116. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

221E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira "Dirulaguntzak ekintzailetzan inbertitzeko Pirinioetako Planaren lurraldearen eremuan" izeneko dirulaguntzaren deialdia 2026. urterako eta deialdi hori arautuko duten oinarriak, eta gauzatzeko 120.000 euroko gastua baimentzen baita 2026ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko 210002 21400 7709 922100 partidaren kargura ("Dirulaguntzak berrikuntzako ekintzailetzan inbertitzeko Pirinioetako Plana"). DDBN kodea: 907077.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan ezarri zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren misioa dela despopulazioaren kontrako borrokaren estrategiarekin lotuta dauden neurriak, erronka demografikoari aurre egitekoak eta lurralde egituraketaren aldekoak aztertu, koordinatu, proposatu eta izapidetzea.

2017ko maiatzean, "Pirinioetako Mahaia" eratu zen, eskualde horretako toki entitateek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolaketa-egituran tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko ekimena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko Ponentziak egindako txostenean jasota daude Nafarroako Pirinioaldeko diagnostikoaren elementu kritikoak: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako zailtasunak, azpiegitura aurreratuen falta, enplegu falta eta belaunaldi-erreleborik ez egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko, etxebizitza lortzeko zailtasunak... Horren aurrean, bizimolde berriak hedatzen ari dira, hirikoa eta herrietakoa hurbiltzen dituztenak, eta, horrekin batera, landa eremua sustatu beharreko baliotzat hartzen duen ikuspegia, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak, herritar taldeen bizitasuna... Horiek guztiak Pirinioetako lurralde garapen jasangarriaren pizgarri izan daitezkeen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat "Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea" da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak lehendabizi, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak legegintzaldi honetan, zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia erabiliz.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan, presentzia berariazkoa eta nabarmena dute Pirinioek, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7 kapitulua, Pirinioak eta beste landa eta natura eremu batzuk), bai lurraldearen kultura berrirako estrategian (4.5.2 kapitulua, Pirinioak).

Abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legearen bidez onetsi ziren 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, 120.000,00 euroko kreditu bat dago, "Dirulaguntzak berrikuntzako ekintzailetzan inbertitzeko Pirinioetako Plana" izeneko 210002 21400 7709 922100 partidari aplikatua.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorriz Sektore Publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Ondorioz, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuaren txostena ikusita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak esleitzen dizkidaten eskumekin bat.

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Deialdi hau onestea: "Dirulaguntzak ekintzailetzan inbertitzeko 2026an, Pirinioetako Planaren lurraldearen eremuan".

Bigarrena.–Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

Hirugarrena.–120.000,00 euroko gastua baimentzea 2026. urteko gastu-aurrekontuko "Dirulaguntzak ekintzailetza-proiektu berritzaileentzat Pirinioetako Plana" izeneko 210002 21400 7709 922100 partidaren kargura.

Laugarrena.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalera, Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 20an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

DEIALDI HONEN OINARRI ARAUTZAILEAK: DIRULAGUNTZAK EKINTZAILETZAN INBERTITZEKO 2026AN, PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDEAREN EREMUAN

1.–Xedea eta helburua.

1.1. Oinarri hauetan araututako laguntzen helburua da Pirinioetako Planaren aplikazio eremuan pertsona fisikoek edo juridikoek inbertsio produktiboko proiektuak egin ditzaten sustatzea, helburu nagusi honekin: lurraldean jarduera ekonomikoa dinamizatzea eta enplegua mantentzea eta sortzea bultzatzea, bai eta berrikuntza bultzatzea ere, dauden enpresak garatuz eta hobetuz, edo ekimen ekintzaile berriak sortuz eta abian jarriz.

Laguntza hauen xedea da ondoko tipologietako bati lotutako inbertsio proiektuak diruz laguntzea:

a) Enpresa jarduera berri bat sortzea.

b) Dagoen jarduera baten gaitasuna handiagotzea, langileak kontratatuta edo langilerik kontratatu gabe.

c) Dagoen jarduera dibertsifikatzea, eta, horretarako, negozioan lehen egiten ez ziren beste jarduera batzuk gauzatzea.

d) Lehen egiten zen ekoizpen jarduera erabat aldatzea.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Laguntzak eskatu ahal izanen dituzte Pirinioetako Plana aplikatzen den lurraldean, 2026. urtean, inbertsio edo jarduera produktiboak egin nahi dituzten pertsona fisiko zein juridikoek.

Pirinioetako Planaren eremu geografikoa osatzen dute Pirinioetako eskualdeak (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean zehazten denaren arabera) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udal mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.

2.2. Dirulaguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Pertsona fisikoen kasuan:

i. Adinez nagusia izatea.

ii. Frogatzea erroldatua dagoela Pirinioetako Plana aplikatzeko eremuko edozein udalerritan, baita 2. oinarrian daudenetako batean ere.

iii. Laguntza eskuratu ahal izateko erabilitako enpresa mikroenpresa edo enpresa txikia izatea:

–Mikroenpresa: 10 langile baino gutxiago dituena, 2 milioi euro baino gutxiago fakturatzen duena eta balantzean 2 milioi euro baino gutxiagoko aktiboa duena.

–Enpresa txikia: 10 milioi euro baino gutxiago fakturatzen duena, 50 langile baino gutxiago dituena eta balantzean 10 milioi euro baino gutxiagoko aktiboa duena.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

i. Mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, lehenagoko apartatuan ezarritakoaren arabera.

ii. Egoitza soziala Nafarroan izatea.

iii. Jarduera egiten den edo eginen den udalean jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea.

c) Kasu guztietan:

i. Jarduera ekonomikoa, osorik edo partez, deialdian aipatzen den eremu geografikoan garatzea.

ii. Tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izatea.

iii. Dagozkion udal lizentziak izatea edo horiek lortzeko prozeduraren hasiera eskatuta izatea.

iv. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea.

v. Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita. Zehapena izan bada, zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatu behar da neurri horiek abian jarri direla eta bete dela neurriak aplikatzeko egutegia.

3.–Gauzatzeko epea eta gastu diruz lagungarriak.

3.1. Dirulaguntza jasotzen duten inbertsioak gauzatzeko edo eskuratzeko aldia 2026ko urtarrilaren 1ean hasi eta azaroaren 20an amaituko da.

3.2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, oro har, laguntzaren xede den inbertsioa garatzearekin lotuta daudenak eta egokiak eta beharrezkoak direnak. Gastuek bat etorri behar dute aplikatu beharreko araudiarekin eta merkatuko prezioekin.

3.3. Zehazki, gastu kontzeptu hauek lagunduko dira diruz:

a) Ondasun higiezinak erostea.

b) Ondasun higiezinak eraikitzea edo hobetzea: premia berrietara egokitzeko inbertsioak, ez konponketa hutsak edo mantentze lanak.

c) Ekipo-ondasunen zuzkidura: makina eta ekipo berriak, ekipo informatikoak, erremintak eta altzariak erostea eta instalatzea, eta garraiorako edo banaketarako egokitzapenak.

d) b) eta c) apartatuetako gastuei lotutako kostu orokorrak: proiektuen erredakzioak, obra zuzendaritzak, analisiak, saiakuntzak, muntaketako eta eragiketako ingeniaritza, prestakuntza edo informazio jarduerak, bideragarritasunari eta merkatuari buruzko azterketa eta planak, aholkularitza juridiko eta finantzarioa, peritu lanak, ingurumen aholkularitza eta ekonomiaren eta ingurumenaren arloko jasangarritasunari buruzko aholkularitza.

e) Inbertsio ukiezinak.

f) Proiektuaren sustapena eta zabalkundea.

3.4. Gainera, gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua garatzeko funtsezkoak izatea.

b) Merkatuaren prezioei egokitzea. Gastu diruz lagungarriak eskuratzeko kostua ezin da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

c) "Kostu orokorretarako" diruz lagun daitekeen gastua "ondasun higiezinak eraiki edo hobetzeko" eta "ekipamendu-ondasunak hornitzeko" diruz lagun daitezkeen gastu guztien baturaren %12ra mugatzen da.

d) Gastu guztiak justifikatuko dira, kontabilitateko dokumentazio bidez, higiezinetan gauzatu direnean.

e) Gastu guztiek egon behar dute jarduera ekonomikoari atxikita.

3.5. Kostu diruz lagungarriren baten zenbatekoa, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipo-ondasunak hornitzearen kasuetan eta arkitektura, ingeniaritza edo aholkularitza enpresek zerbitzu bat ematen duten kasuetan), edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian.

3.6. Honako kasu hauetan onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko du):

a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori enpresak eskatzen dituen baldintzetan egiteko.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, eta frogatzen bada hornitzaile berarekin soilik gauzatzen ahal direla behar bezala.

c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean (fakturatu eta ordaindu denean).

Laguntzak kudeatzen dituen organoaren ustez onuradunak hornitzailearen hautaketari buruz aurkeztu duen egiaztagiria ez bada nahikoa, gastu nahiz inbertsio horri dagokion dirulaguntza ez da ordainduko.

3.7. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Lurrak erostea eta lurrak eskuratzearekin lotutako gastuak.

b) Ordezpen huts diren inbertsioak, salbu eta erosten diren makinak edo ekipamendua aurrekoak ez bezalakoak badira, erabilitako teknologiagatik, haien errendimenduagatik edo 10 urtetik gorako antzinatasuna izateagatik.

c) Makinak eta ekipamenduak erosteko finantza errentamendua.

d) Ibilgailuak, salbu eta proiektuaren helburua lortzeko egokitzapenen bat egina dutenak, dauzkaten ezaugarriengatik helburu horretarako bakarrik erabil badaitezke.

e) Material suntsikorra eta jostailuak, apaingarriak eta etxetresna txikiak eta sukaldeko tresneria.

f) Enpresa baten ohiko funtzionamenduaren ondorio direnak: hornidurak, interesak eta horien birfinantzaketa, langileria-gastua, dietak eta kilometrajea, aseguruak eta beste gastu orokor batzuk.

g) Gastu orokorrak eta industria mozkina.

h) BEZa edo pertsona edo entitate onuradunak berreskura ditzakeen zergak ordaintzearen gastuak, interes zordunak eta eragiketa finantzarioen gastuak.

i) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak ere, baldin horiek bazkide baldin badira.

j) Eskura egindako ordainketak.

k) Deialdiko hautagarritasun eguna baino lehen hasitako inbertsioak edo gastuak.

l) Diruz lagundutako proiektuaren jarduerarekin bat ez datozenak.

3.8. Bigarren eskuko ekipamendu ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

3.9. Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko kostuak, baldin inbertsioaren kostu handien gisa kontabilizatzen badira.

4.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Deialdirako aurreikusitako diru-kopurua 120.000 eurokoa da, zeina ordainduko baita 210002 21400 7709 922100 partidaren kargura ("Dirulaguntzak berrikuntzako ekintzailetzan inbertitzeko Pirinioetako Plana").

4.2. Gehienez, proiektuaren %80 lagunduko da diruz, eta onuradun bakoitzak, gehienez, 15.000 euro jasotzen ahalko ditu.

5.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

5.2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoaren estekaren bidez, dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta. Dokumentazioa pdf formatuan aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala daramala. Ziurtagiriak eta erantzukizunpeko adierazpenak ziurtagiri digitalarekin sinatu beharko dira:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-la-inversion-en-emprendimiento-en-el-pirineo--1

Laguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du.

5.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, eskatzaileari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da eta, horrez gain, ohartarazpen bat bidaliko da eskabide ereduan adierazten den helbide elektronikoaren bitartez, horixe izanen baita Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuarekin komunikatzeko lehentasunez erabiliko den bidea.

5.4. Eskatzaileek jarraian ageri diren agiriak aurkeztu beharko dituzte. Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dirulaguntza honi dagokion fitxan deskargatzen ahalko dituzte, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-la-inversion-en-emprendimiento-en-el-pirineo--1.

–Eskabidea, behar bezala beteta, I. eranskinari jarraiki. Harremanetarako helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekin harremanetan jartzeko lehentasunezko bitarteko gisa.

–Jarduera eratu duten pertsona fisikoen edo legezko ordezkarien NANak eta enpresaren IFKa.

–Baldin eta Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari ez bazaio baimenik ematen kontsultatzeko eskatzaileak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko eta Ogasunarekiko betebeharrak, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

–Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak daudela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

–Erantzukizunpeko aitorpena, ebazpen honen II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoa.

–Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Halaber, aditzera emanen dira, deialdi honetan parte hartzeko garaian, beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaerak (II. eta III. eranskinak, "de minimis" dirulaguntzak).

–Ekintzailearen ziurtagiria BEZaren aitorpenari buruz (IV. eranskina).

–Enpresa proiektua azaltzen duen memoria, eta bideragarritasun txosten teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa.

–Udalak emandako ziurtagiria, non agertuko baita jarduera bererako zenbat JEZ dauden udal horretan; hori guztia, 6.1.c oinarriko irizpidea frogatzearren.

–Pertsona juridikoen kasuan, eraketaren eskritura publikoa.

–Enpresa-jarduera garatzen den merkataritzako lokalen edo nabe industrialen alokairu kontratuaren kopia, edo salerosketa eskriturarena.

–Pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen eskriturak eta estatutuak, baita 40 urte edo gutxiago duten langile gazteen IFZa ere, baldin eta 6. oinarriaren 2.c) irizpidearen araberako puntuak eskatzen badira.

–Frogatzeko beste edozein dokumentazio, adierazten duena deialdiaren 6. oinarrian jasotako baloratzeko irizpideak betetzen direla kontuan hartuak izateko eskatu diren irizpideetarako.

6.–Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

6.1. Ekintzak diruz lagunduko dira balorazio irizpide hauen arabera lortzen duten puntuazioak ezarritako ordenan:

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA: 100 puntu

1. Ekintzailetzaren izaera.

a) Ekonomia soziala: Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen arabera, ekonomia soziala da: sektore publikokoak ez diren entitateak, funtzionamendu eta kudeaketa demokratikoarekin eta bazkideen eskubide eta betebeharren berdintasunarekin, irabazien jabetza eta banaketa araubide berezia gauzatzen dutenak, ekitaldiko soberakinak erabiliz erakundea hazteko eta komunitatearentzako zerbitzuak hobetzeko, eta barnean hartzen ditu kooperatibak, lan elkartuko enpresak, lan-sozietateak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, laneratzeko enpresak, mutuak edo mutualitatea eta elkarteetako mikroekintzailetzak 2. eta 5. artikuluak).

4 puntu gehienez.

b) Arlo hauei lotutako ekintzailetzak:

1. Eraikuntza industria: 10 puntu.

2. Merkataritza eta ostalaritza: 10 puntu.

3. Nekazaritzako eta abeltzaintzako zerbitzu osagarriak: 10 puntu.

4. Zaintzak eta irakaskuntza: 10 puntu.

5. Aholkularitzak: 8 puntu.

6. Artistak eta arte ekoizleak: 5 puntu.

7. Jarduera turistikoak eta turismo-zerbitzuak (ostatuak izan ezik): 5 puntu.

Gehienez ere 10 puntu.

c) Jarduera berria:

1. Jarduera bakarra izatea udalerrian (JEZ hori duen jarduera bakarra da udalerrian edo kontzejuan): 10 puntu.

2. Udalerrian edo kontzejuan, 1 eta 5 artean dira JEZ hori duten jarduerak: 8 puntu.

3. Udalerrian edo kontzejuan, bost baino gehiago dira JEZ hori duten jarduerak: 5 puntu.

Gehienez ere 10 puntu

d) Dagoen jarduera bat zabaltzea / dibertsifikatzea / eraldatzea:

1. 10 puntu emanen dira baldin eta jarduera bat zabaltzeko, dibertsifikatzeko edo eraldatzeko proiektuan frogatzen bada konpromisoa dagoela pertsona bat, gutxienez, kontratatzeko hurrengo hilabeteetan.

2. 5 puntu emanen dira baldin eta jarduera bat zabaltzeko, dibertsifikatzeko edo eraldatzeko proiektuaren barnean ez bada langile berririk kontratatuko.

10 puntu gehienez.

2. Eskatzailearen izaera.

a) Tipologia:

Pertsona fisikoa edo mikroenpresa bada.

10 puntu.

b) Generoa.

Pertsona fisikoetan: emakumea bada, IFZan esaten denaren arabera.

2 puntu.

Pertsona juridikoetan: kapital sozialaren %50, gutxienez, emakumeena bada eta gobernu organoen %50, gutxienez, emakumeek osatzen badute, enpresaren estatutuetan eta eskrituretan ezartzen denaren arabera, eskaera egiten den unean.

2 puntu.

c) Gazteria.

Pertsona fisikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, eta adina 40 urte edo gutxiago bada, laguntza eskatzen denean eta IFZan dagoen jaiotegunaren arabera.

2 puntu.

Pertsona juridikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, eta kapital sozialaren %50, gutxienez, 40 urte edo gutxiago dutenena bada eta gobernu organoen %50, gutxienez, 35 urte edo gutxiago dutenek osatzen badute, enpresaren eskrituretan eta estatutuetan eta aurkeztutako IFZetan esaten denaren arabera.

2 puntu.

d) Desgaitasuna.

Pertsona fisikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, eta Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuak desgaitasuna berresten badu.

2 puntu.

Pertsona juridikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, eta kapital sozialaren %50, gutxienez, desgaitasuna dutenena bada eta gobernu organoen %50, gutxienez, desgaitasuna dutenek osatzen badute, eta Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako Departamentuak desgaitasuna berresten badu.

2 puntu.

e) Genero indarkeriako biktimak.

Pertsona fisikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, dagokion legezko agiriaren bidez frogatu beharko da.

2 puntu.

Pertsona juridikoetan: laguntza eskaeran puntuak eskatzen badira irizpide honengatik, eta kapital sozialaren %50, gutxienez, genero indarkeriako biktimena bada eta gobernu organoen %50, gutxienez, genero indarkeriako biktimek osatzen badute, dagokion legezko agiriaren bidez frogatu beharko da.

2 puntu.

3. Sortutako enpleguen ezaugarriak.

a) Kontratu motak.

Kontratuen % 50 iraupen mugagabekoak dira.

4 puntu.

40 urtetik beherakoen kontratu mugagabeak.

4 puntu.

0,5 puntu kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

Kontratu mugagabeak emakumeentzat.

4 puntu.

0,5 puntu kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

Kontratu mugagabeak dibertsitate funtzionala dutenentzat.

4 puntu.

0,5 puntu kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

Enplegu sozial babestuko kontratua.

4 puntu.

0,5 puntu kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

4. Inbertsio mota.

a) Higiezin mota.

Jarduera eginen den eraikina dagoeneko badago, hau da, ez da eraiki behar.

2 puntu.

b) Ekipo ondasunak.

Proiektua gauzatzeko ekipamendu-ondasunak bigarren eskukoak izatea.

2 puntu.

5. Kalitate izendapenei eta/edo sektoreko elkarteei atxikitzea.

a) Kalitatearen ziurtagiriak:

2 puntu.

0,5 puntu ziurtagiri bakoitzeko, eta gehienez ere 2 puntu.

b) Asoziazionismo maila:

Sortuko duen jardueraren sektoreko berariazko elkarteetako kidea izatea edo sareak eratzeko tokiko elkarteetako kidea izatea (edozein izanik sektorea).

2 puntu.

0,5 puntu ziurtagiri bakoitzeko, eta gehienez ere 2 puntu.

6. Inbertsioa eginen den udalerriko edo kontzejuko despopulaziorako arrisku-mailaren indizea.

–Muturreko arriskua: 10 puntu.

–Arrisku bizia: 5 puntu.

–Arrisku nabarmena: 2 puntu.

10 puntu gehienez.

7. Lotura Pirinioetako Planeko eskariren batekin.

Jarduerak erantzutea Pirinioetako Planean jasotako premia bati (adierazi beharko da planaren zer orritan dagoen premia hori): 2 puntu.

2 puntu gehienez.

6.2. Eskaeraren xedeko proiektu bakoitzari emanen zaion puntuazioa, guztira, aurreko irizpideak aplikatuz lortutako puntuen batura izanen da.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte, eta puntuazio hori lortzen ez dutenak ezetsi eginen dira.

6.3. Proiektuei ematen zaien puntuazioan berdinketarik badago, deseginen da 6. oinarriaren 1.c atalean lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketak badirau, 6. oinarriko 1.d atalean lortutakoa hartuko da aintzat; bestela, 2.a atalekoa, 2.b atalekoa, 2.c atalekoa, 2.d atalekoa, eta horrela segituko da, hurrenez hurren. Berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiatzaile gazteenaren alde eginen da.

6.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 artikuluko f) letran ezarritakoa betetzeari dagokionez, irizpide sozialak baloratuko dira: puntuazioaren %10 egiten dute.

7.–Dirulaguntzak emateko eta eskaerak baloratzeko prozedura.

7.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari dagokio.

7.2. Eskaerak 6. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira. Gainera, instrukzio organoak beste departamentu eta entitate batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

7.3. Eskaerak puntuazio-ordenaren arabera ordenatuko dira, 6. oinarriko balorazio-irizpideen arabera. Funtsak hurrenkera horren arabera banatuko dira, aurrekontuko dirua agortzen den arte. Erabilgarri dauden funtsak eskaeraren bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidan gelditzen den diru kopurua esleituko zaio, partida agortu arte.

7.4. Onuradun batek uko egiten badio dirulaguntzari, zenbateko erabilgarria aurrekontuko diru faltagatik laguntzarik jaso ez duten proiektuei emanen zaie, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz. Uko egitea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari jakinaraziko zaio.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Dirulaguntza emateko ebazpena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta kasuan kasuko errekurtsoa jartzen ahalko da.

8.2. Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

8.3. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: eskatzaileen eta onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren Atariak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

8.4. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

9.–Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

9.1. Dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak egin ondoren, onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarritzat hartzeko onartu diren gastu guztiak, baita proiektua gauzatu izana ere. Hala, 2026ko azaroaren 20an bukatuko da jardueraren gastuak eta ordainketak eta proiektu osoaren gauzatzea justifikatzeko epea (egun hori barne). Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektua gauzatu dela justifikatzeko memoria, V. eranskineko eredua baliatuta (eredua laguntzen fitxatik deskargatzen ahal da).

b) Justifikazio kontu baten bidez justifikatuko dira izandako gastuak eta ordainketak (VI. eranskinaren arabera). Kontuak diruz lagundutako jardueren eta haien kostuaren aitorpena bildu beharko du gutxienez ere, jarduerak egiteko gastu guztiak banan-banan zehazturik. Jatorrizko fakturen eta benetan egindako ordainketen agirien bidez egiaztatuko da. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

c) Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa, VII. eranskinaren arabera.

d) Dokumentu bidezko froga bat, erakusteko bete dela diruz lagundutako jardueretan Nafarroako Gobernuak parte hartu duela jakitera emateko betebeharra, hau da, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu dela jardueren publizitatean eta zabalkundean eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian, eta testu hau ere erantsi dela: "Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

e) Egindako jarduketen frogagiriak eta haien ondoriozko produktuen edo hedapen eta publizitate materialen erakusgarriak aurkeztuko dira.

f) Proiektuak bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen azaltzen duen berariazko adierazpena. Baiezkoan, zehatz-mehatz adieraziko da zenbat diru jaso duen eta nondik, guztia VII. eranskineko ereduari jarraikiz.

9.2. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da, eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera-orrian adierazten den helbide elektronikora.

Errekerimenduari erantzun ezean, benetan justifikatutako gastuen eta ordainketen arabera eginen da ordainketa.

9.3. Dirulaguntza ordaintzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez erabakiko da. Ebazpen hori emateko 3 hilabeteko epea izanen du, justifikatzeko epea amaitu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

10.–Bateragarritasuna.

10.1. Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun gertatzen diren entitateek zilegi dute administrazio honek edo Espainiako zein Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzea, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

11.–Jarraipena eta kontrola.

11.1. Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzua arduratuko da proiektuen jarraipena egiteaz eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz.

12.–Betebeharrak.

12.1. Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari, eta aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, baita bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzen direnean ere.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortuz gero, horren berri ematea Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

i) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta hedapen ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta dirulaguntzaren berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: "Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

j) Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

12.2. Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

12.3. Gainera, onuradunak konpromiso hauek hartzen ditu:

A.–Proiektua gauzatzen den bitartean.

1. Diruz laguntzen den proiektua/jarduera ekonomikoa Pirinioetako Planaren eremu geografikoan egitea.

2. Araudiaren arabera egitea.

3. Pirinioetako Planaren esparruan abian jarritako ekintzailetza-ekimenekin lankidetzan aritzea, esaterako Pirinioetako Ekintzailetza Eraldatzaileko Ekosistemekin.

4. Ezarritako epean amaitzea.

B.–Laguntza ordaindu aurretik.

1. Oinarri arautzaile hauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako moduan eta epeetan egitea eta justifikatzea dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

2. Departamentuari ematea adierazleetarako datuak.

3. Jaso diren dirulaguntzen berri ematea.

C.–Laguntza ordaindu ondoren.

1. Ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako baliatzea; gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunen kasuan.

2. Diruz lagundutako jarduerari eustea 12 hilabetez, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

3. Betebeharrak ez dira urratutzat joko baldin eta honako inguruabarren bat jazotzen bada:

–Onuraduna hiltzen bada, pertsona fisikoa denean.

–Proiektuaren exekuzioa nabarmenki aldatzen bada enpresatik kanpoko ustekabeko kausa saihetsezin eta naturalengatik (hala nola lurrikarak, urakanak edo uholdeak, baita suteak ere).

–Ezinbesteko kasua dela-eta, ezinezkoa bada proiektua exekutatzea.

13.–Dirulaguntzak itzultzea.

13.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zergatikoak gertatuz gero (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan jasotzen dira zergatiko horiek), eta, orobat, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, eta berandutze interesak ordaintzea eskatuko da, dirulaguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

13.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, jarduerak ez badira garatzen aurkeztutako proiektu proposamenean ezarritako baldintzak betez, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

13.3. Jasotako zenbatekoak itzuliko ditu onuradunak eta berandutze-interesagatik dirulaguntza eman zenetik hasita legeak agintzen duen zenbatekoa eskatuko zaio, espedientea tramitatu ondoren, honako kasu hauetan:

–Dirulaguntzari uko egitea.

–Dirulaguntza eskuratzea, behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.

–Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo epetik kanpo egitea.

–Jarduera mantentzeko betebeharrak betetzen ez badira.

–Onuradunari ezarritako beste edozein baldintza ez betetzea.

–Onuradunak Erronka Demografikorako eta Lurralde Egituraketarako Zerbitzuari kontrol jarduketak egiten uzten ez dionean.

13.4. Ez-betetzea partziala den kasuetan, onuradunak noraino bete ez duen, horren proportziokoa, neurrikoa eta haztatua izanen da itzultzeko eskaera.

13.5. Jarduera mantentzeko betebeharrak betetzen ez diren kasuetan, itzultzeko zenbatekoa jarduera ekonomikorik ez dagoen urteekiko proportzionala izanen da, kontuan hartuta exijitutako gutxieneko urteak.

13.6. Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15.–"De minimis" laguntzak.

15.1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2023ko abenduaren 15ean argitaratu zen Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, eta 2024ko urtarrilaren 1ean hartu zuen indarra).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

15.2. Era berean, nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, enpresa bakar bati ezin izanen zaizkio 50.000 euro baino gehiago eman "de minimis" laguntzetan 3 urtean, bat etorriz Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2024/3118 Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu horrek aldatzen du 1408/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua arautzen duena, eta bere aplikazio-aldia 2032ko abenduaren 31ra arte luzatu da.

15.3. Aurreko ataletan adierazitakoaren ondorioetarako, enpresek laguntzen eskaera-orrian aitortu beharko dituzte kasuan kasuko zerga-ekitaldian jaso dituzten bestelako "de minimis" laguntzak, bai eta aurreko bi zerga-ekitaldietan jasotakoak ere.

16.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).

17.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

18.–Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2607566