1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
30/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetan erabiltzeko materiala ematearen gehieneko prezio publikoak, 2026-2027 ikasturtekoak, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.
Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 21eko 58/2025 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoei eskuordetu zitzaien ikastetxeetan erabiltzeko materiala ematearen prezio publikoak ezartzeko eskumena, eta haren bidez ezarri zen 2025-2026 ikasturtean Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskatzen ahal zen gehieneko zenbatekoa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 6.1 artikuluak honako hau xedatzen du: Nafarroako Gobernuak ezarriko du zein diren prezio publikoen xede izan daitezkeen zerbitzu-emateak edo jarduerak, tributuen arloko eskumena duen departamentuak eta zerbitzu edo jarduera horiek betetzen dituen departamentu edo erakundeak batera egindako proposamena kontuan hartuta.
Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueretan eska daitezkeen prezio publikoak ezartzen duen otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen du zer zerbitzu eta jarduera finantzatzen ahal diren prezio publikoen bidez. Hain zuzen ere, horien artean dago "materialak ematea Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetan erabiltzeko".
Era berean, irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa arautu zen. Foru dekretu horren 25. artikuluak, gainera, honako hau ezartzen du: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean eta otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, foru dekretu horren bidez ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueretan eska daitezkeen prezio publikoak, Hezkuntza Departamentuko titularraren eskumena izanen da departamentu horren mendeko ikastetxeek egindako zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa ezartzea.
Xedatutako guztiarekin bat, Hezkuntza Departamentuko titularra da prezio publikoen zenbatekoa ezartzeko eskuduna. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.1 artikuluan oinarrituta, eta ikastetxe publikoen kudeaketa-autonomia sustatzeko helburuarekin, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 21eko 58/2025 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako eskola-kontseiluei edo, halakorik ezean, gizarte-kontseiluei eskuordetu zitzaien materiala ematearen prezio publikoak finkatzeko eskumena. Foru aginduaren arabera, orobat, ezarritako prezio publikoek behar bezala justifikaturik eta arrazoiturik egon beharko dute, ikasleen familiek jakin dezaten zer material erosiko den haiek eginiko ordainketarekin.
Egoki da ezartzea, 2026-2027 ikasturterako, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikastetxe publikoek ikastetxeetan erabiltzeko materiala emateagatik eskatuko dituzten prezio publikoen gehieneko zenbatekoa.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1. e) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Ezartzea, 2026-2027 ikasturterako, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoek ikastetxeetan erabiltzeko materiala emateagatik eskatuko dituzten prezio publikoen gehieneko zenbatekoa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Honako hau da: 50 euro ikasle bakoitzeko.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetara, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 20an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.
Iragarkiaren kodea: F2607492