-lana ahoz azaldu eta defendatzera ez agertzeak berekin ekarriko du automatikoki izangaia lehiaketatik kanpo geratzea.

Proba honek izaera baztertzailea edukiko du, eta gutxienez 12,50 puntu lortu behar dira hura gainditzeko.

Proba egin ondoren, Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira izangai bakoitzak lortutako emaitzak.

Probaren emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta. Behin erreklamazioak ebatzita, proba psikoteknikoa egiteko eguna eta tokia adieraziko dira.

10.2. Txosten psikoteknikoa: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, dagozkion probak egin ondoren, izangai bakoitzaren inguruko txosten psikotekniko bat eginen du, eta bertan izangai bakoitzaren egokitze-maila baloratuko du deialdiak xede duen lanpostuaren izaera eta ezaugarrietarako. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari txosten psikoteknikoan ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren epaimahai kalifikatzailearentzat.

10.3. Gero, eta bakarrik memoria-lanaren proba gainditu eta txosten psikoteknikoa egitera aurkeztu diren izangaien kasuan, Epaimahaiak honako apartatu hauei dagozkien merezimenduak baloratuko ditu: administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta aurreko apartatuan aurreikusitako gainerako merezimenduak.

Xede horretarako, izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute, txosten psikoteknikoaren puntuazioa argitaratzen denetik, merezimenduen gaineko egiaztagiriak aurkezteko. Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dira.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

Ondorio horietarako, ez da beharrezkoa izanen Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen dokumentazioa aurkeztea, hura jada Iruñeko Udalaren eskuetan badago.

Izangaiek behar bezala ordenaturik aurkeztu eta justifikatu behar dituzte merezimenduak, baremoan ezarritako puntuazio-eskemari jarraituta. Merezimendu horiek deialdi honen eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

Baldin eta memoria-lana izangai bakar batek gainditu badu, ez da beharrezkoa izanen proba psikoteknikoa egitea eta merezimenduen egiaztagiriak aurkeztea, ez baitira baloratuko lehiaketaren gainerako atalak.

Baloratutako elementu bakoitzaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta apartatu bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiaketan parte hartzen duten izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.

Probak gainditu dituzten izangaiek eskuratutako puntuazioari merezimenduen kalifikazioan eskuratutakoa gehituko zaio, horietako bakoitzaren guztizko puntuazioa lortze aldera.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinduta segituz gero, adinez zaharrena den lehiatzailearen alde ebatziko da.

11.–Gainditu dutenen zerrenda, izendapena eta plazaz jabetzea.

Aurkeztutako erreklamazioak epaimahaiak ebatzitakoan, horrek behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udalaren webgunean, eta proba gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda igorriko dio Giza Baliabideetako zuzendariari, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera.

Giza Baliabideetako zuzendariak puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapena eginen du.

Izendatutako izangaiek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapenaren jakinarazpena jaso eta hortik aitzina.

Aipatutako epean plazaz jabetzen ez direnek -behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu- eskubide guztiak galduko dituzte izendatuak izan diren lanposturako. Halako kasuetan, bajak beteko dira oinarri honetako lehen paragrafoan aipatzen den gaindituen zerrendan jarraian agertzen diren izangaiekin.

12.–Izangaiek aurkeztutako agiriak.

Aurkeztutako agiriak aurrez espresuki eskaturik jasotzen ahalko dira, betiere ez bada erreklamazio edo errekurtsorik jarri. Agiriak jasotzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, behin hiru hilabete igarota izendapen-ebazpena jakinarazi zenetik.

Aurreko paragrafoan aipatutako epean agiriak jaso ez badira, ulertuko da uko egiten zaiola horiek berreskuratzeari; hortaz, horretarako eskubidea galduko da eta agiriak suntsituko dira.

Erreklamazio edo errekurtsorik egonez gero, aurkeztutako agiriak atxikiko dira horiek egiaztatu eta aztertze aldera. Agiriak jasotzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak ahalbidetzen duenean.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta haiek aplikatzeko epaimahaia sorburu ez duten egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko administrazioarekiko auzien atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2026ko ekainaren 4an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Xabier Burgui Vergara.

ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALIOESTEKO BAREMOA

a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatutako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan: 1 puntu, urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoez besteko lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak.

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

2. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, dagokion zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak.

4. Langile finkoek zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan emandako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan emandako zerbitzu gisara baloratuko dira. Horren ondorioetarako, ez da aintzat hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntza eta hobekuntzarako jardueretan emandako denbora, apartatu honen 1. puntuan xedatutakoarekin bat baloratuko baita.

5. Honako a) apartatu honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta bestelako merezimenduak.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko (*) edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua ageri ez den ziurtagiriei 1 kredituko (*) balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko (*) balorazioa emanen zaie.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.

5. Apartatu honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.

6. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren lortutako merezimenduak.

2. Hitzaldien edo komunikazioen aurkezpena biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo saridunak egin eta lanak aldizkari espezializatuetan argitaratu izana: 2 puntu, gehienez ere, kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).

3. Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu edo/eta halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

4. Deialdian eskatutako titulazio eta espezialitate akademikoez bestelakoak: gehienez ere 2 puntu.

5. Deialdian eskatutako titulazioaren doktore edo lizentzia gradua: gehienez ere 2 puntu.

6. Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratzekoak: besteak beste, sektore pribatuan egindako lanak, prestakuntza-bekak edo –egonaldiak eta parte hartzea kontsulta–, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: gehienez ere 2 puntu.

Oharrak, b) apartatu osorako:

1. Apartatu honetan, deialdi honen xede den lanpostuarekin zuzeneko zerikusia duten merezimenduak baloratuko dira, ez besterik.

2. 25 puntukoa izanen da gehienez ere b) apartatu honi dagokion puntuazioa.

(*) Kredituei dagokienez, eskola-kreditu bakoitza 10 orduren baliokide gisa hartuko da, eta ECTS kreditu bakoitza (kredituak transferitu eta pilatzeko sistema europarra), 25 orduren baliokide gisa.

c) Puntuazio gehigarria, hizkuntzak ezagutzeagatik: 6 puntu gehienez ere.

–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea, Europar Batasuneko lan-hizkuntza baitira, gehienez ere 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 2 puntu emanen zaizkio, gehienez ere.

Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela:

A1: 0,4 puntu / A2: 0,8 puntu / B1: 1,2 puntu / B2: 1,6 puntu / C1: 2 puntu.

–Euskara jakitea, plantilla organikoaren arabera plazan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 2,76 puntu gehienez.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren euskarazko C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari 2,76 puntu emanen zaizkio, gehienez ere. Titulu edo ziurtagiri hori eduki ezean, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailen baliokidea den titulua edo ziurtagiria baloratuko da, honela:

A1: 0,55 puntu / A2: 1,10 puntu / B1: 1,65 puntu / B2: 2,20 puntu / C1: 2,76 puntu.

Iragarkiaren kodea: L2608182