109. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UKAR

Ordenantza orokorra, herri-lurretako aprobetxamenduei buruzkoa. Behin betiko onespena

Ukarko Udalak, 2025eko azaroaren 17an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza hau: Ordenantza, Ukarko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Hasierako onespenaren erabakia jendaurrean jarri zen Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan; horrez gain, 2026ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 10ean.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ukarren, 2026ko maiatzaren 15ean.–Alkatea, Jorge Juan Petrina Piñal.

ORDENANTZA, UKARKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregulatzeko Ukarko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabiltzen ahal dituztenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 11/2004 Foru Legea, urriaren 29koa, Nafarroako Toki-araubidea Gaurkotzekoa; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe xedatutakoa Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK

5. artikulua. Ukarko Udalaren ahalmena da herri-ondasunen gainean xedatzea, administratzea, aprobetxamendu-araubidea ezartzea eta antolatzea, ordenantza honetan ezartzen den moduan. Ukarko Udalak herri-ondasunen inguruan hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Ukarko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, hura aplika dadin, baldin eta desagertzen badira edo ez badira betetzen karga horiek ezartzea eragin zuten helburuak edo lagapenari edo kargei zegozkien baldintzak. Itzuli beharra gertatzen bada, kargatutako ondasuna Ukarko Udalaren ondarera itzuliko da herri-ondasun gisa.

Prozedura honako arau hauetan ezarritakoa izanen da: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Ukarko Udala ahaleginduko da herri-lurretako ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Ukarko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Ukarko Udalak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioarekin loturik, edo herri-lurrekin mugakide diren finken gehiegizko hedadurarekin loturik. Ukarko Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Ukarko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero, ondasunak berreskuratu nahi baditu herri-ondarerako.

11. artikulua. Ukarko Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti, baldin eta azkendu nahi baditu baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Ukarko Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratu horiek interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, eta ez dute galaraziko kontratistak jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duen eskubidea.

13. artikulua. Ukarko Udalak ez baditu bidezko diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, auzotarren akzioa posible izanen da, zehaztuko den gisan. Akzio horrek aurrera egiten badu, sorturiko gastuak itzuli egin beharko dizkio Ukarko Udalak defentsaren sustatzaileari.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Ehizaren aprobetxamendua.

d) Herri-baratzeen aprobetxamendua.

e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Ukarko Udala ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. Oro har, Ukarko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe emantzipatua, eta judizialki gaitua egotea.

b) Ukarko Udaleko biztanleen udal erroldan inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.

c) Ukarren bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.

Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak osoko bilkuran argituko ditu Ukarko Udalak, banan-banan, azaldutako irizpideen arabera.

17. artikulua. Herri-lurrak ixteko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Ukarko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Ezin izanen dira inola ere batera hesitu herri-lurrak eta jabetza pribatuko lursailak.

18. artikulua. Onuradunen arteko aprobetxamendu-trukeak egiteko, aldez aurretik baterako eskaera egin eta adostasuna agertu beharko dute trukean interesa dutenek eta hark ukitutakoek, eta Udalak baimena eman beharko du.

19. artikulua. Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa –osotara nahiz zati batekoa–, onuradunari 3 hilabete lehenago abisatuta sustatzen duenean zuhaitzak landatzea eta Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak egitea, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei eragiten badiete, behin-behinekoz nahiz behin betikoz.

20. artikulua. Oro har, debeku da herri-lurzatietan beste finka batetik datorren lastoa metatzea edo horrekin lastategiak ezartzea, aldez aurretik baimenik izan gabe.

Horri dagokionez, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

21. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

1) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

2) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

3) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Ukarko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Udalak aurreko irizpide horien arabera adjudikatuko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak, ordena horretan, hurrenez hurren.

1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK

22. artikulua. Herritarrentzako lehentasunezko herri-lurren aprobetxamenduak adjudikatzeko, aintzat hartuko da nork duen premia handiena, irizpide sozioekonomiko objektiboen arabera baloratuta, honela:

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kide horietako bakoitzeko zenbatu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.

3. Familia-unitatearen errenta mailak zehazteko irizpide batzuk aztertuko dira, betiere unitatearen gaitasun ekonomikoari lotutako datu objektiboetan oinarrituta. Besteak beste, hauek izanen dira irizpide horiek: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena –kide guztien azken zerga-ekitaldi likidatuari dagokiona–; soldatak eta lanbide eta nekazaritza jardueren ondoriozko diru-sarrerak; laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez; landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria; hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena (kenduta ohiko etxebizitzari dagokiona); eta horren gisako beste edozein datu.

PFEZaren aitorpena egiteko beharrik ez dutenen errenta zehazteko, batera baloratuko dira egiaztatutako diru-sarrerak eta zerga eta katastroko erregistroetatik ateratako datuak.

Aurreko irizpide horiek aplikatuko dira eskatzaileen lehentasun ordena zehazteko; edonola ere, eskatzaileek ordenantza honetan eskatutako gainontzeko baldintzak bete beharko dituzte.

23. artikulua. Aprobetxamenduaren epea ez da zortzi urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitza baliagarriaren arabera luzatzen ahalko da.

24. artikulua. Udalbatzak urtero onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago. Edonola ere, kanonak izan beharko du, gutxienez, toki entitateak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa, eta zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera (kontsumoko prezioen indizea); hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio.

Udalak ezarriko du herritar bakoitzari adjudikaturiko laborantza-lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

25. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo norberaren lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 16. artikuluan adierazitako baldintzak.

26. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, baldin eta soldatapekoak kontratatzen badira, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun batengatik edo aldi baterako beste arrazoi batengatik. Halakoetan, langileak kontratatu ahal izateko, Udalak aurretiaz baimena eman beharko du, onuradunak egoera komunikatu eta justifikatu ondoren, 15 egun lehenago gutxienez.

Aurreko egoera hori behin betiko bilakatzen bada edo Udalak hala uste badu, edo zuzeneko laborantza pertsonala eragozten duen beste egoeraren bat gertatzen bada, 27. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

27. artikulua. Modalitate honen arabera adjudikatutako herri-lurzatien onuradunak, ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik, ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, Udalak berriro adjudikatuko ditu herri-lurretako aprobetxamenduaren modalitatean, hau da, herritarrei zuzenean adjudikatutako aprobetxamenduaren bidez. Hartarako, ez du eraginik izanen ezintasun edo beste egoera hori noiz gertatu zen, dela adjudikazioa egin zen momentuan –Udalak horren berri izan gabe–, dela adjudikazioa egin ostean. Ukarko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Ukarko Udalak eskumena du erabakitzeko noiz gertatzen den ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat, eta, horretarako, egoki iruditzen zaizkion agiriak eskatu beharko ditu, bere irizpide eta erabakia baloratu eta justifikatu ahal izateko.

28. artikulua. Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek udal gordailuzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako irabaziak.

29. artikulua. Ukarko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ziurtatzeko laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan iritziko zaio lurra ez dela zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, haiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.

c) Adjudikatutako herri-lurzatiak ez sartzea familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean –edo hura ordezten duen aitorpenean, kasua bada–, horrek ondorioak baldin baditu ustiategien erregistroari dagokionez.

d) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren %80 gutxienez ez lantzea. Halakoetan, kanona osorik ordaindu beharko da nolanahi ere.

e) Laborantzako lurrak jabetzan izanik, horiek errentan ematea hirugarren batzuei.

f) Egiaztapenak egiteko Udalak hala eskatu arren, ez aurkeztea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, nekazaritzako politika bateratuko laguntzen aitorpena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria.

g) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta agindu epean ez aurkeztea: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana (adjudikaziodunek berek edo Udalak baimendutako pertsonek).

30. artikulua. Oro har, ezin izanen da landu lehorreko laborantzako lurzatirik irailaren 1era arte, uzta bildu ondotik. Udalak, salbuespenez, laboratzeko baimena ematen ahalko du, adjudikaziodunak hala eskaturik, erakunde horrek egoki baderitzo.

2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO
APROBETXAMENDUAK

31. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren herritarren artean.

32. artikulua. Udalak herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalerak ezarriko ditu eskura dauden lurren arabera.

33. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako izanen da. Ukarko Udalak egokitzat jotzen badu fruta-arbolen edo mahastien landaketa baimentzea, epe hori luzatzen ahalko da hogeita lau urtera arte, gehienez ere, eta hura iraganik, hondar-balioa (mahastien eskubideak barne) Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte-ordainik gabe.

Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.

34. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalbatzak onetsiko du, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen gutxiago antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera (kontsumoko prezioen indizea); hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio.

Urteko kanona gehituko da adjudikatutako aprobetxamenduak izan ditzakeen gastu guztiekin, horiek adjudikaziodunari igorriko baitzaizkio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, toki entitateak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.

35. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, jarraikiko zaie 25., 26., 27., 28. eta 29. artikuluei.

36. artikulua. Udalak laborantzako herri-lur batzuk gordeko ditu onuradun berriei adjudikatzeko, gehienez ere lur horien azaleraren %5.

3. ATALA–ENKANTE PUBLIKOAREN BIDEZ ADJUDIKATZEA EDO UDALAK ZUZENEAN USTIATZEA

37. artikulua. Ukarko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, baldin badago laborantzako lurrik soberan, enkante publikoan eginen du adjudikazioa, eta hurrengo adjudikazioa noiz egin behar den, bada, ordura arteko epea emanen du.

Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, adjudikatu gabe gelditzen badira eta Udalak egoki baderitzo, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren.

Halaber, enkantea adjudikatu gabe gelditzen bada, aprobetxamenduak zuzenean adjudikatzen ahalko dira, baina prezioa ez da izanen azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa, adjudikatu gabe gelditu direnean lehen, bigarren edo hirugarren enkantean.

Laborantzako lurrik sobera badago enkante horiek egin ondoren, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

38. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteak argitaratzen ahal dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen den beste aldizkariren batean, edo gehiagotan, bat eginik uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 143.2 artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa). Bestela, aurreko argitalpen horien ordez, iragarki bakarra paratzen ahal da toki entitatearen iragarki-taulan, jarraikiz xedatutakoari urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarrian (Nafarroako Toki-araubidea Gaurkotzen duena). Edonola ere, kasu batean zein bestean, iragarkia argitaratu beharko da enkantea egin baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez.

Herri-lurretako aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, berriz, aski izanen da Ukarko Udalaren iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago gutxienez.

39. artikulua. Enkantea baldintza-agiri baten bidez arautuko da, eta bertan azalduko dira arau guztiak, bai eta enkantean jartzen diren lurzati-loteak eta hasierako prezioa ere.

Enkantearen adjudikaziodunak eginen du zuzenean laborantza, eta ez da baimendurik egonen adjudikaturiko lurren azpierrentamendua, apartzeria edo lagapena.

40. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, Udalbatzak onetsiko du herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen gutxiago antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera (kontsumoko prezioen indizea); hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio.

Urteko kanona gehituko da adjudikatutako aprobetxamenduak izan ditzakeen gastu guztiekin, horiek adjudikaziodunari igorriko baitzaizkio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, toki entitateak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.

4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

41. artikulua. Udalak horretarako erabakia harturik, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten. Epea hasi aurretik, betiere, ediktua jarriko da Ukarko Udalaren iragarki-taulan eta iragarkia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Epea hasiko da iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

42. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da, edo 16. artikuluko baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak. Hala, honako hauek frogatzen dituztenak aurkeztu beharko dira gutxienez:

a) Herriko biztanlea izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Egunean izatea udal honekiko betebehar fiskalak.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduetarako, adieraziko da ea kideren batek ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan, bai beste batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan; lehorreko lurrak ala ureztalurrak diren zehaztuko da.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai mugarte honetan, bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Ukarko Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatze aldera, agiri eta datu objektiboetan oinarrituak.

43. artikulua. Ukarko Udalak onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzerako (lehentasunezkoa edo zuzenekoan) onartu direnen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

44. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan jarriko da hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa izanen da.

45. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Alkatetzak, eta onetsiko du herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modu bakoitzerako.

46. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritakoaren araberako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak, edo zozketa eginen da.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie zerrenda honetan dauden familia-unitateen titularrei: herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren behin betiko zerrenda. Ordenantza honen araberakoak izanen dira laborantzako loteen ezaugarriak eta azalera.

Lurzatien adjudikazioa burututa, jendaurrean jarriko da iragarki-taulan, hamabost egunean, onuradunen behin-behineko zerrenda, horiei dagozkien herri-lurzatiak zehaztuta. Udalak onetsiko du zerrenda.

47. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako onesten dituen oinarrietan, ezarriko da adjudikazioaren hasieran ordaindu beharreko fidantzaren zenbatekoa; zenbateko hori adjudikazioa bukatutakoan itzuliko da.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

48. artikulua. Ondotik ematen diren moduetan eginen da Ukarko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua, bai eta –ohiturari, tradizioari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz– baterako ustiapen unitatea osatzen duten beste finka partikular batzuena ere, lehentasun-ordena honetan:

a) Herritarrei zuzenean adjudikatuz.

b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

49. artikulua. Ukarko udal-mugartea, osorik, herri-larreen lote bakarra izanen da; hala ere, Udalak egoki iritziz gero, mendialdea lote bereiz batean ateratzen ahalko da, azienda sartu eta eremua garbitu dezan. Horretarako, Udalak prestatzen dituen baldintza-agirietan ezartzen denari jarraituko zaio.

50. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki behar dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

51. artikulua. Herri-larreak adjudikatzeko prozesua egin baino lehen, Udalbatzaren erabakiz ezarriko dira azienda-karga zehazki eta osoki definitzeko nondik norakoak.

"Azienda-karga" neurtzeko unitatea hau izanen da: ardi-aziendako buru bat sei erreguko.

Hona hemen azienda-moten arteko baliokidetasunak:

–Zaldi-aziendako buru bat, behi-aziendako buru bat eta erdi adina.

–Behi-aziendako buru bat, ardi-aziendako zortzi buru adina.

–Ahuntz-aziendako buru bat, ardi-aziendako buru bat eta erdi adina.

52. artikulua. Aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteren aziendak sartzea.

Hala ere, Udalak besteren aziendak sartzeko baimena eman dezake, Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

53. artikulua. Horri dagokionez, Ukarko Udalak iritziko dio ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, baldin eta familia-unitateen titular diren herritarrek beren azienda kentzen badute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistrotik, edo honako inguruabar hauetako bat gertatzen bada:

a) Baja ematea Ukarko Udalean aziendari edo abeltzaintza jarduerari.

b) Abeltzaintzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.

c) Bazka ekoitzeko lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanda izatea edo zuzenean ez ustiatzea.

d) Zuzeneko aprobetxamendua frogatzen duten agiriak aurkezteko eskatu arren (artzainen Gizarte Segurantzako frogagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak), ez aurkeztea, edo epez kanpo aurkeztea.

54. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.

55. artikulua. Udalak onuradunek ordaindu beharreko kanona ezarri, eta hura berrikusi eginen du, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeetara egokitzeko (nekazaritzako KPIa).

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera. Hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Ukarko Udalak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.

Bestalde, hobekuntzarik egiten bada uneko instalazioetan (horien egungo egoera hartu da, hain zuzen, urteko kanona ezartzeko oinarritzat), errenta igo eginen da, gehituta Udalaren eta adjudikaziodunaren artean adostutako zenbatekoa. Zenbateko hori ez da inola ere izanen hobekuntzen guztizko kostuaren %4 baino gutxiago urtean. Modu berean jokatuko da aprobetxamenduaren kalitatean hobekuntzarik eginez gero.

Ukarko Udalak baliorik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, osoki edo zati batean, onuradunei aldez aurretik jakinarazita, herri-lur horietan hobekuntzak egitea sustatzen duenean, hala nola zuhaitz-landaketak edo basoberritzeak. Halakoetan, proportzioan gutxitzen ahalko da ordaindu beharreko kanona, Udalak osoko bilkuran erabakita.

Urteko likidazioaren zenbatekoa udal gordailuzaintzan sartu beharko da, azaroan.

56. artikulua. Adjudikazioduna beharturik dago artegiak, atakak, idoiak eta gainerako instalazioak adjudikazioan hartu zituen egoeran mantentzera.

Adjudikaziodunaren kontura izanen dira mantentze-lanen gastu guztiak.

57. artikulua. Jabetza partikularretan nahiz herri-lurretakoetan sartzeko, jada diren sarbideak erabiliko ditu beti aziendak.

58. artikulua. Herriko ohiturekin bat, eta nekazari nahiz abeltzainentzako kalteak eragozteko, Udalak baldintza hauek ezartzen ditu:

1. Adjudikaziodunak laborantza eta ereintza mota guztiak errespetatu beharko ditu, eta euri egunetan ezin izanen ditu belarrak aprobetxatu herri-lurzatietan eta finka partikularretan, ez eta ondoko egunetan ere, kalte nabarmenak egin daitezkeen bitartean.

Adjudikaziodunak, orobat, uztondoak errespetatu beharko ditu, lastoa aprobetxatzeko asmoa badago, hondar hori ere uztatzat hartzen baita.

Halakoetan, nekazariek egoki mugarriztatu beharko dituzte uztondoak, eta adjudikaziodunak errespetatu egin beharko ditu finka horiek, aprobetxatzeko moduko lastoa daukaten bitartean, urte bakoitzeko abuztuaren 31ra arte.

2. Ez azienda, ez adjudikazioduna, ezin izanen dira uztondoetan sartu uzta guztia biltzen ez den bitartean, jabearen baimen idatzia izan ezean. Salbuespenez, hamar hektarea edo gehiagoko finketan larratzen ahalko da –behar den zatian betiere– finka horien erdi-partean uzta bildutakoan.

Nolanahi ere, errespetatu beharko dituzte finka partikularrak eta herri-lurzatiak, baldin eta, kazkabarrarengatik edo ezusteko beste gertakari batengatik, haziaren erdia baino gehiago badaukate eta jabeek hurrengo urterako aprobetxatu nahi badute.

Egoera hori gertatzen denean, lurzatiak mugarriztatu beharko dira argiro eta ongi ikusteko eran, uzta bildu eta berehala, eta Alkatetzari eta adjudikaziodunari horren berri eman. Orduan, Alkatetzak eta adjudikaziodunak peritu bana izendatuko dute, eta horiek txostena emanen dute, mugarriztatzea egokia den ala ez erabakitzeko. Peritu horien txostenak ez badira bat etortzen, horretarako izendaturiko hirugarren peritu batek erabakiko du.

Mugarriztaturiko finken jabeek edo errentariek erabakitzen badute, hala eta guztiz ere, finka horiek laboratzea uzta bildu baino lehen, adjudikazioduna jakinaren gainean jarri beharko dute hori egin baino zortzi egun lehenago.

3. Erabat debeku da sua piztea, inongo helburutarako, onura publikokoak deklaraturiko mendietan eta zuhaiztiak dauzkaten herri-lurretan.

Uztondoak erretzeari dagokionez, erreko dira bat etorriz Nafarroako Gobernuak horretarako ezarritako araudiarekin.

59. artikulua. Prozedura. Udalak osoko bilkuran aurretiaz erabakia hartuta, 15 egun balioduneko epe bat irekiko da larreen adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek, ediktua argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

60. artikulua. Aprobetxamendu eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

Zinpeko deklarazioa, hauek aditzera emanik:

a) 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

b) Aziendaburuen kopurua eta, larreak baliatzea eskatuz gero, osasun ziurtagiria erantsiko da.

Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, zinpeko deklarazioaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

61. artikulua. Udalak adjudikazioa behin-behinean eginen du, eta lehentasuna emanen die egoera ekonomiko apalagoa duten familia-unitateei; horretarako, frogagiri gisa, familia-unitatearen azken errenta aitorpena aurkeztu beharko dute.

62. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

63. artikulua. Baldin herritarrentzako banaketatik gelditzen bada larrerik sobera, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira halakoak, herritarrentzako adjudikazioaldia bukatzeko zenbat falta den, bada, ordura arteko epea emanik, eta jarraikiz indarrean den araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari. Hori guztia baldintza-agirian arautuko da.

IV. KAPITULUA.–EHIZAREN APROBETXAMENDUA

64. artikulua. Lur hauetan osaturiko ehiza barrutien aprobetxamendua arautuko da Nafarroako Foru Komunitatean indarrean den araudiaren arabera eta tokiko ehiza-barrutia adjudikatzeko baldintza-agiriaren arabera.

65. artikulua. Udalak ezarriko du onuradunek ordaindu beharreko kanona, eta hura berrikusi eginen du, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeetara egokitzeko.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera. Hala, KPIa igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Ukarko Udalak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.

V. KAPITULUA.–HERRI-BARATZEEN APROBETXAMENDUA

66. artikulua. Ukarko Udalak bere ondareko hainbat baratze dauzka, bertako herritarrek familia-baratzeen modalitatean aprobetxa ditzaten. Eskainitako herri-baratzeak gutxiago badira eskaerak baino, Udalak herri-baratze gehiago ezartzen ahalko ditu ureztalurretarako diren lurzatietan.

67. artikulua. Familia-unitateen titularrek eskatzen ahalko dute herri-baratzea, baldin eta betetzen badituzte 16. artikuluko baldintzak eta ez badute baratze gisa erabiltzeko moduko lurrik.

68. artikulua. Adjudikaziodunak baratzeak eta bertako eraikuntza guztiak mantendu beharko ditu adjudikazioaren unean hartzean zuten egoera berean.

Adjudikaziodunaren kontura izanen dira mantentze-lanen gastu guztiak.

69. artikulua. Aprobetxamenduaren iraupena zortzi nekazaritza-kanpainakoa izanen da; hala, adjudikazioa egiten den sasoian hasi, eta hurrengo nekazaritza-kanpainak barne hartuko ditu, zortzigarrenera arte. Onuradunek, aprobetxamendu mota horretarako, kanon hau ordainduko dute: Ukarren erroldatuta daudenek, 60 euro urteko; erroldatu gabe daudenek, 70 euro urteko.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako nekazaritza-produktuen KPI orokorraren arabera edo, bestela, KPI orokorraren arabera. Indize hori igotzen bada, prezioa proportzio berean igoko da, eta, jaisten bada, ez da eguneratzerik izanen eta aurreko urteko prezioari eutsiko zaio. Betiere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Ukarko Udalak bere gain hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa.

70. artikulua. Aurreko prozeduretan adjudikatutako baratzeen kasuan, ordenantza honetan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

71. artikulua. Ukarko Udalak prestatzen dituen baldintza agiriei jarraituko zaie honako kasu hauetan: herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, beharrezkoa izanen da informazio publikoa, hamabost egunekoa gutxienez, baita Nafarroako Gobernuaren onespena ere.

VII. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

72. artikulua. Ukarko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake proiektuek ukituriko herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan (Foru Dekretu horren bidez onesten da Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua).

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

73. artikulua. Arau-hauste administratibotzat jotzen dira laborantzekin zerikusia duten egitate hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.

c) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

e) Adjudikatutako lurzatien %80 bederen ez lantzea.

f) Herri-lurrak udal adjudikaziorik gabe lantzea, nahiz eta lur landugabeak edo etzeak edo beste norbaiti adjudikatutakoak izan.

g) Ez ordaintzea ezarritako epeetan kanonen zenbatekoak edo erregelamendu bidez ezarritako beste tasa batzuenak.

h) Nekazaritzako lanak egitea ordenantza honek baimentzen ez dituen sasoietan, larreen ustiapenaren kaltetan.

i) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak...) Udalaren baimenik gabe landatzea.

j) Lurzati bat goldatzean, ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

k) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak goldatzea.

l) Bideak nahiz altxonbideak goldatzea.

m) Erretenetik sartzea sarbidea edo sarrera duten finketara.

n) Bideetan edo altxonbideetan harriak, zaborrak edo barazkien hondarrak botatzea.

o) Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioak egiteko makineria erabiltzea horretarako.

p) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

q) Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte, eta, horrez gain, abala galduko dute.

r) "Gehiegizko larratzea" egitea edo bazkalekuaren aprobetxamendua egitea, haren eremu guztian edo horren zati batean, adjudikazioduna izan gabe.

s) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen erregelamendua.

t) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urraturik.

u) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

v) Ingurumen arloko zeinahi arau haustea.

w) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea, baimenik izan gabe.

x) Ez errespetatzea ehizari buruz indarrean diren arauak.

y) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek udal gordailuzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

74. artikulua. Arestian aipaturiko arau-hausteak zehatuko dira indarrean diren legeen arabera, bat etorriz xedaturik dagoenarekin urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 225., 226., 227. eta 228. artikuluetan (Foru Dekretu horren bidez onesten da Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluan. Honela, hain zuzen:

–1., 2., 4., 5. eta 6. arau-hausteengatik, kontzesioa azkenduko da.

–13., 16. eta 17. arau-hausteengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko desgaikuntza ezarriko da.

–Gainerako arau-hausteengatik (3., 7., 8., 9., 10., 11., 12., 14., 15., 18., 19. eta 20. arau-hausteak), zehapena izanen da egindako kaltea halako 5etik 10era bitarte ordainaraztea. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleari egozten ahal zaizkion kalte-galerak ere ordaindu beharra egonen da, egoki den eran eskaturik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira Ukarko Udalaren lehenagoko ordenantzak, hain zuzen, arautzen dituztenak Ukarko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2607128