2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BADOSTAINGO KONTZEJUA
Ordenantza, hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Badostaingo Kontzejuak, 2026ko martxoaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Badostaingo (Eguesibar) Kontzejuaren hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 7an.
Jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.
Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Badostainen, 2026ko maiatzaren 26an.–Kontzejuko burua, Fernando Torres de Miguel.
BADOSTAINGO (EGUESIBAR) KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak.
1. artikulua. Hilerriaren administrazioa Badostaingo Kontzejuari dagokio, horrek deusetan galarazi gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik dauzkaten legezko eskumenak; hori guztia, bat etorriz ezarririk dagoenarekin Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 4.25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan.
2. artikulua. Badostaingo Kontzejuaren hilerriko leku eskasia dela-eta, hiltzean Badostainen bost urtez gutxienez erroldaturik egon diren guztiek izanen dute ehortziak izateko eskubidea.
Ehorzten ahalko da kolunbarioan, nitxoan edo, lekurik baldin bada, lurrean.
Hilak lurrean ehortzitako ahaiderik badu, komeni da leku hori bera erabiltzea, baldin ezarritako epeak horretarako aukera ematen badu.
Nitxoa hautatuz gero, ahaide horren hilobia beste lagun batendako erabiliko da.
Errautsak dauzkaten kutxatilak kolunbarioetan ehortziko dira, salbu eta hilak lurrean ehortzitako ahaiderik badu.
3. artikulua. Kontzejuak bere gain izanen ditu hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua, eta Eguesibarko Udaleko langileek eginen dute ehorzteko eta hilobiak irekitzeko zerbitzua, orain artean egiten zen bezala.
4. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, edo beste hilerri batera eramateko.
Nolanahi ere, hilobitik ateratzean, beteko da osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoa eta hartuko dira osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak.
5. artikulua. Epea bukatzeagatik hilotza hobitik atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.
Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Kontzejuari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.
6. artikulua. Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ez da lur berririk okupatuko. Gutxienez hamar urteko antzinatasuna duen hilobi batean paratuko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.
7. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez bazekarren, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahalko dira hobitik:
a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.
b) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, noiznahi ateratzen eta lekuz aldatzen ahalko da, baldin hilkutxaren kontserbazio egoera guztiz ona bada.
Horiek baino epe laburragoetan ez da emanen hilotzik ateratzeko baimenik, epaile baten aginduz ez bada.
Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik batere aterako hobitik, epaileak agindu ezean.
8. artikulua. Hilotzak lekualdaketa egiteko ateratzen badira edo berriz ehorzten badira, horri buruzko oharra jasoko da behar den liburuetan.
9. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez beste deusetarako.
10. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea hilobien titularren betebeharra da.
11. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungitzen ahal dira:
a) Hilerria desagertzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.
12. artikulua. Salbuespenezko kasuetan eta arrazoi justifikatu bat dela medio, Badostaingo Kontzejuak ahalmena izanen du baimentzeko ehortz daitezen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Iragarkiaren kodea: L2607685