109. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36/2026 FORU AGINDUA, maiatzaren 26koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita abenduaren 19ko 476/2018 Foru Agindua, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak arautzen dituena, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu-enpresa bat.

Abenduaren 14ko 39/2006 Legeak, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoak, Autonomiarako eta Mendekotasuna dutenen Arretarako Sistemaren prestazioak eta arreta-zerbitzuen katalogoa arautzen ditu.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Horren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan aplikatzekoak diren gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak. Dekretu horrek, I. eranskineko B letraren 19 zenbakian, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoak arautzen ditu prestazio bermatu gisa.

Laguntza horien helburua da, besteak beste, zerbitzu, pertsona edo zerbitzu-enpresa bat kontratatzea, 476/2018 Foru Aginduari jarraikiz (476/2018 Foru Agindua, abenduaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak arautuko dituena, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu-enpresa bat).

2024ko 263. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 31n, 3/2024 Legea, urriaren 30ekoa, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa eta konplexutasun handiko eta ibilbide itzulezina duten beste gaixotasun edo prozesu batzuk dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzekoa. Haren lehentasunezko helburua da gaixotasun horiek dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta zerbitzu espezializatuak haien eskura jartzea; izan ere, halako gaixotasunek ez dute sendatzeko tratamendu berariazkorik, biziraupena laburra da diagnostikatzen direnetik, eta beharrezkoa da zaintza sanitario eta sozial konplexuak uztartzea, gaixotasunaren bilakaera azkarrak desgaitasun- eta mendekotasun-maila altuak eragiten baititu.

Bestalde, 2025eko 254. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 22an, 11/2025 Errege Lege Dekretua, urriaren 21ekoa, zeinaren bidez neurriak ezartzen baitira Autonomiarako eta Mendekotasuna dutenen Arretarako Sistema indartzeko eta urriaren 30eko 3/2024 Legea betetzeko (horren xedea da alboko esklerosi amiotrofikoa eta konplexutasun handiko eta bilakaera itzulezineko gaixotasun edo prozesuak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea). Errege lege dekretu horrek berritasun bat dakar: muturreko mendekotasunaren III+ gradua sortzen du Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean, eta gradu horretako onuradunek diru-prestazio bat eskuratzeko bidea ematen du, zainduta egon daitezen 24 orduz; izan ere, arauan ezartzen da zaintza hori eskubide bat dela, heriotza saihesgarrien arriskua prebenitzeko, alboko esklerosi amiotrofikoa edo konplexutasun handiko eta bilakaera itzulezineko gaixotasun edo prozesuak diagnostikatuta dituzten pertsonen kasuan, gaixotasunaren fase aurreratuan, non mendekotasuna erabatekoa baita eguneroko oinarrizko jarduerak egiteko. Halaber, prestazio horrek bidea ematen du laguntza instrumentala eta pertsonala izateko, arnas aparatuko eta disfagiaren ondoriozko arazoei erantzute aldera.

Errege lege-dekretu horrek, halaber, aldatu egiten du 1051/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako gutxieneko babes-maila arautzen duena, eta prestazio horregatik jasotzen ahal den gehieneko zenbatekoa ezartzen du.

Azaldutakoa ikusita, beharrezkoa da 476/2018 Foru Agindua aldatzea (476/2018 Foru Agindua, abenduaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak arautuko dituena, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu-enpresa bat), haren xedapenak estatuko araudira egokitzeko eta prestazio berri hori arautzeko III+ graduko muturreko mendekotasuna duten pertsonentzat.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea 476/2018 Foru Agindua, abenduaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak arautuko dituena, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu enpresa bat.

Bat.–3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

3. artikulua. Helburua.

Xedea da mendekotasun egoeran dauden pertsonei zaintzaile profesionalek eta/edo etxeko laguntzako enpresek ematen dieten laguntzaren ondoriozko gastuak berdintzea, hilean 80 ordukoa edo handiagoa denean mendekotasun handia edo mendekotasun larria aitorturik duten pertsonendako, edo hilean 60 ordukoa edo handiagoa denean mendekotasun moderatua aitorturik duten pertsonendako.

Halaber, III+ graduko muturreko mendekotasun-egoeran dauden pertsonei zaintzaile profesionalek eta/edo etxeko laguntzako enpresek ematen dieten laguntzaren ondoriozko gastuak berdinduko dira, laguntza hori hilean gutxienez 120 ordukoa denean.

Bi.–Letra bat gehitu zaio, e) letra, 5. artikuluko 5.1 apartatuari, testu honekin:

e) Frogatzea merkataritza-kontratu bat dagoela, hilean gutxienez 120 orduz III+ graduko muturreko mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko. Kontratua sinatua egonen da mendekotasuna duen pertsonaren, eta etxeko laguntza zerbitzuak ematen dituen eta horretarako behar bezala erregistraturik dagoen erakunde baten edo profesional autonomo baten artean.

Hiru.–Izenburua aldatu zaio 6. artikuluari, eta honela idatzita geldituko da:

6. artikulua. Gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak, mendekotasun handiko, mendekotasun larriko eta mendekotasun moderatuko graduetarako.

Lau.–6 bis artikulua gehitu da. Hona testu berria:

6 bis artikulua. Gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak, III+ graduko muturreko mendekotasunerako.

Gehieneko eta gutxieneko zenbateko hauek ezarri dira, III+ graduko muturreko mendekotasunerako:

–Gehieneko zenbatekoa: 13.500,00 euro.

–Gutxieneko zenbatekoa: 3.200,00 euro.

120 ORDUTIK 190 ORDURA HILEAN

191 ORDUTIK 300 ORDURA HILEAN

301 ORDUTIK 410 ORDURA HILEAN

411 ORDUTIK 520 ORDURA HILEAN

521 ORDU BAINO GEHIAGO HILEAN

GUTXIENEKO ZENBATEKOA

3.200,00

4.931,00

7.501,00

9.861,00

12.481,00

GEHIENEKO ZENBATEKOA

4.930,00

7.500,00

9.860,00

12.480,00

13.500,00

Bost.–Izenburua aldatu zaio 11. artikuluari, eta honela idatzita geldituko da:

11. artikulua. Laguntza ekonomikoaren zenbatekoa zehaztea, mendekotasun handiko, mendekotasun larriko eta mendekotasun moderatuko graduetarako.

Sei.–11 bis artikulua gehitzen da, eta honela idatzita geldituko da:

11 bis artikulua. Laguntza ekonomikoaren zenbatekoa zehaztea, III+ graduko muturreko mendekotasunerako.

1. III+ graduko muturreko mendekotasunari dagozkion gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak zehaztuko dira kontuan hartuz 6 bis artikuluko arreta-orduen mugak, eta tarte baxuenari dagokion gutxieneko diru-kopurua kobratzeko, gutxienez zenbateko hori gastatu dela justifikatu beharko da.

2. Laguntza zehazteko ez da kontuan hartuko familia-unitatearen per capita errenta, baina laguntza horren zenbatekoari kendu eginen zaizkio antzeko ezaugarriak eta xedeak dituzten hileroko laguntzak, gizarte babeseko edozein araubide publikotan (PAN) ezarri direnak.

3. Ateratzen den kantitatea ez da inola ere izanen Nafarroako Gobernuak prestazio honetarako zehaztutako gutxieneko zenbatekoak baino txikiagoa.

Zazpi.–Lehenbiziko xedapen gehigarria aldatu da, eta testu hau izanen du:

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Prestazioaren bateragarritasuna.

Prestazio hau bateragarria da honako hauekin:

–Egoitzetan edo ospitaleetan aldi baterako egotearekin, hilabetez.

–Eguneko arretako zerbitzuekin.

–Prebenitzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuekin.

–Udalaren etxeko laguntza zerbitzua.

–III+ graduko muturreko mendekotasunaren kasuan, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko familia-zaintzarako jasotzen den laguntza ekonomikoarekin, betiere familiako zaintzaileak Gizarte Segurantzarekin zaintzaile ez-profesionalen hitzarmen berezia sinatzen badu. Kasu horretan, bi prestazioen gutxieneko zenbatekoak ordainduko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 26an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2607718