109. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1076/2026 EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 13koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Unibertsitate Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak emana. Haren bidez, beken deialdia onesten da 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketetan matrikulatzen diren eta 2026. urtean edo aurrekoetan fase lokaletan edo eskualdekoetan Nafarroako ordezkari gisa Espainiako Olinpiada Akademikoetan parte hartzeko sailkatu diren ikasleentzat. DDBN kodea: 905631.

2022-2023 ikasturteaz geroztik, deialdi bat argitaratzen da fase lokaletan edo eskualdekoetan Nafarroako ordezkari gisa Espainiako Olinpiada Akademikoetan parte hartzeko sailkatu diren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko ikasketa ofizialak hasten dituzten ikasleei zuzendua, unibertsitateko irakaskuntzaren eta beste hezkuntza-maila batzuen artean lotura egonkorrak ezartzeko eta sendotzeko.

Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.

Ikusirik Ekonomia Gaietarako Zerbitzuaren txostena.

Aurrekontuan horretarako dirua badela kontuan harturik.

Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko buruak egin dituen txostena eta ebazpen proposamena ikusirik.

Barne Kontrolerako Zerbitzuak aldeko fiskalizazioa eginda.

Errektoretza-taldearen egitura orokorra eta eginkizunak onesten dituen 2023ko ekainaren 20ko 1306/2023 Ebazpenaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak delegatu dizkidan eskudantziak erabiliz –ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen 2025eko otsailaren 25eko 351/2025 Ebazpenaren, 2025eko maiatzaren 26ko 1026/2025 Ebazpenaren eta 2025eko ekainaren 4ko 1101/2025 Ebazpenaren bidez aldatu zen–,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Beken deialdia onestea 2026-2027 ikasturtean NUPeko graduko ikasketetan lehenbiziko aldiz matrikulatzen diren eta 2026. urtean edo aurrekoetan fase lokaletan edo eskualdekoetan Nafarroako ordezkari gisa Espainiako Olinpiada Akademikoetan parte hartzeko sailkatu diren ikasleentzat. Ebazpen honen eranskinean ezarritako oinarrien arabera arautuko dira bekak.

Bigarrena.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, 8.000 eurokoa. Sortutako gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2026ko aurrekontuko 52.00/0150/480.08 Sariak izeneko partidaren kargura ordainduko da (espediente 2026/0000951).

Hirugarrena.–Ebazpen hau Irakaskuntza Zerbitzuari, Kontabilitate Atalari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari aditzera ematea.

Laugarrena.–Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara daitezela agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 13an.–Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea, Begoña Pérez Eransus.

ERANSKINA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN GAIETARAKO, UNIBERTSITATEKO BIZITZAKO ETA KONPROMISO SOZIALEKO ERREKTOREORDEAREN EBAZPENARENA

2026-2027 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketetan matrikulatzen diren eta 2026. urtean edo aurrekoetan fase lokaletan edo eskualdekoetan Nafarroako ordezkari gisa Espainiako Olinpiada Akademikoetan parte hartzeko sailkatu diren ikasleentzako beken deialdiaren oinarriak.

1. oinarria.–Xedea.

Beken deialdia egiten da 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko (aurrerantzean, NUP) graduko ikasketa ofizialetan lehenbiziko aldiz matrikulatzen diren eta 2026. urtean edo aurrekoetan fase lokaletan edo eskualdekoetan Nafarroako ordezkari gisa Espainiako Olinpiada Akademikoetan parte hartzeko sailkatu diren ikasleentzat.

2. oinarria.–Zenbatekoa.

1. Onuradunen matrikula ordaintzeko erabiliko da beka. Bekaren zenbatekoa onuradunak matrikulatuak dituen ECTS kredituen prezio publikoei dagokiena izanen da, eta 60 kreditu ordainduko dira gehienez ere. Graduko ikasketa ofizialen baterako programa batean matrikulatutako ikasleen kasuan, lehenbiziko ikasturteko kreditu guztiak ordainduko dira bekarekin.

Onuradunen matrikula guztien zenbatekoak osotara deialdiko 8.000 euroko muga gainditzen badu, guztien artean hainbanatuko da, bakoitzaren matrikularen zenbatekoa oinarri hartuta.

2. Bekak ez ditu barne hartzen administrazio izaerako prezio publikoak, hots, administrazio kudeaketari, espedientea irekitzeari eta eskola aseguruari dagozkionak.

3. Onuradunen bat prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita badago edo hobaririk badu, salbuespena edo hobaria aplikatu ondoren ECTS kredituengatik ordaindu behar duen zenbatekoa emanen zaio gehienez ere.

3. oinarria.–Eskatzaileen betekizunak.

1. Beka hauek eskatzen ahalko dituzte 2026. urtean edo aurrekoetan fase lokaletan edo eskualdekoetan Nafarroako ordezkari gisa Espainiako Olinpiada Akademikoetan parte hartzeko sailkatu diren ikasleek.

2. Beka lortzeko aukera izateko, ezinbestekoa da NUPeko graduko ikasketa ofizialetan egindako lehenbiziko matrikula izatea.

4. oinarria.–Bateraezintasunak.

1. Beka hauek bateragarriak dira matrikula ez beste kontzeptu batzuk ordaintzeko NUPen beste zeinahi beka eta laguntzarekin. Era berean, NUPeko matrikula ordaintzeko beste beka bat lortu badute edo lortzeko zain badaude, beka horrekin ere bateragarriak izanen dira, baldin eta beka horrek matrikularen %100 ordaintzen ez badu. Horrelakoetan, matrikula osorik finantzatzeko falta den kopurua emanen zaie gehienez ere.

2. Beka hauek bateraezinak dira matrikula ordaintzea xede duen beste zeinahi bekarekin, deialdia egiten duen entitatea edozein dela ere.

5. oinarria.–Eskaerak: epeak, inprimakia eta aurkezteko tokia.

1. Interesdunek inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztuko dute eskaera; hemen deskargatzen ahal da:

https://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/estudiantes/acceso-bec-tit/becas-olimp-acad-nacionales.pdf

Eskaerak 2026-2027 ikasturteko matrikula NUPen egiten den egunaren biharamunetik 2026ko urriaren 18ra arte aurkezten ahalko dira.

2. Eskabideak NUPen erregistro elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8781&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096).

3. Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

–Dagokion olinpiadan Nafarroako Foru Komunitateko fase lokalean edo eskualdekoan lortutako postua egiaztatzen duen agiria.

6. oinarria.–Eskaerak aztertu eta baloratzea eta bekak ordaintzea.

1. Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalak aztertu eta baloratuko ditu eskaerak, eta txosten bat eginen du adierazteko zer eskaerak betetzen dituzten 3. oinarrian eskatzen diren betekizunak, eta zer eskaerari eman behar zaion ezezkoa eta zergatik. Gainera, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza dagokion zehaztu behar da txostenean.

2. Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalaren txostena ikusi ondoren, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak ebazpen baten bidez onetsiko du zer beka ematen edo ukatzen diren, deialdi honetan ezarritako aurrekontuaren mugara iritsi arte. Ebazpen hori NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, 2. oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz, adieraziko du zein den onuradun bakoitzari emanen zaion zenbateko zehatza, eta zein eskaera ukatu diren eta zergatik.

Beka hauek emateko edo ukatzeko ebazpenak administrazio bidea agortzen du, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

3. Beka ordaintzeko modua matrikularen preziotik deskontatzea izanen da. Hala badagokio, soberan ordaindutako zenbatekoa itzuliko zaio onuradunari.

7. oinarria.–Betebeharrak.

Deialdi honetako onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Beka emateko baldintzak betetzen dituztela eta baldintza horiek benetakoak direla egiaztatzeko eskatzen zaiena egitea.

b) Deialdi honetako bekekin bateraezinak diren laguntzak edo bekak jasoz gero, hori jakinaraztea gertatzen den unean.

c) Ikasturte osoan matrikulatuta egotea beka jaso duen graduan.

8. oinarria.–Beka indargabetzea eta itzultzea.

1. Datuak ezkutatu edo faltsutu direla edo beste beka batzuekin bateraezina dela ikusten bada, beka indargabetuko da, eta zenbatekoa itzultzeko exijituko zaio onuradunari.

2. Beka indargabetzeko, Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalaren txosten arrazoitua beharko da, eta Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordearen ebazpen baten bidez onetsiko da indargabetzea.

9. oinarria.–Datuen babesa.

1. Deialdi honetan parte-hartzeak berekin dakar datu pertsonalen tratamendua, gaian aplikatzekoa den araudiaren arabera, hau da, Europako Parlamentuaren 2016/679 Erregelamenduaren (EB) eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera.

2. Parte-hartzaileen datuak tratatzea datu horiek deialdia izapidetzeko erregistratzea, artxibatzea eta ebaluatzea da, bai eta emaitzak Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzea ere. Xede hori interes publikoko helburu bat da, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin (DBEO) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz.

3. Tratatu beharreko datuak honako hauek dira: nortasuna (izena, abizenak, NANa), harremanetarako datu akademikoak, eta, sariaren onuradun izanez gero, bankuko datuak edo ordaintzeko beste datu batzuk. Datuen tratamendu horrek ukitutako pertsonek informazio, sarbide, zuzenketa eta ezabatze eskubideak eta datuak babestearen arloko beste eskubide batzuk erabiltzen ahalko dituzte, eta, horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbide elektronikora.

10. oinarria.–Argitalpena.

Deialdi honen oinarriak NUPen iragarki ohol elektronikoan, NUPeko egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen prozeduren katalogoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko dira.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honek eta dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenak administrazio bidea agortzen dute, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren (LOSU) 38.4 artikuluak ezartzen duen moduan. Hori dela-eta, 39/2015 Legeak –2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa– 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin arabera, zilegi da honako errekurtso hauek jartzea dirulaguntza emateko prozedura honen eta dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenaren aurka:

–Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; eta dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, behin betiko ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

–Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; eta dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, behin betiko ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2607049