1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1039/2026 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdia onesten da sari bat emateko familia-enpresari lotutako arloei buruz 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedra Nafarroako Familia Enpresaren garapenerako Elkartearen (ADEFAN), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Familia Enpresa Institutuaren, ARPA Abogados Consultores enpresaren eta SONAGARen arteko lankidetza-tresna da, eta bere xedea da familia-enpresari lotutako arloetan ezagutza teorikoa eta praktikoa sortzen, eskura jartzen eta zabaltzen laguntzea, enpresa horiek gure gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako funtsezko tresnak baitira.
Hori horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak, 2026. urterako jarduera programaren barnean, erabaki zuen familia-enpresari lotutako arloei buruz 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari (gradukoa nahiz masterrekoa) sari bat emateko deialdiaren oinarriak onestea.
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak egin duen proposamena eta akta.
Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.
Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (NAO, 134 zk., 2023ko ekainaren 27koa),
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Deialdia onestea sari bat emateko, ebazpen honen eranskinean dauden oinarrien arabera, familia-enpresari lotutako arloei buruz 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari (gradukoa nahiz masterrekoa).
Bigarrena.–Deialdi honek sortutako gastua baimentzea. 600,00 eurokoa izanen da gehienez gastu hori, sarirako baliatuko da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2025eko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:
30.30.00.8325 480.25 Katedren sariak 600,00 euro EX2026/0001021.
Halako sariak ondare irabazpentzat hartzen dira Nafarroan, eta ez dute atxikipenik, ez baitira lehiaketa, joko edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.
Hirugarrena.–Sari honen deialdia egiten da:
- Lehenbiziko saria, 600,00 eurokoa, Ikasketa Amaierako Lan hoberenarentzat.
Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedrari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetzari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.
Horretaz gainera, Enpresa Familiarren Katedraren webgunearen bidez ere zabalduko da ebazpen hau (https://www.unavarra.es/catedra-empresa-familiar/?languageId=100001).
Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko maiatzaren 11.–Ikerketako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK NUP-EKO ENPRESA FAMILIARREN KATEDRAREN SARIA (IV. EDIZIOA) GRADUKO NAHIZ MASTERREKO IKASKETA AMAIERAKO LAN HOBERENARI
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ADEFANekin, Familia Enpresa Institutuarekin, ARPA Abogados Consultores enpresarekin eta SONAGARekin lankidetzan (Enpresa Familiarren Katedra osatzen duten entitateak), beharrezkotzat jotzen du familia-enpresari lotutako arloetan ezagutza teorikoa eta praktikoa sortu, eskura jarri eta zabaltzea, enpresa horiek gure gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako funtsezko tresnak baitira.
Ildo horretan, Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak erabaki du familia-enpresari lotutako arloei buruz 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan NUPen graduko nahiz masterreko ikasketetan egindako eta defendatutako Ikasketa Amaierako Lan hoberenari sari bat emateko deialdia egitea.
Horiek horrela, Enpresa Familiarren Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.
1.–Deialdiaren xedea.
Familia-enpresari lotutako arloei buruz 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari (gradukoa nahiz masterrekoa) sari bat emateko prozedura arautzea da deialdi honen xedea, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.
2.–Finantzaketa.
Deialdi honek 600,00 euroko aurrekontua du guztira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2026ko gastuen aurrekontuko Katedren sarietarako izeneko 30.30.00.8325-0380-480.25 partidaren kargura ordainduko dira (EX 2026/0001021).
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedrak jarriko du zenbateko hori.
3.–Deialdiko saria.
- Lehenbiziko saria, 600,00 eurokoa, Ikasketa Amaierako Lan hoberenarentzat.
Halako sariak ondare irabazpentzat hartzen dira Nafarroan, eta ez dute atxikipenik, ez baitira lehiaketa, joko edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.
4.–Hautagai izateko baldintzak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkezten ahal dira, baldin eta familia-enpresari lotutako arloei buruz egin badute Ikasketa Amaierako Lana eta 2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan aurkeztu eta defendatu badute.
5.–Hautagaitzak aurkezteko modua.
Hautagaiek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar dute eskaera, Unibertsitatearen egoitza elektronikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eskuragarri izanen den eskaera-orria betez. Eskaerarekin batera, ikasketa amaierako lana aurkeztu behar dute eranskin gisa kargatuta.
Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2026ko irailaren 21ean bukatuko da.
6.–Saridunen betebeharrak.
1. Saridunek nahieran erabiltzen ahalko dute jasoko duten diru kopurua.
2. Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.
Dagokion espedientea izapidetu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak dirua itzultzeko ebazpen bat emanen du, dirua itzultzeko baldintzak eta epeak adierazita. Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
3. Lehiaketan parte hartzeak deialdiko oinarrien eduki guztia onartzea dakar berekin. Horien aplikazioan sortzen den edozein gorabehera Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak ebatziko du.
7.–Sariaren epaimahaia.
Honako bost kide hauek izanen dira saria emateaz arduratuko den epaimahaiko partaideak:
–Lucía Garcés, Enpresa Familiarren Katedraren zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Beatriz Rodríguez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Samuel Jiménez, ADEFANen ordezkaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Sonia Olóriz, ARPAren ordezkaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Pablo Cámara, SONAGAReko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
Enpresa Familiarren Katedrako zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, dei eginen die epaimahaikideei. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.
8.–Sariaren esleipena.
Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat proposamenak baloratzerakoan:
–Originaltasuna eta sakontasuna lanaren xedea den gaia aztertzeko.
–Ondorio praktikoak eta ikerketarako ekarpena.
Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio saria emateko proposamena, eta hark dagokion ebazpena emanen du. Ebazpenean saritutako lana besterik ez da jasoko.
Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiak hala erabakiz gero.
Saria emateko ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedrak zabalduko du; hori dena saria emateko ekitaldi publikoaren aurretik eginen da.
Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren kontra, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Ekitaldi publikoa eginen da saria emateko. Ebaluazio prozesua bukatu ondoren, ekitaldia noiz eginen den eta beste xehetasun batzuk jakinaraziko zaizkio saridunari.
9.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamendua hauen arabera eginen da: Europar Batasunaren Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa) eta Datu Pertsonalak Babesteko 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa.
Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.
DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua NUPen Enpresa Familiarren Katedrari lotutako sariketa antolatzea eta saria ematea da.
Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte-hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara sartzeko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
10.–Argitaratzea eta zabaltzea.
Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira.
Deialdi hau aplikatzearren emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedrak beren webgunea erabiliko du deialdi hau, haren oinarriak eta hura aplikatzeko gainerako egintzak zabaltzeko, edo mezu elektronikoak bidaliko dizkiete interesdunei edo publizitaterako egokiak iruditzen zaizkien beste bide edo tresna batzuk erabiliko ditu.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F2606941