113. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

255E/2026 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdi hau onesten baita: "Laguntza, goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko, 2026. urterako". DDBN kodea: 907798.

Goi-mendiko eskualdeetan behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak zailtasun bereziak ditu: esnea prozesatzeko instalazio nagusietatik urrun egotea, komunikatzeko zailtasuna, malda handiak, bertara iristeko zailtasunak eta, batzuetan, eguraldi txarra. Hori dela eta, beharrezkoa da konpentsazio ekonomikoa ematea ustiategi horietan esnea biltzen duten enpresei.

Ustiategi horietako esnea biltzeko laguntza honi esker, goi-mendiko eskualdeetako ustiategiek ekoizten segitzen ahalko dute, eta, horrela, tokian tokiko jarduera ekonomikoari eta landa ehunari eusten lagunduko zaie.

Hori guztia dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du diruz laguntzea Nafarroako esnetarako behi-aziendaren ustiategi horietan esnea biltzen duten enpresei, oinarrizko jarduera ekonomiko hau desager ez dadin, Nafarroako landa eremuek bizirik iraun dezaten eta kontsumitzaileek eskura izaten jarrai dezaten lur honetan kalitatez eta segurtasunez ekoizten diren elikagaiak.

Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen mende daude. Araubide hori ezarri zen Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea "de minimis" araubideko laguntzen deialdia, 2026. urterako, goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan esnetarako behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko.

2. Onestea laguntza hauek emateko oinarri arautzaileak: "de minimis" araubideko laguntzak, goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko, 2026. urterako. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan azaltzen dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko, 61.200 euroko gastua baimentzea laguntza hauetarako, 2026ko aurrekontu orokorretako honako partida honen kargura: "Mendialdeetan behi-esnea biltzeko laguntzak esne-enpresei" izeneko 710004 71300 4700 412200 partida.

4. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

5. Onuradunak ebazpen honen bederatzigarren oinarrian xedatutako gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bitartez:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistratzea.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 21ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–"DE MINIMIS" ARAUBIDEKO LAGUNTZAK, GOI-MENDIKO ETA ZAILTASUN BEREZIKO ESKUALDEETAN ESNETARAKO BEHI-AZIENDAREN USTIATEGIETAKO ESNEA BILTZEAK DITUEN ZAILTASUNAK KONPENTSATZEKO, 2026. URTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea laguntzak emateko goi-mendiko udalerrietan edo zailtasun bereziko kontzejuetan kokatuta dauden behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko, ebazpen honen II. eta III. eranskinetan jasotzen denari jarraikiz eta bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 22ko 5/2026 Foru Aginduarekin (5/2026 Foru Agindua, apirilaren 22koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2026ko kanpainarako laguntzen eskaera bakarra egiteko, 2023-2027ko NPEPEren eskualde mailako zenbait esku-hartzetarako, eta patata hazi ziurtatuen ekoizleei estatuko laguntza emateko, nekazaritza jarduera horri eusteko muga naturalak dituzten eremuetan).

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta aplikazio eremua.

1. Gehienez 3.000 euroko laguntza emanen da behi-esnea jasotzen zaion ustiategi bakoitzeko, betiere goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualde batean kokatua badago, ebazpen honen II. eta III. eranskinen arabera.

2. Dirulaguntzen deialdi hau "de minimis" araubidearen mende dago (Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

3. Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati gehienez 300.000 euroko "de minimis" laguntza ematen ahal dio hiru urteko epean, hala xedatuta baitago Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. 2023ko 2831. EBAO, abenduaren 15ekoa, 1.etik 12. orrialdera bitartekoak (12 orrialde).

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Behi-esnearen lehenbiziko erosleak izanen dira laguntza hauen onuradunak, baldin:

a) Esnearen sektoreko operadore gisa erregistraturik badaude lehenbiziko erosle gisa, eta indarreko kontraturik badute behi-esnearen ekoizleekin, goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan daudenekin, II. eta III. eranskinetan jasotakoaren arabera.

b) Goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan kokatutako esne ekoizleei esnea jaso badiete deialdi hau argitaratu aurreko bi hilabeteetan.

2. Entitate onuradunek eguneratuta eduki behar dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez dute deus edukiko itzuli gabe dirulaguntza publikoen arloan.

3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.

4. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduak, horretarako prestatutako eredua erabiliz, zeina Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagokion fitxan eskura baitaiteke (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin.

Hala ere, eskatzailea pertsona fisiko bat bada, eskaera aurrez aurre ere aurkezten ahalko da, departamentu horren Erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.

3. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Esnea biltzeko kontratuak indarrean dituzten esnetarako behi-aziendaren ekoizleen zerrenda; betiere, goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualde batean kokatuta egon beharko dute, ebazpen honetako II. eta III. eranskinetan jasotakoaren arabera.

b) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoa bada, entitatearen IFZa eta eraketa-eskrituraren fotokopia. Eskaerak bazkide guztiek sinatu beharko dituzte, edo legezko ordezkariak edo administratzaileak; azken kasu horretan, ordezkaritzaren frogagiria ere aurkeztuko da.

c) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak emateko eskaera lehen aldiz aurkezten dutenek eta banku kontuaren zenbakia aldatu dutenek bakarrik bete beharko dute fitxa hau: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

d) Idatzizko edo bitarteko elektronikoen bidezko adierazpen bat, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntzei buruzkoa, hau da, erregelamendu honi nahiz beste "de minimis" erregelamendu batzuei lotuak aintzat hartuta.

e) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non adieraziko baita eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.

f) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ..................................................(e)k, nire izenean edo ............................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan nik / ordezkatzen dudan entitateak aurreko ekitaldiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela, deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko laguntzak".

g) f) atalean ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak berak edo hark ordezkatzen duen entitateak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak.

h) Onuraduna pertsona juridiko bat bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala badagokio, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan praktikak izateagatik edo toleratzeagatik.

i) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskaeran hala azaldu beharko du, adierazita zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz:

–Lehenik.–Nagusiki esne ekoizle diren abeltzainek osatutako kooperatibei edo ENSei (eraldaketarako nekazaritza-sozietateak) dagozkien eskaerak.

–Bigarrenik.–Gainerako eskatzaileei.

3. Aurrekontua ez bada aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Laguntza eman aurretik, onuradunarengandik adierazpen bat jaso beharko da, idatzizkoa edo bitarteko elektronikoen bidezkoa, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntzei buruzkoa, hau da, erregelamendu honi nahiz beste "de minimis" erregelamendu batzuei lotuak aintzat hartuta.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako "de minimis" araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Entitate onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

2. Onuradunak abeltzaintzako ustiategiekin sinatutako esnearen arloko kontratuak izan beharko ditu, eta horiek Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren (AICA) web-orrian grabatuta egon beharko dute: https://www.aica.gob.es.

3. Hileroko esne-entregak 2. puntuan aipatutako web-orrian grabatuta egon beharko dira.

4. Entitate onuradunek gutxienez 2026ko abenduaren 31ra arte mantendu beharko dute goi-mendietan edo zailtasun bereziko eremuetan dauden (II. eta III. eranskinetan jasotzen denaren arabera) abeltzaintzako ustiategien esne-bilketa, salbu eta abeltzaintzako ustiategiaren titularrari gertatutako ezinbesteko arrazoiengatik, lehenbiziko erosleek ezin badute esnea bildu.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako aurrekontu orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitateko organo eskudunak onetsitako negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritzako eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

d) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Aipatutako informazioa telematika bidez aurkeztuko da, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, hurrengo estekaren bidez, eta dokumentuak atxikiko dira eredu hauen arabera (gardentasunari buruzko adierazpenari buruzko ereduaren I. eta II. eranskinak):

–Aurreko a), b) eta c) letretan zehazten den informazioa emateko, I. eranskinean dagoen eredua erabiliko da; esteka honetan eskuratzen ahal da:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

–Aurreko d) letran zehazten den informazioa emateko, II. eranskinean dagoen eredua erabiliko da; esteka honetan eskuratzen ahal da:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

–Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak horretarako erabili direla frogatzea.

Laguntzen helburua bete dela justifikatzeko, egiaztatuko da goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan dauden ustiategietan esnea bildu dela, gutxienez, eskaera egin aurreko bi hilabeteetan. Hori egiaztatzeko, administrazio-kontrolak eginen dira, oinarri hartuta 2026ko entrega-adierazpenak; esne-eroslea behartuta dago horiek egitera Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren (AICA) web-orrian: https://www.aica.gob.es/.

Hamaikagarrena.–Laguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira inolako estatu-laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren estatu-laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea. Badira "de minimis" batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez emandako estatu-laguntzekin.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak eta betebeharrak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketei, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

3. Inguruabar bereziren bat edo ezinbesteko egoeraren bat gertatu dela dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen jarraipena eta publizitatea.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariko Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.

3. Batasuneko estatuek, laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko dute estatu horretako edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.

Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.

Batzordeak aldez aurretik idatziz eskatuz gero, kasuan kasuko estatuak behar den informazio guztia helarazi beharko dio, hogei egun balioduneko epean edo eskaeran ezartzen den epe luzeago batean, zehaztu ahal dezan erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete diren, eta, bereziki, edozein enpresak erregelamendu honen edo beste "de minimis" erregelamendu batzuen arabera guztira jaso duen "de minimis" laguntza.

4. Onuradun guztiek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa aipatu beharko dute erabilera profesionalerako duten webgunean edo egoki diren beste baliabide batzuen bidez. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Hamabosgarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

II. ERANSKINA.–GOI-MENDIKOTZAT JOTZEN DIREN UDALERRIEN ZERRENDA

UDALERRIAREN KODEA

UDALERRIA

KATALOGAZIOA

3

ABAURREGAINA

Goi-mendia

4

ABAURREPEA

Goi-mendia

13

AMESKOABARRENA

Goi-mendia

20

ARAITZ

Goi-mendia

21

ARANARATXE

Goi-mendia

22

ARANTZA

Goi-mendia

24

ARANO

Goi-mendia

28

ARTZIBAR

Goi-mendia

31

ARESO

Goi-mendia

33

ARIA

Goi-mendia

34

ARIBE

Goi-mendia

50

BAZTAN

Goi-mendia

54

BERTIZARANA

Goi-mendia

55

BETELU

Goi-mendia

58

AURITZ

Goi-mendia

59

BURGI

Goi-mendia

71

GAZTELUBERRI

Goi-mendia

81

DONAMARIA

Goi-mendia

82

ETXALAR

Goi-mendia

87

ELGORRIAGA

Goi-mendia

90

ERATSUN

Goi-mendia

92

ERRO

Goi-mendia

93

EZKAROZE

Goi-mendia

95

ESPARTZA ZARAITZU

Goi-mendia

100

EULATE

Goi-mendia

102

EZKURRA

Goi-mendia

111

GALOZE

Goi-mendia

112

GARAIOA

Goi-mendia

113

GARDE

Goi-mendia

115

GARRALDA

Goi-mendia

117

GOIZUETA

Goi-mendia

118

GOÑERRI

Goi-mendia

119

GORZA

Goi-mendia

128

IZABA

Goi-mendia

129

ITUREN

Goi-mendia

133

ITZALTZU

Goi-mendia

134

JAURRIETA

Goi-mendia

137

BEINTZA-LABAIEN

Goi-mendia

139

LANA

Goi-mendia

143

LARRAGOA

Goi-mendia

149

LEITZA

Goi-mendia

153

LESAKA

Goi-mendia

181

NABASKOZE

Goi-mendia

185

OTSAGABIA

Goi-mendia

187

OIZ

Goi-mendia

195

ORBAIZETA

Goi-mendia

196

ORBARA

Goi-mendia

198

ORONTZE

Goi-mendia

199

OROTZ-BETELU

Goi-mendia

203

PETILLA ARAGOI

Goi-mendia

209

ERROMANTZATUA

Goi-mendia

210

ERRONKARI

Goi-mendia

211

ORREAGA

Goi-mendia

213

SALDIAS

Goi-mendia

221

DONEZTEBE

Goi-mendia

222

SARTZE

Goi-mendia

226

SUNBILLA

Goi-mendia

239

URDAZUBI

Goi-mendia

241

URRAULGOITI

Goi-mendia

244

URROTZ

Goi-mendia

245

URZAINKI

Goi-mendia

247

UZTARROZE

Goi-mendia

248

LUZAIDE

Goi-mendia

250

BERA

Goi-mendia

252

BIDANKOZE

Goi-mendia

256

HIRIBERRI

Goi-mendia

259

IGANTZI

Goi-mendia

263

ZUBIETA

Goi-mendia

264

ZUGARRAMURDI

Goi-mendia

III. ERANSKINA.–ZAILTASUN BEREZIKO KONTZEJUEN ZERRENDA

UDALERRIAREN KODEA

KONTZEJUA

UDALERRIA

KATALOGAZIOA

098

AGORRETA

ESTERIBAR

Mendia

144

ODERITZ

LARRAUN

Mendia

049

OROKIETA

BASABURUA

Mendia

Iragarkiaren kodea: F2607639