Iragarkia
113. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
103E/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 14koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2026an kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroak egiteko dirulaguntzen deialdia, banakako ebaluazio araubideari jarraikiz ebatziko dena. DDBN kodea: 906729.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 84. artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol jardueren arloko prestakuntza bultzatuko duela. Halaber, 85. artikuluari jarraikiz, kirol arloko zerbitzu teknikoetan aritzeko ezinbestekoa da dagokion tituluaren jabe izatea, kirol gaietan indarra duten arauekin bat.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira haien printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere. 17.1 artikuluan, xedatzen du dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen direla, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Gobernuak banakako ebaluazio araubidea baimentzen duenean.
Apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzkoak, Nafarroan kirol arloko lanbide jakin batzuetan hasteko eta aritzeko oinarrizko alderdiak arautu zituen. Berariaz adierazi zen zein ziren lanbide horiek, lanbide bakoitzaren jardun-eremu funtzional orokorra ezarri zen, eta aditzera eman zen zer kualifikazio eskatzen den lanbide horietan sartzeko. Zehazki, lanbide horietan jarduteko (horien artean dago entrenatzailearena eta monitorearena), foru legeak kualifikazio jakin batzuk eskatzen ditu. Kualifikazio horiek egiaztatzeko zenbait prestakuntza eskakizun eskatzen zaizkie entrenatzaileei, jolas eta osasun esparruan nahiz lehiaren esparruan. Pentsa genezake egoera berri honek eskaera handiagoa eraginen duela jarduera horiek zuzentzeaz arduratuko diren teknikarien prestakuntzari dagokionez.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, gure komunitatean kirolaren arloan eskumena duen organoa den aldetik, bere gain hartzen du kirol monitoreen eta entrenatzaileen prestakuntza bultzatzeko konpromisoa. Beraz, talde horren prestakuntzaren mesederako, zenbait jarduketa jarri ditu martxan; horietako batzuk berekiak dira, eta beste batzuk Nafarroako kirol federazioei laguntzekoak.
Jarduketa eremuetako bat oinarriko kirola da. Gure erkidegoan bada pertsona franko entrenatzaile lanak egiten dituena Nafarroako Kirol Jokoetan eta horren azpiko kategorietan kirol arloko titulaziorik izan gabe. Egoera hori kezkagarria da, kalitatea bermatu behar delako adingabeei zuzendutako kirol jardueretan.
Azken urteotan, abenduaren 9ko 1913/1997 Errege Dekretuaren eta hura eguneratzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren arau esparruaren babesean, kirol teknikarien irakaskuntzak nabarmen garatu dira, hezkuntza sisteman sartzearen ondorioz. Ordenamendu berri horren ondorioz, kirol teknikarien irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntzen multzoan sartu dira, eta aldi iragankor bat ezarri da kirol modalitate bakoitzaren irakaskuntzak eta tituluak onetsi arte (epe horren luzera ezberdina da modalitatearen arabera).
Gaur egun, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduak arautzen ditu aldi iragankorreko irakaskuntzak, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean ezarrita daudenak. Irakaskuntza horiek aukera ematen dute prestakuntza baliokidetzak ezartzeko, eta, horrenbestez, araubide bereziko kirol teknikari titulazio berriekin baliozkotzea. Aldi iragankorreko irakaskuntza horien sustatzaileak erkidegoetako kirol gaietan eskumena duten organoak dira, edo kirol federazioak (kirol administrazioari txostena aurkeztu ondotik).
Kirol prestakuntzako jarduerak garatzeko prozesuan prestakuntza plan zorrotzagoak ezarri dira jarduera horientzat, bai eskola kargari dagokionez, bai curriculumetako ikasgaiei dagokienez ere. Horrenbestez, hobetu egin da irakaskuntzen kalitatea, eta horrek berekin ekarri du gora egitea entrenatzaile izateko titulazioa lortzeko prestakuntza ikastaroen kostuak.
Kirol praktikaren kalitatean eragina duen beste arlo bat epaileen, arbitroen eta antzeko beste figura batzuen prestakuntza da. Talde horretan zailtasun handiak izan ohi dira, ez baita horretan aritu nahi duen jende askorik, eta, joko erregelamenduak aldatzen direnez, ezagutzak eguneratzeko beharra izaten dute etenik gabe. Beraz, prestakuntza prozesua erraztuko duten neurriak hartu behar dira.
Azaldutakoaren ondorioz, bidezkotzat jotzen da kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko laguntzetarako deialdi bat egitea haien jarduketen kalitatea hobetzen laguntzeko. Jarraibide horrek lehentasuna izan behar du prestakuntzaren beheko mailetan, kontuan hartuta zer lotura duten adingabeentzako kirol jardueren programekin, zeinen adierazgarri nagusia Nafarroako Kirol Jokoak baitira gure erkidegoan.
Helburua izanik deialdia irekita egotea kasuko epealdi osoan sortzen diren ekimen guztientzat, eta horrela aprobetxamendu hobea ateratzea esleitutako baliabideei, banakako ebaluazioaren araubidea baliatzea proposatzen da.
Aurrekoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2026ko maiatzaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari baimena eman zitzaion deialdi bat onesteko, banakako ebaluazio araubidean, diruz laguntzeko kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroetan parte hartzen duten pertsona fisikoei.
Proposatzen diren laguntzei erantzuteko, 26.000 euroko gastua aurreikusten da Nafarroako 2026ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretako "Kirol prestakuntzarako laguntzak" izeneko A50003-A5200-4809-336104 partidaren kargura.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroak egiteko ematen dituen laguntzen deialdia onestea, foru agindu honen 1. eranskinean ezarri diren oinarrien arabera. Deialdia banakako ebaluazio araubideari jarraikiz ebatziko da, eta laguntzak ematea, betiere, aurrekontuan kontsignazioa izatearen mende egonen da.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen 1. eranskinean jaso dira, maila bakoitzean laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura barne.
3. 26.000 euroko gastua baimentzea 2026ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Kirol prestakuntzarako laguntzak" izeneko A50003-A5200-4809-336104 partidaren kargura.
Eskaera guztiei erantzuteko aurrekonturik aski ez badago, eta baldin eta partida horretan aurrekontu erabilgarririk bada 2026ko ekitaldian, gehienez ere 50.000,00 euro gehitzen ahalko zaizkio deialdi honetan ezartzen den gastuari. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
4. Baimena ematea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari aurreko puntuan onetsitako gastu gehikuntza onesteko, kasua bada.
5. Foru agindu hau eta oinarri arautzaileak (1. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Eskaera-orria (2. eranskina) eta datuen babesari buruzko araudia (3. eranskina) interesdunen eskura jarriko dira Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Atariko tramiteen katalogoan.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 14an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta denbora eremua.
1. Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Kirol Kontseilu Gorenak onartutako modalitateetako bateko kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitroen prestakuntza ikastaroak egin eta gainditzeko laguntzak emateko. Ikastaro horiek Estatuko kirol federazioek zein erkidegoetakoek sustatuak izan daitezke.
2. Laguntzak eskatu ahal izateko, ikastaroek deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta haien eskolaldiak bukaera izan behar du 2025eko urriaren 16tik 2026ko urriaren 31ra bitartean.
2. oinarriko 1.a) eta 1.d) apartatuetan adierazitako ikastaroen kasuan, eskolaldiaren bukaera-eguntzat honako hau hartuko da: deialdi arrunteko aurrez aurreko azterketetarako erabakitzen den data, hura egin dezaten deialdi horretan bloke komuneko eta berariazko blokeko modulu edo arlo guztiak gainditu dituzten ikasleek. Deialdi berezira aurkezten diren ikasleen kasuan, deialdi horren datan bukatuko da ikastaroa.
2. oinarriko 1.b) apartatuan adierazitako ikastaroen kasuan, eskolaldiaren bukaera-eguntzat honako hau hartuko da: deialdi arrunteko aurrez aurreko azterketetarako erabakitzen den data, hura egin dezaten bloke komuneko modulu edo arlo guztiak gainditu dituzten ikasleek. Deialdi berezira aurkezten diren ikasleen kasuan, deialdi horren datan bukatuko da ikastaroa.
2. oinarriko 1.c) apartatuan adierazitako ikastaroen kasuan, eskolaldiaren bukaera-eguntzat honako hau hartuko da: deialdi arrunteko aurrez aurreko azterketetarako erabakitzen den data, hura egin dezaten deialdi horretan berariazko blokeko modulu edo arlo guztiak gainditu dituzten ikasleek. Deialdi berezira aurkezten diren ikasleen kasuan, deialdi horren datan bukatuko da ikastaroa.
2. Helburua.
1. Deialdi honetako laguntzak emanen dira hein batean konpentsatzeko ondoren ageri diren prestakuntza ikastaroetan matrikula edo inskripzioa egiteko kuotek eta bestelako eskubideek sortutako gastuak:
a) Kirol modalitate bateko I., II. edo III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile titulua lortzeko ikastaroak, kirol federazioek sustatuak, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arabera, eta zer erkidegotan garatzen den, hartan kirol arloko eskumena duen organoari erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta.
b) Kirol modalitate bateko I. mailako bloke komuna gainditu izanaren ziurtagiria lortzeko ikastaroak, kirol federazioek sustatuak, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arabera.
c) Kirol modalitate bateko I. mailako berariazko blokea gainditu izanaren ziurtagiria lortzeko ikastaroak, kirol federazioek sustatuak, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arabera.
d) Maila bateko edo besteko epaileen edo arbitroen titulaziorako ikastaroak, Kirolaren Kontseilu Gorenak onartutako modalitateetako kirol federazioek sustatuak. Atal horretan onartuko dira, bakar-bakarrik, 100 euro edo gehiagoko matrikula edo inskripzioa duten eskaerak.
2. Deialdi honetatik kanpo daude:
a) Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren babesean garatzen diren irakaskuntza arautuen esparruan kirol teknikariak prestatzeko egiten diren ikastaroak, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko irakaskuntza arautuak direlako.
b) Kirol federazioek otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren esparrutik kanpo sustatutako ikastaroak.
c) Kirol Kontseilu Gorenak baimendutako kirol federazioak ez diren entitate pribatuek, beren eskumenak baliatuz, sustatzen dituzten ikastaroak.
d) Deialdi honetatik kanpo uzten dira deialdi berariazkoago baten bidez diruz laguntzen ahal diren jarduerak.
3. Laguntzen zenbatekoa, guztira.
Deialdi honetarako onetsitako gastua 26.000 euro da, eta 2026ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirol prestakuntzarako laguntzak" izeneko A50003-A5200-4809-336104 partidari egotziko zaio.
Eskaera guztiei erantzuteko aurrekonturik aski ez badago, eta baldin eta partida horretan aurrekontu erabilgarririk bada 2026ko ekitaldian, gehienez ere 50.000,00 euro gehitzen ahalko zaizkio deialdi honetan ezartzen den gastuari. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
4. Onuradunak.
1. Laguntzak eskatzen ahalko dituzte laguntza hauen xedeko ikastaroak, 2.1 oinarrian deskribatuak, egin gogo dituzten edo eginak dituzten pertsona fisikoek.
2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Dagokion ikastaroan inskripzioa egiten denean Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.
b) Inskripzioa egina izatea deialdi honen 2.1 oinarrian ezarri diren ikastaroetan.
c) Egunean izatea Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekikoak ere.
d) 16 urtetik gorakoa izatea.
5. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
Eskaerak eta dokumentazio osagarria Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko erregistroan aurkeztuko dira (Aizagerria plaza 1, 31006 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz.
Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idInstancia=2013180
Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2026ko urriaren 15era arte.
Eskaerak posta arruntaz aurkezten ahal dira. Kasu horretan, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun horretan berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio proposamena igorri duela, proposamena formacionceimd@navarra.es helbide elektronikora bidaliz. Bi baldintza horiek betetzen ez badira, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epetik kanpo jasotako dokumentaziorik.
6. Eskaerak eta dokumentazioa.
1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzenduko zaizkio, deialdi honen 2. eranskinean dagoen eredu normalizatua baliatuta.
2. Eskaerei, behar bezala beterik, agiri hauek erantsiko zaizkie:
a) Eskatzailearen kontu-zenbakia Nafarroako Gobernuaren kontu-kudeatzailean sartu behar da. Horretarako, sarbidea egin beharko da ziurtagiri digitalaren bidez edo Clave-ren bidez.
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.
c) Eskatzailea dagokion ikastaroan inskribatuta edo matrikulatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, non jasota egonen baitira horren kostu ekonomikoa eta inskripzio-data.
d) Matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoaren egiaztagiria.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena. Adierazpen hori 2. eranskinean dago jasota. Dirulaguntzarako eskaera erregistro elektroniko baten bidez aurkezten bada, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera modu digitalean sinatu beharko da.
f) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari baimena ematen bazaio egiaztapen hori zuzenean egiteko Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.
3. Laguntza eskatzen bada ikastaro baterako baino gehiagotarako, eskaera bat aurkeztuko da ikastaro bakoitzeko.
4. Azaldutako agiriez gain, Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuak laguntzak emateko beharrezkotzat jotzen dituen bestelako agiriak eskatzen ahalko ditu.
5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatzen ahalko zaie 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaie ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haien eskaera, eta hura artxibatzeko ebazpena emanen dela.
7. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.
1. Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, eskaerak izapidetuko ditu, eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduketa Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.
2. Laguntzak irizpide hauen arabera banatuko dira:
a) I. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %60. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 300 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.
b) I. mailako bloke komuneko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %60. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 90 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.
c) I. mailako berariazko blokeko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %60. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 210 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.
d) II. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutako zenbatekoaren %50. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 600 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.
e) III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %40. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 600 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.
f) Onartutako kirol modalitate bateko epaile edo arbitro izateko ikastaroa egiteagatik, matrikula/inskripzio eskubide gisa ordaindutakoaren %50 emanen da, gehienez ere. Edozein kasutan, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 300 eurokoa izanen da pertsona bakoitzeko.
8. Ebazpena.
1. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, aurkezpen dataren hurrenkeraren arabera, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak proposatuta.
2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten den egunetik hasita, eta, hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adierazi beharko dira. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
Dirulaguntzen deialdi honetan ematen diren ebazpen guztiak jakinarazteko, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da gaitutako helbide elektroniko bakarrera. Hala ere, interesdunek edozein unetan adierazten ahal diote Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari ondorengo ebazpenak bitarteko elektronikoen bidez jaso nahi dituztela, edo ez.
Laguntza ematen duen ebazpenean eskatzaile bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaeraren bat ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, aurrekontuko mugagatik ezetsi direnak zehaztuta.
3. Ematen diren laguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren egoitzan eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan dauden iragarki-tauletan.
4. Betiere, laguntzen zenbatekoa 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren mende egonen da.
5. Deialdi honen babesean dirulaguntza bat eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldietan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.
6. Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onets daiteke, halaber, laguntzak ordaintzea, baldin eta eskaerarekin batera dagozkion frogagiriak aurkeztu badira.
9. Justifikazio agiriak.
Ikastaro oso bategatik laguntzak ordaintzeko egitate erabakigarria da ikastaro osoa egitea eta gainditzea, eskolaldiko bloke eta modulu/arlo guztiak aintzat harturik (bloke komuna eta berariazko blokea bakarrik).
Deialdi honetako 2.1.b) oinarrian adierazitako ikastaroen kasuan, laguntzak ordaintzeko egitate erabakigarria da ikastaro osoa egitea eta gainditzea, bloke komuna osatzen duten modulu/arlo guztiak aintzat harturik.
Deialdi honen 2.1.c) oinarrian adierazitako ikastaroen kasuan, laguntzak ordaintzeko egitate erabakigarria da ikastaro osoa egitea eta gainditzea, berariazko blokea osatzen duten modulu/arlo guztiak aintzat harturik.
Horregatik, aurkeztu beharreko frogagiriak honako hauek dira:
–Kirol federazio sustatzailearen ziurtagiria, ikastaroa eskolaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan gainditu izana frogatzen duena, zein egun eta tokitan egin den adierazita.
Aurkeztutako egiaztagiri hori aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, 10 egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dutela.
Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 16an bukatuko da. Justifikazio-agiri horiek eskaerak aurkezteko epearen barnean aurkezten badira, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, laguntza emateko ebazpenak, orobat, laguntzaren ordainketa onartzen ahalko du.
10. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.
1. Justifikazio agiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabetean gehienez, justifikatu ondoren.
11. Laguntzen bateragarritasuna.
1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede eta helburu bererako ematen duten beste edozein laguntzarekin, kasua bada. Beste laguntzarik jasoz gero, interesdunak entitate laguntza-emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan adieraziko da jaso den zenbatekoa.
2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ez du behin ere gaindituko ikastaroa egiteko onuradunak matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoa.
12. Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintzak betetzen dituztela frogatzea.
b) Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskatutako informazioa ematea eta haren egiaztapen lanak onartzea.
c) Laguntzaren xede den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarik jasoz gero, horren berri ematea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari.
d) Hartutako dirulaguntzak itzultzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan.
13. Ez-betetzea.
Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
14. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.
15. Errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
16. Araudi osagarria.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, jarraikiko zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari.
17. Datu pertsonalak babestea.
Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau izapidetzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Deialdi honen 3. eranskinean, informazioa ematen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
2. ERANSKINA.–ESKABIDE-ORRIA
Egin den edo eginen den ikastaroa: | |
Izena: | |
Deiturak: | |
NANa: | |
Helbidea - Herria - P. kd.: | |
Noiz egin zen: | |
Antolatzailea: | |
Harremanetarako helbide elektronikoa: | |
Telefonoa: |
AZALTZEN DUT:
–Ikastaro hori maiatzaren 14ko 103E/2026 Foru Aginduak onetsitako deialdiaren 2. oinarrian aurreikusitako kasuen artean dago.
–Neure erantzukizunpean adierazten dut ez dudala urratzen onuradun izatea galarazten duen debekurik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.
Baimena ematen diot Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, deialdi honen esparruan, zuzenean eska diezaion Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari nire zerga-betebeharrak egunean ditudala frogatzen duen ziurtagiria.
Ez diot baimenik ematen Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, deialdi honen esparruan, zuzenean eska diezaion Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari nire zerga-betebeharrak egunean ditudala frogatzen duen ziurtagiria.
Baimena ematen diot Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, deialdi honen esparruan, zuzenean eska diezaion Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ditudala frogatzen duen ziurtagiria.
Ez diot baimenik ematen Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, deialdi honen esparruan, zuzenean eska diezaion Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ditudala frogatzen duen ziurtagiria.
ESKATZEN DUT:
–Ikastaro horretako inskripzioak/matrikulak sortutako gastuak hein batean ordaintzeko laguntza.
Noiz:
Eskatzailearen sinadura:
NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.
3. ERANSKINA.–DATU PERTSONALEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betetzeko ematen da informazioa; erregelamendu hori datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da (aurrerantzean, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra).
Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:
Tratamenduaren arduraduna | Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea. |
Tratamenduaren helburua | Kudeatzea eta izapidetzea irol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroak egiteko laguntzen deialdia. |
Tratamenduaren legitimazioa | Botere publiko bat baliatzea (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua), alegia, kirol-prestakuntzaren arloko laguntza publikoak kudeatzea. |
Datuen hartzaileak | Datuak ez zaizkie lagako edo komunikatuko hirugarrenei horretarako adostasuna izan ezean, ez bada araudiak baimena ematen duela adostasunik gabe lagatzeko. |
Ez da aurreikusten datu pertsonalen nazioarteko transferentzia egiterik. | |
Eskubideak | Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Interesdunak erabiltzen ahal dituen gainerako eskubideei buruzko informazio gehiago edukitzeko, helbide honetara idatzi: formacionceimd@navarra.es. |
Informazio osagarria | Tratamenduari buruzko argibide gehiago behar badituzu, helbide honetara idatzi: formacionceimd@navarra.es. |
Iragarkiaren kodea: F2607457
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
