Iragarkia
113. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1080E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2026ko maiatzaren 25eko 8:00etatik 2026ko maiatzaren 26ko 8:00etara eta 2026ko ekainaren 15eko 8:00etatik 2026ko ekainaren 16ko 8:00etara egitekoa den greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatzen duena eta haietan arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.
Langileen Batzordeen Osasunaren eta Batzorde Soziosanitarioen Estatuko Federazioak (FSS-CCOO) greba deialdia egin du, zeinak eraginen baitie Estatuko Osasun Sistemako osasun-zerbitzuetako osasun-langile guztiei, baita INGESAren mendeko langileei ere, lan-kategoria hauetan: erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak eta goi-mailako teknikariak (espezialitate guztietakoak). Ondoren, grebaren eremu subjektiboa zabaltzeko berariazko jakinarazpena jaso da, berariaz sartzeko erdi mailako teknikariak; ondorioz, farmaziako teknikariak ere sartu dira. Bestalde, 2026ko maiatzaren 14an, UGT sindikatuak idazki bidez formalizatu du berariaz atxikitzen zaiola aipatu greba deialdiari. Greba eginen da 2026ko maiatzaren 25eko 8:00etatik 2026ko maiatzaren 26ko 8:00etara eta 2026ko ekainaren 15eko 8:00etatik 2026ko ekainaren 16ko 8:00etara; greba egun horietako bakoitzak hiru lan-txandak hartuko ditu barne (goizekoa, arratsaldekoa eta gauekoa).
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba eskubidea bateragarria izan behar da herritarren funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Greba deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen oinarrizko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.
Argudio horiek ikusita, justifikatuta dago zerbitzu horiek funtsezko zerbitzutzat hartzea, eta, hortaz, beharrezkoa da estaltzea iragarritako grebak dirauen bitartean.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.
Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2026ko maiatzaren 25eko 8:00etatik 2026ko maiatzaren 26ko 8:00etara eta 2026ko ekainaren 15eko 8:00etatik 2026ko ekainaren 16ko 8:00etara egitekoa den greba dela-eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrentzako behar bezalako arretari eusteko.
Behar diren jarduketak egin dira Nafarroako CCOO eta UGT sindikatuekin, eta ez da alegaziorik aurkeztu. Beraz, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.
Ezarri behar diren funtsezko gutxieneko zerbitzuei buruz galdetu zitzaien Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko esparruetako kudeatzailetzei eta zuzendaritza asistentzialei, grebara deitutako langileak atxikita dituztenei.
Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariei dagokienez, ospitale-eremukoek justifikatu dute haien lana funtsezkoa dela ospitaleratutako pazienteen laguntzaren jarraitutasuna eta segurtasuna bermatzeko; izan ere, oinarrizko zainketetan dituzten funtzioak ezinbestekoak dira bizi-arriskuak eta osasun-arretaren kolapsoa prebenitzeko. Oinarrizko osasun laguntzari dagokionez, eragina txikiagoa bada ere, larrialdiko arreta eta denboran atzeratu ezin dena bermatu egin behar dira. Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien presentzia beharrezkoa da gainerako profesionalei laguntzeko sortzen ahal diren larrialdietan eta pazienteei arreta ematen. Osasun mentalaren esparruan, eguneko ospitaleak funtsezko zerbitzutzat hartzen dira, tratamendu hori intentsiboa delako eta tratamendua eteteak deskonpentsazio larriak eragiten ahal dituelako; baita San Frantzisko Xabierkoa zentroa ere, etengabeko asistentzia-zainketak behar dituzten pazienteak artatzen dituelako.
Farmaziako teknikariei dagokienez, ospitale-eremukoek justifikatu dute beharrezkoa dela gutxieneko zerbitzuak izendatzea funtsezko zerbitzua delako. Teknikari horien jarduera ezinbestekoa da osasuna babesteko eskubidea bermatzeko, ospitaleratze-unitateetan eta zerbitzu zentraletan sendagaiak prestatzeko, balidatzeko eta emateko eginkizunen irismena dela eta.
Goi mailako teknikarien kasuan, ospitale-eremukoek esan digute haientzat funtsezkoa dela erradiologiako teknikari espezialisten (diagnostikorako irudia), laborategiko teknikari espezialisten (diagnostikorako laborategia) eta anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten (anatomia patologikoa eta zitologia) kategorietako osasun-prestazioa; eta Lizarrako eta Tuterako barrutietakoek, aldiz, funtsezkotzat jotzen dute hortzetako higieneko teknikari espezialisten (hortzetako higienea) kategoriako prestazioa oinarrizko osasun laguntzan, odontologia lanak laguntzarik gabe ez uzteko. Bestetik, osasun mentalaren esparruan ez dago horrelako langilerik atxikita; eta Oinarrizko Osasun Laguntzakoek esan digute hortzetako higieneko teknikari espezialistak bakarrik dituztela eta beharrezkotzat jotzen dutela gutxieneko zerbitzuak ezartzea odontologia-lana asistentziarik gabe ez uzteko.
Hori horrela, proposatutako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan erabili den irizpidea bat dator osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean greba eskubidea mugatzeari buruz hartu diren erabaki jurisprudentzialekin. Era horretan, bi errealitate hauen arteko proportzionaltasun printzipioa betetzen da: batetik, funtsezko zerbitzu horien erabiltzaile edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik, greba egin nahi dutenei inposatzen zaizkien sakrifizioak. Izan ere, grebak komunitatearen interesari egindako kalteak ez du gainditu behar sen onak agintzen duena.
Aintzat hartu da grebak zer hedadura duen lurraldeari zein langileei dagokienez eta, orobat, nolako eragina izanen duen Konstituzioak babestutako eskubide edo ondasunetan. Beraz, erabilitako irizpidea izan da, dauden langileak oinarri harturik, osasun laguntzaren sektorean gutxieneko langile kopurua ezartzea biztanleriari funtsezko osasun prestazioak segurtatzeko.
Esparru bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte proposatutako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta esparru bakoitzak honela justifikatu du haiek ezartzea:
1.–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa:
Ospitalizazioan, ahalmen logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke prozesuen atzerapenarengatik, eta bermatu egin behar dira osasun laguntzen eta zainketen jarraitutasuna eta pazienteen segurtasuna.
Era berean, esparru horretan aintzat hartu da garrantzi bereziko zerbitzuak daudela, zeinetan ezin baitira eten ez osasun laguntza ez tratamenduak, hala nola onkologiakoak, hematologiakoak eta erradioterapiakoak. Baita koloneko minbiziaren edo horren susmagarri diren kasuen baheketaren ondoriozko kolonoskopia-probak ere.
Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako ebakuntza kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak.
Kontsulten jarduera %60an ezartzearen arrazoia da oraindik baloraziorik eta diagnostikorik izan gabe prozesu kliniko baten zain dauden pazienteek okerrera ez egitea.
Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan, bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroei hornidura egiteko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.
2.–Oinarrizko osasun laguntza:
Iruñeko espetxean, eguneko eskaerari dagokion arreta ematen da, eta, beraz, beharrezkoa da, larrialdikotzat jotzen ez bada ere, denboran atzeratu ezin den laguntza ematea.
Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzako Aho-hortzetako Osasunaren Atalean, goizeko ordutegian gertatzen ahal diren larrialdiei erantzunen zaiela bermatu behar da, eta, larrialdikotzat jotzen ez bada ere, denboran atzeratu ezin den laguntza eman behar da. Hori dela eta, erizaintzako zainketa lagungarrietako 2 teknikari ezarri behar dira gutxieneko zerbitzu gisa, horietako bat goizeko txandan eta bestea arratsaldeko txandan; bai eta hortzetako higieneko 2 teknikari espezialista ere, horietako bat goizeko txandan eta bestea arratsaldeko txandan.
Etengabeko arretako ordutegian, gutxieneko zerbitzuek langile guztiei eragiten diete, etengabeko eta larrialdietako arreta emateko.
3.–Osasun mentala:
San Frantzisko Xabierkoa zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita aritzen diren langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira. Jarduera pautatua duten zerbitzuei dagokienez (Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako eguneko ospitaleak), zehaztu egiten da osasun mentalaren esparruko eguneko ospitaleratzea tratamendu intentsibo bat dela, ospitaleratzearen ordezkoa, eta hango pazienteen egoera klinikoa subakutua dela eta, beraz, ziurtatu egin behar direla laguntza eta tratamendua.
4.–Lizarrako Osasun Barrutia:
Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, García Orcoyen ospitalea eta Osasun Mentala daude.
NOUk emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Bestalde, kontuan hartu da 2026ko maiatzaren 25eko greba eguna tokiko jaiegun izendatu dela Lizarran. Ondorioz, greba egun horretarako, gutxieneko zerbitzuen araubidea, oro har, jaiegun baterako ezarritakora egokituko da, eta, nolanahi ere, bermatuko dira larrialdiko arreta eta ospitaleratutako pazienteen asistentzia-segurtasuna.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke, eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
5.–Tuterako Osasun Barrutia:
Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza, Reina Sofía ospitalea eta Osasun Mentala daude.
Kasu honetan ere, NOUk emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio esparru honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan, dela ospitaleko jardueran.
Greba egun guztietan zuzendari kudeatzailearen ebazpenean jasotako jarraibideak beteko dira. Haren txostenean ageri da zenbat profesional izendatzen diren, gutxieneko gisa, greba egunerako.
Adierazi beharra dago ezen, lehentasunezko arreta, paziente ospitaleratuak eta ahalmen logistikoaren %60 bermatu behar direnez, eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, batzuetan txandako langile guztiek osatzen dituztela gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke, eta, hortaz, ez da aski ezarri den gutxieneko prestazioa ziurtatzeko.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Langileen Batzordeen Osasunaren eta Batzorde Soziosanitarioen Estatuko Federazioak (FSS-CCOO) eta UGTk deiturik 2026ko maiatzaren 25eko 8:00etatik 2026ko maiatzaren 26ko 8:00etara eta 2026ko ekainaren 15eko 8:00etatik 2026ko ekainaren 16ko 8:00etara egitekoa den greba dela-eta bermatu beharko diren funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzea, honako hauek alegia:
I.–Ospitaleak.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleek ezinbestekotzat jo dute erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien, farmaziako teknikarien, erradiologiako teknikari espezialisten, laborategiko teknikari espezialisten eta anatomia patologikoaren arloko teknikari espezialisten kategorietako osasun-prestazioa. Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.
Gainera, zentroen jarduera aurrera eramateko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:
a) Ospitaleratzea: ahalmen logistikoaren %100 bermatuko da.
b) Jarduera pautatua duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:
–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.
–Koloneko minbiziaren edo horren susmagarri diren kasuen baheketaren ondoriozko kolonoskopia-probak.
–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.
–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.
–Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak.
–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteentzako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko pazienteentzat ere.
c) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, ondoren aipatzen direnen jarduera ere bai: Larrialdiak, ZIU, EZBU, Zainketa Koronarioen Unitateak, Kritikoen Unitateak, Erditzeen Arloa eta parekagarriak diren beste unitate batzuk.
d) Honako arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ospitaleratutako pazienteentzako arreta eta, halakorik bada, ohiko arreta guztiak bermatuko dira, ahalmen logistikoaren %60ra bitarte jarriz:
–Ebakuntza kirurgikoak.
–Zerbitzu zentralak.
–Kontsultak.
e) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: bermatuko da odol eta ehunen laginak eta donazioak ateratzen direla eta odol osagaiak eta ehunak lortzen direla hornitu ohi diren zentroak hornitzeko, ahalmen logistikoaren %60ra arte gehienez.
f) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden pazienteentzako eta tratamendu onkologikoak eta pautatuak dituztenentzako arreta bermatuko da. Bestalde, Lizarrako Ospitalean, farmaziako teknikariaren kategoriari dagokionez, 2026ko maiatzaren 25eko greba eguna tokiko jaieguna izanik, profesional bat izendatu da goizeko txandan. 2026ko ekainaren 15eko greba egunerako, berriz, profesional bat izendatu da goizeko txandan, eta profesional bat arratsaldeko txandan. Azkenik, Tuterako Ospitalean, farmaziako 2 teknikari izendatu dira goizeko txandan, farmaziako 2 teknikari arratsaldeko txandan eta farmaziako teknikari bat kanpoko pazienteen arretarako, 09:40tik 17:00etara.
II.–Oinarrizko osasun laguntza.
–Oinarrizko osasun laguntzaren esparruan, hauxe izanen da lan araubidea:
a) Aho-hortzetako Osasunaren Atalean:
Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari bat eta hortzetako higieneko teknikari espezialista bat goizeko txandan, eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari bat eta hortzetako higieneko teknikari espezialista bat arratsaldeko txandan.
b) Iruñeko espetxean:
Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari bat goizeko txandan.
–Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:
Oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea zerbitzu hori duen osasun-etxe bakoitzean.
–Tuterako eta Lizarrako barrutietan, aho-hortzetako osasunean hortzetako higieneko teknikari espezialista bat bermatuko da zerbitzu hori duen osasun-etxe bakoitzean.
III.–Osasun mentala.
San Frantzisko Xabierkoa zentroan Osasun Mentaleko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuari atxikita aritzen diren erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien kasuan, gutxieneko zerbitzuetako langileak jaiegunetan daudenak adina izanen dira. San Frantzisko Xabierkoa zentroko Farmazia Atalean, farmaziako lan osagarriak egiten dituztenen %50ekoa izanen dira gutxieneko zerbitzuak. Osasun Mentaleko Kudeatzailetzako eguneko ospitaleetan, gutxieneko zerbitzuetan arituko diren erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien kopurua asistentzia-jardueraren jarraitutasuna bermatzeko adinakoa izanen da.
IV.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren organo zentralak.
–Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzan, Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuan, hari atxikitako farmaziako sei teknikarietatik bi izendatzen dira gutxieneko zerbitzu gisa.
2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.
3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako CCOOko eta UGTko greba-batzordeei.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean ukitutako zentroetako langileen arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin, eta aintzat hartuta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 7/2026 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 20an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Juan Antonio Guajardo Remacha.
Iragarkiaren kodea: F2607496
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
