1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko abenduaren 30ean hartua, "Jurramendiko hegoaldeko magalean uraren goi hornidura berritzea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.
Jurramendiko Mankomunitateak, 2024ko ekainaren 5ean egindako Batzorde Iraunkorraren bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea "Jurramendiko hegoaldeko magalean uraren goi hornidura berritzea" izeneko proiektua, non ukitutako ondasunen eta eskubideen hasierako zerrenda ere jasotzen baita. Proiektu horren helburua da berritzea Jurramendiko Mankomunitateko zenbait herri lotzen dituzten ur-horniduraren sareak. Hasierako onespen hori 2025eko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 27koan.
Jendaurrean egoteko epea igaro denez eta aurkeztutako alegazioei erantzun ondoren, Jurramendiko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak, 2025eko ekainaren 5ean egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta haren onura publikoa eta okupatu beharra deklaratu zituen. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazioa presakoa dela deklara zezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Behin betiko onespen hori 2025eko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 19koan.
Jurramendiko Mankomunitateak, 2025eko azaroaren 20an Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartutako eskabidearen bidez, eskatu zuen presakotzat hartzea "Jurramendiko hegoaldeko magalean uraren goi hornidura berritzea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko. Aurkeztutako dokumentazioan presako izaera justifikatzen duen txosten bat dago, 2025eko urriaren 22koa.
2025eko azaroaren 27an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren errekerimendua jakinarazi zitzaion Jurramendiko Mankomunitateari, non eskatzen baitzitzaion 10 eguneko epean aurkez zezala kreditu-atxikipenaren ziurtagiria edo aurrekontu-kontsignazioarena, hala eskatzen baitu Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak.
2025eko abenduaren 17an, Jurramendiko Mankomunitateak ziurtagiri bat bidali zuen, toki entitate horretako idazkaritzak emana, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartutako eskabide baten bidez. Ziurtagiri horretan jasotzen denez, egina dago proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko behar den aurrekontu-kontsignazioa. Ziurtagiri hori espedientean jaso da.
Jurramendiko Mankomunitateak emandako txostenaren arabera, "Jurramendiko hegoaldeko magalean uraren goi hornidura berritzea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar dira hornidura-sareak berritu behar direlako. Izan ere, eroanbidearen sistemak 40 urte baino gehiago ditu, eta, gainera, zuntz-zementuzkoa da. Material hori oso hauskorra da, eta segurtasun eta osasun kontrol handiak ditu, konponketa edo egokitzapen bat egin behar den bakoitzean askatzen dituen amianto-zuntzak direla eta. Era berean, 2023. eta 2024. urteetan, lau lan-parte jaso dira sarean etengabe atzemandako hausturengatik, eta horrek arriskuan jartzen du edateko uraren horniduraren segurtasuna ukitutako eremuan.
Horren guztiaren ondorioz, Jurramendiko Mankomunitateak Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu du, "Jurramendiko hegoaldeko magalean uraren goi hornidura berritzea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzea presakoa dela deklaratu dadin.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU
1. "Jurramendiko hegoaldeko magalean uraren goi hornidura berritzea" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Jurramendiko Mankomunitateari jakinaraztea.
4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2517287