Iragarkia
113. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
GARES
Oposizioa, arkitekto teknikoaren (aparejadorea) plaza bat txanda irekian betetzeko
Garesko alkateak, 2026eko maiatzaren 22ko 255. Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, oposizio bidez eta txanda irekian betetzeko arkitekto teknikoaren (aparejadorea) plaza bat.
Honako hauek arautuko dute deialdia:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Garesko Udalaren zerbitzuko arkitekto teknikoaren (aparejadorea) plaza betetzea, oposizio bidez eta lan-kontratudunen araubidean; Udalaren plantilla organikoan zenbaki hau du: 4-01 "Udal arkitekto teknikoa (aparejadorea)".
Prozesuaren emaitzarekin zerrenda bat eratuko da, administrazio-kontratuak egiteko, Garesko Udalean sortzen diren behin-behineko beharrei erantzutearren, bat etorriz oinarri hauetan ezarritakoarekin. Zerrenda hori erabiltzen ahalko da aldi baterako betetzeko plantilla organikoan maila bera eta antzeko eginkizunak esleituta dituzten plazak.
Lanpostuko zereginak eta Garesko Udaleko hirigintza Alorreko plantillaren egoera ikusita, uste da oposizioa dela plaza hori betetzeko sistemarik egokiena (halaxe dago jasota plantilla organikoan).
1.2. Hautapen-prozesua honako hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.
1.3. Plaza honek B mailari dagozkion ordainsariak ditu, eta Garesko Udalaren indarreko plantilla organikoan ezarritako osagarri eta ezaugarriak. Plantilla hori 2026ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 4an.
1.4. Hautatuak bere mailaren eta titulazioaren barnean agintzen zaizkion eginkizunak beteko ditu; bereziki honako hauek:
–Hirigintza, eraikingintza eta obra-lizentziak:
- Txosten teknikoak egitea honako hauen gainean: obra txikien eta handien espedienteak, aurretiazko komunikazioak, erantzukizunpeko adierazpenak eta lehenengoz okupatzeko lizentziak.
- Etxebizitzak, lokalak, industria-nabeak eta bestelako higiezinak ikuskatzea.
- Partikularren obretan exekuzio-faseak zertan diren berrikustea.
–Jarduerak eta jardueren arloko diziplina:
- Txostenak egitea Udalaren jarduera-lizentziei buruz (barnean direla jarduera sailkatuak, kaltegabeak eta aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena behar dutenak), bai eta titularraren aldaketei buruz ere.
- Jardueraren bat abian jartzen denean, hari buruzko txostena egitea.
- Jardueren gaineko ikuskapen teknikoak egitea aldizka edo nohizbehinka.
- Ikuskapen aktak eta txosten teknikoak egitea.
- Lizentziarik ez duten jarduerak edo legea urratzen ari direnak detektatzea eta legezkotasuna berrezartzeko neurriak proposatzea, eta, orobat, jarduerak legeztatzea, bertan behera uztea, ixtea edo horien gaineko zehapen espedienteak abiaraztea.
–Lankidetzan aritzea Udaleko zerbitzu juridikoekin.
–Hirigintza arloko diziplina:
- Hirigintza arloko diziplina espedienteak izapidetzea eta haiei buruzko txostenak egitea: salaketak, exekuzio aginduak, legezkotasunaren berrezarpena, xehapen espedienteak eta exekuzio subsidiarioak, aurri adierazpenak.
- Hirigintzako ikuskapenak eta txosten teknikoak egitea.
- Ebazteko proposamen teknikoak idaztea.
–Udal obrak eta kontratazio publikoa:
- Udal obren jarraipena, kontrola, ikuskapena eta gainbegiratze teknikoa. Obrak ziurtatzea eta proiektuak eta kontratuak betetzen direla kontrolatzea. Munta txikiko udal obren memoria baloratuak, aurrekontuak eta dokumentazio teknikoa idaztea.
- Preskripzio teknikoen agiriak idazten laguntzea. Aholkularitza teknikoa ematea kontratazio mahaiei eta Hirigintzako Informazio Batzordeari.
- Lanpostuko eskumenei lotutako barne- eta kanpo-bileretara joatea.
–Ingurumena:
- Obrek eta jarduerek ingurumenean eragiten dituzten kalteak ikuskatzea eta horiei buruzko txostenak egitea.
- Ingurumen arloko araudia bete egiten dela egiaztatzea.
- Neurri zuzentzaileak eta ingurumena babesteko neurriak proposatzea.
–Segurtasuna eta osasuna / laneko arriskuen prebentzioa:
- Munta txikiko udal obretan, segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlanak egitea, berrikustea eta haien jarraipena egitea.
- Udalaren laneko arriskuen prebentzioa koordinatzea.
- Udalaren obretan eta lanetan segurtasun- eta osasun-neurriak betetzen direla ikuskatzea eta exijitzea.
–Zerbitzu anitzak eta Udaleko mantentze-lanak:
- Hiriko mantentze lanak (bideak, azpiegiturak, hiri-altzariak eta lorategiak) eta bideen garbiketa planifikatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea.
- Udal eraikin eta lokaletako mantentze-lanak kontrolatzea.
- Zerbitzu anitzetako alorraren aurrekontua kudeatzea.
- Hornitzaileak, kontratatutako zerbitzuak eta mantentze-lanak gainbegiratzea.
–Langileen kudeaketa eta barne-koordinazioa:
- Batera jardun behar denean, zerbitzu anitzetako alorrari atxikitako giza baliabideak koordinatzea zerbitzu anitzetako koordinatzailearen batera.
- Ahaleginak batzea eskatzen duten lanak antolatzea.
- Lankidetzan aritzea Udaleko beste zerbitzu batzuekin eta haiei laguntza teknikoa ematea; kasua bada, zerbitzu anitzetako lanpostuak betetzeko kalifikazio-epaimahaietan parte hartzea.
–Jendearentzako arreta eta aholkularitza teknikoa:
- Jendeari zuzeneko arreta ematea ezarritako ordutegiaren barnean.
- Herritarrei aholkularitza teknikoa ematea obren eta jardueren arloari buruz.
- Udalaren gobernu organoei aholkularitza teknikoa ematea.
- Eragin teknikoa duten hirigintza- eta zerga-ordenantzak aplikatzen laguntzea.
–Txostenak eta ondare-erantzukizuna:
- Txosten teknikoak, irizpenak, balorazioak, peritatzeak, azterlanak eta proposamenak idaztea.
- Txosten teknikoak egitea ondare-erantzukizuneko espedienteen barnean.
–Eginkizun orokorrak eta polibalentzia:
- Polibalentziaren printzipioarekin bat, aldi baterako eginkizunak edo ezohikoak betetzea, larrialdiren bat sortzen denean edo hala eskatzen dutenean zerbitzuaren beharrak, berrantolaketa funtzionalak edo interes publikoak.
1.5. Lanaldia izanen da oro har ezartzen dena Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileendako, eta une oro zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Deialdiaren I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua edukitzea, edo hura lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, eskuratu dutenei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean eta lanpostuaz jabetu arte, eta izangaiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako oinarrietan zehazten den unean.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkeztu beharko dira –III. eranskineko eskabide eredua betez– Garesko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.puentelareina.es/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=10814), Garesko udalaren erregistro orokorrean (Julián Mena plaza z.g. Gares; ordutegia: 09:00etatik 13:00etara) edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea); azken kasu horretan, eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria igorri beharko da posta elektronikoaren bidez ayuntamiento@puentelareina-gares.eshelbidera, ezarritako epearen barnean.
3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera, honako agiri hauen kopia aurkeztu beharko da:
a) Nortasun agiri nazionala edo pasaportea, indarrean.
Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontide direnek, ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela, ez badira Europar Batasuneko kide den estatu bateko herritarrak; bestela, aurreko apartatuan aipatu dokumentazioa aurkeztuko dute.
b) Deialdi honen I. eranskinean ezarritako titulazioa, edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako hura lortzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.
c) Azterketa eskubideak (20,30 euroko tasa) ordaindu izanaren frogagiria. Tasa hori jasota dago Azterketa eskubideengatiko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (2021eko 204. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 31koa). Ordaindu ezean, baztertua izanen da, eta ezin izanen du egoera zuzendu.
Tasa ordaindu beharko da modu telematikoan, egoitza elektronikoaren bidez, eta autolikidazioa eginez. Ordainketaren egiaztagirian nahitaez agertu beharko dira izangaiaren NANa/IFZa eta "aparejadorea" kontzeptua.
3.4. Datuen babesa.
2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hau ematen zaie aditzera:
–Garesko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Oinarri juridikoak honako hauek dira: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege betebeharra betetzeko) eta DBEOren 6.1.b) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko, udal bulegoetara joz edo helbide elektroniko honen bitartez: dpd@puentelareina-gares.es.
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da eta hogeita hamar egun naturaleko epean amaituko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Deialdia Garesko Udaleko iragarki-taulan eta entitatearen webgunean ere argitaratuko da.
4.–Prozedura.
Onartzeko baldintza gisa ezartzen da bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzea, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, epe barruan aurkeztea, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, eta azterketa eskubideak ordaintzea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onesten duena izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egoitza elektronikoaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.puentelareina-gares.es).
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, aipatu argitalpena egiten denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, formazko akatsik bada, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan eta web-orrian (www.puentelareina-gares.es).
Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Itziar Imaz Artazcoz, Garesko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Jose Ángel Reta Ibeas, Garesko Udaleko alkateordea.
1. epaimahaikidea: Begoña Anaya Aranzubia, Nafarroako Arkitektura Teknikoaren Elkargo Ofizialeko arkitekto teknikoa.
Ordezkoa: Ramón Lakuntza Astiz, Nafarroako Arkitektura Teknikoaren Elkargo Ofizialeko idazkari teknikoa.
2. epaimahaikidea: Lucía Sesma Valles,Garesko Udaleko langileen ordezkariek izendatua (B mailari dagokion titulua du).
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Idazkaria: Sonia García Milton, Garesko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Garesko Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
5.3. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratu beharko da eta, bere eraketak eta ondorengo jarduketek balio izateko, kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, betiere epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
6.–Oposizioa nola eginen den.
Oposizioa 2026ko urritik aurrera hasiko da.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizio faseko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 10. oinarrian ezartzen den moduan emanen du argitara oposizioko bigarren probarako deia; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.
Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira iragarritako egun, ordu eta lekuan agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
Oposizioko lehen ariketa guztiz bukatzen denetik bigarrena hasi arte gutxienez ere 72 ordu iraganen dira, eta gehienez ere berrogeita bost egun natural.
Epaimahaiak egiten dituen bileren akta eginen du idazkariak, eta bertan jasoko ditu izangaien banakako ebaluazioa, kalifikazioak eta sortzen diren gorabehera guztiak.
Akta horiek, behar bezala zenbakituak, onetsiak eta epaimahaiburuak eta idazkariak sinatuak, oposizioko espedientean sartuko dira, eta, horiekin batera, deialdia onartzen denetik ebazpena eman arte horri eransten zaizkion agiri guztiak.
Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, oposizioko probetan lortutako puntuak batuko dira.
Berdinketarik gertatuko balitz, oposizioko bigarren ariketan puntu gehien lortu dituenaren alde ebatziko da; berdinketak badirau, kalifikazio-epaimahaiak antolatutako zozketa bakarraren bidez ebatziko da. Ukitutakoei bi egun lehenago emanen die zozketa horren berri.
Horretarako, ukitutako pertsonen artean bat aukeratuko da ausaz, bakoitzari zenbaki bat emanez.
7.–Oposizioaren nondik norakoak.
7.1. Oinarri honetan zehazten diren probak izanen dira oposiziokoak. Deialdiko II. eranskineko gai zerrendan zehazten diren gaiei buruzkoak izanen dira. Lehenbiziko proba eginen da onartutako eta baztertutako izangaien zerrenda behin betiko onartzeko iragarkian adierazten den lekuan, egunean eta orduan.
Baldin, arrazoi justifikatua dela-eta, probaren lekua, eguna edo ordua aldatu behar bada (betiere, iragarritakoa baino geroago), behar besteko aurrerapenarekin jakinaraziko da udalaren web-orrian, eta izangai bakoitzari banaka jakinaraziko zaio.
Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera.
Hautaprobak egiteko behar diren eta posible diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat duten izangaientzat, eskaeran hala eskatzen badute.
7.2. Oposizioan honako proba hauek izanen dira, deialdi honen I. eranskineko 3. apartatuan azaltzen diren ezaugarriekin:
7.2.1. Lehenbiziko ariketa: test motako ariketa teorikoa; 40 puntu gehienez.
7.2.2. Bigarren ariketa (4 proba): teoriko-praktikoa, 60 puntu gehienez; 15 puntu planteatzen den kasu bakoitzeko.
7.3. Ezin izanen da inolaz ere erabili "smartwatch" motako aparatu konektaturik, mugikorrik edo antzekorik, eta automatikoki baztertuta geratuko dira debeku hori oposizioaren edozein fasetan betetzen ez dutenak.
7.4. Proba guztiak plika sistemaren bidez eginen dira.
7.5. Proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Garesko Udalaren iragarki-taulan eta https://www.berrioplano.es/eu/ helbidean (deialdiaren aipuan), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun naturaleko epea irekiko du izangaiek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten.
7.6. Lehenbiziko ariketaren kasuan, alegazioak ebatzi ondotik, dagokion akta argitaratuko da, adierazita bigarren ariketaren lekua, eguna eta ordua. Lehenbiziko ariketa gainditu dutenak bakarrik agertzen ahalko dira.
Alegaziorik aurkeztu ezean, zuzenean argitaratuko dira bigarren ariketaren lekua, eguna eta ordua.
8.–Gainditu dutenen zerrenda.
8.1. Oposizioaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak udalaren web-orrian, iragarki-taulan eta azken ariketa egin zen tokian ikusgai jarriko du gainditzen duten izangaien zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, batu ondoren izangai bakoitzak oposizioko bi ariketetan lortutako kalifikazioak.
Berdinketarik gertatuz gero, oposizioko bigarren ariketan puntuaziorik handiena lortu dutenen alde ebatziko da, eta, eta, azken buruan, zozketa eginen da. Zozketa egin baino bi egun lehenago jakinaraziko zaie ukitutakoei.
8.2. Zerrenda horri jarraituz, alkatetzari igorriko zaio puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena, bai eta azken bilkuraren akta ere. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epean, izendapen-proposamena jaso duen izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu, 2.1 oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituela frogatzeko, udal honetako erregistro orokorrean:
a) Ziurtagiri medikoa, frogatzen duena ez duela eritasunik edo muga fisikorik bere eginkizunak betetzeko bateraezina denik edo horiek betetzea galarazten dionik.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko izangaia ez dagoela diziplinazko espediente bidez inongo administrazio publikotatik bereizia eta ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua epai irmo bidez, eta ez duela bateraezintasunerako arrazoirik.
c) Zina edo hitzematea, adierazten duena ezen Nafarroako foru-araubidea errespetatuko duela, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
8.4. Eskatutako dokumentazioa lehen aipatutako epean aurkezten ez bada, salbu ezinbesteko kasuetan, edo agiriak aurkeztuta ondorioztatzen bada deialdiko beharkizunak ez direla betetzen edo aitorpenean gezurra esan dela, hautatutako izangaiaren egintzak baliorik gabe geldituko dira, eta, hortaz, hari buruz epaimahaiak gauzatutako egintzak ere baliorik gabe geldituko dira, eta ezin izanen da izendatu.
Kasu horretan, baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko da baja, eta, ondoren, gaindituen zerrendan sartuko da, aurreko apartatuetan adierazitako moduan jardunez. Horrek ez du esan nahi beste erantzukizun batzuk eskatuko ez direnik.
9.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
9.1. Alkateak, ebazpen bidez, Garesko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du, lanpostua bete dezan, aurreko oinarrietan ezarritakoa bete eta puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia, eta plaza hutsa adjudikatuko dio.
9.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen ondorioz, izendatua nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko da, eta izanen ditu indarra duten xedapenek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko lan-araubideko langileentzat ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.
9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Lan-araubideko langile izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita.
Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Garesko Udaleko lan-kontratudun finko izateko. Hala gertatuz gero, deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitaratuko da Garesko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.puentelareina-gares.es), non hautapen prozesu honetarako sarbide espezifikoa gaituko baita.
11.–Aldi baterako kontratazioaren zerrendaren eraketa eta funtzionamendua.
11.1. Probak gainditu dituzten gainerako izangaiekin aldi baterako kontratazio zerrenda bat osatuko da, izaten ahal diren izendapen beharrak betetzeko, soilik aldi baterako eta administrazio araubidean, eta zerrenda hori ere 1.1 oinarrian aurreikusitakoaren arabera erabiltzen ahalko da.
Horretarako, izendapenarekin batera, alkatetzak izangaien zerrenda hori onetsiko du.
Zerrendak bost urteko iraupen luzaezina izanen du, eta iraungitzen ahalko da, baldin eta lanpostu bererako beste hautaketa-prozesu bat deitzen bada.
Onartutako zerrendan ezarritako hurrenkera errespetatuz eginen da deia.
11.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2 artikuluari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak osatuko dira, jarraikiz kasuan kasuko hautapen probetan lortutako puntuazioaren hurrenkerari.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartu izana 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira oinarri hauetan ezartzen den eran.
11.3. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
Gainditu duten izangaiak kontrataziorako deitzen ahalko dira, sortzen diren beharren arabera, jarraikiz deialdi honetako oinarrietan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari.
Deitzeko oinarriotan xedatuta dagoenari jarraikiko zaio, eta, oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, jarraikiko zaio Nafarroako Gobernuaren kontratazio-zerrendei aplikagarri zaion araudiari (814/2010 Foru Agindua, abenduaren 10ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena).
Kontratatua Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko da, eta bertan kidetuko; beraz, haren kargu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), behar diren kopuruetan.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra, baita oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–GARESKO UDALAREN ZERBITZUKO ARKITEKTO TEKNIKOAREN (APAREJADOREA) PLAZA BETETZEKO DEIALDIAREN EZAUGARRIEN KOADROA
1.–Plazaren identifikazioa.
LANPOSTUA/ARAUBIDEA | MAILA | LANALDIA | BEHAR DEN TITULAZIOA |
Arkitekto teknikoa (aparejadorea), lan-araubidean | B | Osoa | Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea arkitektura teknikoko titulua edo arkitektura teknikoko gradua, edo baliokidetzat aitortutako beste titulu bat, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. |
2.–Oposizioko probak
Oposizioaldiak bi proba izanen ditu, biak ala biak baztergarriak.
LEHEN ARIKETA | BIGARREN ARIKETA |
Proba teorikoa izanen da, eta test motako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz, deialdi honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. | Lau ariketa egin beharko dira idatziz, II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz. Epaimahaikideek prestatuko dituzte ariketak, alderdi teorikoak eta praktikoak sartuta. |
Gehieneko iraupena: epaimahaiak ezarriko du probaren hasieran | Gehieneko iraupena: 4 ordu |
Gehieneko kalifikazioa: 40 puntu | Gehieneko kalifikazioa: 60 puntu; 15 puntu ariketa bakoitzean |
Gutxieneko kalifikazioa: 20 puntu | Gutxieneko kalifikazioa: 30 puntu; bazter geldituko dira ariketaren batean zero puntu lortzen dutenak |
Erantzun zuzena: 0,6 Erantzun okerra: -0,15 | |
Proba honetan izangaiek boligrafoa (urdina edo beltza) eta arkatza erabiltzen ahalko dituzte soilik. | Boligrafo urdinaz edo beltzaz gain, marrazketa teknikoko materiala ere erabiltzen ahal da, hala nola eskalimetroa, erregela, eskuaira, kartaboia, arkatzak eta borragoma, baita kalkulagailu programagarria eta deialdiko gai-zerrendan aipatzen den legedia ere |
II. ERANSKINA.–GARESKO UDALAREN ZERBITZUKO ARKITEKTO TEKNIKOAREN (APAREJADOREA) PLAZA BAT BETETZEKO DEIALDIA
Oposizioaren gai-zerrenda
A.–Oinarrizko araudia.
1. gaia.–Espainiako Konstituzioa. Atariko titulua: printzipioak eta balioak.
2. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Herritarra administratu gisa. Administrazio prozeduretako interesdunak. Kontzeptua eta motak. Jarduteko gaitasuna. Ordezkaritza. Administrazio prozeduretako interesdunen identifikazioa eta sinadura.
3. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio publikoen jarduketarako arau orokorrak: pertsonek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak. Administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea eta betebeharra. Prozeduretako hizkuntza. Pertsonen elkarlana. Pertsonen agerraldia. Prozeduran interesdun direnek ekarritako dokumentuak.
4. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio publikoen jarduketaren arau orokorrak: erregistroak. Dokumentuak artxibatzea. Tramitazioaren erantzukizuna. Administrazio publikoek egindako dokumentuak. Administrazio publikoek egindako kopien baliozkotasuna eta eraginkortasuna.
5. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio publikoen jarduketaren arau orokorrak: denbora zenbatzea. Epemugak eta epeak. Preskripzioa. Iraungitzea.
6. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio publikoen jarduketaren arau orokorrak: ebazteko betebeharra. Ebazteko gehieneko epea etetea. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea luzatzea. Administrazioaren isiltasuna interesdunek eskatuta hasitako prozeduretan. Berariazko ebazpenik ez izatea ofizioz abiatutako prozeduretan.
7. gaia.–Administrazio-egintzak. Kontzeptua. Administrazioaren egintza motak. Administrazio egintzen elementuak. Administrazio egintzen betebeharrak.
8. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio-egintzen eraginkortasuna. Efektuak. Jakinarazpena. Argitalpena.
9. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio prozedura erkidea I: kontzeptua eta izaera. Prozeduraren bermeak. Abstenitzea eta errekusatzea (39/2015 Legea).
10. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio prozedura erkidea II: prozeduraren hasiera.
11. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio prozedura erkidea III: antolamendua. Instrukzioa.
12. gaia.–9/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio prozedura erkidea IV: prozeduraren bukaera. Bukaera. Itundutako bukaera. Ebazpena. Atzera egitea eta uko egitea. Iraungitze-data.
13. gaia.–9/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio prozedura erkidea V: administrazio egintzen betearazpena.
14. gaia.–9/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio egintzaren baliogabetasunaren teoria. Administrazio egintzen deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak bide administratiboan berrikustea. Ofiziozko berrikuspena.
15. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio-errekurtsoak. Printzipio orokorrak. Gora jotzeko errekurtsoa. Aukerako berraztertzeko errekurtsoa. Aparteko berrikuspen errekurtsoa. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.
16. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. II. titulua. Administrazioen arteko harremanak. IX. titulua. Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki entitateen jarduketen aurkaratzea eta kontrola. I. kapitulua. Prozedura eta araubide juridikoa. II. kapitulua. Nafarroako toki entitateen jarduketen inpugnazioa eta kontrola.
17. gaina.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: atariko titulua: xedapen orokorrak, jarduketa-printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua. I. kapitulua ("Xedapen orokorrak"). II. kapitulua ("Administrazio publikoen organoak"). IV. kapitulua ("Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna"). VI. kapitulua ("Hitzarmenak").
18. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua ("Nafarroako toki-ogasunen baliabideak"). II. titulua ("Udal zergak"). I. kapitulua ("Xedapen orokorrak"). II. kapitulua ("Lur-ondasunen gaineko kontribuzioa"). V. kapitulua ("Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga"). VIII. kapitulua ("Etxebizitza hutzen gaineko zerga").
19. gaia.–280/1990 Foru Dekretua. Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen Erregelamendua. Ondasunak, oro har: kalifikazio juridikoa, aldaketa eta atxikipena. Eskurapenak. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea. Erabilera edo aprobetxamendua. Besterentzea eta kargak ezartzea. Nafarroako toki entitateetako herri-ondasunak: administrazioa eta xedapen egintzak. Aprobetxamendua. Hobekuntzak herri-ondasunetan.
20. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. III. titulua ("Administrazio Publikoen kontratuen araubide juridikoa"). I. kapitulua ("Obra kontratua"). V. kapitulua ("Zerbitzu kontratua"). Obra kontratua aldatzea. Obra kontratua betetzea. Obra kontratua ebaztea.
B.–Berariazko araudia.
21. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena: hirigintzako lizentziak. Udal administrazioak sustatutako obra arruntak. Udal lizentzia behar duten egintzak. Epeak. Eskumena eta prozedura. Eraginkortasuna. Iraungitze-data. Lizentzia eskatzeko prozeduraren ebazpena. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak. Erantzukizunpeko adierazpena edo dokumentazioa behar duten egintzetarako prozedura orokorra.
22. gaia–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua (lurzoru urbanizaezina Nafarroan): jarduera onartuak, baimengarriak eta debekatuak. Babestu eta gorde beharreko lurzoruko jarduera eta erabilera baimengarriak. Prozedura berezia. Lurzoru urbanizaezinerako baimenak eskatzeko dokumentazio teknikoa. Prozedura berezia. Lurzoru urbanizaezinerako baimenak eskatzeko dokumentazio teknikoa.
23. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua (kontserbatzeko beharra). Exekuzio-aginduak eta haien prozedura. Udal exekuzio subsidiarioak. Obrak antolamenduz kanpoko eraikinetan.
24. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua (aurria hirigintzako legedian). Aurri-adierazpena. Kontzeptua, izaera eta karaktereak. Aurri egoera motak eta legezko kasuak. Eskumena, prozedurak eta efektuak.
25. gaia.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.
26. gaia.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onesten duena eta enpresa eta lokalen erregistroak arautzen dituena.
27. gaia.–32/2006 Legea, Eraikuntza Sektoreko Azpikontratazioa arautzen duena. I. kapitulua. Xedea eta aplikazio esparrua.
28.gaia.–Garesko Udalaren ordenantza, eremu publikoan terrazak paratzea arautzen duena.
29. gaia.–142/2004 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena. 5/2006 Foru Dekretua, urtarrilaren 16koa, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua. 151/2006 Foru Agindua, maiatzaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren eranskineko eduki batzuetako adierazpen grafikoak.
30. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak. Atariko titulua. I. titulua. I. eta V. kapituluak. III. titulua. I. eta II. kapituluak. 26/2022 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua (17/2020 Foru Legeak arautzen ditu Ingurumenean Eragina duten Jarduerak).
31. gaia.–26/2022 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua. IV. titulua. Jarduera sailkaturako lizentzia. V. titulua. Ikuskapena eta kontrola. I. eta II. kapituluak. VI. titulua. Ingurumen legezkotasuna lehengoratzea. I. eranskina. II. eranskina.
32. gaia–38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzkoa: eraikingintzan parte hartzen duten eragileak (sustatzaileak, etxegileak, arkitektoak eta arkitekto teknikoak). Esku-hartzea, ahalmenak eta erantzukizuna. Arkitektura proiektuak eta obren zuzendaritza: edukia eta aplikatzekoak diren xedapenak.
33. gaia–Ondasun higiezinen balorazioa ECO/805/2003 Aginduan: kostuaren metodoa. Konparazioaren metodoa. Errentak eguneratzearen metodoa. Hondar metodoa.
34. gaia.–12/2018 Foru Legea, ekainaren 14koa, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa. I. titulua. I. kapitulua. Xedea. Printzipioak. Definizioak. II. kapitulua. Aplikazio-eremua. III. titulua. I. kapitulua. Irisgarritasuna lurraldean. II. kapitulua. Irisgarritasuna eraikuntzan. III. kapitulua. Irisgarritasuna garraioan.
C.–Gai teknikoak.
35. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Suteetarako oinarrizko segurtasun agiria (DB-SI). Hastapenak. SI-1. Barne hedapena. SI-2. Kanpo hedapena. SI-3 Okupatzaileak ateratzea. 4. Suteen kontra babesteko instalazioak. SI-5. Suhiltzaileen esku-hartzea. SI-6 Egituraren sutarako erresistentzia. SI A eranskina. Terminologia.
36. gaia.–164/2025 Errege Dekretua, martxoaren 4koa, Industriako establezimenduetako suteen kontrako segurtasunerako erregelamendua onesten duena. I. kapitulua ("Xedapen orokorrak"). II. kapitulua ("Industriako establezimenduek bete beharreko baldintzak"). I. eta II. eranskinak.
37. gaia.–513/2017 Errege Dekretua, maiatzaren 22koa, Suteen kontra babesteko instalazioen erregelamendua onesten duena. Xedapen orokorrak. Suteen kontra babesteko produktuak. III. kapitulua. Enpresa instalatzaileak eta mantentze-lanetakoak. Instalatzea, zerbitzuan jartzea eta mantentze-lanak egitea. Aldizkako ikuskapenak. Suteen kontrako ekipamendu eta sistemen ezaugarriak eta instalazioa.
38. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa. Erabilerari eta irisgarritasunari buruzko oinarrizko segurtasun agiria (DB-SUA). Hastapenak. SUA-1. Erortzeko arriskuaren aurreko segurtasuna. SUA -2. SUA-3.SUA-4. SUA-5.SUA-6. SUA-7. Arrisku hauen aurkako segurtasuna: talka-arriskua, harrapatua gelditzeko arriskua, argiztapen desegokiak eragindakoa, okupazio handiko egoerek eragindakoa, itotze-egoerek eragindakoa eta mugitzen ari diren ibilgailuek eragindakoa. SUA-9. Irisgarritasuna. A eranskina. Terminologia.
39. gaia.–DA DB-SUA / 2. Lehendik dauden eraikinetako irisgarritasun baldintzen egiazko egokitzapena.
40. gaia.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa (EKT). Zaratatik babesteko oinarrizko agiria (DB-HR). Hastapenak. 1. Alderdi orokorrak. 2. Eskakizunen ezaugarriak eta kuantifikazioa.
41. gaia.–1367/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena soinu-eremuen banaketari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.
42. gaia.–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa. Eraikuntza lanetako segurtasuna eta osasuna. Segurtasunari eta osasunari buruzko azterketak. Laneko segurtasun eta osasun plana. Segurtasunaren eta osasunaren arteko koordinazioa. Esku hartzen duten eragileen betebeharrak. Gorabeheren liburua. Aurretiazko abisua. Eranskinak.
43. gaia.–Uztailaren 23ko TMA/851/2021 Agindua, zeinaren bidez garatzen baita irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezeko baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa, espazio publiko urbanizatuak eskuragarri eta erabilgarri egon daitezen.
44. gaia.–EKT DB HE, HE 0, HE 1, HE 4, HE 5, HE6.
45. gaia–EKT DB SE.
46. gaia.–108/2014 Foru Dekretua, eraikinen ebaluazio txostena arautzen duena.
47. gaia.–Obraren antolaketa. Antolaketa motak. Obra gauzatzeko plana. Gantten diagramak. Denboraren eta kostuen kontrola.
48. gaia.–Neurketak eta aurrekontuak. Definizioa. Oinarrizko kontzeptuak. Obra aurrekontuak. Administrazioarekiko kontratuetako oinarrizko kontzeptuak. Aurrekontuaren egitura. Ziurtagiriak.
Garesen, 2026ko maiatzaren 25ean.–Alkatea, Itziar Imaz Artazcoz.
III. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENERAKO EREDUA, GARESKO UDALEKO ARKITEKTO TEKNIKOAREN (APAREJADOREA) PLAZA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIRAKO
NANa/IFZa | JAIOTEGUNA | ||
HELBIDEA | |||
HERRIA | P. KD. | TELEFONOA | |
HELBIDE ELEKTRONIKOA | |||
AZALTZEN DUT:
Betetzen ditudala Garesko Udalaren zerbitzuko aparejadorearen plaza oposizio bidez betetzeko deialdian eskaturiko baldintza guztiak, behar den epean eta moduan. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2026ko ........................... aren ..................(e)an, ............ zenbakian.
–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.
- Nortasun agiri nazionala edo pasaportea, indarrean.
- I. eranskinean eskatzen den titulazioa.
- Tasa ordaindu izanaren agiria.
–Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak). Bete, kasua bada:
–Aurkezten dudala desgaitasuna dudala frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana. Bete, kasua bada:
Horrenbestez, ESKATZEN DUT onartua izatea aipatutako hautapen-prozesuan.
.....................................................(e)n, 2026ko .........................................aren ..........(e)(a)n
(Sinadura)
GARESKO UDALEKO ALKATEA.
Datuen babesa. Tratamenduaren arduraduna: Garesko Udala. Helburua: langileak hautatzea eta deialdi honetako lanpostua betetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta bestelako eskubideak ere, jarraikiz deialdiaren 3.4 oinarrian adierazitako informazio gehigarriari.
Iragarkiaren kodea: L2607720
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
