113. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LESAKA

Oposizio-lehiaketa, bete daitezen zerbitzu anitzetako ofizial/mendizainen bi plaza

Alkatetzaren 2026ko maiatzaren 13ko 383/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi dira, oposizio-lehiaketa bidez bete daitezen zerbitzu anitzetako ofizial/mendizainen bi plaza, funtzionarioen araubidekoak.

Deialdia gauzatzeko, aplikatu beharreko araudian eta oinarri hauetan ezarritakoa beteko da.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako ofizial/mendizainen bi plaza, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak, Lesakako Udalaren zerbitzuan aritzeko. Halaber, hautapen-prozesua baliatuz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratu nahi da, sortzen diren beharrei erantzuteko.

Deialdiko plazek 14. eta 15. zenbakiak dituzte plantilla organikoan, eta txanda hauetan banatuko dira:

  • 1 plaza txanda irekian.
  • 1 plaza igoera-txandan.

Plaza horiek 2026ko lan publikoaren eskaintzan sartzen dira, zeina argitara eman baitzen 2026ko 44. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 2koan.

1.2. Igoera txandako plaza hutsen bat bete gabe geldituz gero izangaiak iritsi ez direlako hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

1.3. Izendapenak Lesakako Udaleko funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen direnetik aitzina, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean kidetuko dira, eta, hala behar badu, hartan alta emanen zaie.

1.4. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoarekin (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), 1984ko uztailaren 4ko Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamenduan xedatuarekin eta aplikatzekoa den gainerako araudiarekin, eta, orobat, plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak izanen ditu (mailako osagarria, %12koa; lanpostuko osagarria, %18koa, eta arrisku bereziko osagarria, %5ekoa).

1.5. Lesakako Udalak ezarriko ditu lanpostu horren lanaldiaren araubidea eta ordutegia; zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.

1.6. Oinarri hauetan ezarri ez den orotan, honako arau hauei jarraituko zaie: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Bete beharreko eginkizunak bere mailari eta kategoriari dagozkionak izanen dira, besteak beste, mantentze-lanak egitea udal-eraikinen eta udal-ondasunen adar elektriko eta mekanikoan, eta askotariko zerbitzuak ematea. Horrez gain, antzeko beste eginkizun batzuk ere izanen dituzte, espezializazio zehatzik behar izan gabe, eskatzen dutenak ofizioaren nolabaiteko ezagutza edo trebetasuna. Orobat, eginkizunak aldatzen ahalko dira zerbitzuaren beharren arabera. Hori guztia eskumenaren esparruan eta maila eta kategoriaren barruan.

Lanpostu honetan aritzeak berekin dakar, besteak beste, honako betebehar hauek betetzea:

–Uren arloa.

–Oro har, uraren kontsumoa eta kalitatea zaintzea eta analizatzea herrian, egon daitezkeen ihesak, kutsadurak (kloro falta) eta abar detektatzeko eta arazoak konpontzeko. Hornidura-sarerako hobekuntzak proposatzea, bai kontrolari dagokionez, bai mantentze-lanei eta konponketei dagokienez.

–Sarearen egoera egiaztatzea. Egunero zaintzea hornidura-sistemaren funtzionamendua: ur-biltegiak, ponpatze sistemak, mailak eta kontsumoak...

–Kloroa analizatzea. Egunero kloroa egiaztatzea, eta hilean behin Osasun Departamentura bidaltzea. Osasun Departamentuaren errekerimenduak konpontzea, kalitate-arazoei dagokienez.

–Ur-harguneen egoera aztertzea. Ur-harguneak egoera onean dauden begiratzea, eta behar diren lanak egitea, horiek ongi funtziona dezaten. Hobekuntzak proposatzea, hobeki funtziona dezaten. Ur-harguneen eta kutxatilen irisgarritasuna begiratzea, eta horretarako behar diren lanak antolatu eta egitea. Sasiz garbitzea, urtean behin gutxienez, ur-harguneetarako sarbideak. Ur-biltegiak garbitzea eta estankotasun-probak egitea.

–Ur-hodiak. Emariak kontrolatzea eta ihesak detektatzea eta konpontzea, sarearen eraginkortasuna hobetzeko. Mantentze prebentiboa (oxidazio- eta zahartze-arazoak dituzten hodiak aldatzea). Deskargak hustea, hodiak garbitzeko. Uraren ihesak eta gastuak kontrolatzeko giltzak jartzea. Ur-sareko obrak eta konponketak gainbegiratu eta kontrolatzea, planoak eguneratzea eta aldaketak arduradunari jakinaraztea.

–Urarekin lotutako informazioa eta zerbitzuak ematea herritarrei. Aurretiaz behar den lizentzia eskuratu dutenen kasuan, ur-sarerako lotura gainbegiratzea. Ur-horniduraren inguruko eskaerei erantzutea.

–Mantentze-lan orokorren eta biomasa-galdaren arloa.

–Askotariko mantentze eta konponketa lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea. Igeltserotza, pintura azpiegituretan eta udal-lokaletan.

–Bero-sareko eta Udaleko biomasa-galdaren mantentze-lanak egitea.

–Aipatutakoez gain, haren gain jartzen direnak, lanpostuari dagozkion ahalmen eta gaitasunekin bat etorriz gero.

–Mendia zaindu eta mantentzeko lanak, garbiketa, inausketak, landaketak, pista eta bidexketan seinaleak jartzea eta mantentze-lanak egitea, suteen prebentzioa eta zainketa, herri-basoetako basoberritzea.

–Nafarroako Gobernuko basozainekin koordinatzea basolanak egiteko.

–Herri-basoetan inausketak eta garbiketak egitea eta belar-sastrakak kentzea.

–Udaleko arkitekto teknikoarekin koordinatzea udal-azpiegiturak, -ondasunak eta -zerbitzuak zaintzeko eta mantentzeko.

3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, parte-hartzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako bigarren mailako titulua edukitzea, edo haien baliokidea den titulu bat, edo edukitzeko moduan egotea (titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina). Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide-kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko zuzenbideko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.

d) Euskaraz jakitea. Horretarako, ahozko B2 eta idatzizko B1 tituluak aurkeztu behar dira, edo, bestela, eskatutako ezagutzaren proba espezifikoa egin behar da, 9.5 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

g) B motako gidabaimena izatea.

3.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:

a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona lanean ari bada deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako polizia-kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

3.2. Espainiako nazionalitatea ez dutenek, parte hartu nahi badute, zinpeko aitorpen edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ezen inongo diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez diela galarazten beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

3.3. Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

3.5. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bide erabiliz (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), kontuan izanik ezen, epe hori egun baliogabean bukatzen bada, hurrengo egun balioduna izanen dela eskabideak aurkezteko azken eguna.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Lesakako Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Lesakako Udalaren egoitza elektronikoan dago:

Egoitza elektronikoa-LESAKA.

4.2. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotu beharko zaizkio (I. eranskina).

4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia.

b) Gidabaimenaren kopia.

c) Deialdi honen 3. oinarriko c) atalean eskatutako tituluen kopia.

d) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztien kopiak.

e) Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa: 15,00 euro.

Ordaintzeko modua: zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan: ES88 3008 0054 1507 1153 2911.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek: izen-deiturak eta kontzeptua, hots, zer hautapen-prozesutan parte hartu nahi den.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da, inskribaturik egon diren bitartean, eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana, eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilabetero.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu-bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan agertu beharko da zein egunetan inskribatu zen lan-eskatzaile gisa, eta, orobat, adierazi beharko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide-sustapen, -prestakuntza edo -birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik hilean. Horretarako, deialdiaren fitxan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskabidean berean horretarako dagoen tokian idatzi.

Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taulan/tauletan zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaindu arren, ezinbestekoa izanen da aurkezteko izapidea behar den epean eta moduan egitea.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil nahiz administratiboak eskatuko dira.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.5. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, baldin ariketa egiteko egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, agiri bat aurkeztu beharko dute, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua), organo eskudunak emana.

5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lesakako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, eta haren bidez onetsiko du izangai onartuen eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda. Halaber, Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan argitaratzeko aginduko du.

5.2. Behin-behineko zerrenda Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahal dituzte eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Lesakako Udaleko erregistro orokorrean.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Lesakako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, aditzera emanik, orobat, non, noiz eta zein ordutan eginen den deialdi honetako lehen hautaproba. Ebazpen hori Lesakako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda onetsiko da.

5.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen-prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta egokitzen ahal zaizkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Ladis Satrustegui Alzugaray, Lesakako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Argiñe Ordoki Urkixo, Lesakako Udaleko alkateordea.

Lehen epaimahaikidea: Jon Ander Altxu Elizagarai, Landaben enplegurako prestakuntza zentroko prestatzaile/orientatzailea.

Ordezkoa: Asier Pérez Areta, Landaben enplegurako prestakuntza zentroko prestatzaile/orientatzailea.

Bigarren epaimahaikidea: José Javier Bermúdez Olave, Landaben enplegurako enplegurako prestakuntza-zentroko prestatzaile/orientatzailea.

Ordezkoa: Juan Luis Arnaiz Varona, Landaben enplegurako enplegurako prestakuntza-zentroko prestatzaile/orientatzailea.

Hirugarren epaimahaikidea: Pedro Apezteguia Alzugaray, Lesakako Udaleko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Mikel Gotzon Ortiz de Urbina Olaetxea, Lesakako Udaleko ordezkari sindikala.

Epaimahaikide idazkaria: María José Larráyoz Ariztegui, Lesakako Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Mikel Belarra Telletxea, Berako Udaleko idazkaria.

6.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko eginen diote, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude indarreko araudian abstenitzeko ezartzen diren egoeretako batean, eta izangaiek haiek errekusatzen ahalko dituzte arrazoi horietako bat gertatuz gero.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gutxienez bi hilabete iragan ondoren hasiko da oposizio-lehiaketa. Lehenik lehiaketaldia izanen da, eta, ondoren, oposizioaldia, oinarri hauen arabera.

7.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian, kalifikazio-epaimahaiak baloratuko ditu lehiakideek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean alegatutako eta frogatutako merezimenduak, merezimenduen baremo honekin bat:

1.–Egindako zerbitzuak (gehienez ere 20 puntu):

–Nafarroako toki entitate batean emandako zerbitzuengatik, baldin eta C mailako lanpostuetan egin badira, edo bete beharreko lanpostuaren mailatik goragoko batean, eta zerikusia badute makinak erabiltzearekin, igeltserotzarekin, iturgintzarekin, elektrizitatearekin, soldadurarekin, lorezaintzarekin eta instalazioen mantentze-lanak eta basolanak egitearekin: 2 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

–Gainerako administrazio publikoetan emandako zerbitzuengatik, baldin eta C mailako lanpostuetan egin badira, edo bete beharreko lanpostuaren mailatik goragoko batean, eta zerikusia badute makinak erabiltzearekin, igeltserotzarekin, iturgintzarekin, elektrizitatearekin, soldadurarekin, lorezaintzarekin eta instalazioen mantentze-lanak eta basolanak egitearekin: 1 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

–Enpresa pribatuetan emandako zerbitzuengatik, baldin zerikusia badute makinak erabiltzearekin, igeltserotzarekin, iturgintzarekin, elektrizitatearekin, soldadurarekin, lorezaintzarekin eta instalazioen mantentze-lanak eta basolanak egitearekin: 0,25 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa.

2.–Prestakuntza ikastaroak (gehienez ere 4,75 puntu):

Soilik baloratuko dira lanpostuarekin lotura duten berariazko prestakuntza-ikastaroen tituluak edo bertaratze-ziurtagiriak, betiere erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu badituzte. Honela:

–10 ordutik 30 ordura bitarteko ikastaroak: 0,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

–30 ordutik 100 ordura bitarteko ikastaroak: 0,7 puntu ikastaro bakoitzeko.

–100 ordutik gorako ikastaroak: 1 puntu ikastaro bakoitzeko.

10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak ez dira puntuatuko.

3.–Lanpostuarekin zerikusia duten Lanbide Heziketako tituluak, baldin eta deialdian parte hartzeko eskatzen den tituluaz bestelakoak badira (gehienez ere 4,75 puntu):

–Erdi-mailako lanbide-arlo hauek: Nekazaritza, Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Fabrikazio Mekanikoa; Instalazioa eta Mantentze-lanak; Zura; Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak, edo baliokideak: 2,5 puntu titulu bakoitzeko.

–Goi-mailako lanbide-arlo hauek: Nekazaritza, Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Fabrikazio Mekanikoa; Instalazioa eta Mantentze-lanak; Zura; Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak, edo baliokideak: 3,00 puntu titulu bakoitzeko.

4.–A2 motako gidabaimena edukitzea: 0,5 puntu.

Lehiaketaldiaren balorazioa gehienez 30 puntukoa izanen da.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

Lanean zer administraziotan aritu diren, administrazio horien ziurtagirien bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, eta agiri horietan datu hauek agertu beharko dira nahitaez:

–Bete den lanpostua eta zer administraziotan aritu den.

–Zerbitzu-ematearen iraupena, hasierako egunetik bukaerako egunera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.

–Lanaldiaren ehunekoa.

Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaera arte, egindako lanaldiaren ehunekoaren arabera. Puntu honetako puntuazioa emanen da, gehienez ere, eguneko lanaldi oso bat kontuan hartuta.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte bost egun balioduneko epean, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.

7.2. Oposizioaldia.

Alkateak ebazpen bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren; zerrenda argitara emanen da Lesakako Udalaren egoitza elektronikoan.

Halakorik bada, epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu Lesakako Udalaren egoitza elektronikoan, gutxienez 48 ordu lehenago; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta oposizioaldiko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.

Oposizioko ariketak, ahal den guztietan, gutun-azal itxien sistema erabiliz eginen dira, eta gehienez 70 puntu lortzen ahalko dira. Honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehenbiziko ariketa. Teorikoa: test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz; erantzuteko zenbait aukera emanen dira baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Proba honetan, epaimahaiak 30 puntu emanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 15 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrak zigortu eginen dira, kalifikazio-epaimahaiak zehaztutako moduan.

–Bigarren ariketa. Praktikoa: eskuzko proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, deialdiaren II. eranskineko gaiekin loturikoak.

Ariketa honek, gehienez 40 puntu izanen ditu guztira, eta bazterturik geldituko dira 20 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Ariketa horiek egiteko ezin da inongo hiztegirik erabili, ezta kalkulagailurik edo telefono mugikorrik edo bestelako materialik ere; bolaluma urdin edo beltza baino ez.

Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du kalifikazioen zerrenda, eta, kasua bada, adieraziko du zein egun eta ordutan irekiko diren gutun-azal itxiak jendaurrean, Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun-atarian.

Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun balioduneko epean, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.

Epaimahaiak erabakiko du proba bakoitza egiteko zer denbora izanen den.

Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean daramatela nortasun-agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira probara agertzen ez direnak edo nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak.

Desgaitasun frogatua dutenendako (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.

Epaimahaiak, egokitasuna bilatuz eta ariketetan ahalik eta egun gutxien erabiltzearren, erabakitzen ahal du ariketa bat baino gehiago egitea egun berean edo haien ordena aldatzea, eta baldin ariketaren bat egiteko zailtasunagatik beharrezkoa bada (zehazki, ariketa praktikoa egiteko zailtasunagatik), egun batean edo gehiagotan egiten ahalko dira, kontuan harturik zenbat diren aurreko probak gainditu dituzten izangaiak eta zenbat toki behar den ariketa egiteko; halaber, aztertuko da segurtasun-tartea izateko neurriak hartu behar diren, parte-hartzaileen, epaimahaikideen eta aholkularien artean.

–Hizkuntza-maila zehazteko proba.

Euskararen ezagutza egiaztatzen duen B2-B1 mailako titulua edo baliokidea ez dutenek aukera izanen dute ezagutza hori egiaztatzeko, eskatutako hizkuntza-maila zehazten duen proba gaindituz.

Maila-proba hori egin nahi duten izangaiek eskabide-orrian adierazi beharko dute.

Euskarabideak eginen du hautapen-prozesua, eta bi ariketa izanen ditu.

Lehenengoa idatzizko ariketa izanen da, eta baloratuko dira irakurmena eta idazteko trebetasunak (gramatika, hiztegia, diskurtso-egokitasuna, antolaketa eta koherentzia, etab.).

Bigarrenean, ahozko ariketa bat eginen da, hizkuntzaren ahozko ezagutzaren ulermena eta irismena baloratzeko (gramatika-errepertorioa, etorria, interakzioa, ahoskera eta intonazioa, diskurtso-kohesioa, etab.).

Bi ariketak gainditzen dituzten izangaiek bakarrik frogatuko dute euskararen ezagutza, eta hautapen-prozesuan parte hartzen ahalko dute.

8. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

8.1. Oposizioa amaitu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak Lesakako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du txanda bakoitzeko gainditutakoen zerrenda, lortutako kalifikazioen arabera ordenatuta, eta zerrenda hori Lesakako Udaleko alkateari helaraziko dio.

8.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

8.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

9. oinarria.–Baldintzak egiaztatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

Alkateak egoitza elektronikoan argitaratuko ditu hautatu beharreko plaza hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda, plaza hutsak hautatzeko daukaten lehentasunaren arabera ordenatuta.

Ondoren, horretarako ezarriko den epearen barrenean, izangai bakoitzak jakinaraziko du zein den bere lehentasun hurrenkera plaza huts horiek eskuratzeko.

10. oinarria–Epaimahaiaren proposamena.

Behin plaza hutsak hautatzeko epea bukaturik, epaimahaiak alkateari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen-prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak.

Izendapen proposamen hori Lesakako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkio alkateari: batetik, hautapen-prozesua gaindituta plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautapen-probetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.

11. oinarria.–Agiriak aurkeztea. Izendapena eta karguaz jabetzea.

11.1. Kontratazio-proposamena egoitza elektronikoan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Lesakako Udalaren erregistro orokorraren bidez:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) –Deialdian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Administrazioak noiznahi egiaztatzen ahalko du aurkeztutako dokumentazioa. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsukeria atzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

c) Euskararen ezagutza frogatzen duen agiria.

d) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun-ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik, administrari-ofizialaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.

e) Zinpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

f) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

g) Oinarrietako 3.1.e) puntuan eskatutako ziurtagiria.

h) Lesakako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

Proposatutako izangaiek ez badituzte agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez badira, ezin izanen dira izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (8. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko ataletan ezarri bezala jokatuko da.

11.2. Izendapena eta karguaz jabetzea.

Eskatzen zaizkion agiriak aurkeztu ondoren, alkatearen ebazpen baten bidez, Lesakako Udaleko funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Izendapen-ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz izangaiek.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Lesakako Udalean funtzionario sartzeko.

Baldin eta izangaiari, funtzionario bilakatu ondoan eta hark eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzeko egunetik beretik –lanpostuan batere aritu gabe–, hutsik gelditzen den plaza deialdiaren 8. oinarrian xedatzen den moduan beteko da, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

12. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoarekin, eta Lesakako Udaleko zerbitzu anitzetako ofizial/mendizainen lan-poltsa kudeatzeko araudian eta oinarri honetan ezarritako prozeduran ezarritakoarekin (III. eranskina), aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hau prestatuko da hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

b) Probak gainditu ez dituzten baina hautapen-prozesuko lehen proba gainditu duten izangaien zerrenda, proba horretan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

12.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena; hori guztia, aplikatzekoak diren kudeaketa-arauetan ezarritakoari jarraikiz. Orobat, hautapen-prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehen proba teorikoan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, erabiliko da Lesakako Udalean maila horretako kontratuak egiteko, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiko xedearekin bat, barnean direla bitarteko kontratuak, harik eta lanpostuaren jabetza hartzen den arte.

Poltsakoei deitzeko, kontuan izanen da III. eranskinean ezarritako araudia.

13. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuen tratamenduaren arduraduna:

Identitatea: Lesakako Udala.

Posta helbidea: Herriko Plaza 1, 31770, Lesaka.

Telefonoa: 948 637005.

Helbide elektronikokoa: udala@lesaka.eus.

Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea botere publikoen jardunean.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan; horretarako, idazki bat bidali behar dute haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

14. oinarria.–Errekurtsoak.

14.1. Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

14.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lesakan, 2026ko maiatzaren 26an.–Alkatea, Ladis Satrústegui Alzugaray.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

Deialdia (eskuratu nahi den lanpostua): …………………..........................……………………………….

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren argitaratu zen, zenbaki honetan: ...............................................; data honetan: ...........................................

Jarri X aukeratzen duzun txandan: Txanda irekia Barne igoera

Datu pertsonalak:

Deiturak eta izena: ............................................................................................................................

NANa edo agiri baliokidea: ……………………………................................……………………………….

Jaioteguna: …………................................................................................................................……..

Helbidea (kalea, zenbakia, solairua, posta kodea, herria): ..................................................................

Telefonoa: …………………………….............................................................……………………………..

Helbide elektronikoa: ...........................................................………………………………………………..

Nazionalitatea: ..........................................................……………………………………………………….

Adierazten dut:

Erantsi dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

Euskararen jakite-maila frogatzeari dagokionez:

Erantsi dudala euskararen ezagutza frogatzeko dokumentazioa, eta maila hau dudala: ..............………..

Euskararen ezagutza frogatzeko proba egitea eskatzen dudala: ............……………...................…

Desgaitasuna dudala eta, hortaz, egokitzapenak eskatzen ditudala (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak): ............................................................……………

Aurkezten dudala desgaitasuna frogatzen duen frogagiria, erakunde eskudun honek emana: ….................................................................................................................................……...........................…

Eskabidearekin batera aurkezten dudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Horrenbestez, ESKATZEN DUT onartua izatea aipatutako hautapen-prozesuan.

Eguna eta sinadura

DATUEN BABESA:

Helburua: Emandako datu pertsonalak erabiliko dira entitatearen hautapen-prozesuan, bere eskumenez baliatzeko.

Tratamenduaren legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da, betetzeko eginkizun bat interes publikoaren aldekoa, edo botere publikoak erabiliz - Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina.

Adostasuna:

Eskubideak non erabili: Interesdunek erregistro-bulegoan eta egoitza-elektronikoan erabiltzen ahalko dituzte datuetan sartzeko eta horiek zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta tratamendua mugatu eta haren kontra egitekoak ere. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan; horretarako, idazki bat bidali behar dute haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

Datuak gordeko diren denbora: Datuak gordeko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta biltegiraturik edukiko dira entitate honek haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: Datuak sindikatuei, langileen batzordeei eta organo judizialei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, deialdian adierazi bezala.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Ur-hornidura: ur-biltegiak eta sareak. Sarearen osagaiak. Balbula motak, kloragailuak eta neurtu eta kontrolatzeko elementuak. Mantentze-irizpideak. Lesakako hornidura-sarea (ur-harguneak eta ur-biltegiak).

2. gaia.–Saneamendu sareak. Sare motak, materialak, eta kolektoreen eta erregistro-elementuen ezaugarriak. Mantentze-irizpideak.

3. gaia.–Iturgintza eta berokuntza eraikinetan. Tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza-zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Energia-aurreztearen kontzeptua eta ingurumen-arloko kontzeptuak. Iturgintzako eskemak ulertzea.

4. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

5. gaia.–Igeltserotza. Produktu, erreminta eta materialak ezagutzea eta erabiltzea. Obretako seinaleak. Eraikinen kontserbazioa, zuinketa, eta konponketa txikiak espazio publikoko elementuetan. Obrak egoera onean zaintzea eta haiek mantentzeko lanak.

6. gaia.–Elektrizitatea. Elektrikariaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (polimetroa, bihurkinak, guraizeak, aliketak...). Eraikinetako banaketa-koadroak eta haien osagaiak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak, kontaktoreak...). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Indar-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak –lur-konexiodunak zein gabekoak–, lanparak). Argi-zirkuituak: lanparak eta ekipoak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Presentzia-detektagailuak eta luxmetroak. Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Telefonia. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko neurriak. Eskema elektrikoak ulertzea.

7. gaia.–Mekanika/metal arotzeria. Mekanikako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, bihurkinak, hainbat motatako giltzak, zerrak, zulagailu eramangarria...). Sarrailagintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak, metalezko altzarien mantentze-lanak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko neurriak.

8. gaia.–Zurgintza. Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, zulagailu elektrikoa eta beste batzuk, hala nola lixak, kolak...). Zurgintzako oinarrizko lanak (ate eta leihoak doitzea; pertsianak eta beirak). Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko neurriak.

9. gaia.–Pintura eta estaldurak. Pinturako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Pintura mantentzeko oinarrizko lanak. Pintura-produktuak aplikatzeko oinarrizko ezagutzak. Segurtasun arauak. Pintura lanetan hartu beharreko arreta-neurriak.

10. gaia.–Soldadura. Kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak.

11. gaia.–Argiteria publikoaren instalazioak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Argien euskarrien banaketa. Kanpoan jartzen diren luminariak: motak eta ezaugarriak.

12. gaia–Lanpara motak, erabilerak, ezaugarriak eta horiek funtzionatzeko behar diren ekipo osagarriak. Loturen eskemak. Elektrizitate lanetako arriskuak prebenitzea.

13. gaia.–Eraikinetako elektrizitatearen banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak

14. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

15. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko erabilerari buruzko ezagutza.

16. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa. Zereginen eta lanen arriskuak detektatu eta ebaluatzea. Banakako eta taldeko babes baliabideak.

17. gaia.–Informatikari buruzko oinarrizko ezagutzak. Hardwarea, softwarea, memoriak, disko gogorra, atakak, sistema eragilea, Internet eta posta elektronikoa, segurtasun informatikoa.

18. gaia.–Oinarrizko bulegotika. Word, Excel eta posta elektronikoa erabiltzea.

19. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua (1., 2., 3., 4. artikuluak), II. titulua (12. artikulua), III. titulua (20., 21., 24. artikuluak).

20. gaia.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa. Atariko titulua.

21. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa. I. titulua (1., 3., 5. eta 6. artikuluak).

22. gaia.–Lesakako geografia: kokapen geografikoa, lekuak, auzoak, alderdiak, errekak eta baserriak. Lesakako mugak.

23. gaia.–Lesakako errealitatearen gaineko ezagutza: Udalaren zerbitzu publikoak, eraikinak eta lokalak.

24. gaia.–Lesakako Udalaren funtzionamendua eta indarreko ordenantzak.

25. gaia.–Baso-kudeaketa. Ezagutu, erabili eta mantentzea mendiko lanetako produktuak eta oinarrizko tresnak (sasi-garbitzeko makina, soropil-ebakitzekoa, aizkora, motozerra). Karrikak eta plazak garbitzea.

26. gaia.–Lesakako basoen aberastasuna: basoko espezieak, banaketa, ezaugarri botanikoak, ekologia eta garrantzia, kontserbazioaren ikuspegitik eta sortzen dituzten etekin materialak eta komertzialak kontuan hartuta.

27. gaia.–Zuhaitzak neurtzea eta kubikatzea. Dentsitatea, azalera basimetrikoa, altuerak eta bolumena.

28. gaia.–Baso-tratamenduak. Mozketa motak eta hobekuntzak, eta horiek jasotzen dituzten espezieak.

29. gaia.–Basoko gaixotasun eta izurriteak Lesakan. Eragindako espezieak eta lanen kostua.

30. gaia.–Motozerra: deskripzioa eta mantentze-lanak. Zuhaitzak motozerrarekin moztea: alderdi praktikoak eta segurtasun-ekipamendu beharrezkoa.

31. gaia.–Motosega: deskripzioa, zainketa eta mantentze-lanak, alderdi praktikoak eta behar duen segurtasun-ekipamendua.

32. gaia.–Laneko arriskuak. Prebentzioa. Zereginen eta lanen arriskuak detektatu eta ebaluatzea. Banakako eta taldeko babes baliabideak.

33. gaia.–Lantaldeen koordinazioa eta kudeaketa.

34. gaia.–Lidergoa eta langileen kudeaketa. Lan-arloko legediari eta kontratazioari buruzko oinarrizko ezagutzak. Proiektuak kudeatzea.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera.

III. ERANSKINA.–LESAKAKO UDALEKO ZERBITZU ANITZETAKO OFIZIAL/MENDIZAINEN LAN-POLTSA KUDEATZEKO ARAUAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ebazpen honen xedea da zenbait arau ezartzea, izangaien zerrenda kudeatzeko, zerbitzu anitzetako ofizial/mendizainen 2 plaza betetzeko Lesakako Udalean, aldi baterako lan-kontratuen bidez.

2. artikulua. Zerrenda eratzea.

1. Hautapen-prozesuko probak gainditu dituzten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, puntuazioaren arabera.

2. Izangaien zerrendako lehentasuna ezarriko da lehiaketaren zati osoan eta oposizioaren zati osoan lortutako puntuazio handienaren arabera. Orobat, hautapen-prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehen proba teorikoan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.

Zerrendak indarrean dauden bitartean, lanpostu bererako beste zerrendaren bat osatzen bada hautaproben deialdi publiko baten bidez, lehenetsiko dira berrikien onetsitako zerrendetako izangaiak, zerrenda zaharragokoen aurretik.

4. Kanpainarako kontratazioen edo dirulaguntzekin lotutakoen kasuan, eta betiere aparteko presa duten arrazoiak badaude, behar bezala justifikatuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko zaio izangaien zerrenda bat bidal dezan.

5. Udalak, efikazia- eta efizientzia-arrazoiak direla-eta, hala behar badu, aukera izan daiteke lanaldi partzialeko kontratuak egiteko.

Izangaiei dei egiten zaienean, zerbitzu anitzetako ofizial/mendizainen lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da zer ezartzen den Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru plazatik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.

3. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.

1. Errazago aurkitzeko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat ematen ahal dute. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du. Udalak hautapen-prozesuan parte hartzeko eskaera-orritik eskuratuko ditu datu horiek. Dena den, interesdunak berariaz eskatzen ahalko du datu horiek aldatzeko eta/edo eguneratzeko.

2. Izangaiei deitzeko orduan, aurretik ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.

3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark adierazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.

4. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

6. Hasiera batean hilabetekoak edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, eskainiko zaizkio haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete behar izan gabe.

7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eskainiko, lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan izan ezik, horietan ahaleginak eginen baitira udal berean bete beharreko beste premia batzuekin osatzeko lanaldia, betiere kontratu beraren barruan posible bada eta interesduna ados badago.

8. Kasu bakoitzean ezarritako epean jakinarazi beharko du izangaiak kontratua onartzen duela, eta epe hori ez da 24 ordu baino gehiagokoa izanen, deia jasotzen denetik hasita, udalak hala erabakitzen badu. Erantzuten ez badu, interesdunak kontratuari uko egiten diola ulertuko da.

4. artikulua. Deietarako lehentasun apartekoa.

1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 6 hilabeteko epearen barruan, udal berean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion momentuan baldintza hauek betetzen badira:

–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

–Aurreko kontratua bukatzeko arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

5. artikulua. Presako deiak.

Behar bezala frogatutako presako kasuetan, kontratazioa, behin baimendu ondoren, lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaio, 3.3 artikuluan ezarritakoa bete behar izan gabe.

6. artikulua. Deia egitea amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

1. Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia (ez, ordea, aitatasunarena) hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan, izangaiek aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen badute, lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, eta orduan sinatuko dute kontratua.

2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

3. Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

4. Horrelakoetan, Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio epe hau: amatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz, lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

7. artikulua. Kontratazio eskaintzari uko egitea.

1. Izangairen batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendatik at geldituko da, egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:

a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Lanaldi partzialeko kontratu bati uko egitea, baldin eta ez bazuen aukera hori hautatu parte hartzeko eskabidean. Lanaldi partzialeko kontratu bat onartuz gero, 3.8 artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

c) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatzen duten arte uko egiteko arrazoia bukatu dela.

d) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela-eta kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik. Arrazoi hori dela-eta kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte, salbu eta aipatu arrazoia lehenago desagertzen bada.

f) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), eskainitako kontratuaren hasiera-eguna egotea bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

g) Behar bezala aitortutako desgaitasuna izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

2. Aurreko atalean jasotako kasuetan, g) letrakoetan izan ezik, izangaiek jakinarazi beharko dute zerbitzuak emateko moduan daudela. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), e) eta f) letretako kasuetan, ukoa justifikatzeko arrazoi gisa, bi aldiz baino ezin izanen da erabili gertaera eragile bera.

3. Izangaiek, baldin eta artikulu honetako 1. atalean adierazitako egoeretako batean badaude –g) letrakoan izan ezik–, hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, egoera hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Justifikatuz gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

8. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Deia egiteko erabili den zerrendatik baztertuko dira egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

c) Probaldia ez gainditzea.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta ukoaren zergatia bada izangaia Lesakako Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan-kontratudun finko gisa sartu dela, maila bereko edo apalagoko beste lanpostu batean aritzeko, edo arau honen 3.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, nahiz eta behin eta berriz deitu kontratatzeko, hark emandako telefonoen edo helbide elektronikoaren bidez.

f) Lesakako Udalean eta haren erakunde autonomoetan funtzionario gisa edo lan-kontratudun gisa sartzea lanpostu berean edo maila altuagoko beste batean jarduteko.

g) Lanpostutik alde egitea.

h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, baldin eta horrek badakar lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa.

Iragarkiaren kodea: L2607664