2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MURIETA
Ordenantza, instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Murietako Udalak, 2025eko azaroaren 5ean egindako osoko bilkuran, onetsi zuen aldaketa bat egitea honako ordenantza honen 9. artikuluan: Ordenantza, instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duena (2021eko ekainaren 15ean onetsi zen, eta 2021eko urriaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu).
Legearen araberako jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik nahiz oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jarraian ageri den bezala gelditu da idatzirik.
Murietan, 2026ko maiatzaren 28an.–Alkatea, Felipe Ajona Chasco.
MURIETAKO UDAL-MUGARTEAN INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
HITZAURREA
Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen ari dira. Eta duela gutxitik, etxebizitzetan norberaren kontsumorako energia sortzeko instalazioak bultzatzen ari dira bereziki.
Murietako Udalak arauketa bat ezarri nahi du autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak bultzatzeko, eta horiek egokiak izan daitezen ingurumenaren eta hirigintzaren ondorioetarako.
Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean egoki ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik.
Ordenantza idatzi da halako moduz non koherentzia gordetzen baita udal plangintzarekiko eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko; betebehar hori jasota dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Murietako udal-mugartean eguzki energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez eta panel kolektore termikoen bidez biltzeko instalazioak ezartzeko.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Murietako udal-mugarte osoa hartzen da aplikazio eremutzat.
3. artikulua. Definizioak.
Eguzki-panelak edo plakak dira eguzki-erradiazioen energia jasotzen duten gailuak, energia termikoa edo energia elektrikoa sortzeko. Plakak izan daitezke:
–Termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia aprobetxatzen dutenak dira. Etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko erabiltzen dira.
–Fotovoltaikoak: energia elektrikoaren ekoizpenean eguzki-erradiaziotik datorren energia zuzenean baliatzen dutenak dira, zenbait material erdieroaleren propietate fisikoez baliatuz elektrizitatea sortzeko eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.
Ordenantza honek bi motak arautzen ditu, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.
II. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN
4. artikulua. Instalazioen helburua.
Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko dela norberaren kontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituenak, ezarritakoa betez.
5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratu daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
–Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, malda berari eutsiz beti. Panelek sortutako planoa egonen da teknikoki ahal den hurbilena estalkiak sortutako planotik, eta harekiko paraleloan.
–Oro har, panelen antolamenduak eremu erregularra osatu beharko du. Sakabanatuta edo modu irregularrean jarriz gero, behar bezala justifikatu beharra dago hirigintza-zerbitzuaren aurrean.
–Honako muga hauek izanen ditu hartutako azalerak:
- Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak edo etorkizunean "energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak" arautzen dituenak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.
- Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, ur beroa ekoizteko nahiz girotzeko.
–Aurreko puntuan jasotako gehieneko azalera okupatua mugatuko da honako baldintza hauen arabera:
- Eguzki-panelak gutxienez 0,60 metro bereizi beharko dira teilatu-hegalen, mehelinen eta gailurren ertzetatik (hala ere, gailurren gainean jartzen ahalko dira panelen antolamenduak sabai leiho tradizionala simulatu nahi duenean). Bizkar-lima eta limatxokonekiko distantzia, gutxienez, 0,45 m-koa izanen da.
- Panel bakoitza jarri beharko da bere ertzetako bat teilatu-hegalaren ertzarekiko paralelo joateko moduan.
–Instalazioaren laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro-elektrikoak, kanalizazioak eta abar ezin izanen dira eraikinen estalkian edo fatxadetan agerian geratu.
2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:
–Instalatzen ahalko dira estalkiko planoaz bestelako inklinazio eta orientazioak dituzten kolektoreak, baldin eta eguzki-aprobetxamendua optimizatzea bilatzen badute.
–Kolektoreen gehieneko azalera artikulu honetako aurreko puntuak emanen du, aplikagarri diren baldintza guztiak kontuan hartuta.
–Ez da onartuko eskaerarik estalki lauen gainean instalatzeko, baldin eta energia biltzeko azpiegiturak ikus badaitezke eguzki-kolektorearen instalazioa hartuko duen eraikinaren kota berean edo beherago kokatutako bide publikoetatik.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.
4. Udal Planeko eremu homogeneoak urbanizatuz hirigunea zabaltzen denean, salbuespen gisa, proposatzen ahalko dira bertako eraikinetan eguzki panelak konfigurazio edo kokapen bereziekin instalatzeko aukerak, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.
5. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak paratzeko aukera proposatzen ahalko da, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.
6. Instalazioa eraikin katalogatu batean jarri nahi bada, aldez aurretik beharko da Vianako Printzea Erakundeak haren alde emandako txostena.
6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.
Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalazio kontsumitzailea lurzati berean edo mugakidean dagoenean, dela hiri-lurzorua dela urbanizaezina.
–Gehieneko azalera izanen da honako honen araberakoa:
- Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.
- Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, ur beroa ekoizteko nahiz girotzeko.
–Lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin izanen dira 2 metro baino garaiagoak izan, lurretik neurtuta.
–Panelen inklinazioak energia bilketaren errendimendu handiena bilatuko du eta berdina izanen da panel guztietan.
–Kaletik eraikinaren eta ondokoen fatxada nagusia ikusteko moduan kokatuko dira; alegia, saiatu behar da fatxada nagusia ez estaltzen.
7. artikulua. Instalazio multzoak eraikinaren gainean eta lotutako lurzoru libre pribatuaren gainean.
Mota horretako egiturak baimentzen ahalko dira, betiere aurreko 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
III. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK LURZORU URBANIZAEZINEAN
8. artikulua. Aurretiazko baimenak.
1. Eguzki-energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki-parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: 64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana.
2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.
3. Udal Planeko Eraikinen Katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
9. artikulua. Eguzki-parkeak ezartzeko baldintza partikularrak.
2 hektareatik gorako azalera okupatua daukaten eguzki-parkeak hiri-lurzoru edo bizitokietarako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutakotik 1 kilometrora, gutxienez, paratu beharko dira, eta baserrietatik 600 metrora, gutxienez. Orobat, planta fotovoltaikoen artean 300 metroko tartea utzi beharko da.
Eraikin berriak eskualdeko eraikuntzako eta arkitekturako ezaugarrietara egokitu beharko dira, halaxe ezarrita baitago Udal Planaren hirigintzako araudian. Bistan diren eraikuntza, panel eta instalazioek 9 metroko tartea, gutxienez, gorde beharko dute parkeko mugekiko. Tarte horri berdeguneko zerrendaren tratamendua emanen zaio, eta soropila eta arbolak izanen ditu.
10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.
Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da ingurumen baimenaren espedientea izapidetzea (17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena). Hura baimendu arte ezin izanen da lizentzia eman panel fotovoltaikoak jartzeko.
IV. KAPITULUA.–IZAPIDETZEA
11. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenerako araubidea.
Ordenantza honetan arautzen den instalazioa jartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Murietako Udalari aurkeztuko zaio dagokion erantzukizunpeko adierazpena. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.
Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, profesional eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.
Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua. Instalazioak paratu nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztu beharko da. Hartan frogatu beharko da instalazioa jasoko duen egitura gai izanen dela eusteko estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari.
Sustatzaileak eduki beharko ditu kasuan kasuko gaiaren arabera organo eskudunetan aurkeztu beharrekoak diren baimen guztiak.
Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, Udalak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.
Iragarkiaren kodea: L2607842