Iragarkia
111. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
27/2026 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2026-2027 baso-kanpainarako oinarri arautzaileak eta deialdia onesten baitira toki entitateek eta eragile pribatuek sustatutako basolanetarako laguntzak emateko, 2023-2027 NPEPEko 6881.1 "Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak" eta 6881.4 "Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduketak" esku-hartzeen barneko jarduketetarako. DDBN kodea: 828723.
2022-08-31ko Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez, Espainiako 2023-2027rako NPEren Plan Estrategikoa onetsi zen (aurrerantzean NPEPE) Europar Batasunaren laguntzarako, zeina Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen baitute.
NPEPEk Nafarroa landa garapeneko 6881.1 esku-hartzearen aplikazio eremuaren barnean sartzen du (Inbertsio ez-produktiboak, basoberritzean eta nekazaritza- eta baso-sistemetan). Esku-hartze horrek basoberritze hauek biltzen ditu:
–Basoko espezieak landatzea, barne daudela hutsarteak betetzea edo proiektuak egitea.
–Tratamendua ematea dagoen landarediari.
–Lurra prestatzea.
–Lanak gauzatzeko eta ondoren kontserbatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak.
NPEPEk, halaber, Nafarroa landa garapeneko 6881.4 esku-hartzearen aplikazio eremuaren barnean sartzen du (Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduketak), jarduketa hauekin:
–Kudeaketa planak eta basoak hobetzeko proiektuak idaztea.
–Egitura hobetzeko baso-jarduketak.
–Berariazko dibertsifikazioa.
–Mendien aprobetxamendu jasangarria eta erabilera publikoa errazteko eta arautzeko jarduketak.
–Aurreko jarduketa horietako edozeinetako helburuak lortzeko beharrezkoak diren azpiegiturak.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.
Halaber, 50.1.e) artikuluak aitortzen du Nafarroak, bere foru araubidearen kariaz, eskumen osoa duela ondoko gai honen gainean: "Nafarroako Foru Komunitatearen edota udal, kontzeju eta gainerako administrazio entitateen tituIartasunekoak diren mendiak".
Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak 2. eta 3. artikuluetan ezartzen ditu legearen helburuak, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira:
1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.
2. Nafarroako baso eremuetako zuhaiztien hedadura sustatzea, batez ere birsortzearen eta eboluzioaren ondorioz jatorrizko baso bilakatzen ahal diren landare-formazioak sortuz.
3. Toki entitateen lankidetza sustatzea, baso-lurrak zaindu eta babesteko.
4. Mendien aprobetxamendu ordenatua arautzea eta sustatzea, lehengai berriztagarrien iturri diren aldetik, bateragarri eginez ingurumenaren babesarekin eta mendiak dauden eremu geografikoetan errentak sortzearekin.
Helburu horiek erdiesteak berekin ekarriko du Nafarroako Foru Komunitateko baso-sistemek irautea eta horiek hobetzea, horrek dituen onura zuzeneko eta zeharkako guztiekin, hasi landako populazioak finkatu eta lanpostuak sortzearekin eta buka baso-suteen prebentzioarekin, higaduraren kontrako borrokarekin, gai berriztagarrien erabilerarekin (zura, konparazio batera) eta mendekotasun energetikoa gutxitzearekin. Horiek guztiak onura publikokoak eta interes sozial handikoak dira.
Aurrekoa kontuan harturik, aipatutako arauaren 66. artikuluak hauxe dio hitzez hitz: "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, dagozkion aurrekontuen mugen barnean, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen die mendi edo baso lur publiko nahiz pribatuen titularrei, baso aprobetxamenduen titularrei, basogintzako elkarteei eta basogintzako industria eta enpresei".
13/1990 Foru Legearen 70., 71. eta 72. artikuluek laguntzen mailaketari eta bateragarritasunari buruzko alderdi orokorrak ezartzen dituzte, baita dirulaguntza baremoei buruzkoak ere. Otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Mendien Erregelamenduaren 104., 105. eta 107. artikuluetan zehaztu dira alderdi horiek. Erregelamendu horrek berak ezartzen du, 105.9 artikuluan, ebazpen batek garatuko duela artikulu horren edukia.
Basogintzako jardueren ezaugarri teknikoen ondorioz, baita lanen xede diren tokien ezaugarri klimatikoen ondorioz ere, bideraezina da horiei urteko bakarrean heltzea. Basoberritzeak horren adibide dira: lurra prestatzeko faseak urteko hilabeterik idorrenetan egiten dira; zorua prest uzten da, lurra meteoriza dadin eta landaketak, orokorrean, hurrengo neguaren amaieran egiten dira. Hau da, urtebete baino gehiago irauten duten kanpainak dira.
Laguntzen deialdi hau da Nafarroako Baso Agendako Baso Gobernantzari buruzko Ardatzaren 3. programak (Baso kudeaketa jasangarriaren finantzaketa) garatzen dituen neurrietako bat (Gobernuak 2019ko azaroaren 13an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Baso Agenda). Eta, era berean, Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuetako 15.a lortzen laguntzen du (agenda hori Nazio Batuen Batzar Orokorraren 2015eko irailaren 25eko Ebazpenaren bidez onetsi zen): "Lur ekosistemen erabilera jasangarria babestea, lehengoratzea eta sustatzea, oihanak jasangarritasunez kudeatzea, desertifikazioari aurre egitea; lurren hondatze bidea galaraztea eta itzulikatzea eta biodibertsitatearen galbidea geraraztea".
Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 29ko bilkuran hartutako erabakietako bat da Ingurumeneko zuzendari nagusiari baimena ematea urte anitzeko konpromisoak hartzeko, 2026ko ekitaldiari egoztekoak, guztira 3.070.000 eurokoak, toki entitateek eta eragile eta elkarte pribatuek sustatzen dituzten basolanetarako laguntzen deialdiak bultzatzeko 2025-2026ko kanpainarako (NPEPEko 6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeak). Ondoren, Nafarroako Gobernuak 2026ko apirilaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, Gobernuaren 2025eko urriaren 29ko Erabakia aldatzen da, zeinaren bidez Ingurumeneko zuzendari nagusiari baimena eman baitzitzaion 2027ko ekitaldiari egotz dakizkiokeen urte anitzeko konpromisoak hartzeko (3.070.000 euro), helburua izanik toki entitateek eta eragile pribatuek sustatutako basolanetarako laguntzak 2026-2027 kanpainan emateko deialdiari erantzutea, NPEren Plan Estrategikoaren Nafarroako esku-hartzeen esparruan, 2027ko ekitaldiko epe ertaineko plan ekonomikora egokitzeko. Horrek esan nahi du Ingurumeneko zuzendari nagusiak baimena duela urte anitzeko konpromisoetako 970.000 euro hartzeko, Gobernuaren 2025eko urriaren 29ko Erabakiaren bidez baimendutakoren gainetik.
Ebazpen honek 2023-2027rako NPEPEren Nafarroako kudeaketa agintaritzaren (Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzua) aldeko txostena du, eta urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean eman da (foru dekretu horren bidez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, Europako nekazaritza funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, batetik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 255/2023 Foru Dekretuak, laugarren xedapen gehigarrian egindako deskontzentrazioa dela medio, bestetik, ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Oinarri arautzaileak eta dirulaguntza emateko eta ordaintzeko prozedura onestea.
I. eranskinean jasota dauden oinarri arautzaileak onesten dira toki entitateek eta eragile pribatuek sustatutako basolanetarako laguntzak emateko, 2023-2027 NPEPEko 6881.1 "Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak" eta 6881.4 "Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduketak" esku-hartzeen barneko jarduketetarako (hasiera izanen dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukaera, aldiz, 2027ko urriaren 8an). Halaber, II. eranskineko inprimakiak onesten dira (laguntzaren eta ordainketaren eskaeretarako inprimakiak), bai eta III. eta IV. eranskinetako zerrendak ere.
Beraz, laguntza hauek LGENFek kofinantzatuko ditu, eta gastu publiko hautagarriaren %45eko intentsitatea izanen dute.
Bi esku-hartzeetako bakoitzak (6881.1 eta 6881.4) prozedura bat eraginen du, eta prozeduretako bakoitza dagokion ebazpenaren bidez bukatuko da, nahiz eta biek ala biek oinarri berberak partekatu eta bietarako eskaera bakarra aurkeztu.
2. Deialdia onestea.
Toki entitateek eta eragile pribatuek sustatutako basolanetarako laguntzak emateko deialdia onesten da, 2023-2027 NPEPEko 6881.1 "Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak" eta 6881.4 "Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduketak" esku-hartzeen barneko jarduketetarako.
3. Aurrekontuko kredituak.
A) Deialdi honek I. eranskinaren arabera sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 3.400.000 euroko gastua baimentzen da toki entitateek sustatutako basolanen laguntzetarako, 2027ko ekitaldiko aurrekontuko "2023-2027 NPEPE. Basolanetarako dirulaguntzak toki entitateendako" izeneko 740002/74200/7609/456704 partidaren edo antzekoaren kargura, baldin eta horretarako kreditu nahikoa badago.
B) Deialdi honek I. eranskinaren arabera sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 640.000 euroko gastua baimentzen da eragile pribatuek sustatutako basolanen laguntzetarako, 2027ko ekitaldiko aurrekontuko "2023-2027 NPEPE. Basolanetarako dirulaguntzak eragile pribatuendako" izeneko 740002/74200/7709/456705 partidaren edo antzekoaren kargura, baldin eta horretarako kreditu nahikoa badago.
4. Eskaerak aurkezteko epea.
Bi laguntzetarako eskaerak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari (aurrerantzean, DDBN) jakinaraztea.
Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.
6. Ebazpena argitaratzea.
Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eranskinekin.
7. Ebazpena jakinaraztea.
Ebazpen hau igortzea Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
8. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 19n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–6881.1 "BASOBERRITZEAK" ETA 6881.4 "INGURUMEN-HELBURUAK DITUZTEN BASO-JARDUKETAK" ESKU-HARTZEETAKO LAGUNTZAK (AURRERANTZEAN, TOKI ENTITATEEK ETA ERAGILE PRIBATUEK SUSTATUTAKO BASOLANETARAKO LAGUNTZAK) 2026-2027 KANPAINARAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea eta aplikazio-eremua.
1.1. Oinarri hauen xedea da arautzea nola eman laguntzak toki entitateek eta eragile pribatuek sustatutako 2023-2027 NPEPEko 6881.1 "Basoberritzeak" eta 6881.4 "Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduketak" esku-hartzeetarako. Hori guztia, aplikatu beharrez Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEren plan estrategikoak) laguntza emateko –finantzatuta dago Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kargura–, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen baitira, bereziki 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 118. artikuluaren 6. apartatua.
1.2. Zehazki, 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluan, estatu kideek inbertsio jakin batzuetarako eman beharreko laguntzak aipatzen dira. Horretarako, laguntza horiek lagundu behar dute 6.1 eta 2 artikuluetan aipatzen diren helburu espezifikoetako bat lortzen eta, betiere, erregelamendu horrek ezartzen dituen baldintzak eta estatu horietako NPEren plan estrategikoen zehaztapen gehigarriak bete behar dira.
Kontuan hartuta 73. artikulu horretako 4. puntuko c) apartatua, inbertsio hauek dira diruz lagungarriak, besteak beste: basoberritzeko inbertsioak eta nekazaritza- eta baso-sistemak ezarri eta lehengoratzekoak; 6. artikuluko 1. apartatuko d), e) eta f) letretan ezarritako helburu batekin edo batzuekin lotutako inbertsio ez-produktiboak, barne daudela basogintzarako azpiegituretakoak; basoaren potentziala berreskuratzeko inbertsioak, hondamendi naturalen, fenomeno klimatiko kaltegarrien edo katastrofeen ondoren; prebentzio-jarduketa egokietarako inbertsioak; eta basoen osasuna mantentzeko inbertsioak. Tamaina jakin bat gainditzen duten ustiategien kasuan (estatu kideek zehaztuko dute tamaina hori NPEren plan estrategikoetan), basogintza sektorerako laguntzak emateko, bidezko informazioa aurkeztu beharko da, baso-kudeaketarako plan batetik edo baso-kudeaketa jasangarrira egokitzen den tresna baliokide batetik datorrena, Europako basoen kudeaketa jasangarrirako jarraibide orokorretan definitzen den bezala. Jarraibide horiek Europako basoak babesteari buruzko Bigarren Ministro Konferentzian onetsi ziren, Helsinkin, 1993ko ekainaren 16an eta 17an.
2. oinarria.–Neurrien helburua.
2.1. Basogintzarekin lotutako esku-hartzeek (6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeak, zehazki) laguntzen dute Batzordearen 2021eko uztailaren 16ko Komunikazioa aplikatzen, «Basoen aldeko 2030erako EBren estrategia berria» izenekoa.
Era berean, Nafarroako Baso Agenda garatzen dute, lerrokatuta dagoena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/841 (EB) Erregelamendutik eratorritako konpromisoekin eta Europako basoak babesteari buruz Ministro Konferentziek hartutakoekin. Hautagarriak izateko, esku-hartze horiek aplikatzen diren baso-lurrek kudeaketa plan bat edo tresna baliokide bat izan behar dute (73.2 artikulua), 250 hektareatik gorakoa. Azalera txikiagoetan, bete beharko da eskualdeko planetan eta inbertsioak justifikatzeko memoria eta proiektuetan ezarritakoa.
2.2. Zalantzarik gabe laguntzen dute 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan zehaztutako helburu espezifikoak lortzen:
–Klima-aldaketara egokitzea eta hura arintzea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta karbonoaren harrapaketa hobetuz, eta basoko biomasak ematen duen energia jasangarria sustatzea.
–Garapen jasangarria eta eraginkortasunez kudeatzea baliabide naturalak, hala nola ura, lurzorua eta airea.
–Biodibertsitatearen galera geldiaraztea eta lehengoratzea, ekosistemekin lotutako zerbitzuak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.
–Honako hauek sustatzea: enplegua, hazkundea, genero berdintasuna –emakumeek nekazaritzan parte hartzea barne– landa eremuetako gizarte inklusioa eta tokiko garapena, bioekonomia zirkularra eta basogintza jasangarria besteak beste.
3. oinarria.–Onuradunak eta baldintzak.
3.1. Nafarroako edozein toki entitate edo baso eragile pribatu izan daiteke basoberritzeko laguntzen eta ingurumen-helburuak dituzten jaso jarduketetarako laguntzen (hemendik aurrera, basolanetarako laguntzak) onuradun. Baso eragile pribatua da edozein pertsona fisiko edo juridiko, lanek ukitutako lurren jabe izan ala ez, baldin eta eskatzen badu baso-lurretan ondoko epigrafeetan zehaztuko diren lanak egitea, betiere ezarritako betebeharrak betetzen baditu eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eusteko hitza ematen badu.
3.2. Honako hauek izan daitezke dirulaguntza hauen onuradun:
(a) Kudeatzen dituzten baso-lurretan deskribatutako basolanak egiten dituzten toki entitateak.
(b) Toki entitateak ez diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta eragile pribatu gisa ondorengo epigrafeetan deskribatutako basolanak egiten badituzte jarduteko baimena duten baso-lurretan, dela lur horien jabetza izateagatik, dela jabearen baimena izateagatik, beste titulu batean oinarrituta (errentamendua, gozamena, lagapena edo antzekoa).
Bi kasuetan, onuradun izateko, aldez aurreko baldintzak bete beharko dituzte eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsi beharko diete.
3.3. Egoera hauetakoren batean dauden pertsonak ezin izanen dira laguntzen onuradun izan:
(a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea, edo kondenaturik egotea delitu hauengatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia trafikoa, iruzurrak eta ordainarazpen legez kanpokoak edo hirigintzako delituak.
(b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak konplituta ez izatea, hala xedatu baldin badu aldez aurretik indarreko administrazio ebazpen irmo batek.
(c) "Krisian dagoen enpresa" izatea. Oro har, krisian dauden enpresak 2022/C 485/01 Nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan estatuko laguntzetarako jarraibideen (aurrerantzean, Jarraibideak) aplikazio eremutik kanpo gelditzen dira. Batzordearen ustez, enpresa bat krisi finantzarioan dagoenean, bere existentzia bera arriskuan dagoenez, ezin da beste helburu politiko publiko batzuk sustatzeko bide egokitzat jo, haren bideragarritasuna bermatuta egon arte. Horregatik, (33) 63 puntuaren arabera, laguntzen onuradunak zailtasun finantzarioak baditu, laguntzak aztertuko dira Krisian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera. Ulertuko da enpresa bat krisian dagoela baldin eta inguruabar hauetako bat, gutxienez, gertatzen bada:
–Erantzukizun mugatuko sozietatea izanez gero, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu bada metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago denean.
–Sozietateko bazkideetako batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea edukiz gero, kontabilitatean ageri diren beren funts propioen erdiak baino gehiago desagertu badira metatutako galeren ondorioz;
–Enpresa porrot edo kaudimengabezia prozedura batean dagoenean edo betetzen dituenean haren zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak porrot edo kaudimengabezia prozedura bat betetzeko, hartzekodunek hala eskatuta;
–ETEak ez diren enpresetan, baldin eta aurreko bi urteetan:
i) Enpresaren zorra/kapitala ratioa 7,5 baino handiagoa izatea; eta
ii) Enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDA oinarritzat hartuta kalkulatua, 1,0 baino txikiagoa izatea.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako adierazpenaren bidez.
(d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
(e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza eskaerari erantsitako adierazpenaren bidez.
(f) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak (lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu).
Ordainketa epeak bete direla honela frogatuko da:
a) Kontabilitate arauekin bat, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateen kasuan, adierazpen baten bitartez, zeina laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko baitute.
b) Kontabilitate arauekin bat, kontu hori aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ziurtagiri baten bitartez, zeina Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko baitu, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.
4. oinarria.–Toki entitate eta eragile pribatu onuradunak onartzeko irizpideak.
4.1. Basolanetarako laguntza eskaera bat onartzeko, 6. oinarrian bildutako jarduketa diruz lagungarrietako edozein egin beharko da, eta, gainera, behean zerrendatutako onargarritasun irizpideak bete beharko dira, eta prozeduran zehar mantendu beharko dira, bai eta laguntza kobratu ondorengo 5 urteetan ere:
a) Eskatzaileak eskaera zehazten eta baloratzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du SGANA aplikazio telematikoa erabiliz, baldin eta pertsona hori behartuta badago Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan zerrendatutako bide eta lekuak erabiliz. Hala ere, administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta ez daudenek ere SGANA aplikazio telematikoaren bidez aurkezten ahal dituzte bai laguntza eskaera bai dokumentazio teknikoa.
b) Jarduketa diruz lagungarriek bateragarriak izan behar dute Nafarroako Baso Agendarekin. Esteka honen bidez kontsulta daitezke:
c) 250 hektareatik gorako mendiak dituzten toki entitate edo partikularrek (edo horien batasunek) kudeaketa plan bat edo tresna baliokide bat izan beharko dute. Azalera txikiagoetan, bete beharko da eskualdeko planetan eta inbertsioak justifikatzeko memoria eta proiektuetan ezarritakoa.
d) Ziurtagiria duten mendietan jarduten duten onuradunek, laguntzak hartu ahal izateko, konpromisoa hartuko dute ziurtagiri horri eusteko behar diren agiriak prestatuko dituztela Nafarroako baso ziurtagiriaren Nafarroako entitate eskatzaileak erabakitzen dituen epeetan eta moduan (laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko eskaera-orrian eta dokumentazioan zehaztua dagoen bezala).
Ondorio horietarako, ziurtagiria duen menditzat joko da baso kudeaketa jasangarriko edozein ziurtapen sistema duena (hedatuenak PEFC edo FSC dira).
e) Laguntza hauek hartu ahal izateko, onura publikoko mendien titular diren toki entitateek aurkeztu beharko dute bertako idazkariak edo, bera ez egonik, toki agintari eskudunak sinatutako agiri bat, non ziurtatzen den beren hermendietan inbertitu dela 2020-2024 aldian beren onura publikoko mendietan egindako zur, egur eta larre aprobetxamenduetatik lortutako diru-sarreren %20 gutxienez, BEZa barne, (larreen aprobetxamendutzat hartuko da larreetatik, mendi-larreetatik, belaietatik eta belardietatik ateratzen dena). Agiri horretan, egindako lanak eta 2020-2025 aldiko lanen aurrekontua (BEZa barne) identifikatu beharko dira, eta, beraz, 2025eko diru-sarrerak ez dira kontabilizatuko. Ez eta baso-suteek ukitutako toki entitatearen mendietako egurraren salmentatik lortutako aparteko diru-sarrerak ere. 1. inprimakian egiaztatu beharko da gutxienez berrinbertsioaren %20 bete dela. Hori kalkulatzeko, kontuan hartuko dira inbertsio osoa (jasotako dirulaguntzak edo bestelako laguntzak kenduta) eta 5. inprimakian justifikatutako diru-sarrera guztiak.
Laguntza hauek hartu ahal izateko, mendi babesleen titular diren eragile pribatuek antzeko ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, legezko ordezkariak sinatua (5. inprimakia).
Ebazpen honen ondorioetarako, onura publikoko mendien eta mendi babesleen kasuan, diru-sarreratzat hartuko dira zur, egur eta larre aprobetxamenduei lotutakoak. Bestelako aprobetxamenduetatik (konparaziorako ehizatik, turismotik, harrobietatik edo haize-sorgailuetatik) sortzen diren diru-sarrerak ez dira kontuan hartuko, ez eta mendian eginiko jarduketengatik jasotzen diren dirulaguntzak ere.
Bakar-bakarrik ebazpen honen ondorioetarako eta onura publikoko mendientzat eta mendi babesleentzat, inbertsiotzat hartuko dira mendietan sortzen diren gastuak, kenduta onuradunak inbertsio horiek gauzatzeko jasotzen dituen dirulaguntzak, aldi horri dagozkionak, 2024-2025 kanpaina barne.
f) Jarduketek ingurumen baimena beharko dute, eta jarduketa motaren arabera behar diren bestelako baimenak ere eduki beharko dituzte.
g) Eskatzaileak ezin dira egon behar onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoari jarraikiz.
h) Eskatzaileek tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte.
i) Eskatzaileek ahalmenak edo eskubideak izan beharko dituzte laguntzaren xede diren lurretan jarduketa diruz lagungarriak egiteko, dela lur horien jabetza izateagatik, dela jabeak horretarako emandako baimena izateagatik.
4.2. Laguntzak onartu eta ordaindu aurretik egiaztatzen da onartuak izateko irizpideak betetzen direla, eta posible da irizpide horiek mantentzen direla egiaztatzeko frogak une oro egitea, baita ordainketa egin ondoren ere. Hala ere, aurreko h) letran jasotako irizpideari dagokionez, eskatzen da aipatutako betebeharrak une oro egunean daudela egiaztatzea, eta, beraz, betebehar horiek geroago (ondorengo aldi batean) betetzeak ez du akatsa konpontzen. Ondorioz, eskaera ukatuko zaio laguntzak emateko ebazpena ematean betetzen ez dituenari, eta geroago bete izanari buruzko ondorengo egiaztapenak ez du aldatuko laguntza ukatzeko ebazpena. Era berean, laguntza emateko unean betebehar horiek egunean dituela egiaztatzen duenari ordainketa ukatzen edo laguntza itzultzeko eskatzen ahalko zaio, baldin eta ondorengo betebeharrak betetzen ez baditu.
4.3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedaturikoa betez, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin, prozedura hasteko eskaeran ez badira betetzen aipatu 39/2015 Legearen 66. artikuluan edo aipatu 11/2005 Foru Legearen 19.2 artikuluan adierazitako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo nahitaezko agiriak aurkeztu, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskaeran atzera egiten duela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, zeina aipatu 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarri bezala emanen baita.
5. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.
5.1. Kostu diruz lagungarriak izanen dira 7. oinarrian jasotzen direnak, basolanen jarduketak eta azpijarduketak gauzatzearekin lotuak, baldin eta eranskin honen 6. oinarrian ezarritako baldintzak eta arau teknikoak betetzen badira.
5.2. Bitarteko propioekin egindako jarduketak diruz lagungarriak izanen dira, eskulana eta kostu materialak barne, baldin eta esku-hartzearen azalera 2 ha baino gutxiagokoa bada. Gauzazko ekarpenak ez dira diruz lagunduko.
Materialen kostua diruz lagungarria izanen da kasu guztietan, baldin eta eragiketa gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko materialak badira.
5.3. Ez dira kostu hautagarriak:
a) BEZa.
b) Bitarteko propioekin egin direla justifikatutako lanak, baldin eta 2 ha edo gehiagoko esku-hartze azalera bati eragiten badiote.
c) Auzolanak, hots, herriko auzotarrek egindako lanak, herriarekin kontratu-harremanik izan gabe. Diruz laguntzen ahalko dira lan horietarako erabiltzen diren materialen kostuak.
d) Makineriaren amortizazio-kostuak eta material suntsikorraren kostuak.
5.4. Kostuen moderazioaren printzipioa bermatzeko, Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie edozein jarduketatan aurkeztutako gastuei (bitarteko propioekin egindakoak barne). Hemen ikus daitezke:
https://www.navarra.es/eu/medio-ambiente/gestion-forestal/tarifas-para-obras-y-trabajos-forestales
Aurkeztutako memoria teknikoan edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horietakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du, eta espedientearen ardura duen teknikariak (edo, hala bada, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren kasuan kasuko atalak) onartu edo ukatu eginen du.
6. oinarria.–Esku-hartze eta jarduketa diruz lagungarriak. Arau teknikoak.
Eskaeretan, ondotik heldu diren esku-hartzeetako jarduketak jasoko dira, eta bakoitzarentzat finkatutako arau teknikoak bete beharko dira. Eskatzaileak indarreko plangintza tresnarik badu, mendirako indarrean den hobekuntza planetik etorriko dira eskatutako jarduketak.
Desadostasun teknikorik bada sustatzailearen eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren artean, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da.
Esku-hartze hauek dira diruz lagungarriak:
–"Basoberritzeak" esku-hartzea (6881.1):
- Hondakinen eta dagoen landarediaren tratamendua.
- Lurra prestatzea.
- Ereiteko eta/edo landatzeko lanak.
- Itxiturak, banakako babesleak eta lotutako beste azpiegitura batzuk.
- Basoberritzeen mantentze-lanak.
–"Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduketak" esku-hartzea (6881.4):
- Basolanak.
- Baso-azpiegiturak.
- Biodibertsitatea hobetzea.
- Azpiegitura txikiak.
- Baso proiektuen eta memorien dokumentazio teknikoa prestatzea.
- Obra zuzendaritza.
6.1. Basoberritzeak (6881.1 esku-hartzea):
1. Oro har, honako jarduketa hauek jaso dezakete dirulaguntza, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik:
a) Basoberritze osoa, lurra prestatzeko eta landaketa egiteko jarduketak sartuta.
b) Lurra prestatzea gero landaketa egiteko: basoberritzea hein batean eskatzea, kanpaina batean lurraren prestaketa baizik ez sarturik, basoberritzerako jarduketa guztiei ekiteko ezintasun teknikoaren kariaz.
c) Landaketa edo ereintza: eskaeran landaketa edo ereintza sartzen da, aitzineko kanpainan lurraren prestaketa egin zelako.
d) Itxiturak eta banakako beste babes sistema batzuk paratzea.
e) Landaketa egin eta lehenbiziko bost urtean egin behar diren mantentze-lanak: hutsarteak betetzea eta landare lehiakideak kontrolatzea. Salbuespenez, betiere Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak arrazoitua eta baimendua, diruz laguntzen ahalko dira landaketaren lehenbiziko bost urteetatik aurrerako mantentze-lanak ere.
Batera joanen dira espedientean jarduketak definitzeko dokumentazio teknikoa eta obra zuzendaritza, eta 6881.4 esku-hartzean sartuko dira.
2. Oinarri hauek araututako kanpainan basoberritze osoa egiten duten eskatzaileen kasuan, esku-hartze horretan behar diren jarduketa guztiak eskatu beharko dituzte.
3. Basoberritzeak ondoz ondoko bi kanpainatan eskatzen ahalko dira. Adibidez, lurra prestatzeagatik 2025-2026 kanpainako dirulaguntzen onuradun izan zirenak edo aurrekontuan kontsignatzerik ez egoteagatik laguntzarik jaso ez zutenak landaketa egiteagatiko dirulaguntzaren onuradun izan daitezke 2026-2027 kanpainan. Basoberritzea osorik egiten ez bada onuradunaren erruz, lurra prestatzeagatik eta landaketa egiteagatik jasotako dirua itzuliko beharko du. Jarduketa horiek men egin behar diete jarraian azaltzen diren arau teknikoei.
Oinarri hauetako hautaketa irizpideak aplikatzearen ondorioetarako, basoberritzearen zatitzat hartzen dira baso-masan egindako birsortzeko mozketen ondorengo jarduketak, baldin eta basoberritze jarduketak edo berezko birsortzean laguntzen duten bestelako lanak (esaterako, hondakinen ezabaketa) eskatzen badira.
4. Basoberritzeetarako arau teknikoak.
1. araua. Espezie multzoak:
Deialdi honen ondorioetarako, espezie multzo hauek ezarri dira, beren epe teknologikoaren arabera:
–Epe ertaineko espezieak: 13 urtetik 70era bitarteko epea duten espezieak dira, hala nola makala, pinu beltza, Korsikako larizio pinua, izei gorria, Sitkako izeia, Douglas izeia, Lawson altzifrea, alertzea, sekuoia, zedroa, akazia, zedro japoniarra, basagereziondoa, lizarra, intxaurrondoa, tulipa arbola, Ameriketako haritza, urkia, gurbeondoa, haltza, ezkia, platanoa, zurzuria, astigarra eta gaztainondoa.
–Epe luzeko espezieak: 70 urtetik gorako epea dutenak, hala nola ler gorria, larizio pinu hispanikoa, Austriako larizio pinua, Alepo pinua, pinazi-pinua, mendi-pinua, izeia, hagina, artea, haritz arrunta, haritz kandugabea, haritz ilaunduna, erkametza eta ametza. Zuhaixkak ere sartzen dira multzo honetan: abaritza, gurbitza, legeltxorra, ezpela, gorostia, elorri beltza, hurritza, ipurua, sabina eta hostazuria, besteak beste.
Baldin basogintzako edo merkatuko helburuengatik basoberritzearen baso espezieen epe teknologikoak hemen ezarritakoak ez bezalakoak badira, eskatzaileak justifikatu egin beharko du salbuespen hori. Inola ere ez da onartuko ebazpen honetan ezarritakotik gorako epe teknologikorik.
Deialdi honetan dirulaguntza jaso dezaketen baso espezie guztien zerrenda osoa III. eranskinean (Diruz lagungarriak diren baso espezieen zerrenda) agertzen da. Dokumentu horri 4. taula gisa erantsi zaio; horren aldean, desberdinak izan daitezke espezieen euskarazko izenak. Hori gertatzen den kasuetan, izen zientifikoa gailenduko da, bat datorrena bi zerrendetan.
2. araua. Berariazko oharrak zenbait basoberritze motatarako.
2.1.a. Arau orokor gisa, ez dira diruz lagungarriak izanen honela egindako basoberritzeak edo landaketak:
(A) Pagoekin egindako basoberritzeak, honako kasu hauek salbu:
(a) Espezie hori ugaritzeko landaketak, birsortzeko mozketen ondorengo berezko birsortze eskasaren ondorioz, edo,
(b) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bateko Kudeaketa Planean aurreikusitako landaketak.
(B) Eragiten dutenean hektarea batetik beherako azaleretan, herri-lurretan eginak eta mendi arboladunek inguratzen dituztela. Hau hala da baso-sistemaren mosaiko egiturari eusteko, eta kontuan harturik etorkizunean kudeatzeko bideragarritasun eskasa izanen dela. Honetatik kanpo gelditzen dira, ezaugarri horiek izanik ere, KBE bateko kudeaketa plan batean aurreikusita dauden basoberritzeak.
(C) Koniferoekin egindako basoberritzeak Pinus, Picea edo Pseudotsuga generoetako espezieek osatutako baso-masen arraseko mozketak egin diren lurretan, ez badira gutxienez 12 hilabete iragan azken mozketatik landaketara arte, bermatu dadin Hylobius abietis-ek ez diola basoberritze berriari erasoko. Proiektuan edo memoria teknikoan, ekintza honetarako zehaztu beharko da mozketaren eta basoberritzearen artean iragandako denbora.
(D) Pinus radiata espeziearekin egindako basoberritzeak, Fusarium circinatum-a hedatzen ahal den Nafarroako eremuan.
(E) Hutsarteen portzentajea %20 baino gehiago duten basoberritzeak, lanen ziurtapenean egiaztaturik, salbu eta behar bezala egiaztatzen diren ezinbesteko kasuetan. Portzentaje horietatik goiti eginez gero, landaketak dirulaguntza jasoko du hutsarteak mendian (ez mintegian) hartutako izurriteen edo eritasunen ondorioz direnean, jatorri klimatikoko muturreko eragileek sorraraziak direnean edo basafaunako espezieen jarduketaren ondoriozkoak direnean, baldin eta posible ez bada haien gainean prebentzio neurriak hartzea edo neurri horiek eraginkorrak izan ez badira.
2.2.a. Ur ibilguekin muga egiten duten basoberritzeen kasuan, jarduketaren deskripzio-memorian atal berariazko bat zehaztuko da, erreka bazterreko lehenbiziko bost metroan egin beharreko kudeaketari buruz, errekako ibarbasoa lehengoratzeko edo kontserbatzeko. Zerrenda horretan zerbait egitea teknikoki beharrezkoa baldin bada, hauxe eginen da: aberasteko basoberritzeak egitea inguruneko berezko ur bazterreko baso espezieak erabiliz, eta, behar denean, bertako landaredia errespetatuz eta basoberritzearen beste eremuetaraino tarte egokia utziz.
5 metroko edo gehiagoko zerrendaren azalera hori, laguntzen ondorioetarako, beste edozein basoberritze gisa hartuko da.
2.3.a. Makaldiak.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, makaldien mozketa epea 13 urtekoa edo luzeagoa izanen da eta, gainera, haien produktuak ezin dira energia ekoizteko erabili, eta zuhaitzak ezin dira oinberritu (basoberako tratamendua).
Diruz lagunduko dira bakar-bakarrik landaketarekin eta inausketarekin zuzenean lotutako lanak. Ez da dirulaguntzarik emanen aratzeko, sasiak garbitzeko eta ureztatzeko.
3 hektareatik gorako makaldietan, plangintza tresna batean sartuta ez badaude, laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko da makaldirako aurreikusitako eperako kudeaketa plan bakun bat / basolanen plan bat. Plan hori memoria tekniko edo proiektutzat hartuko da (obra unitateen araberako aurrekontu banakatua izan beharko du) eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onetsi beharko du. Basolanen plana honako honetan ezarritakoarekin bat idatziko da:
Edonola ere, makaldien basoberritze edo landaketa guztietan, eskatzaileak kudeaketa plana gauzatzeko konpromisoa hartu behar du. Plan hori gauzatzen ez bada, hasierako basoberritzerako jasotako laguntzak itzuli eginen dira, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen II. kapituluarekin bat, berandutze-interesekin edo gabe, bidezkoa dena.
Basoberritze jarduketetarako laguntza eskaerak aurkezteko unean, eskaerarekin batera makaldiaren mozketaren azken egiaztapenaren akta aurkeztuko da, baldin eta aurretik erabilera hori izan badu, edo hori bermatzen duen dokumentu baliokidea. Aipatutako akta edo dokumenturik ez badago, diruz lagundu daitekeen baloratuko da, jarduketa gauzatzeko benetan dagoen epearen arabera. Adostasunik ez badago, basogintzako teknikari kudeatzaileek zehaztutakoa gailenduko da.
2.4.a. Ilarako landaketak eta heskaiak.
Ilaratan egindako landaketak, heskaiak ezartzea eta instalatu ondoko bost urtean bi jarduketa horiek mantentzeko behar diren lanak, dirulaguntzaren portzentaje berariazkoak dituztela, basoberritzetzat hartuko dira, eta, hortaz, exijentzia eta baldintza berberak izanen dituzte, eta ondoko ohar osagarriak ere hartuko dira kontuan.
(A) Horretarako erabiliko diren zuhaitz espezieak bertako hostozabal autoktonoak izanen dira. Eskualde biogeografiko mediterraneoan baimenduta dago Pinus halepensis, Cupressus sp. eta Juniperus sp. espezieak erabiltzea. Erabilitako zuhaitz espezieek izaera heliofilo nabarmena izan behar dute.
(B) Ilarako landaketen kasuan, 5-10 metroko tartea utziko da zuhaitzen artean.
(C) Heskaien kasuan, halakoak ezartzeko jarduketek dirulaguntza jasoko dute baldin lurzatien artean, ezpondetan eta landatu gabeko bazterretan egiten badira. Heskaiak 1,5 m zabal izanen dira gutxienez. Orobat, dirulaguntza jaso daiteke landatutako lurzatietan heskaiak jartzeko. Kasu horietan, heskaiek hartzen dituzten eremuak baso-lurzoru bilakatuko dira, 31/1990 Foru Legea aplikatuta.
3. araua. Baso landareen eta hazien ezaugarriak.
Edozein basoberritze motatarako, landareek eta haziek kalitate osoko eta komertzialeko baldintzak beteko dituzte, hau da, indarreko araudian ezarritakoak. Aurkeztutako proiektu eta memoria teknikoetara egokituko dira, eta horietan zehaztuko dira erabili beharreko landareen gutxieneko adina eta tamaina eta, erein behar denean, hazi-iturriaren jatorria.
Obra zuzendariaren erantzukizunpeko adierazpen bat erantsiko zaio landaketaren edo ereintzaren ziurtagiriari, frogatzeko kalitate osoko eta komertzialeko hazi edo landareak erabili direla, indarreko araudiaren araberakoak eta proiektuan edo memoria teknikoan deskribatutakoaren araberakoak; adierazpen horri ugalketarako baso materialaren jatorriari buruzko ziurtagiria erantsiko zaio, erabilitako landarearen edo haziaren hornidura egin duen mintegiak emana.
4. araua. Hondakinen ezabatzea.
Birsortzeko mozketa baten ondoren adaburuak moztea, produktuak ateratzea edo hobetzeko mozketa edo birsortzeko mozketa baten ondoren hondakinak ezabatzea bezalako jarduketak baso aprobetxamenduak berezkoak dituela jotzen da, eta, hortaz, baso aprobetxamenduko espedientearen baldintza tekniko edo administratiboen baldintzen agiriak hala ezartzen duenean, nahitaez egin beharrekoak izanen dira, eta, beraz, jarduketa horiek ez dira diruz lagungarriak.
Ebazpen honen ondorioetarako, honako hauek izanen dira hondakinen ezabatze diruz lagungarriak:
–Basoak klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna hobetzera bideratutako baso-tratamenduen hondarrak kentzeko jarduerak, baldin eta jarduera horiek onetsitako baso plangintzako tresna batean jasota badaude.
–Birsortzeko mozketaren ondoren hondarrak kentzeko jarduketak, baldin eta horrek lurra prestatzeko eta landaketa egiteko lanak edo berezko birsortzearen lanak baldintzatzen baditu.
Horrenbestez, lurra prestatzeko lantzat hartuko dira gero basoberritze edo berezko birsortze bat egiteko, eta, beraz, dirulaguntza jaso ahal izateko, basoberritzerako edo berezko birsortzerako nahitaezko jarduketa gisa sartuko dira.
5. araua. Baso-berritzeen babesa.
Itxituren edo/eta hodi babesleen kostua ez dago basoberritze lanen edo hutsarteak betetzeko lanen kostuaren barrenean, hau da, bereizirik aurkeztu behar da kontzeptu hori.
Itxituretan, itxitura horrek bide bat mozten duenean, jendearendako pasabideak aurreikusi behar dira, nahitaez, eta gainera jendearendako pasabide bat itxituraren 250 metro lineal bakoitzeko gutxi gorabehera, behar bezala arrazoitutako salbuespenetan izan ezik.
Ungulatuen kontrako itxiturek dirulaguntza jasoko dute baldin behar bezala justifikaturik badaude ikuspuntu teknikotik, eta beharra eta diseinua frogatzen badira. Sare poligonala duten itxiturak jarri behar badira, argi handienekoak zorutik gertu jarriko dira, fauna txikienari pasatzen uzteko. Itxitura horiek dirulaguntza jasotzen badute, ez da dirulaguntzarik jasoko etorkizunean basoberritze horietan ungulatuen kalteen ondoriozko hutsarteak betetzeko.
Itxituretako zutoinak zurezkoak izanen dira, zuraren erabilera sustatu eta bultzatzeko neurri gisa.
6. araua. Basoberritzeen mantentze-lanak.
6.1.a. Ebazpen honen ondorioetarako, basoberritzeen mantentze-lantzat jotzen da landare lehiakideak kontrolatzea eta hutsarteak betetzea (horren barnean sartzen da haizeak edo elurrak etzandako landareak zurkaiztea).
6.2.a. Oro har:
(A) Ez da mantentze-lanetarako dirulaguntzarik emanen behin landaketatik bost urte igaro direnean, justifikatutako eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak baimendutako salbuespenak kenduta.
(B) Urteko, garbiketa bakarrerako emanen da dirulaguntza. Jarduketa horiek maiatzaren 15etik urriaren 1era bitarte eginen dira. Lanen azkeneko ziurtapenaren unean obra zuzendariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, garbiketa noiz egin den ziurtatzen duena.
(C) Ez da hutsarteak betetzeko dirulaguntzarik emanen baldin horretarako erabilitako landareak landare guztien %10era iristen ez badira.
(D) Portzentaje hori gainditzen denean, hutsarteak betetzeko dirulaguntza honako kasu hauetan bakarrik emanen da: hutsarteak gertatu direnean mendiko (ez mintegi bateko) izurrite edo eritasun baten ondorioz, edo klimari lotutako muturreko arrazoiengatik gertatu direnean.
(E) Salbuespenez, basafaunak makaldietan egindako kalteak badira, diruz laguntzen ahalko da banakako babesleak ezartzea, behin bakarrik landaketaren ondoko lehen bost urtean, baita epe horretako mantentze-lanak egitea ere, banakako hesi elektrosoldatuen kasuan, baldin eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari kalte horien berri eman bazaio laguntza eman dela jakinarazi ondoren, eta, betiere, kanpaina honi dagokion ordainketa-eskaera egin baino lehen.
6.3.a. Basoberritze berrietan (ilarako landaketak eta heskaiak barne):
(A) Laguntza ordaindu dakion, nahitaezko baldintza izanen da eskatzaileak, eskaera aurkezten duen unean, mantentze-lanen plana aurkeztea memoria teknikoaren edo proiektuaren barnean, eta bertan zehaztea lehen 5 urteetan aurreikusten diren esku-hartzeen programa baloratu bat (jarduketen justifikazioa, egutegia eta aurrekontua), Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onetsi beharrekoa. Onuradunak konpromisoa hartzen du mantentze-lanen plan hori gauzatzeko eskaeran ezarrita dagoenari jarraikiz.
(B) Epe horretan, mantentze-lanen plana nahitaez bete beharko da, denborari eta moduari dagokienez, etorkizunean plana gauzatzeko laguntzak jaso ala ez. Planaren jarduketek dirulaguntza jasotzen ahalko dute dagozkien dirulaguntzen kanpainetan, baldin eta baldintzak betetzen badituzte. Plana aldatu behar bada, horri buruzko eskaera aurkeztuko zaio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, berariaz baimendu beharko baita.
(C) Basoberritzeari itxitura jartzen bazaio, edo hodi babesleak erabiltzen badira, horiek kentzeko, nahitaezkoa baita, dirulaguntza ematen ahal da. Mantentze-lanen planean zehaztu behar da noiz kendu asmo diren, lehenbiziko bost urteak igaro eta gero kendu behar badira ere.
6.4.a. Lehenagoko basoberritzeetan:
(A) Dirulaguntzak emanen dira itxiturak eta hodi babesleak kentzeko eta, kalte egiaztatuak daudenean, hodi babesleak paratzeko.
(B) Aurreko kanpainetan mantentze-lanen planik aurkeztu bada, horri buruzko aipamena eginen da. Mantentze-lanen plan horretarako eskatutako jarduketetan aldaketarik izan bada, justifikatu eginen dira.
(C) Aurretik mantentze-lanen planik ez badago, plan bat aurkeztu beharko da, basoberritze berrietarako ezarritako ezaugarri, baldintza eta betebehar berberak dituena.
6.2. Kudeaketa jasangarria: Basolanak (6881.4 esku-hartzea).
1. Oro har, honako jarduketa hauek jaso dezakete dirulaguntza, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenekin:
a) Bakantzeak.
b) Sasi-garbitzeak.
c) Basoberritzeei loturik ez dauden itxiturak.
d) Inausketak eta eitea emateko mozketak.
2. Basolanetarako arau teknikoak.
1. araua. Bakantzeak.
1.1.a. Dirulaguntzak emanen dira edozein espezietako berezko zuhaiztietako eta koniferoen eta hostozabalen basoberritzeetako bakantzeetarako bakarrik, eta behin bakarrik. Jarduketa horiek Antolamendu Proiektuan edo Kudeaketako Plan Teknikoan aurreikusita egon behar dute. Plantifikatu gabeko mendien kasuan, jarduketa horiek basogintzaren aldetik justifikatu beharko dira.
Memoria teknikoan edo proiektuan, basogintzako jarduketaren ezaugarriak zehaztuko dira, proposamena baloratzeko balio dutenak (dentsitatea, bakantzearen pisua eta atera beharreko zuhaitzaren batez besteko diametroa):
–Koniferoen kasuan, ateratako zuhaitzaren batez besteko diametroa ez da 15 cm-tik gorakoa izanen.
–Hostozabalen kasuan, ateratako zuhaitzaren batez besteko diametroa ez da 25 cm-tik gorakoa izanen.
1.2.a. Esku-hartze horretatik lortutako produktuak ezin izanen dira merkaturatu. Lanen azkeneko ziurtapenean, toki entitateko idazkariak edo, bera ez egonik, toki agintari eskudunak sinatutako agiria aurkeztuko da, ziurtatzen duena ez dela inolako diru-sarrerarik lortu. Ziurtagiri hori aurkeztu ezean, ez da esleitutako dirulaguntza ordainduko. Eragile pribatuek, aldiz, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, inolako diru-sarrerarik lortu ez dutela dioena. Adierazpen hori aurkeztu ezean, ez da esleitutako dirulaguntza ordainduko.
2. araua. Sasi-garbitzeak.
2.1.a. Sasiak garbitzeko dirulaguntzak emanen dira baldin honako helburu hauetakoren baterako badira:
(A) Mozketen ondoren egiten diren sasi-garbitzeak, berezko birsortzea errazteko. Horien beharra justifikatuko da. Gai honetan desadostasunik bada eskatzailearen eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren artean, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren erabakia gailenduko da.
(B) Abeltzaintzarako sasi-garbitzeak, larre naturalak mantentzeko egiten direnak. Leku bererako behin bakarrik emanen da sasiak garbitzeko dirulaguntza, baldin eta:
(B.1) Aurkezten den proiektuan edo memoria teknikoan garbiketa lan horiek egitea beharrezkoa dela justifikatzen bada, zehatz-mehatz adierazita ukitutako eremua, abeltzaintzako karga eta zein hilabetetan egoten den azienda bertan; hori guztia, garbitutako eremua larratuz mantentzen dela bermatzeko.
Informazio hori ezinbestekoa da Europar Batasuneko indarreko araudiaren arabera egiten diren ikuskapenak programatu ahal izateko.
(B.2) Eskatzaileak konpromisoa hartzen badu eremu hori abeltzaintzarako erabiltzen segitzeko.
(B.3) Salbuespenez, beste sasi-garbitze bat egiteko dirulaguntza ematen ahal da, betiere mantentzeko konpromisoa edo erabiltzeko plana betez gero, halakorik bada.
(C) KBE baten kudeaketa planean aurreikusitako habitatak hobetzeko sasi-garbitzeetarako, aurkeztutako memoria teknikoak edo proiektu teknikoak espresuki adierazi beharko du zer habitat motatan egin behar den sasi-garbitzea.
(D) Basoak klima-aldaketara hobeki egokitzera bideratutako sasi-garbitzeak, bereziki helburua denean suteak prebenitzeko dauden azpiegiturak edo suebakiak mantentzea, edota erregai-karga txikiko eremuak sortzea baso plangintzako tresnetan proposatutako leku jakin batzuetan, alegia: antolamenduko proiektuan, baso-suteen aurrean jarduteko udal planean edo antzeko batean proposatutako lekuetan.
3. araua. Basoberritzeei loturik ez dauden itxiturak.
3.1.a. Itxiturak ezartzeko eta mantentzeko dirulaguntzak honako kasu hauetan emanen dira bakarrik:
(A) Mozketa baten xede den zuhaizti baten berezko birsortzea babestera bideratzen direnean.
(B) Larre naturaletan, abeltzaintzarako sasi-garbitzeak diruz laguntzeko eskatzen diren baldintzak (aurreko 2. atalean zehaztuak) betez egiten direnean; kasu horretan baino ez. Eragile pribatuen eskaeren kasuan, horrez gain itxi beharreko eremuak 20 hektareatik gorakoa izan behar du.
(C) Basoa kudeatzeko indarreko plangintza tresna batean aurreikusita daudenak, baldin eta herri-basoan erabileren zonakatzea ezartzeko helburua badute, kasu horretan salbuespenak ezartzen ahalko baitira 3.A/ atal honetako 2. paragrafoan xedatutakoari dagokionez.
3.2.a. Orobat, dirulaguntza jaso dezakete birsortzeak babesteko ezarritako itxiturak kentzeak, larreetan, edo basoak antolatzeko proiektuetan aurreikusitako jarduketak betetzeko egiten denean.
3.3.a. Ez da diruz lagunduko hesi elektrikoak ezartzea, mantentzea edo kentzea.
4. araua. Inausketak eta eitea emateko mozketak.
4.1.a. Oro har, xede nagusitzat kalitatezko zura ekoiztea duten basoberritzeetan baino ez dira diruz lagunduko inausketak eta eitea emateko mozketak. Basoberritzearen ondoko lehenbiziko 20 urtean bi jarduketa egiteko ematen ahal da dirulaguntza, ez besterik, makaldien kasuan izan ezik (gero zehazten da).
Dirulaguntza eman daiteke inausteko, bakar-bakarrik, basoberritzeetako mantentze-lanak bat etorri direnean arestian aipatutako helburuarekin. Nahitaezkoa izanen da eskaerarekin batera doazen agirietan hauek zehaztea: baso-masaren adina edo adin mota, inausiko diren zuhaitzen batez besteko diametroa eta zer espezie inausiko diren.
4.2.a. Koniferoak inaustean:
(A) Lehenbiziko inausketa, 2,5 metroko altuerara bitarte: hektarea bakoitzeko, gehienez ere, 400 zuhaitzetarako dirulaguntza emanen da.
(B) Altueran inaustea, 2,5 metrotik 5 metrora bitarte: hektarea bakoitzeko, gehienez ere, 250 zuhaitzetarako dirulaguntza emanen da.
4.3.a. Hostozabalak inaustean: altueran inaustea, 2,5 metrotik 5 metrora bitarte: hektarea bakoitzeko, gehienez ere, 250 zuhaitzetarako dirulaguntza emanen da.
4.4.a. Makaldiak inaustean, dirulaguntza jaso ahal izateko, justifikazio teknikoa aurkeztu beharko da, erakusteko ezen inaustea beharrezkoa dela azken produktua, egungo merkatuaren arabera, kalitatezkoa izan dadin.
4.5.a. Nafarroa osoan ez zaie dirulaguntzarik emanen Pinus radiatako basoberritzeetan egindako inausketei.
5. araua. Gaztainadiak lehengoratzea.
5.1. Dauden gaztainadiak lehengoratuko dira, eta honako lan hauek eginen dira:
–Lepatu zaharrak gaztetzeko inausketa-lanak, oin berriak lepatzea, patroirako landare gazteak landatzea (C. crenata ahalik eta gutxien erabiliz), landare horien banakako babesgarriak, eta Nafarroako barietate tradizionaletako txertaketak.
5.2.a. "Gaztainadiak lehengoratzea" jarduketarako, mantentze-plan bat aurkeztu beharko da laguntza eskaeraren memoria teknikoan edo proiektuan. Bertan, lehengoratu beharreko gaztainadian lehen 5 urteetan aurreikus daitezkeen esku-hartzeen programa balioetsi bat zehaztuko da (jarduketen justifikazioa, egutegia eta aurrekontua). Plan hori teknikoki onetsiko da, eta onuradunak hura gauzatzeko konpromisoa hartuko du.
6.3. Kudeaketa jasangarria: Basoko bideak egin eta hobetzea (6881.4 esku-hartzea).
1. Oro har, honako jarduketa hauek jaso dezakete dirulaguntza, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenekin:
a) Kaxa irekitzea (barnean direla zelaitzea, konpaktazioa, arekak ireki eta profilatzea, eta itzulia egiteko tokiak egitea).
b) Lur-berdinketa hobetzea (zabalera handitzea, zelaitzea eta konpaktazioa barne).
c) Arekak egitea eta garbitzea eta sasiak garbitzea pistetako ertzetan (lur-berdinketaren ondo-ondoan dauden zuhaitzen behealdea inaustea barne).
d) Zeharkako drainadurarako azpiegiturak –lur gainekoak eta lur azpikoak–, areken gaineko pasabideak eta sakanguneak.
e) Harri-lubetak eta ezpondak egonkortzeko bestelako sistemak.
f) Zabor-legarrekin edo antzekoekin zolatzea.
g) Hormigoizko eta asfaltozko zoladurak egitea, aparteko kasuetan baizik ez, behar bezala arrazoituta, betiere azpiegituraren egonkortasunerako beharrezkoak direnean. Horregatik, kasu guztietan, tarte jakin batzuetan baizik ez dira erabiliko material horiek.
h) Krainer murruak harri-lubeta gisa mendiko pistetan.
2. Azaldutakoez bestelako obrek ez dute dirulaguntzarik jasoko, salbu horiek egitea presakoa eta beharrezkoa bada, eta horien helburuak lekurik baldin badu geroko epigrafeetan aurreikusitakoen artean.
3. Toki entitateen kasuan, ez da azpiegiturak egiteko edo mantentzeko dirulaguntzarik emanen, eta, kasua bada, itzul daitezela eskatzen ahalko da, azpiegitura horiei udal tasak jartzen bazaizkie edo diruz lagundutako azpiegituren erabilera zailtzen edo garestitzen duten beste jarduketa batzuk egiten badira edo halako jarduketak egitea exijitzen bada. Kasu horietan, tasak ezarri, jarduketak exijitu edo jarduketak egin nahi dituen toki entitateak, horrekin azpiegituraren erabilera zailtzen bada, eskaera aurkezteko unean jakinarazi beharko du tasa eta jarduketa horiek daudela edo aurreikusita dituela eta zein diren horiek ezartzeko arrazoiak. Horretan toki entitatearekin desadostasunik izanez gero, eta ebazpen honen ondorioetarako bakarrik, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da, aipatu zerbitzuak zainduko baitu diruz lagundutako edo diruz lagundu beharreko azpiegitura modu eraginkorrean eta egokian erabiltzen dela. Irizpide hori behar bezala arrazoitu behar da, eta ukitutako toki entitateek alegazioak aurkezten ahal dituzte. Azpiegiturari emandako erabilerak handiegia edo txikiegia izateagatik baso kudeaketa zailtzen badu, ez da dirulaguntzaren helburua betetzen.
4. Basoko bideak egiteko eta hobetzeko arau teknikoak.
1. araua. Basoko bide berriak egitea.
Ez da dirulaguntzarik emanen aldi baterako basoko bideetarako, egurra ateratzeko bidezidorretarako eta baso aprobetxamendua eta lanak egiteko beharrezkoak diren nahitaezko sarbideetarako, baldin lanak bukaturik ez badira mendia behar bezala kudeatzeko ezinbestekoak eta etengabe erabiltzekoak. Halaber, ez da azpiegituretarako dirulaguntzarik emanen baldin horien helburu nagusia bada baserri, etxebizitza, nabe eta abeltzaintzako azpiegiturei sarbidea ematea.
Basoko bideetarako (nagusiak eta bigarren mailakoak) eta kargaleku iraunkorretarako bakarrik emanen dira dirulaguntzak. Kargaleku iraunkortzat joko da baso aprobetxamenduen ondorioz moztutako zuhaitz edo enborren multzoa biltzen den tokia. Bertan produktu horiek sailkatu edo metatzen dira gero industriara edo beste destino batera eramateko.
Basoko bideen kasuan, bide berrien helburu nagusia izan behar da zur eta egurretako baliabideak mugitzea, baso-suteak prebenitzea/itzaltzea edo abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboa. Beste azpiegitura batzuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non eta haien helburu nagusia ez den aurrekoetako bat bederen.
Lehenbiziko kasurako, zur eta egurretako baliabideak mobilizatzeko azpiegitura egiteko edo hobetzeko premia justifikatu beharko da. Azpiegitura berria eraikitzea zer menditan aurreikusirik dagoen, bertan basoko bideen dentsitatea ez da 25 m baino handiagoa izanen baso hektarea bakoitzeko.
Bigarren kasurako, teknikoki justifikatu beharko da azpiegituraren helburu nagusia dela baso-suteak prebenitzea edo itzaltzea. Azpiegiturak segurtasun ezaugarri espezifikoak hartu beharko ditu kontuan, baso-suteak itzaltzeko erabiltzeko.
Hirugarren kasurako, teknikoki justifikatuko da obra egitea beharrezkoa dela abeltzaintza estentsiboa zuzen kudeatzeko. Horretarako, larratzeko eremuak eta dauden azienda larriko unitateak identifikatuko dira, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein informazio tekniko ere emanen da.
2. araua. Basoko bideak hobetzea.
Basoko bide nagusi eta bigarren mailakoen eta kargaleku iraunkorren mantentze-lanetarako dirulaguntza emanen da soilik baldin horien helburu nagusia bada zur eta egurretako baliabideak mobilizatzea, baso-suteak prebenitzea/itzaltzea eta abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboa. Beste azpiegitura batzuen mantentze-lanetarako ez da dirulaguntzarik emanen, non eta haien helburu nagusia ez den aurrekoetako bat bederen.
Dirulaguntza ematen ahal da basoko bide iraunkorretako bazterreko sasiak garbitzeko, baldin aurreko 3 urtean toki berean jardun ez bada. Printzipio hori aplikatuko zaie, oro har, bide horiek mantentzeko lanei, hala nola, hodiak edo arekak garbitzeari, non ez dagoen bestela jokatzeko arrazoi teknikorik, konparaziorako, uholdeek edo beste hondamendi natural batzuek sortutako kalteak.
3. araua. Mantentzeko konpromisoa.
Sustatzaileak konpromisoa hartzen du proposatutako azpiegitura mantentzeko, edo hobekuntza lanak zer azpiegituratarako eskatu diren, hori mantentzeko, eskaeran adierazten den bezala.
Konpromiso hori nahitaez bete behar da, eta geroko kanpainetako laguntzak jaso daitezke horretarako.
Laguntza hauek jaso dituzten azpiegiturak Administrazioaren ikuskapenen mende egonen dira, eta erabakitzen bada azpiegitura ez dagoela egoerarik onenean hura egin edo hobetu zen erabilerarako, eskatzaileak laguntzak itzuli beharko ditu.
6.4. Kudeaketa jasangarria: Biodibertsitatea sustatzea (6881.4 esku-hartzea).
Diruz lagundu daitezke, bakar-bakarrik, beste edozein modalitatetan sarturik ez dauden eta basoko espezieen habitatak kontserbatzeko helburu nagusia duten jarduketak, baldin eta aurreikusita badaude onetsitako KBEen kudeaketa plan batean edo mendi horietarako dauden basoak antolatzeko proiektuetan. Ibarbasoak lehengoratzean, berariazko kasua baita, landaketarekin zerikusia duten lanek bete beharko dituzte ur ibilguekin muga egiten duten landaketen lehenbiziko bost metroko tartean aplikatzen diren arau tekniko berberak, barnean dela mantentze-lanen plana aurkeztu eta gauzatu beharra.
6.5. Kudeaketa jasangarria: Azpiegitura txikiak (6881.4 esku-hartzea).
1. Azpiegitura txikiak diruz lagungarriak izanen dira, osoki baso-lurretan kokatuta badaude eta erabilera publikoaren erregulazioa hobetzen badute.
1.1.a. Zurezko atakak.
1.2.a. Mendiaren aisiako erabilerari loturiko beste batzuk:
(A) Edateko ureko iturriak, bidexkak eta aparkalekuak hobetzea (kanpoan gelditzen da bidexka edo aparkaleku berriak egitea). Bidexken mantentze-lanen eta hobekuntzen barnean hauek daude: zorua hobetzea, bazterretako sasiak garbitzea eta landaredia inaustea, eta arekak eta ura husteko sistemak hobetzea.
(B) Eremuaren barnean erabilera publikorako azpiegitura berriak sortzea, kategoria hauetako batean: naturagunearen erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko elementuak; esaterako, pasarelak, balizak edo disuasiorako hesi fisikoak, harmailak, hesiak, etab.; kanpoko altzariak, argibideetarako panelen euskarriak, naturagunearen barneko seinalizazio-elementuak, baldin eta seinalizaziorako eskuliburu homogeneorik badago gune horretan, toki entitateak onetsia.
2. Nolanahi ere, elementu horien gai nagusia zura izanen da, eta, ahal den neurrian, baso-kudeaketa jasangarriko zur ziurtatua.
3. Eskatzaileak azpiegitura horien mantentze-lanak egin beharko ditu nahitaez, eta gastu horrek dirulaguntza jaso dezake geroko kanpainetan, baldin eta dagozkion oinarrietan horrela jasotzen bada.
6.6. Aholkularitza, prestaketa eta erregistro telematikoa basolanetarako laguntzen proiektu eta memorien dokumentazio teknikorako eta obra zuzendaritza (6881.4 esku-hartzea).
Dokumentazio teknikoa prestatzea eta obra zuzendaritza 6881.4 esku-hartzean sartzen dira, eta barnean hartuko dituzte esku-hartze horretako jarduketak eta bai 6881.1 esku-hartzean eskatutakoak ere.
Eragile pribatuen kasuan, kudeaketa plan teknikoa edo basolanen plana aurkezten ahalko da, bat etorriz Nafarroako Gobernuaren webgunean esteka honetan argitaratutako edukiarekin eta jarraibideekin:
Laguntzaren xedeko jarduketek plan horrekin lotuta egon beharko dute, eta plan hori 3. hautaketa irizpidearen barruan sar liteke (Kudeaketa jasangarria).
Laguntza hauen ondorioetarako, entitate laguntzailetzat hartzen dira 46/2023 Foru Agindua aplikatuz hautatutakoak (foru agindu horren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitu eta hautatzeko arauak onetsi ziren).
1. Dokumentazio teknikoa prestatzea.
1.1.a. Entitate laguntzaileek aurkeztutako espedienteen kasuan, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %6koa izanen da dirulaguntza; diru kopuru horrek ez du gaindituko dokumentazioa prestatzeak izan duen kostu erreala. Entitate laguntzaile ez direnek aurkeztutako espedienteen kasuan, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %4koa izanen da dirulaguntza; diru kopuru horrek ez du gaindituko dokumentazioa prestatzeak izan duen kostu erreala. Ehuneko horiek 10 puntu handituko dira kudeaketa plan teknikoa edo basolanen plana aurkezten duten eragile pribatuentzat.
Dokumentazio teknikoa agiri bakarra izanen da, 12. oinarrian zehazten den gutxieneko edukia izanen du, eta espedientean eskatzen diren esku-hartze, jarduketa eta azpijarduketa guztiak jasoko ditu. Kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren barnean sartzen da Administrazioak onartzen duen inbertsioa, gehi industria mozkina eta gastu orokorrak (BEZik gabe).
1.2.a. Dokumentazio teknikoari dagokion dirulaguntza ordainduko da baldin eta espedientean sartutako jarduketa bat, gutxienez, ordaintzen bada.
1.3.a. Oinarri honetan aipatzen den dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, 12. oinarrian (Laguntza eskaera eta dokumentazio osagarria) adierazi bezala.
1.4.a. Laguntza eskaera onartzeko modukoa izateko, proiektuek (ezinbesteko agiria da guztira, BEZa gabe, 30.000 eurotik gorako aurrekontu osoa duten eskaeretan) eta memoria teknikoek (ezinbesteko agiria da guztira, BEZa gabe, 30.000 euroko edo hortik beherako aurrekontua duten eskaeretan) jarraian adierazten den gutxieneko edukia izan beharko dute.
Proiektuek atal hauek izanen dituzte, gutxienez: (1.a) deskripzio-memoria; (2.a) aurrekontua; (3.a) baldintza-agiriak; (4.a) ingurumen-ukipenen azterlana edo ingurumen-inpaktuaren azterketa (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean); (5.a) 1:10.000ko edo eskala handiagoko planoak; eta (6.a) segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlana, indarreko araudiarekin bat.
Memoria teknikoa eskatzen den kasuetan, honakoak bildu beharko ditu: deskripzio-memoria, aurrekontua, ingurumen ukipenen azterketa (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean) eta 1:10.000ko edo eskala handiagoko planoak.
Jarduketaren batek KBE batean sartutako lurrak ukitzen dituenean, proiektuak edo memoria teknikoak beti jaso beharko du leku horretako kontserbazio balioei egindako ukipenen ebaluazioa.
–Deskripzio-memoriak zehaztu behar du laguntza zein jarduketatarako eskatzen den, baita jarduketaren aurrekariak eta helburuak ere. Helburuak guztiz garrantzitsuak dira eta behar bezala justifikatu behar dira. Justifikazioa egokitzat jotzen da teknikoki egiaztatzen denean jarduketak mendi horretako helburuak lortzera bideratuta daudela. Helburu horiek behar bezala justifikatzen ez badira, gerta daiteke proposatutako jarduketak dirulaguntzarik gabe gelditzea.
Jarduketak georreferentziatuta eta planoetan kokatuta egonen dira. Jarduketak katastroko lurzati bati baino gehiagori eragiten badie, deskripzio-memoria horretan zehaztu beharko dira lurzati horietako bakoitzeko jarduketa-unitate fisikoak. Bat etorriko da guztiz "Eskatutako jarduketak" izeneko inprimakian jasotako datuekin.
Deialdi honetako jarduketa bakoitzean zehaztutako informazio guztia sartu beharko da, esate baterako: jarduketak ukitutako espeziea(k), landaketa urtea basoberritze berrietako mantentze-lanetarako, mantentze-lanetarako plan bakuna aurreko oinarrietan zehaztutako ezaugarriekin, zuhaitz-mozketei eta inausketei buruzko datuak (jarduketetarako beharrezkoak direnak) eta abar.
Jarduketaren bat bitarteko propioekin egiten bada, deskripzio-memorian sartu beharko da erabiliko diren bitartekoen aurreikuspen bat, aurrekontu xehakatu batean orduen eta pertsonen kopuruak kuantifikatuta, informazio hori oinarrizkoa baita jarduketak eragindako gastuak ondoren justifikatu ahal izateko.
–Baldintza-agiria: laguntza zein lanetarako eskatu den, lan horiek guztiak aipatu beharko ditu, eta adierazi, gutxienez, obra bakoitzean erabiliko diren bitartekoak. Eskaeraren zenbatekoa dela-eta proiektua aurkeztu beharra dagoenean baizik ez da eskatuko.
–Aurrekontua: guztiz bat etorriko da "Eskatutako jarduketak" izeneko inprimakian jasotako datuekin, eta dokumentu hauek osatuko dute, gutxienez:
- Neurketen taula.
- Prezioen taulak: eskulanaren eta makineriaren prezioak banakatzeko behar direnak, bai eta obra unitate bakoitzerako behar diren prezioak ere.
- Prezio osagarrien taula.
- Guztirako aurrekontua.
–Planoak: laguntza eskaeraren xede diren jarduketa guztiak georreferentziatu beharko dira, onartzen diren balizko aldaketak barne, haiekin batera kasuan kasuko fitxategi grafikoa ere aurkeztu beharko da (shape formatua edo antzekoa) eta, orobat, eremu horietara iristeko informazioa ere (sartzeko pistak) jasoko dute, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko langileek jakin dezaten non dauden. Honako hauek izanen dira, gutxienez:
- Kokapen planoa.
- Plano zehaztua, 1:10.000 eskalakoa edo eskala handiagokoa, lan berezietarako, hala nola, pistak irekitzeko. Maldarik gabeko topografia duten tokietan ez da sestra-kurbarik beharko.
- Aurrekontuetako eta deskripzio-memoriako unitateek bat etorri beharko dute planoetan ageri direnekin.
–Ingurumen-ukipenen azterlana: gutxienez datu hauek jasoko ditu:
- Proiektatutako jarduketak uki ditzakeen balio historiko-artistikoen, ekologikoen eta ingurumenekoen deskribapena eta ebaluazioa.
- Aurreko puntuan aipatutako alderdi bakoitzean jarduketek eragin ditzaketen ukipenen deskribapena eta balorazioa.
- Hartu beharreko babes eta zuzenketa neurriak.
–Segurtasun eta osasun azterlan oinarrizkoa. Agiri hau proiektuetan baizik ez da eskatuko, eta eduki hau izanen du:
- Obren ezaugarrien deskribapena, gauzatzeko epea, aurreikusitako langileak, behin-behineko instalazioak eta osasun laguntza, aurreikusitako makineria eta laguntzarako bitartekoak, arriskuen azterketa orokorra eta prebentzio neurriak.
- Aurrekontua. Espedientean eskatutako aurrekontua oinarritzat harturik zehaztuko da.
C.2. Obra zuzendaritza.
Proiektua eskatzen den guztietan, eskatzaileak lanen zuzendaritza teknikoa izan beharko du, espedientean onartzen diren jarduketa eta azpijarduketa guztientzat. Zuzendaritza tekniko horrek honako betebehar hauek izanen ditu:
2.1.a. Justifikatutako kasuetan izan ezik, nahitaezkoa da obra liburu bat izatea adjudikazio-hartzaile den enpresa kontratista bakoitzeko.
2.2.a. Obraren zuzendaria eta proiektuaren egilea basogintza arloan eskumena duten unibertsitate-tituludunak izanen dira, edo esperientzia dutenak basogintza proiektuak idazten eta gauzatzen, indarrean dagoen legeriarekin bat.
2.3.a. Obra zuzendariak eguneratua eraman beharko du obra liburua.
2.4.a. Obra liburuak honako hauek bildu beharko ditu, gutxienez: lanen hasierako akta, ziurtagiri bakoitzaren akta, obra aldaketen aktak (horrelakorik badago), prezio kontrajarrien aktak (horrelakorik badago) eta lanen bukaerako ziurtagiriaren akta. Akta guztiak kontratistak eta obra zuzendariak sinatu beharko dituzte, eta inbertsioa behar bezala gauzatu dela adierazi beharko dute.
2.5.a. Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak obra liburua aurkezteko eska dezake edozein momentutan.
2.6.a. Proiektuetan segurtasun eta osasun arloko koordinatzaile bat izanen da, arlo horretan aplikatu beharreko araudian hala ezartzen bada.
2.7.a. Ziurtapen motak hala eskatzen badu, obra zuzendaritzarekin batera plano georreferentziatu bat erantsi beharko da, proiektuaren gauzatzea azaltzen duena.
2.8.a. Obraren zuzendariak ezin ditu gauzatu ziurtatuko dituen lanak, horrela bermatuko baita obra horien kalitatea ebaluatzeko eta kontrolatzeko independentzia.
2.9.a. Obra zuzendaritza diruz lagungarria izateko, emandako jarduketei eta horien baldintzei jarraitu beharko die, eta behar bezala azaldu beharko ditu obra gauzatzean izandako desbideratzeak, zeinak laguntzaren kudeatzaileek baimendu beharko baitituzte. Desadostasun teknikorik bada sustatzailearen eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren artean, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak likidatutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %7koa izanen da dirulaguntza entitate laguntzaileek aurkeztutako espedienteetan, eta %5ekoa, aldiz, ez dituztenetan entitate laguntzaileek aurkezten. Dirulaguntzak ez du inola ere kostu erreala gaindituko.
Obra zuzendaritzak ez du dirulaguntzarik jasoko baldin eta onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontua (hemendik aurrera, KGA), espedientearen guztizkoa, 2.000 eurotik beherakoa bada.
7. oinarria.–Jarduketa bakoitzeko laguntza mota eta zenbatekoa esku-hartze bakoitzaren barruan.
7.1. Deialdi honetako laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.
7.2. Honako hauek izanen dira inbertsio diruz lagungarriaren gehieneko eta gutxieneko mugak espediente bakoitzeko (6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeetan eskatutakoaren batura):
7.2.1. Toki entitateek sustaturiko basolanen eskaeretarako: 200.000 (berrehun mila) euro gehienez eta 5.000 (bost mila) euro gutxienez espediente oso bakoitzeko (6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeetan eskatutakoaren batura).
Aurreko kanpainetan lurra prestatzeko dirulaguntza jaso duten lurretan landaketa egiteko lanak, basoberritzeak mantentzeko lanak (udako garbiketak, hutsarteak betetzea, kimaketak eta bestelakoak) edo nahitaez bete beharreko bestelako mantentze-lanak baizik sartzen ez dituzten eskaeren kasuan, lan horiek aurreko kanpainetan dirulaguntza izan badute edo oso-osorik Nafarroako Gobernuak egin baditu, ez da inbertsio diruz lagungarrietarako gutxieneko muga hori aplikatuko.
7.2.2. Eragile pribatuek sustaturiko basolanen eskaeretarako: 150.000 (ehun eta bost mila) euro gehienez eta 2.000 (bi mila) euro gutxienez espediente oso bakoitzeko (6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeetan eskatutakoaren batura).
Aurreko kanpainetan lurra prestatzeko dirulaguntza jaso duten lurretan landaketa egiteko lanak, basoberritzeak mantentzeko lanak edo nahitaez bete beharreko bestelako mantentze-lanak baizik sartzen ez dituzten eskaeren kasuan, lan horiek aurreko kanpainetan dirulaguntza izan badute edo oso-osorik Nafarroako Gobernuak egin baditu, ez da inbertsio diruz lagungarrietarako gutxieneko muga hori aplikatuko.
Ulertuko da laguntzak jasotzeko baldintza artifizialak sortu direla izaera bereko jarduketak espediente batean baino gehiagotan zatitzen direnean gehieneko zenbatekoei buruz ezarritakoa betetzearren, baldin espedienteen titularrak ahaidetasunagatik lotuta badaude edo lotutako enpresetako partaidetza-organoekin harremana duten pertsona juridikoak badira. Hori gertatzen bada, bi aldeek galduko dute laguntzak jasotzeko eskubidea.
7.3. Kostuen moderazioaren printzipioa bermatzeko, aurkeztutako gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie.
7.4. Inbertsioaren gutxienekoa eta gehienekoa zehazteko, aintzat hartuko da espedientearen kontrata bidezko gauzatze aurrekontu osoa (hau da, 6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeetan eskatutakoaren batura), BEZik gabe, bai laguntzak ematean, bai Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartutako eta baliozkotutako ordainketan. Aipatutako zerbitzuak Nafarroako Baso Jardueraren Prezioen Tarifak erabiliko ditu erreferentziatzat, aurrekontu hori baliozkotzeko. Aurkeztutako memoria teknikoan edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horien araberakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatu beharko du desbideratze hori, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du, hori guztia 5. oinarriko 3. puntuan adierazitako kostuen moderazioa aplikatuz.
7.5. Laguntza kalkulatzeko, jarduketa bakoitzean, ondotik zehazten den taulan agertzen diren portzentajeak aplikatuko zaizkio inbertsiorako onartutako kontrata bidezko gauzatzearen zenbatekoari, BEZa kenduta. Inbertsiorako onartutako kontrata bidezko gauzatzearen zenbatekoa, BEZa kenduta, bi hauen arteko txikiena izanen da: batetik, onuradunak aurkezten duena, eta, bestetik, Basoak Kudeatzeko Atalak onartzen duena, laguntza eskaera ebaluatu eta kontrola aplikatu ondoren, bai laguntza emateko orduan, aurkeztutako inbertsioaren deskribapenaren eta justifikazioaren arabera, bai ordaintzeko orduan, egindako inbertsioaren arabera, eta betiere kostuen moderazioa aplikatuta bi une horietan.
7.6. Onartzen den zenbateko hori, hala laguntza ematean nola ordaintzean, espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoa (6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeetan eskatutakoaren batura) baino handiagoa izan beharko da (ikus oinarri honen 2. puntua). Bestela, laguntza eman edo ordaintzeko eskaera ukatuko da.
7.7. Hurrengo taulan, jarduketa bakoitzari aplikatu beharreko laguntza-ehunekoak adierazten dira, mendi motaren, haren ezaugarrien eta jabearen tipologiaren arabera sailkatuta.
JARDUKETAK | KATALOGATUTAKO MENDIAK, KBEak ETA ERAGILE PRIBATUEN BASO BATASUNAK (diruz lagunduko den %) | MENDI KATALOGATU GABEAK, ETA KBEak EZ DIRENAK. GAINERAKO JABE PRIBATUAK (diruz lagunduko den %) |
Basoberritzea(6811.1 esku-hartz.) Basoberritzeak epe ertaineko espezieekin / makaldiak Basoberritzeak epe luzeko espezieekin Lurra prestatzea geroago basoberritzea egiteko Landaketa egitea prestaketa lana egina duten lurretan Itxitura babeslea Hodi babeslea Hondakinak ezabatzea: pilatzea edo/eta erre gabe ezabatzea Hondakinak erreta ezabatzea Ilarako landaketak eta heskaiak Basoberritzeen mantentze-lanak | %60 / %50 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 | %60 / %50 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 |
Basolanak(6881.4 esku-hartz.) (*) Bakantzeak, inausketak eta eitea emateko mozketak Sasi-garbitzeak eta beste lan batzuk, berezko birsortzeari laguntzeko Sasi-garbitzeak, abeltzaintzarako Sasi-garbitzeak, KBEetan aurreikusitako habitatak hobetzeko Sasi-garbitzeak, klima-aldaketara egokitzeko Basoberritzeei loturik ez dauden itxiturak Gaztainadiak lehengoratzea | %60 %60 %60 %60 %60 %55 %80 | %60 %50 %45 - %60 %45 %60 |
Basoko bideak eta kargaleku iraunkorrak eraiki eta mantentzea(6881.4 esku-hartz.) Bestelako jarduketak (salbuespenak deialdi honetan) | %55 %40 | %45 %30 |
Biodibertsitatea(6881.4 esku-hartz.) (*) | %80 | |
Aisiarako azpiegitura txikiak(6881.4 esku-hartz.) | %40 | %30 |
Dokumentazio teknikoa(**) (6881.4 esku-ha.) | %100 | %100 |
Obra zuzendaritza(**) (6881.4 esku-ha.) | %100 | %100 |
(*) Basolanak eta biodibertsitatea bultzatzeko neurriak kalteak prebenitzeko jarduerak dira. (**) Dirulaguntzaren portzentajeak 6. oinarrian (6.6 ataleko 1.1.a) ezarritakoak dira. | ||
7.8. "Mendi katalogatuak, KBEak eta eragile pribatuen baso batasunak" zutabean ezarritako dirulaguntzen portzentajeak honela aplikatuko dira:
–Toki entitate batek aurkeztutako jarduketa guztietarako, baldin eta toki entitatea onura publikoko mendien titularra edo kudeatzailea bada.
–Aurkeztutako jarduketa guztietarako, baldin eta toki entitateak bere herri-lur guztiak edo haien zati bat sartuta baditu KBE batean edo KBE bateko kudeatzaile mankomunatua bada.
–Baso elkarteek aurkeztutako jarduketa guztietarako, baldin eta lursailen jabeen baimena badute.
Baldintza hori betetzen ez duten gainerako eskaerei "Mendi katalogatu gabeak, eta KBEak ez direnak" edo "Gainerako eragile pribatuak" izeneko zutabeetako portzentajeak aplikatuko zaizkie.
7.9. Eskaerak jarduketetan eta azpijarduketetan banakatuko dira, taula honetan bezala. Taula honetan jasotako jarduketak eta azpijarduketak baino ez dira diruz lagunduko:
UNITATEA | JARDUKETA | AZPIJARDUKETA | |
1 (6881.1) | HA | BASOBERRITZEA | MAKALDIAK. LURRA PRESTATZEA |
MAKALDIAK. LANDAKETA | |||
EPE LUZEKO ESPEZIEAK, LURRA PRESTATZEA | |||
EPE LUZEKO ESPEZIEAK, LANDAKETA/EREINTZA | |||
EPE ERTAINEKO BESTE ESPEZIE BATZUK, LURRA PRESTATZEA | |||
EPE ERTAINEKO BESTE ESPEZIE BATZUK, LANDAKETA/EREINTZA | |||
M.L. | ITXITURA BABESLEA | BASOBERRITZE BERRIETAN PARATZEA | |
LEHENAGOKO BASOBERRITZEETATIK KENTZEA | |||
UNIT. | HODI BABESLEA | BASOBERRITZE BERRIETAN EDO BABESTU GABEKO BASAFAUNAK KALTETURIKO BASOBERRITZEETAN PARATZEA | |
LEHENAGOKO BASOBERRITZEETATIK KENTZEA | |||
HA | HONDAKINAK EZABATZEA | PILATZEA ETA/EDO EZABATZEA, ERRE GABE | |
ERRETA EZABATZEA | |||
M.L. | ILARAKO LANDAKETAK ETA HESKAIAK | ILARAKO LANDAKETA | |
HESKAI LANDAKETA | |||
HA | BASOBERRITZEEN MANTENTZE-LANAK | UDAKO GARBIKETAK | |
HUTSARTEAK BETETZEA | |||
M.L. | ILARAKO LANDAKETEN ETA HESKAIEN MANTENTZE-LANAK | UDAKO GARBIKETAK | |
HUTSARTEAK BETETZEA | |||
2 (6881.4) | HA | BAKANTZEA | BEREZKO ZUHAITZ-MASAK |
KONIFEROEN/HOSTOZABALEN BASOBERRITZEAK | |||
HA | SASI-GARBITZEAK | BEREZKO BIRSORKUNTZARI LAGUNTZEKO (beste lan batzuk) | |
ABELTZAINTZARAKO | |||
KBEetan AURREIKUSITAKO HABITATAK HOBETZEKO | |||
KLIMA-ALDAKETARA EGOKITZEKO | |||
M.L. | BASOBERRITZEEI LOTURIK EZ DAUDEN ITXITURAK | EZARTZEA: BEREZKO BIRSORTZEA BABESTEKOAK | |
EZARTZEA: LARRE NATURALETAKOAK | |||
MANTENTZE-LANAK: BEREZKO BIRSORTZEA BABESTEKOAK | |||
MANTENTZE-LANAK: LARRE NATURALETAKOAK | |||
ITXITURAK KENTZEA | |||
UNIT. | HOSTOZABALAK INAUSTEA | EITEA EMATEKO MOZKETA | |
ALTUERAN INAUSTEA (gehienez 250 zuhaitz/ha) | |||
MAKALDIAK INAUSTEA | |||
UNIT. | KONIFEROAK INAUSTEA | 2,5 M ARTE INAUSTEA (gehienez 400 zuhaitz/ha) | |
2,5 ETA 5 M BITARTE INAUSTEA (gehienez 250 zuhaitz/ha) | |||
HA | GAZTAINADIAK LEHENGORATZEA | BASO-TRATAMENDUAK | |
INAUSKETA, LEPAKETA | |||
PATROIRAKO LANDAREAK LANDATZEA ETA BABESLEAK JARTZEA | |||
BESTE LAN ESPEZIFIKO BATZUK | |||
3. (6881.4) | KM | KAXA IREKITZEA | |
ZOLATZEA | |||
ZELAITZEA HOBETZEA | |||
AREKAK EGITEA | |||
AREKAK GARBITZEA | |||
SASI-GARBITZEA BASOKO BIDEEN BAZTERRETAN | |||
UNIT. | HODIA (FABRIKA-HODIA BARNE) | ||
AREKA GAINEKO PASABIDEA | |||
AZALEKO DRAIN. ZEHARKAKOA | |||
HODI GARBITZEA | |||
ATAKA | |||
M2 | KARGALEKUA ERAIKITZEA | ||
SAKANGUNEA | |||
ITZULIA EGITEKO TOKIA | |||
M3 | HARRI-LUBETA | ||
UNIT. | BESTELAKO JARDUKETAK | DEIALDIKO SALBUESPENEKO JARDUKETAK | |
4 (6881.4) | UNIT. | BIODIBERTSITATEA | BESTE JARDUKETA BATZUK, KBE BATEN KUDEAKETA PLAN ONETSIAN AURREIKUSITAKOAK |
IBARBASOA LEHENGORATZEA | |||
5 (6881.4) | UNIT. | AISIARAKO AZPIEGITURA TXIKIAK | JARTZEA (segurtasuneko elementuak, altzariak eta seinaleztatzeko euskarriak eta elementuak) |
MANTENTZE-LANAK (iturriak, bidexkak eta aparkalekuak) | |||
6. (6884.4) | UNIT. | DOKUMENTAZIO TEKNIKOA | |
OBRA ZUZENDARITZA |
7.10. Laguntzaren intentsitatea eta kostu diruz lagungarriak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak edozein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Kostu diruz lagungarriak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.
8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta hautaketa irizpideak.
8.1. Ebazpen honetako laguntzak norgehiagoka bidez emateko prozedurari jarraikiz emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.
Ebazpen honen ondorioetarako, mendiaren kudeatzailetzat hartzen da hura erabili eta gozatu dezakeen pertsona oro, dela haren gaineko jabetza eskubidea duelako, dela jabearen baimena edo adostasuna duelako. Honako hauek izan daitezke: errentariak, gozamendunak, zentsu-hartzaileak eta antzekoak.
8.2. NPEPEren Nafarroako Jarraipen Batzordeak 2025eko martxoaren 26an onetsitako hautaketa irizpideen arabera, eskaerak lehenesteko hurrenkera eginen da balorazio irizpideak aplikatuz lortzen diren puntuak batuta. Dirulaguntza emateko ebazpenak eskatzaile guztien balorazio teknikoaren emaitza arrazoituko du, egitateak eta zuzenbideko oinarriak labur aipatuta.
8.2.1. Aplikatu beharreko hautaketa irizpideak.
ATALA | KONTZEPTUA | PUNTUAZIOA |
1 Kontserbatzea | Toki entitatearen mugartean badira onura publikoko mendiak / Eskatzailea mendi babesleen jabea da | 20 |
2 Natura 2000 Sarea | Toki entitatearen mugartean badira KBEak edo eskatzailea KBE deklaratuta dauden mendien jabea/kudeatzailea da (1) | 15 |
3 Kudeaketa jasangarria | Toki entitatearen mugartean badira indarrean dagoen antolamenduko proiektua duten herri-basoak eta proiektua Administrazioaren adostasunarekin gauzatzen da. Eragile pribatuen kasuan, eskatzailea indarrean dagoen plangintza tresna bati lotutako mendien jabea/kudeatzailea da. | 10 |
4 Eskaeraren kalitate teknikoa | Aurkeztutako proiektuaren edo memoria teknikoaren egokitasuna eta bideragarritasun teknikoa (2) | 20 |
5 Kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria | Toki entitatea basogintzako kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria duten herri-basoen titularra da, edo lanen azkeneko ziurtapenaren eguna baino lehen ziurtagiria lortzekoak diren herri-basoena. Eskatzailea kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria duten basoen titularra da, edo laguntza hauek eskatzearen xede diren larreena, zeinek ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria edo onetsitako kudeaketa plan bat baitute. | 10 |
6 Basoak lehengoratzea (toki entitateei aplikatzekoa) | Toki entitateak laguntzak eskatzen ditu izurriek, gaitzek eta baso-suteek kaltetutako eremuak lehengoratzeko basoberritzeak egiteko eta/edo basoberritze horien mantentze-lanetarako. | 15 |
7 Baso batasunak (eragile pribatuei aplikatzekoa) | Basoen jabeen/kudeatzaileen batasun batek aurkeztu du eskaera (3) | 15 |
8 Klima-aldaketara egokitzea | Baso-sistemak klima-aldaketara hobeki egokitzeko ekintzak biltzen dituzten eskaerak (4) | 10 |
Irizpide honek tarteko puntuazioak ditu: 15 puntu beren lurraldean KBEak dituzten toki entitateentzat edo KBE baten kudeatzaile mankomunatuak direnentzat; 15 puntu, partikularren edo haien taldeen eskaeretan onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %20 gutxienez KBEetarako bada; 5 puntu, partikularren edo haien taldeen eskaeretan onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %20tik behera KBEtarako bada. (1) Irizpide honek tarteko puntuazioak ditu. Gehienez ere 20 punturekin baloratuko dira laguntza eskaeraren xede diren jarduerak justifikatzen dituzten proiektuak edo memoria teknikoak osoak badira eta eskaerak aurkezteko epean aurkezten badira. 10 puntu emanen dira proiektuak edo memoria teknikoak argitu beharra baldin badago baina, hala izanik ere, posible baldin bada espedientea tramitatzen jarraitzea haietan dagoen dokumentazio teknikoarekin. 0 puntu emanen zaizkie eskaerak aurkezteko epean osorik aurkezten ez diren proiektuei edo memoria teknikoei, edo laguntzaren xede diren jarduketak justifikatzen ez dituztenei, baldin eta horrek ezinezko egiten badu tramitazioarekin jarraitzea harik eta haiek zuzendu arte. Aurreko kanpainan prestaketarako dirulaguntza jaso duen lurra basoberritzea eskatzen duten espedienteetan, gehieneko puntuazioa emanen da irizpide honetan, ekintza estrategikotzat jotzen baita. (2) Irizpide honek tarteko puntuazioak ditu: 15 puntu emanen dira baso batasunak Baso Administrazioaren adostasunarekin gauzatzen den onetsitako kudeaketa plan teknikoa badu, eta 5 puntu, aldiz, batasunak Baso Administrazioaren adostasunarekin gauzatzen den onetsitako kudeaketa plan teknikorik ez badu. (3) Irizpide honek tarteko puntuazioak ditu: 5 puntu, baldin eta bakantze eta basoberritze lanetarako (6. irizpideko ezaugarriak dituztenak) onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontua espediente osorako onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %10etik %20ra artekoa bada. Eta 10 puntu, baldin eta kontrata bidezko gauzatze aurrekontua espediente osorako onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %20tik gorakoa bada | ||
9. oinarria.–Norgehiagokako prozedura aplikatzeko era.
9.1. Laguntza hauek norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 9. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe, baldin eta NPEPEren Nafarroako Jarraipen Batzordeak 2025eko martxoaren 26an onetsitako gutxieneko puntuazioa lortzen bada.
9.2. Berdinketarik izanez gero, honela trenkatuko da:
Toki entitateen kasuan, berdinketa baldin badago espediente bakoitzeko gehieneko puntuazioan, honako atal hauetan puntuazio handiena lortu dutenei emanen zaie lehentasuna: 1. Kontserbazioa, 2. Natura 2000, 3. Kudeaketa jasangarria, 4. Kalitate teknikoa, 5. Kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria, 6. Basoak lehengoratzea eta 7. Klima-aldaketara egokitzea.
Eragile pribatuen kasuan, berdinketa baldin badago espediente bakoitzeko gehieneko puntuazioan, honako atal hauetan puntuazio handiena lortu dutenei emanen zaie lehentasuna: 1. Kontserbazioa, 2. Natura 2000, 3. Kudeaketa jasangarria, 4. Kalitate teknikoa, 5. Kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria, 6. Baso batasuna eta 7. Klima-aldaketara egokitzea.
Bi kasuetan, aurreko irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, diruz lagungarria ez den inbertsioaren arabera (handienetik txikienera) ordenatuko dira espedienteak. Halakotzat hartuko da onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontu osoaren eta emandako dirulaguntza osoaren arteko aldea.
Laguntzak emateko ebazpenek taula bat izanen dute eskatzaile bakoitzak irizpide bakoitzean lortutako puntuazioarekin, eskatzaile motak (toki entitateak eta eragile pribatuak) bereizita.
9.3. Gutxieneko puntuazioa.
Aurrekontu-zuzkidura nahikoa izanda ere, gutxienez 30 puntu lortu beharko dira gehienez lor daitezkeen 100 puntuetatik, eskatzaile mota edozein dela ere.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
10.1. Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
1.) Dirulaguntzaren onuradunek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
2.) Toki entitateek, orobat, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak kontratazioaren arloan ezarritako arauak bete beharko dituzte.
3.) Inbertsioak egin beharko dituzte Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barnean. Zilegi da jarduketa berean aldaketa partzialak egitea hasieran emandakoaren gainean, baldin Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko teknikariek aldaketa horiek baimentzen badituzte eta eskatzaileari jakinarazten bazaizkio. Aldaketa partzial horiek izan daitezke: obrako zuinketaren ondoriozkoak, jarduketen kokapenean aldaketa txikiak eragiten dituztenak; erabili beharreko materialaren aldaketak, baldin eta jatorrizkoaren izaera berekoa bada eta aldaketa merkatuko eskuragarritasun egoeren ondorio bada; edo beharrezkoak direnak aurreikusi gabeko jarduketak egitera behartzen duen gertakari naturalen bat izan delako.
4.) Ordainketa ebatzi arte, 4. oinarrian ezarritako betebeharrei eutsi behar zaie, baita 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.
5.) Behar diren argibideak eman beharko dituzte inbertsioaren alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz, baita neurri hauen esparruan jasotako laguntzei buruz ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.
6.) Eskaera zehazten, justifikatzen eta baloratzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztea.
7.) Eskaerako jarduketak bateragarriak izanen dira naturagunearekin eta naturaguneei eta mendiei buruzko foru legediarekin.
8.) Landa eremuko ondarea errespetatzea, sustatzen dituzten jarduketetan.
9.) Onartu behar dira laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak.
10.) Diruz lagundutako inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari horren berri eman behar diote. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Diruz lagundutako gastuak izanen dira onuradunak egiazki ordaindu dituenak. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kontura edo Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentutik ematen direnekin (zehazki, bateraezinak dira toki entitateek sustatutako abeltzaintzako azpiegituretarako ematen diren laguntzekin). Dirulaguntza honengatik jasotako zenbatekoen eta, hala badagokio, Toki Administrazioaren Inbertsio Planeko ekarpenen batura ezin izanen da inbertsioaren guztizko kostua baino handiagoa izan.
11.) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeretako bakar batean ere, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.
12.) Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko langileei dirulaguntzen xedeko lurzatietan sartzen utzi behar zaie, egindako lanak gainbegiratzeko eta, hala badagokio, inbertsioa amaitu eta ondoko 5 urtean inbertsioei eusteko konpromisoa bete ote den ikuskatzeko.
13.) Laguntza jaso duten ekintzak gauzatu gabe utziz gero, horren berri eman beharko zaio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, laguntza eman dela jakinarazi eta bi hilabetean, gehienez ere; horrenbestez, laguntza ematen duen hasierako ebazpena aldatzeko eskatuko da.
14.) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.
15.) Onuradunek bete beharko dituzte 2022/129 (EB) Erregelamenduaren II. eta III. eranskinetan aipatzen diren erantzukizunak, bai eta horretarako ezarritako nazioko eta eskualdeko arauetakoak ere; besteak beste, honako hauek:
–Guztira 10.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen duten eragiketen kasuan, onuradunak gutxienez informazio panel bat ezarri beharko du, eragiketari buruzkoa (gutxienez ere A3 tamainakoa), non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean (esaterako, eraikin baten sarreran).
–Ordainketan guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen bada NPEPEren barruko eragiketa batera bideratutako inbertsioetarako, onuradunak gutxienez informazio panel bat (gutxienez ere A3 tamainakoa) edo proiektuari buruzko plaka bat ezarri beharko du, non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean. Gainera, Europako ikurra agertuko da, helbide honetan dauden arau grafikoen araberakoa: https://european-union.europa.eu/principles-countries-history/symbols/european-flag_es, eta horrekin batera, lelo hau: "Europar Batasunak finantzatua" edo "Europar Batasunak kofinantzatua".
16.) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.
17.) Onuradunen betebeharra da behar bezala mantentzea jasotako laguntzari esker hobetutako azpiegiturak, instalazioak, ekipamenduak edo lurrak. Laguntza ordaindu eta hurrengo bost urteetan, diruz lagundutako inbertsioen xede diren ondasun horiek egoera egokian mantendu behar dira, eta inbertsioaren bidez lortutako helburuak eta funtzioak eraginkortasunez betetzen jarraitu behar dute. Diruz laguntzen den inbertsioan ezbeharren bat gertatuz gero, onuradunak horren berri eman beharko dio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta ezbeharra eragin duten zergatien berri eman, zerbitzuak behar diren neurriak har ditzan inbertsioei eusten zaiela egiaztatzeko.
18.) Onuradunek, eragile pribatuak badira eta, aldi berean, beren enpresa-jarduera jarduketaren xede diren lurretan garatzen badute, ezin izanen dute enpresa deslokalizaziorik egin, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoarekin.
11. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.
1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, laguntza likidatzen duen ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.
2. Oro har espediente mota guztientzat, gerora bete beharreko konpromisoa da inbertsioaren izaerari edo gauzatzeko baldintzei eragiten dien inolako aldaketa garrantzizkorik ez egitea, eta ez aldatzea nabarmenki eragiketaren izaera, helburuak edo hura gauzatzeko baldintzak, hori guztia jatorrizko helburuak ez kaltetzeko.
12. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazio osagarria.
1.1. Laguntza eskaerak aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan onartutako bideak erabiliz.
Hala ere, administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta daudenek, aipatutako legearen 14. artikuluaren arabera, beren eskaerak eta lotutako dokumentazio guztia SGANA aplikazio informatikoaren bidez aurkeztu beharko dituzte, horrexetarako gaitu baitu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak. Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta daudenek beste bide batzuk erabiliz tramitatzen badute eskaera, instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio SGANA aplikazioaren bidez egin dezala tramitazioa, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpen espresua eman ondoren. Ebazpen hori aipatutako legearen 21. artikuluak dioen moduan eman beharko da, gertatutako egitateak eta aplikagarriak diren arauak adierazita.
Dirulaguntza eskaerek balioko dute Basogintzako Administrazioaren ingurumen baimena ere eskatzeko, eskaeran proposatutako jarduketak egite aldera.
1.2. Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren arabera ("pizgarri-efektua duten laguntzei" aplikatzekoa), dirulaguntza eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen, dirulaguntza honek eragin pizgarria duelako (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 42. artikuluaren aplikazio eremuko neurrien esparruan egindako inbertsio eragiketei dagokienez, dagokion laguntza eskaera agintaritza eskudunean aurkeztu aurretik egindako gastu hauek diruz lagungarriak izanen dira, arau orokorraren salbuespen: ondasun higiezinen hobekuntza gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak, eta jasangarritasun ekonomiko eta ingurumenekoari buruzko aholkularitzari lotutako ordainsariak, barnean direla bideragarritasun azterlanak; bideragarritasun azterlanek gastu diruz lagungarriak izaten segituko dute, baldin eta eskatutako eta onartutako jarduketako bat, gutxienez, likidatu bada. Egoera hori justifikaturik geldituko da laguntza eskaeraren 5. inprimakiaren 2. atalean.
1.3. Laguntza eskaera guztiekin batera II. eranskineko ("Laguntza eskaerak") dokumentu hauek aurkeztu beharko dira.
a. Laguntzak eskatzeko inprimaki ofiziala (1. inprimakia), interesdunak aplikazio telematikoan beteta eta sinatuta, laguntza eskaerak aurkezteko epean, gutxienez onartu ahal izateko eta prozedurarekin jarraitu ahal izateko; bestela, laguntza eskaera artxibatu eginen da.
b. "Eskatutako jarduketak" izeneko inprimakia (2. inprimakia). Proiektuari edo memoria teknikoari erantsiko zaio, behar bezala betea eta sinatua.
Inprimaki horren datuak eskatutako laguntzaren laburpena izanen dira eta, beraz, bat etorri beharko dute espedientean sartutako memoria teknikoan edo proiektu teknikoan justifikatutakoekin. Argi gelditu beharko da jarduketa egitekoa den lekuaren katastroko erreferentzia: udalerria, poligonoa eta lurzatia.
c. Ordezkari teknikoari baimena emateko inprimakia (3. inprimakia), eredu normalizatuaren araberakoa, hirugarrenek ordezka ditzatela nahi duten eskatzaileentzat, ordezkatuak emandako irismen eta iraupenarekin. Ordezkariaren NANaren fotokopia erantsi beharko da, baina hori ez da beharrezkoa izanen ordezkariak aurreko 3 kanpainetakoren batean aurkeztu baldin badu, edo ordezkaria laguntza hauen kudeaketan departamentuari laguntzen dion kabinete bateko teknikaria bat baldin bada eta aurreko batean bere NANa aurkeztu badu; kasu horietan, berariaz adierazi beharko da zer kanpaina eta espedientetan aurkeztu zuen bere NANa ordezkari gisa jardunda, hura aurkitzeko.
Horrela eratutako ordezkaritzak, hala badagokio, laguntzen kanpaina bat baino gehiago har dezake, eta amaituko da kabinete teknikoaren hautaketan aldaketak gertatzen direnean.
d. Eragile pribatuen kasuan, jarduketa diruz lagungarriak eginen diren tokian dituen eskubideen egiaztagiriak (4. inprimakia).
Laguntzen eskatzaileak egiaztatu beharko du ahalmenak edo eskubideak dituela jarduketa diruz lagungarriak laguntza eskaeraren xede diren lurretan egiteko, modu hauetako batean:
1. Jabea, errentaria edo gozamenduna dela justifikatuz, Jabetza Erregistroaren ohar soil edo karga-ziurtagiri baten bidez. Katastroko titulartasunak ez du frogatzen lurren jabetza.
2. "Lurzatiaren jabearen baimen-ematea eskatzailearen alde" inprimakia aurkeztuz, lurren jabe bakoitzaren NAN/IFZ/IFK agiriaren fotokopiarekin eta horien jabetza-eskubidea egiaztatzen duen dokumentazioarekin (Jabetza Erregistroak emana) batera.
3. Errentamendu kontratuak, herri-lurretarako udalen baimenak, edo gozamen-eskubidea frogatzen duen edo lur horien benetako edukitza egiaztatzen duen beste edozein agiri, zuzenbidearen araberakoa betiere.
e. Eskatzailea ez bada eskatutako lurzatien jabea, lurzatiaren jabeak bere jabetzako lurretan jarduketak egiteko emandako baimenaren inprimakia (4. inprimakia). Ez da laguntzarik emanen baldin eta gatazkarik badago lurzatien jabetza dela-eta toki entitatearen eta partikularren artean edo partikularren artean. Gatazka laguntzak eman ondoren sortzen bada, ez da ordainduko auzitan dauden lurretan gauzatzen diren jarduketen zatia, jabetza argitu arte.
f. Ziurtagiriaren / erantzukizunpeko adierazpenaren inprimakia (5. inprimakia), kasu guztietan atal hauek beteta: 2. atala, dioena eskaera aurkeztu aurretik jarduketak ez direla hasi, eta 4. atala, dioena Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen eta deialdi honen 18. oinarriaren ondoriozko betebeharrak betetzen direla.
g. IFK/IFZ agiriaren fotokopia: beharrezkoa izanen da, bakar-bakarrik, eskatzailea erregistraturik agertzen ez denean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren SGANA kudeaketa-aplikazioan.
h. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku helbideratze batean kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu, edo eskatzailea berria bada. Dokumentu hori Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean ere entregatuko da. Helbide honetan egonen da eskuragarri:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak
i. Ebazpen honen "Hautaketa irizpideak" izeneko puntuan ezarritako puntuazioak lortu ahal izateko behar diren agiriak, jadanik Baso Administrazioak ez dauzkanak. Beren eskaeran ekoizpen ekologikoko larreak sartzen dituzten jabe pribatuek frogatu egin beharko dute, lurzati horiei buruz Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) emandako ziurtagiriaren bitartez.
j. Eskatutako jarduketak ez badaude Nafarroako baso jardueraren prezioen tarifetan jasorik, proiektua idatzi duen teknikariak justifikatu beharko du desbideratze hori, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du, hori guztia 5. oinarriko 3. puntuan adierazitako kostuen moderazioa aplikatuz. Justifikazio gisa onartuko da proformako hiru faktura aurkeztea ere, hiru eskaintza alderatu ahal izateko.
k. Memoria teknikoa edo proiektu teknikoa (kontrata bidezko gauzatze aurrekontua 30.000 eurokoa edo hortik beheitikoa bada, memoria teknikoa izenekoa aurkeztu behar da, eta 30.000 eurotik goitikoa bada, proiektua aurkeztu beharko da, 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz), makaldiak kudeatzeko plana barne. Aski izanen da PDF edo Word formatuko artxibo bat, indarrean dagoen legeriaren arabera basogintza arloan eskumena duen edo antzeko proiektuetan esperientzia duen unibertsitate-tituludun teknikari batek elektronikoki sinatua eta oinarri hauetan ezarritako jarraibideen arabera egina. Artxiboetako bakar bat ere ez da zortzi megakoa baino handiagoa izanen. Planoak, gainera, SHP formatuan erantsiko dira. Kartografia digitalak ETRS89 proiekzioan egon beharko du.
l. Basolanetarako dirulaguntzen deialdian lehenbiziko aldiz parte hartzen duten mendi batasunen kasuan, eskabidea batasunaren alde izanen da, eta honako dokumentazio osagarri hau erantsiko da:
–Batasunaren estatutuak; batasunaren IFKa.
–Ordezkariaren izendapena (3. inprimakia), baldin bera ez bada batasuneko lehendakaria estatutuen arabera.
–Kudeaketarako plan tekniko onetsia (IDPOMa azaldu behar da laguntza eskaeran).
m. Baso jabeen batasunek parte-hartzaileen izenen zerrenda aurkeztu behar dute, bertan adierazita haietako bakoitzaren NANa, batasuneko kide dela agertzen duen sinadura eta laguntza eskaeran sartzen dituen bere jabetzako lurzatiak. Hurrengo kanpainei begira, zerrenda hori ez da eguneratu beharko aldaketarik ez badu.
n. Eskaera batean jarduketen mantentze-lanak baizik ez badira sartzen, eta aurreko kanpainetan lan horietarako dirulaguntza eman bada, 1. inprimakia eta 2.a (eskatutako jarduketak) bakarrik aurkeztuko dira, honako hauek azalduz: jatorrizko espedientearen erreferentzia, egin nahi diren mantentze-lanen laburpen txiki bat eta jarduketa bakoitzeko aurrekontua eta aurrekontu osoa. Kontrataren gauzatze aurrekontua, guztira, 30.000 eurotik gorakoa bada, proiektu tekniko bat ere aurkeztu beharko da.
1.4. Aurrekoaz gain, eta adierazitako subjektuentzat soilik, laguntza eskaerekin batera II. eranskineko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira. "Laguntza eta ordainketa eskatzeko inprimakiak":
(a) Onura publikoko mendien titular diren toki entitateak: 5. inprimakian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena, haien baso aprobetxamenduen zenbatekoaren %20ko gutxieneko inbertsioari buruzkoa, 5. oinarriaren e) letran zehazten den bezala, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 67. artikulua betez, barnean sartu gabe suak hartutako lekuetako egurra saltzetik lortutako aparteko diru-sarrerak.
(b) Mendi babesleetan jarduten duten eragile pribatuak: 5. inprimakian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena, haien baso aprobetxamenduen zenbatekoaren %20ko gutxieneko inbertsioari buruzkoa, 5. oinarriaren e) letran zehazten den bezala, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 67. artikulua betez.
1.5. Eskaerarekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio gehienez hamar egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da; ebazpen horrek arrazoitua izan beharko du eta egitateen eta zuzenbideko oinarrien aipamen laburra eginen du, aipatutako 39/2015 Legearen 35.1 artikuluko g) letran ezarritakoa betez.
Toki entitateentzako eta pertsona juridikoak diren eragile pribatuentzako errekerimendua gaitutako helbide elektronikoaren (hemendik aurrera, GHE) bitartez jakinaraziko da. Pertsona fisikoak diren eragile pribatuei gutun ziurtatuaren bidez jakinaraziko zaie, edo laguntza eskaeran gaitutako eskatzailearen helbide elektronikoa erabilita, baldin eta horrela aukeratu badute.
1.6. Errekerimenduei elektronikoki erantzutea onartuko da, baldin tramitatzen badira erregistro elektronikoa erabiliz edo SGANA aplikazio informatikoan erregistratuta.
1.7. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.
13. oinarria.–Eskaerak aldatzea.
13.1. Aurkeztutako eskaeren aldaketa ez nabarmenak onartuko dira, baldin eta eskaerak aurkezteko epean egiten badira, alegia, ebazpen honen 4. puntuan (Eskaerak aurkezteko epea) zehaztutako epearen barnean. Proiektua teknikoki hobetzeko aldaketak baizik ez dira onartuko, eskatutakoaren helburua eta izaera aldatzen ez dituztenak. Instrukzio organoaren balorazioaren mende egonen da laguntza eskaeran aldaketak onestea.
13.2. Ez dira onartuko:
(a) Aldaketa nabarmenak, hala nola jarduketen eremu geografikoa aldatzea (behar bezala justifikatzen denean salbu); jarduketak aldatzea modalitate baten baitan; aurrekontu gehikuntzak, non eta ez diren eskaera betetzean egindako akats materialengatik soilik; edo hasieran eskatu ez diren neurriak sartzea.
(b) 8. oinarrian zehaztutako hautaketa irizpideen aplikazioa aldarazten duten aldaketak.
13.3. Onartutako aldaketak eskaeraren titularrari jakinaraziko zaizkio eta, betiere, laguntza ematen duen ebazpena baino lehen tramitatuko dira.
14. oinarria.–Instrukzio organoa.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak oinarri arautzaile hauetan jasotako laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedurak instruituko ditu, eta laguntza emateko eta urteko ordainketa egiteko proposamenak ere eginen ditu.
15. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak laguntza eskaerak ofizioz ebaluatuko ditu norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau honetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.
Behar diren kontrolak eginen dira eskaerak onartzeko modukoak direla eta eskatutako jarduketak mendiaren beharretara egokitzen direla egiaztatzeko. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak laguntza emateko proposamena eginen du, jarduketa edo azpijarduketa bakoitzeko eta eskatzaile mota bakoitzeko, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio. Laguntza emateko espedientean jasota utziko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.
Laguntza emateko eta ordainketa egiteko ebazpenen proposamenek arrazoituak izan beharko dute, egitateen eta zuzenbideko oinarrien aipamen laburra eginez, eta eskatzaileen zerrenda osoa jasoko dute; zerrendan irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa jasoko da, eskatzaile motak (entitate publikoak eta eragile pribatuak) bereizita, errazago uler dadin nola ebatzi diren balizko berdinketak.
Finantzatzekoa den azken proiekturako dirulaguntza-proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino, aurrekontuan diru erabilgarririk ez dagoelako, instrukzio organoak eskaera birformulatzeko eskatzen ahalko du. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Kudeaketa organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.
16. oinarria.–Ebazpena.
16.1. Ebazpen proposamenak ikusirik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.
16.2. Laguntzak emateko ebazpenak arrazoituko dira, egitateak eta zuzenbideko oinarriak aipatuta.
16.3. Ebazpen bakoitzak eskatzaileen bi zerrenda izanen ditu, entitate publikoena eta eragile pribatuena, eta bietan jasoko da irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa, errazago uler dadin nola ebatzi diren balizko berdinketak.
Ebazpenetan, dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
16.4. Eskatzaile mota bakoitzeko partidetako bati dagokion aurrekontuko kreditua nahikoa ez bada deialdi honetako 9. oinarrian jasotako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaera guztiei laguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin diren eskaerak.
16.5. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira laguntzak emateko ebazpenak, dagozkien eranskinekin batera.
16.6. Prozedura ebazteko sei hilabeteko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da.
16.7. Laguntza emateko ebazpena GHEBren (gaitutako helbide elektroniko bakarra) bitartez jakinaraziko zaie toki entitateei eta pertsona juridikoak diren eragile pribatuei; pertsona fisikoak diren eragile pribatuei gutun ziurtatuaren bidez jakinaraziko zaie, edo laguntza eskaeran gaitutako eskatzailearen helbide elektronikoa erabilita, baldin eta horrela aukeratu badute.
17. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.
17.1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2027ko urriaren 8a izanen da 2026-2027 kanpainako laguntza eskaeretarako. Horrenbestez, fakturen ordainagiriek (transferentziek, kontuan egindako diru-sarrerek edo antzekoek) inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta 2027ko urriaren 9a baino lehenagokoak izanen dira.
17.2. Onuradunak 2027ko urriaren 15era arteko epea izanen du hurrengo puntuetan azaltzen den ordainketaren eskaerari buruzko dokumentazio guztia aurkezteko.
17.3. Administrazioarekin harreman elektronikoak izatera behartuta dauden titularren kasuan, ordainketa eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, SGANA aplikazio informatikoa erabiliz, horrexetarako gaitu baitu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak. Kasu horietan, eskaera beste bide batzuk erabiliz tramitatzen bada, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio SGANA aplikazioaren bidez aurkez dezala, gehienez hamar egun naturaleko epean, eta adieraziko dio egin ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da; ebazpen horrek arrazoitua izan beharko du eta egitateen eta zuzenbideko oinarrien aipamen laburra eginen du, aipatutako 39/2015 Legearen 35.1 artikuluko g) letran ezarritakoa betez.
Administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta ez dauden pertsona fisikoek aurreko paragrafoan aipatutako eskaera aurkezten ahalko dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan onartutako edozein bide erabilita, eta goian aipatutako SGANA aplikazioa erabiltzea ere onartuko da; horretarako, sarbidea emanen zaie 2 eguneko epean, eskaera egiten dutenetik zenbatzen hasita.
17.4. Ordainketaren eskaera guztiekin batera II. eranskineko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira. "Laguntza eta ordainketa eskatzeko inprimakiak":
a) Ordainketa eskatzeko inprimakia: Obra zuzendaritzaren ziurtagiriaren inprimakia (6. inprimakia), deialdi honek bere baitan biltzen dituen laguntza mota guztietako jarduketa guztiak jasoko dituena, behar bezala betea eta obra zuzendariak sinatua, toki entitatearen edo eragile pribatuaren oniritzi sinatuarekin. Obra zuzendaritzarik ez bada behar, onuradunak berak sinatuko du inprimakia. Ordainketa eskaera onartzeko eta prozedurarekin jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa da 6. inprimakia behar bezala betea eta sinatua aurkeztea eskaerak aurkezteko epearen barnean; bestela, prozedura bukatutzat eman eta laguntza eskaera artxibatuko da.
b) Basoberritze lanen, basoberritzeen mantentze-lanen edo inausketen kasuan, obra zuzendariaren erantzukizunpeko adierazpena (7. inprimakia), honako hauek frogatzeko, behar denean: kalitate osoko eta komertzialeko hazi edo landareak erabili izana, indarreko araudiaren araberakoak eta proiektuan edo memoria teknikoan deskribatutakoaren araberakoak, eta, horrekin batera, ugalketarako baso materialaren jatorriari buruzko ziurtagiria, erabilitako landarearen edo haziaren hornidura egin duen mintegiak emana; udako garbiketen egunak; inausitako zuhaitz kopurua; eta inausketaren egunak.
c) Bakantzeen kasuan, toki entitatearen ziurtagiria edo eragile pribatuaren erantzukizunpeko adierazpena, jarduketa hori egiteagatik inolako diru-sarrerarik eskuratu ez duela dioena (8. inprimakia).
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipo ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo laguntza enpresek egindako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
Aurreko bi salbuespen horien justifikazioa onuradunaren zinpeko adierazpen baten bidez eginen da: bertan adierazi beharko du arauak aipatzen dituen bi arrazoietako bategatik ez duela frogatu hornitzailearen hautaketa efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera egin izana, bi arrazoi horietatik zein gertatu den zehaztuta.
Hornitzailearen hautaketa eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera egin dela egiaztatzeko, honela jokatuko da:
(d.1) Obren kasuan:
–Obra kontrata bidez gauzatzeko aurrekontu lizitatua 30.000 eurotik gorakoa bada, 40.000 euro arte (BEZa kanpo): hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu behar da, 9. inprimakia aurkeztuz.
–Obra kontrata bidez gauzatzeko aurrekontu lizitatua 40.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo): hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu behar da (9. inprimakia aurkeztuz), eta kontratatzeko erabilitako prozedura frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da (10. inprimakia).
(d.2) Aholkularitza zerbitzuen kasuan (obra zuzendaritza / dokumentazio teknikoa prestatzea):
–Obra zuzendaritzako edo dokumentazio teknikoa prestatzeko aholkularitza zerbitzuaren aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa bada, 15.000 euro arte (BEZa kanpo): hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu behar da, 9. inprimakia aurkeztuz.
–Obra zuzendaritzan edo dokumentazio teknikoa prestatzeko aholkularitza zerbitzuko aurrekontua 15.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo): hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu behar da (9. inprimakia aurkeztuz), eta kontratatzeko erabilitako prozedura frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da (10. inprimakia).
Eragile pribatuek 11. inprimakia aurkeztuko dute, atal honetan jasotako kasu guztietan.
e) Jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak, laguntza eskaeraren dataren ondorengoak, dokumentazio teknikoaren 12. oinarriaren 2. puntuan ezartzen den salbuespena izan ezik. Onuradunari lotutako pertsonek aukera izanen dute emandako jarduketak/azpijarduketak egin eta fakturatzeko, betiere baso-jarduera ekonomikoaren eremuko profesionalak badira eta jarduera hori dokumentuen bidez frogatzen badute ordainketa eskaeran.
f) Ordainagiriak. Bankuko karguak izanen dira, gutxienez datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbakia eta guzti. Ordainketa faktura sorta baten bidez egiten bada, horren ordainagiria erantsi beharko da, bai eta horren xehetasuna eta fakturen sortaren eta ordainketaren arteko erlazioa ere. Salbuespenez, enpresa hornitzaileak egindako fakturak onartuko dira ordainketaren egiaztagiri gisa, 1.000 eurotik gorakoak ez badira, eta faktura horietan identifikazio sinadura eta enpresaren zigilua dituen hartu-agiri bat agertzen bada. Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko.
g) Obra liburu oso bat obran esku hartzen duen kontratista bakoitzeko, hornitzaile edo kontratistak eta obra zuzendariak sinatutako akta guztiak sartuta. Ziurtapenen aktak proiektuko obra unitateei lotuak egonen dira (edo, zein den kasua, aldaketei, baldin eta horiek aurretik onartu badira eta haien gaineko akta baldin badago). Modu berean, aurkeztutako faktura edo gastuen egiaztagiri bakoitza aurkeztutako frogagiriari lotua egonen da.
h) Obra zuzendaritzarik eskatzen ez bada, lanak bukatu izanaren jakinarazpena aurkeztuko du onuradunak, hari fakturak eta bankuko karguak erantsita. Ordainketaren eta gastuaren frogagiriek memoria teknikoan aurreikusitako obra unitateei edo/eta ziurtagiriei buruzkoak izan beharko dute.
i) Onuradunak bitarteko propioak erabiltzen baditu lanak egiteko, aurrekoaz gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
–Jarduketen aurrekontu osoa, jarduketa bakoitzean bitarteko propioekin egindako ordu kopurua zehaztuta.
–Toki entitateek sustatutako jarduketen kasuan, udal idazkaritzaren ziurtagiria, egiaztatzen duena haien langileek zenbat ordu egin duten proiektua gauzatzen; langileek jarduketak gauzatzen egindako denborari dagozkion nominak, berariaz ziurtatuta langileek beren lan denboraren zer ehuneko egin duten jarduketetan lanean, bai eta nominak, gizarte-kargak eta PFEZaren atxikipena ordaindu izanaren frogagiriak ere.
17.5. Aurreko dokumentazioa dagokion epean aurkeztu ezean, ordaindu beharreko dirulaguntzari %1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, eta 7 egun naturalez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, dirulaguntza galdutzat emanen da.
17.6. Salbuespen gisa eta arrazoiturik, eta lanak amaitzeko epea bukatu baino lehen, luzapenak eskatzen ahalko dira diruz lagundutako lanak egiteko. Luzapen horiek Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuan espedientearen ardura duen teknikariak berariaz baimendu beharko ditu, zeinek beste gauzatze epe bat ezarriko baitu, gehienez ere hamabost egun naturalekoa. Agiri horiek luzapenean emandako epean aurkezten ez badira, dirulaguntza galduko da.
18. oinarria.–Laguntzen ordainketa.
18.1. Egoki diren dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin egiaztatuta horiek ematea eragin zuen inbertsioa burutu dela eta oinarri hauen xedeko laguntzen onuradunak gardentasunari buruzko arauditik eratorritako betebeharrak betetzen dituela.
Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta unitate kudeatzaileak inbertsioa amaitu dela eta ordainketa frogagiriak egokiak direla egiaztatu arte.
Onuradunek bete beharko dute Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa, bereziki ezarrita dagoena azken horren 4. eta 5. artikuluetan beren kontuei eta gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoetako kideei buruzko informazioa jakinaraztearen gainean, osaerari, ordainsariei eta eginkizunei dagokienez.
Informazio hori telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoa erabilita, foru dekretu horretan agertzen diren tramite guztiak egiteko komunikazio-kanala izanen baita. Informazioa dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratibora zuzenduko da. Honako informazio hau aurkeztu beharko da:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du goian zerrendatutako informazioa.
Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik.
Aipatutako arauetan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra konplitzen ez bada, onartutako dirulaguntza ez da ordainduko, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Entitate eta pertsona juridikoek gardentasun betebehar legalak konplitu behar dituzte baldin eta, urte naturalaren barnean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren organismo publikoek 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eman badizkiete, edo entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoak, foru dekretuan bertan xedatutakoari jarraituz.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan zehaztutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Organo kudeatzaileak txosten bat emanen du dirulaguntzaren xedeak betetzen direla egiaztatzeko. Ordaintzeko proposamenari erantsiko zaio, eta berariaz aipatuko du foru dekretu horretan aurreikusten den informaziorako betebeharra betetzen dela.
18.2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak aurkeztu duela gardentasun betebeharrei eta hartutako konpromisoei buruzko dokumentazioa, eta inbertsioa bat datorrela aurkeztutako proiektuarekin edo memoria teknikoarekin. Kontrolen emaitzak ikusirik, dagozkion ordainketak baimenduko ditu, eta dagozkion laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.
18.3. Ordainketa ebazpen bat emanen da eskatzaile mota bakoitzeko. Ordainketa ebazpenak honela jakinaraziko dira: administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta dauden onuradunei eta horretara behartuta ez egon arren sistema hori hautatu dutenei GHEBaren (gaitutako helbide elektroniko bakarra) bidez jakinaraziko zaie, eta harremanetarako bitarteko elektronikoak hautatu ez dituzten eragile pribatuei, berriz, gutun ziurtatuaren bidez.
18.4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
Kontrol horien barnean, "in situ" bisitak egiten ahal dira lanak egin diren tokietara eta onuradunentzako laguntzei buruzko dokumentazioa gordetzen den tokietara, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.
18.5. Ezin izanen da emandako zenbatekoen gainetik dagoen ordainketarik egin.
Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, dirulaguntza-ematearen eta ordainketaren artean gertatutako hondamendi naturalen ondoriozko beharrak gertatzen direnean. Kasu horretan, onuradunak dirulaguntza-ematea aldatzeko eskaera aurkeztu beharko du, argudiatuta eta aurrekontuarekin. Kudeaketa unitateak onartu beharko du, eta egiaztatuko du ea nahikoa aurrekontu-krediturik dagoen dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko eta, horrela, jarduketa bereziak baimentzeko.
19. oinarria.–Ordainketen murrizketak.
19.1. Murrizketak, ordaintzeko eskaeraren gastuen onargarritasun kontrolak egin ondoren:
Kontrol administratiboak eta tokian berean egitekoak amaitu ondoren:
1. Inbertsioa 2027ko urriaren 9a baino lehen bukatzeko konpromisoa 17. oinarriko 1. puntuari jarraikiz ez betetzeak berarekin ekarriko du likidatu beharreko dirulaguntzari %1 kentzea inbertsioaren bukaera atzeratzen den egun natural bakoitzeko, 7 egun naturalez gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, dirulaguntza galdutzat emanen da.
2. Onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoak %10 baino gehiago gainditzen badu onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik zehaztutakoa, murrizketa bat aplikatuko zaio, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, nolanahi ere, eskatutako zenbatekoa baino handiagoa izan gabe.
Murrizketa hori aplikatzeko, legez ezarritako prozedurari jarraituko zaio, eta kontuan hartuko da, nolanahi ere, murrizketa ezarri aurretik onuradunari aukera emanen zaiola frogatzeko bera ez dela onargarri ez den zenbatekoa sartzearen erantzulea.
19.2. Murrizketak, ez betetzeagatik onargarritasun irizpideak/betebeharrak eta laguntza eta ordainketa eskaeretako konpromisoak eta beste betebehar batzuk:
a) Ez-betetze baztertzaileak:
1. Inbertsioa gauzatu ondoren, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartutako zenbatekoa txikiagoa bada espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio lagungarria baino (7. oinarriko 7.2 puntuan ezarria), espediente horri ez zaio laguntzarik ordainduko.
2. Ordainketak egiteko unean ikusten bada onuradunen batek ez duela betetzen hasierako puntuazioa zehazteko irizpideren bat, eta, horren ondorioz, eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badu, dirulaguntza baliogabetuko da, horretarako emandako ebazpen arrazoituaren bidez, eta, ondorioz, ez da inolako ordainketarik eginen.
3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuz, dagokion espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela adierazpen faltsu bat, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, eta eskatuko zaio berandutze-interesa ordaintzeko, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko tarteari dagokiona (35.2.a artikulua).
Dirulaguntza bat eskuratzea hura lortzeko baldintzak faltsutuz edo eragotzi edo murriztuko zutenak ezkutatuz arau-hauste administratibo oso astuna da, 42.1 artikuluko 1.1 azpiepigrafearen a) letraren arabera, eta 43.1 artikuluko 1.1 azpiepigrafean aurreikusitako zehapenak ezarriko zaizkio. Zehapen horien artean, dagokion isunaz gain, administrazio publikoen edo beste erakunde publiko batzuen dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak lortzeko aukera galtzea dago, bai eta entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea (foru lege horretan araututako dirulaguntzei dagokienez) eta administrazio publikoekin kontratuak egiteko debekua ere. Zehapen horiek guztiak bost urtera arteko epean ezar daitezke, dagokion zehapen prozeduran hautemandako larritasunaren arabera.
b) Ez-betetze oinarrizkoak eta nagusiak.
–Basoberritzeetan eta beste landaketa batzuetan:
Laguntza ordaindu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean hutsarteak antzematen badira, eta landaketen edo babes sistemen mantentze-lanak behar bezala ez egitearen ondorioa bada:
- Hutsarteak %10-%25 tartean badaude, landaketagatik (babes sistemei dagokiena barne) eta lehenbiziko bi urteetako mantentze-lanengatik jasotako laguntzaren %20 itzuli beharko da. Ez-betetze nagusia.
- Hutsarteak %25etik gorakoak badira, landaketagatik (babes sistemei dagokiena barne) eta lehenbiziko bi urteetako mantentze-lanengatik jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da. Ez-betetze oinarrizkoa.
–Mantentze-lanetan:
Basoberritze produktiboetarako ezinbestekoak diren mantentze-lanak (inausketak eta aratzeak) eta eskaeran aurkezten den mantentze-lanen planean deskribatutakoak egiten ez badira, ezinbesteko kasuetan izan ezik, egoera hori detektatu arte jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da. Ez-betetze oinarrizkoa.
–Sasi-garbitzeetan: lurrazala hondatzea eta sasi-garbitzearen aurreko egoerara bueltatzea 5 urte baino gutxiagoko epean.
Garbitutako azalera laguntza pagatu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean hondatzen bada:
- Azaleraren %10etik %25era hondatzen bada, jasotako laguntzaren %20 itzuli beharko da. Ez-betetze nagusia.
- Azaleraren %25etik gora hondatzen bada, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da. Ez-betetze oinarrizkoa.
–Mendiko pistetan: hobetutako azpiegituraren baldintzak andeatzea 5 urte baino lehenago (non ez dituen hondamendi natural larriren batek eragin), egindako obraren ezkutuko akatsak agertzen dituela.
- Jasotako laguntzaren %20 itzuliko da diruz lagundutako azpiegiturek funtzionaltasuna galtzen badute edo hondatzen badira baina, halere, ibilgailuak haietan ibiltzen ahal badira. Ez-betetze nagusia.
- Jasotako laguntzaren %100 itzuliko da, pisten zelaitzea hobetzeko edo basoko bide berriak egiteko direnean, ibilgailuak ezin badira haietan ibili. Ez-betetze oinarrizkoa.
–Diruz lagundutako beste inbertsio batzuetan: azpiegituretan egiten diren inbertsioak funtzionalak izanen dira, gutxienez, laguntza ordaindu eta hurrengo bost urteko aldian. Aldi horretan ikusten baldin bada ez dutela beren helburua betetzen, jarduketa horretarako jasotako dirulaguntza osoa itzuliko da, baldin lehenbiziko bi urteetan gertatzen bada erabileraren galera, eta, hirugarrenean, laugarrenean edo bosgarrenean gertatzen bada, erdia. Ez-betetze oinarrizkoa.
c) Bigarren mailako ez-betetzeak:
1. Kontratazio publikoarekin lotutako arauak betetzen ez badira, dagozkion zehapen prozedurak abiarazten ahalko dira, eta, kasua bada, modu bidegabean jasotakoa itzuli beharko da.
2. Aipatutako murrizketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:
a. Hondamendi natural larria, instalazioei (kasu honetan, baso-ustiategiei) edo diruz lagundutako makinei nabarmen eragiten diena.
b. Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari.
20. oinarria.–Bateraezintasuna eta beste laguntza batzuekin metatzea.
1. Laguntza hauek bateraezinak dira LGENFek abeltzaintzako azpiegituretarako finantzatutako laguntzekin, bi esku-hartzeetako jarduketak bat datozenean.
2. Emandako dirulaguntza honako laguntza hauetako bati edo batzuei metatzen ahalko zaie, baldin eta dagokion araudia errespetatzen bada:
a. Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak, landa garapenerako estatu-laguntzekin, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.
b. Landa garapenerako estatu-laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarriak dituztenak, beste estatu-laguntza batekin, baldin eta kostu diruz lagungarriak ezberdinak badira edo, kostu diruz lagungarriak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak edo gehieneko zenbatekoa.
c. Landa garapenerako estatu-laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak, beste edozein estatu-laguntzarekin, azken horrek kostu diruz lagungarri identifikagarriak baditu.
d. Landa garapenerako estatu-laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak, beste edozein estatu-laguntzarekin, azken horrek ere kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez badu, baldin eta bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak edo gehieneko zenbatekoa.
e. Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu laguntzak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) laguntzak, ez direnak oinarri honetako 1. puntuan adierazitakoak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, izan LGENFekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala baizik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.
f. Landa garapenerako estatu laguntzak eta kostu diruz lagungarri berberetarako gutxieneko laguntzak, baldin eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.
21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
1. Laguntza hauen onuradun diren pertsona fisikoen datuak argitara emanen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 67.5 eta 99 artikuluetan xedatutakoa betez (erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du), bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (datu pertsonalen tratamenduari eta haien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena –Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra–).
2. Pertsona fisiko onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabiltzen ahalko dituzte, baldin zerikusirik badute administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 101. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da, eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko urriaren 23ko 2018/1725 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu hori Batasuneko instituzio, organo eta organismoek datu pertsonalak tratatzen dituztenean pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da, eta 45/2001 (EE) Erregelamendua eta 1247/2002/EE Erabakia indargabetzen ditu).
3. Ondorio horietarako, pertsona fisiko onuradunek honako hauetan ezarritako eskubideak izanen dituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua –Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra– indargabetzen duena) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
II. ERANSKINA.–2026-2027 KANPAINAN BASOLANAK EGITEKO LAGUNTZAK ETA ORDAINKETAK ESKATZEKO INPRIMAKIAK
–Laguntza eskaeran aurkeztu beharreko inprimakiak:
1. inprimakia. Laguntza eskaerak.
2. inprimakia. Eskatutako jarduketak.
3. inprimakia. Ordezkaritza teknikoaren baimena.
4. inprimakia. Lurzatiaren jabeak eskatzaileari emandako baimena.
5. inprimakia. Ziurtagiria / erantzukizunpeko adierazpena.
–Ordainketaren eskaeran aurkeztu beharreko inprimakiak:
6. inprimakia. Ordainketa eskaera: obra zuzendaritzaren ziurtagiria.
8. inprimakia. Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria/jabe pribatuaren erantzukizunpeko adierazpena, diru-sarrerak lortzeari buruzkoa.
9. inprimakia. Hornitzailearen aukeraketa justifikatzeko ziurtagiria.
10. inprimakia. Adjudikazio prozesuaren balidazioa.
Hemen eskura daitezke toki entitateek sustatutako basolanetarako laguntzen inprimakiak:
Hemen eskura daitezke eragile pribatuek sustatutako basolanetarako laguntzen inprimakiak:
III. ERANSKINA.–BASO-ESPEZIE DIRUZ LAGUNGARRIEN ZERRENDA
IZEN ZIENTIFIKOA | IZENA EUSKARAZ |
Abies alba | Izei zuria |
Acer campestre | Astigar arrunta |
Acer monspessulanum | Ihar frantsesa |
Acer opalus | Ihar italiarra |
Acer platanoides | Astigar zorrotza |
Acer pseudoplatanus | Astigar zuria |
Alnus glutinosa | Haltza |
Amelanchier ovalis | Arangurbe arrunta |
Arbutus unedo | Gurbitza |
Betula pendula | Urki arrunta |
Betula pubescens | Urkia |
Betula spp. | Urkia |
Ibarbasoak | Ibaiertzeko zuhaitzak |
Buxus sempervirens | Ezpela |
Carpinus betulus | Xarma arrunta |
Castanea sativa | Gaztainondoa |
Castanea x hybrida | Gaztainondo hibridoa |
Cedrus atlantica | Atlasko zedroa |
Cedrus libani | Libanoko zedroa |
Celtis australis | Almeza |
Ceratonia siliqua | Algarroboa |
Cornus sanguinea | Zuhandorra |
Corylus avellana | Hurritza |
Crataegus laciniata | Ekialdeko elorria |
Crataegus laevigata | Hegoaldeko elorri zuria |
Crataegus monogyna | Iparraldeko elorri zuria |
Crataegus spp. | Elorri zuria |
Cryptomeria japonica | Zedro japoniarra |
Cupressus sempervirens | Altzifre arrunta |
Euonymus europaeus | Basaerramua |
Fagus sylvatica | Pagoa |
Ficus carica | Pikondoa |
Frangula alnus | Zumalakarra |
Fraxinus angustifolia | Lizar hostotxikia |
Fraxinus excelsior | Lizar arrunta |
Fraxinus ornus | Lizar loreduna |
Gleditsia triacanthos | Akazia hiru-arantza |
Heberdenia bahamensis | Adernoa |
Ilex aquifolium | Gorostia |
Juglans nigra | Intxaurrondo beltza |
Juglans regia | Intxaurrondoa |
Juniperus communis | Ipar-ipurua |
Juniperus oxycedrus | Hego-ipurua |
Juniperus phoenicea | Sabina feniziarra |
Juniperus sabina | Sabina arrunta |
Juniperus thurifera | Intsentsu-sabina |
Larix decidua | Alertze europarra |
Larix leptolepis | Alertze japoniarra |
Larix spp. | Alertzea |
Larix x eurolepis | Alertze hibridoa |
Laurus nobilis | Erramua |
Malus sylvestris | Sagarmina |
Myrtus communis | Mirtoa |
Olea europaea | Basolibondoa |
Phillyrea latifolia | Gartxu hostozabala |
Picea abies | Izei gorria |
Pinus attenauta | Attenauta pinua |
Pinus halepensis | Alepo pinua |
Pinus nigra | Larizio pinua |
Pinus pinaster | Itsas pinua |
Pinus pinea | Pinazi pinua |
Pinus radiata | Intsinis pinua |
Pinus strobus | Estrobo pinua |
Pinus sylvestris | Ler gorria |
Pinus taeda | Taeda pinua |
Pinus uncinata | Mendi-pinua |
Pistacia lentiscus | Legeltxorra |
Pistacia terebinthus | Ahuntzadarra |
Populus alba | Makal zuria |
Populus ssp. | Produkziorako makalak |
Populus nigra | Makal beltza |
Populus tremula | Lertxuna |
Prunus avium | Basagereziondoa |
Prunus serotina | Gereziondo beltza |
Prunus spinosa | Elorri beltza |
Prunus spp. | Prunus generoa |
Pseudotsuga menziesii | Douglas izeia |
Pyrus spp. | Udareondoa |
Quercus castaneifolia | Gaztainaritza |
Quercus faginea | Erkametza |
Quercus fruticosa | Portugalgo erkametza |
Quercus humilis | Ametz ilaunduna |
Quercus ilex | Artea |
Quercus petraea | Haritza |
Quercus pubescens | Ametz ilaunduna |
Quercus pyrenaica | Ametz arrunta |
Quercus robur | Haritz kanduduna |
Quercus rubra | Haritz gorria |
Quercus sp. | Haritzak |
Quercus suber | Artelatza |
Rhamnus alaternus | Karraskila |
Rhamnus lycioides | Ena arrunta |
Rhus coriaria | Zumakea |
Robinia pseudoacacia | Sasiakazia |
Rosmarinus officinalis | Erromeroa |
Salix alba | Zume zuria |
Salix atrocinera | Sahats iluna |
Salix cantabrica | Kantauriko zumea |
Salix caprea | Ahuntz-sahatsa |
Salix eleagnos | Zume hostoestua |
Salix fragilis | Zume hauskorra |
Salix purpurea | Zume gorria |
Salix spp. | Sahatsa |
Salvia officinalis | Salbia sendagarria |
Sambucus nigra | Intsusa beltza |
Sambucus racemosa | Intsusa gorria |
Sequoia sempervirens | Sekuoia luzea |
Sorbus aria | Hostazuria |
Sorbus aucuparia | Otsalizarra |
Sorbus chamaemespilus | Hostazuri txikia |
Sorbus domestica | Gurbea |
Sorbus latifolia | Azpil hostozabala |
Sorbus spp. | Gurbea |
Sorbus torminalis | Basagurbea |
Tamarix spp. | Tamariza |
Taxus baccata | Hagina |
Tetraclinis articulata | Alertze afrikarra |
Thuja plicata | Tuia erraldoia |
Tilia cordata | Ezki hostotxikia |
Tilia platyphyllos | Ezki hostozabala |
Tilia spp. | Ezkia |
Tsuga heterophylla | Tsuga |
Ulmus glabra | Zumar hostozabala |
Ulmus minor | Zumar hostotxikia |
Ulmus pumila | Siberiako zumarra |
Oharra: zalantza izanez gero, izen zientifikoa nagusi da euskarazko izenaren aurretik. | |
Iragarkiaren kodea: F2607439
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
