1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2E/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 28koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoari emandako gaikuntza, ETB1 ONeko saioak emititu ditzan Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako lurreko telebista digitaleko (LTD) tokiko bost multiplexetako bakoitzean.
Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten 2016ko uztailaren 15ean EiTBren zerbitzuak Nafarroan zabal zitezen bultzatzeko; hitzarmen hori beste lau urterako luzatu zen 2020ko uztailaren 9an.
Hitzarmen hori aplikatuz onetsi zen Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren irailaren 20ko 49/2016 Foru Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoa gaitzen zuena Nafarroako Foru Komunitatean ETB2ko eta ETB3ko saioak emititzeko, tokiko multiplexak erabiliz (38., 31., 24., 45. eta 39. kanalak). Foru agindu hori argitaratu zen 2016ko 184. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 22koan.
Geroago, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren abuztuaren 30eko 38/2018 Foru Aginduak aldatu zuen, halako moduz non Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoari emandako gaikuntza bitan banatu baitzen: ETB2ko saioak Nafarroari esleitutako LTDko multiplex autonomikoaren bidez emitituko ziren, eta ETB3ko saioak emititzen jarraituko zen, Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako tokiko bost multiplexetako bakoitzaren bidez. Foru agindu hori argitaratu zen 2018ko 178. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 13koan.
Ekainaren 21eko 391/2019 Errege Dekretuaren bidez, batetik, Lurreko Telebista Digitalaren Plan Tekniko Nazionala onetsi zen, eta, bestetik, alderdi jakin batzuk arautu ziren bigarren dibidendu digitala liberatzeko; errege dekretu hori baliatuta aldatu zen Iruñeko barrutiko LTDko tokiko multiplexaren kanala, 38. etik 39.era.
Estatuko Idazkaritzak Aurrerapen Digitalerako emandako 2020ko urtarrilaren 14ko ebazpenaren bidez, Zangozako barrutiko tokiko LTDko emisio kanala aldatu zen, 45.etik 41.era, irrati-maiztasunen bateraezintasunak eta nazioarteko koordinazioa tarteko zirela.
2024ko urriaren 24an, Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak beste lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, 2016an sinatu eta 2020an luzatutakoa berritzeko, EiTBren ikus-entzunezko zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean zabaltzen jarrai zitezen bultzatze aldera.
Nafarroako Gobernuak, 2026ko maiatzaren 13an hartutako erabaki baten bidez, aldatu du Nafarroako tokiko LTDko barrutietako bakoitzean egina zegoen kanal baten erreserba, zehazki gaur egun desagertuta dagoen ETB3ri esleitutakoa, eta erreserbatutako espazio horren erabilerari eutsiko zaio, ETB1 ON kanal berrirako.
Xede harturik baimendutako emisio gaikuntzak eguneratzea, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoak Nafarroari esleitutako LTDko tokiko multiplexen bidez emititzeko dituenak, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren irailaren 20ko 49/2016 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez gaikuntza eman zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoari Nafarroako Foru Komunitatean ETB2ko eta ETB3ko saioak emititzeko, tokiko multiplexak erabiliz, eta, geroago, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren abuztuaren 30eko 38/2018 Foru Aginduaren bidez aldatu zen foru agindu hori.
Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiaren proposamenarekin bat, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Aldatzea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren irailaren 20ko 49/2016 Foru Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoa gaitzen duena Nafarroako Foru Komunitatean ETB2ko eta ETB3ko saioak emititzeko, tokiko multiplexak erabiliz, eta zeina lehendik ere Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren abuztuaren 30eko 38/2018 Foru Aginduaren bidez aldatu baitzen. Honela idatzita geldituko da:
"1. Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB, IFZa: Q0191001G; helbidea: Basurtuko Kaputxinoak 2, Bilbao, Bizkaia) erakunde publikoa gaitzea Nafarroako Foru Komunitatean lurreko telebista digitaleko ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoa emateko, ETB1 ONeko saioak emitituz toki mailako kanal hauek erabiliz:
–Lizarrako barrutia: 24. kanala.
–Iruñeko barrutia: 39. kanala.
–Zangozako barrutia: 41. kanala.
–Tafallako barrutia, 31. kanala.
–Tuterako barrutia, 39. kanala".
2. Foru agindu hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroan.
3. Foru agindu hau jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Irrati Telebista (Euskal Irrati Telebista-EiTB) erakunde publikoari, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea SAri, Abian Media SLri, Xaloa Kultur Elkarteari, Francisco Javier Ramos Cizaurreri eta Donazar Hernandez Jaione e Ibañez Navarro Luis Manueli, eta foru agindua igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Espazio Erradioelektrikoaren Plangintza eta Kudeaketarako Idazkariordetza Nagusira, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Telekomunikazioen eta Ikus-entzunezko Sektorearen Zuzendaritzara, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusira eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.
4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 28an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2607880