113. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Oposizioa, goi-mailako tituludun kultur teknikariaren 1 plaza betetzeko

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2026ko maiatzaren 25ean, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da goi-mailako tituludun kultur teknikariaren 1 plaza oposizio bidez betetzea, funtzionario araubidekoa eta A mailakoa. Plaza hori izanen da Giza Baliabideetako zuzendariak 2026ko apirilaren 23an emandako ebazpenaren bidez iragarritako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen dena, eta horren plaza-zenbakia, betekizunak eta destinoa izendapen-proposamena egin baino lehen zehaztuko dira.

Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Plaza honako txanda honetan banatuko da:

  • 1 plaza txanda irekian

1.3. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaie, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.

Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitate-gradua edukitzea Arte Ederretan, Filosofian, Historian, Artearen Historian, Humanitateetan, Musikologian, Literatur Ikasketetan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, Zuzenbidean, Ekonomian, Pedagogian, Kazetaritzan, Gizarte eta Kultura Antropologian, Publizitatean eta Harreman Publikoetan, Soziologian, edo baliokidetzat jotako titulazio batekoa.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Euskarako eta ingeleseko C1 mailako hizkuntza-gaitasuna.

e) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

3.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.

Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 26 eurokoa da. Tasa telematikoki ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Unibertsitateko gradu-titulua Arte Ederretan, Filosofian, Historian, Artearen Historian, Humanitateetan, Musikologian, Literatur Ikasketetan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, Zuzenbidean, Ekonomian, Pedagogian, Kazetaritzan, Gizarte eta Kultura Antropologian, Publizitatean eta Harreman Publikoetan, Soziologian, edo baliokidetzat jotako titulazioa.

–Euskarako eta ingeleseko C1 mailako hizkuntza-gaitasuna egiaztatzen duten tituluak.

Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kudeatzaileari baimena ematen ahalko dio titulua Hezkuntza Ministerioaren Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan kontsultatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztatuko denik. Hori gertatzen baldin bada eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c) %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren aitorpena organo eskudunari eskatu izana egiaztatzen duen agiria.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakume izangaiek baldintza hori egiaztatu beharko dute, genero-indarkeriako delitu batengatik kondena-epaia, babes-agindua edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial aurkeztuz, edo Ministerio Fiskalaren txostena aurkeztuz, non adieraziko baita demandatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela. Halaber, genero-indarkeriazko egoerak egiaztatzen ahalko dira gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiriaren eta txostenaren bidez.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, deusetan galarazi gabe parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4.–Izangaiak onestea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du, Udalaren webgunean.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Íñigo Gómez Eguiluz, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Javier Ignacio Manzanos Garayoa, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko goi mailako tituluduna.

Epaimahaikidea: Oskia Ugarte Abarzuza, Uharte Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria

Epaimahaikide ordezkoa: gaian aditua den teknikari bat.

Epaimahaikidea: Juan Zapater López, Bilbao Arte Fundazioaren zuzendaria.

Epaimahaikide ordezkoa: gaian aditua den teknikari bat.

Epaimahaikidea: Antonio Rodríguez Murugarren, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Pablo Rodríguez San Martín, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide idazkaria: Víctor Piñero Larrasoaña, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.

6.–Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2026ko abendutik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

6.3. Oposizioak proba bat izanen du, bi atalekoa:

a) I. atala: test erako galdetegia.

Ariketa teorikoa eta praktikoa izanen da. Izangaiek test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez, deialdi honen I. eranskinean jasotako gaitegiko gaiei buruz. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan akatsak nola zigortuko diren. Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

b) II. atala: bi kasu teoriko-praktiko ebaztea eta ahozko azalpena.

Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz edo ordenagailuz ebatzi beharko dira epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko gaitegiari buruz proposatutako bi kasu praktiko. Garatzeko galderak izanen dira. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. 40 puntu horietatik 30 idatzizko probari dagozkio, eta 10, ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute idatzizko ariketan gutxienez 15 puntu eta ahozkoan gutxienez 5 puntu eskuratzen dituztenek.

Proba idatzian plika-sistema erabiliko da.

Kasu teoriko-praktikoa ahoz eta publikoki azaltzeko eta defendatzeko deia eginen zaie ariketa gainditu eta probaren bigarren zatian notarik altuenak lortzen dituzten 30 izangaiei. Izangai batzuk 30. postuan berdinduta izanez gero, horiek guztiak igaroko dira hurrengo probara.

Izangai bakoitzak horretarako zehazten den egunean (Udalaren webgunean argitaratuko da) aurkeztu beharko ditu kasu teoriko-praktikoak epaimahaiaren aurrean, gehienez ere 10 minutuz, eta epaimahaiak izangaiak egindako ariketaren inguruko galderak egiten ahalko ditu, beste 10 minutuz.

Ahozko defentsan lortutako kalifikazioa kasu teoriko-praktikoen idatzizko atalean lortutakoari gehituko zaio, eta idatzizko probaren puntuazioa ahozko aurkezpena egin baino lehenago argitaratuko da.

6.4. Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean, argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balioespenei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

6.7. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko zaizkie, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, zozketa bakar batez ebatziko da horretarako deituko den ekitaldi publikoan.

8.–Izendapen-proposamena eta agiriak aurkeztea.

8.1. Epaimahaiak Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian jasotako plaza kopuruaren arabera.

Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

8.2. Proposatzen den izangaiak agiri hauek aurkeztuko ditu Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:

8.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.

d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

8.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

8.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta betekizunak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.

8.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 8.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.

9.–Izendapena, plaza hutsak esleitzea eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsa esleituko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoak izendapen-akordioan horretarako ezartzen den egunean hartu beharko du plazaren jabetza.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaren jabetza hartzen ez duenak Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

9.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, plazan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio plazaren jabetza hartzen duen egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 8.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, epaimahaiak ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez duten izangaiekin:

a) Plazarik lortu ez, baina oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Plazarik lortu ez, oposizioa gainditu ez, baina hautapen-prozesuko probako I. atala gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko probako I. atalean ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.

11.2. Deialdian eskatutako betekizunak sartzeko prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

11.3. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

11.4. Oposizioa gainditu baina plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.

Halaber, plazarik eskuratu ez eta oposizioa gainditu ez dutenen zerrendan izangaien hurrenkera probaren I. atalean erdietsitako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.

Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

11.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru plazatik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.

11.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere kasuan kasuko hautaprobak gainditu badituzte eta haien egoera frogatzen badute.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen, haren oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko administrazioarekiko auzien atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 25ean.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.

I. ERANSKINA.–GAITEGI OROKORRA

1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.

3. gaia.–1985/7 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera (X. titulua, II. kapitulua). Iruñeko Udalaren Udal Antolaketari buruzko Dekretua.

4. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. titulua, Administrazioen arteko harremanak.

5. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Aldi baterako langileak. IV. titulua: Kontratatutako langileak.

6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozeduran interesdun direnak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; zehaztapenak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak: Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betetzea. V. titulua. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

7. gaia.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duena.

8. gaia.–Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.

9. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

10. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

11. gaia.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratu-tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketaren printzipioak eta arauak. Publikotasun-arauak eta esleipen-prozedurak. Kontratuak gauzatzea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.

13. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia. Diagnostikoa eta Ekintza Plana.

14. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Xedapen orokorrak eta dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.

15. gaia.–Iruñeko Udala. Egitura eta administrazio-antolaketa. Udal-alorrak eta haien funtzioak Gobernu-organoak: Osoko Bilkura eta Gobernu Batzarra. Udalaren aurrekontua eta plantilla organikoa.

16. gaia.–Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza.

17. gaia.–Informatika-kontzeptuak: Word 2016 testuen tratamendua, Excel 2016 kalkulu-orriak, espedienteen kudeaketa, Internet eta posta elektronikoa.

18. gaia.–Gatazkak konpontzea. Negoziazioa eta bitartekaritza. Akordio eraginkorrak. Elkar ulertzeko giroa sortzea. Estresaren kudeaketa.

19. gaia.–Europar Batasunak finantzatutako proiektuen kudeaketa Kulturaren esparruan: identifikazioa, programak, sareak, kideak, hautagaitzak, jarraipena eta kudeaketa.

ZATI ESPEZIFIKOA

1. blokea.–Kultur politikak, eskubide kulturalak eta administrazioa.

1. gaia.–Espainiako kultur politiken historia 1978. urtetik. Kultura-deszentralizazioa, Autonomien estatua eta kultura-eskumenen garapena.

2. gaia.–Kultur politiken bilakaera Nafarroan. Erakundeak, programak eta kultur kudeaketa publikoko ereduak.

3. gaia.–Eskubide kulturalak: definizioa, garapena eta nazioarteko esparruak. 2030 Agenda, UNESCO eta parte-hartze kulturala.

4. gaia.–Kulturaren arau-esparrua. Espainiako Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Legea, estatuko eta Nafarroako legeria aplikagarria.

5. gaia.–Kultura Ministerioaren Eskubide Kulturalen Plana: I. atala (Oinarriak) eta II. atala (Eskubide Kulturalen Plana).

6. gaia.–Vianako Printzea Erakundea: jatorria, garapen historikoa, funtzioak eta egungo egoera.

7. gaia.–Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusia: egiturak, eskumenak, ekintza-ildoak eta programa estrategikoak.

8. gaia.–Iruñeko Udaleko Kulturako Alorra: antolaketa, eskumenak, ekipamenduak eta Udaleko kultur politikak.

9. gaia.–Iruñeko Udaleko Kulturako Alorra: dirulaguntzak, sariketak eta udaleko kultur programak.

2. blokea.–Ziudadela, ondarea eta lurralde-testuingurua.

10. gaia.–Iruñeko Ziudadelaren historia: arte garaikideari eskainitako erakusketa-eremua eta egungo proiektura iristeko izan duen bilakaera.

11. gaia.–Ziudadelako kultur guneak: erabilerak, ezaugarriak eta erakusketa-aukerak.

12. gaia.–Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bilduma: jatorria, eskuratze-, kontserbazio- eta hedatze-irizpideak.

13. gaia.–Iruñeko kultura-ekosistema: eragileak, elkarteak, kultura-zentroak, jaialdiak eta lankidetza-sareak.

14. gaia.–Nafarroako kultura-ekosistema: lurraldearen ezaugarriak, deszentralizazioa eta sorkuntza garaikideko dinamikak.

15. gaia.–Nafarroa-Akitania Berria-Euskadiko mugaz gaindiko testuingurua: kultura-lankidetza eta euroeskualdeko proiektuak.

16. gaia.–Kultura garaikidea eta lurraldearen arteko lotura. Hurbileko kultura, memoria, espazio publikoa eta tokiko parte-hartzea.

3. blokea.–Arte garaikidea, teoria eta erreferenteak.

17. gaia.–Arte garaikidearen eraldaketak XX. mendearen bigarren erdialdetik gaur egunera arte, estatuko testuinguruan.

18. gaia.–Praktika artistiko garaikideak estatuko testuinguruan: diziplinartekotasuna, performatibotasuna eta hizkuntza berriak.

19. gaia.–Artea eta testuingurua: lankidetzako, komunitateko eta sozialki konprometitutako praktikak.

20. gaia.–Komisariotza garaikidea: ereduak, metodologiak eta diskurtsoak.

21. gaia.–Kultura garaikideko zentroak Nafarroa-Akitania Berria-Euskadiko eremuan: kudeaketa-ereduak, programazioa eta bitartekaritza.

22. gaia.–Sorkuntza bisual garaikidea Nafarroan eta hurbileko testuinguruan: artistak, espazioak eta joerak.

23. gaia.–Ikus-entzunezko praktikak, soinuzkoak eta digitalak arte garaikidean.

4. blokea.–Bitartekaritza, hezkuntza eta publikoak.

24. gaia.–Bitartekaritza kulturala eta hezkuntza artistikoa: kontzeptuak, garapena eta egungo eztabaidak.

25. gaia.–Bitartekaritzarako metodologiak arte garaikideko zentroetan.

26. gaia.–Hezkuntza-programak kultura-zentroetan: diseinua, ezarpena eta ebaluazioa.

27. gaia.–Artistekin lankidetzan aritzea, bitartekaritza eta hezkuntza hedatuko prozesuetan.

28. gaia.–Publiko kulturalak: analisia, segmentazioa eta audientziak garatzeko estrategiak.

29. gaia.–Herritarren partaidetza eta kultura kolaboratiboa.

30. gaia.–Irisgarritasun unibertsala eta inklusioa kultura-zentroetan eta programazio artistikoan.

31. gaia.–Genero-ikuspegia, kultur aniztasuna eta jasangarritasuna kultura-proiektuetan.

32. gaia.–Programa publikoen gizarte- eta kultura-eragina ebaluatzea.

5. blokea.–Kudeaketa, ekoizpena eta profesionalizazioa.

33. gaia.–Kultura garaikideko guneak kudeatzea: planifikazioa, antolaketa, koordinazioa eta jasangarritasuna.

34. gaia.–Kultura-proiektuak diseinatzea eta planifikatzea: helburuak, publikoak, baliabideak, ebaluazioa eta kultura-eragina.

35. gaia.–Erakusketak eta kultura-jarduerak programatzea eta ekoiztea.

36. gaia.–Erakusketen koordinazio teknikoa eta erakusguneen kudeaketa.

37. gaia.–Harreman profesionala artista, komisariotza eta eragile kulturalekin.

38. gaia.–Kultura-proiektuen kudeaketa administratiboa eta ekonomikoa: aurrekontuak, dirulaguntzak eta finantzaketa publikoa.

39. gaia.–Kontratazio publikoa, erakundeen arteko lankidetza eta kultura-lankidetza sareak.

40. gaia.–Jasangarritasuna, irisgarritasuna, zaintzak eta lan-baldintzak kultur arloan.

6. blokea.–Komunikazioa, argitalpenak eta dokumentazioa.

41. gaia.–Komunikazioa kultura garaikideko zentroetan: estrategiak, publikoak eta bitartekaritza kulturala.

42. gaia.–Komunikazio digitala, sare sozialak eta kultura garaikidea.

43. gaia.–Proiektu artistiko garaikideen dokumentazioa, artxibatzea eta hedatzea.

44. gaia.–Kultura-argitalpenen edizioa, nortasun bisuala eta diseinu grafiko instituzionala.

45. gaia.–Komunikazio irisgarria, kultur aniztasuna eta idatzizko bitartekaritzarako tresnak.

7. blokea.–Ekoizpen artistikoa eta sorkuntzarako laguntza.

46. gaia.–Arte garaikideko ekoizpen-prozesuak: metodologiak, denborak eta koordinazioa.

47. gaia.–Egoitza artistikoak, sorkuntzarako laguntza-programak eta lurraldearekiko lotura.

48. gaia.–Sorkuntza-prozesuetan laguntzea eta artistekin harremanak izatea.

49. gaia.–Etika, jardunbide egokiak, genero-ikuspegia eta profesionalizazioa egungo kultur arloan.

50. gaia.–Kultura-ekoizpenerako eta -erakusketarako formatu berriak: praktika hibridoak, digitalak eta lankidetzakoak.

Iragarkiaren kodea: L2607679